"Errauskine" Baluarten, Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritzen eskutik

Bere Abonu Denboraldiko programa berri batean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Iruñeako Baluarte Auditorioan ariko da astelehenean, hilak 25ean. Oraingo honetan zulogunetik ariko da gainera, Thierry Malandainek zuzendu Malandain Ballet Biarritz-ekin batera "Errauskine" balleta interpretatuko baitu. Ikuskizun honen koreografia Thierry Malandainek egina da, Prokofieven partitura ezaguna oinarri harturik. Guztiak David Porcelijnen zuzendaritzapean izango dira.
"Errauskine", Euskadiko Orkestraren eta Malandain Ballet Biarritzen pas de deux berria. 2011an estreinako lankidetzak izandako arrakastaren ostean (Magifique ikuskizun hartan EOSek Tchaikovskyren musika zuzenean intepretatu zuen zulogunetik), EOSek eta Malandain Ballet Biarritzek indarrak batu dituzte beste behin, oraingoan Errauskine/Cendrillon eszenaratzeko. Thierry Malandainen sorkuntza berri honek Perraulten ipuin betikoa eta Sergei Prokofieven izen bereko partitura hartzen ditu oinarri. Thierry Malandainek zuzendutako konpainiako hogei dantzarik eta zulogunetik Euskadiko Orkestrako musikariek David Porcelijn maisu holandarrak zuzendurik, Errauskine/Cendrillon ikuskizunean jarriko dute beren talentu guztia. Cendrillon "izar dantzari baten ibilbidea da"; honetan Malandainek "errealizazioaren bidetik garamatza, zalantza, baztertzea, sufrimendua eta itxaropena igarotzen dituen bidetik, azkenean argitasunera heltzeko. Errauts eta magiaz egindako ikuspegi honen bidez, batzuetan tragikoa, besteetan komikoa, unibertsala den zerbait idazten da...".
Cendrillon aurrez izandako arrakastaren oihartzunekin dator Iruñeara. Errauskine Donostia eta Bilbon, Euskadiko Orkestraren denboraldiaren baitan, Santanderreko Nazioarteko Jaialdian eta Biarritzen, Le Temps d'Aimer la Danse jaialdian eszenaratu da jadanik. Gainera, joan zen ekainan Parisen estreinatu zen, Versailles Festival jaialdian, europar zirkuituko programazio zorrotzenetakoa den Château de Versailles Spectacles erakundearen kontzertu zikloaren baitan. Euskadiko Orkestrak eta Malandain Ballet Biarritzen bertan eskainitako hiru funtzioak bete egin ziren erabat eta kritika zein ikuslegoak proposamen eszeniko berri honi eginiko harrera ezin hobea izan zen.
Sinfokids 2, Euskadiko ikastetxe guztietan banatua izateko prest

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, EITBk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultur Sailak egitasmo aitzindari bati ekin zioten: ikusentzunezko musika saio kalitatezko eta berritzailea sortzea, pertsona kopuru zabal batengana helduz gure herriaren kultur zein hezkuntza garapena bultzatzea ahalbidetuko zigun saioa, alegia. Honela sortu zen Sinfokids, estatu mailan aitzindaria den telebistarako zein ikusentzunezko musikazko saio didaktikoa; zorroztasunetik, baina modu ludikoan eta bai bisualki zein edukien aldetik helburu duen ikuslegoarentzat egokitutako lengoaia erabiliz, txikienei musikaren mundua hurbiltzen dien saioa da Sinfokids. Euskadiko Orkestrak sortu, EITBk burutu eta emititu eta Hezkuntza Sailburuordetzak banatutako material hau euskara, espaniera eta ingelesez aurkezten da.
Sinfokids 2, egitasmo honen bigarren saila, komunikabideei aurkeztu zaie. Prentsaurrekoan aritu dira Joxean Muñoz, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, Jesús Fernández, Ikastetxeen zuzendaria, Maite Iturbe, EITBko zuzendari nagusia, Ruper Lekue, Amorebieta-Etxanoko Zubiaur Musika Eskolako zuzendaria (Sinfokids IIan parte hartzaile), Mikel Cañada, Euskadiko Orkestrako Hezkuntza Departamentuko, koordinatzailea eta Iñigo Alberdi, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia.
Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxe guztietan, Hezkuntza Sailburuordetzaren parte hartzeari esker, eta telebistan, EITBren eskutik. Sinfokids gure inguruko hezkuntza alorrean errefentziazko material pedagogikoa izateko pentsatua dago; helburu horrekin Sinfokids 2 Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako lehen hezkuntzako ikastetxe, musika eskola, kontserbatorio eta berritzegune guztietan banatuko da orain, DVD formatuan eta hainbat material gehigarriz hornitua (galdeketak eta abar). Banaketa zabal hau egitasmo honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordetzak betetako paperari esker egin ahal izan da. Bestalde, garatzen duen edukiaren ludikotasunak eta ETBren ekoizpenaren izaera erakargarri zein abangoardiakoak familia osoari zuzendutako telebista saio interesgarri bilakatzen dute Sinfokids, dibulgazioa, hezkuntza eta entretenimendua orekaz uztartzen dituen saioa. Unitate didaktiko bakoitza banaka abenduaren 23ko astean emitituko da ETB1en goizeko 11:00etan, ondoren ETB3n emitituko da osorik saio bakarrean; azkenik www.eitb.com webguneko Nahieran atalean izango da ikusgai.
Sinfokids 2, taldeko lanetik sorkuntzara musikaren bidez. Hotsaren ezaugarriak, tinbrea, orkestra sinfonikoa bere instrumentu familien bidez, musika komunikazio tresna unibertsal gisa izan ziren Sinfokids-en lehenbiziko emanaldietan landutako gaiak. Lehen hezkuntzako ikasleei zuzendurik, bigarren emankizun honetan, aldiz, talde lana, orkestra zuzendariaren egitekoa, natura inspirazio iturri, erritmoa eta musikaren bidezko sormena dira saila osatzen duten bost atal edo unitate didaktikoetan jorratuko diren edukiak. Sinfo (berriz ere Iñaki Telleria aktore eta musikariak interpretatua), Amorebieta-Etxanoko Zubiaur Musika Eskolako ikasleak eta Euskadiko Orkestra (oraingo honetan Diego Martín Etxebarriak zuzenduta) protagonista dira bost gai nagusi horiek lantzerako garaian.
Sinfokids Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren apostu estrategikoa da. Hezkuntza Departamentuaren eta MUSIKA GELAren bidez entzulego gazteenari zuzenduta gero eta jarduera gehiago burutzen du musika, eta bereziki musika sinfonikoa, ezagutzera emateko gero eta jarduera gehiago burutzen ditu.
Measha Brueggergosman sopranoa eta Christoph König zuzendaria, estreinakoz Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian

Euskadiko Orkestra sinfonikoak bere Abonu Denboraldiko programazioari heldu dio berriz ere. Oraingoan, Christoph König maisuaren gidaritzapean eta Measha Brueggergosman sopranoa bakarlari gonbidatu duela. Orkestrarekin debuta egingo duen honetan, Meashak Richard Wagnerren Wesendonck Lieder-ak interpretatuko ditu. Azaroaren 18an Gasteizko Principal Antzokian, 19an Iruñeako Baluarten eta 20an Bilboko Euskaldunan. Aurrez, larunbatean, hilak 16, Euskadiko Orkestraren egoitzan izaten den Miramongo Matinéeak zikloaren egitarauaren baitan programa honen entsegu orokorra izango da.
Measha, klasikotik haratago doan kantaria. Duela gutxi, Measha Bruegergosman (Fredericton, Kanada, 1977) sopranoak honako hau jaso zuen bere webgunean: "Norberakgauza bera egiten denbora asko daramanean, modu atseginean ezaguna den prozesu batean murgiltzen jarraitzeko modua bilatzen da beti, baina baita norbere burua fresko mantentzen lagunduko duten erronkei aurreegiteko modua ere. [...] Beti liluratu izan nau gorkoutza erresonantzia kaxa bezala erabiltzeak, inspirazioaren alde, komunikazio filosofiko zein espiritualreako edo aldaketa eta protestarako tresna gisa erabiltzen denean bereziki". Hitz hauek kantari klasiko gisa garatutako ibilbide nabarmena XX. mendeko musika eta musika garaikidea interpretatzearekin uztartzen dituen artista honen nondik norakoa. Klasikoaren arloan, besteak beste, S. Rattle, D. Baremboim edo L. Slatkinen zuzendaritzapean aritu da London Symphony, Berlineko Irraiko Orkestra, Concertgwbouw edo New York eta Los Angeleseko orkestra filarmonikoekin. Bere aldaberatasuna, karisma eta nazioarteko sonak bere herrialdean pertsonaia ezaguna izatera eraman dute, non Got Talen telebista saioko lehenbiziko aldian epaimahaikide gisa aritu zen eta Vancoucer 2010 Neguko Joko Olinpikoen irekiera ekitaldian esku hartu zuen. Eszenatokietatik kanpo, Kanadako borondate oneko enbaxadore gisa asmo solidario ezberdinei jartzen die ahotsa, African Medical and Research Foundation, Learning Through de Arts eta World Wildlife Fund elkarteekin lankidetzan.
Christoph König, lehenbiziko aldiz Euskadiko Orkestraren podiumean. Orquestra Sinfónica do Porto Casa da Música-ko zuzendari titular eta Luxemburgoko Solistes Européens taldeko zuzendari titular zein artistikoa, gonbidatu gisa Staatskapelle Dresden, Orchestre de Paris, Danish National Symphony, Royal, Philharmonic Orchestra, BBC National Orchestra of Wales, BBC Scottish Symphony, Mozarteum, Orchestra Salzburg, Orquestra Simfònica de Barcelona i Nacional de Catalunya, Real Filharmonía de Galicia, Orquesta de RTVE, Orquesta y Coro de la Comunidad de Madrid eta abar zuzendu ditu. Denboraldi honetan estreinakoz zuzenduko ditu Cincinnati eta Calgaryko orkestra sinfonikoak, Dresdeneko Filarmonikoa eta Sinfonieorchester St Gallen.
Egitaraua. 1822an idatzia eta amaitu gabe utzia, F. Schuberten 7. Sinfonia, "Burutu gabea", hogeita hamar urtez egon zen liburutegi pribatu batean gordea. 1865. urtean berragertu zen Vienan, Erromantikoen Gudua zelakoaren erdian. Estetika-gudu horren baitan, Eskola Alemaniar Berriaren buru zen F. Lisztek olerki sinfonikoa sortu berria, eta A. de Lamartinen lanean oinarritutako Preludioak horren adierazlerik esanguratsuenetakoa dira. Bere begiko -suhi izango zen ere- R. Wagnerrek Wesendonck Lieder bost abestiak 1857. urtean idatzi zituen, Tristan eta Isolda opera idazten ari zela eta olerkien egile eta bere mezenasaren emazte zen Mathilde Wesendonckekin erabat maiteminduta.
Abonu kontzertuetarako zein Miramongo Matináeetan izango den entsegu orokorrerako sarrerak 7€tik aurrera eros daitezke ohiko salmenta bideetan.
Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra zuzenean, "klasikat" zikloaren laugarren aldian

Bere eskaintzaren askotarikotasuna ezaugarri duen klasikat zikloaren kontzertu laugarren sorta honetan (aurrez Michel Camiloren latindar jazza, Kepa Junkeraren folka eta swing gaua izan ziren), Euskadiko Orkestrak publiko gazteenari jarri dio arreta. Horretarako Ken Zazpi hartu du bidaide, egungo pop-rock panoramaren baitan talde nabarmenenetakoa.
Eszenatokian, guztira 11 doinu izango dira, kantu berriak eta Ken Zazpiren arrakasta sonatuak barne. Proiektu hau, Eñaut Elorrieta buru duen taldearen errepertorioaren bilduma sinfoniko hutsa izan ordez, egungo euskal musikaren arloan Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Gernikako taldearen erreferentziazko ekarria izateko helburuaz sortu eta garatu da. Egitasmo honen musika zuzendari, Fernando Velázquez konpositore getxotarra; bera da gainera orkestra sinfonikorako moldaketen egilea. Atriletan, Hegoak astindu, Gernikan, Bihotz, Noizbait, Hel nazazu eskutik, Itsasoa gara, Ilargia, Oinutsik, Haizea, Zapalduen olerkia eta Gereziondoa.
Fernando Velázquez (Getxo, 1976) El Orfanato, Lo Imposible edo Zipi y Zape filme arrakastatsuen soinu-banden egilea da. Aurrez, Fernando Velázquezek Euskadiko Orkestra zuzendu du El mal ajeno filmerako bere soinu-bandaren (2009) eta Jorge Drexlerren Madera de deriva doinuaren grabaketa, uruguaitar kantautorearen n proiektuaren baitan (2012); gainera, iaz bere soinu-bandak bildu zituen kontzertu bat zuzendu zuen Zinemaldian
Bost kontzertu. Klasikat zikloaren laugarren kontzertu-sorta hau osatzen duten emanaldiak Donostiako Kursaal Auditorioan (abenduak 3), Iruñako Baluarte Auditorioan (abenduak 4), Bilboko Euskalduna Jauregian (abenduak 5), Gasteizko Principal Antzokian (abenduak 12), eta Donibane Lohitzuneko Jai-Alaiean (abenduak 13) izango dira. Hauetarako sarrera ohiko salmenta bideetan eros daitezke.
Diskoa. Ken Zazpi & Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Lankidetza honetatik sortu eta Elkar disko etxeak argitaratutako disko hau salgai dago gaurdanik. Klasikat zikloko kontzertuetan interpretatuko diren 11 doinuak biltzen dituen bilduma honetako orkestra zatiak joan zen abuztuaren 21etik 28ra grabatu ziren Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Zuzendari, Fernando Velázquez eta lehenengo atrilean, Lorenz Nasturica-Herschcowici, EOSen kontzertino irankor gonbidatu eta Municheko Orkestra Filarmonikoko kontzertinoa.
Aztarnak ezabatu, esperientzia berriak bilatu musika garaikidearen bidez: SMASH ensemble Miramongo Matinéetan

Azaroaren 9 larunbatean formatu txikiko kalitatezko musika-eskaintza berria Miramongo Matinéetan. Oraingoan Euskadiko Orkestraren ganbera zikloa XX. menderaren azken urteetan eta XXI.aren atarikoetan barrena jardungo da. SMASH ensemblek "Toko no ma: verwisch die Spuren!" aurkezten du. Emanaldi honen helburua honakoa da, "aztarnak ezabatzea (verwisch die Spuren) esperientzia berriak bilatzeko, konpositore bakoitzaren bizipen pertsonala eta bere toko no ma begibistatik galdu gabe betiere (Japonian toko no ma gelako gune intimo eta pertsonala da, hau bisitariei erakustea edukazio txarrekotzat jotzen delarik).
SMASH ensemble, musika klasiko garaikidearen sorkuntza eta zabalkunderako egitasmo baten zati. SMASH ensemble "XXI. Mendeko Europa islatzen duen cluster" gisa definite daiteke. Espainia, Frantzia, Eskozia, Txekiar Errepublika, Mexiko, Hungaria eta Alemaniako musikari gailenek osatzen dute. Ensemblea eta SMASH Nazioarteko Musika Garaikideko Jaialdia SMASH Elkarteak kultura garakidearen aldeko jardunaren ardatz nagusiak dira, jarduera pedagogikoarekin batera. Salamancan 2006. urtean sortutako elkarte hau musika klasiko garaikidearen arloko Europako elkarte garrantzitsuenetako bat bilakatu da, egungo musika klasikoarekin hibridatuta garatutako ekimen eta proiektu artistiko askotarikoei esker. Kontzertu honetan ariko dira Andrés Balaguer, biolina; Mikel Zuzundegui, biolontxeloa; Natalia Baquero, pianoa, eta Bertrand Chavarría-Aldrete, gitarra.
SMASH ensemblek larunbatean Miramonen eskainiko duen egitarauaren inguruan, Manuel Hidalgoren Trio esperando (1989) obrak Beethovenen oso gertukoak diren keinu eta koloreak eskaintzen dizkigu, izan ere, konpositoreak alemaniarraren obrak moldatzen ditu ganbera talde garaikide ezberdinentzat; Kurze Schatten II (1983-1989), Brian Farneyhoughena, oso estetika bestelako bati dagokio: aldi berean informazio ezberdin ugari entzuten da honetan, gitarrarako idatzia eduki ezberdina duten hiru pauta biltzen ditu aldi berean interpreatuak izateko. Alberto Hortigüelaren Pour entrer...s'y profilait (2007) piezak Marcel Prousten Albertine disparue (La recherche du temps perdu) lanaren zati bat agertzen digu. Ramon Lazkanok, berriz, Beethovenengana hurbiltzen gaitu Wintersonnenwende-4 (2009) obraren hasieran biolinaren lehenbiziko esaldian alemaniarraren 7. Sonata do minorrean gogora ekarriz. Michael Maierhofen SUGAR 1 (2001) obrak fabrika batera garamatza, makinen/objektuen zaratara; soinua eta isiltasuna dira orekaren elementuak, gertatutakoa gogoratzen laguntzen diguten isiltasun atalak: nostalgiazko parentesiak.
Ken Zazpi + Euskadiko Orkestra Sinfonikoa: Prentsaurrekoa

Azken asteotan Bihotz eta Hegoak astindu doinuak aurreratu ostean, esku artean dugu jada Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Ken Zazpik grabatu eta Elkar disko etxeak argitaratutako lana. Diskoa plazaratu ostean, Euskadiko Orkestraren Klasikat zikloaren baitan Donostia, Iruña, Bilbo, Gasteiz eta Donibane Lohitzunen izango diren kontzertuetan aurkeztuko dute zuzenean, Fernando Velázquezek zuzenduta, Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra lehenbiziko aldiz batu dituen egitasmoa.
Diskoa eta Klasikat zikloaren laugarren kontzertu-sorta osatuko duten emanaldiak aurkeztuko dira prentsaurrekoan:
Azaroak 8, OSTIRALA
11:00etan
Orkestraren Egoitzan
Miramon pasealekua, 124
20014 DONOSTIA- SAN SEBASTIAN
Aurkezpen honetan ariko dira Fernando Velázquez, moldaketen egile eta egitasmoaren musika zuzendaria; Ken Zazpi taldeko kideak; Iñigo Alberdi, Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia; Anjel Valdés, Elkar-eko ordezkaria; eta Izartza Zorrozua, Klasikat zikloaren babesle Euskaltel-eko ordezkaria.
Euskadiko Orkestrak Brahmsen "Requiem germaniarra" interpretatuko du Abonu Denboraldian

Azaroaren 4tik 8ra, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Johannes Brahmsen "Requiem germaniarra" eramango du bere Abonu Denboraldira. Horretarako lagun izango ditu José Manuel tifek zuzentzen duen Andra Mari Abesbatza eta Vanessa Goikoetxea sopranoaren eta José Antonio López baritonoaren ahots bakarlariak. Guztiak Josep Caballé Domenech zuzendari kataluniarraren gidaritzapean. Aurreko denboraldian Orkestra Malandain Ballet Biarritz taldearekin batera eszenaratutako Cendrillon ikuskizunaren estreinaldian zuzendu ostean, Caballé Domenech maisua errepertorio sinfoniko-koraleko obra handi bat zuzentzeko izango da oraingoan Orkestraren podiumean. Programa berri hau azaroaren 4 astelehenean abiatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian, hilak 5 asteartean Gasteizko Principal Antzokian izango da kontzertua eta, azkenik, azaroaren 7 eta 8an Donostiako Kursaalean izango diren kontzertuekin amaituko da.
Errenteriako Andra Mari Abesbatza, Vanessa Goikoetxea eta José Antonio Lópezek jarriko diote ahotsa denboraldiko estreinako programa sinfoniko-koralari. Partitura garrantzitsu honek ahots gailenak izango ditu. Abesbatzaren zatia José Manuel Tife zuzendari duen Errenteriako Andra Mari Abesbatzaren ardura izango da. Gure herriko abesbatza tradizioan pisu askokoa den talde hau sarritan aritzen a Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan, bai kontzertuetan eta baita grabaketetan, azken hauen artean Euskal Konpositoreen Bilduman Aita Donostiari eskainitako diskan, esaterako. Vanessa Goikoetxea sopranoa lehenbiziko aldiz ariko da Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian eta José Antonio López baritonoa, aldiz, ziklo honetan bueltan da, 2012an Andrey Boreykok zuzenduta Fauré-ren Requiema interpretatu ostean.
Requiem bitxi bat. Brahmsen "Requiem germaniarra" pieza sakroa da, baina bitxia bere generoan, izan ere agnostiko batek egina baita. Konpositorea humanista eta sinestutako eszeptikoa zen, filosfiaren zale eta Schopenhauer-en, ezkortasunaren filosofotzat ezaguna zenaren pentsamenduan interesduna. Horregatik emaitza requiem berezi bat da, harrigarria ere bai. Karl Geiringer musikologoak esandakoaren arabera, Latindar Requiema Azken Juizioaren izugarrikeriek meatxatutako hildakoen aldeko otoitza den bitartean, Brahmsen Requiemak bizidunak sufrimendua eta heriotzarekin adiskidetzeko kontsolamendu hitzak biltzen ditu. Hasiera batean polemika eragin bazuen ere, 1866an sortutako partitura hau errepertorio sinfoniko-koralaren baitan toki nabarmena zuela heldu zen XIX. mende amaierara. Eta egun ere ezinbaztertukoa izaten darrai.
Informazio gehiago
Esku-egitarauaHarpa gorri bat Alhondigan: Selected Graphic Design from Europe 2013-en aukeratutako kanpaina

Husmee Estudio Grafique! estudioak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2013/2014 denboraldirako sortutako kanpaina BiDC-rako aukeratua izan da (Bilbao Bizkaia Design & Creativity Council) Selected Graphic Design from Europe 2013 ekimenaren baitan.
Selected Graphic Design from Europe bi eguneko ekitaldi bat da, eta, bertan, Index Book-ek Europa osoko profesionalak biltzen ditu, hitzaldien eta tailerren bitartez ideiak trukatzeko eta konponbide sortzaileak komunean jartzeko. Index Book diseinu grafikoko eta sormen bisualeko liburuetan espezializatuta dagoen argitaletxe bat da. Bartzelonan du egoitza, baina bere jarduera- eta banaketa-esparrua mundu osora iristen da, eta horrek diseinuaren sektoreko erreferente eztabaidaezin bihurtu du. Laugarren aldia da hau, bigarrena Bilbon.
Ekitaldia urriaren 18 eta 19an izan zen Bilboko Alhondigan. Hitzaldi, tailer, erakusketa eta jarduera paralelo ugari izan ziren; Selected aukera bikaina da bertaratutako europar sortzaileek "pilak kargatu" ditzaten. Sormen-giroan ideiak trukatzea da helburu nagusia.La campaña de Husmee Estudio Graphique! para la temporada 2013/2014 de la Orquesta Sinfónica de Euskadi ha sido seleccionada para el BiDC (Bilbao Bizkaia Design & Creativity Council) dentro del Selected Graphic Design from Europe 2013.
Lehen hezkuntzako 1300 haurrek beteko dute egunotan Euskadiko Orkestraren egoitza

Gaurtik, abian da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelaren 2013/2014 denboraldia. Lehenbiziko hilabeteotan, Eskola Kontzertuak izango dira programazioaren ardatz. Aurtengoan bosgarren aldia duen kontzertu ziklo honen berrikuntza nagusiena zera da, estreinako aldiz eskaintza haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntzara hedatuko dela, kontzertu kopurua ugarituz. Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalarekin lankidetzan antolatutako jarduera.
Urriaren 22, 23 eta 24an Miramonen bilduko diren 1300 ikasleak Deba, Mutriku, Zumarraga, Urretxu, Beasain, Ordizia, Legazpi, Hernani eta Donostiako hainbat ikastetxetatik datoz.
"Serenata" Lehen Hezkuntzako 1300 ikaslerentzat. "Serenata" izenburupean, Orkestraren Musika Gelak Grieg, Tchaikovsky eta Usandizaga donostiarraren lan ezagunenetarikoak bildu ditu. Euskadiko Orkestraren Hari Orkestrak, Orkestraren kontzertino iraunkor gonbidatu eta Münicheko Orkestra Filarmonikoko kontzertino Lorenz Nasturica-Herschcowicik zuzenduta interpretatuko duen egitarau honen bidez, lehen hezkuntzako ikasleek hainbat alor landuko dituzte: batetik, orokorrean, musika-adierazpen artistikoa ezagutu eta balioetsi, sortzeko eta pentsatzeko gaitasuna, sentimendua, zentzua eta sentsibilitatea garatu, pertzepzio-mailen garapen fisikoa sustatu, soinuaren aukeretan murgildu eta sakondu, parte hartzea eta entzuteko modu apropos eta arduratsua bultzatu; eta, bestetik, kontzertu honen bidez bereziki, hari igurtzizko instrumentuak aztertzea eta ezagutzea eta beren exekuzioaren oinarriak ezagutzea, dantza-pultsazio ezberdinen barneratzea, entzumen-ezagutza garatu aurretik entzundako doinuak identifikatu ahal izateko eta abar.
Kontzertua, lan prozesuaren azken urratsa. Aipatu arlo guztiak lantzeko garaian, kontzertua aurrez ikasgeletan hasitako lan-prozesuaren azken urratsa da. Jarduera horretan erabilgarri, Musika Gelak proiektu bakoitzaren inguruan espreski sortutako gida didaktikoa eta irakasleentzako tailerrak eskaintzen ditu osagarri gisa.
Azaroan DBHko ikasleen txanda eta 2014ko otsailean, berriz, haur hezkuntzako ikasleena. Eskola Kontzertuek azaroan izango dute jarraipena, izan ere hilaren 27tik 29ra Euskadiko Orkestra Sinfonikoak "Gerra eta pakea" kontzertua eskainiko die Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei. 2014 otsailean, aldiz, haur hezkuntzako ikasleentzat "Barrok...ino" ikuskizuna eskainiko da estreinakoz, Teatro Paraíso haur eta gazteentzako antzerki zentruarekin lankidetzan. Emanaldi guztiak Euskadiko Orkestraren egoitzan izango dira.
Europa Barrokoan: urriaren 19 larunbatean, Barrococo taldearen eskutik

Miramongo Matinéen baitan urriaren 19 larunbateko kontzertua Barroko garaiko Europan barrena bidaia dugu. Italia, Frantzia, Ingalaterra, Txekiar Errepublika eta Alemania: bost herrialde hauek barroko estiloaren askotarikotasuna islatuko duten bost obren bidez ezagutuko ditugu ia bere osotasunean Euskadiko Orkestrako kideek osatutako Barrococo taldea bidaide dugula.
Antonio Vivaldik fagoterako 39 kontzertu konposatu zituen, zailtasun teknikoak eta musikazko edukiaren kalitatea kontutan harturik, birtuoso bati zuzenduak. Askorentzat larunbatean entzungai izango den Fagoterako kontzertua mi minorrean, RV 484 da guztietan onena. "La Superbe" sonata trioan François Couperinek sortutako zazpi giga sonata "trioan" hartzen dituen bilduma baten zati da; konpositore hau da orokorki frantziar musika barrokoaren eta, bereziki, klaberako musikaren egile nabarmenetako bat. Henry Purcell, Bi biolin, altu eta kontinuorako chaconne-ren sortzailea garai guztietako ingeles konpositore onenatzat jotzen da; frantziar zein italiar elementu estilistikoak uztartuz ingeles estilo barroko berezkoa sortu zuen. Godfrey Finger morabiarrak viola da gamba eta operarako musika sortu zituen, batez ere, baina baita bi instrumentu (flauta) eta kontinuorako sei sonata ere. Alemaniar barrokoan kokatua izan arren, Georg Philipp Telemannen lanak klasizizmoaren atariko ezaugarriak ere baditu; melodiak, erritmoen askotarikotasuna edo sonoritatea maila gorenera heltzen dira Barrococo taldeak interpretatuko duen Bi biolin, fagot eta kontinuorako kuartetoa. Egile eta obren katalogo zabala musikaren historian gara emankorrenetako izan zen Barrokoan kokatzeko.
Barrococo taldea osatzen duten musikariak dira Itziar Prieto eta Anne Marie Harmat, biolinak; Arkaitz Martínez, biola; Jon Larraz, biolontxeloa eta Anne-Charlotte Lacroix, fagota, guztiak Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariak, eta, taldea osotuz, Charo Indart, klabezina.
Kontzerturako sarrera solteek 7€ko prezio bakarra dute eta www.kutxabank.es webgunean, Kursaal Auditorioko leihatilan EOS edo Kursaal Fundazioaren emanaldi egunetan eta, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahalko dira. Era berean, salgai daude halaber Miramongo Matinéen Denboraldia osatzen duten 16 kontzertuetarako abonuak, bakoitzak 79€ko prezioa du eta 61€koa tarifa bereziko onuradunentzat.
Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. Matinéea dagoen egunetan bakarrik erabilgarri den garraiobide hau 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.
