Euskadiko Orkestra, Donostiako Urrezko Domina

2013ko abuztuaren 30eko gauak mugarri bilakatu da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren historian. Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kurltura Sailburu eta Orkestrako Presidenteak Juan Karlos Izagirre, Donostiako Alkatearen eskutik jaso zuen hiriko Urrezko Domina. Sari hau, Donostiako udalbatzak ematen duen gorena, EOSek kultura bultzatu eta zabaltzean egindako lanarekiko errekonozimendua da. Orkestrak esker onez jaso du 1982an abian jarri zenetik bere egoitza izan den hiriaren saria. Ekitaldi hau Bigarren mendeurrenaren oroitze kontzertuaren baitan izan zen, 3000 pertsona inguru bertan zirela. Une hori gogora ekartzeko ikus Argazki Artxiboa.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostiako Urrezko Domina jasoko du

Abuztuaren 30 ostiralean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostiako Urrezko Domina jasoko du, hiriak ematen duen sari gorena. Alkateak, Juan Karlos Izagirrek Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailburu eta Euskadiko Orkestra presidenteari emango dio domina, Orkestrak gipuzkoar hiriburuko Konstituzio Plazan eskainiko duen kontzertuan.
Kultura bultzatu eta zabaltzearen alde egindako lanagatik esker onez emandako errekonozimendu hau bulkada garrantzitsua da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat. 1982. Urtean sortu zenetik Donostia izan da Orkestraren egoitza. Miramar Jauregitik lehendabizi, Bellas Artes Antzokitik ondoren eta, 1989.etik Miramongo bere egoitzatik garatu du Orkestrak bere herri-proiektua, lau euskal hiribiruetan irmoki errotua, kanpoaldean ere zabalkunde nabarmen izan duen kultur proiektua, alegia.
Urrezko Dominaren emate-ekitaldi instituzionala Euskadiko Orkestrak Konstituzio Plazan donostiar hiritarrei eskainiko dien kontzertuan izango da. Bihar ostirala, abuztuak 30, 22:30etatik aurrera, Donostia erre, suntsitu eta ondoren berreraikitzeko erabakiaren Bigarren Mendeurrenaren oroitzaren baitan.
Juan José Ocón donostiarraren zuzendaritzapean, Raimundo Sarriegiren pieza adierazgarrienen bertsio sinfoniko berriaren erabateko estreinaldia hartuko duen egitaraua interpretatuko du Orkestrak. Berau osotuz, hainbat zineko klasikoetarako John Williams, Henry Mancini eta Leonard Bernsteinek sortutako partituren aukeraketa bat. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Konstituzio Plazan eskainiko duen kontzertu honek izan du aurrekaririk. Izan ere, toki hartan bertan arrakasta handiz aritu zen Orkestra 2010eko abuztuan.
Ken Zazpi sinfonikoa, Euskadiko Orkestra pop-rock: EOS eta Ken Zazpi elkarrekin Miramonen

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitza egitasmo berezi baten eszenatoki bilakatu da egunotan: Ken Zazpi lehenbiziko aldiz bertsio sinfonikoan. Eñaut Elorrieta buru duen taldearen errepertorio ezagunena eta doinu berriak Euskadiko Orkestrarekin batera interpretatuak. Atriletan, proiektu hau zuzentzen duen Fernando Velázquez konpositorearen moldaketak. Orkestrak bere lana gizarteratzeko abian jarritako ekimen berri bat, alegia; oraingoan, publiko gazteenari zuzendua, egungo euskal pop-rock musikaren arloan talde nabarmenetakoa dugunaren eskutik.
Aukeraketa egin eta Ken Zazpiren musika lengoaia sinfonikora moldatzea funtsa izan duen lehenbiziko fase baten ostean, abuztuaren 21etik 27ra Orkestrak eta Ken Zazpik elkarrekin landuko dituzten doinuak disko batean bilduko dira. Elkar disko etxeak argitaratuko duen disko hau azaroaren 8an jarriko da salgai. Ondoren, abenduan bost kontzertu eskainiko dituzte KlasikAT zikloaren baitan. Donostiako Kursaal Auditorioa (abenduak 3), Iruñako Baluarte Auditorioa (abenduak 4), Bilboko Euskalduna Jauregia (abenduak 5), Gasteizko Principal Antzokia (abenduak 12) eta Donibane Lohitzuneko Jai-Alai (abenduak 13), hauetan izango da Orkestra berriz ere musika klasikoaz at geratzen diren errepertorioetan murgilduta zuzenean entzuteko aukera. Aurrerago emango da kontzertu hauetarako sarreren salmentaren inguruko informazioa.
Musika klasiko zein garaikidearen alorrean zabalkuntza eta sormena bultzatzeaz gain, Euskadiko Orkestrak apostu irmoa egiten du edozein generotako musika ekoizpenaren alde. Mike Oldfield, Jorge Drexler, Michel Camilo, Joan Manuel Serrat, Emilio Aragón, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Kepa Junkera edo Fernando Velázquez bera dira ildo horretan Orkestrak lankide izan dituen artistatako batzuk. Azken urteotan alor horretan egin den ekarpen nabarmenena KlasikAT, Orkestraren crossover zikloa abian jarri eta finkatzea izan da. Aurtengo hau ziklo honen baitan egingo den laugarren kontzertu-sorta izango da.
Fernando Velázquez, egitasmoaren zuzendari. Besteak beste, El Orfanato eta Lo Imposible filme arrakastatsuen soinu-banden egile Fernando Velázquez konpositore getxotarra da orkestra sinfonikorako moldaketen egile eta baita pop-rock sinfonikoko proposamen berri honen musika-zuzendari ere. Aurrez, Fernando Velázquezek Euskadiko Orkestra zuzendu du El mal ajeno filmerako bere soinu-bandaren (2009) eta Jorge Drexlerren Madera de deriva doinuaren grabaketa, uruguaitar kantautorearen n proiektuaren baitan (2012); gainera, iaz bere soinu-bandak bildu zituen kontzertu bat zuzendu zuen Zinemaldian eta joan zen ekainan, berriz, Donostiako Kursaal Auditorioan izan zen International Meeting for Autism Research (IMFAR) 2013 kongresuko irekiera-kontzertua.
Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritzen “Cendrillon” Santanderreko Nazioarteko Jaialdian

2013/2014 Denboraldiari hasiera emanez, Kursaal Auditorioko zulogunetik Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioan Giuseppe Verdiren "La Traviata" interpretatu ondoren, Orkestra Santanderrera bidean da. Malandain Ballet Biarritzekin batera 62. Santanderreko Nazioarteko Jaialdian ariko da. Berriro ere elkarrekin, "Cendrillon" ikuskizuna taularatuko dute Cantabriako Jaialdi Jauregiko Argenta Aretoan. Aurrera darrai, beraz, Orkestraren Abonu Denboraldian estreinatu eta Parisen, Versailleseko Jauregiko Opéra Royal-en aurkeztu zenean kritika zein ikus-entzulegoaren txaloa merezi izan zuen muntaia honen zabalkundeak.
"Errauskine" Malandainen begietan. Prokofievek Perraulten ipuina oinarri harturik idatzitako partituraren gainean, Thierry Malandainek "izar dantzari baten ibilbidea" marraztu du; honetan Malandainek honetan Malandainek "errealizazioaren bidetik garamatza, zalantza, baztertzea, sufrimendua eta itxaropena igarotzen dituen bidetik, azkenean argitasunera heltzeko. Errauts eta magiaz egindako ikuspegi honen bidez, batzuetan tragikoa, besteetan komikoa, unibertsala den zerbait idazten da...". "Cendrillon" eszenaratu den aurrekoetan bezala, Josep Caballé-Domenech maisu katalana izango da musika zuzendari.
"Cendrillon" ikuskizunaren emanaldi berri hau berean hartuko duen aurtengo Santanderreko Nazioarteko Jaialdiak izen gailenak bilduko ditu abuztuaren 1etik 26ra bitartean, horien artean: Sir Neville Marriner eta Cadaquéseko Orkestra, Valery Sokolov, Joaquín Achúcarro, María Bayo, Jesús López Cobos edo Semyon Bichkov, Milango Scalako Orkestra Filarmonikoaren buru izango delarik.
Santanderren izan ostean, "Cendrillon" Biarritzeko Gare du Midira, Malandain Ballet Biarritzen egoitza den aretora iritsiko da. Irailaren 6an izango da, "Le Temps d'Aimer la Danse" jaialdiaren programazioaren baitan. Hilabete batzuk beranduago, azaroan, Iruñako Baluartera helduko da "Cendrillon", Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldiaren barnean.
Euskadiko Orkestraren begirada sinfonikoa "Dametvisión" egitasmorako

Honako hau da, "Dametvisión" egitasmoaren baitan, Euskadiko Orkestraren eta Ibón Casas, blind rock delakoaren sortzailearen arteko lankidetzaren emaitza. "Apaga la luz y verás" doinuaren bertsio sinfoniko hau Juan José Ocónen zuzendaritzapean grabatu zen, Miramongo egoitzan, joan zen otsailean. EOSen lankidetza hau donostiar abeslaria buru duen gizarte proiektu honek jasotako elkartasun ugariei gehitu zaie, bai pertsona anonimoen zein artista ezagunen elkartasuna.
2012ko hasieran abian jarri proiektu honen helburu nagusia erretinosi pigmentarioari aurre egitea da, Ibón Casasek berak pairatzen duen ikusmenaren patologiari aurre egitea, alegia.
Dametvision gizarte kanpainian parte hartu nahi duen edonori begiak maileguan eskatu nahi dizkio. Trukean gauzak ikusteko beste bodu bat erakutsiko digu, "argia itzaltzen denean", gainontzeko zentzuekin ikus daitekeenaz ohartuaz. "Ideiak, elkartasuna eta Blind rocka!" lelopean, proiektuak kidetasuna, laguntza eta elkartasunez gauza handiak egin eta erronka garrantzitsuei aurre egiteko aukera dagolea erakutsi nahi du. Aldi berean blind rockaren, Ibon Casasek egiten duen musikaren alde eta bizitza ikusteko duen moduaren alde borrokatu nahi du. Berak, Rockaren bitartez eraikitzen duen mundua partekatu nahi du. Ibonek beste zentzuen eta batez ere, musikaren bitartez, ikusten duen errealitatea ezagutzera eman nahi du.
Iadanik mila begiek baino gehiagok parte hartu dute Dametvision-en. Abeslari eta musikariak (Juanes, Fito y Fitipaldis, Rosendo Mercado, la Oreja de Van Gogh, Amaral, Joaquín Sabina, Chambao, barrikada, Koma edo Marea...), Donostiako orfeoia eta Errenteriako Langaitz ikastolako abesbatzaz gain, aktore, sukaldari, kazetari eta abar luze bat.
Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra

Datorren azaroak 8an aurkeztuko da KEN ZAZPI musika taldeak eta EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOAk, abuztuaren amaieran Orkestraren Miramongo egoitzan grabatuko duten diskoa.
Honako lanak, FERNANDO VELÁZQUEZ, Lo Imposible, Mamá, El Orfanato eta beste hainbat filmatako soinu banden egileak moldatu eta zuzendurik, Gernikako taldearen kantutegirik esanguratsuenaren bilduma jasotzeaz gain, kantu berri zenbait ere argitaratuko du, sinfonia eraginkorra osatuz. Sinfonia liluragarri bat mundu berri batentzat. Izan ere, Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan garatutako hau da Ken Zazpiren lehenbiziko lan sinfonikoa.
Ondoren, abenduan, bira garrantzitsu bati ekingo diote elkarrekin Euskadiko Orkestrak eta Ken Zazpik, KlasikAT, Euskadiko Orkestrak bere lana klasikoaz haratago doan musikarekin uztartzeko sortutako zikloaren baitan. Egitasmo honekin Orkestrak bere musika eskaintza publiko anitzei zabaltzea du helburu, musika klasikoaz urrun geratzen diren eta orkestra baten ibilbide sinfonikoan arrotzak diren errepertorioak landuz. Horretarako Orkestrak beren musika-alorrean nabarmenak diren artista ospetsuekin bat egiten du. Honela, Michel Camilo pianojotzailearen eskuetatik irtendako latindar jazz onena, Swing Gaua eta Kepa Junkeraren doinu ezagunenen bertsio sinfonikoa izan ditugu aurrez KlasikAT zikloaren emanaldietan.
KlasikAT: Ken Zazpi +Euskadiko Orkestra zuzenean
Abenduaren 3an Donostiako Kursaal Auditorioan
Abenduaren 4ean Iruñeako Baluarte Auditorioan
Abenduaren 5ean Bilboko Euskalduna Jauregian
Abenduaren 12an Gasteizko Principal Antzokian
Abenduaren 13an Donibane Lohitzuneko Jai-Alai
Polonia, XX. mendea: Bacewicz ganbera taldeak itxiko du Matinéen denboraldia

Heldu da Miramongo Matinéen 2012/2013 denboraldiaren amaiera. Ekainaren 15 larunbatean izango da ziklo honen azken hitzordua. Bacewicz ganbera taldeak Grazyna Bacewiczen 4. Hari Kuartetoa eta 1. Pianodun kintetoa interpretatuko ditu, XX. mendeko lehenengo erdiko musika sorkuntzan emakume nabarmenetako baten lana berreskuratuz. Europarentzat eta, bereziki, Poloniarentzat garai nahasia izan zena musikarentzat oparoa izan zen ordea.
Bacewicz taldea osatzen dute Nathalie Dabadie eta Xabier Gil, biolinak, Justyna Janiak, biola eta Natalia Díaz, biolontxeloa; guztiak Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak. Eta taldea osotuz, Pedro José Rodríguez pianojotzailea.
Grażyna Bacewicz (Lodz, Polonia, 1909ko urtarrilak 26 - Varsovia, 1969ko urtarrilak 17) konpositore, pianojotzaile eta biololinjotzaile birtuosoa izan zen. Maria Szymanowskak XIX. Mendearen hasieran izandako ospearen ondoren, Grażyna Bacewicz nazioarteko sona lortu zuen bigarren poloniar emakume musika sortzailea izan zen. Musikarekin lotura estua zuen familia baten baitan jaioa, hamar urterekin ekin zion pianoa eta biolina ikasteari. 1928an bere diploma eskuratu eta ondoren Varsoviara aldatu zen, bertan konposizioa ikasteko. Parisen ere burutu zituen konposizio ikasketak. 1950. urtera arte biolinista gisa ibilbide nabarmena garatu zuen: bakarlari gisa aritu zen hainbat europar orkestrekin eta 1936tik 1938. urtera Poloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoko kontzertinoa izan zen. Urte haietan konpositore gisa ere eman zuen ezagutzera bere burua. Bere obrekin hainbat sari merezi izan zuen, horien artean aipagarrienak Frédéric Chopin Nazioarteko Piano Lehiaketako lehenbiziko saria, 1949, bere Pianorako kontzertuari esker ; 1950.ean Poloniako sari nazionala, bere Hari orkestrarako kontzertuari esker eta bere 4. Hari kuartetoak eta Biolin, tronpeta eta perkusiorako musika bere obrak Liejako Nazioarteko Konposizio Lehiaketako lehenbiziko saria eta 1960an Parisen konposizio sari bat merezi izan zituzten, hurrenez hurren.
Sortzaile honen ekoizpenean folkloretik eratorritako elementuen presentzia eta idazketan agertzen duen askatasuna dira gehien nabarmentzen diren ezaugarriak. 1960ean sortu zen « Poloniar Konposizio Eskola »ren ordezkaria da. Eskola honen oinarrizko ideia SOINUA funtsezko motibo hartzean datza. Grażyna Bacewiczen partiturak poloniar folkloretik eratorritako elementuetan aberatsak dira orokorrean.
Euskadiko Orkestrak kontzertu bat eskainiko du Gasteizko Guduaren Bigarren Mendeurrena ospatzeko

Arabako Ahaldun Nagusi Javier De Andrés, Euskadiko Orkestrako Zuzendari Nagusi Iñigo Alberdi eta Inma Shara orkestra zuzendariak aurkeztu dute Euskadiko Orkestrak Gasteizko Guduaren Bigarren Mendeurrena dela eta ostiralean Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan eskainiko duen kontzertua.
Ahaldun Nagusiaren hitzetan, "luxuzko kontzertua izango da. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa erreferentziazko orkestra dugu egun Espainia mailan eta horri Inma Shara zuzendariaren gidaritza gehituko zaio. Espainian zuzendari gazteen belaunaldi berriko izen nabarmenenetako dugu eta, gainera, arabarra da".
Inma Shararen gidaritzapean, Euskadiko Orkestrak hamabi obras osatutako egitaraua interpretatuko du. Horien artean bereziki aipagarria da Ludwig Van Beethovenek Gasteizko Gudua oinarritzat harturik idatzitako sinfonia. Gainera, zinearen historiako filme ezagunen soinu-banden zatiak interpretatuko dira, esaterako "Chariots of Fire", "Singin' in the Rain", "La vita è bella" edo "Breakfast at Tiffany's" filmetakoak.
Kontzertu hau Euskadiko Orkestrak Gasteizekiko duen konpromezuaren adierazgarri da. Izan ere, 1983. urtetik bertako Principal Antzokian eskaintzen du bere Abonu-Denboraldia eta aipagarria da halaber 1997.urtetik Gasteizko Udalarekin lankidetzan eskaintzen duen Musika Familian zikloa.
Kontzertu honekin abiatuko da mendeurren hau ospatzeko diseinatutako ekitaldien artean funtsezkoa izango den astea. Horregatik, kontzertuan ahalik eta entzule gehien bildu dadin eta horietatik ahalik eta gehienek esertzeko aukera izan dezaten, Foru Aldundiak 600 aulki jarriko ditu Andre Mari Zuriaren plazan. Hala ere, "entzulego zabalago bat biltzea espero dugu", adierazi du Ahaldun Nagusiak.
FEVAS eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren jarduera berria musika ezintasun intelektuala duten pertsonei hurbildutzeko

2009. urtetik denboraldiro lez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta FEVASek (Adimen Ezintasuna Dutenen Aldeko Elkarteen Euskal Federazioa) tokia gorde dute beren agendatan elkarrekin musika adimen ezintasuna duten pertsonei gerturatuko dieten jarduerak burutzeko. Pertsona hauek FEVAS osatzen duten Euskal Autonomi Erkidegoko elkarte ezberdinetako kide dira. Ekainaren 13 ostegunean ehun pertsona izango dira tailer batean esku hartu eta Orkestrak, Inma Sharak zuzenduta, Gasteizko Guduaren bigarren mendeurrena ospatzeko ekitaldien artean eskainiko duen kontzerturako entsegu bat entzungo dutenak. Jarduera Euskadiko Orkestrak Miramonen duen egoitzan izango da, goizeko 10:30etatik aurrera.
Tailerra: ipuin musikal bat erabiliz burututako jarduera praktikoa. Orkestrako Hezkuntza Departamentuak diseinatutako Tailerraren helburua bertaratzen direnak musika instrumentuen hotsen bidezko azterketan murgiltzea da, horretarako espreski sortutako musikazko ipuin bat erabiliz -"Hotzari AGUR!"; kontakizunean instrumentuak joaz esku hartuko dute, ipuinean zehar agertuko diren giltza hitzen arabera. Honela, "beroa" Hitza haize instrumentuei lotuko zaie, "hotza" harzikoei, "ekaitza" perkusioai eta "trena" ahots eta pianoari. Taldetan banaturik, eskuhartzaileek talde bakoitzari dagokion instrumentu taldearen soinu-aukerak landuko dituzte eta ondoren guztiek elkarrekin interpreatuko dute ipuina. Ana Eguiazabal eta Natalia Díaz biolontxelojotzaileak (azken hau Orkestrako kidea), Eli Arabaolaza musikologoa, Belén Otxotorena antzezlea, Mario Telenti, Euskadiko Orkestrako tronpajotzailea eta Carlos Rosat, EOSeko flautajotzailea, izango dira besteak beste talde bakoitzaren jarduerak gidatzeaz arduratuko direnak.
Entsegua: orkestra sinfoniko baten musika gertutik. Tailerraren bidez garatuko den alor praktikoaz gain, FEVAS eta Euskadiko Orkestraren jarduera honek entzutaldian funtsatutako beste alor bat izango du. Partehartzaileak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren entsegu bat ean izango dira. Honetan EOSek, Inma Shararen zuzendaritzapean, hilak 14 ostiralean, Gasteizko Guduaren Bigarren Mendeurreneko ekitaldien artean, eskainiko duen kontzertua prestatuko du. FEVASeko kideek Orkestraren Miramongo egoitzako auditorioan gozatu ahalko duten egitaraua jada zinemako klasiko bilakatutako filmetako soinu-bandatatik eratorritako doinuek osatzen dute, horien artean Breakfast at Tiffany's, The Bridge on the River Kwai, Out of Africa, La vita è bella edo Singin' In the Rain. Egitaraua ireki eta ixteko, Beethovenen obra bana, horietako bat espreski Gasteizko Gudua oinarri harturik sortua. Inma Sharak, zuzendari gonbidatuak berak partiturak aurkeztuko ditu entsegua hasi aurretik.
Korporazio Erantzunkizun Sozialaren baitan kokatzen den jarduera hau FEVAS eta Euskadiko Orkestraren arteko harremanaren emaitza da. Azken urteotan harreman hau iraganean FEAPSek, Ezintasun Intelektuala duten Pertsonen aldeko Elkarteen Espainiar Konfederazioak emandako "Praktika Ona 2010" bezalako sariak merezi izan dituzten tailer eta topaketetan gauzatu da.
Versailles, ekainak 7: estreinaldia

Eta goiza norberak nahi zuena egiten igaro ostean (Versailleseko lorategi ederrak ezagutu, erdigunean kalez kale ibili, jauregia bisitatu, atseden hartu...), arratsaldeko hiruetan Opéra Royal izugarrian zen entsegu orokorrerako hitzordua.
Orkestrako kideak emanaldirako jantziak soinean zituztela, jada aipatu dokumentaleko lantaldea eta baita frantziar telebista publikoko teknikariak iruadiak hartzera etorriak baitziren. Les Films Figures Libres ekoiztetxeak zulogunean grabatu zuen bart Orkestra eta gaur eta biharko emanaldietan ere irudiak hartuta, kontzertuaren grabaketa prest izango da Gabonetan frantziar kate publikoan emititzeko.
Eta orduak aurrera, tik-tak, tik-tak, tik-tak... Errauskineren ordularia hamabiak ematear dagoen bezala, guretzat gertu ziren jada arratsaldeko zortziak, Cendrillon Versaillesen estreinatuko zeneko ordua, alegia.
Ikus-entzuleen artean ziren Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta Orkestrako presidente Cristina Uriarte, Kultur sailburuorde Joxean Muñoz eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga, Orkestra bultzatzeko Versaillesera etorriak, eta Paristik etorritako Ramon Lazkano eta Gerard Pesson konpositoreak. Historia zein xarmaz betetako antzokiko zazpirehundik gorako eserlekuak betetzen joan ziren apurka-apurka. Aforoa bete zen arte: hasiera ezin hobea!
Akustika bikaina eta zulogunea altu kokatuta izateari esker, bart ikuskizuna Kursaalean bizi izandakoaz bestelakoa izatea eragin zuen: balleta zein Orkestra antzokiko angulu guztietatik ikusgai. Zoragarria!
Thierry Malandainen koreografia akatsgabeak bat egiten du Prokofieven sorkuntza eta Josep Caballé-Domenechen batutarekin. Aldi berean, Malandain Ballet Biarritzeko dantzariek milimetrikoki kalkulatutako dantza-pausoak Orkestrako musikariek beren instrumentuetatik ateratako notekin bat egiten dute. Bi diziplina artistiko bat bakarra bihurturik. Ordu terditik gora iraun zuen ikuskizunaren ondoren frantziar entzulegoak minutu luzez txaloka eta "bravo" oihukatuz erantzun. Eskerrik asko!
Jarrai lotura honi estreinaldiko argazkiak ikusteko.
