Brahms berreraikitzen: Miramongo Matinéen XXII. Denboraldiko lehenbiziko emanaldia

"Brahms bakarrik" kontzertuak irekiko du Miramongo Matinéeak zikloaren XXII. denboraldia irailaren 28 larunbatean. Euskadiko Orkestraren baitan sortutako Ensemble Dionysus taldeak Johannes Brahmsen Pianorako kintetoa fa minorrean, opus 34 izango du hizpide. Baina partitura hau bere jatorrizko bertsioan berreskuratu du Dionysos Ensemble taldeak, bi biolontxelodun hari boskoterako, alegia, Anssi Karttunen (1960) finlandiar biolontxelojotzailearen eskutik. Ensemble Dionysus Irene eta Izaskun Echeveste, biolinak; Delphine Dupuy, biola; eta Juan Ignacio Emme eta Jon Larraz, biolontxeloak, osatzen dute.
Johannes Brahmsek (Hamburg, 1833ko maiatzak 7 - Viena, 1897ko apirilak 3) Anne de Hesse Printzesari eskainitako jatorrizko pieza 1864ko udan amaitu zuen. Egun pianorako kinteto moduan ezaguna, hasiera batean obra hari kintetoa izan zen, bi biolin, bi biola eta bi biolontxelorako konposatua; 1862ean amaitu zuen. Baina Brahmsek hari boskoterako jatorrizko partitura hori suntsitu eta boskotea transkribatu egin zuen, bi pianorako sonata bilakatu zuelarik. Forma honekin opus 34 bis bezala argitaratu zen, behin betiko forma hartu aurretik. Larunbatean Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan entzungai izango duguna jatorrizko sorkuntza balizkoaren berregitea da. Ezagutzen dugun partituraren indarra eta bizkortasuna gordetzen ditu, baina aldi berean sonoritatea eta tinbrea bestelakoak ditu oso.
Kontzerturako sarrera solteek 7€ko prezio bakarra dute eta www.kutxabank.es webgunean, Kursaal Auditorioko leihatilan EOS edo Kursaal Fundazioaren emanaldi egunetan eta, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahalko dira. Era berean, salgai daude halaber Miramongo Matinéen Denboraldia osatzen duten 16 kontzertuetarako abonuak, bakoitzak 79€ko prezioa du eta 61€koa tarifa bereziko onuradunentzat; hauek Orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo inprimaki hau bidaliz eskura daitezke.
Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. Matinéea dagoen egunetan bakarrik erabilgarri den garraiobide hau 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.
Zinemaldia Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzara helduko da, Orkestraren eta SGAEren Fundación Autor-en eskutik

Bihar osteguna irailaren 26an, Euskadiko Orkestraren egoitza Donostia Zinemaldiaren harretagune izango da, bertan bilduko baitira egun zinemarako musika sortzen duten espainiar konpositore gailenetariko batzuk.
Miramonen izango da Zinemaldiaren baitan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta SGAE-ren Fundación Autor erakundeak antolatutako kontzertua. Orkestrak, Andrés Salado maisuaren zuzendaritzapean, soinu-banden aukeraketa bat interpretatuko du.
Egitarauak Emilio Aragón, Angel Illarramendi, Pascal Gaigne, Pablo Cervantes, Fernando Velázquez eta Zacarías M. de la Rivak idatzitako partituren aukeraketa bat biltzen du. Konpositoreak, eta SGAEren Fundación Autor-eko presidente Antonio Onetti eta SGAEko presidente José Luis Acosta ere, kontzertuan izango dira. Besteak beste, Pájaros de Papel, Emilio Aragónek 2010ean zuzendua, 778 La Chanson de Roland, Olivier van der Zeek 2011ean eginiko dokumentala, You're the One (2000) eta Tiovivo c. 1950 (2004), biak José Luis Garcik zuzenduak, Juan Antonio Bayonaren Lo Imposible (2012) edo Enrique Gatoren Las Aventuras de Tadeo Jones (2012) pelikuletako musika erabateko protagonista izango da oraingoan.
Sarrerak agorturik. Kontzerturako gonbidapenak joan zen irailaren 16an Zinemaldiak Okendo Plazan duen karpan publiko ororentzat eskuragarri jarri eta egun gutxitan agortu ziren.
Kontzertu sinfonikoak, abesbatzarako musika, ganberakoa, nazioarteko bakarlarien errezitalak eta dantza emanaldiak 7€-tan

Irailaren 28tik 2014ko maiatzaren 31ra bitartean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzako auditorioa Miramongo Matinéen erdigune izango da berriz ere. Euskadiko Orkestraren ganbera zikloaren hogeita bigarren denboraldia izango da.
16 kontzertu, ezin konta ahala argudio. Ziklo bat osatzen dute, baina Denboraldia osatzen duten 16 emanaldietako bakoitzak berezko izaera du eta ikuspegi ezberdina du abiapuntu. Guztietan topatuko dugu musika. Musika klasikoa, bai horixe, askotan musikari gazteek interpretatua eta, zergatik ez, gazteei ere zuzendua; baina barrokoa ere izango dugu, rocka, musika sinfonikoa edo dantza lagun duen musika; nazioarte mailako bakarlari Measha Brueggergosman, Alexandre Da Costa, Miloš edo Benjamin Grosvenor gure inguruko taldeekin batera, esaterako Landarbaso Abesbatza edo Dantzaz Konpainia; eta Euskadiko Orkestra osoarekin edo, Kaabestri bezala, Orkestrako kideek osatutako taldeekin. 16 kontzertu eta ezin konta ahala argudio larunbat goizean Miramonera hurbiltzeko.
Abonuak jada salgai, sarrera solteak irailaren 23tik aurrera. Denboraldia osatzen duten 16 kontzertuetarako abonuak 79€ko prezioa du eta 61€koa tarifa bereziko onuradunentzat (ikus programaziodun pdfa) eta jada eskuragarri dago Orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo inprimaki hau betez. Sarrera solteek, aldiz, 7€ko prezio bakarra dute eta irailaren 23an jarriko dira salgai. www.kutxabank.es webgunean, Kursaal Auditorioko leihatilan EOS edo Kursaal Fundazioaren emanaldi egunetan eta, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahalko dira.
Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. Matinéea dagoen egunetan bakarrik erabilgarri den garraiobide hau 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.
"Brahms bakarrik" kontzertuak irekiko du denboraldia irailaren 28an. Euskadiko Orkestraren baitan sortutako Ensemble Dionysus taldeak Johannes Brahmsen Pianorako kintetoa fa minorrean, opus 34 izango du hizpide. Baina partitura hau bere jatorrizko bertsioan berreskuratu du Dionysos Ensemble taldeak, bi biolontxelodun hari boskoterako, alegia, Anssi Karttunen (1960) finlandiar biolontxelojotzailearen eskutik. Ensemble Dionysus Irene eta Izaskun Echeveste, biolinak; Delphine Dupuy, biola; eta Juan Ignacio Emme eta Jon Larraz, biolontxeloak, osatzen dute.
Informazio gehiago
Miramongo Matinéen 2013/2014 Denboraldiaren aurrerapena13/14 DENBORALDIKO ABONU-TXARTELAK
Irailaren 13an bidali dira 13/14 denboraldiko abonu-txartelak.
Denboraldia urrian abiatuko dugu, ondorengo egunetan: 7a Gasteizen, 8a Iruñan, 9a Bilbon, eta 11 eta 12a Donostian.
Zinemako musika, Euskadiko Orkestra, Fundación Autor eta Zinemaldiaren eskutik

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta SGAEren Fundación Autor erakundeak, beren ibilbidean zehar zinerako musika idatzi duten hainbat konpositoreren soinu-banden aukeraketa bat bilduko duen kontzertua antolatu dute Donostiako Zinemaldiaren baitan. Kontzertua irailaren 26 ostegunean izango da, arratsaldeko 20:00etan Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan.
Egitarauak Emilio Aragón, Angel Illarramendi, Pascal Gaigne, Pablo Cervantes, Fernando Velázquez eta Zacarías M. de la Rivak idatzitako partituren aukeraketa bat biltzen du. Besteak beste, Pájaros de Papel, Emilio Aragónek 2010ean zuzendua, 778 La Chanson de Roland, Olivier van der Zeek 2011ean eginiko dokumentala, You're the One (2000) eta Tiovivo c. 1950 (2004), biak José Luis Garcik zuzenduak, Juan Antonio Bayonaren Lo Imposible (2012) edo Enrique Gatoren Las Aventuras de Tadeo Jones (2012) pelikuletako musika zuzenean interpretatuko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Andrés Salado maisuaren zuzendaritzapean.
Euskadiko Orkestra zinemarekin. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak zinemako musikarekin izandako harremana Donostiako Zinemaldiarekin lotuta egon da sarritan. Horrela, The Crowd (King Vidor), Carmelo Bernaolaren musikarekin, eta Wings (Zamecnik) filme mutuen soinu-banden grabaketa. Gainera, Orkestrak soinu-banden inguruko kontzertu sorta bat eskaini zuen Misión Imposible pelikulako soinu-bandaren egile Lalo Schifrin argentinarraren zuzendaritzapean. 1991 eta 1992. Urteetan Zinemaldiko sintonia grabatu zuen. Aurreko Zinemaldian, 2012ko irailan, Orkestrak Juan Antonio Bayonaren Lo Imposible pelikularako Fernando Velázquezek sortutako soinu-bandaren zuzeneko estreinaldia burutu zuen. Gainera 2010ean Oskar Santosen opera prima El mal ajeno filmeko soinu-banda grabatu zuen, hau ere Fernando Velázquezek idatzia.
Kontzertuaren aurkezpenean hizlari izan dira Iñigo Alberdi, Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia, José Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendaria, Xabi Puerta, SGAEko Lurralde Kontseiluko presidentea Euskadin, eta Fernando Velázquez eta Pascal Gaigne konpositoreak.
Honako hau da Andrés Saladok (Madril, 1983) Euskadiko Orkestra zuzentzen duen lehenbiziko aldia. Espainiar orkestra zuzendarien artean nabarmenetakoa, Andrés Saladok jada zuzendutako orkestren artean daude Divertimento Ensemble, Orquesta Sinfónica do Porto "Casa da Musica", Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Salzburg Chamber Soloists, Lucerne Festival Academy Orchestra, RTVEko Orkestra Sinfonikoa, Madrilgo Autonomi Erkidegoko Orkestra eta abar. 2012.etik Opus 23 Orkestrako Zuzendari Artistiko eta Titularra da. Escuela Creativa ikastetxeko Orkestra Zuzendaritzako irakaslea da gainera.
Zinemaldiaren baitako zinemarako musikako topaketa honetan interpretatuko diren obren sortzaileetariko batzuk bilduko dira. Kontzertua irailaren 26an izango da, 20:00etan Euskadiko Orkestraren egoitzan, Donostian. Sarrera doakoa izango da eta beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea Zinemaldiak Donostiako Okendo Plazan izango duen karpan ("info-shop" informazio gunean), irailaren 16tik 25era 10:00etatik 20:00etara. Sarrerak aforoa bete arte eskuragarri. Bi gonbidapen pertsona bakoitzeko.
Informazio gehiago
Prentsa txostena: Zinemarako musika“Animalien Inauteria” Katia eta Marielle Labèque, Oreka TX eta Euskadiko Orkestrako musikarien eskutik

Irailaren 15 igandean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa lankide izango da ZTK Elkarteak ekoitzitako Camille Saint Saënsen "Animalien Inauteria" obraren moldaketa berri batean. Publiko ororentzat sortua, tradizio erromantikoa eta euskal folklorea uztartzen dituen ikuskizun honek Katia eta Marielle Labèque, Oreka TX eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hainbat musikari bilduko ditu eszenatokian.
Frantziar konpositorearen partitura oinarri dela, "Animalien Inauteria" ikuskizunean jatorriz obra honetan islatzen diren animaliak euskal mitologiatik eratorritako pertsonaiekin nahasten dira Paxkal Indok idatzitako testuei esker. Paxkal Indo da gainera, Katia Labèquekin batera, ekoizpen berri honen zuzendari artistikoa.
Egitasmo honetan esku hartuko duten Euskadiko Orkestrako kideak dira Ortzi Oihartzabal eta Itziar Prieto, biolinak; Delphine Dupuy, biola; Jon Larraz, biolontxeloa; Arkadius Maciejski, kontrabaxua; Bruno Claverie, flauta, eta Stéphane Langlois, klarinetea.
Bezperan, Baionako Antzokian. "Animalien Inauteria" irailaren 14 larunbatean Baionan izango da, Musique en Côte Basque 54. Jaialdiaren programazioaren baitan.
Katia eta Marielle Labèque eta Oreka TX, berriz ere Euskadiko Orkestrarekin. Euskadiko Orkestrako hari eta haize-zura taldeetako aipatu musikariak Katia eta Marielle Labèque pianojotzaileekin eta Oreka TX perkosiojotzaileekin ariko dira kontzertu honetan. Labèque ahizpak, nazioartean maila gorenean ibilbide luzea egina dutela, aurrez ere arituak dira Euskadiko Orkestrarekin batera; 2004/2005 Abonu Denboraldiaren irekieran bakarlari aritu ziren Gilbert Vargaren zuzendaritzapean. Oreka TX, halaber, proiektu ezberdinetan izan da Orkestraren bidaide, horien artean Ivan Fedeleren "Txalaparta" obraren interpretazioa, Orkestrak 2012. urtean bere 30. urteurrena ospatzeko burututako Tesela konposizio-proiektuaren baitan eginiko enkargua.
Sarrerak salgai. "Animalien Inauteria", irailaren 15ean Victoria Eugenia Antzokian izango den kontzerturako sarrerak salgai www.kutxabank.es webgunean eta Antzokiko leihatilan, 11:30tik 13:30ra eta 17:00tik 20:00ra (943 48 18 18 tel.).
Euskadiko Orkestra, Donostiako Urrezko Domina

2013ko abuztuaren 30eko gauak mugarri bilakatu da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren historian. Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kurltura Sailburu eta Orkestrako Presidenteak Juan Karlos Izagirre, Donostiako Alkatearen eskutik jaso zuen hiriko Urrezko Domina. Sari hau, Donostiako udalbatzak ematen duen gorena, EOSek kultura bultzatu eta zabaltzean egindako lanarekiko errekonozimendua da. Orkestrak esker onez jaso du 1982an abian jarri zenetik bere egoitza izan den hiriaren saria. Ekitaldi hau Bigarren mendeurrenaren oroitze kontzertuaren baitan izan zen, 3000 pertsona inguru bertan zirela. Une hori gogora ekartzeko ikus Argazki Artxiboa.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostiako Urrezko Domina jasoko du

Abuztuaren 30 ostiralean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostiako Urrezko Domina jasoko du, hiriak ematen duen sari gorena. Alkateak, Juan Karlos Izagirrek Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailburu eta Euskadiko Orkestra presidenteari emango dio domina, Orkestrak gipuzkoar hiriburuko Konstituzio Plazan eskainiko duen kontzertuan.
Kultura bultzatu eta zabaltzearen alde egindako lanagatik esker onez emandako errekonozimendu hau bulkada garrantzitsua da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat. 1982. Urtean sortu zenetik Donostia izan da Orkestraren egoitza. Miramar Jauregitik lehendabizi, Bellas Artes Antzokitik ondoren eta, 1989.etik Miramongo bere egoitzatik garatu du Orkestrak bere herri-proiektua, lau euskal hiribiruetan irmoki errotua, kanpoaldean ere zabalkunde nabarmen izan duen kultur proiektua, alegia.
Urrezko Dominaren emate-ekitaldi instituzionala Euskadiko Orkestrak Konstituzio Plazan donostiar hiritarrei eskainiko dien kontzertuan izango da. Bihar ostirala, abuztuak 30, 22:30etatik aurrera, Donostia erre, suntsitu eta ondoren berreraikitzeko erabakiaren Bigarren Mendeurrenaren oroitzaren baitan.
Juan José Ocón donostiarraren zuzendaritzapean, Raimundo Sarriegiren pieza adierazgarrienen bertsio sinfoniko berriaren erabateko estreinaldia hartuko duen egitaraua interpretatuko du Orkestrak. Berau osotuz, hainbat zineko klasikoetarako John Williams, Henry Mancini eta Leonard Bernsteinek sortutako partituren aukeraketa bat. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Konstituzio Plazan eskainiko duen kontzertu honek izan du aurrekaririk. Izan ere, toki hartan bertan arrakasta handiz aritu zen Orkestra 2010eko abuztuan.
Ken Zazpi sinfonikoa, Euskadiko Orkestra pop-rock: EOS eta Ken Zazpi elkarrekin Miramonen

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitza egitasmo berezi baten eszenatoki bilakatu da egunotan: Ken Zazpi lehenbiziko aldiz bertsio sinfonikoan. Eñaut Elorrieta buru duen taldearen errepertorio ezagunena eta doinu berriak Euskadiko Orkestrarekin batera interpretatuak. Atriletan, proiektu hau zuzentzen duen Fernando Velázquez konpositorearen moldaketak. Orkestrak bere lana gizarteratzeko abian jarritako ekimen berri bat, alegia; oraingoan, publiko gazteenari zuzendua, egungo euskal pop-rock musikaren arloan talde nabarmenetakoa dugunaren eskutik.
Aukeraketa egin eta Ken Zazpiren musika lengoaia sinfonikora moldatzea funtsa izan duen lehenbiziko fase baten ostean, abuztuaren 21etik 27ra Orkestrak eta Ken Zazpik elkarrekin landuko dituzten doinuak disko batean bilduko dira. Elkar disko etxeak argitaratuko duen disko hau azaroaren 8an jarriko da salgai. Ondoren, abenduan bost kontzertu eskainiko dituzte KlasikAT zikloaren baitan. Donostiako Kursaal Auditorioa (abenduak 3), Iruñako Baluarte Auditorioa (abenduak 4), Bilboko Euskalduna Jauregia (abenduak 5), Gasteizko Principal Antzokia (abenduak 12) eta Donibane Lohitzuneko Jai-Alai (abenduak 13), hauetan izango da Orkestra berriz ere musika klasikoaz at geratzen diren errepertorioetan murgilduta zuzenean entzuteko aukera. Aurrerago emango da kontzertu hauetarako sarreren salmentaren inguruko informazioa.
Musika klasiko zein garaikidearen alorrean zabalkuntza eta sormena bultzatzeaz gain, Euskadiko Orkestrak apostu irmoa egiten du edozein generotako musika ekoizpenaren alde. Mike Oldfield, Jorge Drexler, Michel Camilo, Joan Manuel Serrat, Emilio Aragón, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Kepa Junkera edo Fernando Velázquez bera dira ildo horretan Orkestrak lankide izan dituen artistatako batzuk. Azken urteotan alor horretan egin den ekarpen nabarmenena KlasikAT, Orkestraren crossover zikloa abian jarri eta finkatzea izan da. Aurtengo hau ziklo honen baitan egingo den laugarren kontzertu-sorta izango da.
Fernando Velázquez, egitasmoaren zuzendari. Besteak beste, El Orfanato eta Lo Imposible filme arrakastatsuen soinu-banden egile Fernando Velázquez konpositore getxotarra da orkestra sinfonikorako moldaketen egile eta baita pop-rock sinfonikoko proposamen berri honen musika-zuzendari ere. Aurrez, Fernando Velázquezek Euskadiko Orkestra zuzendu du El mal ajeno filmerako bere soinu-bandaren (2009) eta Jorge Drexlerren Madera de deriva doinuaren grabaketa, uruguaitar kantautorearen n proiektuaren baitan (2012); gainera, iaz bere soinu-bandak bildu zituen kontzertu bat zuzendu zuen Zinemaldian eta joan zen ekainan, berriz, Donostiako Kursaal Auditorioan izan zen International Meeting for Autism Research (IMFAR) 2013 kongresuko irekiera-kontzertua.
Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritzen “Cendrillon” Santanderreko Nazioarteko Jaialdian

2013/2014 Denboraldiari hasiera emanez, Kursaal Auditorioko zulogunetik Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioan Giuseppe Verdiren "La Traviata" interpretatu ondoren, Orkestra Santanderrera bidean da. Malandain Ballet Biarritzekin batera 62. Santanderreko Nazioarteko Jaialdian ariko da. Berriro ere elkarrekin, "Cendrillon" ikuskizuna taularatuko dute Cantabriako Jaialdi Jauregiko Argenta Aretoan. Aurrera darrai, beraz, Orkestraren Abonu Denboraldian estreinatu eta Parisen, Versailleseko Jauregiko Opéra Royal-en aurkeztu zenean kritika zein ikus-entzulegoaren txaloa merezi izan zuen muntaia honen zabalkundeak.
"Errauskine" Malandainen begietan. Prokofievek Perraulten ipuina oinarri harturik idatzitako partituraren gainean, Thierry Malandainek "izar dantzari baten ibilbidea" marraztu du; honetan Malandainek honetan Malandainek "errealizazioaren bidetik garamatza, zalantza, baztertzea, sufrimendua eta itxaropena igarotzen dituen bidetik, azkenean argitasunera heltzeko. Errauts eta magiaz egindako ikuspegi honen bidez, batzuetan tragikoa, besteetan komikoa, unibertsala den zerbait idazten da...". "Cendrillon" eszenaratu den aurrekoetan bezala, Josep Caballé-Domenech maisu katalana izango da musika zuzendari.
"Cendrillon" ikuskizunaren emanaldi berri hau berean hartuko duen aurtengo Santanderreko Nazioarteko Jaialdiak izen gailenak bilduko ditu abuztuaren 1etik 26ra bitartean, horien artean: Sir Neville Marriner eta Cadaquéseko Orkestra, Valery Sokolov, Joaquín Achúcarro, María Bayo, Jesús López Cobos edo Semyon Bichkov, Milango Scalako Orkestra Filarmonikoaren buru izango delarik.
Santanderren izan ostean, "Cendrillon" Biarritzeko Gare du Midira, Malandain Ballet Biarritzen egoitza den aretora iritsiko da. Irailaren 6an izango da, "Le Temps d'Aimer la Danse" jaialdiaren programazioaren baitan. Hilabete batzuk beranduago, azaroan, Iruñako Baluartera helduko da "Cendrillon", Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldiaren barnean.