Prokofieven ‘Alexander Nevski’-k Donostiako Orfeoia igoko du eszenatokira Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertuetan

Saskia Venegas musikagile euskal-belgikarrak ‘At the Aegean Shores’ lanarekin emango dio hasiera programari. Mediterraneoko itsasertzetako draman du jatorria obrak.
Pablo Gonzalezek zuzenduko duen kontzertu-programa berria martxoaren 20 eta 22 bitartean egingo da Donostia eta Iruñean, eta sarrerak salgai daude.
Euskadiko Orkestraren 23/24 Denboraldiko programarik zailenetako bat iritsi da. Gizakiaren, giza ideien eta giza bizipenen gainekoa izango da programa, eta mundua ulertzeko orduan artea gizakiaren aliatu nola bilakatzen den ere landuko du. Kontzertuak izango dira asteazken eta ostegunean, martxoak 20 eta 21, Donostiako Kursaal Auditoriumean; eta ostiralean, martxoak 22, Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
2016ko uda Lesboseko errefuxiatuen esparruan boluntario gisa lanean pasatu ondoren idatzi zuen Saskia Venegasek At the Aegean Shores (‘Egeo itsasoaren ertzean’) izeneko poema sinfonikoa. Han ikusitako krisi humanitarioak eragindako zirrararekin eman zion forma obra programatiko honi. Hasieran, gomazko txalupa bat irudikatzen du, modu arriskutsuan gainkargatua, Turkia eta Lesbos bereizten dituen ur-korronte zurrunbilotsuan barrena. At the Aegean Shores salaketa-obra gordina da, baina uzten die lekua gizakiarenganako esperantzari eta fedeari ere. «Gizarte gisa, lazturatik ihes egiten duten horiek guztiak gure artean txertatzeko eta hartzeko gai izango garela espero dut, etorkizunean ‘Nahiago nuke egin izan bagenu...’ esan beharrik ez izateko», esan du Venegasek.
Itsasoa tragedia-sortzailea da Benjamin Brittenen Peter Grimes operan ere. Kontzertu honetan interpretatuko diren Lau itsas interludioek leku nabarmena eskuratu zuten errepertorio sinfoniko britainiarrean, azkar batean. Peter Grimes laneko itsasoari buruzko esku-hartze sinfonikorik distiratsuenak jasotzen dituzte horiek, orkestrako suite gisa.
Giza dramei buruzko sarrera honen ondoren, musikaren bidez hain ongi adierazia, Sergei Prokofieven Alexander Nevski lan ikusgarria dator. Kantata hau konpositoreak Alexander Nevskiren (Novgorodeko printzea, XIII. mendean suediarren eta teutoien inbasioari uko egin ziona) inguruan Sergei Eisensteinen izen bereko filmerako sortu zuen soinu-bandaren eszenatokietarako moldaketa da. Sergei Eisensteinen Alexander Nevski filmak arrakasta itzela izan zuen, baita izen bereko kantataren estreinaldiak ere, 1939ko maiatzean. Kantatak oso gertutik jarraitzen ditu filmeko gertakariak eta haren narratiba. Hasieran oldarkorra da musika, mongoliarren zapalketaren krudeltasuna eta errusiarren sufrimendua islatzeko. Alexandro Nevskik Pskoven egin zuen sarrera arranditsuarekin amaitzen da kantata, eta bertan, abesbatzak bere distira osoan agurtzen du.
Kantata honetan hain garrantzitsuak diren ahots-zatiak Donostiako Orfeoiak abestuko ditu, obra hau hamaika aldiz interpretatu baitu eta bere aurkezpen-karta egin baitu. Obra honetan abesbatzaren prestakuntza Alfonso Huarte zuzendariak egin du. Ahotsen taldea osatzeko, hasiera batean programatuta zegoen Olesya Petrovaren ordez Alisa Kolosova mezzosopranoa izango dugu, bere belaunaldiko abeslari errusiar laudatuenetako bat, Milango Teatro alla Scala edo Salzburgoko Jaialdia bezalako eszenatoki garrantzitsuetan aritu dena.
Pablo Gonzalezek, nazioarteko proiekziorik handiena duten Espainiako zuzendarietako batek, zuzenduko du kontzertu-programa hau.
Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.
Euskadiko Orkestrak ekainaren 18ra atzeratu du bihar Iruñeko Baluarten eman behar zuen kontzertua

Bihar, asteartea, martxoak 12, greba deialdia egin da euskal sektore publikoan. Jarraipen zabala aurreikusten denez eta, ondorioz, kontzertu hau egitea ezinezkoa izango denez, orkestrak ekainaren 18ra atzeratzea erabaki du.
Bihar, asteartea, martxoak 12, greba deialdia egin da euskal sektore publikoan. Jarraipen zabala aurreikusten denez eta, ondorioz, bihar Iruñeko Baluarten programatuta dagoen 'Rakhmaninov / Strauss' kontzertua egitea ezinezkoa izango denez, orkestrak ekainaren 18ra atzeratzea erabaki du. Horri esker, Denboraldi honetan Federico Colli pianojole handiaren maisutasunaz gozatu ahal izango dugu errepertorioko obrarik ezagun eta zailenetako baten interpretazioan: Rakhmaninoven Pianorako 2. Kontzertua. Aurrerago, kontzertu honen bigarren zatia nola osatuko den baieztatuko dizuegu.
Kontzertu honetarako erositako sarrerek indarrean jarraituko dute ekainaren 18rako. Egun horretan joan nahi ez dutenek Euskadiko Orkestran eskatu ahal izango dute itzulketa 943 01 32 32 telefonora deituz edo abonatuak@euskadikoorkestra.eus posta elektronikora idatziz.
Baluarteko hurrengo musika-hitzordua martxoaren 22an izango da, ‘Venegas/Prokofiev’.
Informazio gehiago
'Rakhmaninov / Strauss' kontzertuen fitxaEmilia Hirukotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat eginez, Euskadiko Orkestrak programatu duen hurrengo Matinéea hiru emakumezko interpretek eskainiko dute, eta Mathilde Kralik eta Dora Pejacevic emakume musikagile Erromantikoen obrak joko dituzte bertan. Kontzertua larunbatean izango da, martxoak 9, 11:00etan, Miramonen, eta sarrerak salgai daude 11 eurotan.
Larunbat honetan, martxoak 9, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Emilia Hirukoteak ‘Emakume musikagile Erromantikoak’ izeneko kontzertua eskainiko du. Euskadiko Orkestrako bi kide daude taldean, Laura Balboa (biolina) eta Beatriz Linares (biolontxeloa), eta Itxaso Sainz de la Mazak osatzen du hirukotea pianoan.
Mathilde Kralik austriar konpositoreak ekarpen nabarmena egin zion musika-errepertorioari. Pianodun trioa, 1880 urtean konposatua, ganbera musikako bere obrarik aipagarrienetako bat da. Piezak pianoa, biolina eta biolontxeloa biltzen ditu, eta Kralikek melodia lirikoak eta harmonia espresiboak ehuntzeko zuen trebetasuna islatzen du. Trio honek, bereziki, instrumentuen artean ehundura musikal aberatsa eta orekatua sortzeko duen trebetasuna erakusten du, adierazkortasun grinatsutik gogoeta-aldarteraino alda daitezkeen mugimenduekin. Bere ospea Lehen Mundu Gerraren ondoren murriztu bazen ere, Kraliken obrarekiko interesak berpizkunde berriagoa izan du, eta horrek musika-eszenan izan zuen garrantzia nabarmendu du.
Dora Pejacevic Kroaziako konpositoreak XX. mendeko Erromantizismoa eta modernitatea uztartzen dituzten obren ondare musikal bereizgarria utzi zuen. Melodia aberatsak eta harmonia adierazkorrak ditu ezaugarri, eta bere konposizioek naturarekiko eta emozioekiko lotura sakona erakusten dute. Kroazian sinfonia bat konposatu zuen lehen emakumea izan zen, Sinfonia fa sostenitu minorrean, forma sinfonikoa maisutasunez islatzen duen lan monumentala. Pejacevicek ganbera-musikako generoan duen maisutasuna ere erakutsi zuen Matinée honetan entzungo den Pianodun trioa lanarekin. 1917an konposatua, trio honek konpositore kroaziarraren sakontasun emozionala eta trebetasun tekniko bereizgarria erakusten ditu.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Zapore italiarra izango du Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programak

Italiako artisten tandem bikain batek, Federico Colli pianistak eta Riccardo Frizza zuzendariak osatuak, piano-errepertorioko obrarik ezagun eta zailenetako bati aurre egingo dio: Rakhmaninoven ‘Pianorako 2. Kontzertua’. Kontzertuen bigarren zatian, Alpeez bestaldeko herrialdeari eskainitako Richard Straussen ‘Aus Italien’ poema sinfonikoa joko du orkestrak.
Sarrerak salgai daude martxoaren 8tik 13ra izango diren kontzertuetarako, 10 eta 38 euro bitartean.
Euskadiko Orkestrak ostiraletik aurrera 23/24 Kontzertu Denboraldiko seigarren programa aurkeztuko du, ‘Rakhmaninov / Strauss' izenekoa. Opera italiarreko espezialista ospetsu Riccardo Frizzak zuzenduko ditu kontzertuak, eta kasu honetan errepertorio sinfonikoarekin duen trebetasuna erakutsiko du. Datozen egunetan izango dira: ostiralean, martxoak 8, Donostiako Kursaal Auditoriumean; larunbatean, martxoak 9, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehenean, martxoak 11, berriz Donostiako Kursaal Auditoriumean; eta asteazkenean, martxoak 13, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Abonu Denboraldiko aurreko programan ezohiko Rakhmaninov bat entzuteko aukera izan genuen, haren 3. Sinfoniarekin. Euskadiko Orkestraren Denboraldiko seigarren programak, berriz, konpositore errusiarraren sorkuntza paradigmatikoa ekarriko digu: Pianorako 2. Kontzertua, pianorako errepertorioko lanik ezagunenetako eta zailenetako bat. Obra honek gainditze-istorio aparta du atzean, 1. Sinfoniaren 1897ko estreinaldi katastrofikoarekin lotuta. Aurkezpen hartako zuzendaria, Alexander Glazunov, oso mozkor zegoen, antza denez, eta guztiz desitxuratu zuen obra, baina kritikariek, zuzendariaren aurka egin ordez, anker jokatu zuten sinfoniarekin. Rakhmaninov traumatizatuta geratu zen eta depresio sakon batean murgildu zen; terapia egin ondoren baino ez zuen lortu blokeoa gainditzea. Sendatu ondoren, azkar lan egin zuen haren pianorako kontzertu berrian, eta 1901eko urrian estreinatu zuen osorik, Moskuko Orkestra Filarmonikoarekin, eta Rakhmaninov bera pianoan zela. Testigantzen arabera, izugarrizko arrakasta izan zuen; publikoa berotu egin zen, eta minutu luzez egin zuen txalo. Eta arrakasta hura gaur egunera arte luzatu da, errepertorioko pianorako kontzertuen artetik gehien programatzen denetako bat izaten jarraitzen baitu. Obra hau Billy Wilderren The Seven Year Itch filmeko eszena ospetsuenetako baten protagonista ere bada, Marilyn Monroe eta Tom Ewell pantailan direla. Gure kontzertuetan, solista paperean Federico Colli izango dugu, Salzburgoko eta Leedseko lehiaketen irabazlea, eta haren belaunaldiko pianojole irudimentsuenetako bat.
Kontzertuen bigarren zatia Alpeez bestaldeko herrialdeari eskainita egongo da, izan ere, Richard Straussen Aus Italien poemak bidaian eramango gaitu Erromako hondakinetara, Sorrentoko hondartzetara eta Napoliko kaleetara, Funiculì, Funiculà-ren gisako doinu ospetsuekin.
Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.
Belharra zortzikotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestraren zortzi musikariz osatzen den taldeak Dvorak eta Françaixen obrak interpretatuko ditu larunbat honetan, otsailak 24, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.
Larunbat honetan, otsailak 24, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Belharra taldeak ‘Erromantizismo modernoa’ izeneko kontzertua eskainiko du. Taldea orkestrako zortzi kidek osatzen dute: Anne-Marie Harmat (biolina), Itziar Prieto (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola), Pascale Michaud (biolontxeloa), Mehmet Sonmez (kontrabaxua), Sara Zufiaurre (klarinetea), Anne Charlotte Lacroix (fagota) eta Marcos Cruz Pardeiro (tronpa).
Belharrak Miramongo Matinée berri hau Antonin Dvoraken Harirako 2. Kintetoarekin hasiko du. Obra honekin Wagner eta Alemaniako Erromantikoen eraginetik urruntzen hasi zen, bere obran nonahikoa baitzen, eta txekiar inspirazio nazionalera itzuli zen. Obra 1875ean konposatu zuen ganbera-musikako lehiaketa baterako, Pragako Zirkulu Artistikoa erakundeak babestua. Epaimahaiak saria eman zion “bereizketa tematikoagatik, konposizio polifonikoan trebetasun teknikoa erakusteagatik eta forma menperatzeagatik”, baita “instrumentuak ondo ezagutzeagatik” ere. Jatorrizko lanak bost mugimendu bazituen ere, Dvorakek Intermezzo izeneko bigarren mugimendua kendu zuen geroago, obra luzeegia eta motelegia izan ez zedin. Lau mugimenduko lan gisa, behin betiko bertsioan, 1888an argitaratu zuen Simrockek.
Bigarren zatian, 1912an jaiotako eta normalean haizezko instrumentuetarako konposatu ohi zuen Jean Françaix konpositore frantziarraren obra bat entzungo da. Klasizismo xarmangarria duela esan ohi da, baita idazkera fin eta dotorea duela ere. Francis Poulenc bere lagunak bezala, musika “gozatzeko” helburuarekin idazten zuen. Kontzertu honetan entzungo den Klarinete, tronpa, fagot, bi biolin, biola, biolontxelo eta kontrabaxurako oktetoa 1972an konposatu zuen Willi Boskovskiren enkarguz. Boskovski urte askoan Vienako Filarmonikako kontzertinoa izan zen eta orkestraren Urteberriko Kontzertuetako liderra ere bai 80ko hamarkadaren hasierara arte. Boskovski Vienako Zortzikotearen sortzailea ere izan zen, eta ganbera-talde honentzat eskatu zuen obra hau. Françaixek “Franz Schuberten memoriari” eskaini zion oktetoa.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Chillidari gorazarrea Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programan

Joan den astean Austriako Linz eta Salzburgo hirietan egin zuen bira arrakastatsuaren ondoren, Euskadiko Orkestrak Kontzertu Denboraldiari ekingo dio berriro mugarri berri batekin, Antonio Lauzurikaren ‘Chillida-Elogios’ lanaren estreinaldia, Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena omentzeko enkargatutakoa. Haydn eta Rakhmaninoven sinfonia banak osatuko du Robert Treviñok zuzendutako programa hau.
Sarrerak salgai daude otsailaren 15etik 21era ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako, 10 eta 38 euro bitartean.
Euskadiko Orkestrak ostegunetik aurrera 23/24 Kontzertu Denboraldiko bosgarren programari aurre egingo dio, ‘Lauzurika / Rakhmaninov’ izenekoa. Robert Treviño titularrak zuzenduko dituen kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostegun eta ostiralean, otsailak 15 eta 16, Donostiako Kursaal Auditoriumean; astelehenean, otsailak 19, Gasteizko Principal Antzokian; asteartean, otsailak 20, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta asteazkenean, otsailak 21, Bilboko Euskalduna Jauregian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Efemeride garrantzitsu batek markatzen du Denboraldiko bosgarren programa: Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena, zeinarekin Euskadiko Orkestrak bat egin nahi izan duen sorkuntza musikalaren bidez. Eskultorearen omenez, Euskadiko Orkestrak Chillida-Elogios enkargatu dio Antonio Lauzurikari; Bernaolak Gasteizen sortutako konposizio-eskolan ikasi zuten egileen artetik garrantzitsuenetako bat da Lauzurika. Obrak SGAE fundazioaren eta AEOS-en (Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkartearen) babesa jaso du.
Antonio Lauzurikak askotariko subjektuek inspiratutako obrak idatzi ditu: landareak, gau lasaiaren soinu-paisaia, bidaiatzearen inguruko filosofia, astroen mugimendua edo sugarrak kristalen gainean sortzen duen isla. Chillida-Elogios lanean, Chillidaren lanak iradokitzen diona pentagrametara pasatzean, honakoa izan da Lauzurikaren helburua: “Oso desberdinak diruditen baina horren ez desberdinak ez diren bi munduren arteko elkarrizketa bat sortzea. Espazioa, muga, masa, eskala, grabitatea, gainazala, dentsitatea, ehundura... Ideia horiek partitura honetan presente daude”.
Obra lau mugimendutan banatu da eta mugimendu bakoitza ‘elogio’ edo ‘gorazarre’ baten gisara aurkezten da. Hitz hori behin eta berriz agertzen da Chillidaren lanetan eta Lauzurikari eskultorearen artearen alderdi jakin batean zentratzeko balio izan dio terminoak. Esaterako, hirugarren mugimenduaren izena Burdinaren eta altzairuaren gorazarrea da, eta Chillidak material horiek erabilita sortutako lan sorta handian eta boteretsuan oinarritzen da. Lauzurikaren hitzetan, “mazoak burdinaren kontra jotzean sortzen den soinuaren, hau da, galdategi bateko soinuaren bariazioetan oinarrituta dago, neurri handi batean, mugimendu honen garapena”. Esplorazio horretan gehiago sakontzeko, perkusionistek jotzen dituzten tresnetako batzuk burdinazko piezak dira, Legazpiko Chillida Lantokitik ekarritakoak. Bere garaian pieza horiekin lan egin zuen eskultoreak berak.
Erabateko estreinaldi horren testuinguruan, Robert Treviñok zeharo desberdinak diren bi obra zuzenduko ditu. Lehenengoa Joseph Haydnen Zortzigarren Sinfonia da, egileak berak ‘Gaua’ ezizena jarri ziona, eta trilogia bat osatu zuen 1761ean konposatutako Seigarren Sinfoniarekin (‘Goiza’) eta Zazpigarren Sinfoniarekin (‘Eguerdia’) batera; hala, eguneko aldien aldarteak islatzen dituzte trilogiako lanek. Sergei Rakhmaninoven Hirugarren Sinfoniari dagokionez, eta bere obraren zati handi batean bereizgarri den hipererromantizismo bihurgunetsuarekin gertatzen den ez bezala, errusiarraren lanik klasiko eta baikorrenetakotzat jotzen da, batez ere alaitasuna eta umorea transmititzen dituen hirugarren mugimendu batengatik. Era berean, publikoari Rakhmaninovengandik gustatzen zaion guztia du sinfonia honek: melodia zabalak (indar adierazkor guztia ateratzen die eta une giltzarrietarako gordetzen ditu), orkestrako kolore ederrak eta ageriko sentimentaltasuna.
Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.
Euskadiko Orkestraren ‘Boleroak’ Salzburgo liluratu du

Ravelen 'Bolero' 'Basque National Orchestra'-k Salburgoko Denboraldian aurkeztu behar zituen programen baitan erakargarritasun gehien zuen obra zen, eta interes handia piztu zuen, baina espero baino harrigarriagoa izan da publikoaren erantzuna, orain arte hirian orkestrak eman dituen bi kontzertuetan aretoa ia betetzeraino iritsi baita.
Gaur amaituko da orkestraren Austriako bira arrakastatsu hau Salzburgon egingo den hirugarren eta azken kontzertuarekin. Honetan ere sarrera guztiak saldu dira.
Linzeko Brucknerhausen lehen kontzertu bat eta Salzburgoko Grosses Festspielhausen beste bi eman ondoren, Euskadiko Orkestrak amaitutzat emango du gaur Austriako lurretan egiten ari den bira arrakastatsua, Mozarten jaioterriko areto handian eskainiko duen azken hitzordu batekin.
Salzburgoko lehen egunean sumatu zen arrakasta, Reinhold Gliereren Harparako kontzertuarekin, Xavier de Maistre bakarlari frantsesaren esku magikoetan, eta Dmitri Xostakovitxen Hamargarrenarekin. Baina atzo, otsailak 8, garaipena nabarmena izan zen Euskadiko Orkestra eta Robert Treviño titularrak Ravel hautatu zutenean programaren plater nagusi gisa. Jakina da Ziburuko konpositoreari eskainitako azken bi grabazioek arrakasta handia lortu dutela mundu osoan zehar. Sekretua honakoa izan da: orkestrak Ravel bere begirada propioaz aurkeztu du, bere alderik euskaldunena nabarmenduz. Kontzertuaren lehen zatian Bizeten Carmenen lehenengo suitea eta Maistrek maisutasunez Alberto Ginasteraren Harparako kontzertua eskaini ondoren, Euskadiko Orkestrak eta Treviñok Salzburgoko Grosses Festspielhausen Ravelen Alborada del gracioso, Rapsodie espagnole eta Pavane pour une infante défunte interpretatu zituzten, Boléro ospetsu eta unibertsalera iritsi arte. Eta azken obra honetan orkestrak dena eman zuen, Ravelen kapritxoei erantzunez, familia instrumental ezberdinek partiturak markatzen duen in crescendo hori gorenera emanez.
Txalo-zaparrada handia entzun zen areto osoan minutu luzez, Thomas Heissbauer programatzailearen zorionerako. Hau esan zuen berak kontzertua amaitzean: “ez da batere ohikoa hain publiko apartaren erantzun hori. Garrantzitsua eta interesgarria da hirira hain ezagunak ez diren beste kultura eta orkestra batzuk ekartzea, maila handia ematen baitute eta beren herrialdeetako enbaxadore handi bihurtzen baitira”. Ildo beretik mintzatu zen Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea ere, Salzburgoko lehen bi kontzertuetan egon zena: “Oso harro nago euskalduna naizelako eta Euskadi ordezkatzen duzuelako —esan zion orkestra osoari arratsaldeko entseguan— oso zirraragarria izaten ari da; kultur enbaxadore handiak izaten ari zarete”.
Robert Treviñok eta Oriol Rochek zorion-mezuak jaso zituzten bertaratutako publikoaren aldetik. Orkestrak eskaini zituen hiru bisek ikusentzuleen interesa piztu zuten, zalantzarik gabe: Jesus Guridiren Hamar euskal melodiatako Amorosa, Brahmsen bosgarren Hungariar dantza eta Geronimo Gimenezen Luis Alonsoren ezteien pausaldia.
Linz, Danubioren ibaiertzean
Euskadiko Orkestrak otsailaren 6an, asteartea, eman zion hasiera Austriako birari Linzeko Brucknerhaus aretoan. Linz Brucknerren lurraldea da, baita musika tradizio handikoa ere. Bere aretoak Europako akustika onenetako bat dauka eta bertan, Danubio ibaiaren ertzean, Ravelen katalogo zabal bat entzun ahal izan zen, baita Ginasteraren Harparako kontzertua ere, berriz ere Xavier de Maistre harpajole frantziarraren eskuetan, bidaide izan duguna bira osoan barrena.
Salzburgo, Mozarten baimenarekin
Gaur Euskadiko Orkestrak programa errepikatuko du Salzburgon, Ravelen Bolero plater nagusitzat hartuta. Eta, horrekin, maila eta exijentzia handiko nazioarteko bira berri bati amaiera emango dio. Bira honetara musika klasikoaren tokirik garrantzitsuenetako batean aurkezteak eskatzen duen errespetuarekin iritsi ziren orkestraren musikariak, eta maila bikaina eman dute. Salzburgok hainbat superlatibo biltzen dituela jakina da, izan ere, munduko hiririk ezagunenetakoa eta garrantzitsuenetakoa da artistikoki eta kulturalki. Wolgang Amadeus Mozarten sorlekua da, historiako musikari garrantzitsu eta garrantzitsuenetako bat, eta munduko musika klasikoko jaialdi jendetsu eta garrantzitsuenetako bat hartzen du bere baitan. Jaialdi hau kontzertu-areto bikain batean ospatzen da, Grosses Festspielhaus (Jaialdien Etxe Handia), Mönchsberg mendiaren hegal ikusgarriari irabazitakoa eta 100 metroko zabalerarekin munduko handienetako bat den kutxa eszeniko handi bat duena. Gainera, hiria Gizateriaren Kultur Ondare izendatu dute.
Euskal zuhaitz bat Austriako basoetan
Grosses Festspielhaus aretoak 2.200 lagunentzako lekua du. Hiru hitzorduak batuta, sei mila lagunek baino gehiagok entzungo dute Euskadiko Orkestra Salzburgora egindako bisita honetan (zazpi mila inguru, Linzeko publikoa gehituz gero). Heren bat bertako herritarrak, beste heren bat eskualdekoak eta azken herena Alemaniakoak, Salzburgok eskaintzen dituen kontzertuetara joateko desplazatzeko arazorik izan ohi ez dutenak. Sarrerek 99 €-rainoko prezioa izan dute.
Datu bitxi gisa balio dezala emanaldiaren ondoren artistei lorerik ez zaiela ematen; horren ordez, denboraldi honetatik aurrera, eta Salzburgotik igaro izanaren oroigarri gisa, artista edo orkestra bakoitzak bere izena eramango du zuhaitz batean, Austriako basoak basoberritzeko eta kontserbatzeko plan baten parte gisa.
Euskadi Basque Country / Baskenland
Kontzertu hauetan presente egon da Euskadi Basque Country markaren alemaniar bertsioa, Baskenland. Hala, Turismoaren Euskal Agentziak bat egin du bira honekin, Euskadi bultzatzeko eta aktibo kultural gisa posizionatzeko; kasu honetan, Euskadiko Orkestraren bidez.
Landarbaso Abesbatza izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Errenteriako abesbatzak barrokotik gaur egunera arteko hamabi lanez osatutako errepertorio zabala eta zorrotza interpretatuko du larunbat honetan, otsailak 10, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak bukatu egin dira.
Larunbat honetan, otsailak 10, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Landarbaso Abesbatzak ‘Zorion bideak’ izeneko kontzertua eskainiko du. Eszenatoki gainean 41 ahots bilduko dituen abesbatzak honako kide hauek izango ditu protagonista: Iñaki Tolaretxipi (zuzendaria), Josetxo Brey (bakarlaria), Maddalen Dorronsoro (bakarlaria), Iñaki Mendizabal (bakarlaria). Gainera, Oihana Eizagirre eta Ane Franciscoren laguntza izango dute flautan eta Jon Padillarena perkusioan.
Errenteriako Landarbaso Abesbatza 1991n sortu zuten 16 eta 36 urte bitarteko hainbat gaztek. Gaur egun elkartea hiru taldek osatzen dute eta ehundik gora kide dauzka: Kontari (8-14 urte), Landarbasoko Dizdizka Taldea (15-21 urte) eta Landarbaso Abesbatza bera (17-45 urte). Gure herrialdeko erreferente musikal argia da abesbatza. Euskal kulturarekiko duen konpromisoa ukaezina da: galdutako obrak berreskuratzen ditu eta moldaketa berriak eta grabazioak egiten ditu, gure aberastasun musikalaren adibide diren obrekin. Lorpen handienen artean, nazioarteko 17 sari ditu, dagoeneko bostehundik gora emanaldi eskaini ditu bere ibilbide oparoan eta 11 diskotan parte hartu du edo/eta ekoizpen-lanetan aritu da.
Kontzertu honetan Landarbaso Abesbatzak aurkeztuko duen egitarauak zailtasun tekniko handia du. Aro barrokotik hasi eta gaur egunera arte, Victoriatik abiatu eta Guridiraino, konpositore baltikoetatik igaroz, emozioz betetako kontzertua izango da. Obra sakro sakonenetan, ametsik gozoenetan, barne begiradetan zein maitasunean, denetan aurki ditzake edonork zorionerako bideak. Eta Landarbaso Abesbatzak bide horiek arakatuko ditu hain garai eta ibilbide ezberdinetakoak diren musikagile hauek gurutzatuz.
Hona hemen abesbatzak interpretatuko duen egitarau osoa:
- Robert Lucas de Pearsall: Lay a Garland
- Tomas Luis de Victoria: Lauda Sion Salvatorem
- Franz Biebl: Ave Maria koru bikoitzean
- Part Uusberg: Kyrie
- Jekabs Jancevskis: Atsalums
- Eriks Esenvalds: Long Road
- Laura Jekabsone: Div dujinas Gaisa Skreja
- Eriks Esenvalds: Only in Sleep
- Javier Busto: Ametsetan
- Laura Jekabsone: Oi Nere Zoragarria
- Victor Zubizarreta: Ama Begira Zazu
- Jesus Guridi: Akerra ikusi degu
Kontzertu honetarako sarrerak bukatu egin dira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Salzburgo eta Linz, Euskadiko Orkestraren eta Robert Treviñoren nazioarteko erronka berria

Oraindik ez da urtebete pasatu Polonian estreinaldi arrakastatsua egin zuenetik, eta Euskadiko Orkestrak nazioarteko bira garrantzitsu bati ekingo dio berriro ere. Kasu honetan Austriara joango da, otsailaren 6tik 9ra.
Nazioarteko irteera berri honetan kontzertu bat egingo du Linzen, eta hiru Salzburgon. Robert Treviño izango da titularra, eta Xavier de Maistre harpalari frantsesa izango da bakarlaria.
PRENTSA-MATERIALA JAITSI
Euskadiko Orkestra nazioarteko bira berri batean murgilduko da datorren astean. Oraingo honetan, Austriara joango da. Otsailaren 6an izango da lehenengo kontzertua, Linzeko Brucknerhaus aretoan; duela bost urte ere izan zen han. Eta Salzburgon jarraituko du; hiru kontzertu egingo ditu han, otsailaren 7an, 8an eta 9an, Grosses Festspielhaus areto ospetsuan. Orkestrak hiru programa ezberdin eskainiko ditu, eta Ravel, Xostakovitx, Bizet, Ginastera eta Gliere musikagileen obrak hartuko ditu barne.
Salzburgorako bisita 2021erako zegoen programatuta, baina orkestrak ezin izan zuen joan, pandemia zela eta. Kontzertuen sustatzaileak beste data batzuk proposatu zizkion orkestrari, eta azkenean iritsi da hiriari bisita egiteko unea. Orkestra Salzburgon zein Linzen egon zen 80ko urteetako lehenengo biretan. Orain, 40 urteren ostean, Salzburgora itzuliko da. Linzera ere itzuliko da, baina 2018an ere izan zen hiri hartan.
Oriol Roch zuzendari nagusiaren hitzetan: “Euskadiko Orkestra Salzburgon eta Linzen egoteak, batetik, Europako talde sinfonikoen parean gaudela esan nahi du; eta, bestetik, herrialdearen ordezkaritza kulturalerako jarduera bat da. Errepertorio anbiziotsua, sendoa eta formatu handikoa eramango dugu. Europa erdiguneko programatzaileek, Salzburgoren gisako leku ospetsuetakoek, nazioarteko errepertorioko (adibidez, Xostakovitx) obra ukaezinak guri eskatzeak agerian uzten du orkestrak egiten duen lana eta gure mugetatik kanpo duen inpaktua. Nazioarteko banaketako presentzia diskografikoak zerikusi handia izan du. Ez da ezusteko bat orkestra Ravelekin aurkeztea. Bi disko grabatu ditu haren musikarekin, Ondine diskoetxearekin, eta kritika bikainak jaso ditu Ziburuko konpositore unibertsalaren gaineko interpretazioengatik”.
Bira berri honetan, Robert Treviño zuzendari titularrak zuzenduko du berriz ere Euskadiko Orkestra. Haren arabera, “Europako aretorik garrantzitsuenetakoa da Linzekoa, eta gure itzuleraren zain daude asko, 2018an Austrian eta Alemanian egin genuen biraren ondoren. Zalantzarik gabe, publikoa gure orkestra berriz entzuteko gogo handiz dago. Eta zer esan Salzburgoz? Mozarten jaioterria eta musika klasikoaren sorguneetako bat, munduko jaialdirik garrantzitsu eta ospetsuenetako bat duena. Niretzat oso une berezia da orkestraren zuzendari titular gisa”.
Bidaia honetan orkestrak ondoan izango du Xavier de Maistre, azken hamarkadetako eragin handieneko harpajolea dena, segur aski. Hastapen profesionalak miragarriak izan ziren, zalantzarik gabe: 16 urte besterik ez zituela hasi zen nazioarteko lehiaketa garrantzitsuak irabazten eta 22 urte zituela lortu zuen harpa bakarlariaren postua Bavierako Irratiaren Orkestran. Hiru urte geroago, Vienako Orkestra Filarmonikoko harpajole solista bihurtu zen, eta hamaika urtez aritu zen postu horretan. Hala ere, De Maistrek Vienari agur esatea erabaki zuen, bakarlari-ibilbideari ekiteko. Ordutik aurrera, munduko orkestra eta zuzendari onenekin batera jo du eta gainera, musika-tresnaren ordezkari onena bihurtu da mundu klasikoaren barruan. Horrez gain, publikoaren artean ezagutarazteko ahalegin handia egin du.
De Maistrek askotan parte hartu du Euskadiko Orkestrarekin. Orkestrak 1997tik 2012ra Claves Records diskoetxearekin grabatu zuen Euskal Konpositoreen Bilduma ospetsuan izan zuen parte-hartzeetako bat De Maistrek, 15 euskal egileren beste hainbeste album monografikoko bilduman, alegia. Harpajolea Tomas Garbizu eta Aita Madinari eskainitako diskoetan izan zen, Cristian Mandealek zuzendu zituenak, eta 2004an eta 2005ean argitaratuak, hurrenez hurren. Gainera, 2007an orkestraren Abonu Denboraldian parte hartu zuen Aita Madinaren eta Carl Reineckeren lanak interpretatzen eta, bisita hori aprobetxatuz, harpa-errezitaldia eskaini zuen Miramongo Matinéeetan. 2021ean berriz izan zen Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa batean, kasu hartan Ginasteraren Harparako kontzertua eskaintzen. Hain zuzen ere, obra hori joko du bira honetan, Gliereren Harparako kontzertuarekin batera.
Bidaia-plana eta kontzertuak
Orkestra astelehenean irtengo da, otsailaren 5ean, Linzeko lehen kontzertuaren bezperan. Lehenengo hitzordu horren ondoren, otsailaren 7an Salzburgora joango da, eta hiru kontzertu eskainiko ditu han, ondoz ondoko hiru egunetan: otsailak 7, 8 eta 9. Larunbatean, otsailaren 10ean, Euskal Herrira itzuliko da.

LINZ
Austriako ipar-ekialdeko hiri hau Danubio ibaiak zeharkatzen du. Austria Garaiko (Oberösterreich) hiriburua da eta hirugarren herrialde jendetsuena da, Viena eta Grazen ostean. 203.000 biztanle ditu hiriak eta 700.000 biztanle baino gehiago metropoli-eremuak.
Brucknerhaus
Brucknerhaus Linzeko kongresu-zentroa da eta hiri horretako auzo batean jaiotako Anton Bruckner konposatzaileari zor dio izena. Eraikina Heikki eta Kaija Siren arkitekto finlandiarrek diseinatu zuten, eta 1974an inauguratu zuten.
200 bat emanaldi hartzen ditu urtero, eta horietan 180.000 ikusle baino gehiagok hartzen dute parte. Barne hartzen dituen jaialdi garrantzitsuenak dira Ars Electronica Festival (irail hasieran urtero izaten den musika digital, arte eta teknologia jaialdia) eta Brucknerfest (irail eta urri bitartean 1974tik antolatzen den musika klasiko jaialdia, egoitza nagusi Brucknerhausa duena).
Duen akustika bikainagatik da ezaguna aretoa eta nazioartean musika klasikoaren instituzio nagusietako bat bezala aintzatesten da.
SALZBURGO
Ezaguna da Wolfgang Amadeus Mozarten jaioterria delako eta munduko musika-jaialdirik jendetsuenak eta garrantzitsuenak dituelako. Gainera, hiriko erdigune historikoa Gizateriaren Kultura Ondarea da.
Grosses Festspielhaus, Salzburgoko Jaialdia
Orkestrak Grosses Festspielhausen (Jaialdien Etxe Handia) eskainiko ditu hiru kontzertuak, Salzburgoko jaialdi ospetsuen egoitzan. 1956an hasi ziren areto hori eraikitzen. 55.000 m3 harri atera zuten Mönchsberg mendiaren hegaletik, kaxa eszeniko erraldoiarentzat lekua egiteko. Izan ere, 100 metroko zabalera du eta munduko handienetakoa da. Auditoriumaren oinplanoa karratua da, 35 metrokoa aldea duena, eta 2.179 eserleku ditu. Sarrera nagusitik, publikoa brontzezko bost ate handitatik sartzen da aretora. Muranoko kristalez egindako lanparek argiztatzen dute aretoa. 1960ko uztailaren 26an inauguratu zuten antzokia. Vienako Orkestra Filarmonikoak El caballero de la rosa interpretatu zuen, Herbert von Karajanek zuzenduta.
Salzburgoko Jaialdia (Salzburger Festspiele) musika eta antzerki jaialdi garrantzitsua da, 1920az geroztik egiten dutena. Munduko musika eta antzerki jaialdirik garrantzitsuenetakoa eta jendetsuenetakoa da. Udan egiten dute jaialdia, urtero, uztailean eta abuztuan. 1973az geroztik jaialdiaren luzapen bat ere ospatzen dute Mendekostean, musika klasikoari eta barrokoari zuzenduta. Eta, 1967az geroztik, beste jaialdi bat ere egiten dute pazko garaian, Richard Wagnerren presentzia handiarekin.
Datak, hiriak eta programak
Ondoz ondoko lau egunetan lau kontzertu egingo ditu Euskadiko Orkestrak, eta hiru programa ezberdin eskainiko ditu, Ravel, Ginastera, Gliere, Xostakovitx eta Bizeten obrak konbinatuta.
- Otsailak 6: Linz, Brucknerhaus (1. programa), 19:30
- Otsailak 7: Salzburgo, Grosses Festpielhaus (2. programa), 19:00
- Otsailak 8: Salzburgo, Grosses Festpielhaus (3. programa), 19:00
- Otsailak 9: Salzburgo, Grosses Festpielhaus (3. programa), 19:00
Robert Treviño, zuzendaria
Xavier De Maistre, harpa
Euskadiko Orkestra
1. PROGRAMA (Linz)
M. Ravel: La valse, poema koreografikoa [12']
A. Ginastera: Harpa eta Orkestrarako Kontzertua [23']
M. Ravel: Alborada del gracioso [8'], Rapsodie espagnole [16'], Pavane pour une infante défunte [6'], Boléro [13']
2. PROGRAMA (Salzburgo, otsailak 7)
R. Gliere: Harpa eta Orkestrarako Kontzertua [27']
D. Xostakovitx: 10. Sinfonia [57']
3. PROGRAMA (Salzburgo, otsailak 8 eta 9)
G. Bizet: Carmen. 1. suitea [12']
A. Ginastera: Harpa eta Orkestrarako Kontzertua [23']
M. Ravel: Alborada del gracioso [8'], Rapsodie espagnole [16'], ], Pavane pour une infante défunte [6'], Boléro [13']
Euskadi Basque Country / Baskenland
Kontzertu horietan presente egongo da Euskadi Basque Country markaren alemaniar bertsioa, Baskenland. Hala, Turismoaren Euskal Agentziak bat egingo du bira honekin, Euskadi bultzatzeko eta aktibo kultural gisa posizionatzeko; kasu honetan, Euskadiko Orkestraren bidez.
‘Pantomima’ eta ‘Misterioa’, Euskadiko Orkestraren Gasteizko Musika Familian kontzertu berriak

Euskadiko Orkestrak Gasteizen aurkeztuko dituen bi ekoizpen propio hauek Denboraldi honetan estreinatuko dira eta familientzat sortu dira. Horietako lehenengoa saio bikoitzean (17:00 / 18:30) eskainiko da urtarrilaren 28an Garcia Lorca Antzokian eta bigarrena apirilaren 14an (18:00) Principal Antzokian. Sarrerak salgai daude 6 eurotan.
Musika Gela hezkuntza-zikloaren barruan, urtarrila eta apirila bitartean Euskadiko Orkestrak bi ekoizpen estreinatuko ditu Gasteizen, Musika Familian formatuan: Pantomima eta Misterioa.
Pantomima, 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendua, egunotan ari da estreinatzen orkestraren egoitzan dozena bat Eskola Kontzertutan, eta Gasteizen familiei irekiko zaie bi kontzerturekin urtarrilaren 28an (17:00 eta 18:30) Garcia Lorca Antzokian. Ikuskizun honetan, barroko garaiko musikak fantasiazko mundu batera eramango gaitu, non "artearen komediaren" estetikatik irtendako pertsonaia batek publikoarekin jolastuko duen objektu, erritmo eta doinu erreal zein irudimenezkoak deskubritzera.
Misterioa, 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendua, produkzio propioa da, baita ere, eta Gasteizen apirilaren 14an eskainiko da (18:00) Principal Antzokian. Proiektu honek askotariko musika eskaintzen du: intrigazko filmen musika, modu misteriotsuan famatu egin diren melodia xumeak (gure Beethoven maitearen alaitasunaren ereserkia kasu)… Musikaren alde enigmatikoa arakatuko du ikuskizun honek.
Euskadiko Orkestrak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 27 urte daramatza orkestraren egitarauan. Gasteizko kontzertuek Gasteizko Udalaren Antzoki Sarearen lankidetza dute.
Musika Familian kontzertuez gain, Musika Gela zikloaren baitan denboraldiro jarduera ugari antolatzen dira: 30 Eskola Kontzertu inguru, haur, lehen eta bigarren hezkuntzako 10.000 ikasle baino gehiagorentzat, hainbat entsegu ireki, sentsibilizazio-tailer eta beste zenbait ekintza.
Pantomima eta Misterioaren sarrerek 6 euroko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus eta principalantzokia.org webguneen bidez eros daitezke, baita 945161045 telefono-zenbakira deituz eta Principal Antzokiko leihatilan ere.
Misterioak aurretik sentsibilizazio-tailer bat izango du (16:45ean). Tailer hori doakoa izango da kontzerturako sarrera dutenentzat, baina aldez aurretik izena eman beharko da (30 lagunentzako lekua izango du). Horretarako, 945161045 telefonora deitu beharko da.
Jarraian Musika Familian kontzertuei buruzko informazio xehea aurki daiteke:
PANTOMIMA
40’
Raquel Cortinas*, biolina
Pascal Laffont*, oboea
François Proud*, fagota
Pedro José Rodríguez, klabezina eta pianoa
Gorka Ganso, aktorea
Mikel Cañada, gidoia
*Euskadiko Orkestraren kidea
Barroko garaiko musikak fantasiazko mundu batera eramango gaitu, non "artearen komediaren" estetikatik irtendako pertsonaia batek publikoarekin jolastuko duen objektu, erritmo eta doinu erreal zein irudimenezkoak deskubritzera. Gidoirik gabeko kontzertua izango da, baina elementu musikalek eta jolas sinboliko eta ludikoek markatuko dute bidea. Pantomima honetan musikak aukera emango dio gure pertsonaiari publikoarekin eta gure musikariekin elkarreraginean aritzeko, antzerki-inprobisazioen bidez.
PROGRAMA:
G.F. Haendel: 1. Trio sonata
J.S. Bach: Arioso
W.A. Mozart: Aria ‘Soy el cazador de pájaros’ (La flauta mágica)
E. Grieg: 2. Dantza norvegiarra
A. Vivaldi: Kontzertua biolin, oboe, hari-orkestra eta baxurako
H. Mancini: Pantera arrosa
E. Grieg: Peer Gynt suite nº1, ‘En la gruta del rey de la montaña’
E. Morricone: Gabriel’s oboe
L. Delibes: Dúo de las flores (Lakmé)
MUSIKA FAMILIAN
3 < 6 urte
Gasteiz
Urtarrilak 28
17:00 / 18:30
Garcia Lorca
MISTERIOA
50’
Nathalie Dabadie*, biolina
Anne-Marie Harmat*, biolina
Justyna Janiak-Krymer*, biola
Jon Larraz*, biolontxeloa
Hélène Billard-Alirol*, flauta
La Piel, antzerki-taldea
Mikel Cañada, gidoia
*Euskadiko Orkestraren kidea
Proiektu honek askotariko musika eskaintzen du: intrigazko filmen musika, modu misteriotsuan famatu egin diren melodia xumeak (gure Beethoven maitearen alaitasunaren ereserkia kasu)… Musika enigmatikoa izan daiteke!
PROGRAMA:
L.V. Beethoven: Serenata, Op.25
J. Buys: Gabonetako kintetoa
W.A. Mozart: Flauta eta harirako kuartetoa, K.285
MUSIKA FAMILIAN
6 < 10 urte
Gasteiz
Apirilak 14
18:00*
Principal
*Kontzertuaren aurretik, 16:45ean, sentsibilizazio-tailer bat eskainiko da, osagarria, aukerakoa eta doakoa. Izen-ematea: 945161045
Musika Gela barneratzailea
Pasa den denboralditik, FEVAS-Plena Inclusión Euskadirekin lankidetza estuan programatutako pertsonak gizarteratzeko jarduerak, Euskadiko Orkestrak Donostian eta Bilbon programatzen dituenak duela urte batzuetatik, Gasteizera ere zabaldu dira. Aurtengoan ere hiru hiriburuetan hainbat tailer egingo dira maiatzean.
2009 urtetik, aniztasun funtzionalaren testuingurura gerturatzeko lana garatzen da Musika Gelaren baitan, musika gaitasun, ahalmen eta talentu ezberdineko pertsonetara gerturatuz soinu-sorkuntzako tailerren, kontzertuetara joateko aukeren edo proiektu ezberdinetan parte hartzeko aukeren bidez. Orkestrako musikariek aktiboki parte hartzen dute, gaitasun ezberdineko pertsona horiek zuzeneko musikarekin gozatzeko eta esperimentatzeko aukera izan dezaten.
Musika Gela YouTuben
Musika Gelak atal propioa du Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanalean, eta bertan zikloko ikuskizun osoak ikus daitezke, besteak beste, Elkarrekin sortu; Boléro; Living Room Music; Mozart, Nannerl eta Lagunak, Ekomusik eta Isiltasunaren haitzuloa. Gainera, aurtengo Denboraldiko kontzertuen bideoak ere igoko dira bertara, ikuskizunak gauzatu ahala.

.jpg)


