Asteazkena 03 Abendua, 2014

Händelen Barrokoa Euskadiko Orkestraren Denboraldian, Enrico Onofri, Carlos Mena eta Dnaiel Oyarzabalen eskutik

Händelen Barrokoa Euskadiko Orkestraren Denboraldian, Enrico Onofri, Carlos Mena eta Dnaiel Oyarzabalen eskutik
Kontzertu bakarra izango da, abenduaren 5ean Iruñeako Baluarten.

Händel eta haren antzerki-espiritua, hori du erronka Enrico Onofrik, Carlos Mena eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, hurrengo Abonu-kontzertuan. Guztiek 1700.eko girora eramango gaituzte. Eta egitaraua osotuz, haren organo kontzertu ezagunena, Daniel Oyarzabalen eskutik. Abenduaren 5 ostiralean izango da, Iruñeako Baluarte Auditorioan, 20:00etan hasita.

"Aigeruak eta heroiak" izenburudun Abonu-programan, Enrico Onofri biolinjotzaile zein zuzendari handiaren eskutik, Barrokoan murgilduko da Euskadiko Orkestra. Italian historikoki informatutako interpretazioaren arloan izen handienen artean dugu bera, Il Giardino Armonico eta Imaginarium Ensemble taldeetako kide izan delarik. Händeli buruzko egitarau monografi ko hau artistaren opera produkzioarekin abiatzen da. Tolomeo, Egiptoko Erregea, HWV 25, Rinaldo, HWV 7, zein Pizkundea, HWV 47, kantata eszenikoko pertsonaiek aingeru eta heroien mosaiko bat osatuko dute Carlos Mena kontratenorearen ahots abantailatuaren bidez, Händelen concerti grossien zatiekin tartekatuta. Kontratenore egokikor honen errepertorioa antzinako musikatik hasi eta garaikideraino zabaltzen da. Bigarren zatian, Daniel Oyarzabalek, nazioarte mailan zona gehien duten organistetako batek, Händelek organoari eskainitako hogei kontzertuen arteko ezagunena interpretatuko du: HWV 295 delakoa, bigarren mugimenduko onomatopeiak direla-eta "Kukua eta urretxindorra" izenez ezaguna dena. Festa barroko honen azken traka Erregeen su artifi zialentzako musika hotsandiko eta zeremoniazkoa izango da. Britainia Handiko Jorge II.ak Austriako Ondorengotza Gerraren amaiera ospatzeko egindako enkargua da.

Sarrerak 7 eurotik gora salgai. Kontzertu honetarako, eta baita Baluarten diren Abonu Denboraldiko gainerako kontzertuetarako sarrerak ere, webgune honetako kontzertu bakoitzaren xehetasunean eta www.baluarte.com webguneean eta Baluarte Auditorioko leihatilan eros daitezke, 7 eurotik gora.

Osteguna 27 Azaroa, 2014

Kontrabaxua nagusi datorren Miramongo Matinéean

Kontrabaxua nagusi datorren Miramongo Matinéean
Adore Quartet kontrabaxu laukoteak askotaruiko egitaraua aurkeztuko du, laukoteari eskainitako "Cancionero Vasco" obraren erabateko estreinaldia barne.

Azaroaren 29 larunbatean Euskadiko Orkestraren egoitzan ezohiko errezital bat hartuko duen Miramongo Matinée bat izango da. Izan ere, kontrabaxua ez da sarritan protagonista izaten. Kontzertu berezi hau Aleksander Mikolajczyk, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kontrabaxu bakarlaria buru duen Adore Quartet laukoteak eskainiko du. Mikolajczykekin batera, bere iraganean bere ikasle izandako eta egun beren ibilbide profesionalari arrakastaz ekin dioten hiru kontrabaxujotzaile gazte ariko dira: Enara Susano, Euskadiko Orkestra eta Espainako Orkestra Nazionalaren lankide, egun Musikkollegium Winterthur Orchester delakoaren kide; Ander Perrino, Sir Simon Rattle-en zuzendaritzapean Berlingo Orkestra Filarmonikoaren lankide izandakoa, Mahler Chamber Orchestra-ko kide;eta Mikel Valgañón, besteak beste, Euskadiko Orkestraren eta Gustav Mahler Junderorchester gazte orkestraren lankide aritu dena.

Aleksander Mikolajczyken hitzetan, "Egitasmo honen berezitasun ederrena zera da, kide guztien eta interpretatuko dutenaren arteko harreman estua. Hiru kontrabaxujotzaile gazteak, etorkizun handidunak eta bere garaian nire ikasle izandakoak, adiskidetasun harreman estua dute egun ere. Larunbatean aurkezten ditugun lanen sortzaile gehienak ere kontrabaxujotzaileak dira. Interpretatuko dugun piezatariko baten egile Boguslaw Furtok, esaterako, Frankfurteko Irratiko Orkestrako lehenengo kontrabaxu bakarlaria da eta laukoteko hiru kide gazteenak honek eskainitako maisu-eskolatan arituak dira. Mark Satterwhitek, amerikar konpositore zein kontrabaxujotzaileak, eta nire atril-laguna izandakoak, non bizi garen oinarri harturik obra bat idatzi du nire eskariz. Kontzertuan Cancionero Vasco obraren erabateko estreinaldiaz gozatzeko aukera izango da, beraz. Guzti honi hainbat lanen moldaketak laukoteari gertukoak zaizkion kontrabaxujotzaileek eginak direla gehitzen badiogu, egitasmo honetan guztiak eta guztia elkarri lotua dagoela ondorioztatu dezakegu.

Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak (7€) kontzertuaren xehetasunean eta www.kutxabank.es webgunean eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.

Asteazkena 26 Azaroa, 2014

"sinfokids"-ekin lana eraginkorragoa egiteko material didaktiko berria

"sinfokids"-ekin lana eraginkorragoa egiteko material didaktiko berria
Irakasle zein ikasleentzako baliabideak dira.

Eskuragarri dago jada SINFOKIDS eta SINFOKIDS 2 gure dvdekin ikasgelan egiten diren jarduerak osotzeko prestatu dugun material didaktiko berria (euskaraz). Euskadiko Orkestraren Hezkuntza dpartamentuak garatutako baliabide hauek irakasleentzeko materiala eta ikasleentzako fitxak biltzen dituzte.

Baliabide hauek Sinfokids dvdei probetxu pedagogiko zabala ateratzeko izan dira sortuak. Lehenik bi DVDtan irakaslearen materiala dena ikusiko duzu. Hauetako atal bakoitzak, lau orrialde izango ditu gehienetan eta lehenengoan atalaren aurkezpena ikusiko duzu. Bigarrenean, atala ikusi aurretik lantzeko fitxa bat. Hirugarrena, atala ikusi ondoren lantzeko fitxa bat eta azkenik irakasle bakoitzak bere oharrak egiteko fitxa. Bestetik, ikasleekin erabiltzeko material fotokopiagarria dago. 

Era berean, ez ahaztu, material honetaz gain, baduzuela Sinfokids DVDan jarduera osagarri gehiago biltzen dituen artxibo bat. Material hau gustokoa eta erabilgarria izango zaizuelakoan gaude.

SINFOKIDS. Lehen Hezkuntzako publikoari zuzendua eta DVD bakoitzak bost unitate ditu; baita kontzertu oso bat ere. Lehengoaren kasuan, "Haydn... bizitza oso bat" eta bigarrenean, "Bat guztiontzat eta guztiok batentzat".

Sinforen paperean Iñaki Telleria dugu; aktore, aurkezle eta musikari hau, Perkusioan goi-mailako tituluduna da eta egun perkusionista da Barakaldoko Udal Musika Bandan.

Pernan Goñi ilustratzailea da, Arte Ederretan lizentziatua eta irakaslea eta berak egin ditu Sinfokidseko marrazkiak.

Mikel Cañadarena da Sinfokids materialaren jatorrizko ideia eta Euskadiko Orkestraren Musika Gelako koordinatzailea da.

Azkenik, eskuartean duzun material honen egilea, Eli Arabaolaza da. Magisteritza musikalean diplomatua eta Psikopedagogian lizentziatua dena. Euskadiko Orkestraren Musika Gelako kolaboratzailea eta irakaslea.

 

Osteguna 13 Azaroa, 2014

"Barrokino" obraren nazioarteko estreinaldia Bartzelonan

"Barrokino" obraren nazioarteko estreinaldia Bartzelonan
Azaroaren 14an eta 15ean eszenaratuko dute El Més Petit de Tots, haurtxoei zuzendutako arte eszenikoen nazioarteko jaialdirik garrantzitsuenetariko batean.

Barrokino, haur-ikuskizunen munduko ezohiko obra. Estetika eder batekin, garaiko jantziekin eta eszenaratze bikainarekin, Teatro Paraisok eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak antzezle bat, hiru instrumentu-jotzaile eta bi abeslari bildu dituzte askari baten aitzakiaz eta mokaduz mokadu barroko garaiko musikaren unibertsoan murgilduko gaituzte. Arte barrokoa dinamikoa eta sentsoriala da eta zentzumenei eta emozioei heldu egiten die, ezin egokiagoa da, beraz, haurtxoei zuzendutako ikuskizun baterako.

"Barrokino" Orkestrak eta Teatro Paraisok sorkuntzarekin eta ikusleen formazioarekin duten konpromisoaren emaitza da. 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzako musika-dibulgaziozko ekimen bat da. Euskadin estreinatu zen 2014an Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gela ekimenaren barruan,  Donostian eta Gasteizen, familien eta eskolako ikasleen aurrean. Gasteizko Udalak ere lagundu egin du proiektuan hiriko Udal Antzoki Sarearen bidez.

El Més Petit de Tots (azaroaren 8-23) jaialdi berezi bat da: txikienentzat, 5 urtetik beherakoentzat, bakarrik pentsatutako ikuskizunen eta esperientzien agertoki bat. Espainia zein nazioarte mailan ekoiztu diren proposamen eszeniko zorrotzak hartzen dituen nazioarteko jaialdi bat da eta erritu, iraupen eta espazioaren kontzeptu oso diferente du. Ikusle gutxientzako lekua dago ikuskizun bakoitzean, dena oso hurbiletik ikusten da eta dena biziki sentitzen da. Lengoaia artistiko asko nahasten ditu: musika, antzerkia, dantza, ikus-entzunezkoak, jolasa... El Més Petit de Tots duela hamar urte sortu zen Sabadell-eko LaSala-n, eta, gaur egun, Kataluniako hiriburuaren inguruko 10 esparru kulturaletan, adibidez, Mercat de les Flors-en (Bartzelonan bertan), eskaintzen ditu ikuskizunak.

Barrokino El Més Petit de Tots jaialdira heldu da ikuskizun bakar gisa, zuzeneko musikarekin eta barrokoko musika-artearen testuinguruan kokaturik; gauza zeharo ezohikoa ekoizpen garaikideetan.

El Mercat de les Flors, nazioarteko agertokia. Bartzelona hiriko lehen udal antzoki bilakatu zen biltoki zahar hau arte eszenikoen erreferentzia-puntu da 80 hamarkadatik Espainia mailan zein nazioarte mailan. Arte eszenikoen ikerketaren, ekoizpenaren, sorkuntzaren eta zabalkuntzaren zentro garrantzitsua da, eta, denboraldian zehar, askotariko sormen-proiektu hartzen ditu bere baitan. Hala, eragile profesionalek ere artista garaikideen proposamenak ezagutu ahal izateko giltzarri da.
Honela, "Barrokino" Belgikatik, Frantziatik, Herbehereetatik eta Erresuma Batutik, besteak beste, etorritako kultura arloko profesionalen aurrean emango da.

Astelehena 10 Azaroa, 2014

Trío Sincronía hirukoteak ordezkatuko du Kaabestri ganbera taldea azaroaren 15eko Miramongo Matinéean

Trío Sincronía hirukoteak ordezkatuko du Kaabestri ganbera taldea azaroaren 15eko Miramongo Matinéean
L.V. Beethoven eta R. Schumannen pianodun trioak interpretatuko ditu.

Trío Sincronía hirukotea Kaabestri ganbera taldearen ordez ariko da azaroaren 15 larunbatean izango den Miramongo Matinéean. "Atzera begira" izenburupean, Maialen Rezabal (biolina), Beatriz Linares (biolontxeloa) eta Pedro José Rodríguezek osatutako hirukoteak Robert Schumannen Piano, biolin eta biolontxelorako Phantasiestücke eta Ludwig van Beethovenen 3. Trioa pianoarekin obrak interpretatuko ditu. Ganbera musikaren alorrean nabarmena den konposizio mota baten bi une erakutsiko dizkigu emanldi honek: batetik, Beethoven, bera izan baitzen ohikoa ez zen garai batean trioari garrantzia eman ziona; eta, bestetik, Schumann, XIX. mendean, jada konposizio molde nagusi bilakaturik, beren katalogoan txertatu zuten konpositoreen erakusle.

3. Trioa pianoarekin. 1797an, Beethovenek, 25 urte zituela, pianodun bere hiru lehenbiziko trioek opus 1 bezala argitaratzea merezi zutel erabaki zuenean, musikari zaletuei zegokion bigarren mailako generoa kontsideratzen zen. Beethovenen eskutik, trioa talde "serio" bilakatzen da; lehenbiziko mogumenduak sonata molde garatuago bat hartzen du eta minueto edo scherzo bat gehitzen da, ohiko hiru mugimenduetatik lau mugimendu izatera pasatzen delarik. Hirugarren trioa, do minorrean idatzitakoa, hiruetan onena zen Beethovenen beraren ustetan.

Phantasiestücke piano, biolin eta biolontxelorako. 1840. Urtea Liedaren urtea izan zen bezalaxe, 1842. urtea ganbera musikaren urtea izan zen Schumannentzat. Garai hartan, pianodun trioa errotutako moldea zen jada; Schubert, Mendelssohn eta abarrek obra galantak eskainiak zizkioten. Urte hartan sortu zen pianodun 1. trioa la minorrean. Baina Schumann ez zen idatzitakoarekin gustora geratu eta urtetan landu zuen, 1850ean "Fantasia piezak" izenburupean argitara eman zuen arte.

Sarrerak salgai (7€). Kontzertu honetarako sarrerak kontzertuaren xehetasunean, www.kutxabank.es webgunean eta, kontzertuaren egunean, Orkestraren Miramongo egoitzako leihatilan eros daitezke.

 

Astelehena 10 Azaroa, 2014

MATINÉE ALDAKETA

Iragarritako Kaabestriren aldaketa azaroaren 15eko matinéean

Trio Sincronia izango da Kaabestri taldearen ordezko datorren azaroaren 15eko Matinéean.

"Atzera Begira" izenburupean eskainiko da Matinée hau Schumann eta Beethovenen obrak interpretatuz. Maialen Rezabal, biolina, Beatriz Linares, biolontxeloa eta Pedro Jose Rodriguez, pianoak osatzen dute hirukoa.

Asteazkena 05 Azaroa, 2014

Johannes Moserrek maisu eskola bat emango dio Musikeneko ikasle talde bati, Aula Jordá Gela egitasmoaren programazioaren baitan.

Johannes Moserrek maisu eskola bat emango dio Musikeneko ikasle talde bati, Aula Jordá Gela egitasmoaren programazioaren baitan.
Azaroaren 7an Orkestraren Miramongo egoitzan, Aula Jordá Gela egitasmoaren baitan.

Euskadiko Orkestraren denboraldian aritzearekin batera, Johannes Moserrek maisu eskola bat emango dio musikeneko ikasle talde bati. Azaroaren 7an Orkestraren Miramongo egoitzan izango den topaketa hau Aula Jordá Gela, Euskadiko Orkestraren eta Euskal herriko Goi Mailako Musika ikastegiaren arteko lehentasunezko lanklidetza hitzarmenaren baitan kokatzen da.

Kontzertista eta ganbera-musikari aritzeaz gain, musika klasikoa gazteen arteaz zabaltzearekiko konpromezuak toki nabarmen betetzen du Johannes Moserren musika-jardueran. Ildo horretan, haur-eskola zein institutu eta goi mailako ikastegietan aritzen da. 2010ean Phyllis Chen pianistarekin Amerikan barrena "Sounding Off: musika klasikoari begirada lasaia" izenburupean egindako biratik hasi eta unibertsitate campusetan burututako askotariko jarduera zein ezohiko eszenatokietan emanaldietara, Johannesen helburua musika klasikoa adin guztietako publikoek bereganatu ahalko duten moduan aurkeztea da.

 

Asteazkena 05 Azaroa, 2014

Abonu programa berria, azaroaren 5 eta 6an Donostian eta 8an Bilbon

Abonu programa berria, azaroaren 5 eta 6an Donostian eta 8an Bilbon
Jun Märklek zuzenduta eta Johannes Moser biolontxelojotzailea bakarlari gonidatu dela.

"Orkestra-ikuskizunaren maisuak" da Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldiko hirugarren programaren izenburua. Hau izango da Jun Märklek zuzendari titular dela zuzenduko duen lehenbizikoa. Azaroaren 5 eta 6an Donostiako Kursaal Auditorioan eta 8an Bilboko Euskalduna Jauregian. Ohi denez, iluntzeko 20:00etan.

Egitarauan, Camille Saint Saëns eta Bela Bartoken lanak. Kontzertuaren lehenbiziko zatia frantziar erromatizismoaren erakusle izandako konpositorearen obrari eskianiko zaio: Sanson eta Dalila operatik hartutako Bakanala, era frenetikoan amaitzen den emanaldi koreografikoa; Dantza makabroa obra ospetsua, heriotza hilobi baten gainean biolina jotzen erakusten duen poema sinfonikoa; eta Biolontxelo eta orkestrarako 1. kontzertua la minorrean, zeinean Johannes Moserrek obra honen kutsu liriko handiko melodiak eta eztanda sutsuak -erromantizismo frantsesaren muinak- hezurmamitzen dituen. Alemaniar zein kanadiar jatorria duen Johannes Moser "biolontxelojotzaile birtuoso gazteen multzo harrigarrian onenetakoen artean" kokatu du Gramophone aldizkariak. Aipagarria da, halaber, Jun Märklek bigarren zatian zuzenduko duen Bela Bartoken Orkestrarako kontzertua.

Johannes Moser bigarren aldiz ariko da Orkestraren Abonu Denboraldian, 2011an debuta egin ostean. Nazioarte mailako orkestra garrantzitsuenekin bakarlari, EOSrekin eskainiko dituen kontzertuez gain, denboraldi honetan Boston Symphony Orchestra eta Komische Oper Berlin orkestrekin ariko da estreinakoz eta Cracovia, BBC eta Errusiako orkestra filarmonikoekin eta Malmö eta San Diegoko sinfonikoekin eta Prague Philharmoniarekin ariko da halaber; gainera, Estatu Batuetan barrena hainbat kontzertu eskainiko du Dresdeneko Orkestra Filarmonikoarekin batera.

 

Astelehena 03 Azaroa, 2014

Bilboko Arte Ederren Museoa

Azaroko erakusketetako sarrerak tarifa berezian

Jakizu, Euskadiko Orkestraren abonatu zarenez, azaroan zehar sarrerak tarifa berezian erosteko aukera ematen dizula Bilboko Arte Ederren Museoak, honako erakusketa hauetarako: “Hiperrealismoa 1967-2013”, “Prado Museoa eta artista garaikideak” eta “Mimmo Paladino Grabatuak”.

Aukera aprobetxatu.

Astelehena 03 Azaroa, 2014

Jun Märkl, Euskadiko Orkestrako zuzendari titularra

Jun Märkl, Euskadiko Orkestrako zuzendari titularra
Orkestra zuzentzeko Euskadira itzultzearekin batera, zuzendari nagusi Oriol Rochek Jun Märkl 2014/2015 eta 2015/2016 denboraldietan Euskadiko Orkestraren arduradun artistiko gorena izango dela berretsi du gaur.

Jun Märkl alemaniar maisuak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular bilkaturik zuzenduko du kontzertu-programa berria (azaroaren 5, 6 eta 8an). Orkestra zuzentzeko Euskadira itzultzearekin batera, zuzendari nagusi Oriol Rochek Jun Märkl 2014/2015 eta 2015/2016 denboraldietan Euskadiko Orkestraren arduradun artistiko gorena izango dela berretsi du gaur. Erabaki honek Administrazio Kontseiluaren onespena izan du.

Duela hilabete batzuk, Jun Märkl Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Musika Aholkulari izendatu zuten. Orduan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Jun Märklek eta orduko Orkestraren zuzendari nagusi Iñigo Alberdik egoki ikusi zuten zuzendaritza nagusi berriak kargu hartu arte itxarotea harreman hau etorkizunera begira baieztatzeko. Azaroaren 3tik aurrera Jun Märkl Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra izango da datozen bi denboraldietan.

Orkestraren Miramongo egoitzan izandako aurkezpen ofizialean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuorde Joxean Muñozek zera adierazi du: "Zuzendari titular gisa berrestearekin batera, guztiok (Eusko Jaurlaritzak, zuzendaritza nagusiak eta zuzendari titularrak) Orkestraren etengabeko hobekuntzaren alde lan egiteko bat egin dugu.Eta zera gehitu du: "Musikari hertsiki loturik sortarazi zuen interesaz gain, oso interesgarri gertatu zitzaigun Orkestra herri baten eraikuntzarako tresna gisa zuen ikuspegia eta baita kulturaren ikuspegi zabala, gizarte-tresna den heinean". Oriol Rochek, berriz, "berrespen honek Orkestraren egonkortasuna bermatzen duela" esan du. "Modu berean ulertzen dugu proiektua. Orkestrak bere etegabeko hobekuntza-bideari jarraitu behar dio, zuzendaritza nagusi zein musikalaren galderei erantzunez" gaineratu du. Jun Märkl "betebehar berri honi heltzeagatik oso pozik" agertu da; eta zera ere adierazi du: "Orkestrak etorkizun handia du eta lan-talde honekin Orkestraren eta bere entzulegoaren etorkizunaren alde lan egiteko irrikitan nago".

Zuzendari titular berriak ondo ezagutzen du Euskadiko Orkestra. 2012an zuzendu zuen estreinakoz, Biarritzen, Musique en Côte Basque jaialdiaren baitan. Ordutik, alemaniar maisuak Abonu Denboraldiko programa ezberdinetan zuzendu du Orkestra, eta baita joan den Musika Hamabostaldian ere.

Bere ibilbideari dagokionez, Jun Märkl nazioarte mailan ibilbide oso luzea duen zuzendari ezaguna da, alemaniar zein frantziar errepertorioan eskarmentu handiduna. Erreferentziazko orkestra sinfonikoen zuzendari titularra izana da: Orchestre National de Lyon (2005-2011) eta MDR Sinfonierorchester Leipzig (2012.era arte). Halaber, Cleveland, Philadelphia, Txekiar Orkestra Filarmonikoa eta Municheko Orkestra Filarmonikoa ere zuzentzen ditu, besteak beste. Operaren alorrean ere biziki jarduten duen zuzendaria da Märkl, Viena, Berlin, Munich, Budapest eta Dresdengo estatu operen lankide delarik. Bere grabaketa ugarien artean aipagarrienak, Mahler eta Schumannen lanak bilduz egindakoak eta Debussyri eskainitako bederatzi bolumenek osatutako bilduma arrakastatsua. (Honekin batera biografia osoa doa)

Zuzendari titular izendatu berri, Jun Märklek Orkestraren musika zuzendaritza osotuko du, Zuzendari Printzipal Gonbidatu izaten jarraituko duen Andrey Boreykorekin batera.

 

Informazio gehiago

Jun Märkl-en biografia

Orriak