ETB2 berriz hasiko da Euskadiko Orkestraren kontzertuak ematen larunbat goiz guztietan

Datozen hilabeteetan etenik gabe izango den emisio-bloke berri hau larunbat honetan hasiko da irail amaieran Robert Treviñoren zuzendaritzapean emandako ‘Mahler 3’ kontzertu-programarekin; bertan parte hartu zuten ahotsen atalean Bilboko Koral Elkarteak eta Justina Gringyte mezzosopranoak.
Euskadiko Orkestrak eta EITBk orkestraren jarduera grabatu eta zabaltzeko duten konpromisoaren baitan, katearen larunbat goizetako tartera itzuliko da orkestra, Denboraldiko kontzertuak erakusten jarraitzeko.
Emisio-bloke berriak etenik gabe jarraituko du datozen bi hilabeteetan, eta 23/24 Denboraldiko kontzertu berrienak eskainiko ditu, aurreko denboraldiko beste berremisio batzuekin tartekatuta.
Honako hauek dira datozen kontzertuak (beti larunbatetan eta 11:00etan, Gabonetako data zehatzetan izan ezik):
- Azaroak 4: MAHLER 3 (23/24). Robert Treviño / Bilboko Koral Elkartea / Justina Gringyte
- Azaroak 11: (Berremisioa) GURE PATUA (22/23). Dinis Sousa / Alena Baeva
- Azaroak 18: (Berremisioa) ESNAERA (22/23). Robert Treviño / Alexandre Tharaud
- Azaroak 25: (Berremisioa) ANTSIETATEA (22/23). Roderick Cox
- Abenduak 2: BRAHMS / XOSTAKOVITX (23/24). Stanislav Kochanovsky / Sergey Khachatryan
- Abenduak 9: (Berremisioa) PASIOA (22/23). Karel Mark Chichon / Anne Gastinel
- Abenduak 16: (Berremisioa) GAINDITZEA (22/23). Robert Treviño / Yulianna Avdeeva
- Abenduak 23: (Berremisioa) MAMUAK (22/23). Roberto Fores / Easo Gazte eta Easo Gaztelania
- Abenduak 25 (astelehena): RAVEL / FALLA (23/24). Juanjo Mena / Clara Mouriz / Alfonso Gómez
- Abenduak 30: (Berremisioa) BOLÉRO, Eskola Kontzertua (22/23)
- Urtarrilak 6: COPLAND / MAHLER (23/24). Juraj Valcuha
Datozen datak aurrerago emango dira ezagutzera. ETBk Euskalduna Jauregian grabatu ditu kontzertu guztiak, Eskola Kontzertuak izan ezik.
Eduki gehiago YouTube kanalean
Telebistako emisio berriak egin ahala, Euskadiko Orkestrak kontzertuetan interpretatutako obrak bere YouTubeko kanalean publikoaren eskura jartzen jarraituko du. Gaur egun, kanal honek 100 bideo baino gehiago ditu HDn, Euskadiko Orkestraren kontzertu sinfoniko onenekin, eta baita beste eduki batzuekin ere, hala nola kontzertu didaktikoak edo esparru sinfonikokoak ez diren beste euskal artista batzuekin egindako kolaborazioen bideoklipak.
Informazio gehiago
Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanalaBuys Ensemble izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestraren musikariz osatzen den boskoteak Beethoven, Mozart eta Buysen obrak interpretatuko ditu larunbat honetan, urriak 28, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.
Larunbat honetan, urriak 28, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hirugarren hitzordua izango da. Bertan, Buys Ensemblek ‘Flautaren aurpegi ezberdinak’ izeneko kontzertua eskainiko du. Taldea orkestrako bost kidek osatzen dute: Kamran Omarli (biolina), Anne-Marie Harmat (biolina), Justina Janiak-Krymer (biola), Jon Larraz (biolontxeloa) eta Helene Billard-Alirol (flauta).
Boskoteak flauta instrumentu protagonista gisa duten ganbera-lanak aukeratu ditu kontzertu honetarako; Mozart eta Beethoven konpositore ospetsuen lanak, baina baita ezezagunagoak diren beste batzuenak ere, Buys kasu.
Kontzertua Ludwig Van Beethovenen Serenatarekin hasiko da, 1801ean sortua, une horretan hasiberria zen G. Cappi editoreari negozio batzuk lortzen laguntzeko. Beethovenek oso musika original gutxi konposatu zuen espresuki flautarentzat, eta serenata hau, flauta eta biolin banarako idatzia, salbuespen bakanetakoa izan zen. Soprano-instrumentuen enfasi horrek biola baxu-paperean uzten du, eta horrek izaera eguzkitsu eta erlaxatua ematen dio serenatari.
Bigarrenik, Wolfgang Amadeus Mozarten Flautarako kuartetoa K.285 entzungo da. 1777 eta 1778 artean konposatutako lan hau Ferdinand de Jean flautista afizionatuarentzat idatzitako hiru kuartetoetako lehena da.
Matinéea amaitzeko, kontzertuko obrarik ezezagunena aukeratu du taldeak: Jan Brandts Buysen Flautarako kintetoa, askotan Gabonetako kinteto bezala aipatzen dena. 1903an idatzitako lan honek Berlioz eta Schuberten mundu Erromantikoa dakar gogora, eta mugimendu bakoitzak —lau guztira— Gabonekin lotutako izenburu bat du, Bibliatik ateratakoa.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
50 jarduera baino gehiago Musika Gela zikloaren 23-24 Denboraldian

Euskadiko Orkestrak lau ekoizpen propio aurkeztu eta estreinatuko ditu hezkuntza-zikloaren Denboraldi berriaren baitan: ‘Pantomima’, ‘Polikinela’, ‘Misterioa’ eta ‘Elkarrekin sortu’, publikoak eta musikariek elkarlanean sortutako ikuskizun teknologiko-musikala, aste honetan 3.500 ikaslerekin hasiko dena. Lehen ekoizpen honek Musika Familian kontzertua ere izango du, larunbat honetan, urriak 21, 12:00etan, Miramonen, eta dagoeneko salgai daude sarrerak.
Zikloaren ardatz nagusi diren Eskola Kontzertu eta Musika Familian kontzertuen eskaintza zabala hiru Entsegu Irekirekin osatuko da eta baita FEVAS-Plena Inclusionekin tailer berriekin ere, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboari musika hurbiltzeko.
Jaitsi prentsa-materiala hemen
Euskadiko Orkestraren Musika Gela indartsu dator Denboraldi berri honetan, 50 jarduera baino gehiagorekin. Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza-ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. Bere baitan eskaintzen diren kontzertuek izaera didaktikoa, pedagogikoa eta gertukoa daukate, eta askotariko adin-taldeei zuzendutakoak dira.
Lau ekoizpen propio
Urtez urte, Euskadiko Orkestrak bere hezkuntza-zikloaren baitan estreinatzeko produkzio propioak prestatzeko apustua egiten du, jatorrizko gidoiak erabiliz. Denboraldi honetan lau produkzio propio prestatu ditu orkestrak.
Denboraldi honetako lehen ekoizpena, Elkarrekin sortu, kontzertu berritzailea da, non publikoa entzungo ditugun musiken funtsezko parte izango den. Ekoizpen honetan proposatutako ganbera-talderako errepertorio zabalean nabarmentzekoa da Suitzan bizi den Helga Arias bilbotar konpositorearen parte-hartzea, Egunsentia-Ilunabarra (ensemble eta bideorako) obrarekin. Lan honetan, irudietan (bideo-proiekzio baten bidez) zein soinuetan irudikatutako 9 eszena natural proposatzen dira, 13 minutuko soinu-banda sortuz. Soinu horiek modu partekatuan sortuko dira musikarien eta ikasleen/publikoaren artean. Alde batetik, lehen ekoizpen honetan parte hartzen duten berrogeita hamar ikastetxeek irudi sorta horri lagunduko dion musika sortu dute eguneroko bizitzako objektuez eta ahotsaz baliatuz. Horrela, haurrak musika garaikideko konpositore izatera jolastu dira, esperientzia paregabea, dudarik gabe. Bestalde, eszenatokiaren gainean egongo den musika-ensembleak zuzenean osatuko du ikasleen soinuekin aldez aurretik grabatutako konposizioa.
Gainontzeko hiru produkzio propioak honakook dira: Pantomima, musika eta antzerkia uztartzen dituen istorio dibertigarria, Barrokotik Erromantizismoraino doan errepertorioaren bidez; Polikinela, gure publikoaren ahots-kordak eta gorputza dardarka jarriko dituen festa sinfonikoa; eta Misterioa, misterio eta igarkizunei buruzko trama bat, artearen komediako pertsonaiak dituena.
Lau produkzio hauek bi formatutan aurkezten dira, Eskola Kontzertuetan eta Musika Familian kontzertuetan.
Eskola Kontzertuak
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako 11.000 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo Eskola Kontzertuetan. 100 ikastetxe ingurutik datozen ikasleak dira, dozenaka herri ezberdinetakoak: besteak beste, Altzo, Aizarnazabal, Andoain, Donostia, Hernani, Hondarribia, Irun, Oiartzun, Orio, Segura, Tolosa eta Usurbil.
Eskola Kontzertuek Gipuzkoako Batzar Nagusien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren eta Kursaal Eszenaren lankidetza dute gaur egun.
Musika Familian
Bestalde, ekoizpenak Musika Familian kontzertu formatuan eskainiko dira Donostian eta Gasteizen. Euskadiko Orkestrak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 27 urte daramatza orkestraren egitarauan.
Donostian egingo diren Musika Familian kontzertuek El Diario Vascoren babesa dute, eta horietatik Kursaalen egingo dena, Misterioa, Kursaal Eszenarekin lankidetzan prestatu da. Arabako hiriburuko kontzertuek, bestalde, Gasteizko Udalaren Antzoki Sarearen lankidetza dute.
Ikuskizun guztietarako sarrerek 3 eta 8 euro bitarteko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez eros ahal izango dira, ikuskizunen datak hurreratu ahala. Dagokion aretoaren leihatiletan eta webguneetan (kursaal.eus, principalantzokia.org) ere egongo dira salgai.
Programazio osoa
Jarraian ekoizpenei buruzko informazio xehea aurki daiteke, baita Eskola Kontzertuen eta Musika Familian kontzertuen datak ere:
1. ELKARREKIN SORTU
55’
Ortzi Oihartzabal*, biolina
Marc Sirera*, kontrabaxua
Sara Zufiaurre*, klarinetea
Yuan Dai*, fagota
Anthony Lafargue*, perkusioa
Nacho Soto, pianoa, biolina
Ana Hernández Sanchiz, aurkezlea
Helga Arias, musikagilea
Mikel Cañada, gidoia
*Euskadiko Orkestraren kidea
Zein soinu du sentimendu edo animalia batek? Eta suak edo euriak? Gure sormena eta musika-teknologia erabiliz, publikoa eta musikariak elkarrekin jolastuko gara musika-konposizioaren sekretuak ezagutzeko.
PROGRAMA:
G. Ligeti: Música ricercata, nº1
C. Saint-Säens: Animalien inauteria, ‘Elefantea’
A. Lafargue: Inprobisazioa
G. Grovlez: Sicilienne and Allegro Giocoso
M. Gould: Benny’s Gig No.1, ‘Slow and Nostalgic’
D. Xostakovitx: 5 pieza biolin, klarinete eta pianorako. IV. Bals
H. Arias: Inprobisazioa obstinato gainean
H. Arias: Egunsentia-Ilunabarra (ensemble eta bideorako)
V. Youmans: No, no, nanette, ‘Tea for Two’
ESKOLA KONTZERTUAK
Lehen eta Bigarren Hezkuntza
Urriak 18, 19, 20, 23, 24, 26
9:45 / 11:15
Miramon
MUSIKA FAMILIAN
>6 urte
Donostia
Urriak 21
12:00*
Miramon
*Kontzertu bakoitzaren aurretik, 10:45ean, sentsibilizazio-tailer bat eskainiko da, osagarria, aukerakoa eta doakoa.
IZEN-EMATEA:
mcanada@euskadikoorkestra.eus
2. PANTOMIMA
40’
Raquel Cortinas*, biolina
Pascal Laffont*, oboea
François Proud*, fagota
Pedro José Rodríguez, klabezina eta pianoa
Gorka Ganso, aktorea
Mikel Cañada, gidoia
*Euskadiko Orkestraren kidea
Vivaldi, Bach eta Handel bezalako egileen barroko garaiko musikak fantasiazko mundu batera eramango gaitu, non "artearen komediaren" estetikatik irtendako pertsonaia bat irudimenezko espetxe batetik ihes egiten saiatuko den.
PROGRAMA:
J.S. Bach: Kontzertua oboe eta biolinerako
G.F. Handel: 2. Trio sonata
A. Vivaldi: Kontzertua biolin eta oboerako
J.S. Bach: Arioso
W.A. Mozart: Aria ‘Soy el cazador de pájaros’ (La flauta mágica)
E. Elgar: Fuga oboe eta biolinerako
E. Grieg: 2. Dantza norvegiarra
E. Morricone: Gabriel’s oboe
L. Delibes: Duo de las flores (Lakmé)
ESKOLA KONTZERTUAK
Haur Hezkuntza
Urtarrilak 18, 19, 22, 23, 24, 25, 26
9:45 / 11:15
Miramon
MUSIKA FAMILIAN
3 < 6 urte
Donostia
Urtarrilak 27
11:00 / 12:30
Miramon
Gasteiz
Urtarrilak 28
17:00 / 18:30
García Lorca
3. POLIKINELA
50’
Euskadiko Orkestra
Maite Aurrekoetxea, zuzendaria
Ana Eguiazabal, aurkezlea
Dantzaz, dantza-konpainia
Kontzertu sinfoniko honetan, Handelen Benetako artifiziozko suak oberturaren bidez, eta Igor Stravinskiren Pulcinella suitearen bidez, maisutasuna eta jenialtasuna batzen dira.
PROGRAMA:
G.F. Handel: Benetako artifiziozko suak. Obertura
I. Stravinsky: Pulcinella. Suitea
ESKOLA KONTZERTUAK
Lehen Hezkuntza
Otsailak 26, 27
9:45 / 11:30
Kursaal
4. MISTERIOA
50’
Nathalie Dabadie*, biolina
Anne-Marie Harmat*, biolina
Justyna Janiak-Krymer*, biola
Jon Larraz*, biolontxeloa
Hélène Billard-Alirol*, flauta
Mikel Cañada, gidoia
*Euskadiko Orkestraren kidea
Proiektu honek askotariko musika eskaintzen du: intrigazko filmen musika, modu misteriotsuan famatu egin diren melodia xumeak (gure Beethoven maitearen alaitasunaren ereserkia kasu)… Musika enigmatikoa izan daiteke!
PROGRAMA:
L.V. Beethoven: Serenata, Op.25
J. Buys: Gabonetako kintetoa
W.A. Mozart: Flauta eta harirako kuartetoa, K.285
MUSIKA FAMILIAN
6 < 10 urte
Donostia
Apirilak 13
18:00*
Kursaal. Ganbera Aretoa
Gasteiz
Apirilak 14
18:00*
Principal
*Kontzertu bakoitzaren aurretik, 16:45ean, sentsibilizazio-tailer bat eskainiko da, osagarria, aukerakoa eta doakoa.
IZEN-EMATEA:
Donostia
943 00 31 70
Gasteiz
945 16 10 45
Hiru Entsegu Ireki eta beste jarduera batzuk
Kontzertu-eskaintza zabal hau are gehiago osatuko da beste ekintza batzuekin. Musika Gelak berriz helduko die Entsegu Irekiei. Entsegu hauek kolektiboei, ikastetxeei, kontserbatorioei eta unibertsitateei, besteak beste, daude irekiak, eta aukera eskaintzen dute orkestrak kontzertu baten aurretik egiten duen azken lana gertutik ezagutzeko. Denboraldi honetan hiru Entsegu Ireki eskainiko dira:
Otsailak 15 (11:00), Kursaal:
S. Rakhmaninov: 3. Sinfonia
Robert Treviño, zuzendaria
Martxoak 8 (11:00), Kursaal:
R. Strauss: Aus Italien
Riccardo Frizza, zuzendaria
Maiatzak 8 (11:00), Kursaal:
A. Dvorak: 7. Sinfonia
Lina Gonzalez-Granados, zuzendaria
Gainera, orkestrak Musika Gelaren azken aldiko ekoizpen arrakastatsuenetako bat berreskuratuko du, Ondinaren magia, kasu honetan Durangoko Musika Hamabostaldiaren baitan eskaintzeko, azaroaren 5ean, 18:00etan, San Agustin Antzokian. Kontzertu honek musika eta magia uztartzen ditu maitagarrien eta ondinen (mitologia grekoko ur ninfen) abenturen kontakizun original baten bidez.
Era berean, jarraituko da ikastetxeetako irakasleentzako tailerrak egiten, Eskola Kontzertuak aldez aurretik prestatzeko helburuarekin, eta baita FEVAS-Plena Inclusionekin tailerrak egiten ere, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboari musika hurbiltzeko.
Musika Gela YouTuben
Musika Gelak atal propioa du Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanalean, eta bertan zikloko ikuskizun osoak ikus daitezke, besteak beste, Ondinaren magia, Euskadiko Orkestra Cirkus, Living Room Music eta Mozart, Nannerl eta Lagunak. Gainera, aurtengo Denboraldiko kontzertuen bideoak ere igoko dira bertara, ikuskizunak gauzatu ahala.
Lankidetza-sare zabala
Euskadiko Orkestraren Musika Gelak inguruko erakunde ugarirekin elkarlana sustatzen jarraitzen du. Lankide ditu Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udalaren Hezkuntza Saila, Gasteizko Udal Antzoki Sarea, Kursaal Eszena eta El Diario Vasco.
Beethovenen eta Vaughan Williamsen kintetoak izango dira larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonistak

Euskadiko Orkestraren musikariz osatzen den Bikoitz boskotea Miramongo eszenatokira igoko da larunbat honetan, urriak 14, 11:00etan, 23/24 Denboraldiko bigarren Miramongo Matinéea eskaintzeko. Sarrerak salgai 11 eurotan.
Pasa den astean Miramongo Matinéeen 32. edizioa arrakastaz inauguratu ostean, larunbat honetan, urriak 14, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika Denboraldiko kontzertuetako bigarrena izango da. Bertan, Bikoitz taldeak ‘Fantasia hutsa’ izeneko kontzertua eskainiko du. Taldea orkestrako bost kidek osatzen dute: Larraitz Oiartzabal (biolina), Xabier De Felipe (biolina), Delphine Dupuy (biola), Arkaitz Martinez (biola) eta Pascale Michaud (biolontxeloa).
Bigarren Miramongo Matinée honetarako, Bikoitzek Ludwig Van Beethoven eta Ralph Vaughanen kinteto banaren aldeko apustua egin du.
Kontzertua Beethovenen Harirako kintetoa Op.104 obrarekin hasiko da, 1817an idatzia eta urtebete geroago estreinatua. Konpositorearen gaztaroko obrarik onenetako baten —Piano eta harirako 3. trioa, Op.1— moldaketa da. Esaten denez, lehen moldaketa zale batek egin zuen, eta Beethovenek, lehen moldaketa hori osatu ondoren, umorezko ohar batekin hala jaso zuen: “Trioa, Borondate Oneko Jaunak hiru ahotsetako boskoterako moldatua eta benetako bost ahotsen itxurara ekarria eta, horrela, pobrezia handi batetik Borondate Zuzeneko Jaunak modu itxuroso batera ekarria, 1817ko abuztuaren 14an”.
Vaughan Williamsen Fantasia kintetoari dagokionez, Walter Willson Cobbetten enkargua izan zen, ganbera-musika zale amorratua zen negozio-gizon bat. Ganbera-konposizioko sari baten baitan, 1905ean hainbat konpositoreri obrak enkargatu zizkien (Vaughan Williams, Ireland, Bax, Bridge eta Britteni, besteak beste), isabeldar fantasian inspiratu behar zirela zehaztuz. Testuinguru horretan sortu zuen Vaughan Williamsek kinteto hau, eta 1914an estreinatu zuen Londresen, Beethovenen kintetoa estreinatu eta ia mende batera.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Salgai sarrerak ‘Elkarrekin sortu’-rako, Euskadiko Orkestraren Denboraldiko lehen Musika Familian kontzertua

Gaurtik aurrera salgai daude ‘Elkarrekin sortu’-rako sarrerak; ikuskizun horretan publikoak eta musikariek elkarrekin musika-konposizioaren sekretuak ezagutuko dituzte. Urriaren 21ean Miramonen (12:00) eskainiko den kontzertu hau Musika Gela zikloaren 23/24 Denboraldiko familiei zuzendutako lehena izango da.
Euskadiko Orkestraren Musika Gela hezkuntza-zikloaren Denboraldi berria urriaren 21ean, larunbata, hasiko da, lehen Musika Familian kontzertu batekin. Elkarrekin sortu izeneko programa batean orkestraren Miramongo egoitzak kontzertu bat hartuko du 6 urtetik aurrerako haurrentzat, 12:00etan.
Kontzertuak premisa hau du oinarri: “Zein soinu du sentimendu edo animalia batek? Eta suak edo euriak? Gure sormena eta musika-teknologia erabiliz, publikoa eta musikariak elkarrekin jolastuko gara musika-konposizioaren sekretuak ezagutzeko”. Mikel Cañadaren —Musika Gelaren koordinatzailearen— gidoia duen eta Ana Hernandez Sanchiz aktoreak gidatuko duen ikuskizun honetan, ganbera-talde batek Ligeti, Saint-Saens, Grovlez edo Xostakovitx bezalako musikagileen lanak interpretatuko ditu. Hala ere, Suitzan bizi den Helga Arias bilbotarrak izango du protagonismorik handiena, bi obra idatzi baititu ikuskizun honetarako: Improvisación sobre obstinato eta Egunsentia-Ilunabarra (ensemble eta bideorako). Ganbera-taldea sei musikariz osatuta dago, eta horietatik bost Euskadiko Orkestraren kideak dira: Ortzi Oihartzabal (biolina), Marc Sirera (kontrabaxua), Sara Zufiaurre (klarinetea), Yuan Dai (fagota) eta Anthony Lafargue (perkusioa). Nacho Sotok osatuko du seikotea pianoan eta biolinean.
Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude 5 euroko prezioan 12 urtetik beherakoentzat, eta 8 eurotan publiko orokorrarentzat, euskadikoorkestra.eus webgunean edo Kursaaleko leihatilan. Kontzertuaren egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira Miramongo Egoitzako leihatilan, beti ere leku libreak geratzen badira.
Sentsibilizazio-tailerra kontzertuaren aurretik
Kontzertuaren aurretik, 10:45ean sentsibilizazio-tailer bat egingo da, osagarria, aukerakoa eta doakoa (kontzerturako sarrera duenarentzat), prestatzeko, elkarreragiteko eta esperimentatzeko. Tailer hauetan ikusleen eta musikarien arteko hurbiltasuna lantzen da eta gero kontzertuan gertatuko denaz gehiago gozatzeko aukera ematen dute. Tailerrean parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea (edukiera mugatua: 30 pertsona) eta, horretarako, email bat idatzi behar da mcanada@euskadikoorkestra.eus helbidera.
Tailer zehatz honetan haurrek itsasoaren, suaren, haizearen, etab.-en soinuak sortzera jolastuko dute eta, ondoren, kontzertuan eszenatokira atera ahal izango dute, musikarien taldeari euren soinu-ekarpena egiteko. Haurrek egingo duten lana Helga Ariasen Egunsentia-Ilunabarra obran islatuko da. Aldez aurretik pentsatutako partitura badu ere, musikarien eta haurren arteko inprobisazio parte-hartzaileaz elikatuko da. Gainera, lan honen interpretazioarekin batera, pantailan bideo batzuk proiektatuko dira.
Askotariko proposamenez jositako denboraldia
Musika Gela zikloaren Denboraldi berria adin ugaritako publikoari zuzendutako askotariko proposamenez beteta dator. Zikloaren programazio osoari buruzko xehetasunak urri erdialdera emango dira ezagutzera.
Miramongo Matinéeak larunbat honetan itzuliko dira, urriak 7

Landarbaso Abesbatza eta Euskal Herriko Gazte Abesbatzak, Alfonso Gomez pianojole gasteiztar handiak eskainiko duen errezitaldi batek eta Euskadiko Orkestrako hainbat ganbera-taldek osatzen dute Miramongo Matinéeen ziklo berriko 16 musika hitzorduen sorta.
Hamabost musikariz osatzen den Cadenza Taldeak emango dio hasiera zikloari larunbat honetan, urriak 7, 11:00etan, Rorem eta Naulaisen obra banarekin. Sarrerak 11 eurotan daude salgai hitzordu honetarako eta Denboraldiko beste guztietarako.
Urriaren 7an, larunbata, hasiko da Euskadiko Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéeen 2023/2024 Denboraldia; hiru hamarkada baino gehiago daramatza zikloak Euskadiko Orkestraren programazioan kalitatezko musika alternatiba bat eskaintzen. Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitza beste Denboraldi batez, larunbat goizetan, musikaren mila aurpegiak ezagutzeko kaleidoskopio batean bihurtuko da. Sortu zenetik Kutxa Fundazioaren babesa duen zikloak ekainaren 8ra arte iraungo du, eta guztira hamasei hitzordu hartuko ditu barne.
Orkestrako dozenaka kidek instrumentu-konbinazio ugariko hirukoteak, laukoteak eta boskoteak osatu dituzte, barrokotik gaur egunera arteko askotariko errepertorioa eskaintzeko. Hori guztia formatu arin, lasai eta kalitatezkoan, ordubete inguruko iraupenekoa, musikariei dibertsifikatzeko aukera ematen diena, ohiko habitat sinfonikotik ateratzen baitira. Bikoitz, Miramon Brass, Belharra, Aeolia Ensemble eta Aurora Laukotea dira Miramongo eszenatokira igoko diren taldeetako batzuk.
Gonbidatu berezi gisa aipatzekoak dira programazioan lurraldeko bi abesbatza garrantzitsu —Landarbaso Abesbatza eta Euskal Herriko Gazte Abesbatza— eta nazioarteko proiekzioa duen Alfonso Gomez pianista gasteiztarra, aurretik gure orkestraren Abonu Denboraldian parte hartuko duena, Ravelen Concerto en Sol lan ezagunaren interpretazioan.
Jaitsi artisten argazkiak hemen.
Proposamen horiek guztiek menu erakargarri bat osatzen dute, eta bertan edonork aurki dezake bere altxor berezi eta propioa. Hona hemen Miramongo Matinéeen Denboraldiko egutegia:
- Urriak 7: Cadenza Taldea
- Urriak 14: Bikoitz
- Urriak 28: Buys Ensemble
- Azaroak 18: Miramon Brass
- Abenduak 2: The Flying Elephant
- Abenduak 16: Alfonso Gómez
- Urtarrilak 13: Ritmus Laukotea
- Otsailak 10: Landarbaso Abesbatza
- Otsailak 24: Belharra
- Martxoak 9: Emilia Hirukotea
- Martxoak 23: Aeolia Ensemble
- Apirilak 13: Euskal Herriko Gazte Abesbatza
- Apirilak 27: Aurora Laukotea
- Maiatzak 11: Bost metalak
- Maiatzak 25: Xarma
- Ekainak 8: Enescu Ensemble
Cadenza Taldeak inauguratuko du Matinéeen Denboraldi berria larunbat honetan
Hamabost musikarik osatzen duten Cadenza Taldeak emango dio hasiera larunbat honetan, urriak 7, 11:00etan, Miramongo Matinéeen ziklo berriari, ‘Landara!’ izeneko kontzertuarekin. Euskadiko Orkestrako perkusiojole Anthony Lafarguek zuzenduko du ganbera-orkestra, honako kideek osatzen dutena: Ortzi Oihartzabal (biolina), Esther Alba (biola), Gabriel Mesado (biolontxeloa), Paloma Torrado (kontrabaxua), Helene Billard-Alirol (flauta), Pascal Laffont (oboea), Sara Zufiaurre (klarinetea), François Proud (fagota), Didier Bousquet (tronpeta eta korneta), Daniel Ruibal (tronboia), Julien Garin (perkusioa), Jaime Atristain (perkusioa), Ivan Bragado (harpa) eta Javier Perez de Azpeitia (pianoa). Interprete guztiak Euskadiko Orkestraren kideak dira, perkusiojoleak eta pianojolea izan ezik.
Miramongo Matinéeen zikloaren Denboraldi berri honi hasiera emango dion programa bi obra bikainen elkarketa da, ziur musika klasikoaren zaleak liluratuko dituena.
Horietako lehena Jerome Naulais konpositore frantsesaren Les instruments en campagne izango da. Musikagile hau hainbat estilo eta genero uztartzeko eta musika-pieza zirraragarri eta erakargarriak sortzeko zuen trebetasunagatik da ezaguna. Lan honek Frantziako landa-giro batera garamatza, zelai berdeen eta zeru urdin argiaren irudia gogorarazten duten doinuekin.
Bigarren lana, Ned Rorem konpositore estatubatuarraren Eleven Studies for Eleven Players, testuraren eta kolorearen esplorazioa da musikan. Rorem, duela gutxi zendu dena, XX. mendeko AEBetako musikagile garrantzitsuenetako bat da eta hainbat sari eta aintzatespen jaso ditu bere ibilbidean zehar. Matinée honetan entzungo dena bere egitura paregabeagatik eta bere noten bidez emozioak gogora ekartzeko duen gaitasunagatik goraipatua izan den pieza da. Lana kontrastez beteta dago, entzuleak espero duenaz haratago doa, eta esperientzia musikal konplexua eta emozionala da.
Abonamenduak eta sarrerak
16 kontzertuetarako abonamenduak 96 euroko prezioa orokorra du, eta 75,20 euroko tarifa berezia onuradunentzat (65 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherakoak, orkestrako beste zikloetako abonatuak, Kursaal Eszenako abonatuak, Kutxabankeko K26 eta K26+ txartelen titularrak, Eureka! Zientzia Museoko lagunak eta Musikene). Jada eskuragarri dago orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo euskadikoorkestra.eus webgunean.
Sarrera solteek 11 euroko prezio bakarra dute eta salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, eserleku librerik balego, orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahal izango dira dagokion kontzertuaren egunean.
Autobus-zerbitzua
Kontzertuak larunbatetan izango dira, goizeko 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Horietara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus zerbitzua eskaintzen jarraituko du Matinéetara bertaratu nahi duen ororentzat. 10:25ean abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4 zenbakitik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Mahlerren ‘Hirugarren’ ikaragarriarekin ekingo dio Euskadiko Orkestrak Kontzertu Denboraldiari

Robert Treviñok zuzenduko du Mahlerren ‘3. Sinfonia’, Euskadiko Orkestraren Denboraldi berria —bizi-esperientzien bidez mundua sortzen eta eraldatzen duen gizakia erdigunean jartzen duena— inauguratzeko lan ezin hobea. Bilboko Koral Elkarteko emakume- eta haur-abesbatzek eta Justina Gringyte mezzosopranoak jarriko diote ahotsa obra handi honi.
Sarrerak salgai daude irailaren 29tik urriaren 4ra ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako, 10 eta 38 euro bitartean.
Euskadiko Orkestrak Kontzertu Denboraldiari ekingo dio Gustav Mahlerri eta haren Hirugarren Sinfoniari oso-osoki eskainitako programa batekin, Robert Treviñok zuzenduko duena, eta datozen egunotan ohiko lau hiriburuetan izango dena: ostiralean, irailak 29, Gasteizko Principal Antzokian; larunbatean, irailak 30, Bilboko Euskalduna Jauregian; astelehen eta asteazkenean, urriak 2 eta 4, Donostiako Kursaal Auditoriumean; eta asteartean, urriak 4, Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Gustav Mahlerrek honako hau idatzi zuen bere 3. Sinfoniari buruz: “Imajina ezazu unibertso osoa islatzeko gaitasuna duen obra handi bat”. Obra honekin Robert Treviñok beste urrats bat egin du bere helburuan: Mahlerren ziklo sinfonikoa zenbait denboralditan osatzea. Izan ere, bohemiarraren musika bere espezialitate bihurtu baitu azken urte hauetan Treviñok, bere orkestra ondoan duela. Konpositore guztien artean, Mahler izan zen musikaren botere eraldatzailea hobekien ulertu zuenetako bat, eta gizakiaren bizitzako ibilbidea eta haren etapak, nahiak eta kezkak islatzen dituzten sinfonia zabaletan gauzatu zuen. Treviñoren hitzetan, Mahlerren sinfonia hau “konpositorearen lanik luzeena eta erromantizismoaren garaiko luzeenetakoa da. Sei mugimenduren bidez, Mahlerrek norbanakoaren eta taldearen erantzukizuna hartzera gonbidatzen gaitu, bizitza betierekotasuna balitz bezala bizi dezagun; materia fisikotik maitasunerako bidaia filosofikoa da, Nietzscheri eta gizakiari omenaldi argia eginez”.
Bilboko Koral Elkarteko ehun emakume eta haurrek bat egingo dute orkestrarekin Mahlerren Hirugarrenari aurre egiteko. Obra honek koru labur baina zorrotza du emakumeen ahotsentzat, lau zatitan banatuta. Mahlerrek ahots-baliabide sorta bat zabaltzen du, hala nola muturreko tesiturak pianisimoan, erregistro eta bolumen aldaketa konstanteak, eta modulazio azkarrak. Emakumezkoen ahotsekin orekatu behar den haurren abesbatza bat ere badago, eta emaitza amaierako koru zirraragarri bat da, argiz eta alaitasunez betea, indarrez dardaratzen dena.
Nola tamainaz hala iraupenez itzela den Hirugarren Sinfoniak naturako indarrei, landareei, animaliei eta gizakiari egiten die kantu, eta horretan laguntzeko Justina Gringyte mezzosopranoa izango du ondoan Euskadiko Orkestrak. Lituaniarrak duela gutxi parte hartu zuen orkestraren Kontzertu Denboraldian, aldi hartan Mahlerren Bigarrenaren interpretazioan.
Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.
Musikeneko ikasleak kontzertuetan
Aipatzeko moduko beste kontu bat da kontzertu-programa honetan Musikeneko Graduko hainbat ikaslek parte hartuko dutela bi erakundeek sinatuta duten Jordá Gela lankidetza-hitzarmenari esker.
Felix Ayoren omenezko kontzertuak
Euskadiko Orkestrak Felix Ayo biolinjole euskaldunaren heriotza deitoratzen du. 30 aldiz baino gehiagotan jo zuen gure orkestrarekin, taldearen historiako lehen hamarkadan, besteak beste 1984an Alemanian barrena egindako zortzi kontzertuko bira batean. Horregatik, haren omenez egingo dira Denboraldiaren lehen programa honetako kontzertu guztiak.
23/24 Denboraldia: Artea lehen pertsonan
Euskadiko Orkestraren Kontzertu Denboraldi berri honetan sortzen eta eraldatzen duen gizakiarengan jarri nahi dugu arreta. Pertsona aktibo eta arduratsua jarriko dugu erdigunean, bere bizi-esperientzien –nola espiritualen hala mundukoien– bidez mundua mugitzen duen pertsona, hain justu.
23/24 Denboraldiari buruzko informazio osoagoa hemen
Euskadiko Orkestraren argazki ofizial berria
Euskadiko Orkestrak argazki ofiziala berritu berri du. Hemen deskargatu dezakezue irudi berria. Informazio gehiago hemen.
Kontzertu-programa honen gainontzeko artisten argazkiak 'Informazio gehiago' atalean aurkituko dituzue.
Euskadiko Orkestrak argazki ofiziala berritu du

Argazki-saioa Alex Abrilek egin zuen abuztuan Azkoitiko Jorge Oteiza Pilotalekuetan.
Aurrerantzean orkestrako gizonezko musikariek eramango duten jantzi berriaren estreinaldia eta aurkezpena ere bada irudi berri hau. Amarenak arropa euskal etxeak egin du jantzien diseinu eta ekoizpena.
23/24 Denboraldi berriaren hasierarekin batera, Euskadiko Orkestrak argazki ofizial berria aurkeztu du orkestra osoarekin. Argazkia Alex Abrilek atera zuen Azkoitiko Jorge Oteiza Pilotalekuetan, eta orkestra osoa eta orkestrako musikariek osatutako beste talde txikiago batzuk biltzen dituen irudi-sorta handiago baten parte da (ikus behean).
Irudi ofizial berri hau orkestra hainbat esparrutan aurkezteko asmoarekin egin da: orkestraren argitalpenak eta webgunea, komunikabideak, kontzertu-zikloak, jaialdiak (Musika Hamabostaldia, ABAO Bilbao Opera, etab.), bira nazionalak eta nazioartekoak, etab.
Oteizaren ideiak eta herriko tradizio pilotazalea bateratuz, Oteizak berak pentsatutako obra da orkestrarentzat eszenatoki izan diren frontoien sorta, eta Carlos Ceballos arkitektoak eta Antton Mendizabal eskultoreak diseinatu zuten. Euskal Herriko zazpi lurralde historikoen sinbolo diren zazpi pilotaleku dira, eta pilotan jokatzeko moduen adierazgarri ere bai. Tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen lekua da, euskal kulturaren funtsa bikain jasotzen duena eta Euskadiko Orkestraren jite eta izaerarekin bat egiten duena.
Euskadiko Orkestraren musikarien jantzi berria
Aurrerantzean orkestrako gizonezko musikariek eramango duten jantzi berriaren estreinaldia eta aurkezpena ere bada irudi berri hau. Amarenak arropa euskal etxeak egin du jantzien diseinu eta ekoizpena. Diseinua berariaz gure orkestrarentzat egin da, musikarien jantzia modernizatzeko eta fraketik janzkera modernoago, erosoago eta dotoreago baterantz aurrera egiteko.
Diseinu minimalista baten aldeko apustua egin da, non ekarpenik egiten ez duen guztia ezabatu den. Zuri-beltzeko estetika tradizionala mantendu da, nahiz eta berriago, modernoago eta unibertsalagoa den orain. Ehun berritzaileak aukeratu dira, hala nola poliester birziklatua, musikariei eguneroko joan-etorrietan erosotasuna eta praktikotasuna ematen diena.
Informazio gehiago
Argazki guztiak ikusiSalgai Miramongo Matinéeen 23/24 Denboraldiko kontzertuen sarrerak

Ohiko salmenta-kanalen bidez eros daitezke jada 23-24 denboraldiko Miramongo Matinéeen zikloko kontzertu guztietarako sarrerak.
Euskadiko Orkestraren ganbera-musikako zikloaren Denboraldi berria osatzen duten hamasei hitzorduetarako abonamenduak ere salgai daude.
Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitza beste Denboraldi batez, larunbat goizetan, musikaren mila aurpegiak ezagutzeko kaleidoskopio batean bihurtuko da. Urriaren 7tik 2024ko ekainaren 8ra bitartean, hamasei hitzordu eskainiko dira guztira Euskadiko Orkestraren ganbera-musikako zikloaren barruan.
Dagoeneko eskuragarri dago programazio osoa, baita Euskadiko Orkestraren webgunearen bidez online salmenta ere. Gainera, sarrera fisikoak bi modutara erosi ahal izango dira: batetik, Kursaaleko leihatilan; eta, bestetik, kontzertuaren egunean bertan, 10:30etik aurrera, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan (baldin eta leku libreak badaude). Kontzertu guztietarako sarrerak 11 €koak dira.
Bestalde, kontzertu guztietarako sarrera ematen duten abonamenduak ere eros daitezke, 96€ko prezioan (tarifa orokorra), edo 75,20€ko prezioan deskonturako eskubidea duten kolektiboetan (65 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherakoak, orkestrako beste ziklo batzuetako abonu-titularrak, Kursaal Eszenakoak, Kutxabankeko K26 eta K26+ txartelen titularrak, Eureka! Zientzia Museoko lagunak eta Musikene).
Informazio gehiago
Kontzertuak & Sarrerak‘Kontzertua & Proiekzioa’ Belodromoan irailaren 23an

Zinemaldiaren 71. edizioan Euskadiko Orkestrak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkezten dute Euskadiko Orkestrak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak.
Zinemaldiko lehen larunbatean eguerdian irekiko da Belodromoa musikazale, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako.
Begi-belarriak plazerez goxatu ahal izango dira ordu eta laurdenez, larunbatean, irailak 23, eguerdiko hamabietan hasita. Sarrera doakoa izango da.
Zinemaldiaren 71. edizioan Euskadiko Orkestrak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkezten dute Euskadiko Orkestrak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak. Ohikoa den moduan, Zinemaldiko lehen larunbatean, eguerdian irekiko da Belodromoa musikazale, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako. Begi-belarriak plazerez goxatu ahal izango dira ordu eta laurdenez, larunbatean, irailak 23, eguerdiko hamabietan hasita. Sarrera doakoa izango da.
Musika-kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostia Zinemaldian; sendotuta dago Belodromoko proposamenen artean, eta Zinemaldiko eszenatoki gogokoena da dudarik gabe, 3.000 plazako edukieraz. Aurtengoan Juan Jose Ocon donostiarra izango da orkestra zuzentzearen arduraduna zine eta soinu-banden elkartze jendetsu honetan.
Aurtengo Kontzertua & Proiekzioa sei filmetarako musikaren egokitzapenez osatzen da. Oraingo honetan hautatutako musikagile eta filmak honakook dira: Ivan Palomaresen Las niñas de cristal; Victor Reyesen Love gets a room; Julio de La Rosaren Modelo 77; Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Callejaren Irati; Paula Olazen Nora; eta Fernando Velazquezen Momiak.
Kontzertu berri honetarako, Euskadiko Orkestrak Oñatiko Ganbara Abesbatza gonbidatu du: haiek arituko dira Las niñas de cristal, Love gets a room, Modelo 77 eta Irati filmen musikaren ahots-interpretazioan.
Joan den urteetan bezala, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: musika pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da 400 m2-ko pantailan, eta muntaketa hori Morgancrea taldeak sortu du kontzertu honetarako espresuki. Gainera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira, Belodromoko oholtzan beren lana aurkeztera.
Sarrera doakoa da, eta nahikoa duzu gonbita irailaren 16tik 22ra Donostia Zinemaldiaren Kursaaleko informazio-puntuan jasotzea, 9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10etatik aurrera.
KONTZERTUA & PROIEKZIOA
Larunbata, irailak 23, 12:00
Donostiako Belodromoa
Programa
Ivan Palomares: Las niñas de cristal* (Zuzendaria: Jota Linares)
Víctor Reyes: Love gets a Room* (Zuzendaria: Rodrigo Cortés)
Julio de La Rosa: Modelo 77* (Zuzendaria: Alberto Rodríguez)
Maite Arroitajauregi / Arantzazu Calleja: Irati* (Zuzendaria: Paul Urkijo)
Paula Olaz: Nora (Zuzendaria: Lara Izagirre)
Fernando Velazquez: Momiak (Zuzendaria: Juan Jesús García Galocha)
Juan Jose Ocon, zuzendaria
Oñatiko Ganbara Abesbatza
Euskadiko Orkestra
Kontzertuaren gutxi gorabeherako iraupena: 1h15
Euskadiko Orkestra Zinemaldiarekin
Urteetan zehar, Euskadiko Orkestrak modu askotan parte hartu du Donostia Zinemaldian. Bere parte-hartze nabarmenetako bat 2012ko edizioan egin zuen, orkestrak mundu osoan ospetsua den Juan Antonio Bayonaren The Impossible filmaren soinu-bandaren zuzeneko estreinaldian parte hartu zuenean (Fernando Velazquezek sinatutako partitura). Hurrengo urtetik aurrera, 2013tik aurrera, orkestra zuzeneko zine-musikako kontzertu bat eskaintzen hasi zen, lehenik Miramongo egoitzan, eta 2015etik aurrera Belodromoan, aurten arte mantendu duen eszenatoki handian. Zine-musikako kontzertuen hamarkada honetan, orkestrak Handia, Errementari, Arrugas, Pájaros de Papel, Los crímenes de Oxford, Alatriste, Tadeo Jones 2, Mientras dure la guerra, Buñuel en el laberinto de las tortugas… bezalako film luzeen soinu-bandak interpretatu ditu. Guztira 60 soinu-banda baino gehiago interpretatu eta ikusarazi ditu denbora honetan Euskadiko Orkestrak. Gainera, aipatzekoa da orkestrak Zinemaldiaren sintonia grabatu zuela 1991 eta 1992ko edizioetan.
Zinemaldian daukan parte-hartze oparoaz gain, Euskadiko Orkestrak film-musikaren arloan lan handia egin du. Aipagarriak dira Patria eta Maixabelen soinu-banden azken grabazioak, baita aurreko batzuk ere, hala nola A Monster Calls —Fernando Velázquezek 2016ko soinu-banda onenaren Goya saria jaso zuen—, Ocho Apellidos Vascos, Contratiempo, Submergence, eta abar.
SGAE Fundazioa zinearekin
2012az geroztik, SGAE Fundazioak Made in Spain sail ez-lehiakorra antolatzen du. Ekimen honek azken urtean ekoitzitako film espainiarren sorta bat osatzen du, estreinatuak izan ala ez, eta zinemaldiak plataforma bikaina eskaintzen die film horiei guztiei nazioartean hedatzeko. Obrak, bide batez, irailaren 26tik 30era bitartean proiektatuko dira Madrilgo Berlanga Aretoan.
Bestalde, Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak sortutako Fundazioak berak ere, Dunia Ayaso Saria ematen du Zinemaldiaren baitan, genero-ikuspegidun gidoi onenari hain zuzen ere. Aurten zazpigarren urtea beteko du 2012an hildako kanariar zinemagilearen omenez.
Azkenik, SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluak Euskal Produkzioko Gidoi Onenaren Saria babesten du, Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak urteroko jaialdian bertan ematen duena.
Konpositoreak
Ivan Palomares (Las niñas de cristal)
Madrilen jaioa, Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egin zituen musika ikasketak, Orkestra Zuzendaritza eta Konposizio espezialitateetan, kalifikazio gorenak eta Karrera-amaierako Saria lortuz.
Bruselan, Eskozian, Berlinen eta Estatu Batuetan ikastaro eta eskola magistralekin osatu zuen zuzendari eta konpositore prestakuntza, Philippe Gérard, Enrique García Asensio, Samuel Adler, Benet Casablancas, Ertugrul Sevsay, Hummie Mann edo Teresa Catalanen eskutik. Berlinale Talent Campusean parte hartzeko hautatua izan zen, eta, bide batez, 2015ean Kaliforniako Los Angeles hirian garatutako Ascap Film Scoring Workshop ospetsuan parte hartu zuten mundu osoko 12 konpositore bakarretako bat izateko hautatua izan zen.
Bere ibilbide profesionala kontzertu-musikaren esparruan (konpositore eta zuzendari gisa) nahiz ikus-entzunezko komunikabideetarako konposizioaren esparruan garatu du. Halaber, zinemarako, antzerkirako eta telebistarako proiektu askotan parte hartzen du sarritan, Estatu barruko zein nazioarteko sari ugari eman dizkiotela. 2005etik berrogeita hamar konposizio baino gehiago sortu ditu zinemarako (BSOak), telebistarako eta publizitaterako. Diziplina anitzeko proiektu artistikoen zale amorratua, En las Estrellas filmerako sortutako partitura sentikorrarekin, 33. Goya Sarietarako izendatua izan zena, alegia, Valentziako Ikus-entzunezko Akademiaren Saria irabazi zuen, Espainiako Soinu Banda Onenaren Mundo BSO Saria, bai eta bertan zein kanpoan erdietsitako beste hainbeste aintzatespen eta izendapen batzuk ere, hala nola, Zinema Musika Kritikarien Nazioarteko Elkartearen Konpositore Errebelazioarena (IFMCA).
Victor Reyes (Love gets a room)
Victor Reyes (Salamanca, 1962) musikari eta konpositore oso ezaguna da, zineman eta telebistan egindako lanengatik, batez ere. Bere obrarik ezagunenetako batzuk Buried (Enterrado) edo Grand Pianoren soinu-bandak dira, biak Soinu Banda Onenaren IFMCAren irabazleak, edo The Night Manager (El infiltrado), 2016an Emmy Saria eman zion partitura.
Formakuntza klasikoarekin, musika ikasketak Madrilgo Opera Kontserbatorioan amaitu zituen, 90eko hamarkadan moldatzaile bezala ibilbide dinamikoa garatuz nazioarteko artistentzat, hala nola, Julio Iglesias, Placido Domingo, Ricky Martin edo Montserrat Caballe, eta Mecano, La Decada edo Complices bezalako taldeentzat.
Aldi horretan, eta batez ere 2000ko hamarkadaren hasieratik, ikus-entzunezko baliabideekin harremanetan jarri zen eta bere ibilbideko soinu-banda nabarmenenak idatzi zituen, azkenak: Luces Rojas, 2012an, Down a Dark Hall (Blackwood), 2018an, eta Love a Room (El amor en su lugar), 2021ean. Musikagileak bertoko eta nazioarteko hainbat ekoizpen egin ditu, besteak beste, El Internado - Las Cumbres seriea edo eta Mediaseteko Entrevíasen ekoizpena.
Paula Olaz (Nora)
Paula Olaz (Iruñea, 1989) zinema, telebista, antzerki, dantza eta bideojokoetarako soinu-banden musikagilea dugu. Bere ikasketak Berklee College of Music-en egin zituen, non cum laude aipamena duen graduondokoa lortu zuen. Aldi berean, neuropsikologia klinikoko ikasketak egiten ditu, berau soinu-banden psikologia kognitiboaren munduan espezializatzeko aukera ematen dion esparrua izanik. Espainian, Estatu Batuetan, Suitzan eta Alemanian ikasi ondoren, hots, Javier Asín, Bingen Mendizabal, Cornelius Schwehr, Lucio Godoy eta Wolfgang Rihm konpositore ospetsuen babespean, Pascal Gaignerekin elkarlanean hasi zen 2017an. United Love Movement mugimendu unibertsalaren sortzaileetako bat da, eta, koru eta orkestra-musikaren bidez, giza izaerari eta egungo gizartean musikak duen aldaketa-ahalmenari buruzko hausnarketa bultzatzen du mugimendu honekin.
Hainbat filmetako musika konposatu du: Verano en Rojo (Belen Macias), Alguien que cuide de mí (Elvira Lindo eta Daniela Fjerman), Las Buenas Compañías (Silvia Munt)... Beste horrenbesteko filmen musika sailetan ere lan egin du, besteak beste, honakoetan: Handia, La Trinchera Infinita, Errementari, Remember me, Dantza, Ilargi guztiak, Malpaso, etab. Astronomia zalea eta unibertsoko soinu munduaren ikertzailea, 2017an Londresko Air Studios ospetsuetan grabatu eta zuzentzen du Hubble teleskopioak Europako Espazio Agentziarentzat dituen benetako irudietan oinarritutako obra. Orduz geroztik, "data sonification" deritzon arloan ikertzen du, CERN eta HEAD direlakoekin (Geneva, Suitza) elkarlanean, Europako fisikariekin eta astronomoekin batera. Gainera, Larrotxenen (Donostia) soinu bandak eta musika teknologia irakasten ditu, eta musika zein zientzian aditua da EITBn.
Julio de La Rosa (Modelo 77)
Julio de la Rosa soinu-banda sendo eta fidagarrienen espainiar konpositore eta ekoizleetako bat bilakatu zaigu. Egiten duen guztiari buruz duen ikuspuntu bereziak, beti filmaren edo telesailaren asmoetatik aldendu gabe, era guztietako sariak lortzea ekarri dio, besteak beste, La Isla Mínima filmarengatik Jatorrizko musika onenaren Goya Saria eta beste sari eta izendapen batzuk. Thriller-az gain, lan dexente egiten du komedia erromantikoetan, drametan, garaiko zineman edo eta fantasiazkoan.
Jerez de la Fronteran jaioa eta Sevillako Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua, Madrilen bizi da. 2005ean eman zuen bere burua ezagutzera ikus-entzunezkoen munduan, Siete Vírgenes filmarekin, Alberto Rodríguez zine-zuzendari handiaren eskutik. Bere ohiko konpositorea bihurtu da gaur arte. Harrezkero, dozenaka soinu-banda egin ditu Espainiako, Latinoamerikako eta Europa erdialdeko beste zuzendari batzuentzat, telebistarako eta plataformetarako telesailez gain, eta Goya Sarirako hiru aldiz izendatu dute: Grupo 7, El Hombre de las Mil Caras eta La Isla Mínima lanen musikagintzagatik, hain zuzen. Azken lan honekin “buru-handia” lortu zuen, Zinematografiako Idazleen Domina eta Kritikaren Feroz Saria ere. Bere azken soinu-bandarekin, Modelo 77, Goya, Feroz, Carmen eta CEC sarietarako izendatuta egon da, besteak beste. Halaber, Urteko soinu-banda onenaren Saria eskuratu du, Días de Cine Saria konkretuki.
Arantzazu Calleja (Irati)
Arantzazu Calleja Arte Ederretan lizentziatua eta biolin irakaslea da. Zinemarako musika idazten hasi zen Borja Cobeagarekin batera. Bere lehen kolaborazioa Goya Sarietarako izendatua egon zen (La primera vez, 2001) eta bigarrena Akademiaren Oscar Sarirako (Éramos pocos, 2005). Bere filmografiaren baitan Psiconautas bezalako izenburuak nabarmentzen dira (Alberto Vazquez eta Pedro Riveroren lana, 2017an Animaziozko Film onenaren Goya Saria), El Hoyo (Galder Gaztelu-Urrutia) edo Akelarre (Pablo Agüero), zeinaren bidez, Maite Arroitajauregirekin batera, Jatorrizko musika onenaren Goya Saria eta 2020ko Platino Saria jaso zituen. Bere azken lanak ditugu Alauda Ruiz de Azuaren Cinco Lobitos, Paul Urkijoren Irati (Maite Arroitajauregiren eskutik ere) eta Borja Cobeagaren No me gusta conducir. Gaur egun, Rich Flu filmaren soinu-banda sortzen dihardu, hots, Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendutako nazioarteko koprodukzio batean.
Maite Arroitajauregi (Irati)
1977an Eibarren jaioa, Maite Arroitajauregi Biolontxeloan Lizentziatua da Gasteizko Goi Mailako Kontserbatorioan, eta Erdi mailako Gradua dauka Gambako Biolan, Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan. Anari, Lisabö edo Xabier Montoia bezalako taldeetan parte hartu ondoren, 2009an Mursego sortu zuen, bere bakarkako proiektua. Bertan, hainbat disko argitaratu ditu, eta abangoardia, folklorea eta musika klasikoa uztartzen dituen musika-lengoaia propioa definitu du. Horren ondorioz, 200 kontzertu baino gehiago eman ditu Paristik Erromara doazen agertokietan.
Dantza eta antzerkiaren munduarekin noizbehinkako kolaborazioez gain, ikus-entzunezkoen munduan ibilbide emankorra hasi zuen, hainbat film laburri musika jarriz, besteak beste, El rito, 2012 eta Herencia (Isaki Lakuesta) edo Colera (Aritz Moreno), baita Invisible (Victor Iriarte) eta Emak Bakia (Oskar Alegria) film luzeen soinu-banda konposatuz ere. Azken hori Zinemaldiaren 2012ko edizioko Zabaltegi sailean aurkeztu zen. 2015ean, Asier Altunaren Amamaren soinu-banda konposatu zuen Javi Pez musikariarekin batera, Zinemaldiko sail ofizialean ere aurkeztua, eta, ondoren, Montpellierreko Zinemaldian Musika onenaren Saria irabazi zuen. Fernando Francoren Morir filmaren soinu-bandaz arduratu ondoren, 2018an Myriam Perez Cazabonen Mutu pieza eszenikorako musika konposatu zuen.
Fernando Velazquez (Momiak)
Fernando Velazquez (Getxo, 1976) zinema, telebista eta antzerkirako euskal musikagilea da, kontzertu-musikaren sortzailea, orkestra-zuzendaria eta euskal biolontxelojolea. Ekimen bateratu honen sustatzaile intelektualetako bat dugu. Bere lanik ezagunenen artean Juan Antonio Bayonaren El orfanato, Lo imposible eta Un monstruo viene a verme filmak daude. Azken honen soinu-bandarekin Jatorrizko Musika Onenaren Goya Saria irabazi zuen 2017an. Musika ikasketak Getxo, Bilbo eta Gasteizko kontserbatorioetan hasi zituen, eta gero Madrilera edo Parisera joan zen. Espainiar Estatuko edo Erresuma Batuko orkestrarik onenetan biolontxelo-jotzaile eta orkestra-zuzendari gisa nabarmendu bada ere, 2000. urtetik aurrera bere konpositore ibilbidea Koldo Serra, Nacho Vigalondo edo Juan Antonio Bayona errealizadoreen eskutik erabat handitzen da. Harrezkero, arrakasta zinematografiko handietarako (Mamá, Ocho apellidos vascos, Hércules, El secreto de Marrowbone, Superlópez, Poderoso Victoria...) eta telesailetarako (Diablero, La otra mirada, Patria, El inocente, Alma...) konposatzen jarraitzeaz gain, antzerkigintzan egindako lana areagotu du, eta Alfredo Sanzol (El Gollem, El bar que se tragó a todos los españoles, La ternura...) antzerkigile eta Zentro Dramatiko Nazionaleko zuzendariarekin izandako esperientzia nabarmena bezain oparoa izan da.

