Euskadiko Orkestrak monografiko bat eskainiko dio Mozarten lanari

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa bere Abonu Denboraldiko hamaikagarren programarako entseguetan murgildurik dago egunotan. Jun Märklek zuzenduta, Wolfgang Amadeus Mozarten lanaren inguruko egitarau sinfoniko-korala eskainiko du. Obra nagusi Meza do maiorrean edo "Koroatze Meza" izango da; honen aurretik, La Clemenza di Tito operaren obertura eta 36. Sinfonia, "Linz" izango dira entzungai. Maiatzaren 12 eta 15ean Donostiako Kursaal Auditorioan, 13an Iruñeako Baluarten eta 15ean Gasteizko Principal Antzokian.
"Koroatzetarako musika" da Meza do maiorrean obraren inguruko programa honen izenburua; XIX. mende hasieratik "Koroatze Meza" bezala ere ezaguna da vienar gorte inperialean koroatze ekitaldietan erabilia izateagtik. Partitura hau interpretatzeko Orkestrak lankide izango ditu Marta Ubieta sopranoa, Marifé Nogales mezzosopranoa, Gustavo Peña tenorea eta Iñaki Fresán baxua. Xalbador Rallok zuzendutako Easo Schola ere ariko da, Easo Eskolaniako haurrek eta Easo Abesbatzako kideek osatzen dutena. Gainera, mezaren interpretazioan tartekatuta, Orkestrak Organo eta orkestrarako KV328 eta KV329 sonatak interpretatuko ditu estreinakoz, Oscar Candendo organojolearekin batera.
Mozarti eskainitako gau hauetako egitaraua osotzeko, kontzertua irekiz La Clemenza di Tito operako obertura izango da. Mozartek Leopold II Bohemiako Errege koroatze ekitaldirako konposatu zuen 1791. urtean, egitarauari oharretan jasotzen denaren arabera; obra hau ez zen bere garaian entzulegoaren oso gustoko izan eta duela gutxi ekin diote opera aretoetako programazioetan txertatzeari. Ondoren 36. Sinfonia izango da entzungai, Mozartek idatzi zueneko hiriari erreferentzia eginez "Linz" izenez ezaguna dena.
Aula Jordá Gela. Euskadiko Orkestrak eta Musikenek izenpetutako lankidetza hitzarmenaren baitan, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko zuzendaritza ikasle talde batek Abonu programa honetarako entseguen esperientzia Jun Märkl maisuarekin partekatzeko aukera du egunotan.
Ikasturte amaierako festa Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Euskadiko Orkestrarekin!

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots estreinako aldiz ariko dira elkarrekin entzulego gazteenari pailazo-taldeak bere ibilbidean zehar jasotako doinuak oinarri harturik sortutako ikuskizuna eskaintzeko. Eszenatokian bat eginik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Juan Luis Díaz-Emparanza, Esteban Urzelai eta Leticia Vergarak zuzendutako Orfeoi Txiki eta Orfeoi Gazte, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta baita ezusteko gonbidaturen bat ere, guztiak Xabier Zabalaren musika zuzendaritzapean; bera da, izan ere, orkestrarako moldaketen eta hainbat doinuren egilea.
"Sentitu, pentsatu, ekin!" da ikuskizunaren izenburua eta 15 doinutik gora biltzen ditu, bertsio sinfonikoan. Hauen artean, "Maite Zaitut" kantu ezaguna eta baita "Abuela Maria Luisa", "Muxu-truk" eta "Eutsi goiari, ijito!".
Bost emanaldi 8.300 ikuslerentzat. Kontzertuak ekainaren 13tik 20ra izango dira, Gasteizko Principal Antzokian (13), Bilboko Euskalduna Jauregian (14), Iruñeako Baluarte Auditorioan (18) eta Donostiako Kursaal Auditorioan (20- 2 saio). Musika Familian zikloaren baitan, ikasturte amaierako festa bilakatutako emanaldi hauek emango diote amaiera Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren denboraldiari. "Barrokino", "Gerra eta Pakea", "Sinfokeritan" eta "Serenata" dira ikasturte honetan zehar aurkeztutako ikuskizunetariko batzuk; azken hilabeteotan, itxiera festa honetara bertaratuko direla aurreikusitako 8.300 ikusleak kontutan izanik, guztira 12.800 pertsona izango dira Orkestraren Hezkuntza Departamentuak antolatutako jardueraren batean aritu direnak, haur, familia zein hezkuntza arloko ikusentzuleak.
Elkarlanean eta babesle. Azken kontzertu-sorta hau Donostian KURSAAL ESZENArekin eta Gasteizen bertako Udal Antzokien Sarearekin elkarlanean antolatzen da. Gainera, EUSKALTEL du babesle orokorra eta Donostiako bi saioek El Diario Vasco-ren babesa dute halaber.
Sarrerak salgai. Bilbo eta Donostiako kontzertuetarako sarrerak ohiko salmenta guneetan eros daitezke. Gasteiz eta Iruñeako kontzertuetarako sarrerak, aldiz, agorturik daude.
*Euskadiko Orkestra+FEVAS jarduera. Aipatu kontzertuez gain, "Sentitu, pentsatu, ekin!" ikuskizuna Euskadiko Orkestrak eta FEVASek (Adimen edo Garapen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioa) aurten elkarlanean garatuko duten jardueraren ardatza izango da. Talde honetako 150 haurrei zuzendutako sei sentsibilizazio tailer burutuko dira eta, ondoren, ekainaren 12an, haur hauek "Sentitu, pentsatu, ekin!" ikuskizunaren entsegu orokorraz gozatzeko aukera izango dute.
Ikusentzuneko bariazioak, "Goldberg Bariazioak" ikuspegi berri batetik Miramongo Matinéetan

"Ametserako bariazioak" da maiatzaren 3an Trío Kalume hirukoteak Miramongo Matinéetan eskainiko duen kontzertuaren izenburua. Egitarauan Johann Sebastian Bachen Goldberg Bariazioak obraren hari hirukoterako bertsioa; baina kontzertuak izango du gehigarri bat, irudien proiekzioa, partitura ezagunaren interpretazioa ikusentzunezko emanaldi bilakatuz.
Musika lo ezaren kontra. Izan ere, Bachen hainbat biografiak diotenaren arabera, Goldberg Bariazioen jatorria alemaniar konte batek bere lo egiteko arazoei aurre egiteko asmoz eskatu zion partituran datza: musika hura kontearen klabikordista Johann Gottlieb Goldbergek interpretatuko zuen aristokrataren lorik gabeko gau luzeetan. Hortik Bariazioen izenburua, hasiera batean Bachek berak la partitura "Aria bariazio ezberdinekin bi teklatudun klaberako" izenburua eman bazien ere. Bariazioak oinarri harturik sortutako ezin konta ahala bertsioen artean, hari hirukoterako hau gehien interpretatzen direnen artean dugu eta jatorrizko partitura zehazki jarraitzen du.
Kalume hari hirukotea osatzen dute Takeshi Kanazawa (biolina), Gareth Lubbe (biola) eta Gabriel Mesadok (Euskadiko Orkestra Sinfonikoko biolontxelo bakarlaria). Goldberg Bariazioen interpretazio hau osotzeko espreski sortutako irudiak Birgit Rampe publizistaren lana dira.
Kontzertu honetarako sarrera solteek 7€ko prezio bakarra dute eta www.kutxabank.es eta, kontzertuaren egunean, Orkestraren egoitzako leihatilan erosi ahalko dira.
Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. Matinéea dagoen egunetan bakarrik erabilgarri den garraiobide hau 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.
Teknologia eta musika gure gizartean hobekuntza arlo berriak aztertzeko bat eginik

Vicomtech-IK4 (Ikus-elkarrekintzako eta Komunikazioko Teknologien Zentroa) erakundeak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak lankidetza akordio bat izenpetu dute, gure gizartearen bizimoduaren garapena zein garapen profesionala ahalbidetuko duten ikerketa-bide berriak aztertzeko asmoz.
Bi erakundeek, Vicomtech-IK4 eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, hurrenez hurren, gure komunitatearen garapen teknologikoarekiko eta hezkuntza nahiz kultur garapenarekiko duten konpromezua partekatzen dute. Horregatik, batasun honi esker lankidetza arlo garrantzitsuei bide egingo zaie, esaterako, musika egun garatzen ari diren aukera teknologiko berrien zerbitzura jarri eta erabiliz.
Alexandre Da Costaren master class-a Musikeneko ikasleentzat

Apirilaren 29 asteartean Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan master class berri bat izango da, Orkestrak Aula Jordá Gela izena harturik Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarekin (Musikene) izenpetutako lehentasunezko lankidetzarako hitzarmenaren baitan burutzen dituen jardueren artean.
Egunotan Abonu Denboraldian bakarlari gonbidatu ari den Alexandre Da Costa biolinjotzaile kanadarra Musikeneko zortzi ikaslerekin elkartuko da, hauei nazioarte mailan ibilbide zabala duen bakarlari batekin aritzeko aukera eskainiz.
Denboraldi honetan zehar Aula Jordá Gela ekimenaren baitan aurrez antolatutako master class ezberdinetan aritu dira Milos guitarrista, Emmanuelle Bertrand biolontxelojotzailea eta José Miguel Pérez Sierra eta Michal Nesterowicz orkestra zuzendariak. Egun gutxi barru Jun Märkl zuzendariak itxiko du master class ziklo hau.
Bideoan Alberto Palacín Musikeneko ikaslea Euskadiko Orkestra zuzentzen, José Miguel Pérez Sierra zuzendariak eskainitako master class-ean.
Alexandre Da Costa kanadarra, Euskadiko Orkestraren Denboraldian bakarlari

"Inspirazioaren bila" izenburu harturik, Euskadiko Orkestrak bere Abonu Denbolradiko hamargarren kontzertu-programari ekingo dio. Apirilaren 28tik maiatzaren 3ra bitartean, EOS estreinakoz zuzenduko duen John Axelrod maisuaren zuzendaritzapean ariko da, Alexandre Da Costa biolinjotzailea bakarlari gonbidatu dela. Atriletan, P. I. Tchaikovskyren Biolin eta orkestrarako kontzertua eta R. Schumannen 4. Sinfonia. Apirilaren 28an Iruñeako Baluarten, apirilaren 29an eta maiatzaren 3an Donostiako Kursaalean, apirilaren 30ean Bilboko Euskaldunan eta maiatzaren 2an Gasteizko Principalean.
Alexandre Da Costa biolinjotzailea (Montreal, 1979) Charles Dutoit zuzendariak eman zuen ezagutzera oso gazte zela. Milatik gora dira bakarlari gisa eskaini dituen kontzertuak Europa, Asia, Australia eta Ipar Amerikan, Vienako Musikverein, Berlingo Philharmonie edo New Yorkeko Carnegie Hall areto ospetsuetan, Royal Philharmonic, Berliner Symphoniker eta Wiener Symphoniker orkestrekin lankidetzan, besteak beste. Hautes-Laurentides-eko (Kanada) Jaialdi Klasikoko zuzendari artistikoa da.
2013/2014 denboraldi honetan errezital bat eskaini du Miramongo Matinéeak zikloaren baitan eta Orkestraren lehenbiziko biolin gisa aritu da bi Abonu-programatan. Orain bakarlari gonbidatu dator gurera, Piotr Ilich Tchaikovskyren Biolinerako kontzertua re maiorrean interpretatuko duelarik. Errepertorioko obrarik ezagunenetariko bat, partitura hau "Le Concert" filman da entzungai; luzemetrai arrakastatsu honek Bolshoieko musikari zaharrek Parisen eskainiko duten kontzertu baten prestaketa kontatzen du. Alexandre Da Costak egun 1730eko Guarnerius Del Gesu biolina jotzen du, Sartory arku batekin, Canimex erakundeari esker.
Aula Jordá Gela egitasmoaren barnean burutzen diren jardueren artean, Alexandre Da Costak master class bat eskainiko die Musikeneko zortzi ikasleri. Topaketa apirilaren 29an izango da, Euskadiko Orkestraren egoitzan.
John Axelrod zuzendaria Milango Giuseppe Verdi orkestraren zuzendari printzipala da egun. Aurrez Lucernako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari printzipal eta Orchestre National des Pays de la Loire orkestraren musika zuzendari gisa nabarmendu zen. Zuzendari gonbidatu bezala, ehun orkestra baino gehiago zuzendu ditu eta musika profesional gazteekiko duen konpromezua aipatzekoa da halaber, Orchestra Giovanile Italiana, Accademia della Scala, Nord Deutsche Junge Philharmonie, Sinfonia Iuventus eta Vienna Jeunesse Orchester.
Kontzertuetako egitaraua osotuz, Robert Schumannen 4.Sinfonia izango da entzungai bigarren zatian.
Kontzertu hauetarako sarrerak internet bidez eros daitezke, www.kutxabank.es webgunean Donostia, Bilbo eta Gasteizko kontzertuetarako sarrerak eta www.ticketmaster.es webgunean, berriz, Iruñeako kontzerturako sarrerak; halaber, kontzertu aretoetako leihatiletan ere eskura daitezke. 7 eurotik aurrera.
Klarinetearen esentzia, Urval Ensemble Miramongo Matinéetan

Miramongo Matinéeak zikloak Urval Ensemble klarinete-laukotearen proposamena hartuko du berean apirilaren 12 larunbatean. "Esentzia da gauzen natura, haietan etengabe eta aldagaitz dena, eraketa ororen funtsezko printzipioa". Honela aurkezten du Urval Ensemblek larunbatean Miramonen eskainiko duen emanaldia.
Urval Ensemblek Euskadiko Orkestraren egoitzako eszenatokira dakarren egitarauan, hasteko Aita Donostia eta Jesús Guridi: bi euskal musikagileok folkloreak euren lanetan izan duen garrantziaren adibide argiak dira, gustu ona, inspirazio berezia, dotoretasuna eta originaltasunarekin aberastuz. Jean Françaix, berriz, estilo argi eta burutsu batekin, klarinetearen alorrean, mundu osoan gehien interpretatu den frantziar musikagileetako bat da. Eta gaur egun, irratia eta telebista ere esentzial bilakatu diren honetan, Patrick Hiketick polifazetikoak musika asko sortzen du horietara bideratuta, antzerkirako idatzi eta baleterako konposizio sinfonikoak burutzeaz gain. Horiek guztiak bilduko ditu Urval Ensemblek Miramongo Matinéetan eskainiko duen estreinako kontzertuan.
Urval Ensemble Jasone Etxebeste, Marixi Sesma, Carlos Casadó eta Mikel Emezabal klarinete-jotzaileek osatzen dute. Lau musikariek Zumaiako "Klarinete Maratoia" hezkuntza-egitasmoaren baitan egin zuten bat. 2002an sortua, ekimen honek klarinetearen zabalkundea eta irakaskuntza ditu helburu nagusi. Aita Donostiaren kantuak aitzaki hartuta, bere eremu geografikotik kanpo euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko asmoz, kontzertuak eskaintzeko hainbat lekutan gonbidatua izan da Urval Ensemble, bai Euskal Herrian eta baita kanpoan ere; León, Ávila, Lincoln (Estatu Batuak), Gante (Belgika) eta Assisi (Italia) besteak beste.
Kontzertu honetarako sarrera solteek 7€ko prezio bakarra dute eta www.kutxabank.es eta, kontzertuaren egunean, Orkestraren egoitzako leihatilan erosi ahalko dira.
Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. Matinéea dagoen egunetan bakarrik erabilgarri den garraiobide hau 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.
Euskadiko Orkestrak Teresa Catalánen “Printzesaren Dantza” estreinatuko du

Apirilaren 7tik 11ra bitartean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiko 9. programari dagozkion kontzertuak eskainiko ditu ohiko lau hiriburuetan. Carlo Rizziren zuzendaritzapean, Orkestrak berak inguruko konpositoreei eginiko enkargu politikaren baitan Teresa Cataláni eskatutako "Printzesaren Dantza" obraren erabateko estreinaldia burutuko du. Estreinaldi honetan EOSek Amaia Zubiria kantaria izango du lankide. Programa honetan gainera Emmanuelle Bertrand biolontxelojotzaileak debuta egingo du gure Denboraldian. Apirilaren 7 eta 11an Donostiako Kursaal Auditorioan, 8an Gasteizko Principal Antzokian, 9an Iruñeako Baluarte Auditorioan eta 10ean Bilboko Euskalduna Jauregian.
"Printzesaren Dantza", Teresa Catalán iruindar konpositorearen obra intimista da Euskadiko Orkestrak estreinatutako enkarguzko obren katalogoan orain arteko azken pieza. 1982an sortu zenetik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak gure inguruko musika sorkuntzaren sustatzaile eta zabalkunderako plataforma bilakatzearen konpromezu bikoitza hartu zuen. Oinarri honi erantzunez, 23 dira enkargu eta ondorengo estreinaldien politika honetatik eratorritako obrak. Partitura hauek C. Bernaola, F. Ibarrondo, L. de Pablo, A. Larrauri, F. Escudero, R. Castro, T. Aragüés, R. Lazkano, G. Erkoreka, Z. F. Gerenabarrena, A. Lauzurika, J. Torre eta J. Egigurenek sinatutakoak dira. Horretaz gain, lan horietako zortzi "Tesela" Orkestrak BBVA Fundazioaren lankidetzarekin bere 30. urteurrena ospatzeko gauzatutako konposizio proiektuaren baitan sortutakoak dira; hauek nazioarteko zortzi konpositore ospetsuek euskal kulturaren inguruan duten irudia islatzen duen mosaikoa osatzen dute.
"Printzesaren Dantza" Teresa Catalánen bigarren baleta da. Obra hau 2009ko urria eta 2010eko urria bitartean idatzi zuen. 12 minutu irauten dituen mugimendu bakarrarekin, dantzatu beharreko baina programa zehatzik gabeko bilbe bati jarraitzen dio. Interpretazioaren aurretik, Amaia Zubiria kantariak Teresa Catalánek berak idatzitako atarikoari ahotsa jarriko dio eszenatokitik bertatik.
Emmanuelle Bertrandek J. Haydnen Biolontxelo eta orkestrarako 2. kontzertua interpretatuko du Euskadiko Orkestrarekin debuta duen honetan. 2011. urtean Diapason aldizkariak eta France Musiqueko entzuleek Urteko Artista aukeratua eta "Le violoncello parle" diskoari esker urte hartako Diapason d'Or sariduna, Emmanuelle Bertrand 2002an egin zen ezaguna, "Victoire de la Musique Classique" saria irabaztearekin. Egun frantziar eskolako biolontxelojotzaile nabarmenena da. Euskadiko Orkestra eta Musikenek sustatutako Aula Jordá Gela egitasmoaren baitan, Emmanuelle Bertrandek masterclass bat eskainiko dio biolontxelo ikasle talde bati, apirilaren 11an Orkestraren egoitzan.
Egitaraua osotuz, D. Shostakovitchen 10. Sinfonia izango da entzungai.
Carlo Rizzik hainbat alditan zuzendu du Euskadiko Orkestra. 90ko hamarkadan estreinako aldiz zuzendu zuenetik, zuzendari italiarra Orkestraren zuzendari gonbidatuen artean klasiko bilakatu da dagoeneko
Donizetti eta Beethoven, opera eta sinfoniatatik at, Miramongo Matinéetan

Miramongo Matinéeak izaera pedagogikodun ganbera zikloa da. Euskadiko Orkestrako musikariei esker, oinarrizko konpositoreen obra ezagunenetatik urrundutako errepertorioetan sakondu eta kontzertu aretoetan gutxitan aiaptutako izenak berreskuratzen ditu. Mota honetako kontzertuetan, aurrez Brahms, Barroko garaiko Europa edo Bosten Taldearen musika gertutik ezagutzeko aukera izan dugu. Oraingoan, aldiz, Donizetti eta Beethoven ospetsuen ia ahaztutako piezak entzuteko aukera izango da. Sortzaile hauen katalogo handian bazterrekoak diren arren, bere dirdira berreskuratzea merezi duten bitxiak dira. Larunbat honetan, martxoaren 29an izango da, Trío Fabordón hirukoteak eskainiko duen emanaldian. Berau osatzen dute Imanol Elizasu, pianoa, Carlos Rosat, flauta eta piccoloa, eta Tomás Ruti, fagota eta kontrafagota; azken bi hauek Euskadiko Orkestraren kideak dira.
Bere opera-lanengatik goraipatua den Gaetano Donizettiren flauta, fagot eta pianorako trio bat interpretatuko du Trío Fabordón-ek; berau programatuta topatzea zaila den arren, entzuteko ederra gertatzen da. Donizettik hainbeste miresturiko Haydn, Mozart eta Schubertek erabilitako molde formal zein tonalak errespetatuz, obra honek famatu egin zuen "bel canto"aren argitasuna eta freskotasuna iradokitzen ditu. Izan ere, Donizetti, Rossini eta Bellinirekin batera, "Ars canendi" delakoaren aparteko artista da. Aurrekoaren instrumentu-talde berarekin, Ludwig Van Beethovenen gaztaroko partitura bat izango da entzungai. Eta bi obren artean flauta eta fagotaren osagarri diren bi instrumentuei eskainitako bi partitura, piccoloa eta kontrafagotari alegia, Antonio Vivaldi ezagunarena bata eta ia ezezaguna zaigun Eugène Damarérena bestea; azken hau Baionako konpositorea dugu, XIX eta XX mende bitarteko sortzailea.
Kontzertu honetarako sarrera solteek 7€ko prezio bakarra dute eta kontzertuaren egunean Orkestraren egoitzako leihatilan erosi ahalko dira.
Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. Matinéea dagoen egunetan bakarrik erabilgarri den garraiobide hau 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.
Lukáš Vondrácek pianista ariko da Arcadi Volodosen ordez Euskadiko Orkestraren datozen kontzertuetan

Datorren martxoaren 24 astelehenetik aurrera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiko zortzigarren programari dagozkion kontzertuei ekingo die. Hauetan Arcadi Volodos pianistaren esku hartzea zegoen aurreikusita, baina osasun arazoak direla eta ez da horrela izango. Volodosen ordez Lukáš Vondráček pianista ariko da Euskadiko Orkestrarekin batera, hasiera batean programatutako L. V. Beethovenen Piano eta orkestrarkao 3. kontzertua interpretatuko duelarik. Egitaraua osotuz, Richard Wagnerren Tristan eta Isolda-ko Preludioa eta Maitasunez hiltzea eta Richard Straussen Don Juan izango dira entzungai. Guztia Michal Nesterowicz maisuaren zuzendaritzapean. Programa honi dagozkion kontzertuak izango dira martxoaren 24 eta 25an Donostiako Kursaal Auditorioan, 26an Iruñeako Baluarte Auditorioan, 28an Gasteizko Principal Antzokian eta 29an Bilboko Euskalduna Jauregian.
Lukáš Vondráček-ek (Opava, Txekiar Errepublika, 1986) 2002. urtean, 15 urte zituela, Praga eta Italian Txekiar Orkestra Filarmonikoa eta Vladimir Ashkenazyrekin debuta egin ondoren, 2003 urtean bira garrantzitsu bat egin zuen Estatu Batuetan barrena eta Kolonia, Viena, Lucerna eta Birminghan-en eskaini zituen kontzertuak. Ordutik hona mundu osoko orkestra gailenekin aritu da lankidetzan, esaterako, London Philharmonic, BBC Philharmonic, Zuricheko Tonhalle eta Baltimoreko Orkestra, Paavo Järvi, Gianandrea Noseda, Marin Alsop, Christoph Eschenbach, Zdeněk Mácal, Pietari Inkinen, Vasily Petrenko, Jakub Hrůša, Christoph Poppen, Anu Tali eta Jesús López-Cobos zuzendarien gidaritzapean, besteak beste. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin aritzen den lehenbiziko aldia da honakoa.
Michal Nesterowicz hirugarren aldiz igoko da Euskadiko Orkestraren podiumera. 2011an estreinakoz zuzendu zuen Orkestra zuzendari gonbidatu gisa, Gasteiz eta Iruñean izan zen Abonu- programa batean eta ondoren Bordele eta Arcachonen, Orchestre National Bordeaux-Aquitaine orkestrarekin elkartrukean; eta 2012. urtean berriz itzuli zen Orkestraren Abonu Denboraldira. Zuzendari honek 2008an Cadaquéseko Nazioarteko Lehiaketako bederatzigarren aldia irabazi eta berehala Txileko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular izendatu zuten. Egun Tenerifeko Orkestra Sinfonikoko zuzendari artistikoa da. Beste orkestra askoren artean, Wiener Kammerorchester, Flandeseko Orkestra Filarmonikoa, Sinfònica de Barcelona, Puerto Ricoko Orkestra Sinfonikoa eta Tonhalle-Orchester Zürich zuzendu ditu.
"Amodio antagonikoak". Lukáš Vondráček-ek L.V. Beethovenen Piano eta orkestrarako 3. kontzertua interpretatu ondoren, kontzertuko bigarren zatian, Orkestrak amodioaren bi irudi antagoniko eta osagarri aurkeztuko ditu: Tristan eta Isolda musika-draman islatutakoa, hirugarren ekitaldiko Liebestod (Maitasunez hiltzea) pasartean batez ere: bere handitasun eta ezinezkotasun transzendenteagatik miresmen hutsa den amodioa. Horren aurrean, Don Juan maitale famatuaren amodio-abentura iragankorrak, Richard Straussek olerki sinfoniko bizi batean jaso zituenak.
