Ostirala 17 Urria, 2014

2014/10/18 GAUEKO MARATOIA

Urriaren 18an Bilbao Night Marathon izango da

Biharko Bilbao Night Marathon dela eta, eskertuko dizugu garraio publikoa erabiltzea eta Euskalduna Jauregira garaiz iristea.

Osteguna 16 Urria, 2014

Elisabeth Leonskaja pianistak errezital bat eskainiko du Miramongo Matinéetan

Elisabeth Leonskaja pianistak errezital bat eskainiko du Miramongo Matinéetan
Urriaren 18an, L.V. Beethoven eta A. Bergen obrak interpretatuko ditu.

Urriaren 18an, Elisabeth Leonskaja, pianoaren izen handia eta 2014/2015 denboraldian Euskadiko Orkestraren artista gonbidatua, bakarkarka ariko da Miramongo Matinéeak zikloaren bigarren emanaldian. L.V. Beethoven eta A. Bergen lanak aitzakia ezin hobea izango dira pianista honek, errezitalean zein orkestra handienekin munduko areto ospetsuenetan jardutean agertzen dituen talentu eta grinaz gozatzeko. Hau izango da kritikaren arabera "Sobietar Eskolaren azken dama handia" den honek Orkestraren Miramongo egoitzan eskainiko dituen bi emanaldietatik lehenbizikoa. Bigarrena astebete beranduago izango da, hilaren 25ean, orduan Orkestrako kideek osatutako hari laukote batek lagunduta.

Frantziar prentsak eta espainiar kritikak bete betean asmatu zuten Elisabeth Leonskaja "La dernière grande Dame de l´Ecole Soviétique" eta "Anti-Diva" bezala deskribatzerakoan. Duela hamarkada asko gure garaiko pianista ospetsuenetako bat dugu. Bere bibilbide osoan zehar bere buruari eta musikari leial izan zaizkio, aro sobietqarreko musikari handien urratsei jarraiki; bizi izan zute giro politikoa erabat korapilatsua izan arren, haiek ez zuten sekula begirada musikaren hobe-goienetik aldendu, Eszenatokian agertu bezain laster, publikoak berehala antzematen du Leonskajaren indarra, izan ere musika da, eta beti izan da, bere bizitza.Tblisi-n (Georgia) errusiar familia baten baitan jaioa, haur miraritzat hartua izan zen. Bere musika garapenean eragin erabakiorra izan zuen S. Richter-ekin lankidetzan aritu izanak. Elisabeth Leonskaja mundo mailako orkestra garrantzitsuenekin aritu da bakarlari gisa, K. Masur, C. Davis, C. Eschenbach, C. von Dohnanyi, K. Sanderling, M. Jansons, Y. Temirkanov eta abarren zuzendaritzapean. Bakarlari aritzeak bere agenda betetzen duen arren, ganbera musikak toki berezia izan du beti bere sorkuntza-lanean eta sarritan izaten da Emerson, Borodin eta Artemis laukoteekin lanean. Andre Boucourechliev-ek zera idatzi zuen behin "Diapason" frantziar aldizkarian: "elisabeth Leonskajaren ibilbidea gailurrez gailur egindako ibilbidea da. Bere burua gainditzeko gaitasunak, exigentzia-mailak, grinak eta adimenak musikari handienen mailan kokatzen dute, ez egun bakarrik, baita aro oso batean ere; Clara Haskil edo Lipattiren mailan, alegia. Eta gainera, modernotasuna".

Miramongo Matinéetan aritzeaz gain, Elisabeth Leonskaja bakarlari ariko Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian. 2015.eko maiatzan izango da, Andrey Boreykoren zuzendaritzapean.

 

Osteguna 16 Urria, 2014

"Eresoinka", Garikoitz Mendizabal eta Marta Zabaleta/Miguel Borges Coelho duoa: Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertuen argudio nagusiak

"Eresoinka", Garikoitz Mendizabal eta Marta Zabaleta/Miguel Borges Coelho duoa: Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertuen argudio nagusiak
Urriaren 18tik 23ra, Carlo Rizziren zuzendaritzapean, Abonu Denboraldiko 2. programa.

La Biennale di Venezia jaialdian izandako esku-hartze gogoangarriaren ondoren Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiari heldu dio berriz ere; Donostian izango den lehenbiziko Abonu-programa izango da eta bigarrena Gasteiz, Bilbo eta Iruñearen kasuan.

Asko dira eszenatokian, eta baita eszenatokitik kanpo ere, bilduko diren argudioak. Programa hau Eresoinkari omenaldia izango da, erbestean garatu zen euskal kulturaren enbaxada hau desegin zenetik 75 urte betetzen diren honetan. Hori dela-eta, Euskadiko Orkestrak "Eresoinka", txistu bakarlari eta orkestra sinfonikorako obra eskatu zion Isabel Urrutia musikagile algortarrari. SGAE Fundazioaren eta AEOSen laguntza izan duen obra honek Garikoitz Mendizabal izango du bakarlari eta Euskadiko Orkestraren lehenbiziko zuzendari Enrique Jordá eta Jordá bera lankide izan zuen euskal foklore-taldea omentzen ditu. Honi loturik, eta Bilboko kontzerturako, Bilboko Arte Ederren Museoarekin lankidetza berri bati esker, Antonio Guezalaren mihise gaineko bi olio-lan izango dira ikusgai. Margolari hau Eresoinkaren eszenografia, dekoratu eta jantziak diseinatzeaz arduratu zen. Bi margolanak, 1939 sortuak eta parea osatzen dutenak, taldearen muntaketa lanak dituzte mintzagai; Eresoinka 20h45 eta Eresoinka 8h45 izenburupean, lanen garapena islatzen dute, 12 orduko tartearekin.

"Eresoinka"ren estreinaldiaren ondoren, Orkestrak Marta Zabaleta eta Miguel Borges Coelhok osaturiko piano-duoari egingo dio bide, W.A. Mozarten Bi piano eta orkestrarako kontzertua interpretatzeko. Marta Zabaletak eta Miguel Borges Coelhok ikasle garaian elkar ezagutu eta ordutik duo moduan jarduten dute. Bakarlari ospetsu hauek Mozarten Bi pianorako eta orkestrarako kontzertua, K.365 obra eskainiko dute, Salzburgoko musikariak 1776. urte inguruan idatzitako galdera eta erantzun musikalen jolas bizia. Azkenik, 15 urtetan Welsh National Operako zuzendari eta Orkestraren lankide sarria den Carlo Rizzik Brahmsen 1. Sinfonia do minorrean zuzenduko du. Lan honi esker, konpositorea garaiko sinfoniagile onenetako bat bilakatu zen.

 

Larunbata 11 Urria, 2014

EUSKADI, HOTSAK ETA ESENTZIAK. Euskadiko Orkestraren bigarren kontzertua Venezian

EUSKADI, HOTSAK ETA ESENTZIAK. Euskadiko Orkestraren bigarren kontzertua Venezian
Ostiral gauean La Biennale di Venezia-ko Teatro alle Tese antzokian bildutako entzulegoak Euskadiren, bere hotsen eta esentzien inguruko irudipen ezberdinak eraman zituen, "Tesela" proiektuaren aurkezpenean.

Ostiral gauean La Biennale di Venezia-ko Teatro alle Tese antzokian bildutako entzulegoak Euskadiren, bere hotsen eta esentzien inguruko irudipen ezberdinak eraman zituen. Jaialdi handi honetan gure bigarren kontzertuaren atarikoan entzundako basoen hotsak, Mikel Chamizok jasotakoak, egitarauan bildutako konpositoreek Euskadi irudikatzeko erabilitako askotariko interpretazio, irudipen eta agerpenen hitzaurrea izan zen. Tesela proiektuaz ari gara, Euskadiko Orkestrak bere 30. urteurrena ospatzeko BBVA Fundazioaren lankidetza esklusiboarekin burututako konposizio-egitasmoaz, alegia. Bertan Euskadi, gure herriaz mintzo zaizkigun nazioarteko zortzi konpositoreren begirada labur, aske eta berezia jasotzen da. Eta emaitza adierazpen bakan eta ez-ohikoak dira, esaterako egun La Biennaleko Musika Atalaren zuzendari eta Orkestrak musika garaikideko jailadi honen 58. aldian izatearen arduradun Ivan Fedeleren "Txalaparta" obran txalaparta eta orkestra sinfonikoa bat eginik agertzea, Oreka TX eta Orkestraren eskutik.

Tesela dira Mario Lavistaren "Tres cantos a Edurne", Michael Finnissyren "Zortziko", Ivan Fedeleren "Txalaparta-Folkdance II", Gérard Pessonen "Ravel à son âme", James Dillonen "White Numbers", Peter Eötvösen "The Gliding of he eagle in the skies", Isabel Mundryren "Calles y sueños" eta Mauricio Soteloren "Urrutiko urdin". Zortzi obrak laburrak dira eta eszenaratzea oso konplexua gertatzen da, hauek jotzeko eszenatokian batetik bestera mugitu beharreko instrumentu ezberdin ugari behar direlako. Hori dela-eta, Encinarrek "Tesela" proiektuaren aurkezpenean guztien arteko hari bat sortzea erabaki zuen, "ekitaldi bakarreko antzezlana izango balitz bezala", eta obra-multzoen artean egitarauari batasuna emango zioten "hotsen bidezko zubiak" eraikitzea erabaki zuen. Eta hortik Mikel Chamizo euskal konpositorearen esku-hartzea, Encinar maisuaren hitzetan, "lehen mailako konpositore izatera deitua dagoen" musikagilea. Toki ezberdinetan grabatutako musikaren bidez, Mikel Chamizok Tesela proiektua haratago eraman eta basoko hotsez, bertsolaritzaz (Maialen lujanbio eta bere aitona, Txirrita ospetsuaren bidez), Luis de Pabloren musika elektronikoaz (WE obraren zati bat) hornitzen du. "Antzezlan" honi amaiera emateko, Encinar maisuak, aurrerapausu berri bat eman eta gaueko protagonista bilakatutako txalapartaren inprobisazioari bide egiten dio.

Eta honela, kanpotik gure irudia osotzen duen bestearen begirada izanik sortu zen Tesela proiektua gure herriak, hau da, bizi dugun espazio fisiko gisa ulerturik, berezko dituen hotsez, eta gure kultura antzinako zein garaikidearen hotsez jantzita aurkeztu zen bart.

Oreka TX protagonista handi bihurtu eta milaka urteko instrumentu honen xarmaz liluraturiko entzulegoaren arretagune bilakatu zen, Euskadiko Orkestrarekin bat eginik eta musika garaikidearen gailurra den jaialdi hau bezalako eszenatoki nagusietan dabilen honetan. Jeniozko lan hau Ivan Fedeleren ideia izan da. Konpositoreak bikaintzat jo zituen Euskadiko Orkestra, bere Tesela proiektua eta, jaialdiaren zuzendari lez, 58. edizio honetan Orkestraren esku-hartzea. Eta zera gaineratu zuen: "Txalaparta" obrak bigarren zati bat izango du.

Hiru astez prestakuntza lan bizia egin ostean, amaieran José Ramón Encinar "oso pozik" agertu zen hain proiektu erraldoiari aurre nola egin zitzaion ikusita, "%200era buru-belarri jardun zuen" Orkestrarekin elkarlanean.

Eserlekuetatik, Orkestrarekin izan ziren Venezian eskainitako lehenbiziko emanaldian protagonista izandako Luis de Pablo, Ramon Lazkano, Gabriel Erkoreka eta Asier Polo.

Cristina Uriartek, Orkestraren presidente eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Euskadiko Orkestra La Biennale bezalako nazioarteko eszenatoki garrantzitsuetan aritzeak Orkestraren beraren eta gure herriaren posizionamendu bikainaren adierazgarri dela nabarmendu zuen; bertan zen halaber Joxean Muñoz, Kultura sailburuordea. Sailburuaren hitzak berresteaz gain, Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusi Oriol Rochek zera adierazi zuen: "mugarri hauek lagungarri zaizkigu gure proiektua etxean azaltzerako garaian ere" .

Eta 58 Festival Internazionale di Musica Contemporanea - La Biennale di Venezia jaialdian bitan aritu ostean, etxera itzultzeko ordua heldu zaigu jada. Atzerabegirakoa egiterakoan, pozik gaude Venezian lortutakoarekin: musika garaikidearen epizentroa den honetan neurri handi batean egun gure herrian musika zer den adierazi izanak pozten gaitu. Entzulego zorrotzenaren aurrean Orkestra gisa agertzeaz gain, kulturarekiko gure konpromezua defendatu dugu: sorkutzarekiko konpromezua (Orkestraren enkarguz sortutako lanak aurkeztuz), gure herriko interpreteekiko konpromezua eta tradizio antzinakoenaren zati izanagatik ere gaur erabat garaikideak diren kultur adierazpenekiko konpromezua. Orkestra sinfoniko gisa kalitate maila gorena lortzea helburu izateaz gain, euskal kulturaren sustaketa eta zabalkuntzan eragile aktiboa izatea Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren nortasunaren ezaugarrietako bat baita.


Zure interesekoa izan daitekeelakoan...

Ostirala 10 Urria, 2014

BERRELKARTZEAK LA BIENNALE-N. Euskadiko Orkestraren lehenbiziko kontzertua Venezian

BERRELKARTZEAK LA BIENNALE-N. Euskadiko Orkestraren lehenbiziko kontzertua Venezian
Orkestrak De Pablo, Lazkano eta Erkorekaren lanak interpretatu zituen José Ramón Encinarren zuzendaritzapean. Gaur "Tesela"proiektua osatzen duten obrak izango dira atriletan.

Zein zaila den bira batean gertatzen den guztia laburbiltzea. Hainbat egin dugu jada, bai, zehatz esateko, 16 dira nazioarte mailan egindakoak. Baina bakoitza aladaraezina den esperientzia bilaktzen da, eta hau ere bai, noski. Eta hain esperientzia bizi da maila guztietan non lehenbiziko aldia dugula dirudien.

Edonola ere, estreinakoz arituak gara La Biennale di Venezia-ko 58. Nazioarteko Musika Garaikidearen Jaialdian. "Berrelkartzeak" da gure 2014/2015 Denboraldiaren leloa eta bira honetan bertan ere berrelkartze ugari bizitzen ari gara. Izan ere, euskal kulturaren ordezkaritza nabarmena bildu dugu: Luis de Pablo, Ramon Lazkano, Gabriel Erkoreka, Asier Polo, Oreka TX, Mikel Chamizo eta Euskadiko Orkestra bera. Hauekin batera, José Ramón Encinar maisua, klasikoa gure Orkestra zuzentzen, eta Txalaparta obraren egile Ivan Fedel, egun La Biennaleren Musika Atalaren zuzendaria eta Orkestra bertan izatearen arduraduna . Gure Orkestrak bildutako artista taldearen eskutik, sentimendu, emozio zein bizipen zirraragarriak bizi ditugu egunotan Teatro Alle Tese ikusgarrian.

Zenbat zoriontasun eta jakinduria! De Pablo, Lazkano eta Erkoreka konpositoreena. Hauen lanak ziren bat kontzertuko egitaraua osatzen zutenak. Lehenbiziko berrelkartze honen, hau da, euskal sortzaileen bi belaunaldiren berrelkartzearen buru, Luis de Pablo bera. Berak erabateko naturaltasunez bizi zuen La Biennalen batera eta bestera ibiltzea; naturaltasun hori erabat kontrajarria zen Orkestraren musikariek bizi zuten zirrararekin. Izan ere, konpositorea 1964. urtetik ohiko gonbidatua da Europa mailan musika garaikidearen topaketa garrantzitsuena den honetan.

Beste berrekaltzer batzuk ere izan ziren, konpositore eta artisten artekoak, esaterako. Luis de Pablo Asier Polo biolontxelojotzailearekin berrelkartu zen; De Pablok Polori eskainia da entzungai izandako "Frondoso misterio" obra. Topaketa hunkigarri honetan Luisek argi utzi zion Asierri zer espero zuen: "niri nekeza gertatu zitzaidan obra hau idaztea; beraz, zilegi deritzot Asierrek jotzerakoan izerdia bota beharrari". Eta horrela izan zen: Asierrek erronkari eutsi eta, izerdi-patsetan, interpretazioa bikaina eskaini zuen. Eta hau berresteko, sortzailearen eta bakarlariaren arteko emozioz beteriko besarkada. "Océano", Euskadiko Orkestraren eskariz Gabriel Erkorekak idatzitako lanak berrelkartu zituen beste behin bilbotar musikagilea eta Orkestra; inspirazio berezi zuen bart Orkestrak: batetik La Biennale jaialdiaren maial izugarriak eragindakoa, eta bestetik, nola ez, Venzia hiriak berak eragindakoa. "Ortzi Isilak" partiturak ere berrelkartzerako bide eman zuen: lagun zaharrak diren Ramon Lazkano konpositoreak eta bakarlari zen Shizuyo Oka klarintejotzaileak elkar topo egin baitzuten horren harira.

Eta guzti haien artean, José Ramón Encinar maisua. Pozik agertu zen kontzertuaren emaitzaz. Eta berak ere izan zuen berrelkartzeetarako aukerarik, La Biennale jaialdiko lagunekin, Orkestrarekin, konpositoreekin eta abarrekin berrelkartu baitzen.

La Biennale-ren baitan bart izandako kontzertuaren garrantziaren erakusgarri dugu bertan bildutako ordezkaritza instituzionala: La Biennaleren aldetik, Paolo Baratta presidentea, Andrea del Mercato zuzendari nagusia, eta Ivan Fedele, Musika Atalaren zuzendaria; eta Orkestraren aldetik, presidente eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua, Cristina Uriarte eta Oriol Roch, zuzendari nagusia. Eta musika gertakariaren garrantzia, aldiz, nazioarteko komunikabideen presentziak erakuste digu: 24 ziren baimendutako komunikabideak, Alemania, Finlandia, Kroazia, Eslovenia edo Italiakoak. Bixikeria moduan, han zen Radio Vaticano ere. Kritika espezializatuena Euskadiko Orkestraren lanari adi adi egon zitzaion atzokoan.

Eta guzti hau Aresenale-ko Teatro alle Tese antzokian gertatu zen. Arselale industrializazio gertatu aurreko gune arkitektoniko ikusgarria da; itsasoari irekita, Veneziaren gailentze ekonomiko zein komertzialaren lekuko izan zen XIII. mendearen hastapenetatik. Gaur egun mota ezberdinetako gune historikoak berregokitu eta kulturgune bilakatzearen eredu ezin hobea da Arsenale.

Musika garaikidea eta etorkizuna. Bart antzokia bete zuten ikusleen artean, 70 haur izan ziren Euskadiko Orkestrak eskainitako kontzertuaz gozatzen; honela eman zioten amaiera Jaialdiak haur eta gazteei eskaintzen dien programazioaren baitan burututako jarduera pedagogikoari. Izan ere, La Biennale-k ez du alboratzen gazteek kultura garaikidearen kontsumitzaile gisa duten garrantzia.

Eta gaur, Tesela proiektuaren gaua. Venezian emango duen bigarren kontzertuan, Orkestrak "Tesela" egitasmoa aurkeztuko du: konposizio proiektu honekin ospatu zuen Orkestrak bere 30. urteurrena 2012. urtean. Proiektu hau gauzatu ahal izateko, BBVA Fundazioaren lankidetza esklusiboa izan zuen Orkestrak. Berrelkartzeetarako gaua izango da berriz ere. Horien artean, Jaialdiaren zuzendari Ivan Fedele konpositorearen eta Oreka TX-en artekoa. Orkestrak bezala, txalapartari bikoteak gogo biziz egingo dio aurre gaurko emanaldiari: "kontzertu handia da guretzat". Zalantza izpirik gabe, gaurkoa ere gau hunkigarria izango da Venezian.


Zure interesekoa izan daitekeelakoan...

Asteartea 07 Urria, 2014

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa La Biennale di Venezia-an

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa La Biennale di Venezia-an
José Ramón Encinar-ek zuzenduta, euskal musikagileen obrak eta “Tesela” proiektua osatzen dutenak interpretatuko ditu urriaren 9 eta 10ean.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, euskal kulturaren enbaxadore izatearen sortze-oinarriari jarraiki, nazioarte mailako bira berri bati ekingo dio. Bere ibilbidean 16.a dugu honakoa. Helmuga, La Biennale di Venezia-ren baitako 58. Nazioarteko Musika Garaikidearen Jaialdia. Europa mailan musika garaikidearen arloan ospatzen den jaialdi garrantziatsuena eta mundo mailan nabarmenetarikoena da. Izan ere, La Biennale di Venezia kultur erakunde aipagarrienetarikoa da nazioarte mailan, zalantzarik gabe erreferentziazkoak diren zinema, antzerki, arkitektura edo arte plastikoen jardunaldiak biltzen dituena. Euskadiko Orkestrak La Biennale-n izango duen presentzia bikoitza, urriaren 9an eta 10ean kontzertu bana, mugarri historikoa da, bai Orkestrarentzat eta baita euskal kultura zein estatu mailako kulturarentzat ere, 58 aldietan Euskadikoa eta ORCAM dira jaialdi honetan esku hartu duten estatuko orkestra bakarrak. Orkestrak aurrez Las Biennale-n izan diren arlo ezberdinetako euskal artisten lekukoa hartzen du orain: De Pablo eta Erkoreka konpositoreak, Orkestraren eskutik itzuliko direnak, edo Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Mikel Laboa, Esther Ferrer, Ana Laura Aláez, Maider López, Asier Mendizabal eta abar.

Bira hau Euskadiko Orkestrak Italian barrena egingo duen bigarrena da. 2009. urtean Milanen aritu zen, Orchestra Sinfonica di Milano Giuseppe Verdi orkestrarekin egindako nazioarteko elkartrukearen baitan.

Euskal kultura bere dimentsio osoan esportatuz. Venezian, José Ramón Encinarren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak Luis de Pablo, Ramon Lazkano eta Gabriel Erkoreka euskal konpositoreen obrak interpretatuko ditu eta Asier Polo eta Oreka TX izango ditu lagun; gainera, euskal kultura beste ikuspgi batetik islatuko du, jatorri ezberdinetako eta nazioarteko ibilbidea duten zortzi konpositoreren ikuspegitik, hain zuzen ere; zortzi musikagile hauen ikuspegi hark gorpuztu zuen 2012. urtean Euskadiko Orkestrak bere 30. urteurrena ospatzeko, BBVA Fundazioaren lankidetza esklusiboarekin, abiarazitako "Tesela" konposizio-proiektua.

1. Kontzertua: euskal konpositoreak. La Biennalen bere burua aurkezteko Euskadiko Orkestrak nazioarte mailan eraginkorra den ibilbidea duten hiro euskal konpositoreen sorkuntzaren aukeraketa bat eskainiko du: Luis de Pablo, euskal musika garaikidearen dekanoa, eta Ramon Lazkano eta Gabriel Erkoreka, kalitate eta zabalkuntzari dagokionez beren aurrekoen bideari jarraitu dion ondorengo belaunaldi baten erakusleak. Kasuren batean Orkestraren beraren enkarguz egindako obrak dira, Orkestrak grabatu eta editatuak edo Abonu Denboraldian interpretatuak. Venecian bakarlari ariko dira Asier Polo biolontxelojotzaile bilbotarra eta Shizuyo Oka klarinetejotzaile japoniarra.

2. Kontzertua: Tesela proiektuaren aurkezpena. 2012. urtean Orkestraren 30. urteurrena ospatzearekin batera, 11/12 eta 12/13 Abonu Denboraldietan zehar obra bakoitza banaka zuzenean aurkeztu eta 2013an Verso disko etxeak argitaratutako diskoan bildu ostean, Orkestrak estreinakoz interpretatuko ditu kontzertu bakar batean Tesela konposizio proiektua osatzen duten zortzi obrak. Tesela zera da, zortzi sortzaileren begirada; txosten honekin banatutako diskoarekin batera doazen oharretan Mikel Chamizok esan bezala, kanpotik zuzendutako begirada da, nazioarteko sortzaileek Euskadira zuzendutako begirada; ariketa honek Euskadiko Orkestrak gure kulturarekin lotutako musika sorkuntzarekiko konpromezua osotzen du. Tesela dira Mario Lavistaren Tres cantos a Edurne, Michael Finnissyren Zortziko, Ivan Fedeleren Txalaparta-Folkdance II (Oreka TX bakarlari dela) Gérard Pessonen Ravel à son âme, James Dillonen White Numbers, Peter Eötvösen The Gliding of he eagle in the skies, Isabel Mundryren Calles y sueños eta Mauricio Soteloren Urrutiko urdin (obren inguruko iruzkinak diskoaren liburuxkan).

Teselaren aurkezpena José Ramón Encinar zuzendariak diseinatutako formatu berezi batean proposatu da; Tesela osatzen duten obrekin batera, Mikel Chamizok aurrez grabatutako musika zatiek hasiera, amaiera eta obren blokeen arteko trantsizio gisa.

Encinar maisua, zuzendari ospetsu eta musika garaikidean aditua, sarritan aritu da egitasmo ezberdinetan Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan. José Ramón Encinar ezin konta ahala bider izan da La Biennale di Veneziaren Nazioarteko Musika Garaikideko Jaialdian, bai zuzendari bezala, Madrilgo Erkideko Orkestra jaialdi honetan izan den aldi guztietan zuzendu duelarik, beste hainbat Orkestra zuzentzeko, eta baita konpositore lanetan ere.

Txalaparta bat Gran Canale delakoan zehar. Azpimarragarriak dira gainera bira honen zailtasun tekniko zein logistikoak: ubideen hirian barrena orkestra sinfoniko baten lekualdatzeak dituen zailtasunei Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Venezian aurkeztuko duen programa bikoitzak eskatzen duen instrumentu kopuru handia gehitu behar zaio (perkusio instrumentuei dagokionez, batez ere). 

 

Osteguna 02 Urria, 2014

14/15 abonu-denboraldiaren hasiera

Abonu-txartelak kudeatu eta bidali ditugu abonu-kontzertuetara bertaratu ahal izateko. Lehengo urtean bezala, denboraldiko programazio osoa duen liburua aurkituko duzu zure eserlekuan.

Kontzertuetako esku-programak birpentsatu ditugula jakinarazi nahi dizugu. Formatu berria soilagoa, merkeagoa eta ekologikoagoa da, programari eta sarrera labur bati lehentasuna emanez. Interpretatu beharreko  lanak zabalago ezagutzeko, nahikoa da kontzertu bakoitzean esku-programarekin batera prestatuko dugun separata hartzea, Orkestraren webgunetik dokumentua deskargatzea edo, nahi izanez gero, e-mailez bidaltzeko eskatzea. Azken aukera hau egiten bada, eskaera egin behar duzu abonados@orquestadeeuskadi.es helbidera mezu bat igorriz.

 

 

Horregatik, zurekin harremanetan jartzeko datuak modu eraginkor batean emateak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu berriro. Zure telefono mugikorraren zenbakia emanez gero, zure kontzertuen jakinarazpenak bidaliko dizkizugu aldiro-aldiro, edo helbide elektroniko bat eman dezakezu, eta bertara bidaliko dizkizugu gure jakinarazpenak eta, horrez gain, EUSKOR albiste-buletin elektronikorako harpidetza lortuko duzu eta, hemendik aurrera, kontzertuen aurretik esku-programa jasoko duzu.

Astelehena 29 Iraila, 2014

María Bayork irekiko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2014/2015 Abonu Denboraldia Baluarten

María Bayork irekiko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2014/2015 Abonu Denboraldia Baluarten
María Bayok berak eta Oriol Roch, Orkestrako zuzendari nagusiak kontzertu hau eta denboraldi osoaren xehetasunak aurkeztu dituzte Baluarten izandako prentsaurrekoan.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak gaur abiatuko du 2014/2015 Abonu Denboraldia Iruñeako Baluarte Auditorioan. María Bayo sopranoak eta Oriol Roch, Orkestrako zuzendari nagusiak kontzertu hau eta denboraldi osoaren xehetasunak aurkeztu dituzte Baluarten izandako prentsaurrekoan.

Kontzertua. Rumon Gamba britainiarrak zuzenduta, Orkestrarekin batera ariko dira María Bayo sopranoa eta Basilio Astúlezek zuzendutako Leioa Kantika Korala. Lehenbiziko Abonu programa hau joan zen ostiralean, hilak 26, Bilboko Euskalduna Jauregian izandako kontzertuak eta bihar asteartea Gasteizko Principal Antzokian izango den emanaldiak osotzen dute.

Egitaraua. Hasteko, Leioa Kantika Koraleko ahots gazteak, hain zuzen, Francisco Ibañezen Juegos de otoño obraren protagonista izango dira. Haurrei zuzendutako agerraldi zirraragarri honek neska-mutilek parkeko jolasetan sentitzen dituzten emozioak islatzen ditu. Ondoren, Seis canciones castellanas, Jesús Guridik konposatutako 70 kantuen artean ezagunenak eta Orkestrak bere errepertoriora gehituko dituenak, interpretatuko ditu María Bayok, bere ahotsaren bidez letra eta erritmo herrikoiak ezin hobeto adieraziz. Azkenik, Piotr Ilich Tchaikovskyren sinfonien artean gutxien interpretatu dena entzungo da, 3. Sinfonia. Schumann eta Mozarten eraginak dituen sinfonia hau "Tchaikovskyren lehen sinfonia tipikoa da, dantza erabat nagusi duen lehena" da zenbaiten aburuz.

2014/2015 Abonu Denboraldia. Entzulegoarekin, artistekin, konpositoreekin, esperientzia zein bizipen historikoekin "berrelkartzeak" dira kontzertu-denboraldi berezi honen funtsa: euskal kulturaren enbaxadore gisa Eresoinka egitasmoaren espirituari omenaldi eta oroitzapena; José Mª Usandizagaren "La Llama" opera kontzertu-bertsioan berreskuratzea, haren heriotzaren mendeurrenean; eta musika denboraldi berrian gurera itzuliko diren artista garrantzitsuekin berrelkartzea, horien artean María Bayo bera, Ainhoa Arteta, Carlos Mena, Joaquín Achúcarro, Marta Zabaleta, Frank Peter Zimmermann, Elisabeth Leonskaja eta abar. Izen, oroitzapen eta bizipen handiek Berrelkartzeetarako gune bilakatuko dute Abonu Denboraldi berria.

Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude www.euskadikoorkestra.es webgunean eta gainerako ohiko salmenta bideetan, 7€tik aurrera.

 

Ostirala 26 Iraila, 2014

Bilboko Koral Elkarteak irekiko du "Miramongo Matinéeak" zikloa

Bilboko Koral Elkarteak irekiko du "Miramongo Matinéeak" zikloa
Irailaren 27 larunbatean Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan.

Bilboko Koral Elkarteak irekiko du irailaren 27 larunbatean Miramongo Matinéeak zikloa. Julio Gergelyren zuzendaritzapean, errepertorioko obra klasiko handi batekin irekiko du denboraldia: G. Faurék idatzitako Requiemarekin, alegia. Honen bertsiorik intimoenak, abesbatza organoak laguntzen duenekoak, oraingoan Gerardo Rifónek interpretatuko duena, fina eta sakonki espirituala den atmosfera batera eramango gaitu. Gergelyren beraren hitzetan, "G. Faurék 1886 eta 1888 urte bitartean idatzi zuen obra hau, sortzaile gisa erabateko heldutasunean zegoela; honen bidez, heriotzaren inguruko hausnarketa hunkigarria utzi zigun. 1888an interpretatu zen estreinakoz, Parisko Madeleine Elizan eta 1889an jatorrizko bost atalei Offertorioa eta Liberame gehitu zizkion. G. Fauréren heriotzaren inguruko pentsamendu filosofikoa ezagutzeko giltza testu liturgikoaren tratamenduak ematen digu. Azken Judizioaren kontzeptua islatzeko Dies Irae eta Rex Tremendae ezabatu eta Pie Jesu eta In Paradisum sartzen ditu, bere sinestea helaraziz: ez da heriotzaren edo Jainkoaren Judizioaren beldur; bere ikuspegia gizatiarra da, beste mundurako igarobidearen onarpen lasai eta duda-mudarik gabekoa erakusten duelarik. Garai hartan nagusi zen ikuspuntutik aldenduz, heriotzaren hautemate lasai eta barerantz gidatuko gaitu. Bere ikuskera erabiltzen dituen dinamiken bidez ere heltzen zaigu". Egitaraua osotuz, F. Mendelssohnen "Hör mein Bitten" soprano, abesbatza eta organorako himnoa izango da entzungai. Gerardo Rifónez gain, Koral Elkarteak Isabel Sanz sopranoa eta Luis Mª Uriarte baritonoa izango ditu lagun.

Abonuak. 16 kontzertutarako abonuak 81 euroko prezioa du eta 62 eurokoa tarifa bereziko onuradunentzat (ikus programazioaren pdfa) eta Orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo www.euskadikoorkestra.es webguneko Abonatuak profilean dagoen inprimakia bidaliz eskura daiteke.

Sarrera solteak. Sarrerek 7 euroko prezio bakarra dute eta www.euskadikoorkestra.es eta www.kutxabank.es webguneetan, Kursaal Auditorioko leihatilan eta, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahalko dira.

Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.

16 kontzertuko zikloa. Elisabeth Leonskaja(artista egoiliarra 14/15) eta Joaquín Achúcarro, pianoaren historia bizia; Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Jun Märkl zuzendari duela; abesbatza musika erlijiosoaren lehena eta oraina, Bilboko Koral Elkarteak eta KEA Ahots Taldeak interpretatua; eta Euskadiko Orkestrako kideek osatutako taldeak. Hauek musikaren mugarik gabeko eremuak arakatuz betiereko obrak berreskuratu, musika sorkuntza sustatu eta gai ezberdinen inguruko egitarau monografikoak diseinatu dituzte. Hau da, laburbilduz, Miramongo Matinéeak, Euskadiko Orkestrak duela 23 urte bere egoitzan antolatzen duen ganbera zikloa osatzen duten 16 kontzertuek emango dutena. Egoitza honek gainera 25 urte betetzen ditu aurten.

 

Osteguna 25 Iraila, 2014

María Bayork irekiko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2014/2015 Abonu Denboraldia

María Bayork irekiko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2014/2015 Abonu Denboraldia
Bihar ostirala, irailak 26, Bilboko Euskaldunan, 29an Iruñeako Baluarten eta 30ean Gasteizko Principal Antzokian.

Gaur osteguna Otoño Musical Soriano jaialdiaren baitan eskainiko duen kontzertuaren ondoren, bihar ostirala, hilaren 26an Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2014/2015 Abonu Denboraldia irekiko du Bilboko Euskalduna Jauregian. Rumon Gamba britainiarrak zuzenduta, Orkestrarekin batera ariko dira María Bayo sopranoa eta Basilio Astúlezek zuzendutako Leioa Kantika Korala. Bilboko kontzertuaren ondoren, 29an Gasteizko Principal Antzokian eta 30ean Iruñeako Baluarte Auditorioan ariko da Orkestra.

Egitaraua. Hasteko, Leioa Kantika Koraleko ahots gazteak, hain zuzen, Francisco Ibañezen Juegos de otoño obraren protagonista izango dira. Haurrei zuzendutako agerraldi zirraragarri honek neska-mutilek parkeko jolasetan sentitzen dituzten emozioak islatzen ditu. Ondoren, Seis canciones castellanas, Jesus Guridik konposatutako 70 kantuen artean ezagunenak eta Orkestrak bere errepertoriora gehituko dituenak, interpretatuko ditu María Bayok, bere ahotsaren bidez letra eta erritmo herrikoiak ezin hobeto adieraziz. Azkenik, Piotr Ilich Tchaikovskyren sinfonien artean gutxien interpretatu dena entzungo da, 3. Sinfonia. Schumann eta Mozarten eraginak dituen sinfonia hau "Tchaikovskyren lehen sinfonia tipikoa da, dantza erabat nagusi duen lehena" da zenbaiten aburuz.

2014/2015 Abonu Denboraldia. Entzulegoarekin, artistekin, konpositoreekin, esperientzia zein bizipen historikoekin "berrelkartzeak" dira kontzertu-denboraldi berezi honen funtsa: euskal kulturaren enbaxadore gisa Eresoinka egitasmoaren espirituari omenaldi eta oroitzapena; José Mª Usandizagaren "La Llama" opera kontzertu-bertsioan berreskuratzea, haren heriotzaren mendeurrena betetzen den honetan; eta musika denboraldi berrian gurera itzuliko diren artista garrantzitsuekin berrelkartzea, horien artean María Bayo bera, Ainhoa Arteta, Carlos Mena, Joaquín Achúcarro, Marta Zabaleta, Frank Peter Zimmermann, Elisabeth Leonskaja eta abar. Izen, oroitzapen eta bizipen handiek Berrelkartzeetarako gune bilakatuko dute Abonu Denboraldi berria.

Orriak