Trío Sincronía hirukoteak ordezkatuko du Kaabestri ganbera taldea azaroaren 15eko Miramongo Matinéean

Trío Sincronía hirukotea Kaabestri ganbera taldearen ordez ariko da azaroaren 15 larunbatean izango den Miramongo Matinéean. "Atzera begira" izenburupean, Maialen Rezabal (biolina), Beatriz Linares (biolontxeloa) eta Pedro José Rodríguezek osatutako hirukoteak Robert Schumannen Piano, biolin eta biolontxelorako Phantasiestücke eta Ludwig van Beethovenen 3. Trioa pianoarekin obrak interpretatuko ditu. Ganbera musikaren alorrean nabarmena den konposizio mota baten bi une erakutsiko dizkigu emanldi honek: batetik, Beethoven, bera izan baitzen ohikoa ez zen garai batean trioari garrantzia eman ziona; eta, bestetik, Schumann, XIX. mendean, jada konposizio molde nagusi bilakaturik, beren katalogoan txertatu zuten konpositoreen erakusle.
3. Trioa pianoarekin. 1797an, Beethovenek, 25 urte zituela, pianodun bere hiru lehenbiziko trioek opus 1 bezala argitaratzea merezi zutel erabaki zuenean, musikari zaletuei zegokion bigarren mailako generoa kontsideratzen zen. Beethovenen eskutik, trioa talde "serio" bilakatzen da; lehenbiziko mogumenduak sonata molde garatuago bat hartzen du eta minueto edo scherzo bat gehitzen da, ohiko hiru mugimenduetatik lau mugimendu izatera pasatzen delarik. Hirugarren trioa, do minorrean idatzitakoa, hiruetan onena zen Beethovenen beraren ustetan.
Phantasiestücke piano, biolin eta biolontxelorako. 1840. Urtea Liedaren urtea izan zen bezalaxe, 1842. urtea ganbera musikaren urtea izan zen Schumannentzat. Garai hartan, pianodun trioa errotutako moldea zen jada; Schubert, Mendelssohn eta abarrek obra galantak eskainiak zizkioten. Urte hartan sortu zen pianodun 1. trioa la minorrean. Baina Schumann ez zen idatzitakoarekin gustora geratu eta urtetan landu zuen, 1850ean "Fantasia piezak" izenburupean argitara eman zuen arte.
Sarrerak salgai (7€). Kontzertu honetarako sarrerak kontzertuaren xehetasunean, www.kutxabank.es webgunean eta, kontzertuaren egunean, Orkestraren Miramongo egoitzako leihatilan eros daitezke.
MATINÉE ALDAKETA
Trio Sincronia izango da Kaabestri taldearen ordezko datorren azaroaren 15eko Matinéean.
"Atzera Begira" izenburupean eskainiko da Matinée hau Schumann eta Beethovenen obrak interpretatuz. Maialen Rezabal, biolina, Beatriz Linares, biolontxeloa eta Pedro Jose Rodriguez, pianoak osatzen dute hirukoa.
Johannes Moserrek maisu eskola bat emango dio Musikeneko ikasle talde bati, Aula Jordá Gela egitasmoaren programazioaren baitan.

Euskadiko Orkestraren denboraldian aritzearekin batera, Johannes Moserrek maisu eskola bat emango dio musikeneko ikasle talde bati. Azaroaren 7an Orkestraren Miramongo egoitzan izango den topaketa hau Aula Jordá Gela, Euskadiko Orkestraren eta Euskal herriko Goi Mailako Musika ikastegiaren arteko lehentasunezko lanklidetza hitzarmenaren baitan kokatzen da.
Kontzertista eta ganbera-musikari aritzeaz gain, musika klasikoa gazteen arteaz zabaltzearekiko konpromezuak toki nabarmen betetzen du Johannes Moserren musika-jardueran. Ildo horretan, haur-eskola zein institutu eta goi mailako ikastegietan aritzen da. 2010ean Phyllis Chen pianistarekin Amerikan barrena "Sounding Off: musika klasikoari begirada lasaia" izenburupean egindako biratik hasi eta unibertsitate campusetan burututako askotariko jarduera zein ezohiko eszenatokietan emanaldietara, Johannesen helburua musika klasikoa adin guztietako publikoek bereganatu ahalko duten moduan aurkeztea da.
Abonu programa berria, azaroaren 5 eta 6an Donostian eta 8an Bilbon

"Orkestra-ikuskizunaren maisuak" da Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldiko hirugarren programaren izenburua. Hau izango da Jun Märklek zuzendari titular dela zuzenduko duen lehenbizikoa. Azaroaren 5 eta 6an Donostiako Kursaal Auditorioan eta 8an Bilboko Euskalduna Jauregian. Ohi denez, iluntzeko 20:00etan.
Egitarauan, Camille Saint Saëns eta Bela Bartoken lanak. Kontzertuaren lehenbiziko zatia frantziar erromatizismoaren erakusle izandako konpositorearen obrari eskianiko zaio: Sanson eta Dalila operatik hartutako Bakanala, era frenetikoan amaitzen den emanaldi koreografikoa; Dantza makabroa obra ospetsua, heriotza hilobi baten gainean biolina jotzen erakusten duen poema sinfonikoa; eta Biolontxelo eta orkestrarako 1. kontzertua la minorrean, zeinean Johannes Moserrek obra honen kutsu liriko handiko melodiak eta eztanda sutsuak -erromantizismo frantsesaren muinak- hezurmamitzen dituen. Alemaniar zein kanadiar jatorria duen Johannes Moser "biolontxelojotzaile birtuoso gazteen multzo harrigarrian onenetakoen artean" kokatu du Gramophone aldizkariak. Aipagarria da, halaber, Jun Märklek bigarren zatian zuzenduko duen Bela Bartoken Orkestrarako kontzertua.
Johannes Moser bigarren aldiz ariko da Orkestraren Abonu Denboraldian, 2011an debuta egin ostean. Nazioarte mailako orkestra garrantzitsuenekin bakarlari, EOSrekin eskainiko dituen kontzertuez gain, denboraldi honetan Boston Symphony Orchestra eta Komische Oper Berlin orkestrekin ariko da estreinakoz eta Cracovia, BBC eta Errusiako orkestra filarmonikoekin eta Malmö eta San Diegoko sinfonikoekin eta Prague Philharmoniarekin ariko da halaber; gainera, Estatu Batuetan barrena hainbat kontzertu eskainiko du Dresdeneko Orkestra Filarmonikoarekin batera.
Bilboko Arte Ederren Museoa
Jakizu, Euskadiko Orkestraren abonatu zarenez, azaroan zehar sarrerak tarifa berezian erosteko aukera ematen dizula Bilboko Arte Ederren Museoak, honako erakusketa hauetarako: “Hiperrealismoa 1967-2013”, “Prado Museoa eta artista garaikideak” eta “Mimmo Paladino Grabatuak”.
Aukera aprobetxatu.
Jun Märkl, Euskadiko Orkestrako zuzendari titularra

Jun Märkl alemaniar maisuak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular bilkaturik zuzenduko du kontzertu-programa berria (azaroaren 5, 6 eta 8an). Orkestra zuzentzeko Euskadira itzultzearekin batera, zuzendari nagusi Oriol Rochek Jun Märkl 2014/2015 eta 2015/2016 denboraldietan Euskadiko Orkestraren arduradun artistiko gorena izango dela berretsi du gaur. Erabaki honek Administrazio Kontseiluaren onespena izan du.
Duela hilabete batzuk, Jun Märkl Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Musika Aholkulari izendatu zuten. Orduan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Jun Märklek eta orduko Orkestraren zuzendari nagusi Iñigo Alberdik egoki ikusi zuten zuzendaritza nagusi berriak kargu hartu arte itxarotea harreman hau etorkizunera begira baieztatzeko. Azaroaren 3tik aurrera Jun Märkl Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra izango da datozen bi denboraldietan.
Orkestraren Miramongo egoitzan izandako aurkezpen ofizialean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuorde Joxean Muñozek zera adierazi du: "Zuzendari titular gisa berrestearekin batera, guztiok (Eusko Jaurlaritzak, zuzendaritza nagusiak eta zuzendari titularrak) Orkestraren etengabeko hobekuntzaren alde lan egiteko bat egin dugu.Eta zera gehitu du: "Musikari hertsiki loturik sortarazi zuen interesaz gain, oso interesgarri gertatu zitzaigun Orkestra herri baten eraikuntzarako tresna gisa zuen ikuspegia eta baita kulturaren ikuspegi zabala, gizarte-tresna den heinean". Oriol Rochek, berriz, "berrespen honek Orkestraren egonkortasuna bermatzen duela" esan du. "Modu berean ulertzen dugu proiektua. Orkestrak bere etegabeko hobekuntza-bideari jarraitu behar dio, zuzendaritza nagusi zein musikalaren galderei erantzunez" gaineratu du. Jun Märkl "betebehar berri honi heltzeagatik oso pozik" agertu da; eta zera ere adierazi du: "Orkestrak etorkizun handia du eta lan-talde honekin Orkestraren eta bere entzulegoaren etorkizunaren alde lan egiteko irrikitan nago".
Zuzendari titular berriak ondo ezagutzen du Euskadiko Orkestra. 2012an zuzendu zuen estreinakoz, Biarritzen, Musique en Côte Basque jaialdiaren baitan. Ordutik, alemaniar maisuak Abonu Denboraldiko programa ezberdinetan zuzendu du Orkestra, eta baita joan den Musika Hamabostaldian ere.
Bere ibilbideari dagokionez, Jun Märkl nazioarte mailan ibilbide oso luzea duen zuzendari ezaguna da, alemaniar zein frantziar errepertorioan eskarmentu handiduna. Erreferentziazko orkestra sinfonikoen zuzendari titularra izana da: Orchestre National de Lyon (2005-2011) eta MDR Sinfonierorchester Leipzig (2012.era arte). Halaber, Cleveland, Philadelphia, Txekiar Orkestra Filarmonikoa eta Municheko Orkestra Filarmonikoa ere zuzentzen ditu, besteak beste. Operaren alorrean ere biziki jarduten duen zuzendaria da Märkl, Viena, Berlin, Munich, Budapest eta Dresdengo estatu operen lankide delarik. Bere grabaketa ugarien artean aipagarrienak, Mahler eta Schumannen lanak bilduz egindakoak eta Debussyri eskainitako bederatzi bolumenek osatutako bilduma arrakastatsua. (Honekin batera biografia osoa doa)
Zuzendari titular izendatu berri, Jun Märklek Orkestraren musika zuzendaritza osotuko du, Zuzendari Printzipal Gonbidatu izaten jarraituko duen Andrey Boreykorekin batera.
Informazio gehiago
Jun Märkl-en biografiaEuskadiko Orkestra Donostiako Orfeoiak bere adiskide eta bazkideentzat antolatutako kontzertuan

Orfeoiak urtero eskaintzen die kontzertu bat beren lagun eta bazkideei, eta aurten urrian 30ean izango da, Donostiako Kursaal Auditorioan. Brahmsen Requiem alemaniarra aukeratu dute. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Elena Barbé (sopranoa) eta Garry Magee (baritonoa) solistek lagunduko diote koruari kantataren eta oratorioaren artean kokatzen den lan horretan. Jainkoari eginiko aipamen urriak direla eta -zuzenean behintzat- "requiem ateoa" deitu izan diote, Brahmsen helburua ez baitzen izan kutsu liturgikoko requiem bat konposatzea. Zazpi zatitan banaturiko obra honetan, testua Lutherrek eginiko Bibliaren itzulpen alemanetik dago hartuta, eta ez latinetik, ohikoa zen bezala.
Obra Orfeoiaren errepertorioan dago 1913tik, eta ordutik, honako zuzendari hauen gidaritzapean interpretatu du: Lorin Maazel, Frühbeck de Burgos, López Cobos, Ataúlfo Argenta, Víctor Pablo Pérez, Michel Plasson, Fernández Arbós eta Ramón Usandizaga, besteak beste, eta honako orkestra hauekin: Berlingo eta Londreseko Orkestra Sinfonikoak, Hanburgoko irratiko orkestra, Galiziakoa, Espainiako Orkestra Nazionala eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Euskadiko Orkestrarekin abestu zuen azken aldia 2004an izan zen, Musika Hamabostaldian. Aldi hartan bi kontzertu eskaini zituzten bi taldeek Gilbert Vargaren zuzendaritzapean.
KOBRANTZA-OHARRA
Jakinarazten dizuegu aste honetan 14/15 denboraldiko abonuen ordainagiriak kobratuko ditugula.
Elisabeth Leonskaja berriz ere Miramongo Matinéetan: "Shostakovitchen musika Miramonen entzungai izatea nahi dut"

Elisabeth Leonskaja pianista, 2014/2015 denboraldian Euskadiko Orkestraren artista gonbidatua, Miramongo Matinéen eszenatokian ariko da berriz ere. Oraingoan hari laukote bat izango du lagun eta eskainiko duten egitaraua gaztetan Moskun ikasle emandako urteetan gertutik ezagututako Dmitrien obrek osatuko dute. Atriletan, konpositore eta pianista gailen honen Biolontxelo eta pianorako sonata, opus 40, Biolin, biolontxelo eta pianorako 2. Trioa eta Piano eta harientzako kintetoa sol minorrean. Elisabeth Leonskajarekin batera ariko dira Alexandre Da Costa eta Irene Echeveste biolinjotzaileak, Pascal Arnaud biolajotzailea eta Roman Jablonski biolontxelojolea.
Kontzertu honen inguruan, Elisabeth Leonskajak zera adierazi du: "Dmitri Shostakovitchen musika nire aberriaren, Errusiaren sinboloa da niretzat. Shostakovitch XX. mendeko klasiko handia da, oso tragikoa eta bere garaiko poeta handia. Berak idatzitako musika oso gertukoa zait eta primeran ulertzen dut. Moskun ikasten eman nuen garaian haren 13, 14 eta 15. Sinfonien estreinaldietan izan nintzen eta baita Biolinerako sonataren estreinako emanaldian ere. Gainera, ikasle ginela, bere etxean harentzat pianoa jo eta bere iritzi zein kritikak entzuteko aukera izan genuen. Ez dut sekula ahaztuko. Shostakovitchen musika, sinfonikoa nahiz ganbera musika, mundo osoan da estimatua. Horregatik Donostian, hiri eder honetan ere entzungai izatea nahi nuen; hemen jendeak berau bihotzera heltzeraino antzemateko den behar adina zaletasuna eta ezagutza baitu.
Halaber, bere esker ona adierazi nahi izan die Alexandre Da Costa, Irene Echeveste, Pascal Arnaud eta Roman Jablonskiri "musika hau lantzerakoan agertutako maitasunagatik eta emandako denboragatik". Irene Echeveste eta Pascal Arnaud Euskadiko Orkestrako kideak dira, Alexandre Da Costa Abonu Denboraldian kontzertino gonbidatu ari da egunotan eta Roman Jablonski bakarlari gisa aritu izan da EOSren proiektu ezberdinetan.
Elisabeth Leonskajak Miramongo Matinéen baitan eskainiko duen bigarren emanaldi honek 2014/2015 denboraldian Euskadiko Orkestraren artista gonbidatu izateari erantzuten dio. Hori dela eta, Abonu Denboraldian ere bakarlari ariko da, 2015ko maiatzan Andrey Boreykoren zuzendaritzapean.
Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak (7€) www.euskadikoorkestra.es eta www.kutxabank.es webguneetan eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.
Irekita dago jada 2015. urteko Eskola Kontzertuetarako izena emateko epea

Irekita dago jada Eskola Kontzertuetara bertaratu nahi duten ikastetxeek izena emateko epea. Kontzertu hauek Donostiako Udalaren Hezkuntza Atalarekin eta Gipuzkoako Batzar Nagusiekin lankidetzan antolatuko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelak, 2015eko otsaila eta maiatza bitartean.
12 kontzertu izango dira guztira, Haur Hezkuntza, Lehen hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza ikasleei zuzenduak. GALDUTAKO MUSIKAREN BILA, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat diseinatua, lau eskutara jotako piano, aktore eta txotxongilorako kontzertua da. Igor Stravinskyren SUZKO TXORIA, berriz, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzendutako kontzertu sinfonikoa da. MUSIKARIAK ETA DANTZARIAK ZINEAN, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat egokitua, zinerako musika eta klakea uztartzen dituen kontzertu sinfonikoa da.
Parte hartzeko baldintzak. Eskola Kontzertu hauetako batetara bertaratu nahi duten ikastetxeek Donostiako Udalaren Hezkuntza Atalaren bidez eman behar dute izena 2014ko urriaren 1a eta abenduaren 1a bitartean.
Tel: 943 48 14 02
E-Mail: hezkuntza_educacion@donostia.org
Web: www.donostiahezkuntza.org
Eskola Kontzertuetara joateko, ezinbesteko baldintza izango da ikastetxeko musika-irakaslea dagokion Irakasleentzako Tailerrera bertaratzea.
Ikasle bakoitzeko prezioa 3 €koa izango da.
