Versailles, ekainak 7: estreinaldia

Eta goiza norberak nahi zuena egiten igaro ostean (Versailleseko lorategi ederrak ezagutu, erdigunean kalez kale ibili, jauregia bisitatu, atseden hartu...), arratsaldeko hiruetan Opéra Royal izugarrian zen entsegu orokorrerako hitzordua.
Orkestrako kideak emanaldirako jantziak soinean zituztela, jada aipatu dokumentaleko lantaldea eta baita frantziar telebista publikoko teknikariak iruadiak hartzera etorriak baitziren. Les Films Figures Libres ekoiztetxeak zulogunean grabatu zuen bart Orkestra eta gaur eta biharko emanaldietan ere irudiak hartuta, kontzertuaren grabaketa prest izango da Gabonetan frantziar kate publikoan emititzeko.
Eta orduak aurrera, tik-tak, tik-tak, tik-tak... Errauskineren ordularia hamabiak ematear dagoen bezala, guretzat gertu ziren jada arratsaldeko zortziak, Cendrillon Versaillesen estreinatuko zeneko ordua, alegia.
Ikus-entzuleen artean ziren Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta Orkestrako presidente Cristina Uriarte, Kultur sailburuorde Joxean Muñoz eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga, Orkestra bultzatzeko Versaillesera etorriak, eta Paristik etorritako Ramon Lazkano eta Gerard Pesson konpositoreak. Historia zein xarmaz betetako antzokiko zazpirehundik gorako eserlekuak betetzen joan ziren apurka-apurka. Aforoa bete zen arte: hasiera ezin hobea!
Akustika bikaina eta zulogunea altu kokatuta izateari esker, bart ikuskizuna Kursaalean bizi izandakoaz bestelakoa izatea eragin zuen: balleta zein Orkestra antzokiko angulu guztietatik ikusgai. Zoragarria!
Thierry Malandainen koreografia akatsgabeak bat egiten du Prokofieven sorkuntza eta Josep Caballé-Domenechen batutarekin. Aldi berean, Malandain Ballet Biarritzeko dantzariek milimetrikoki kalkulatutako dantza-pausoak Orkestrako musikariek beren instrumentuetatik ateratako notekin bat egiten dute. Bi diziplina artistiko bat bakarra bihurturik. Ordu terditik gora iraun zuen ikuskizunaren ondoren frantziar entzulegoak minutu luzez txaloka eta "bravo" oihukatuz erantzun. Eskerrik asko!
Jarrai lotura honi estreinaldiko argazkiak ikusteko.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Versailles, ekainak 6: 1. eguna

Goiz samar jaiki eta 8:30etan Orkestraren egoitzatik abiatu gara guztiok. Autobusa gu aireportura eramateko prest dago, hemen hasiko da gure Versaillesera bira. Han Prokofieven "Errauskine" eskainiko dugu, hirutan, Malandain Ballet Biarritzekin batera.
Sincro ekoiztetxeko lantalde teknikoa eta Oskar Tejedor errealizadorea ere gurekin dira, bai autubusean eta baita hegaldian ere. "Notas en movimiento" filmatzen ari dira, hainbat musikari eta dantzariren bizipen pertsonalen bidez orkestra baten eta ballet baten funtzionamendua islatzen duen dokumentala. Halaber, Prokofieven "Errauskine"ren eta Euskadiko Orkestraren eta Malandain Ballet Biarritz-en elkarlanaren bidez bi diziplina artistiko hauen arteko fusioa ere erakutsiko du.
Biarritzetik Parisera izu-ikarik gabeko hegaldia egin ondoren, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko eta Malandain Ballet Biarritzeko kideak Orlyko aireportura heldu gara. Zeru urdinak harrera ederra egin digu. Ez da hasiera txarra, ez horixe!
Orkestrako kideek arratsaldea libre dute, azken entseguak bihar izango dira. Baina dantzariak, aldiz, arratsaldean bertan izango dira Opéra Royalean: eszenatokiko zorua aurrerantz makurtuta dago eta beren dantza pausoak neurtu behar dituzte guztia primeran irten dadin. Gainera, ikuskizunaren zati batean gurpilak erabiltzeak lana zailtzen du. Prestatu beharra dago beraz!
Argiteria bere tokira, oihalak grua bidez gorantza, horratz-orpodun zapatak zintzilik,... orain teknikariek dute lanerako txanda. Artistek atseden hartu behar dute hemen, Versaillesen eskainiko ditugun hiru emanaldietan onena eman ahal izateko.
Ikus Opéra Royalean eszenografíaren muntaiaren argazkiak lotura honi jarraituz.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritz “Versailles Festival: Les voix Royales” jaialdian

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Thierry Malandainek zuzentzen duen Malandain Ballet Biarritzek Errauskineren eszenaratze berria aurkezten dute. Bi erakunde hauek elkarrekin garatutako bigarren proiektua den muntaia hau EOSen Abonu Denboraldiko azkena izango den 15. programaren baitan aurkeztuko da, ekainaren 3 eta 4an Donostiako Kursaalean eta 17an Bilboko Euskalduna Jauregian. Azken kontzertu honen aurretik, Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritz Parisera abiatuko dira. Han, Château de Versailees-eko Opéra Royal antzokian aurkeztuko dute Errauskine/Cendrillon, Versailles Festival jaialdiaren baitan ekainaren 7, 8 eta 9an.
"Errauskine", Euskadiko Orkestraren eta Malandain Ballet Biarritzen pas de deux berria. 2011an estreinako lankidetzak izandako arrakastaren ostean (Magifique ikuskizun hartan EOSek Tchaikovskyren musika zuzenean intepretatu zuen zulogunetik), EOSek eta Malandain Ballet Biarritzek indarrak batu dituzte beste behin, oraingoan Errauskine/Cendrillon eszenaratzeko.
Lehenbiziko aldiz Versailles Festival jaialdian, Château de Versailles Spectacles kontzertu ziklo ospetsuaren uda garaiko hirugarren jaialdian. Malandain Ballet Biarritz eta Euskadiko Orkestraren egitasmo berri hau berean hartuko duen Versailles Festival jaialdia, europar zirkuituko programazio zorrotzenetako baten barnean kokatzen da, Château de Versailles Spectacles erakundearen kontzertu zikloaren barnean, alegia. Irailetik ekainera bitartean 70 bat ikuskizun eskaintzen ditu Opéra Royal antzokian eta Versalleseko Jauregiko espazio ezagunenetan.
"Les Voix Royales" (errege ahotsak) izenburupean, maiatzaren 31tik uztailaren 7ra bitartean hirugarren Versailles Festival jaialdiak artista nabarmenen emanaldiak bilduko ditu: Sir John Eliot Gardiner eta The English Baroque Soloists, Jordi Savall, Magdalena Kozena, Cecilia Bartoli, Diego Fasolis, Orchestre National de Montpelier, Monteverdi Choir eta Choeur Accentus abesbatzak eta abar ariko dira Versallesko Jauregiko Opéra Royal, Chapelle Royal edo Galerie des Glaces bezalako espazioetan, Paristik kilometro gutxira. Izen hauekin guztiekin batera agertzen dira halaber Malandain Ballet Biarritz eta Euskadiko Orkestra ere. Osagarriak diren jarduerak garatzen dituzten kultur erakundeen artean sinergiak sortzeak duen garrantzia azpimarratzen du horrek, sinergia hoiek gerora eszenatoki garrantzitsuenetan aurkeztuko diren maila goreneko sorkuntzen garapena ahalbidetzen baitute, gure kulturaren eta bide batez gure gizarte osoaren ordezkaritza onena bilakatuz.
Nazioarte mailako bira berri hau Euskadiko Orkestrak bere historian zehar egindako 15.a da eta Europa osoko eszenatoki ikusgarrienetako batean debuta egiteko aukera da, Versallesko Jauregiko Opéra Royal delakoan. Paristik ekialderuntz 17 kilometrotara kokatua eta Ange-Jacques Gabriel eta Blaise-Henri Arnoult, Luis XV.aren arkitekto eta makinista nagusiek diseinatua, Opéra Royal delakoa 1770eko maiatzaren 16an inauguratu zuten, Luis XVI. a oinordekoaren eta Maria Antonieta Austriako artxidukesaren arteko ezkontzaren ekitaldien artean. Luis Feliperen garaian Frédéric Nepveu-k apainduegi eraldatua, 1871.ean antzoki izaera galdu eta Senatuaren egoitza bilakatu zen. 1957. urtean, André Japyk zuzendutako berritze lan sakonen ondoren, itzuli zen berriro ere antzoki izatera.
Informazio gehiago
Parisera Bira 2013. Prentsa txostenaZure interesekoa izan daitekeelakoan...
Ilargi eklipse baterako musika Miramongo Matinéetan

Miramongo Matinéeak zikloaren baitan, maiatzaren 25 larunbatean IDOAN ganbera taldea izango da Euskadiko Orkestraren egoitzako eszenatokian. Egun horretan bertan izango den ilargi eklipseari soinu banda jarri nahi izan diote IDOAN osatzen duten lau musikariek eta hona beraien aukeraketa: Joaquín Turinaren Kuartetoa pianoarekin la minorrean eta Gabriel Fauréren 1. Kuartetoa pianoarekin do minorrean.
IDOAN taldea ganbera musikarekiko maitasunak bultzaturik errepertorio klasiko, erromantiko zein modernoa sakonki lantzea erabaki zuten euskal instrumentista birtuoso talde batek osatzen du. Errepertorio oso zabal bat landu du, Mozart bezalako konpositoreen lana biltzen duen klasizismotik abiatu eta, besteak beste, Philip Glassek landutako minimalismoraino, eta talde-mota ezberdinak hartzen ditu : hari-hirukotea, laukotea eta boskotea pianoarekin. Taldea osatzen duten lau bakarlariak hari-instrumentuen eskola gailenenetatik datoz eta ganbera musikaren zerbitzura kohesio bikaina lortu dute, bai soinuari dagokionez eta baita interpretazio teknikari dagokionez ere. Eskaini dituzten kontzertuen artean, bereziki nabarmentzekoak dira Miramongo Matinéetan bertan, Bilboko Euskalduna Jauregian Bilbao Orkestra Sinfonikoaren ganbera musika-zikloan, Cuartitos del Arriaga zikloan, Oñatiko Santa Ana Komentuan eta Astigarragako Udal Musika Eskolan eskainitako emanaldiak.
Larunbateko kontzertu goiztiarrerako, IDOAN taldea sortu zeneko formakuntzara itzuli da, hari laukotea pianoarekin, alegia. Honela XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran beren herrialdeko musikan eragina izan zuten bi konpositoreren lanak interpretatuk dituzte. Hasteko, Parisko Schola Cantorum ospetsuan Vincent d'Indyren ikasle izandako Joaquín Turinak (Sevilla, 1882-Madril, 1949) 1931.urtean, Madrilgo Kotserbatorian konposizio katedra lortu zuen urtean bertan sortutako Kuartetoa pianoarekin la minorrean interpretatuko dute ; ondoren Frantzian bere belaunaldiko konpositore gailentzat izan zuten Gabriel Fauréren (Pamiers, 1845-París, 1924) 1. Kuartetoa pianoarekin do minorrean izango da entzungai. Hau dugu Camille Sain-Saënsen ikasle izan eta ondoren XX. mendeko konspositoreengan hainbesteko eragina izan zuen musikagile frantziar honen ganbera lanik ezagunenetakoa.
Euskadiko Orkestrak lehenbiziko aldiz interpretatuko du Mahlerren 6. Sinfonia erraldoia, eszenatokian 122 musikari bilduko direlarik

Bere 2012/2013. Abonu Denboraldiaren 13. Programaren baitan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa 23 eta 24an Donostiako Kursaalean eta 25ean Iruñako Baluarten eskainiko dituen kontzertuen prestaketan murgildurik dago. Inoiz baino ugariagoak diren atriletan, Gustav Mahlerren Seigarren Sinfonia, "Tragikoa", Orkestrak lehenbiziko aldiz interpretatuko duena. Duela urtebete Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiarekin sinatutako akordioari esker, Aula Jordá Gela izenburupean jada hainbat lankidetza bide jarri dira abian eta horri esker Orkestrak kontzertu hauetarako bertako ikasle talde bat izango du musikarien artean.
Mahlerren Seigarrena, Euskadiko Orkestra eta Musikeneren arteko lankidetzaren lehenbiziko urtebetearen gailurra. Urtebete igaro da Orkestrak eta Musikenek lehentasunezko lankidetza hitzarmena sinatu zutela. Honen baitan, bi erakundeek lankidetza egonkorra ahalbidatuko zuten bideak garatzeko konpromezua hartu zuten. Azken hilabeteotan lankidetza hau Orkestraren Abonu Denboraldira etorritako bakarlari zein zuzendariek emandako master classetan eta Musikeneko ikasleek kontzertu ezberdinen prestaketan izandako eskuhartzean gauzatu da. Orain lankidetza hori denboraldiko maila gorenera heldu da: Musikeneko 37 ikasle 13. Abonuan ariko dira Orkestraren organikoaren barnean eta Gustav Mahlerren (1860-1911) Seigarren Sinfonia, "Tragikoa" intepretatuko dute, Orkestrak orain bere errepertoriora gehituko duena.
Eszenatokian guztira 122 musikari daudela (69 hari instrumentista, 41 haize instrumentista, 6 perkusiojotzaile, 4 harpa eta 2 celesta), Jun Märkl maisu alemaniarrak zuzenduta, Seigarrenak 80 minututan intentsitate espresibo egundokoa garatzen du. Partitura hau Mahlerren lanik ilunena dugu; egileak berak zera esan zuen sinfoniaren inguruan: "Nire Seigarrenak hasierako bostak jaso eta gainditzen dituen balaunaldiak soilik ebatzi ditzazkeen enigmak proposatzen ditu". Formari dagokionenan, aurrekoen ildoari eusten dion bitartean, psikologikoki aurrerapausua ematen du: Mahlerrek bere barrua zintzotasun osoz kanporatzen du. Finalea Karajanek "musika sinfoniko guztiaren samingarriena"tzat jo zuen. Egitaraua osotuz, Charles Ivesen (1874-1954) The Unanswered Question izango da entzungai, hau ere Orkestrak estreinakoz interpretatuko duena. Kontzertua irekiko duen obra hau Mahlerren Seigarren Sinfoniaren gairaikidea den arren, estilistikoki bestelakoa da, XX. mendeko musikaren askotarikotasunaren erakusle.
Jun Märkl, maila goreneko batuta zailtasun handiko programa bat zuzentzeko. Jun Märkl lehenbiziko aldiz ariko da Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldiko zuzendari gonbidatu. Baina ez da Orkestra zuzentzen duen estreinako aldia, joan zen irailan Musique en Côte Basque jaialdiaren baitan eskainitako kontzertu batean zuzendu baitzuen. 2005etik 2011 urtera bitartean Orchestre National de Lyon orkestran eta 2012. urtera arte, aldiz, MDR Sinfonierorchester Leipzig orkestran. Zuzendari gonbidatu gisa orkestra ugarirekin ari ohi da lankidetzan, horien artean Cleveland, Philadelphia edo Txekiar Orkestra Filarmonikoa.
Taldeentzako entsegu irekia. Maiatzaren 23 ostegunean, Musika Gelaren jardueren baitan, programa honetako azken entseguetako bat ikastetze ezberdinetako ikasleei irekiko zaie, Mahlerren 6. Sinfonia bezalako obra erraldoi bat nola pretatzen den gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten. Donostiako Kursaal Auditorioan izango da, 11:00etatik 14:00etara. Izena emateko eskariak korreo elektroniko bidez (educativos@orquestadeeuskadi.es).
Hegoaldeko Haizearen ufadak Kursaaleko ganbera aretoan

Euskadiko Orkestraren Musika Gelak eta Kursaal Fundazioak "Hegoaldeko Haizea" familiarteko kontzertua aurkezten dute. "Musika Familian" zikloaren 2012/2013 denboraldia itxiko duen "Hegoaldeko Haizea" ekoizpena, haize-zura familiako instrumentuak oinarri harturik (oboe, klarinete, flauta eta fagota) musikaren eta honek norbanakoarengan eragiten dituen emozioen arteko harremanak aztertzen dituen musikazko ipuina da. "Badakigu haizearen jainkoa Eolo dela, haize nagusiak lau direla, baina nondik dator eta nora doa haizea? Zergatik egiten du hainbeste korrika? Nori segika doa? Noren bila? Zertarako balio du?", guzti honi erantzuteko, Hegoaldeko Haizearen ufaden artean, Hodei (Iñaki Telleria) izango dugu gidari, haizeek gugana ekarritako urruneko musikak interpretatuko dituzten Euskadiko Orkestrako musikari Rafael Alonso, Marco Caratto, Hélène Billard eta Juan Navarrok osatutako laukotea eta Javier Pérez de Azpeitia pianojotzailea bidaide ditugula.
Kontzertuaren aurretik, Sentsibilizazio Tailerra: entzumen aktiboa garatzeko tresna paregabea! Kontzertuaren aurretik, Ana Eguizabal biolontxelojoleak zuzenduta, Sentsibilizazio Tailerra izango da. Jarduera honetan ondorengo emanaldian entzungai izango diren doinuak landuko dira, kontzertuaren esperientzia aberasgarriago bilakatzeko hain garrantzitsua den entzumen aktiboa bultzatzeko (tailerrean esku hartzeko tokiak mugatuak dira eta agortuak daude jada).
Sarrerak salgai. Maiatzaren 18 larunbatean, arratsaldeko 18:00etan Kursaaleko ganbera aretoan izango den kontzerturako sarrerak Kursaaleko leihatilan (EOS edo Kursaal Fundazioaren emankizun egunetan) eta www.kutxabank.es webgunean eros daitezke.
Hizkuntza Unibertsala, Euskadiko Orkestraren goiburua 2013/2014 Denboraldirako

"Musika benetako hizkuntza unibertsala da". Carl Maria Von Weber konpositorearen aipu hau printzipio adierazpen bilakatzen da orain, musikak kultur elkartrukerako zein hezkuntzarako tresna integratzaile gisa duen balio intenporala aldarrikatuz Euskadiko Orkestra Sinfonikoari 2013/2014 Denboraldian bultzada gisa baliogarri izango zaion baieztapena. Denboraldi berria Orkestraren Miramongo egoitzan aurkeztu berri da komunikabideen aurrean. Prentsaurrekoan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuorde Joxean Muñoz, Orkestraren Zuzendari Printzipal Gonbidatua Andrey Boreyko eta Zuzendari Nagusia Iñigo Alberdik programazio berriaren xehetasunak agertu dituzte.
Mundu osoko melodia eta hitzak, garai guztietakoak, artista handiek eszenatokira eramango dituztenak. Musikaren arloko, eta denboraldi honetan bereziki, baita literatura zein antzerkiko izen garrantzitsuak. Melodia eta hitz anitz izango dira, orain unibertsaltasunaren oihartzun bihurturik.
Orkestrak ezin konta ahala musika-ordu eskainiko ditu: Abonu Denboraldia (programazioaren ardatz nagusia), Miramongo Matinéeak, Musika Gelak sustatutako hezkuntza zein gizarte jarduerak, KlasikAT, grabaketak eta OLBE, Donostiako Musika Hamabostaldia, Zinemaldia, Musika-Música, Le Temps d'Aimer la Danse kultur ekimenetan esku hartzea. Guzti hau Orkestrak eskakizun zein kalitate maila gorenetik ezaugarri duen aniztasunaren erakusle izango da. Eskaintzaren aniztasuna, helburu duen entzulego anitzari erantzuteko; Euskadiko Orkestra Sinfonikoa berau sustatzen duen gizartearena baita, askotarikoa den gizartearena; horrela erakusten dute Orkestraren kontzertuetarikoren batera joan, bere grabaketak erosi edo bere ibilbidea webgunearen edo sare sozialen bidez jarraitu duten milaka pertsonek.
André Jolivet konpositorearen lana hizpide Miramongo Matinéetan

Miramongo Matinéeak zikloaren baitan, Maiatzaren 11 larunbatean Izai ganbera taldea Euskadiko Orkestraren egoitzako eszenatokira itzuliko da. Oraingoan André Jolivet frantziar konpositorearen obrek osatutako egitaraua eskainiko du. Aukeraketak biola, flauta, fagot eta harparako 1936 eta 1965 urte bitartean sortutako piezak biltzen ditu. Miramongo Matinéeak zikloaren hitzordu berri bat, lengoaia hausle batean konposatzeko beharrak eraginda, bere burua genero zehatz bati lotzeari uko egin zion sortzaile baten lana ezagutzeko aproposa.
Izai ganbera taldea duela urte batzuk sortu zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikari talde batek eta 2006. urtetik gaurdaino Miramongo Matinéen azken edizioetan Barroko, Klasizismo eta garai erromantikoko musikak aurkeztu dituzte, betiere ziklo honen ezaugarri funtsezkoenetakoa den helburu pedagogikoari erantzunez. Bach, Vivaldi, Telemann, Händel, Beethoven, Playel edo Devienne bezalako konpositoreen lanak uztartuz egitarau interesagarriak ekarri dituzte Miramongo larunbat goizetara. Oraingoan berriz denboran aurrera egin eta XX. mendera begira jarrita, instrumentu talde oso bitxietarako sortutako partiturak dakartza larunbateko Matinéera, André Joliveti eskainitako monografikoan.
"Musikari antzinatik zuen zentzu jatorrizkoa ematea, lehenbiziko giza-taldeen erlijiosotasunaren adierazpen magikoa izan zenetik, alegia". André Jolivet (Paris, 1905-1974) frantziar konpositorearen hitz hauek azaltzen dute bere artearen gakoetako bat. Ez zuen bere burua eskola jakin batean sailkatzerik nahi izan, lengoaia ezkonformista batean, publiko ororentzat idazteko beharra sentitzen baitzuen. Honetan datza bere mezua, humanismoa eta unibertsaltasuna uztartzean. André Jolivetek musika genero guztiak landu zituen, ganbera talde berriztatzaileak aztertuz eta estiloak askotuz, horretarako iturri ugariz baliatuz, jazza, dodekafonismoa, instrumentu elektrikoak, musika tradizional ez europarra eta abar luze bat. Beti xede berberarekin: musika dimentsio unibertsalera goratzea.
Euskadiko Orkestra Andrey Boreykoren zuzendaritzapean eta Sergej Krylov biolinjotzailea bakarlari gonbidatu dela

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak aurrera darrai bere Abonu Denboraldian eta maiatzaren 11 larunbatetik aurrera 13. programari dagozkion kontzertuak eskainiko ditu ohiko lau hiribiruetan. Andrey Boreykoren zuzendaritzapean, Orkestrak estreinako aldiz Sergej Krylov errusiar biolinjotzailea izango du bakarlari gonbidatu. Kontzertuak izango dira maiatzaren 11 larunbatean Bilboko Euskalduna Jauregian, astelehena 13 eta asteazkena 15 Donostiako Kursaalean, 14 asteartean Iruñako Baluarten eta, amaitzeko, osteguna 16an Gasteizko Principal Antzokian.
Andrey Boreyko, Euskadiko Orkestraren zuzendari printzipal gonbidatuak zuzenduko du 13. Abonu programa hau. 2009. urtetik Orkestraren zuzendari printzipal gonbidatu, joan zen apirilan Floridako (Estatu Batuak) Naples Philharmonic Orchestrako musika zuzendari izendatu berri dute Andrey Boreyko. 2014/2015 denboralditik aurrera, bost urtez ariko da bertan. Gainera, Belgikako Orkestra Nazionaleko eta Düsseldorfer Symphoniker orkestrako musika zuzendari ere bada. Zuzendari gonbidatu gisa bete berri edo betetzear dituen konpromezuen artean, Parisko Orkestra, Londresko Orkestra Filarmonikoa eta beste hainbat iparramerikar orkestrekin, halanola New Yorkeko Orkestra Filarmonikoa, Los Angeleskoa eta San Francisco eta Toronto Orkestra Sinfonikoekin emanaldiak ditu, besteak beste.
Sergej Krylov biolinjotzaileak (Mosku, 1970) debuta egingo du Euskadiko Orkestrarekin. Orain Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian estreinakoz izango dugun interprete honen ibilbide artistikoa areto nagusienetan lortutako arrakasta ugariz beteta dago: Vienako Musikverein eta Konzerthaus, Parisko Campos Elíseos antzokia, Municheko Herkulessaal eta Filarmonika, Berlingo Filarmonika, Milango Teatro alla Scala eta abar. Bakarlari gonbidatu aritu da Dresdeneko Staatskapelle, San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoa, Royal Philharmonic, DSO Berlin eta Errusiako Orkestra Nazionalarekin, beste askoren artean, Mikhail Pletnev, Vladimir Ashkenazy, Vladimir Jurowski, Yuri Temirkanov, Valery Gergiev edo kontzertu hauetan ere zuzendari izango duen Andrey Boreykoren beraren zuzendaritzapean. EOSekin debuta egiteko, Sau-Wing Lam bildumako "Scotland University" Stradivarius bioina (1734) jotzen duen Sergej Krylovek Béla Bartóken Biolin eta orkestrareko bigarren kontzertua interpretatuko du.
Egitaraua osotuz, Wagnerren Lohengrin operako III. ekitaldiko Preludioa eta Orkestrak bere errepertorioari gehituko dion Tchaikovskyren 3. Orkestra-suitea entzungai. Kontzertuaren hasieran Lohengrin operako 3. ekitaldiko Preludioa alemaniar konpositorearen jaiotzaren bigarren mendeurrenaren oroigarri; bost minututan, pieza labur honek Wagnerren azken opera erromantikoaren handitasun guztia biltzen du. Eta kontzertuaren bigarren zatian, Euskadiko Orkestrak Tchaikovskyren 3. Orkestra-suitea interpretatuko du lehenbiziko aldiz.
Euskadiko Orkestra IMFAR 2013 kongrasuaren harrera kontzertuan

Maiatzaren 1 asteazkenean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Fernando Velázquez konpositoreak zuzenduta, hilaren 2, 3 eta 4ean Donostian izango den International Meeting for Autism Research (IMFAR) 2013 topaketaren harrera kontzertua eskainiko du. Emanaldiaren aurretik Yoko Onoren bideo-agurra emitituko da auditorioan eta kontzertuan, halaber, James Hobley autismoa duen britaniar dantzaria ariko da.
Euskadiko Orkestrak askotariko egitaraua eskainiko du, Beethoven, Rossini, Fauré edo Bizeten lanak John Lennon, John Williams edo Fernando Velázquezenekin batera. Fernando Velázquezek berak zuzenduko du Orkestra. Bi bider Goya sarietan nominatua, Ojo Crítico 2012 saria eta Malagako Zinema Jaialdian saritu berri duten getxotar konpositorea sarritan aritzen da Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan. 2009an "El mal ajeno" pelikularen soinu banda grabatu zuten elkarrekin eta ondoren "Madera de deriva" doinua, Jorge Drexler kantautoreak gailu mugikorretarako sortutako "n" aplikaziorako. Joan zen irailan izandako Zinemaldian Juan Antonio Bayonaren "Lo Imposible" filmeko soinu bandaren zuzeneko estreinaldia burutu zuten EOS eta Fernando Velázquezek.
James Hobley dantzaria, lehenbiziko aldiz Kursaal Auditoriko eszenatokian. Kontzertuan gainera James Hobley autismodun britaniar dantzari gaztea ariko da. Komunikabideek "benetako Billy Elliot" gisa ezagutzera eman dutena, "Britain's Got Talent" britaniar telebistako saio arrakastatsuko finalista izan zen 2011. urtean.
IMFAR 2013 topaketak kontinente guztietako ehundaka zientzilari bilduko ditu eta Gipuzkoako hiriburua autismoaren mundu mailako hiriburu bihurtuko du. Urtero izaten den kongresu hau, oraingoan Fudazioa/Fundación Policlínica Gipuzkoak antolatua eta Joaquín Fuentes doktorea presidente izango duena, autismoaren inguruko munduko talde onenak biltzen dituen topaketa zientifikoa izaten da eta aurrerakuntza eta itxaropena eskaintzen dizkie pertsona zein familia ugariri.
Lehen mailako topaketa zientifiko hau Europa kontinentalean eta anglohiztuna ez den herrialde batean ospatzen den lehenbiziko aldia da honako hau; izan ere, 2008an bakarrik izan zen Ipar Amerikatik kanpo, Londresen.
Yoko Onoren bideo-agurra kontzertuaren atariko. Kontzertua hasi aurretik, ekitaldiari hasiera emateko Yoko Ono artista plastikoak IMFAR 2013ra bertaratutakoei zuzendutako bideo-agurra emitituko da. Autismoaren inguruko ikerkuntzarekiko arduratuta, 2010eko apirilan Yoko Ono "Global Autism Ambassador" izendatu zuen Autism Speaks erakundeak, izendapen hau jasoz zuen lehenbiziko pertsona izan zelarik.
Euskadiko Orkestraren bigarren lankidetza DONOSTIAutism-en baitan. Joan zen martxoaren 19an, orduan ere IMFAR 2013 kongresuaren inguruan Fundazioa/Fundación Policlínica Gipuzkoak sustatutako DONOSTIAutism hiritar ekimenaren barruan antolatutako jardueren artean, Gautena, FEVASeko kide Gipuzkoako autismo elkarteko kide, familiarteko eta lagunak EOSeko egoitza bisitatu eta Beethovenen Seigarren Sinfoniaren interpretazioa entzutzeko aukera izan zuten. Esperientzia hunkigarria izan zen benetan, bai Orkestrarentzat eta baita entzulegoarentzat ere; Joana Carneiro portugaldar zuzendari nabarmena gogotsu aritu zen gainera, egun haietan zuzentzen ari zen Denboraldiko 10. programaren nondik norakoaren inguruan azalpenak ematen.
Korporazio Erantzunkizun Sozialaren alorrean, 2009. urtetik Euskadiko Orkestra FEVAS, Ezintasun Intelektuala duten Pertsonen aldeko Elkarteen Euskal Federazioaren lankide da, musika ezintasun intelektuala duten pertsonei helaraztea helburu harturik. Xede horri erantzunez, denboraldiro tailer eta jarduera ezberdinak burutzen dituzte Orkestraren Musika Gelaren bidez. Elkarrekin burutuko duten hurrengo egitasmoa datorren ekainean gauzatuko da.
