Ostirala 04 Urria, 2013

Euskadiko Orkestraren Eskola Kontzertuetarako izena emateko epea zabalik

Euskadiko Orkestraren Eskola Kontzertuetarako izena emateko epea zabalik
Datorren 2013/2014 ikasturterako, Euskadiko Orkestraren Musika Gelak Eskola-haurrentzako hiru Kontzertu-sail programatu ditu.

Datorren 2013/2014 ikasturterako, Euskadiko Orkestraren Musika Gelak Eskola-haurrentzako hiru Kontzertu-sail programatu ditu, Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalarekin lankidetzan. Lehen, Bigarren eta Haur Hezkuntza mailetara bideratuak. Harizko orkestra eta bere errepertorio dotorea dira Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako lehen kontzertuaren protagonistak. Bigarren Hezkuntzarako pentsaturiko piano eta orkestrarako kontzertu handi batek Erromantizismoaren mundu sutsuan barneratuko gaitu, eta txikienentzat Barrokoan kokaturiko ikuskizun bat, musika eta antzerkia uztartzen dituena.

Eskola kontzertu hauetara etortzeko izena emateko epea urriaren 18ra arte egongo da zabalik. Eskola haurrentzako Kontzertu hauetako batetara bertaratu nahi duten ikastetxeek Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren bidez eman behar dute izena 2013ko urriaren 18a baino lehen, telefonoz (943 48 14 02) edo posta elektronikoz (hezkuntza_educacion@donostia.org). Ikasle bakoitzeko prezioa 3 € izango da. Informazio gehiago www.donostiahezkuntza.org webgunean.

Eskola haurrentzako Kontzertuetara joateko, ezinbesteko baldintza izango da ikastetxeko musika-irakaslea dagokion Irakasleentzako Tailerrera bertaratzea.

Ostirala 04 Urria, 2013

Abian da Euskadiko Orkestraren 2013/2014 Abonu Denboraldia

Abian da Euskadiko Orkestraren 2013/2014 Abonu Denboraldia
Andrey Boreykok zuzenduta, Stravinskyren “Udaberriaren sagaratzea” eta Judith Jáuregui pianista izango dira lehenbiziko kontzertuetan protagonista.

"Musika entzutea ez da nahikoa; ikusi ere egin behar da". Hau da Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere 2013/2014 Abonu Denboraldia hastearekin batera publikoari luzatzen dion gonbitea. Igor Stravinskyk esan zuen, "Udaberriaren sagaratzea" obraren sortzaileak. Mende bat bete da partitura ikonoklasta hau estreinatu zenetik. Berau eta bakarlari gonbidatu ariko den Judith Jáuregui pianista izango dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldiaren hasierako argudio nagusiak. Bere zuzendari printzipal gonbidatu Andrey Boreykoren zuzendaritzapean, Orkestrak urriaren 7an Gasteizko Principal Antzokian, 8an Iruñeako Baluarten, 9an Bilboko Euskaldunan eta 11 eta 12an Donostiako Kursaalean eskainiko ditu Abonu Denboraldiari dagozkion estreinako kontzertuak.

Denboraldi berri hau eta bereziki lehenbiziko programa prentsaurrekoan aurkeztu dira Miramonen. EOSeko zuzendari nagusi Iñigo Alberdi, printzipal gonbidatu Andrey Boreyko, bakarlari ariko den Judith Jáuregui pianista eta Orkestraren lankide Musikeneko kudeatzaile akademiko Patricio Goialde aritu dira. Andrey Boreykok Orkestraren maila azpimarratu nahi izan du, bereziki "Udaberriaren sagaratzea" obraren zailatasuna kontutan izanik.

Judith Jáuregui, berriz ere Abonu Denboraldian. Judith Jáuregui pianista (Donostia, 1985) izango da Euskadiko Orkestraren bakarlari gonbidatu estreinako Abonu programa honetan. Orkestrarekin debuta 2011ko azaroan Wolfram Christek zuzenduta Mozarten 20. Kontzertua interpretatuz egin bazuen, oraingo honetan, Beethovenen Piano eta orkestrarako 1. Kontzertua interpretatuko du EOSen ohiko lau eszenatokietan.

Sagaratzearen mendeurrenean. Joan zen maiatzan mende bat bete zen "Udaberriaren sagaratzea" eztabaida ugari sortuz Parisen estreinatu zenetik. Igor Stravinskyren partitura hau XX. mendeko lehenbiziko obra paradigmatiko bilakatu zen. Ballet hau interpretatzeko ezinbestekoa da 117 musikarik osatutako organiko erraldoia; eszenatoki gainean, Euskadiko Orkestrako 80 musikariri Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko 37 ikasle gehituko zaizkie; guztira, harien taldea 70 musikarik osatuko dute, 40 musikarik haize-taldea eta perkusio taldea, berriz, 7 musikarik. Euskadiko Orkestra eta Musikeneren arteko lankidetza hau Aula Jordá Gela proiektuaren baitan kokatzen da; proiektu hau bi erakundeek 2012an sinatutako lehentasunezko hitzarmen instituzionalaren emaitza da.

Orkestrak bere kontzertuetan musika eta literatura uztartzea helburu duen denboraldi honetan, Andrey Boreykok Igor Stravinskyren oroitzapen liburuko zati bat irakurriko du errusieraz; horretan konpositoreak "Sagaratzea"ren estreinaldian gertatutakoa jasotzen du. Obraren interpretazioaren atarikoa izango da.

Sorozábalen "Dos apuntes vascos", kontzertuak irekitzeko. Pablo Sorozábal donostiarrarenak izango dira Abonu Denboraldi berrian entzungai izango diren lehenengo akordeak. Musikagielak Alemanian eman zuen aroari dagokion obra labur honek Euskal Herriko folklore zein paisaiako ezaugarriak islatzen ditu.

Kontzertu hauetarako sarrerak, eta baita denboraldi guztiko kontzertuetarako sarrerak ere salgai daude jada ohiko salmenta bideetan, 7€tik aurrera.

Astelehena 07 Urria, 2013

Salgai daude Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestraren kontzertuetarako sarrerak

Salgai daude Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestraren kontzertuetarako sarrerak
Emanaldiak abenduan izango dira, Orkestraren “Klasikat” zikloaren laugarren aldian, eta sarrerek 16 eurotako prezio bakarra dute.

Salgai daude Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Ken Zazpi taldeak Klasikat Orkestraren cross over zikloaren laugarren aldian eskainiko dituzten kontzertuetarako sarrerak. Abenduaren 3tik 12ra, EOSek eta Eñaut Elorrieta buru duen Gernikako taldeak azken hilabateotan elkarrekin garatutako egitasmoa zuzenean aurkeztuko dute. Sarrera orok 16 eurotako prezio bakarra du eta kontzertuak izango direneko aretoetako leihatiletan eta gainerako ohiko salmenta bideetan daude salgai.

Diskoa, azaroan. Joan zen abuztuan burutu zen Euskadiko Orkestra eta Ken Zazpi-ren arteko lehenbiziko lankidetza hau osatzen duten doinuen grabaketa. Euskal pop-rock taldearen lehenbiziko lan sinfonikoa bilduko duen albuma azaroan jarriko da salgai, baina berau argitaratuko duen Elkar-Argiak diskoetxeak lan berriztatzaile honen aurrerapen bat ezagutarazi du single moduan (lotura honetan entzungai).

Klasikat, abenduan. Diskoa argitaratu ondoren, Euskadiko Orkestrak eta Ken Zazpi-k egitasmoa zuzenean aurkeztuko dute abenduan zehar. Kontzertuak, proiektu osoa zuzendu Fernando Velázquezen zuzendaritzapean, Donostiako Kursaal Auditorioan (abenduak 3), Iruñako Baluarte Auditorioan (abenduak 4), Bilboko Euskalduna Jauregian (abenduak 5) eta Gasteizko Principal Antzokian (abenduak 12) izango dira. Klasikat zikloaren laugarren kontzertu-sorta izango da. Ziklo honen bidez Euskadiko Orkestrak bere musika-eskaintza musika klasikoaz at geratzen diren eremuetara zabaltzen du eta, aldi berean, musikaren beste arloetan jarduten duten talde zein bakarlariei alor sinfonikoan murgiltzeako aukera ematen dien plataforma da Klasikat.

Klasikat: Ken Zazpi + Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzenean

Kursaal Auditorioa (Donostia)
-Kontzertua: abenduak 3, 20:00etan.
-Sarreren salmenta: Kursaal Auditorioko Leihatila (EOSren emankizun egunetan, 12:00-14:00 • 18:00-20:00 eta Kursaal Fundazioaren emankizun egunetan 17:00-20:00); www.kutxabank.es

Baluarte Auditorioa (Iruña)
-Kontzertua:
abenduak 4, 20:00etan.
-Sarreren salmenta: Baluarte Auditorioko Leihatila (948 06 60 60), astelehenetik larunbatera, 11:00-14:00 • 17:00-20:00; Ticketmaster (902 15 00 25) eta www.ticketmaster.es

Euskalduna Jauregia (Bilbo)
-Kontzertua: abenduak 5, 20:00etan.
-Sarreren salmenta: Euskalduna Jauregiko Leihatila (902 54 05 39), astelehenetik larunbatera 17:00-20:00, eta kontzertu egunetan, halaber, 12:00-14:00; BBKren orotariko kutxazainetan eta www.kutxabank.es

Principal Antzokia (Gasteiz)
-Kontzertua: abenduak 12, 20:00etan.
-Sarreren salmenta: Principal Antzokiko Leihatila (Asteartetik larunbatera, jaiegunetan izan ezik, 18:30 - 20:30, eta ikuskizun egunetan, hau hasi baino bi ordu lehenago); Udaletxearen telefono-zerbitzua (945 16 10 45); www.kutxabank.es eta www.vitoria-gasteiz.org/teatros

Asteazkena 25 Iraila, 2013

Brahms berreraikitzen: Miramongo Matinéen XXII. Denboraldiko lehenbiziko emanaldia

Brahms berreraikitzen: Miramongo Matinéen XXII. Denboraldiko lehenbiziko emanaldia
Irailaren 28 larunbatean, Ensemble Dionysus taldearen eskutik.

"Brahms bakarrik" kontzertuak irekiko du Miramongo Matinéeak zikloaren XXII. denboraldia irailaren 28 larunbatean. Euskadiko Orkestraren baitan sortutako Ensemble Dionysus taldeak Johannes Brahmsen Pianorako kintetoa fa minorrean, opus 34 izango du hizpide. Baina partitura hau bere jatorrizko bertsioan berreskuratu du Dionysos Ensemble taldeak, bi biolontxelodun hari boskoterako, alegia, Anssi Karttunen (1960) finlandiar biolontxelojotzailearen eskutik. Ensemble Dionysus Irene eta Izaskun Echeveste, biolinak; Delphine Dupuy, biola; eta Juan Ignacio Emme eta Jon Larraz, biolontxeloak, osatzen dute.

Johannes Brahmsek (Hamburg, 1833ko maiatzak 7 - Viena, 1897ko apirilak 3) Anne de Hesse Printzesari eskainitako jatorrizko pieza 1864ko udan amaitu zuen. Egun pianorako kinteto moduan ezaguna, hasiera batean obra hari kintetoa izan zen, bi biolin, bi biola eta bi biolontxelorako konposatua; 1862ean amaitu zuen. Baina Brahmsek hari boskoterako jatorrizko partitura hori suntsitu eta boskotea transkribatu egin zuen, bi pianorako sonata bilakatu zuelarik. Forma honekin opus 34 bis bezala argitaratu zen, behin betiko forma hartu aurretik. Larunbatean Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan entzungai izango duguna jatorrizko sorkuntza balizkoaren berregitea da. Ezagutzen dugun partituraren indarra eta bizkortasuna gordetzen ditu, baina aldi berean sonoritatea eta tinbrea bestelakoak ditu oso.

Kontzerturako sarrera solteek 7€ko prezio bakarra dute eta www.kutxabank.es webgunean, Kursaal Auditorioko leihatilan EOS edo Kursaal Fundazioaren emanaldi egunetan eta, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahalko dira. Era berean, salgai daude halaber Miramongo Matinéen Denboraldia osatzen duten 16 kontzertuetarako abonuak, bakoitzak 79€ko prezioa du eta 61€koa tarifa bereziko onuradunentzat; hauek Orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo inprimaki hau bidaliz eskura daitezke.

Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. Matinéea dagoen egunetan bakarrik erabilgarri den garraiobide hau 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean. 

Asteazkena 25 Iraila, 2013

Zinemaldia Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzara helduko da, Orkestraren eta SGAEren Fundación Autor-en eskutik

Zinemaldia Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzara helduko da, Orkestraren eta SGAEren Fundación Autor-en eskutik
Euskadiko Orkestrak soinu-banden aukeraketa bat interpretatuko du, egileak bertan direla.

Bihar osteguna irailaren 26an, Euskadiko Orkestraren egoitza Donostia Zinemaldiaren harretagune izango da, bertan bilduko baitira egun zinemarako musika sortzen duten espainiar konpositore gailenetariko batzuk.

Miramonen izango da Zinemaldiaren baitan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta SGAE-ren Fundación Autor erakundeak antolatutako kontzertua. Orkestrak, Andrés Salado maisuaren zuzendaritzapean, soinu-banden aukeraketa bat interpretatuko du.

Egitarauak Emilio Aragón, Angel Illarramendi, Pascal Gaigne, Pablo Cervantes, Fernando Velázquez eta Zacarías M. de la Rivak idatzitako partituren aukeraketa bat biltzen du. Konpositoreak, eta SGAEren Fundación Autor-eko presidente Antonio Onetti eta SGAEko presidente José Luis Acosta ere, kontzertuan izango dira. Besteak beste, Pájaros de Papel, Emilio Aragónek 2010ean zuzendua, 778 La Chanson de Roland, Olivier van der Zeek 2011ean eginiko dokumentala, You're the One (2000) eta Tiovivo c. 1950 (2004), biak José Luis Garcik zuzenduak, Juan Antonio Bayonaren Lo Imposible (2012) edo Enrique Gatoren Las Aventuras de Tadeo Jones (2012) pelikuletako musika erabateko protagonista izango da oraingoan.

Sarrerak agorturik. Kontzerturako gonbidapenak joan zen irailaren 16an Zinemaldiak Okendo Plazan duen karpan publiko ororentzat eskuragarri jarri eta egun gutxitan agortu ziren.

Astelehena 16 Iraila, 2013

Kontzertu sinfonikoak, abesbatzarako musika, ganberakoa, nazioarteko bakarlarien errezitalak eta dantza emanaldiak 7€-tan

Kontzertu sinfonikoak, abesbatzarako musika, ganberakoa, nazioarteko bakarlarien errezitalak eta dantza emanaldiak 7€-tan
Miramongo Matinéen XXII. denboraldian. Irailaren 28 larunbatean, 16 hitzordu goiztiarretan lehena

Irailaren 28tik 2014ko maiatzaren 31ra bitartean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzako auditorioa Miramongo Matinéen erdigune izango da berriz ere. Euskadiko Orkestraren ganbera zikloaren hogeita bigarren denboraldia izango da.

16 kontzertu, ezin konta ahala argudio. Ziklo bat osatzen dute, baina Denboraldia osatzen duten 16 emanaldietako bakoitzak berezko izaera du eta ikuspegi ezberdina du abiapuntu. Guztietan topatuko dugu musika. Musika klasikoa, bai horixe, askotan musikari gazteek interpretatua eta, zergatik ez, gazteei ere zuzendua; baina barrokoa ere izango dugu, rocka, musika sinfonikoa edo dantza lagun duen musika; nazioarte mailako bakarlari Measha Brueggergosman, Alexandre Da Costa, Miloš edo Benjamin Grosvenor gure inguruko taldeekin batera, esaterako Landarbaso Abesbatza edo Dantzaz Konpainia; eta Euskadiko Orkestra osoarekin edo, Kaabestri bezala, Orkestrako kideek osatutako taldeekin. 16 kontzertu eta ezin konta ahala argudio larunbat goizean Miramonera hurbiltzeko. 

Abonuak jada salgai, sarrera solteak irailaren 23tik aurrera. Denboraldia osatzen duten 16 kontzertuetarako abonuak 79€ko prezioa du eta 61€koa tarifa bereziko onuradunentzat (ikus programaziodun pdfa) eta jada eskuragarri dago Orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo inprimaki hau betez. Sarrera solteek, aldiz, 7€ko prezio bakarra dute eta irailaren 23an jarriko dira salgai. www.kutxabank.es webgunean, Kursaal Auditorioko leihatilan EOS edo Kursaal Fundazioaren emanaldi egunetan eta, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahalko dira.

Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. Matinéea dagoen egunetan bakarrik erabilgarri den garraiobide hau 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.

"Brahms bakarrik" kontzertuak irekiko du denboraldia irailaren 28an. Euskadiko Orkestraren baitan sortutako Ensemble Dionysus taldeak Johannes Brahmsen Pianorako kintetoa fa minorrean, opus 34 izango du hizpide. Baina partitura hau bere jatorrizko bertsioan berreskuratu du Dionysos Ensemble taldeak, bi biolontxelodun hari boskoterako, alegia, Anssi Karttunen (1960) finlandiar biolontxelojotzailearen eskutik. Ensemble Dionysus Irene eta Izaskun Echeveste, biolinak; Delphine Dupuy, biola; eta Juan Ignacio Emme eta Jon Larraz, biolontxeloak, osatzen dute.

Ostirala 13 Iraila, 2013

13/14 DENBORALDIKO ABONU-TXARTELAK

Abonu-txartelen bidalketa

Irailaren 13an bidali dira 13/14 denboraldiko abonu-txartelak.

Denboraldia urrian abiatuko dugu, ondorengo egunetan: 7a Gasteizen, 8a Iruñan, 9a Bilbon, eta 11 eta 12a Donostian.

Astelehena 09 Iraila, 2013

Zinemako musika, Euskadiko Orkestra, Fundación Autor eta Zinemaldiaren eskutik

Zinemako musika, Euskadiko Orkestra, Fundación Autor eta Zinemaldiaren eskutik
Euskadiko Orkestrak Miramongo bere egoitzan irailaren 26 ostegunean, 20:00etan eskainiko duen kontzertuan.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta SGAEren Fundación Autor erakundeak, beren ibilbidean zehar zinerako musika idatzi duten hainbat konpositoreren soinu-banden aukeraketa bat bilduko duen kontzertua antolatu dute Donostiako Zinemaldiaren baitan. Kontzertua irailaren 26 ostegunean izango da, arratsaldeko 20:00etan Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan.

Egitarauak Emilio Aragón, Angel Illarramendi, Pascal Gaigne, Pablo Cervantes, Fernando Velázquez eta Zacarías M. de la Rivak idatzitako partituren aukeraketa bat biltzen du. Besteak beste, Pájaros de Papel, Emilio Aragónek 2010ean zuzendua, 778 La Chanson de Roland, Olivier van der Zeek 2011ean eginiko dokumentala, You're the One (2000) eta Tiovivo c. 1950 (2004), biak José Luis Garcik zuzenduak, Juan Antonio Bayonaren Lo Imposible (2012) edo Enrique Gatoren Las Aventuras de Tadeo Jones (2012) pelikuletako musika zuzenean interpretatuko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Andrés Salado maisuaren zuzendaritzapean.

Euskadiko Orkestra zinemarekin. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak zinemako musikarekin izandako harremana Donostiako Zinemaldiarekin lotuta egon da sarritan. Horrela, The Crowd (King Vidor), Carmelo Bernaolaren musikarekin, eta Wings (Zamecnik) filme mutuen soinu-banden grabaketa. Gainera, Orkestrak soinu-banden inguruko kontzertu sorta bat eskaini zuen Misión Imposible pelikulako soinu-bandaren egile Lalo Schifrin argentinarraren zuzendaritzapean. 1991 eta 1992. Urteetan Zinemaldiko sintonia grabatu zuen. Aurreko Zinemaldian, 2012ko irailan, Orkestrak Juan Antonio Bayonaren Lo Imposible pelikularako Fernando Velázquezek sortutako soinu-bandaren zuzeneko estreinaldia burutu zuen. Gainera 2010ean Oskar Santosen opera prima El mal ajeno filmeko soinu-banda grabatu zuen, hau ere Fernando Velázquezek idatzia.

Kontzertuaren aurkezpenean hizlari izan dira Iñigo Alberdi, Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia, José Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendaria, Xabi Puerta, SGAEko Lurralde Kontseiluko presidentea Euskadin, eta Fernando Velázquez eta Pascal Gaigne konpositoreak.

Honako hau da Andrés Saladok (Madril, 1983) Euskadiko Orkestra zuzentzen duen lehenbiziko aldia. Espainiar orkestra zuzendarien artean nabarmenetakoa, Andrés Saladok jada zuzendutako orkestren artean daude Divertimento Ensemble, Orquesta Sinfónica do Porto "Casa da Musica", Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Salzburg Chamber Soloists, Lucerne Festival Academy Orchestra, RTVEko Orkestra Sinfonikoa, Madrilgo Autonomi Erkidegoko Orkestra eta abar. 2012.etik Opus 23 Orkestrako Zuzendari Artistiko eta Titularra da. Escuela Creativa ikastetxeko Orkestra Zuzendaritzako irakaslea da gainera.

Zinemaldiaren baitako zinemarako musikako topaketa honetan interpretatuko diren obren sortzaileetariko batzuk bilduko dira. Kontzertua irailaren 26an izango da, 20:00etan Euskadiko Orkestraren egoitzan, Donostian. Sarrera doakoa izango da eta beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea Zinemaldiak Donostiako Okendo Plazan izango duen karpan ("info-shop" informazio gunean), irailaren 16tik 25era 10:00etatik 20:00etara. Sarrerak aforoa bete arte eskuragarri. Bi gonbidapen pertsona bakoitzeko.

Osteguna 05 Iraila, 2013

“Animalien Inauteria” Katia eta Marielle Labèque, Oreka TX eta Euskadiko Orkestrako musikarien eskutik

“Animalien Inauteria” Katia eta Marielle Labèque, Oreka TX eta Euskadiko Orkestrako musikarien eskutik
Publiko ororentzat kontzertu goiztiarra irailaren 15 igandean Victoria Eugenia Antzokian.

Irailaren 15 igandean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa lankide izango da ZTK Elkarteak ekoitzitako Camille Saint Saënsen "Animalien Inauteria" obraren moldaketa berri batean. Publiko ororentzat sortua, tradizio erromantikoa eta euskal folklorea uztartzen dituen ikuskizun honek Katia eta Marielle Labèque, Oreka TX eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hainbat musikari bilduko ditu eszenatokian.

Frantziar konpositorearen partitura oinarri dela, "Animalien Inauteria" ikuskizunean jatorriz obra honetan islatzen diren animaliak euskal mitologiatik eratorritako pertsonaiekin nahasten dira Paxkal Indok idatzitako testuei esker. Paxkal Indo da gainera, Katia Labèquekin batera, ekoizpen berri honen zuzendari artistikoa.

Egitasmo honetan esku hartuko duten Euskadiko Orkestrako kideak dira Ortzi Oihartzabal eta Itziar Prieto, biolinak; Delphine Dupuy, biola; Jon Larraz, biolontxeloa; Arkadius Maciejski, kontrabaxua; Bruno Claverie, flauta, eta Stéphane Langlois, klarinetea.

Bezperan, Baionako Antzokian. "Animalien Inauteria" irailaren 14 larunbatean Baionan izango da, Musique en Côte Basque 54. Jaialdiaren programazioaren baitan.

Katia eta Marielle Labèque eta Oreka TX, berriz ere Euskadiko Orkestrarekin. Euskadiko Orkestrako hari eta haize-zura taldeetako aipatu musikariak Katia eta Marielle Labèque pianojotzaileekin eta Oreka TX perkosiojotzaileekin ariko dira kontzertu honetan. Labèque ahizpak, nazioartean maila gorenean ibilbide luzea egina dutela, aurrez ere arituak dira Euskadiko Orkestrarekin batera; 2004/2005 Abonu Denboraldiaren irekieran bakarlari aritu ziren Gilbert Vargaren zuzendaritzapean. Oreka TX, halaber, proiektu ezberdinetan izan da Orkestraren bidaide, horien artean Ivan Fedeleren "Txalaparta" obraren interpretazioa, Orkestrak 2012. urtean bere 30. urteurrena ospatzeko burututako Tesela konposizio-proiektuaren baitan eginiko enkargua.

Sarrerak salgai. "Animalien Inauteria", irailaren 15ean Victoria Eugenia Antzokian izango den kontzerturako sarrerak salgai www.kutxabank.es webgunean eta Antzokiko leihatilan, 11:30tik 13:30ra eta 17:00tik 20:00ra (943 48 18 18 tel.).

Asteartea 03 Iraila, 2013

Euskadiko Orkestra, Donostiako Urrezko Domina

Euskadiko Orkestra, Donostiako Urrezko Domina
Ekitaldi instituzionala Orkestrak Konstituzio Plazan 3000 pertsona ingururen aurrean eskainitako kontzertuaren baitan izan zen.

2013ko abuztuaren 30eko gauak mugarri bilakatu da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren historian. Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kurltura Sailburu eta Orkestrako Presidenteak Juan Karlos Izagirre, Donostiako Alkatearen eskutik jaso zuen hiriko Urrezko Domina. Sari hau, Donostiako udalbatzak ematen duen gorena, EOSek kultura bultzatu eta zabaltzean egindako lanarekiko errekonozimendua da. Orkestrak esker onez jaso du 1982an abian jarri zenetik bere egoitza izan den hiriaren saria. Ekitaldi hau Bigarren mendeurrenaren oroitze kontzertuaren baitan izan zen, 3000 pertsona inguru bertan zirela. Une hori gogora ekartzeko ikus Argazki Artxiboa.

Orriak