Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritzen “Cendrillon” Santanderreko Nazioarteko Jaialdian

2013/2014 Denboraldiari hasiera emanez, Kursaal Auditorioko zulogunetik Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioan Giuseppe Verdiren "La Traviata" interpretatu ondoren, Orkestra Santanderrera bidean da. Malandain Ballet Biarritzekin batera 62. Santanderreko Nazioarteko Jaialdian ariko da. Berriro ere elkarrekin, "Cendrillon" ikuskizuna taularatuko dute Cantabriako Jaialdi Jauregiko Argenta Aretoan. Aurrera darrai, beraz, Orkestraren Abonu Denboraldian estreinatu eta Parisen, Versailleseko Jauregiko Opéra Royal-en aurkeztu zenean kritika zein ikus-entzulegoaren txaloa merezi izan zuen muntaia honen zabalkundeak.
"Errauskine" Malandainen begietan. Prokofievek Perraulten ipuina oinarri harturik idatzitako partituraren gainean, Thierry Malandainek "izar dantzari baten ibilbidea" marraztu du; honetan Malandainek honetan Malandainek "errealizazioaren bidetik garamatza, zalantza, baztertzea, sufrimendua eta itxaropena igarotzen dituen bidetik, azkenean argitasunera heltzeko. Errauts eta magiaz egindako ikuspegi honen bidez, batzuetan tragikoa, besteetan komikoa, unibertsala den zerbait idazten da...". "Cendrillon" eszenaratu den aurrekoetan bezala, Josep Caballé-Domenech maisu katalana izango da musika zuzendari.
"Cendrillon" ikuskizunaren emanaldi berri hau berean hartuko duen aurtengo Santanderreko Nazioarteko Jaialdiak izen gailenak bilduko ditu abuztuaren 1etik 26ra bitartean, horien artean: Sir Neville Marriner eta Cadaquéseko Orkestra, Valery Sokolov, Joaquín Achúcarro, María Bayo, Jesús López Cobos edo Semyon Bichkov, Milango Scalako Orkestra Filarmonikoaren buru izango delarik.
Santanderren izan ostean, "Cendrillon" Biarritzeko Gare du Midira, Malandain Ballet Biarritzen egoitza den aretora iritsiko da. Irailaren 6an izango da, "Le Temps d'Aimer la Danse" jaialdiaren programazioaren baitan. Hilabete batzuk beranduago, azaroan, Iruñako Baluartera helduko da "Cendrillon", Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldiaren barnean.
Euskadiko Orkestraren begirada sinfonikoa "Dametvisión" egitasmorako

Honako hau da, "Dametvisión" egitasmoaren baitan, Euskadiko Orkestraren eta Ibón Casas, blind rock delakoaren sortzailearen arteko lankidetzaren emaitza. "Apaga la luz y verás" doinuaren bertsio sinfoniko hau Juan José Ocónen zuzendaritzapean grabatu zen, Miramongo egoitzan, joan zen otsailean. EOSen lankidetza hau donostiar abeslaria buru duen gizarte proiektu honek jasotako elkartasun ugariei gehitu zaie, bai pertsona anonimoen zein artista ezagunen elkartasuna.
2012ko hasieran abian jarri proiektu honen helburu nagusia erretinosi pigmentarioari aurre egitea da, Ibón Casasek berak pairatzen duen ikusmenaren patologiari aurre egitea, alegia.
Dametvision gizarte kanpainian parte hartu nahi duen edonori begiak maileguan eskatu nahi dizkio. Trukean gauzak ikusteko beste bodu bat erakutsiko digu, "argia itzaltzen denean", gainontzeko zentzuekin ikus daitekeenaz ohartuaz. "Ideiak, elkartasuna eta Blind rocka!" lelopean, proiektuak kidetasuna, laguntza eta elkartasunez gauza handiak egin eta erronka garrantzitsuei aurre egiteko aukera dagolea erakutsi nahi du. Aldi berean blind rockaren, Ibon Casasek egiten duen musikaren alde eta bizitza ikusteko duen moduaren alde borrokatu nahi du. Berak, Rockaren bitartez eraikitzen duen mundua partekatu nahi du. Ibonek beste zentzuen eta batez ere, musikaren bitartez, ikusten duen errealitatea ezagutzera eman nahi du.
Iadanik mila begiek baino gehiagok parte hartu dute Dametvision-en. Abeslari eta musikariak (Juanes, Fito y Fitipaldis, Rosendo Mercado, la Oreja de Van Gogh, Amaral, Joaquín Sabina, Chambao, barrikada, Koma edo Marea...), Donostiako orfeoia eta Errenteriako Langaitz ikastolako abesbatzaz gain, aktore, sukaldari, kazetari eta abar luze bat.
Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra

Datorren azaroak 8an aurkeztuko da KEN ZAZPI musika taldeak eta EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOAk, abuztuaren amaieran Orkestraren Miramongo egoitzan grabatuko duten diskoa.
Honako lanak, FERNANDO VELÁZQUEZ, Lo Imposible, Mamá, El Orfanato eta beste hainbat filmatako soinu banden egileak moldatu eta zuzendurik, Gernikako taldearen kantutegirik esanguratsuenaren bilduma jasotzeaz gain, kantu berri zenbait ere argitaratuko du, sinfonia eraginkorra osatuz. Sinfonia liluragarri bat mundu berri batentzat. Izan ere, Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan garatutako hau da Ken Zazpiren lehenbiziko lan sinfonikoa.
Ondoren, abenduan, bira garrantzitsu bati ekingo diote elkarrekin Euskadiko Orkestrak eta Ken Zazpik, KlasikAT, Euskadiko Orkestrak bere lana klasikoaz haratago doan musikarekin uztartzeko sortutako zikloaren baitan. Egitasmo honekin Orkestrak bere musika eskaintza publiko anitzei zabaltzea du helburu, musika klasikoaz urrun geratzen diren eta orkestra baten ibilbide sinfonikoan arrotzak diren errepertorioak landuz. Horretarako Orkestrak beren musika-alorrean nabarmenak diren artista ospetsuekin bat egiten du. Honela, Michel Camilo pianojotzailearen eskuetatik irtendako latindar jazz onena, Swing Gaua eta Kepa Junkeraren doinu ezagunenen bertsio sinfonikoa izan ditugu aurrez KlasikAT zikloaren emanaldietan.
KlasikAT: Ken Zazpi +Euskadiko Orkestra zuzenean
Abenduaren 3an Donostiako Kursaal Auditorioan
Abenduaren 4ean Iruñeako Baluarte Auditorioan
Abenduaren 5ean Bilboko Euskalduna Jauregian
Abenduaren 12an Gasteizko Principal Antzokian
Abenduaren 13an Donibane Lohitzuneko Jai-Alai
Polonia, XX. mendea: Bacewicz ganbera taldeak itxiko du Matinéen denboraldia

Heldu da Miramongo Matinéen 2012/2013 denboraldiaren amaiera. Ekainaren 15 larunbatean izango da ziklo honen azken hitzordua. Bacewicz ganbera taldeak Grazyna Bacewiczen 4. Hari Kuartetoa eta 1. Pianodun kintetoa interpretatuko ditu, XX. mendeko lehenengo erdiko musika sorkuntzan emakume nabarmenetako baten lana berreskuratuz. Europarentzat eta, bereziki, Poloniarentzat garai nahasia izan zena musikarentzat oparoa izan zen ordea.
Bacewicz taldea osatzen dute Nathalie Dabadie eta Xabier Gil, biolinak, Justyna Janiak, biola eta Natalia Díaz, biolontxeloa; guztiak Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak. Eta taldea osotuz, Pedro José Rodríguez pianojotzailea.
Grażyna Bacewicz (Lodz, Polonia, 1909ko urtarrilak 26 - Varsovia, 1969ko urtarrilak 17) konpositore, pianojotzaile eta biololinjotzaile birtuosoa izan zen. Maria Szymanowskak XIX. Mendearen hasieran izandako ospearen ondoren, Grażyna Bacewicz nazioarteko sona lortu zuen bigarren poloniar emakume musika sortzailea izan zen. Musikarekin lotura estua zuen familia baten baitan jaioa, hamar urterekin ekin zion pianoa eta biolina ikasteari. 1928an bere diploma eskuratu eta ondoren Varsoviara aldatu zen, bertan konposizioa ikasteko. Parisen ere burutu zituen konposizio ikasketak. 1950. urtera arte biolinista gisa ibilbide nabarmena garatu zuen: bakarlari gisa aritu zen hainbat europar orkestrekin eta 1936tik 1938. urtera Poloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoko kontzertinoa izan zen. Urte haietan konpositore gisa ere eman zuen ezagutzera bere burua. Bere obrekin hainbat sari merezi izan zuen, horien artean aipagarrienak Frédéric Chopin Nazioarteko Piano Lehiaketako lehenbiziko saria, 1949, bere Pianorako kontzertuari esker ; 1950.ean Poloniako sari nazionala, bere Hari orkestrarako kontzertuari esker eta bere 4. Hari kuartetoak eta Biolin, tronpeta eta perkusiorako musika bere obrak Liejako Nazioarteko Konposizio Lehiaketako lehenbiziko saria eta 1960an Parisen konposizio sari bat merezi izan zituzten, hurrenez hurren.
Sortzaile honen ekoizpenean folkloretik eratorritako elementuen presentzia eta idazketan agertzen duen askatasuna dira gehien nabarmentzen diren ezaugarriak. 1960ean sortu zen « Poloniar Konposizio Eskola »ren ordezkaria da. Eskola honen oinarrizko ideia SOINUA funtsezko motibo hartzean datza. Grażyna Bacewiczen partiturak poloniar folkloretik eratorritako elementuetan aberatsak dira orokorrean.
Euskadiko Orkestrak kontzertu bat eskainiko du Gasteizko Guduaren Bigarren Mendeurrena ospatzeko

Arabako Ahaldun Nagusi Javier De Andrés, Euskadiko Orkestrako Zuzendari Nagusi Iñigo Alberdi eta Inma Shara orkestra zuzendariak aurkeztu dute Euskadiko Orkestrak Gasteizko Guduaren Bigarren Mendeurrena dela eta ostiralean Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan eskainiko duen kontzertua.
Ahaldun Nagusiaren hitzetan, "luxuzko kontzertua izango da. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa erreferentziazko orkestra dugu egun Espainia mailan eta horri Inma Shara zuzendariaren gidaritza gehituko zaio. Espainian zuzendari gazteen belaunaldi berriko izen nabarmenenetako dugu eta, gainera, arabarra da".
Inma Shararen gidaritzapean, Euskadiko Orkestrak hamabi obras osatutako egitaraua interpretatuko du. Horien artean bereziki aipagarria da Ludwig Van Beethovenek Gasteizko Gudua oinarritzat harturik idatzitako sinfonia. Gainera, zinearen historiako filme ezagunen soinu-banden zatiak interpretatuko dira, esaterako "Chariots of Fire", "Singin' in the Rain", "La vita è bella" edo "Breakfast at Tiffany's" filmetakoak.
Kontzertu hau Euskadiko Orkestrak Gasteizekiko duen konpromezuaren adierazgarri da. Izan ere, 1983. urtetik bertako Principal Antzokian eskaintzen du bere Abonu-Denboraldia eta aipagarria da halaber 1997.urtetik Gasteizko Udalarekin lankidetzan eskaintzen duen Musika Familian zikloa.
Kontzertu honekin abiatuko da mendeurren hau ospatzeko diseinatutako ekitaldien artean funtsezkoa izango den astea. Horregatik, kontzertuan ahalik eta entzule gehien bildu dadin eta horietatik ahalik eta gehienek esertzeko aukera izan dezaten, Foru Aldundiak 600 aulki jarriko ditu Andre Mari Zuriaren plazan. Hala ere, "entzulego zabalago bat biltzea espero dugu", adierazi du Ahaldun Nagusiak.
FEVAS eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren jarduera berria musika ezintasun intelektuala duten pertsonei hurbildutzeko

2009. urtetik denboraldiro lez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta FEVASek (Adimen Ezintasuna Dutenen Aldeko Elkarteen Euskal Federazioa) tokia gorde dute beren agendatan elkarrekin musika adimen ezintasuna duten pertsonei gerturatuko dieten jarduerak burutzeko. Pertsona hauek FEVAS osatzen duten Euskal Autonomi Erkidegoko elkarte ezberdinetako kide dira. Ekainaren 13 ostegunean ehun pertsona izango dira tailer batean esku hartu eta Orkestrak, Inma Sharak zuzenduta, Gasteizko Guduaren bigarren mendeurrena ospatzeko ekitaldien artean eskainiko duen kontzerturako entsegu bat entzungo dutenak. Jarduera Euskadiko Orkestrak Miramonen duen egoitzan izango da, goizeko 10:30etatik aurrera.
Tailerra: ipuin musikal bat erabiliz burututako jarduera praktikoa. Orkestrako Hezkuntza Departamentuak diseinatutako Tailerraren helburua bertaratzen direnak musika instrumentuen hotsen bidezko azterketan murgiltzea da, horretarako espreski sortutako musikazko ipuin bat erabiliz -"Hotzari AGUR!"; kontakizunean instrumentuak joaz esku hartuko dute, ipuinean zehar agertuko diren giltza hitzen arabera. Honela, "beroa" Hitza haize instrumentuei lotuko zaie, "hotza" harzikoei, "ekaitza" perkusioai eta "trena" ahots eta pianoari. Taldetan banaturik, eskuhartzaileek talde bakoitzari dagokion instrumentu taldearen soinu-aukerak landuko dituzte eta ondoren guztiek elkarrekin interpreatuko dute ipuina. Ana Eguiazabal eta Natalia Díaz biolontxelojotzaileak (azken hau Orkestrako kidea), Eli Arabaolaza musikologoa, Belén Otxotorena antzezlea, Mario Telenti, Euskadiko Orkestrako tronpajotzailea eta Carlos Rosat, EOSeko flautajotzailea, izango dira besteak beste talde bakoitzaren jarduerak gidatzeaz arduratuko direnak.
Entsegua: orkestra sinfoniko baten musika gertutik. Tailerraren bidez garatuko den alor praktikoaz gain, FEVAS eta Euskadiko Orkestraren jarduera honek entzutaldian funtsatutako beste alor bat izango du. Partehartzaileak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren entsegu bat ean izango dira. Honetan EOSek, Inma Shararen zuzendaritzapean, hilak 14 ostiralean, Gasteizko Guduaren Bigarren Mendeurreneko ekitaldien artean, eskainiko duen kontzertua prestatuko du. FEVASeko kideek Orkestraren Miramongo egoitzako auditorioan gozatu ahalko duten egitaraua jada zinemako klasiko bilakatutako filmetako soinu-bandatatik eratorritako doinuek osatzen dute, horien artean Breakfast at Tiffany's, The Bridge on the River Kwai, Out of Africa, La vita è bella edo Singin' In the Rain. Egitaraua ireki eta ixteko, Beethovenen obra bana, horietako bat espreski Gasteizko Gudua oinarri harturik sortua. Inma Sharak, zuzendari gonbidatuak berak partiturak aurkeztuko ditu entsegua hasi aurretik.
Korporazio Erantzunkizun Sozialaren baitan kokatzen den jarduera hau FEVAS eta Euskadiko Orkestraren arteko harremanaren emaitza da. Azken urteotan harreman hau iraganean FEAPSek, Ezintasun Intelektuala duten Pertsonen aldeko Elkarteen Espainiar Konfederazioak emandako "Praktika Ona 2010" bezalako sariak merezi izan dituzten tailer eta topaketetan gauzatu da.
Versailles, ekainak 7: estreinaldia

Eta goiza norberak nahi zuena egiten igaro ostean (Versailleseko lorategi ederrak ezagutu, erdigunean kalez kale ibili, jauregia bisitatu, atseden hartu...), arratsaldeko hiruetan Opéra Royal izugarrian zen entsegu orokorrerako hitzordua.
Orkestrako kideak emanaldirako jantziak soinean zituztela, jada aipatu dokumentaleko lantaldea eta baita frantziar telebista publikoko teknikariak iruadiak hartzera etorriak baitziren. Les Films Figures Libres ekoiztetxeak zulogunean grabatu zuen bart Orkestra eta gaur eta biharko emanaldietan ere irudiak hartuta, kontzertuaren grabaketa prest izango da Gabonetan frantziar kate publikoan emititzeko.
Eta orduak aurrera, tik-tak, tik-tak, tik-tak... Errauskineren ordularia hamabiak ematear dagoen bezala, guretzat gertu ziren jada arratsaldeko zortziak, Cendrillon Versaillesen estreinatuko zeneko ordua, alegia.
Ikus-entzuleen artean ziren Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta Orkestrako presidente Cristina Uriarte, Kultur sailburuorde Joxean Muñoz eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga, Orkestra bultzatzeko Versaillesera etorriak, eta Paristik etorritako Ramon Lazkano eta Gerard Pesson konpositoreak. Historia zein xarmaz betetako antzokiko zazpirehundik gorako eserlekuak betetzen joan ziren apurka-apurka. Aforoa bete zen arte: hasiera ezin hobea!
Akustika bikaina eta zulogunea altu kokatuta izateari esker, bart ikuskizuna Kursaalean bizi izandakoaz bestelakoa izatea eragin zuen: balleta zein Orkestra antzokiko angulu guztietatik ikusgai. Zoragarria!
Thierry Malandainen koreografia akatsgabeak bat egiten du Prokofieven sorkuntza eta Josep Caballé-Domenechen batutarekin. Aldi berean, Malandain Ballet Biarritzeko dantzariek milimetrikoki kalkulatutako dantza-pausoak Orkestrako musikariek beren instrumentuetatik ateratako notekin bat egiten dute. Bi diziplina artistiko bat bakarra bihurturik. Ordu terditik gora iraun zuen ikuskizunaren ondoren frantziar entzulegoak minutu luzez txaloka eta "bravo" oihukatuz erantzun. Eskerrik asko!
Jarrai lotura honi estreinaldiko argazkiak ikusteko.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Versailles, ekainak 6: 1. eguna

Goiz samar jaiki eta 8:30etan Orkestraren egoitzatik abiatu gara guztiok. Autobusa gu aireportura eramateko prest dago, hemen hasiko da gure Versaillesera bira. Han Prokofieven "Errauskine" eskainiko dugu, hirutan, Malandain Ballet Biarritzekin batera.
Sincro ekoiztetxeko lantalde teknikoa eta Oskar Tejedor errealizadorea ere gurekin dira, bai autubusean eta baita hegaldian ere. "Notas en movimiento" filmatzen ari dira, hainbat musikari eta dantzariren bizipen pertsonalen bidez orkestra baten eta ballet baten funtzionamendua islatzen duen dokumentala. Halaber, Prokofieven "Errauskine"ren eta Euskadiko Orkestraren eta Malandain Ballet Biarritz-en elkarlanaren bidez bi diziplina artistiko hauen arteko fusioa ere erakutsiko du.
Biarritzetik Parisera izu-ikarik gabeko hegaldia egin ondoren, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko eta Malandain Ballet Biarritzeko kideak Orlyko aireportura heldu gara. Zeru urdinak harrera ederra egin digu. Ez da hasiera txarra, ez horixe!
Orkestrako kideek arratsaldea libre dute, azken entseguak bihar izango dira. Baina dantzariak, aldiz, arratsaldean bertan izango dira Opéra Royalean: eszenatokiko zorua aurrerantz makurtuta dago eta beren dantza pausoak neurtu behar dituzte guztia primeran irten dadin. Gainera, ikuskizunaren zati batean gurpilak erabiltzeak lana zailtzen du. Prestatu beharra dago beraz!
Argiteria bere tokira, oihalak grua bidez gorantza, horratz-orpodun zapatak zintzilik,... orain teknikariek dute lanerako txanda. Artistek atseden hartu behar dute hemen, Versaillesen eskainiko ditugun hiru emanaldietan onena eman ahal izateko.
Ikus Opéra Royalean eszenografíaren muntaiaren argazkiak lotura honi jarraituz.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritz “Versailles Festival: Les voix Royales” jaialdian

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Thierry Malandainek zuzentzen duen Malandain Ballet Biarritzek Errauskineren eszenaratze berria aurkezten dute. Bi erakunde hauek elkarrekin garatutako bigarren proiektua den muntaia hau EOSen Abonu Denboraldiko azkena izango den 15. programaren baitan aurkeztuko da, ekainaren 3 eta 4an Donostiako Kursaalean eta 17an Bilboko Euskalduna Jauregian. Azken kontzertu honen aurretik, Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritz Parisera abiatuko dira. Han, Château de Versailees-eko Opéra Royal antzokian aurkeztuko dute Errauskine/Cendrillon, Versailles Festival jaialdiaren baitan ekainaren 7, 8 eta 9an.
"Errauskine", Euskadiko Orkestraren eta Malandain Ballet Biarritzen pas de deux berria. 2011an estreinako lankidetzak izandako arrakastaren ostean (Magifique ikuskizun hartan EOSek Tchaikovskyren musika zuzenean intepretatu zuen zulogunetik), EOSek eta Malandain Ballet Biarritzek indarrak batu dituzte beste behin, oraingoan Errauskine/Cendrillon eszenaratzeko.
Lehenbiziko aldiz Versailles Festival jaialdian, Château de Versailles Spectacles kontzertu ziklo ospetsuaren uda garaiko hirugarren jaialdian. Malandain Ballet Biarritz eta Euskadiko Orkestraren egitasmo berri hau berean hartuko duen Versailles Festival jaialdia, europar zirkuituko programazio zorrotzenetako baten barnean kokatzen da, Château de Versailles Spectacles erakundearen kontzertu zikloaren barnean, alegia. Irailetik ekainera bitartean 70 bat ikuskizun eskaintzen ditu Opéra Royal antzokian eta Versalleseko Jauregiko espazio ezagunenetan.
"Les Voix Royales" (errege ahotsak) izenburupean, maiatzaren 31tik uztailaren 7ra bitartean hirugarren Versailles Festival jaialdiak artista nabarmenen emanaldiak bilduko ditu: Sir John Eliot Gardiner eta The English Baroque Soloists, Jordi Savall, Magdalena Kozena, Cecilia Bartoli, Diego Fasolis, Orchestre National de Montpelier, Monteverdi Choir eta Choeur Accentus abesbatzak eta abar ariko dira Versallesko Jauregiko Opéra Royal, Chapelle Royal edo Galerie des Glaces bezalako espazioetan, Paristik kilometro gutxira. Izen hauekin guztiekin batera agertzen dira halaber Malandain Ballet Biarritz eta Euskadiko Orkestra ere. Osagarriak diren jarduerak garatzen dituzten kultur erakundeen artean sinergiak sortzeak duen garrantzia azpimarratzen du horrek, sinergia hoiek gerora eszenatoki garrantzitsuenetan aurkeztuko diren maila goreneko sorkuntzen garapena ahalbidetzen baitute, gure kulturaren eta bide batez gure gizarte osoaren ordezkaritza onena bilakatuz.
Nazioarte mailako bira berri hau Euskadiko Orkestrak bere historian zehar egindako 15.a da eta Europa osoko eszenatoki ikusgarrienetako batean debuta egiteko aukera da, Versallesko Jauregiko Opéra Royal delakoan. Paristik ekialderuntz 17 kilometrotara kokatua eta Ange-Jacques Gabriel eta Blaise-Henri Arnoult, Luis XV.aren arkitekto eta makinista nagusiek diseinatua, Opéra Royal delakoa 1770eko maiatzaren 16an inauguratu zuten, Luis XVI. a oinordekoaren eta Maria Antonieta Austriako artxidukesaren arteko ezkontzaren ekitaldien artean. Luis Feliperen garaian Frédéric Nepveu-k apainduegi eraldatua, 1871.ean antzoki izaera galdu eta Senatuaren egoitza bilakatu zen. 1957. urtean, André Japyk zuzendutako berritze lan sakonen ondoren, itzuli zen berriro ere antzoki izatera.
Informazio gehiago
Parisera Bira 2013. Prentsa txostenaZure interesekoa izan daitekeelakoan...
Ilargi eklipse baterako musika Miramongo Matinéetan

Miramongo Matinéeak zikloaren baitan, maiatzaren 25 larunbatean IDOAN ganbera taldea izango da Euskadiko Orkestraren egoitzako eszenatokian. Egun horretan bertan izango den ilargi eklipseari soinu banda jarri nahi izan diote IDOAN osatzen duten lau musikariek eta hona beraien aukeraketa: Joaquín Turinaren Kuartetoa pianoarekin la minorrean eta Gabriel Fauréren 1. Kuartetoa pianoarekin do minorrean.
IDOAN taldea ganbera musikarekiko maitasunak bultzaturik errepertorio klasiko, erromantiko zein modernoa sakonki lantzea erabaki zuten euskal instrumentista birtuoso talde batek osatzen du. Errepertorio oso zabal bat landu du, Mozart bezalako konpositoreen lana biltzen duen klasizismotik abiatu eta, besteak beste, Philip Glassek landutako minimalismoraino, eta talde-mota ezberdinak hartzen ditu : hari-hirukotea, laukotea eta boskotea pianoarekin. Taldea osatzen duten lau bakarlariak hari-instrumentuen eskola gailenenetatik datoz eta ganbera musikaren zerbitzura kohesio bikaina lortu dute, bai soinuari dagokionez eta baita interpretazio teknikari dagokionez ere. Eskaini dituzten kontzertuen artean, bereziki nabarmentzekoak dira Miramongo Matinéetan bertan, Bilboko Euskalduna Jauregian Bilbao Orkestra Sinfonikoaren ganbera musika-zikloan, Cuartitos del Arriaga zikloan, Oñatiko Santa Ana Komentuan eta Astigarragako Udal Musika Eskolan eskainitako emanaldiak.
Larunbateko kontzertu goiztiarrerako, IDOAN taldea sortu zeneko formakuntzara itzuli da, hari laukotea pianoarekin, alegia. Honela XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran beren herrialdeko musikan eragina izan zuten bi konpositoreren lanak interpretatuk dituzte. Hasteko, Parisko Schola Cantorum ospetsuan Vincent d'Indyren ikasle izandako Joaquín Turinak (Sevilla, 1882-Madril, 1949) 1931.urtean, Madrilgo Kotserbatorian konposizio katedra lortu zuen urtean bertan sortutako Kuartetoa pianoarekin la minorrean interpretatuko dute ; ondoren Frantzian bere belaunaldiko konpositore gailentzat izan zuten Gabriel Fauréren (Pamiers, 1845-París, 1924) 1. Kuartetoa pianoarekin do minorrean izango da entzungai. Hau dugu Camille Sain-Saënsen ikasle izan eta ondoren XX. mendeko konspositoreengan hainbesteko eragina izan zuen musikagile frantziar honen ganbera lanik ezagunenetakoa.