Asteazkena 26 Otsaila, 2014

Euskadiko Orkestrak akelarretako zein beldurrezko musika hizpide 7. Abonu programan

Euskadiko Orkestrak akelarretako zein beldurrezko musika hizpide 7. Abonu programan
José Miguel Pérez Sierraren zuzendaritzapean, egitarauan Pascual Aldaveren "Akelarre" obrako "La Dama de Urtubi".

OLBEren denboraldian Bizeten Carmen interpretatu ostean, Euskadiko Orkestrak bere Abonu Denboraldiko zazpigarren programari heldu dio egunotan. Berriz ere zuzendari gonbidatu izango duen José Miguel Pérez Sierraren gidaritzapean, Euskadiko Orkestrak, "Akelarrearen barruan" izenburudun egitaraua aurkeztuko du, beldurrezko musika hizpide harturik: akelarreen eta sorginen inguruan, La Dama de Urtubi, iaz zendutako Pascual Aldave nafar konpositorearen Akelarre obraren bigarren zatia, eta Modest Mussorgskyren Gaua mendi soilean, Rimsky-Korsakoven bertsioan; Tchaikovskyren Francesca da Rimini fantasia sinfonikoak Danteren Infernuko V. Kantuan agertzen den istorio bat du oinarri. Zazpigarren programa hau osatzen duten kontzertuak izango dira otsailaren 28an eta martxoaren 3an Donostiako Kursaalean, 4an Bilboko Euskaldunan, 10ean Gasteizko Principal Antzokian eta, amaitzeko, 11an Iruñeako Baluarten.

José Miguel Pérez Sierra madrildarra Gabriele Ferroren laguntzaile aritu zen Napoliko San Carlo antzokian, Palermoko Massimo antzokian eta Madrilgo Teatro Real antzokian. 2005 egin zuen debuta Galiziako Orkestra Sinfonikoa zuzenduz eta nazioarte mailan, berriz, 2006an, Pesaroko Rossini Opera Festival jaialdian Il Viaggio a Reims zuzenduz. Ordutik Espainia, Italia, Georgia, Portugal eta Uruguayko orkestra garrantzitsuenak zuzendu ditu, errepertorio sinfonikoa zein lirikoa landu dituelarik. Berriki Rossiniren Ricciardo e Zoraide opera grabatu du Naxos disko etxearentzat. Duela urtebete zuzendu zuen lehenbiziko aldiz Euskadiko Orkestra, orduan ere Abonu Denboraldiaren baitan, egitarau sinfoniko koral batean, Rossiniren Stabat Mater barne zela.

Pío Barojaren testuetan oinarritutako La Dama de Urtubi, Pascual Aldaveren (Lesaka, 1924 - Donostia, 2013) Akelarre lan handiaren bigarren zatia dena, denboraldi honetako programarik ikaragarrienaren pieza nagusia da. La Dama de Urtubi-k Miguel Machainen istorioa azaltzen du. Akelarre batean sartuko da Miguel Leonor bere laztana salbatzeko. Akelarre idaztearen ideia 1986an otu zitzaioan Aldaveri, Gipuzkoako Foru Aldundiak Aita Donostia eta Jesús guridiren mendeurrenaren oroigarri obra bat eskatu zionean. "Funtsean euskalduna" izango zen lan bat sortzea helburu harturik, nafar musikagileak Pío Barojaren idazlanetara jo zuen, La Leyenda de Jaun de Alzate lehenbiziko zatirako eta La Dama de Urtubi egunotan Orkestrak inteprretatuko duen bigarren zatirako. Partitura hau Donostiako Victoria Eugenia antzokian estreinatu zen 1996ko abuztuaren 27an.

Gaua mendi soilean Mussorgskyk 1867an idatzi zuen beldurrezko klasiko handiak sorginen bileraren beste bertsio bat dakar. Rimsky-Korsakoven moldaketa bikainari esker, orkestraren trebezia agertzeko lan aproposa da. Tchaikovskyren Francesca da Rimini fantasia sinfonikoa aurrekoak bezain iluna dugu. Bayreuthen bukatu zuen 1876an eta Liszten zein Wagnerren eragina nabaria da. Francesca eta Paoloren istorio tragikoa hartzen du Dante Alighieriren Divina Commediako hiru kantuetatik lehena den Infernuko V. Kantutik: adulterioan atzemanak, Infernuko bigarren zirkuluaren betiereko ekaitzean flotatzera zigortuko dituzte. Euskadiko Orkestrak obra hau interpretatzen duen estreinako aldia da honakoa.

 

Ostirala 21 Otsaila, 2014

Musika Familian: "Barrok... ino" Gasteizen

Musika Familian: "Barrok... ino" Gasteizen
Otsailaren 23 igadean “Barrok… ino”, Musika Gelak Paraiso Antzerkiarekin elkarlanean 2tik 6 urtera bitarteko haurtxoei musika barrokoa hurbiltzeko taularatutako ikuskizuna Gasteizen izango da.

Otsailaren 23 igadean "Barrok... ino", Musika Gelak Paraiso Antzerkiarekin elkarlanean 2tik 6 urtera bitarteko haurtxoei musika barrokoa hurbiltzeko taularatutako ikuskizuna Gasteizen izango da. Federico García Lorca Antzokian izango da, emanaldi bikoitzean, 17:00etan eta 18:30etan. Hau izango da Euskadiko Orkestrak Gasteizen Udalarekin lankidetzan antolatzen duen Musika Familian zikloaren denboraldi honetan ikusgai izango diren hiru ikuskizunetatik lehena. Programazioa osotuz, "Sinfokeritan/Sinfoneando", Sinfokids ikus-entzunezkoan oinarri harturik ikuslegoarekin interakzioa funtsatzat duen muntaia eta, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera, "Sentitu, pentsatu, ekin!" ikuskizunaren bertsio sinfonikoa izango dira, apirilaren 13an eta ekainaren 13an, hurrenez hurren.

Osteguna 20 Otsaila, 2014

Ganbera musika Miramongo Matinéetan bueltan Ensemble Balakirev taldearen eskutik

Ganbera musika Miramongo Matinéetan bueltan Ensemble Balakirev taldearen eskutik
Larunbatean, hilak 22an, hari seikote honek Glazunov eta Rimsky-Korsakoven musika interpretatuko du.

Miramongo Matinéeak zikloa ganbera musika emanaldi batekin itzuliko dira larunbatean, hilak 22, Euskadiko Orkestraren egoitzara. Gehienetan euskadiko Orkestrako kideek osatutako talde txikiek eskaintzen dituzten errezital hauek, gutxitan interpretatzen diren partiturak entzuteko aukera emateaz gain, izaera didaktikodun emanaldiak dira : musikaren historiaren une ezberdinei begiratua baitira. Larunbat honetan Ensemble Balakirev taldeak Bosten Taldeari egingo dio so, mugimendu honek Rimsky-Korsakov edo Mussorgsky bezalako konpositore errusiarrak Bildu zituen XIX. Mendearen bigarren erdian.

Ensemble Balakirev-ek Bosten Taldearen (errusieraz Mogúchaya Kuchka, eskukada handia) musika erreferentziatzat duen egitaraua eskainiko du. Nikolai Rimsky-Korsakoven Hari sextetoa la maiorrean eta Alexander Glazunoven Hari kintetoa la maiorrean interpretatuko ditu. Lehena Bosten Taldeko kidea izan zen eta bere jarraitzaileen artean Glazunov bera eta Igor Stravinsky izan ziren, besteak beste. Glazunov, berriz, Bosten Taldearen gertu kokatua, errusiar eskola nazionalaren azken adierazgarritzat hartua da.

Ensembleak Mili Balakirev konpositorearen izena hartzen du. Bera izan zen Bosten buru eta taldea osotuz, César Cui, Modest Mussorgsky, Nikolai Rimsky-Korsakov eta Aleksandre Borodin. Musikagile hauen helburua zehazki Errusiakoa zen musika mota sortzea zen, europar musikak oinarri hartu zuen estiloa imitatuko zuena baztertuz. Errusiako mugimendu abertzale erromantikoaren adar bat ziren, helburu berarekin arte ederren alorrean jardun zuten Abramtsevo Kolonia eta Errusiar Errenazimenduarekin batera. Mugimendu hau «errusiarra, berezkoa» izan zen, sustrai nazionaletik gertuagokoa, akademia klasikotik baino.

Kontzertu honetarako sarrera solteek 7€ko prezio bakarra dute eta kontzertuaren egunean Orkestraren egoitzako leihatilan erosi ahalko dira.

 

Asteartea 18 Otsaila, 2014

Musika Gelaren baitan datozen hilabeteotan burutuko diren jarduerak aurkeztu berri dira

Musika Gelaren baitan datozen hilabeteotan burutuko diren jarduerak aurkeztu berri dira
EOSren Hezkuntza Departamentuak diseinatutako hogeita hamar jardueratik gora dira.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere MUSIKA GELAren programazioa aurkezten du. Publiko ororentzat Musika Familian zikloa, Eskola Kontzertuak haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleentzat, ikastetxeei zuzendutako beste hainbat jarduera, horien artean ikastetxeetan tailerrak eta Orkestraren egoitzara bisitak, Sinfokids eta kultur zein gizarte erakunde ezberdinekin elkarlana dira Euskadiko Orkestraren Hezkuntza Departamentuak burutzen duen lanaren oinarri nagusiak. Hau guztia MUSIKA GELA markarekin helarazten zaio publikoari. Denboraldi honetan hogeita hamar jarduera baino gehiago izango dira familiarteko publikoarentzat eta hezkuntza arloarentzat eskuragarri.

Musika Familian eta Eskola Kontzertuak. Azken sei urteotan Euskadiko Orkestrak haur eta gazteei eskainitako kontzertuek 41.000 pertsona bildu dituzte guztira. 2013ko urria eta abenduan, Eskola Kontzertuen baitan, lehen eta bigarren hezkuntzako 2000 ikasletik gora izan ziren EOSen egoitzako eserlekuetatik "Serenata" eta "Gerra eta Pakea" ikuskizunekin gozatzeko aukera izan zutenak; orain, otsailaren 18tik 20ra, "Barrok... ino" Orkestraren eta Paraíso Antzerkiaren ekoizpenak 2 tik 6 urte bitarteko 800 haur erakarriko ditu egoitzako auditoriora; horrela osotuko da aurtengo denboraldirako aurreikusitako 12 kontzertu-multzoa. Ondoren Musika Familian zikloaren txanda izango da, aurten Donostia eta Gasteizen izateaz gain, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera "Sentitu, pentsatu, ekin!" ikuskizunaren bertsio sinfonikoaren eskutik Bilbo eta Iruñeara ere helduko dena. Denboraldia osotuz, "Barrok... ino" eta "Gerra eta Pakea" ekoizpenak, familiarteko ikuslegoari irekita oraingoan, eta "Sinfokeritan/Sinfoneando", Sinfokids ikus-entzunezkoan oinarri harturik ikuslegoarekin interakzioa funtsatzat duen muntaia.

Musika Familian ziklorako sarrerak salgai daude jada eta www.kutxabank.es webgunean, aretoetako leihatiletan eta beste ohiko salmentaguneetan eros daitezke. Gasteizen izan ezik, han izango diren kontzertu guztietarako sarrerak salgai jarri eta egun gutxitara agortu baitziren.

    Programatutako hogeita hamar jarduerez gain, Orkestraren Hezkuntza Departamentuak bere beharrei egokituta diseinatutako jarduerak eskaintzen dizkiete ikastetxeei, esaterako Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren jarduna gertutik ezagutzeko egoitzara bisitak, Musika Familian zikloko kontzerturen batera joango diren ikastetxeetan tailerrak burutzea eta, horretaz gain, Musika Familian zikloko hainbat kontzerturen aurretik egiten diren Sentsibilizazio Tailerrak ere jartzen ditu abian. 2008 urtetik gaurdaino, 2600 pertsona izan dira bisita eta tailer hauetan esku hartu dutenak. Ekimen guzti hauek burutzeaz gain, FEVAS-ekin lankidetzan ezintasun intelektuala duten pertsonen integrazioaren alde lanean dihardugu aurten ere eta Euskadiko Orkestraren Musika Gelak sortutako ekoizpenek, "Biola ez dago bakarrik" eta "Tantantxo/Plok, Plok, Plic" muntaiek alegia, beren ibilbidean aurrera darraite estatuko beste hainbat orkestra sinfonikoek haurrei eskainitako programazioetan barrena eta baita nazioarte mailan ere.

    Bere egitekoa burutzeko, Euskadiko Orkestraren Hezkuntza Departamentuak, zubiak eraikitzeak ematen duen aberastasunean sinetsita eta herria eraikitzeko asmoz, gure inguruko beste kultur zein gizarte erakundeekin bat egiten du. Honela, Euskadiko Orkestraren lankide dira Donostia eta Gasteizko udalak, Kursaal Eszena, EITB, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordetza, Adimen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioa (FEVAS), Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia (Musikene) eta Paraíso Antzerkia.

     

    Astelehena 10 Otsaila, 2014

    Musika Familian zikloaren denboraldi berria: sarrerak salgai

    Musika Familian zikloaren denboraldi berria: sarrerak salgai
    Gaur jartzen dira salgai Donostian "Barrokino" ikuskizunerako eta Bilbo eta Iruñean "Sentitu, pentsatu, ekin!" ikuszkizunetarako sarrerak.

    Laister abiatuko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Familian zikloaren denboraldi berria. Gaur astelehena, otsailaren 10ean, jarriko dira salgai Donostia, Bilbo eta Iruñean izango diren honako ikuskizunetarako sarrerak:

    "Barrok...ino"
    Haurtxoentzako kontzertua (2-6 urte)

    Istorio txiki bat osotuko da, viola da gamba, biolin eta gitarra barrokoaren soinu arkaikoak ahotsekin eta dramatismoarekin bat egin eta nahasten joan ahala. Elebietan

    Donostia
    Martxoak 1, 2014
    11:00 + 12:30etan. Euskadiko Orkestraren egoitza.

    Sarrerak salgai: www.kutxabank.es webgunean


    "Sentitu, pentsatu, ekin!" OSE+Pirritx, Porrotx eta Marimotots 
    Adin guztietarako

    Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots bateginik gure familiarteko entzulegoari ikuskizun bat eskaintzeko: pailazo taldearen 25 urteko ibilbidean zehar entzundako abestien artetik Sentitu, pentsatu, ekin! diskoan bildutakoak eskainiko dizkigute.

    Bilbo
    Ekainak 14, 2014
    18:00etan. Euskalduna Jauregia

    Sarrerak salgai: www.kutxabank.es, Euskalduna Jauregiko leihatilan (astelehenetik larunbatera 17.00-20.00, kontzertu egunetan halaber 12.00-14.00; BBKren orotariko kutxazainetan.


    Iruña
    Ekainak 18, 2014
    18:00etan. Baluarte Auditorioa

    Sarrerak salgai: www.ticketmaster.es, Baluarte Auditorioko leihatilan (astelehenetik larunbatera 11.00-14.00/17.00-20.00), Ticketmaster: 902 15 00 25


    Datorren otsailaren 18an aurkeztuko da Orkestraren Miramongo egoitzan denboraldi honetan zehar Musika Gelak eskainiko duen programazio osoa. Hogeitamar jarduera izango dira guztira, Musika Familian eta Eskola Kontzertuak zikloetan, ikastetxeetan egiten diren jardueratan eta abarretan banatuta.

    Osteguna 06 Otsaila, 2014

    Dantzaz Konpainiak dantza ikuskizun bat nola sortzen den erakutsiko du Miramongo Matinéetan

    Dantzaz Konpainiak dantza ikuskizun bat nola sortzen den erakutsiko du Miramongo Matinéetan
    Larunbatean, hilak 8an, Orkestraren egoitzan, “Kameleoia”, konpainiaren ikuskizun berriena oinarri harturik.

    Miramongo Matinéeak, Euskadiko Orkestraren ganbera zikloa, hori baino askoz gehiago dira: denboraldiro, programazioan ganbera taldeen kontzertuak egun jada ziklo honen ezaugarri den askotarikotasuna islatzen duten proposamenekin uztartzen dira. Horren erakusle dira Euskadiko Orkestrak duela aste batzuk eskainitako kontzertua edo Miloš gitarristak berriki emandako errezitala. Ildo horretan, otsailaren 8 larunbatean, Dantzaz Konpainiak "Kameleoia ezagutu" ekarriko du Euskadiko Orkestraren egoitzara, zuzeneko musikaz baliatuta.

    "Kameleoia ezagutu" muntaiaren bidez, Dantzaz Konpainiak "Kameleoia", bere azken ekoizpena partekatu nahi du Miramongo Matinéeak zikloko publikoarekin. Kameleoia mundu osoan oso ezagunak diren bi koreografoen lana da: Itzik Galili eta Jacek Przybylowicz; eta oso konpositore famatuen obrak erabiliko dira, musika barrokotik hasi eta garaikideraino ibilbide bat: Marais, Haendel, Satie edo Cage, alegia. Euskadiko Orkestrako egoitzako auditorioko eszenatokian Europa osotik etorritako dantzariak ezagutzeko aukera izango du publikoak, eta dantzaz eta musikaz gozatzeko. Saioaren hasieran, dantza konpainia batek nola egiten duen lan erakutsiko dute, eta Kameleoia ekoizpena nola sortu zen ere bai. Gero, Kameleoia ikuskizunaren zatiak ikusi ahal izango dira: Itzik Galiliren "Chameleon" eta "Things I Told Nobody", eta Jacek Przybylowiczen "Few Brief Sequences", esaterako.

    Musikari dagokionez, "Chameleon" piezan John Cagen "In a Landscape" erabiliko da, "Few Brief Sequences" delakoan Marin Maraisen "La Folia" entzungo dugu, biolontxelorako moldatua; eta "Things I Told Nobody" pieza Georg Friedrich Haendel eta Erik Satieren musikak lagunduko du. Partitura hauek interpretatzeko bi musikari aparta izango ditu saio honetan lankide Dantzaz Konpainiak: David Johnstone biolontxelojotzailea eta Gorka Pastor pianojolea.

    Adriana Pous Ojeda zuzendari artistiko dutela, larunbatean Miramonen ariko diren Dantzaz Konpainiako dantzariak dira Lionel Ah-Sou, Carmen Derré, Garazi Etxaburu, Stefan Fredriksen, Carlos González, Fem Rosa Has, Alicia Navas, Valentina Pedica, Martxel Rodríguez, Josu Santamaría, Marina Scotto eta Beñat Urretabizkaia.

    Kontzertu honetarako sarrera solteek 7€ko prezio bakarra dute eta kontzertuaren egunean Orkestraren egoitzako leihatilan erosi ahalko dira.

    Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. Matinéea dagoen egunetan bakarrik erabilgarri den garraiobide hau 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean. 

    Osteguna 30 Urtarrila, 2014

    Euskadiko Orkestrak “Ocho apellidos vascos”, Martínez-Lázaroren azken filmako soinu bandaren grabaketan

    Euskadiko Orkestrak “Ocho apellidos vascos”, Martínez-Lázaroren azken filmako soinu bandaren grabaketan
    Miramongo bere egoitzan, musikaren egile Fernando Velázquezek zuzenduta.

    Gaur osteguna, hilak 30, Euskadiko Orkestrak, Fernando Velázquezek zuzenduta, honek Emilio Martínez-Lázaroren azken luzemetrairako sortutako musika grabatzen dihardu. "Ocho apellidos vascos" izenburudun filma datorren martxoaren 14an estreinatuko da zinematan.

    Fernando Velázquez eta Euskadiko Orkestraren arteko lankidetza berria. Grabaketa hau Fernando Velázquezek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak elkarrekin burututako egitasmoen zerrendari gehituko zaio. Joan zen abenduan burutu zen, izan ere, Klasikat zikloaren baitan EOS, Ken Zazpi eta Fernando Velázquez bera bildu zituen proiektua, diska baten grabaketa eta bost kontzerturekin gauzatu zena, alegia. Aurrez, Fernando Velázquezek Euskadiko Orkestra zuzendu du El mal ajeno filmerako bere soinu-bandaren (2009) eta Jorge Drexlerren Madera de deriva doinuaren grabaketan, uruguaitar kantautorearen "n" proiektuaren baitan (2012); gainera, iaz bere soinu-bandak bildu zituen kontzertu bat zuzendu zuen Zinemaldia.

    Fernando Velázquez (Getxo, 1976) José Antonio Bayonaren El Orfanato (2007) eta Lo Imposible (2012), Oskar Santosen El mal ajeno (2009) eta Zipi y Zape (2013) eta Andrés Muschiettiren Mamá (2013) filmen soinu banden sortzailea da, besteak beste. Jaso dituen sarien artean, musika klasikoko Ojo Crítico saria (2012) eta Festival de Málaga. Cine Español zinema jaialdiko Biznaga saria (2013).

    "Ocho apellidos vascos", Clara Lago, Dani Rovira, Carmen Machi eta Karra Elejalde protagonista dituela, Emilio Martínez-Lázaro (Madrid, 1945) zinemigilearen azken komedia dugu. Zuzendari honen filmografia osatzen dute, besteren artean, Amo mi cama rica (1970), Las palabras de Max (1977), Amo tu cama rica (1991), Los peores años de nuestra vida (1994), Carreteras secundarias (1997), El otro lado de la cama (2002), Las trece rosas (2007) edo La montaña rusa (2012) luzemetraiek.

    "Ocho apellidos vascos" filma Telecinco Cinema, Lazona eta Kowalski Filmsen ekoizpena da.

    Osteguna 30 Urtarrila, 2014

    “Cendrillon” France Télévisions-en eskutik

    “Cendrillon” France Télévisions-en eskutik
    “Cendrillon Versailleserako bidean” dokumentala datorren urtarrilaren 31an 00:00etan eta otsailaren 1ean 15:20etan France 3 Aquitaine telebista katean ikusgai.

    "Cendrillon Versailleserako bidean", Oskar Tejedor errealizadoreak zuzendutako dokumentala, datorren urtarrilaren 31an 00:00etan eta otsailaren 1ean arratsaldeko 15:20etan France 3 Aquitaine telebista katean izango da ikusgai. Filma honek Malandain Ballet Biarritz eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lana erakusten du, Cendrillon ikuskizunaren sorkuntza prozesua islatuz. Cendrillon Thierry Malandain koreografoak Perraulten ipuina eta Sergei Prokofieven izen bereko partitura oinarri harturik sortutako ikuskizuna da. Dokumental honen grabaketa urte betez luzatu da ia eta emaitzak ikuskizunaren estreinaldiaren aurreko lana eta joan zen ekainan Parisko Versailles Festival jaialdiaren denboraldi entzutetsuan aurkeztu zeneko uneak biltzen ditu.

    Oskar Tejedorrek zuzenduta, "Cendrillon Versailleserako bidean" dokumentala Les Films Figures Libres, Sincro, France 3 Aquitaine, Euskal Telebista eta Malandain Ballet Biarritz erakundeen koprodukzioa da eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lankidetzarekin egin da, eta France 3 Case de l'oncle Doc eta Centre National de la Cinématographie et de l'image animé erakundeen esku hartzearekin. Akitania Eskualdearen eta Pirinio Atlantikoak Departamentuaren babesarekin garatua.

    Osteguna 23 Urtarrila, 2014

    Miloš, bakarka, Miramongo Matinéetan ariko da urtarrilaren 25ean

    Miloš, bakarka, Miramongo Matinéetan ariko da urtarrilaren 25ean
    Bach, Rodrigo, Falla eta Domeniconiren lanak interpretatuko ditu.

    Miloš Montenegroko gitarra-jotzaileak J.S. Bach, J. Rodrigo, M. de Falla eta C. Domeniconiren lanak interpretatuko ditu Euskadiko Orkestraren egoitzako auditorioan. Honelakoetan Euskadiko Orkestraren ganbera zikloa Milošen gisako bakarlari gailenak nazioartean arrakasta maila gorenera heltzera eramaten dituen talentuaz gozatzeko aukera paregabea bilakatzen da. Hurbileko luxua kalitatezko musika formatu txikian proposatzen duen ziklo honek bere baitan hartzen duena.

    Kontzertu honetarako sarrera solteek 7€ko prezio bakarra dute eta kontzertuaren egunean Orkestraren egoitzako leihatilan erosi ahalko dira.

    Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. Matinéea dagoen egunetan bakarrik erabilgarri den garraiobide hau 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.

     

    Osteguna 23 Urtarrila, 2014

    Miloš gitarra-jotzailea, Euskadiko Orkestraren bakarlari gonbidatu orkestra sinfoniko batekin estatu mailan estreinakoz ariko den honetan

    Miloš gitarra-jotzailea, Euskadiko Orkestraren bakarlari gonbidatu orkestra sinfoniko batekin estatu mailan estreinakoz ariko den honetan
    Orkestraren 6. abonu programan aritzeaz gain, Miramongo Matinéetan errezital bat eskainiko du eta master class bat emango dio Musikeneko ikasle talde bati.

    Urtarrilaren 24tik 31ra, "Festa galaiak eta azken aitormenak" izenburupean, Euskadiko Orkestrak Milošen estatu mailako debut sinfonikoa hartuko duen programa eramango du bere Abonu Denboraldia berean hartzen duten lau hiriburuetara. Montenegroko gitarrista gazte honek denbora gutxian arrakasta itzela lortu du nazioarte mailan. Lehenbiziko aldiz Michael Francis maisuaren zuzendaritzapean ariko den Euskadiko Orkestrarekin batera gitarrarako errepertorioan ezin baztertukoa den obra bat interpretatuko du: Joaquín Rodrigoren Concierto de Aranjuez. Egitaraua osotuz, Gabriel Fauréren Masques et Bergamasques eta Piotr Ilich Tchaikovskyren Seigarren Sinfonia, "Patetikoa". Urtarrilaren 24 eta 27an Donostiako Kursaalean, 28an Iruñeako Baluarten, 29an Bilboko Euskaldunan eta, amaitzeko, urtarrilaren 31an Gasteizko Principal Antzokian.

    Miloš Karadaglić (Montenegro, 1983) 2011. urtean egin zen ezaguna nazioarte mailan The Guitar (Mediterráneo) bere estreinako diskarekin; argitaratu eta hilabete gutxitan mundo osoko salmenta-zerrendatan lehenbiziko tokietan kokatu zen. Bere bigarren diskoa, Latino (Pasión) 2012an plazaratu zen eta Classic Brit eta Echo Klassik sariak eskuratu zituen Britainia Handian eta Alemanian, hurrenez hurren. Milošek gitarrarekiko duen grina instrumentu hori bere entzulegoarengana nola helarazi jakitera eramaten duen senarekin uztartzen da; publikoa bere egiteko gaitasuna du, kontzertu areto handi batean hiru mila entzuleren aurrean zein ehun entzuleren aurrean, formatu txikiko emanaldi batean. Baliabide ugariko interpretea, berdin gozatzen du kontzertu areto handienetan (iaz Royal Albert Hall aretoan egin zuen debuta) zein interprete klasiko batentzat ezohikoak diren aretoetan arituz; ildo horretan, Le Poisson Rouge (New York), Camdem Roundhouse (Londres, iTunes Festival) aretoetan jardun du eta baita Madril, New York, Berlin, Amsterdam edo Seulen Deutsche Grammophon disko etxeak antolatutako pop-up formatuko kontzertuetan; datozen hilabeteetan Europa, Amerika edo Ekialde Ertainean barrena arituko da. Miloš Deutsche Grammophon disko etxearen artista esklusiboa da eta otsailean Joaquín Rodrigoren Concierto de Aranjuez obraren bere interpretazioa plazaratuko du.

    Euskadiko Orkestra eta Miloš Michael Francisen zuzendaritzapean ariko dira. EOSen zuzendari gonbidatu gisa estreinakoz jardungo duen zuzendari hau Suediako Norrköping Symphony Orchestrako zuzendari titular eta artistiko izendatu berri dute eta sarritan aritzen da, besteak beste, Anne-Sophie Mutter biolinjotzailearen mailako interpretatzaileekin lankidetzan.

    Orriak