Asteartea 21 Maiatza, 2024

Euskadiko Orkestrak Musikasteren 52. edizioa itxiko du larunbat honetan

Euskadiko Orkestrak Musikasteren 52. edizioa itxiko du larunbat honetan

Errenteriako jaialdiaren amaiera-kontzertua larunbatean izango da, maiatzak 25, 19:00ean Lekuona Fabrikan, eta Andra Mari Abesbatzaren parte-hartzea izango du.

Baldur Bronnimannen gidaritzapean, Lazkano, Viloria eta Aldaveren lanek osatuko dute programa.

Musikaste, Euskal Musikaren AsteaEresbilek antolatzen duena, 52. edizioa eskaintzen ari da egunotan Errenterian. Urrezko ezteien ondoren, erronka da jaialdiaren helburuak betetzen jarraitzea, besteak beste, sortzaileei eta interpreteei laguntzea, gure konpositoreen musika aurkitzea, antzinako musikatik hasi eta egile klasikoen musikara, egungo konpositoreei laguntza berezia emanez.

Euskadiko Orkestrak euskal musikaren ekoizpenaren hedapenean ekarpena egiten jarraitu nahi du, eta euskal interpreteei bultzada emateko plataforma izaten ere jarraitu nahi du, hortaz, aurtengo edizioan ere parte hartuko du jaialdi honetan. Hogeita zazpigarren parte-hartzea izango du orkestrak Musikasten.

Larunbat honetan, maiatzak 2519:00ean Lekuona Fabrikan izango den amaiera-kontzertuan, orkestra izango da Andra Mari Abesbatzarekin eta Jesus Garcia Arejula baritonoarekin batera musikaz betetako aste honi bukaera bikaina emateaz arduratuko dena. Kontzertu hau Baldur Brönnimann suitzarrak zuzenduko du, Real Filharmonia de Galiciaren zuzendari titularrak, eta berak eramango ditu atriletara Ramon Lazkano, Itziar Viloria eta Pascual Aldave. Errepertorioan nabarmentzekoa da Viloriaren Oihartzun Gorriak, Real Filharmonia de Galiciarekin partekatutako enkargua, hain zuzen Euskadiko Orkestrak Euskadin egunotan estreinatuko duen obra, maiatzaren 22an (19:30) Gasteizen eskainiko duen kontzertu batean.

Astelehena 20 Maiatza, 2024

Euskadiko Orkestrak Vocalia Taldea gonbidatu du Gasteizen eskainiko duen hurrengo kontzertu-programan

Euskadiko Orkestrak Vocalia Taldea gonbidatu du Gasteizen eskainiko duen hurrengo kontzertu-programan

Gasteizko emakume-abesbatzak helduko dio Debussyren ‘Nocturnes’-en interpretazioari, eta orkestrak konpositore frantsesaren ‘La mer’ obra sinfonikoa ere joko du.

Baldur Brönnimann suitzarrak zuzenduko duen programan Euskadiko Orkestrak apustu irmoa egin du euskal sorkuntza garaikidearen alde, Ramon Lazkanoren ‘Mugarri’ obrarekin eta Itziar Viloriaren ‘Oihartzun gorriak’ lanaren estreinaldiarekin.

Azken sarrerak salgai daude maiatzaren 22an Gasteizko Principal Antzokian izango den kontzerturako, 10 eta 38 euro bitartean.

Euskadiko Orkestrak asteazken honetan, maiatzak 22, Kontzertu Denboraldiko hurrengo programa eskainiko du, ‘Debussy / Viloria’ izenekoa. Kasu honetan, Gasteizen soilik emango du kontzertua, Principal Antzokian, 19:30ean.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Baldur Brönnimann zuzendari suitzarra Portoko Casa da Musicako titularra izan zen aurrez, eta Real Filharmonia de Galiciako titularra da gaur egun. Maisu honek ospea du nazioartean, musika garaikidearekin duen trebetasuna dela eta. Hain zuzen ere, kontzertu honetan presentzia nabarmena izango du musika garaikideak, Claude Debussyren obrarekin batera.

Kontzertua euskal musika garaikidearen obra aski garrantzitsu batekin irekiko da. Mugarri da lan hori, Parisen bizi den Ramon Lazkano donostiarrak 2010ean sortutako partitura zirraragarria, hain justu ere, azken hamarkadan Europan gehien interpretatu den euskal obra sinfonikoetako bat. Konposizio horrek Jorge Oteiza euskal eskultore ospetsuaren eragin nabarmena du, eta Lazkanok urte asko eman ditu artistaren ibilbide oparoa aztertzen.

Oso bestelako estilo batean, eta Galiziako Real Filharmoniarekin batera, Itziar Viloriaren Oihartzun gorriak izango da kontzertu honetako beste euskal obra. Duela hilabete bat estreinatu zuen orkestra galiziarrak, eta orain Euskadiko Orkestrak joko du lehendabizikoz Euskadin. Lan horretan, Bizkaiko meatzaritza eremuko memoria kolektiboa omentzen du konpositore eta artista plastiko bizkaitarrak.

Kontzertuaren gainerakoa inpresionismoaren fundatzailetako bat den Claude Debussyri eskainiko zaio, ahalmen oroitarazle handiko bi obrekin. Batetik, Nocturnes, orkestrarako eta emakumeen korurako triptiko. Mugimendu bakoitzak paisaia jakin bat ekartzen du gogora, eta orkestrazio sentsualeko maisulan bat da bakoitza. Haren soinu-emaitza, sarritan, autore inpresionista handien lan piktorikoarekin alderatu izan da. Hirugarren eta azken mugimendua interpretatzeko, Euskadiko Orkestrak Vocalia Taldea gonbidatu du, ahots zurien abesbatza aparta, egoitza Gasteizen duena, eta Basilio Astulezek zuzentzen duena. Bestetik, kontzertua La Mer-ekin amaituko da, non Debussyk olatuen jokoak, zeruak uraren gainean egiten dituen islak eta haizearen elkarrizketa harrapatu baitzituen.

Kontzerturako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus-en, baita Principal Antzokiko webgune eta leihatilan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

Osteguna 09 Maiatza, 2024

Bost Metalak izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Bost Metalak izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestraren metal-sekzioko bost kidek osatutako taldeak Ewazen, Poulenc eta Piazzollaren obrak interpretatuko ditu larunbatean, maiatzak 11, 11:00etan, Miramonen, eta sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Larunbat honetan, maiatzak 11, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Bost Metalak taldeak ‘Bidaia (New York, Paris, Buenos Aires)’ izeneko kontzertua eskainiko du. Euskadiko Orkestrako bost kidek osatzen dute taldea: Adrian Garcia Carballo (tronpa), Miguel Echepare (tronpeta), Bernabe Garcia (tronpeta), Daniel Ruibal (tronboi baxua) eta Christophe Sanchez (tronboia). Amerikar estiloko metal boskotea izango da, hau da, tubaren ordez tronboi baxua du, eta horrek boskote klasikoari sonoritate bereizgarria eta desberdina ematen dio.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Boskoteak bidaia bat proposatuko digu mundu osoan ezagunak diren musika-zentroetan barrena, musika-estilo ezberdinak bisitatuz. Tartean, New Yorkera joango gara, Eric Ewazen musikagilearekin. Bere A Philharmonic Fanfarre interpretatuko du taldeak, New Yorkeko Filarmonikako kideek Kenneth Campbelli eskaintzeko enkargatutako trioa. Konpositore beraren eskutik entzungo dugu Colchester Fantasy, Erdi Aroan eta zaldunen garaian kokatutako herri ingeles zahar eta pintoresko honi buruzko obra. Mugimendu bakoitza konpositoreak inspirazioa aurkitu zuen pubaren izenari eskainita dago.

Ondoren, 1922ko Parisera joango gara Francis Poulenc-en Sonata entzuteko. Lan honekin garai hartako musika frantsesaren sonoritatean murgilduko gara, tinbre eta kolore ugarirekin.

Bidaia XX. mendearen bigarren erdiko Buenos Aires alai, sentsual eta dibertigarrian amaituko da, garaiko musikari handienetako batekin, Astor Piazzollarekin. María de Buenos Aires opera-tangoaren moldaketa honetan lau abesti ezagunenak entzungo dira. Eta amaiera gisa, Piazzollaren tangorik ospetsuena dator, Oblivion, New Yorkeko egonaldi batean konposatu zuena ahanzturaren irudia musikalki gogora ekartzeko xedearekin.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Astelehena 06 Maiatza, 2024

Ari Rasilainenek zuzenduko du Euskadiko Orkestra hurrengo kontzertu-programan Alban Gerhardt biolontxelojole ospetsuarekin bakarlari gisa

Ari Rasilainenek zuzenduko du Euskadiko Orkestra hurrengo kontzertu-programan Alban Gerhardt biolontxelojole ospetsuarekin bakarlari gisa

Zuzendari finlandiarrak Lina Gonzalez-Granados ordezkatuko du, azken honek bertan behera utzi behar izan baitu bere parte-hartzea azken unean gaixotasunagatik.

Programa berri honek askotariko errepertorioa eskainiko du: Anna Clyne-ren ‘This Midnight Hour’ obra sinfoniko garaikidea; Laloren ‘Biolontxelorako Kontzertua’ Alban Gerhardten eskuetan; eta Dvoraken ‘Zazpigarrena’.

Sarrerak salgai daude maiatzaren 8tik 14ra ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako, 10 eta 38 euro bitartean.

Euskadiko Orkestrak asteazkenetik aurrera 23/24 Kontzertu Denboraldiko hurrengo programa aurkeztuko du, ‘Lalo / Dvorak’ izenekoa. Kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: asteazken eta ostegunean, maiatzak 8 eta 9, Donostiako Kursaal Auditoriumean; ostiralean, maiatzak 10, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehenean, maiatzak 13, Gasteizko Principal Antzokian; eta asteartean, maiatzak 14, Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Anna Clyneren –gaur egungo konpositore britainiar garrantzitsuenetako baten– musika sinfonikoa lehen aldiz entzungo da Euskadin. Ari Rasilainen finlandiarrak zuzenduko du orkestra, Lina Gonzalez-Granadosen ordez, kolonbiar-estatubatuarrak bertan behera utzi behar izan baitu bere parte-hartzea azken unean gaixotasunagatik. This Midnight Hour lanean, Clynek Juan Ramon Jimenezen eta Charles Baudelaireren poemak ditu inspirazio-iturri. Obra sinfoniko garaikidea da This Midnight Hour, nazioarteko arrakasta handia lortu duen bakarretakoa. Orchestre National d'Île-de-Franceren enkargu batetik sortu zen. 2015eko azaroaren 13an estreinatu zuen eta, ordutik, mundu erdian programatu dute orkestra oso garrantzitsuek, hala nola Los Angeleseko Filarmonikoak edo BBC Philharmonicek. 2024ko maiatzean zehar 13 aldiz interpretatuko dute Estatu Batuetako eta Europako orkestrek; besteak beste, Euskadiko Orkestrak.

Bestalde, egungo biolontxelistarik ospetsuenetako Alban Gerhardt euskal agertokietara itzuliko da (2016an Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean aritu zen). Oraingoan, biolontxelojole alemaniar apartak Edouard Laloren Biolontxelorako Kontzertu berebiziko eta grinatsuari helduko dio. 1876 eta 1877 artean idatzi zuen frantsesak eta bere obrarik interesgarrienetako bat da. Adolphe Fischerrek estreinatu zuen 1877ko abenduaren 9an, Concerts Populaires de Jules Pasdeloupen, eta askotariko paisaiak ditu barruan.

Laloren kontzertuaren garaikidea, baina oso izaera ezberdinekoa, Antonin Dvoraken Zazpigarren Sinfoniarekin amaituko da emanaldia. Egile bohemiarraren berezko folklore-kutsuari eusten dion arren, bere ziklo sinfonikoko larri eta dramatikoena ere bada partitura hori. Haren sinfoniarik perfektuena izan zen, monumentu soil eta hausturarik gabea, baina kolore bohemiarrari uko egin gabe. Harrera kartsua izan zuen 1885eko apirilean, Londresen estreinatu zuenean

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

Osteguna 25 Apirila, 2024

Aurora Laukotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Aurora Laukotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestraren hari-sekzioko lau kidek osatutako taldeak Haydn eta Schulhoffen kuarteto bana interpretatuko du larunbatean, apirilak 27, 11:00etan, Miramonen, eta sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Larunbat honetan, apirilak 27, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Aurora Laukoteak ‘Ahaztuak’ izeneko kontzertua eskainiko du. Euskadiko Orkestrako lau kidek osatzen dute taldea: Xabier de Felipe (biolina), Mikel Ibañez (biolina), Monika Mazur (biola) eta Beatriz Linares (biolontxeloa).

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Aurora Laukoteak duela bi denboraldi pandemia zela-eta bertan behera geratu zen programa bat berreskuratuko du Miramongo Matinée honetarako. Hitzordu honetan Haydn eta Schulhoffen kuarteto bana interpretatuko ditu, 150 urte baino gehiagoko aldearekin sortuak.

Joseph Haydn hari-laukotearen errepertorioa landu zuen lehen konpositoreetako bat izan zen. Bi biolin, biola eta biolontxelo instrumentuak konbinatzen zituzten bere lehen lanak tonu arinagokoak ziren, Haydnen lantoki izan zen printze-gorteko bizitzako ekitaldiei laguntzeko sortutako serenata eta divertimentoen bertsio intimo modukoak. Opus 20 seriea osatzen duten sei kuartetoetan, ordea, konpositoreak musikaren adierazpen emozionala areagotu eta aurreko kuartetoetan ikusi gabeko konplexutasun-geruzak gehitu zituen. Beethovenek serie honetako kuarteto baten kopia bat egin zuen Vienako ikasle-egunetan. Matinée honetan sei horietatik bigarrena entzungo dugu.

Matinéea Erwin Schulhoffen Hari-laukoterako bost pieza obrarekin itxiko dugu. Dantza barrokoko suite baten eskemei jarraitu arren, pieza horietako bakoitza miniatura bat da, dantza-estilo berezi bana emulatzen duena eta garaiko musika herrikoiarekin lotura argia duena.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 24 Apirila, 2024

Marie Jacquot zuzendari gaztea eta Markus Schirmer pianojolea izango dira Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programaren protagonistak

Marie Jacquot zuzendari gaztea eta Markus Schirmer pianojolea izango dira Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programaren protagonistak

Vienako Sinfonikoko zuzendari gonbidatu nagusiak gaztetasuna eta heldutasuna aurrez aurre jartzen dituzten bi sorkuntzekin egingo du debuta Euskadiko Orkestrarekin: Mozarten ‘Pianorako 20. Kontzertua’ Markus Schirmer austriarraren interpretazioan eta Brucknerren ‘7. Sinfonia’.

Sarrerak salgai daude apirilaren 26tik maiatzaren 3ra ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako, 10 eta 38 euro bitartean.

Euskadiko Orkestrak ostiraletik aurrera 23/24 Kontzertu Denboraldiko hurrengo programa aurkeztuko du, ‘Mozart / Bruckner’ izenekoa. Kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostiralean, apirilak 26, Gasteizko Principal Antzokian; astelehenean, apirilak 29, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteartean, apirilak 30, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostegun eta ostiralean, maiatzak 2 eta 3, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Anton Brucknerren 7. Sinfonia Euskadiko Orkestraren azken aldiko historian nabarmendu den lan bat da: gure zuzendari titular Robert Treviñok lan horrekin egin zuen debuta 2016ko martxoan, eta harreman artistiko sendo bat abiarazi zuen horrela. Hala, orkestrak lorpen handiak erdietsi dituen aldi bat izan da, eta musika-une ahaztezinak eskaini dizkie euskal ikusleei. Orain, partitura paregabe hori Euskadiko Orkestraren atriletara itzuliko da, baina beste batuta baten zuzendaritzapean: Marie Jacquot, etorkizun handiko zuzendari gaztea, Frantziakoa. Vienako Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi gonbidatua eta, datozen denboraldietatik aurrera, Danimarkako Errege Operaren eta Koloniako WDR Orkestraren titularra.

Sinfonia honekin, behingoz, Brucknerrek nolabaiteko arrakasta lortu zuen nazioartean, 60 urte zituenean jada. Ospetsua da sinfonia hori idazten ari zela Felix Mottl musikagile eta zuzendariari bidali zion gutuna: «Bururatu zitzaidan maisua [Wagner] laster hilko zela agian, eta orduan Adagioaren gaia nigana etorri zen». Obraren iraupen amaigabea (70 minutukoa eta eragin wagneriar argikoa), Brucknerrek forma musikal handien bidez azaleratzen zuen espiritualtasun sakon baten zerbitzura jartzen da. 

Brucknerren lanean murgildu aurretik, Wolfgang Amadeus Mozarten Pianorako 20. Kontzertua entzungo dugu, tonalitate minorrean idatzi zituen bi kontzertuen artean lehenengoa. Mozartek 1785ean konposatu zuen, ospearen gailurrean zegoenean Vienan. Kontzertu horrek arrakasta lortu zuen estreinatu eta berehala, eta Mozartek berak solista lanak egin zituen, orkestra teklatutik zuzenduz. XIX. mendean, Mozarten pianorako kontzertu asko jotzeari utzi zitzaion, baina 20. Kontzertua salbuespena izan zen. Errepertorioan mantendu zen, eta, besteak beste, Hummel, Beethoven, Clara Schumann, Johannes Brahms eta Ferruccio Busoni pianojoleek sarritan jo zuten eta kadentziak idatzi zituzten kontzertu horretarako. Oraingoan Markus Schirmerrek joko du, austriar pianojole entzutetsu eta Grazeko Musika Unibertsitateko irakasleak. Jacquotek bezala, debuta egingo du Euskadiko Orkestraren Denboraldian.

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

Astelehena 15 Apirila, 2024

Arriaga Antzokiak eta Euskadiko Orkestrak Calixto Bieitok zuzendutako Rudi Stephanen 'Die ersten Menschen' operaren Estatuko estreinaldia egingo dute

Arriaga Antzokiak eta Euskadiko Orkestrak Calixto Bieitok zuzendutako Rudi Stephanen 'Die ersten Menschen' operaren Estatuko estreinaldia egingo dute

Arriaga Antzokiak, Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan, bere gain hartzen du opera honen ekoizpen exekutiboa, zeina, jatorrian,  Amsterdamgo Dutch National Operaren ekoizpen bat baita.

Calixto Bieito da eszena-zuzendaria eta Robert Treviño musika- zuzendaria, zeinak Euskadiko Orkestra osatzen duten 82 musikariak gidatuko baititu bere batutarekin.

Annette Dasch, Daniel Schmutzhard, Simon Neal eta John Daszak dira Rudi Stephanen pieza interpretatzen duten lau ahots bakarlari bikainak, zeinak erronka musikal handi bati egingo baitiote aurre.

Rebecca Ringst eszenografoak agertoki txundigarri bat sortu du Bibliako lehen familiaren istorioa gertatzen den paradisua berreraikitzeko, eszenatokia Arriagako besaulki patioraino sartuz.

Sarah Derendinger ikus-entzunezko artista ikuskizunarentzat aldez aurretik egindako bideo-irudi ikusgarriak sortzeaz arduratu da, eta zuzeneko bideosormen-lan batez ere arduratuko da, ikuskizunaren zuzeneko irudiak proiektatuz.

Arriaga   Antzokia   opera-eszenaren   epizentroan kokatzen da  berriz ere,  Die ersten Menschen (Lehen gizakiak)  operaren  Estatu mailako estreinaldiarekin: Rudi Stephan konpositore alemaniarraren opera bat da, Otto Borngräber-en libretoa duen konposizio bikain bat, zeinetan lehen familia biblikoaren istorioa, sexu-bulkadaren eta bizitza espiritualaren artekoa, kontatzen baitu. Horrez gain, Arriaga Antzokiak, Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan, bere gain hartu du ikuskizun liriko handi honen produkzio exekutiboa; jatorrizko produkzioa Amsterdamgo Dutch National Operak egin zuen, 2021ean.

Calixto Bieito arduratu da Die ersten Menschen operaren zuzendaritza eszenikoaz eta arlo musikala Robert Treviñok zuzentzen du, 82 musikarik osatutako Euskadiko Orkestra  bere batutaz gidatuz. Ahots-interpretazioa  nazioarteko  lehen  mailako  lau abeslarik egingo dute, zeinak ohikoak baitira munduko agertoki onenetan: Annette Dasch, Daniel Schmutzhard, Simon Neal eta John Daszak dira. Annette Dasch abeslari alemaniarra da jatorrizko ekoizpenean parte hartu zuen bakarra. Daniel Schmutzhard austriarrak eta Simon Neal eta John Daszak britainiarrek apirilaren 18an eta 20an Arriaga Antzokian eskainiko diren emanaldietan interpretatuko dituzte lehen aldiz Rudi Stephanek 1909 eta 1914 bitartean konposatutako pieza honen barruan dituzten rolak: zalantzarik gabe, erronka musikal handia da, oso exijentea, bai ahots bakarlarientzat, bai orkestrarentzat.

Aipatzekoa da, gainera, Euskadiko Orkestrak ikuskizun honetan duen egitekoa musikaren interpretazioaz harago doala. Orkestra eszenatokian bertan agertzen da, Die ersten Menschenen sinbologian txertatuta, eszenan marrazten den paradisu bibliko horren parte gisa, non Adam, Eva, Kain eta Abelek osatutako lehen familia biblikoa ikusi ahalko dugun. Zehazki, orkestra unibertso bihurtzen da eta musikari bakoitzak kosmoseko izar bat irudikatzen du.

Aipatzekoa da, halaber, musikaren eta muntaiaren beraren konplexutasuna direla eta, Robert Treviñoren batuta nagusiaz gain (hau abeslarien atzean egongo da), orkestran bigarren zuzendari laguntzaile baten parte-hartzea izango dugula, Roberto Baltar-ena, hain zuzen, zeina abeslarien sarrera musikalez bakarrik arduratuko baita.

 

 

Indar handiko eszenografia eta bideoak

 

Istorio  horren  konfigurazioa,  eszenan  gauzatzeari  dagokionez,  konplexua  da  eta Arriaga Antzokiak agertokiko espazioa bera egokitu behar izan du. Eszenografia Rebecca Ringstek sortu du, Calixto Bieitorekin lan egin ohi duen eszenografo ospetsuak, eta oso zeregin garrantzitsua izango du  Die ersten  Menschen operan. Eszenatokiaren hainbat metro besaulki patioan sartzen dira, ekintza integratu ahal izateko,   patioaren   eserleku   kopurua   murriztuz.   Izan   ere,   Arriaga   Antzokiaren berezitasun  teknikoak  direla  eta,  ikusleek  askoz  hurbilagotik  jasoko  dute eszenatokiaren   gainean   gertatzen   dena,   Holandako   jatorrizko   ekoizpenarekin alderatuta, eta horrek mesede egingo dio interpretatzen den istorio bizi eta zapaltzaileari.

Aipamen berezi bat merezi du halaber Sarah Derendinger ikus-entzunezko sortzailearen ekarpenak. Ohiko kidea da Bieitoren  lantaldeetan, eta  artistikoki oso txundigarriak diren bideoak grabatu ditu, edertasun estetiko handikoak, eszenaratzeari indar bisual handia emanez. Horrez gain, zuzeneko bideosormen-lan bat ere diseinatu du, eszenatokiaren gainean gertatzen diren ekintzak grabatzen dituzten bi kamerarirekin,  eta  zuzenean  grabatu  eta  proiektatzen  duen  kamera  finko  zenital batekin.

Sortzaileen taldean daude, halaber, ikuskizuneko jantzien diseinatzaile Ingo Krügler eta argiztapenaren diseinuaz arduratu den Michael Bauer.

 

 

Pieza honi buruz

 

Die ersten Menschen paisaia primitibo zabal batean gauzatzen da. Bertan, Lurreko lehen familiak ezin du elkarren arteko borroka saihestu. Eva Adamengandik urrun sentitzen da, eta faltan botatzen ditu gaztetako urteak. Kain eta Abel semeek ikuspuntu oso desberdinak dituzte bizitzari buruz. Kain naturatik gertu sentitzen da eta sexu- desioz beteta dago; Abel, berriz, erlijio-sinesmenen arabera bizi da eta seme perfektuaren rola betetzen du. Kainek amarengan ikusten du bilatzen aritu den emakumearen arketipoa, eta jeloskor dago amak Abelekiko duen maitasunaz. Bekaizkeriak eraginda, anaia hilko du. Bakarrik gelditzean, gizateriari zer datorkion ulertuko dute Adamek eta Evak.

Lurreko lehen bi gizakiak elkarrekin maiteminduta zeuden. Hirugarren gizonak laugarrena hil egin zuen. Die ersten Menschenek gizateriaren historia kontatzen du Bibliako lehen familian oinarrituz: Adam, Eva, Kain eta Abel dira protagonistak.  Die ersten Menschenen, ikuspegi erabat ezberdinetik interpretatzen da Bibliako historia ezaguna. Otto Borngräber (1874-1916) alemaniar egileak «Erotisches Mysterium» (Misterio erotikoa) azpititulua jarri zion bere lan batean oinarrituta sortu zuen libretoari.

Bibliako   historiaren   interpretazio   sinboliko   hura   bere   garaian   goia   jo   zuen psikoanalisian oinarritu zen, argi eta garbi: Freud entzuten da hondoan. Borngräberrek erakusten  du  familia  primitiboa  urratuta  dagoela  bi  muturren  arteko  tentsioagatik; aurrez aurre daude, alde batetik, sexu-bulkada eta bizitza gutiziatsua eta, bestetik, espiritualtasunari eskainitako bizitza. Familiaren zirkulu estuan, bizitzaren bi ikuspegi erabat desberdin irudikatzen dituzte bi anaiek. Istorioaren izaera erotiko eta intzestuzkoak eztabaida handia eragin zuen obrak argia ikusi zuenean.

Osteguna 11 Apirila, 2024

Euskal Herriko Gazte Abesbatza izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskal Herriko Gazte Abesbatza izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Garai eta estilo ezberdinetako abestiz osaturiko programa eratu du euskal abesbatzak, berpizkunde garaitik abiatu eta XXI. mendera arte. Kontzertua larunbatean izango da, apirilak 13, 11:00etan, Miramonen, eta sarrerak bukatuta daude dagoeneko.

Larunbat honetan, apirilak 13, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Euskal Herriko Gazte Abesbatzak ‘Bihotzak su’ izeneko kontzertua eskainiko du. Abesbatza Esteban Urzelaik zuzentzen du, eta zuzendari laguntzaile lanetan Xabier Mendez aritzen da. Ainhoa Izagirre eta Alazne Lopez arituko dira ahots-bakarlari paperean eta Amaia Zipitria jarriko da pianoan.

Euskal Herriko Gazte Abesbatza 2016an sortu zen Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak bultzatuta, goi mailako proiektu pedagogiko gisa, Euskal Herriko 40 gazte ahotsekin. Gazte abesbatza honen helburuak izan dira, hasieratik, euskal kultura gazteei hurbiltzea, gazteen selekzio honi eskakizun profesionaleko esperientzia paregabea eskaintzea, gure kulturaren enbaxadore izatea Euskal Herrian eta gure mugetatik haratago, maila oso altuko multzo batekin. Baina, batez ere, Euskal Herriko gazteen abesbatzentzat erreferentzia korala izatea eta beren dinamikan pizgarri izatea.

Abesbatzak biurteko ziklo berri bat (2024-2025) abiatu du aurten eta abeslari berri ugarik egin dute bat taldearekin. Azken hilabeteetan eginiko lana Matinée honetan taularatuko dute.

Garai eta estilo ezberdinetako abestiz osaturiko programa eratu du abesbatzak, berpizkunde garaitik abiatu eta XXI. mendera arte. ‘Maitasuna’-ren ideiaren inguruan osatu du programa abesbatzak, zentzurik zabalenean, interpreteen zein publikoaren gozamenerako: musikarekiko maitasuna, bizitzarekikoa, maitasun sutsua, esperantzaz betea, maitasun zoroa…

Honako obra hauek interpretatuko ditu abesbatzak kontzertuan:

  • Alexandre Lesbordes: Kantuz
  • Thomas Morley: Fyer, fyer
  • Joseph Haydn: Alles hat seine Zeit
  • Anton Bruckner: Ave Maria
  • Knut Nystedt: Immortal Bach
  • Silvio Rodríguez: Locuras
  • Pablo Sorozabal: Nahi zuya jin
  • Zane Randall Stroope: The Pasture
  • Eva Ugalde: Egun berria
  • Ivo Antognini: There Will Come Soft Rains
  • Ken Steven: Dawn and Dusk
  • Iker González: Isildu nahi ez den hura

Kontzertu honetarako sarrerak bukatu egin dira.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Osteguna 21 Martxoa, 2024

Aeolia Ensemble izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Aeolia Ensemble izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestraren bost kidek osatutako taldeak askotariko errepertorioa eskainiko du, Jongen, Debussy, Takemitsu eta Tournierren obrekin. Kontzertua larunbatean izango da, martxoak 23, 11:00etan, Miramonen, eta sarrerak salgai daude 11 eurotan.

Larunbat honetan, martxoak 23, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Aeolia Ensemblek ‘Fauno baten bidaia’ izeneko kontzertua eskainiko du. Euskadiko Orkestrako bost kidek osatzen dute taldea: Anne-Marie Harmat (biolina), Maite Abasolo (biola), Jon Larraz (biolontxeloa), Helene Billard-Alirol (flauta) eta Ivan Bragado (harpa).

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Greziar eta erromatar mitologiatik datorren faunoaren irudiak, erdi gizaki eta erdi animalia formarekin, sentsualitatea eta erotismoa biltzen ditu, eta gizateria eta natura lotzen ditu. Inspirazio-iturri izan da artistentzat historian zehar, batez ere irudimena, fantasia eta gizabanakoaren barne-mundua aztertzen dituzten lanetan. Hori da Stephane Mallarmeren Prélude à l’après midi d’un faune poemaren kasua, Claude Debussyren musika-konposizio ospetsua inspiratu zuena. Matinéean joko duten lan honetan, faunoa izaki sentsual gisa erretratatzen da, naturarekin, emankortasunarekin eta bizitzaren ospakizunarekin lotuta.

Joseph Jongenen Danse Lente konposizio delikatu eta lirikoa da, dotorezia eta edertasun melodikoagatik nabarmentzen dena. Pieza lasaia eta kontenplatiboa da. Egile berarena den Deux Pièces en Trio obrak, fintasunaren ildotik jarraitzen duen arren, jai-giroko mugimendu oso bizkor eta bertutetsu bat ere badu.

Toru Takemitsu, japoniar musika tradizionala eta mendebaldeko musika garaikidea fusionatzearen aitzindaria, Emily Dickinsonen izen bereko poemaz baliatu zen bere trioa konposatzeko: And Then I Knew t 'Was Wind (‘Eta orduan jakin nuen haizea izan zela’). Naturarekin lotutako une musikala da, eta epifania bat iradokitzen du, haizeak mezu transzendental bat eramango balu bezala.

Marcel Lucien Tournierren Suitearekin —bere ikuskera tekniko hutsean birtuosismoari uko egiten dion kinteto atipikoa— dotorezia, sentsualitate eta naturarekiko kultu hau amaituko da.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Astelehena 18 Martxoa, 2024

Prokofieven ‘Alexander Nevski’-k Donostiako Orfeoia igoko du eszenatokira Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertuetan

Prokofieven ‘Alexander Nevski’-k Donostiako Orfeoia igoko du eszenatokira Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertuetan

Saskia Venegas musikagile euskal-belgikarrak ‘At the Aegean Shores’ lanarekin emango dio hasiera programari. Mediterraneoko itsasertzetako draman du jatorria obrak.

Pablo Gonzalezek zuzenduko duen kontzertu-programa berria martxoaren 20 eta 22 bitartean egingo da Donostia eta Iruñean, eta sarrerak salgai daude.

Euskadiko Orkestraren 23/24 Denboraldiko programarik zailenetako bat iritsi da. Gizakiaren, giza ideien eta giza bizipenen gainekoa izango da programa, eta mundua ulertzeko orduan artea gizakiaren aliatu nola bilakatzen den ere landuko du. Kontzertuak izango dira asteazken eta ostegunean, martxoak 20 eta 21, Donostiako Kursaal Auditoriumean; eta ostiralean, martxoak 22, Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

2016ko uda Lesboseko errefuxiatuen esparruan boluntario gisa lanean pasatu ondoren idatzi zuen Saskia Venegasek At the Aegean Shores (‘Egeo itsasoaren ertzean’) izeneko poema sinfonikoa. Han ikusitako krisi humanitarioak eragindako zirrararekin eman zion forma obra programatiko honi. Hasieran, gomazko txalupa bat irudikatzen du, modu arriskutsuan gainkargatua, Turkia eta Lesbos bereizten dituen ur-korronte zurrunbilotsuan barrena. At the Aegean Shores salaketa-obra gordina da, baina uzten die lekua gizakiarenganako esperantzari eta fedeari ere. «Gizarte gisa, lazturatik ihes egiten duten horiek guztiak gure artean txertatzeko eta hartzeko gai izango garela espero dut, etorkizunean ‘Nahiago nuke egin izan bagenu...’ esan beharrik ez izateko», esan du Venegasek.

Itsasoa tragedia-sortzailea da Benjamin Brittenen Peter Grimes operan ere. Kontzertu honetan interpretatuko diren Lau itsas interludioek leku nabarmena eskuratu zuten errepertorio sinfoniko britainiarrean, azkar batean. Peter Grimes laneko itsasoari buruzko esku-hartze sinfonikorik distiratsuenak jasotzen dituzte horiek, orkestrako suite gisa.  

Giza dramei buruzko sarrera honen ondoren, musikaren bidez hain ongi adierazia, Sergei Prokofieven Alexander Nevski lan ikusgarria dator. Kantata hau konpositoreak Alexander Nevskiren (Novgorodeko printzea, XIII. mendean suediarren eta teutoien inbasioari uko egin ziona) inguruan Sergei Eisensteinen izen bereko filmerako sortu zuen soinu-bandaren eszenatokietarako moldaketa da. Sergei Eisensteinen Alexander Nevski filmak arrakasta itzela izan zuen, baita izen bereko kantataren estreinaldiak ere, 1939ko maiatzean. Kantatak oso gertutik jarraitzen ditu filmeko gertakariak eta haren narratiba. Hasieran oldarkorra da musika, mongoliarren zapalketaren krudeltasuna eta errusiarren sufrimendua islatzeko. Alexandro Nevskik Pskoven egin zuen sarrera arranditsuarekin amaitzen da kantata, eta bertan, abesbatzak bere distira osoan agurtzen du.

Kantata honetan hain garrantzitsuak diren ahots-zatiak Donostiako Orfeoiak abestuko ditu, obra hau hamaika aldiz interpretatu baitu eta bere aurkezpen-karta egin baitu. Obra honetan abesbatzaren prestakuntza Alfonso Huarte zuzendariak egin du. Ahotsen taldea osatzeko, hasiera batean programatuta zegoen Olesya Petrovaren ordez Alisa Kolosova mezzosopranoa izango dugu, bere belaunaldiko abeslari errusiar laudatuenetako bat, Milango Teatro alla Scala edo Salzburgoko Jaialdia bezalako eszenatoki garrantzitsuetan aritu dena.

Pablo Gonzalezek, nazioarteko proiekziorik handiena duten Espainiako zuzendarietako batek, zuzenduko du kontzertu-programa hau.

Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.

Orriak