2.500 ikaslek ‘Pantomima’ haurrentzako ikuskizunaz gozatuko dute egunotan Miramonen

Gipuzkoa osoko 40 bat ikastetxetako 3 eta 6 urte bitarteko ikasleak Miramonera etortzen ari dira urtarrilaren 17tik 26ra, Euskadiko Orkestraren Musika Gela hezkuntza-zikloko ekoizpen hau ikustera.
Ikuskizuna familiei ere zabalduko zaie: larunbatean, urtarrilak 27, 11:00etan eta 12:30ean Miramonen, eta igandean, urtarrilak 28, 17:00etan eta 18:30ean Gasteizko Garcia Lorca Antzokian. Sarrerak salgai daude 5 eurotik aurrera.
Musika Gelaren bigarren programa aste honetan eta hurrengoan egiten ari da, 2.500 ikasle baino gehiagori zuzendutako Eskola Kontzertu ugarirekin eta datorren asteko asteburuan Donostian eta Gasteizen programatutako lau Musika Familian kontzerturekin.
Barroko garaiko musikak fantasiazko mundu batera eramango gaitu, non "artearen komediaren" estetikatik irtendako pertsonaia batek publikoarekin jolastuko duen objektu, erritmo eta doinu erreal zein irudimenezkoak deskubritzera. Gidoirik gabeko kontzertua izango da, baina elementu musikalek eta jolas sinboliko eta ludikoek markatuko dute bidea. Pantomima honetan musikak aukera emango dio gure pertsonaiari publikoarekin eta gure musikariekin elkarreraginean aritzeko, antzerki-inprobisazioen bidez.
Mikel Cañadaren —Musika Gelaren koordinatzailearen— gidoia duen eta Gorka Ganso aktoreak gidatuko duen ikuskizun honetan, ganbera-talde batek Bach, Haendel, Vivaldi eta Mozart bezalako musikagileen lanak interpretatuko ditu. Ganbera-taldea lau musikariz osatuta dago, eta horietatik hiru Euskadiko Orkestraren kideak dira: Raquel Cortinas (biolina), Pascal Laffont (oboea) eta François Proud (fagota). Pedro Jose Rodriguezek osatuko du laukotea pianoan eta klabezinean.
3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako Musika Familian kontzertuak izango dira larunbatean, urtarrilak 27, 11:00etan eta 12:30ean Miramonen, eta igandean, urtarrilak 28, 17:00etan eta 18:30ean Gasteizko Garcia Lorca Antzokian. Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude. Miramonen sarreren prezioa 5 eurokoa izango da 12 urtetik beherakoentzat, eta 8 eurokoa publiko orokorrarentzat, eta euskadikoorkestra.eus webgunean edo Kursaaleko leihatilan eskuratu ahal izango dira. Kontzertuaren egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira Miramongo Egoitzako leihatilan, beti ere leku libreak geratzen badira. Gasteizen sarrerak 6 euroko prezio bakarrean atera dira salgai, principalantzokia.org webgunean eta Principal Antzokiko leihatilan.
Gertu Kultura: jarduera inklusiboa
Euskadiko Orkestrak Donostiako Musika Familian Kontzertuak Gertu Kultura sarearen programazioan sartu ditu. Kultur programatzaileen sare honek helburu du zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek kultura eskura izaten laguntzea. Informazio gehiago Gertu Kultura sarearen webgunean.
Ritmus Laukotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Euskadiko Orkestraren hari-sekzioko lau musikariz osatzen den taldeak Kodaly eta Xostakovitxen obrak interpretatuko ditu larunbat honetan, urtarrilak 13, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.
Larunbat honetan, urtarrilak 13, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Ritmus Laukoteak ‘Zailtasunak bidean’ izeneko kontzertua eskainiko du. Taldea orkestrako lau kidek osatzen dute: Laura Balboa (biolina), Irene Echeveste (biolina), Delphine Dupuy (biola) eta Jon Larraz (biolontxeloa).
Matinée hau irekiko duen Zoltan Kodaly hungariarraren Serenata 1919 eta 1920 artean idatzitako obra da. Hari-hirukoterako konposatua dagoen arren, ‘serenata’ bezala izendatu zuen. XVIII. mendean ezagun egin zen termino hau gaualdi bat girotzea helburu zuen eta ‘trio’-ak baino pisu emozional txikiagoa duen konposizio instrumental bat izendatzeko. Hiru instrumentuek lehen mugimendua irekitzen dute, Allegramente, zapateatze indartsuko gai batekin; Kodalyk behin eta berriz erabiltzen du biolaren beheko hari irekia kolore tonal bereizgarri bat eta soinu-aberastasun bat sortzeko. Bigarren mugimendua biolaren eta lehen biolinaren arteko elkarrizketa da, eta ia entzunezina den hasperen batekin ixten da. Hirugarren eta azken mugimendua erritmo taupadatsu baten gainean egindako dantza folklorikoen sekuentzia da.
Bestalde, Dmitri Xostakovitxek “faxismoaren eta gerraren biktimei” eskaini zien bere Harirako 8. Kuartetoa. Egilearen ohar hori 1960an suntsitutako Dresden hiriaren irudiekin lotu izan da sarritan, baina gaur egun badakigu lanak askoz ere oinarri pertsonalagoa duela. Xostakovitxek izaera autobiografikoa azpimarratu zuen d-s-c-h (D. Sch inizialen baliokide musikala) sekuentzia tonala erabiliz, obra modu esanguratsuan irekitzen duena. Antolaketa ziklikoa obraren ezaugarri argia da, non bost mugimenduek bat egiten duten modu bikainean: hasierako Largoa bi mugimendu azkar izatera igarotzen da —Allegro molto agresiboa eta Allegretto sotila—, hasierako giro ilunera itzultzeko beste azken bi Largorekin. Obra 1960an estreinatu zen Leningraden eta konpositorearen kuartetorik interpretatuena da.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Euskadiko Orkestra ETBko hainbat emisioren protagonista izango da Gabonetan

EITBk eta Euskadiko Orkestrak elkarlanean dihardute berriro, eta oraingoan gabon-kanta ezagunak grabatu dituzte euskaraz euskal artista eta profesional garrantzitsuen talde batekin batera. Gabon-kanta hauek ETB1en abenduaren 23ko gauean (22:00) emateaz gain, Euskadiko Orkestraren beste lau kontzertu sinfoniko izango dira ikusgai ETB2n Gabonetan.
EITBren eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarlan berri batekin gozatu ahal izango dugu aurtengo Eguberri jaietan. Ekimen berezi eta hunkigarria izango da, EITBko hainbat profesionalek gabon-kanta ezagunak grabatu baitituzte Euskadiko Orkestrarekin batera. Fernando Velazquez konpositoreak moldatu ditu obra horiek, eta Juanjo Ocon zuzendariaren esanetara interpretatu dituzte, Leioa Kantika Koralak eta Errenteriako Landarbaso Abesbatzako kideek lagunduta.
Ekimen berezian parte hartu duten profesionalak hauek dira: Xabier Ormazabal Teleberri albistegiko aurkezlea; Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko burua; Esto No Es Normal saioko Egoitz Txurruka; SOS Kantak Arriskuan saioko Klara Mendizabal, Iker Lauroba eta Lide Hernando; eta Sua Enparantza eta Ainhoa Larrañaga aktoreak.
Haien ahotsean entzungo ditugu Birjina maite; Hator hator; Horra, Mari Domingi; Olentzero; Gabon gauean eta Haurtxo maite/Noche de paz/Stille nacht; abesbatzetako kideek kantatuko dituzte, berriz, Gabaren erdian, Mesias sarritan eta Oi Bethleem.
Emanaldi osoarekin gozatzeko aukera izango dugu abenduaren 23an, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.
Kontzertu sinfonikoak Gabonetan
Gainera, ETB2k Euskadiko Orkestraren Denboraldiko kontzertuak ematen jarraituko du, larunbat goizetan, ohi bezala, eta baita abenduaren 25ean ere, Eguberri Egunean. Hauek dira katean ikusi ahal izango diren orkestraren kontzertuak, guztiak 11:00etan.
- Abenduak 23: (Berremisioa) MAMUAK (22/23). Roberto Fores / Easo Gazte eta Easo Gaztelania
- Abenduak 25 (astelehena): RAVEL / FALLA (23/24). Juanjo Mena / Clara Mouriz / Alfonso Gómez
- Abenduak 30: (Berremisioa) BOLÉRO, Eskola Kontzertua (22/23)
- Urtarrilak 6: COPLAND / MAHLER (23/24). Juraj Valcuha
Informazio gehiago
eitb.eusAlfonso Gomez izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Nazioartean ospe handia duen pianojole gasteiztarrak Ravel, Messiaen eta Albenizen obrak barne hartzen dituen errezitaldia eskainiko du larunbat honetan, abenduak 16, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.
Larunbat honetan, abenduak 16, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko seigarren hitzordua izango da. Alfonso Gomez pianojole handiak eskainiko du errezitaldia, Ravel, Messiaen eta Albenizen obrekin.
Gomez errepertorioa etapa jakin batera mugatzen ez duten interpreteen belaunaldi batekoa da; aitzitik, barrokotik hasi eta gaur egungo musikara arte dauden estiloen zabaltasuna hartzen saiatzen da.
1978an Gasteizen jaioa, Gomezek nazioarteko karrera oparoa du atzean, eta mundu osoan barrena errezitaldi ugari eskaini ditu. Hamaika aldiz saritu dute estatuko eta nazioarteko lehiaketetan, eta bere errepertorioaren ugaritasuna, aniztasuna eta konplexutasuna erakusten duten hamar bat disko grabatu ditu. Gaur egun, irakasle katedraduna da Freiburgeko Musika Unibertsitatean, eta irakasle laguntzailea Stuttgarteko Musikaren eta Arte Eszenikoen Estatuko Unibertsitatean.
Gomezek duela bi aste eskas parte hartu zuen Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian. Maurice Ravelen Kontzertua Solen ospetsuaren interpretazioa eskaini berri du, Juanjo Menaren agindupean, hau ere gasteiztarra eta nazioartean ospe handiduna. Eta, hain zuzen ere, Lapurdiko musikagilearen bi lanekin abiatuko da ganbera-kontzertu hau ere: Pavane pour une infante défunte eta Sonatine.
Oliver Messiaenen Le loriot interpretatu ondoren, Matinée honen lan nagusia iritsiko da: Isaac Albenizen Iberia, agian espainiar piano-literaturako lanik garrantzitsuena. Obra honi buruz Messiaenek berak honakoa esan zuen: “pianoaren miraria da, beharbada postu gorena du errege instrumentu honen erakusgarririk distiratsuenen artean”. 1905 eta 1909 artean konposatutako pianorako suite hau osatzen duten hamabi piezetatik bost joko ditu Gomezek.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Euskadiko Orkestra solemnitatez beteko da Nazio Batuen ereserkia interpretatzeko

Mireia Gabilondok eta Dorleta Urretabizkaiak euskaraz errezitatuko dituzte, historian lehen aldiz, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaletik ateratako testuak, Aaron Coplanden ‘Abagune solemne baterako hitzaurrea’ lana inspiratu zutenak 1949an. Mahlerren lehen sorkuntza sinfoniko handiak osatuko du Juraj Valcuhak zuzenduko duen kontzertu-programa berri hau.
Sarrerak salgai daude abenduaren 11tik 15era ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako, 10 eta 38 euro bitartean.
Euskadiko Orkestrak datorren astelehenetik aurrera 23/24 Kontzertu Denboraldiko laugarren programari aurre egingo dio, ‘Copland / Mahler’ izenekoa. Juraj Valcuha eslovakiarrak zuzenduko dituen kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: astelehenean, abenduak 11, Bilboko Euskalduna Jauregian; asteartean, abenduak 12, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazken eta ostegunean, abenduak 13 eta 14, Donostiako Kursaal Auditoriumean; ostiralean, abenduak 15, Gasteizko Principal Antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 75. urteurrena izango da eta, ospakizun horrekin bat etorriz, Euskadiko Orkestrak kontzertu-programa berriari ekiteko 1949an Copland inspiratu zuen obra hautatu du (Aldarrikapenaren lehen urteurrena ospatzeko sortu zuen). ‘Nazio Batuen ereserkia’ izenaz ere ezaguna den Abagune solemne baterako hitzaurreak Aldarrikapenetik bertatik ateratako testu batzuk daramatza, eta Mireia Gabilondo (Bilbon, Iruñean eta Donostian) eta Dorleta Urretabizkaiak (Gasteizen) errezitatuko dituzte, historian lehen aldiz, euskaraz. Lan laburra, oso solemnea eta berezia da, eta lehen aldiz entzungo da Euskadin. Lanaren aurreneko interpretazioan, narratzailea Laurence Olivier britainiar aktore bikaina izan zen eta, orduz geroztik, aukera berezietan edo, izenburuak dioen bezala, solemneetan, programatu izan da maiz.
Ondoren, Euskadiko Orkestrak Gustav Mahlerren 1. Sinfonia interpretatuko du, «Titan» ezizenaz ezagun dena, iluntasunetik argirako igarobide heroiko bat izaki. Sinfonia honek leku berezia du Euskadiko Orkestraren azken aldiko historian, Robert Treviñok obra horrekin aurkeztu baitzuen bere burua euskal ikusleen aurrean, 2016ko irailean titular gisa emandako aurreneko kontzertuan. Horren ostean, Mahlerren beste sinfonia ugari eskaini dira, AEBko maisuak zuzenduta. Gaurkoan, aitzitik, beste zuzendari batek Mahler nola ikusten duen jakingo dugu. Zuzendari hori, Juraj Valcuha, Bratislavan sortu zen, konpositorearen jaioterritik (Kaliste) 200 kilometro eskasera. Houstongo Sinfonikoko eta Napoliko San Carlo Antzokiko zuzendari titularra da, eta oraingoa haren bigarren aldia izango da gure orkestrarekin, 2015/2016 denboraldian estreinatu zen eta.
Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.
Subito ganbera-orkestra izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Hari-sekzioko hamaika musikarik osatzen duten taldeak Warlock, Beliczay eta Rutterren obrak interpretatuko ditu larunbat honetan, abenduak 2, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.
Larunbat honetan, abenduak 2, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko bosgarren hitzordua izango da. Azken orduko aldaketa baten ondorioz, kontzertu honen taldea eta programa aldatu egin behar izan dira. Presaren ondorioz, ganbera-orkestra formazio berri honek Subito izena hartu du, eta horrela aurkezten da kontzertu honetan, Re tonalitatean idatzitako obrei osotasunean eskainitako programa batekin.
Taldea hamaika kidek osatzen dute: Larraitz Oiartzabal (kontzertinoa eta lehen biolina), Irene Echeveste (lehen biolina), Nathalie Dabadie (lehen biolina), Raquel Cortinas (bigarren biolina), Ricardo Ruiz (bigarren biolina), Amaia Asurmendi (bigarren biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Pawel Krymer (biola), Javier Escrihuela (biolontxeloa), Gabriel Mesado (biolontxeloa) eta Marc Sirera (kontrabaxua). Escrihuela ez beste guztiak Euskadiko Orkestraren kideak dira.
Matinéea Peter Warlocken Capriol Suitearekin hasiko da. Philip Arnold Heseltine konpositore eta musika-kritikari ingelesaren izengoitia da Peter Warlock. Bere ibilbidean zehar, antzinako musikan interes handia erakutsi zuen, eta horrek errepertorio mota honekin lotutako lan batzuk idaztera eraman zuen, hala nola ahots eta pianorako hogei abesti eta kontzertuan entzungo dugun suite ospetsu hau. Jatorrian piano-bikoterako idatzia badago ere, Warlockek orkestratu egin zuen geroago, hari-ensemblerako eta orkestra osorako.
Kontzertuaren bigarren obra Gyula Beliczay konpositore hungariarraren Harirako Serenata izango da. Hasiera batean ingeniari izateko estudiatu zuen Vienan, baina gero leku berean konposizioa ikasi zuen, modu pribatuan, besteak beste, Joachim Hoffmann eta Franz Krennekin. Richard Wagner eta Franz Liszten laguna zen Beliczay, eta horiek eragin nabarmena izan zuten bere konposizio-estiloan.
Azkenik, ganbera-orkestrak John Rutter britainiar konpositore, abesbatza-zuzendari, orkestra-zuzendari, moldatzaile eta musika-ekoizlearen Harirako Suitea interpretatuko du. Lan hau britainiar folkloreko abestietan oinarrituta dago.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Juanjo Mena, Alfonso Gomez eta Clara Mouriz izango dira Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programaren protagonistak

Gure zuzendarien artean internazionalen dena jarriko da Euskadiko Orkestraren buru hurrengo kontzertu-programan, honako plater nagusiak izango dituena: Ravelen ‘Kontzertua Solen’, Gomez gasteiztarrarekin pianoan, eta Fallaren ‘Hiru puntako kapela’ ballet osoa, Mouriz donostiarrarekin mezzosoprano rolean.
Sarrerak salgai daude azaroaren 27tik abenduaren 1era ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako, 10 eta 38 euro bitartean.
Euskadiko Orkestrak datorren astelehenetik aurrera 23/24 Kontzertu Denboraldiko hirugarren programari aurre egingo dio, ‘Ravel / Falla’ izenekoa. Juanjo Mena gasteiztarrak zuzenduko dituen kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: astelehenean eta asteartean, azaroak 27 eta 28, Donostiako Kursaal Auditoriumean; asteazkenean, azaroak 29, Bilboko Euskalduna Jauregian; ostegunean, azaroak 30, Gasteizko Principal Antzokian; eta ostiralean, abenduak 1, Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Euskadiko Orkestraren 2023/2024 Denboraldian entzungo dugun kontzertu-programarik euskaldunena izango da honako hau. Hainbat arrazoi daude horretarako. Batetik, lanen aukeraketa; izan ere, bi partituratan garrantzi handia du euskal folkloreak (Gabriel Pierneren Ramuntchoren obertura eta Ravelen Kontzertua Solen). Eta, bestetik, gaur orkestrarekin batera arituko diren interprete guztiak euskal musikariak direlako.
Horietako lehena Juanjo Mena gasteiztarra da, gure orkestra-zuzendarien artean nazioarteko ibilbiderik oparoena izan duena, duela hainbat urtetatik. Izan ere, hainbat orkestratako titularra izan da, hala nola Bergengo Orkestrakoa edo BBC Orkestra Filarmonikokoa, eta ospe handia lortu du Estatu Batuetan; bertan, herrialdeko orkestra garrantzitsuenetako asko zuzendu ditu, esaterako, New Yorkekoa, Bostongoa, Baltimorekoa edo Chicagokoa.
(ikus Juanjo Menaren adierazpen osoa oharraren amaieran)
Gasteizko beste artista bat ere izango dugu gure artean. Euskal musikari honek ere ospe handia du, baina kasu honetan pianojolea da: Alfonso Gomez, Friburgoko eta Stuttgarteko Musika Unibertsitateetako irakaslea, eta musika garaikideko espezialista ospetsua. Gure solista izango da gaur, euskal publikoak gehien maite duen pianorako kontzertuetako batean: Maurice Ravelen Kontzertua Solen, 1929 eta 1931 artean idatzia.
Gomezen hitzetan: “Obra argitsua eta alaia da, baina asko sufritu duten pertsonek duten alaitasun mota hori erakusten du (Ravelek oso gertutik bizi izan zituen Lehen Mundu Gerrako hondamendiak). Kontziente naiz espektatibak oso altuak direla kontzertu honen interpretazio-historia apartagatik, baina saiatuko naiz ahalik eta arreta gehien jartzen musikan, konpositorean, testuan. Ilusioz eta ikusleekiko errespetu handiz egiten diot aurre obrari, alderdi guztietan nire barrenetik ahalik eta gehien emateko asmoz. Pribilegiatua sentitzen naiz errepertorio hau Euskadiko Orkestrarekin jo dezakedalako, bere DNAn idatzita baitarama orkestra honek soinu raveliarra. Ziur nago kontzertu zirraragarriak izango direla”.
Azkenik, eta gure lurreko artisten triunbiratu hau osatzeko, Clara Mouriz mezzosoprano donostiarrak parte hartuko du kontzertuaren bigarren zatian. 2016an egin zuen debuta Euskadiko Orkestrarekin, Cantelouberen euskal abestien bilduma eder bat abestuz. Oraingoan, berriz, nazioarteko ibilbide garrantzitsua egin ondoren itzuliko da, eta Fallak iberiar penintsulako musiketan inspiratuta sortu zituen melodiak abestuko ditu. Fallak XVIII. mende amaierako Andaluziako errotari batzuen gorabeherak kontatzen ditu, eta beraz, espainiar giro nabarmena islatzen du, kostumbrismo handikoa. Iberiar penintsulako hainbat dantzaren erritmoak eta armoniak bildu zituen Fallak, jotatik eta farrucatik hasi, eta fandangora edo seguidilletara. Fallak idatzitako ballet osoa entzun ahal izango da kontzertu hauetan. Juanjo Menak eta Clara Mourizek sona handiko eszenatokietan defendatu dute dagoeneko obra hau, tartean, Londreseko Proms ospetsuetan BBC Philharmonic-ekin eta Pragan Urte Berriko Kontzertuan Txekiar Filarmonikoarekin.
Folklorea nagusi den programa honi ekiteko orkestrak Ramuntchoren obertura laburra interpretatuko du, Gabriel Piernek 1908an idatzi zuena Pierre Lotiren izen bereko eleberriaren antzerki-bertsio baten osagarri gisa.
Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.
Juanjo Menaren hitzak
Plazera da beti bezala Euskadiko Orkestrarekin musika egitea etxetik gertu, familiatik gertu maite dudan lagunengandik gertu. Programa hau oso ederra da eta maitasun handiz prestatu dut, indar, energia, kriterio eta ezagutzaz. Hasteko, ‘Ramuntcho’ obra, Gabriel Piernerena, konpositore frantsesa, Paris unibertsoa zen garai batean jainko moduko bat zena. Euskal doinuen gainean idatzitako eta energiaz betetako musika da. Ravelen pianorako kontzertu bat ere izango dugu, ‘Kontzertua Solen’, pianorako kontzertu garrantzitsuenetakoa ere badena, ederrenetakoa, eta jendeak sarri negar egiten du kontzertua hasi bezain pronto. Obra erraldoia da, bene-benetan maite dudan konpositore batena, eta uste dut Euskadiko Orkestrak ere baietz, bere egin baitu aspaldidanik. Alfonso Gomezek pianoan eskainiko digu behin ere entzungo dudan kontzertu honen interpretaziorik onenetakoa. Eta amaitzeko, berriz Clara Mourizekin aritzea plazera da, batera disko ugari egin baititugu, grabazio asko. Urte amaierako kontzertuetan eta festa-giroko hitzorduetan ere elkarrekin aritu gara, jakinduria handiarekin kantatzen duen interpretea baita bera, dotoretasun nabarmenarekin, eta samurtasun handiarekin. Eta kasu honetan, zoragarria da bera ondoan izatea kontzertu honetako maisu-lana gauzatu ahal izateko, Fallaren 'Hiru puntako kapela' maitea, hain zuzen. Baina ez da edozein bertsio izango: ez dira suiteak, Fallaren ballet osoa baizik, oso konplexua dena. Horregatik da ohikoa laburtzea eta suiteak interpretatzea, obra osoa jotzea zaila delako, baina uste dut orkestra momentu bikain batean dagoela eta buru-belarri lanean ari da. Lehen entsegu bat izan dugu eta zoragarria izan da, eta hala izaten jarraituko du. Beraz, espero dut publikoak ere kontzertu hauez gozatu ahal izango duela.
Euskadiko Orkestrak bat egin du Gertu Kulturarekin, kultura eskura izaten laguntzea helburu duen programatzaile-sarea

Katalunian ia bi hamarkadako ibilbidea egin duen ekimen hau gaur aurkeztu da Gipuzkoan, eta dagoeneko 20 erakundek eta 15 kultura-programatzailek parte hartu dute bertan, tartean Euskadiko Orkestrak.
Lankidetzaren lehen erakusgarri gisa, orkestrak 8 jarduera gehitu dizkio denboraldi honetan sarearen programazioari.
Gaur inauguratu da Donostian Gertu Kultura Gipuzkoa kultura-programatzaileen sarea, gizarte-erakundeen eskutik zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek kultura eskura izan dezaten laguntzeko elkartu direnak. Irabazi asmorik gabeko ekimen honen helburua kulturaren bitartez pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da. Horretarako, kultura-espazio eta -esperientzia bereziak biltzen ditu prezio oso murritzetan, lehentasunarekin eta kolektibo ezberdinen beharrak entzutean eta behar horiei erantzutean oinarritutako tratu pertsonalizatuarekin.
Gertu Kultura Apropa Cultura Saretik dator; sare hori Bartzelonako Auditori musika-zentroan abiarazi zen eta, Katalunian 17 urteko ibilbidea egin ondoren, erreferentziazko sare inklusiboa da gaur egun, 190 kultura-programatzaile baino gehiagorekin, 1.800 gizarte-erakunde baino gehiagorekin eta 54 udalerri baino gehiagorekin.
Gertu Kultura gainerako lurraldeetara hedatzeko asmoz sortu da Gipuzkoan eta, hilabete luzez lanean jardun ondoren, dagoeneko 15 kultura-programatzaile eta 20 erakunde bildu ditu bere baitan. Sarea gaur aurkeztu da Donostiako Santa Teresa Komentuan, eta bertan parte hartu dute inplikatutako eragile berriek. Euskadiko Orkestrak inaugurazio-jardunaldi honetan Oriol Roch zuzendari nagusia eta Mikel Cañada Musika Gela hezkuntza-zikloaren koordinatzailea izan ditu. Azken honek hitzaldi batean musika inklusio tresna boteretsu bihurtzeko moduari buruzko esperientziak partekatu ditu.
Euskadiko Orkestraren 8 jarduera
Sare honekin programatzaile bezala bat egin duen lehen erakundeetako bat izan da Euskadiko Orkestra, eta Denboraldi honetako 8 jardueraren ekarpena egin du dagoeneko: bi Musika Familian kontzertu, hiru Miramongo Matinée eta hiru entsegu ireki orkestra osoarekin.
- Urtarrilak 27: Pantomima (Musika Familian)
- Otsailak 15: entsegu irekia, ‘Rakhmaninov’
- Martxoak 8: entsegu irekia, ‘Strauss’
- Martxoak 9: Emilia Hirukotea (Miramongo Matinéea)
- Apirilak 13: Misterioa (Musika Familian)
- Apirilak 13: Euskal Herriko Gazte Abesbatza (Miramongo Matinéea)
- Maiatzak 8: entsegu irekia, ‘Dvorak’
- Maiatzak 11: Bost metalak (Miramongo Matinéea)
Euskadiko Orkestra erabateko gizarteratzearen alde
Gertu Kulturarekin bat egitean Euskadiko Orkestrak erabateko gizarteratzearen alde lan egiten jarraitzen du, Adimen edo Garapen Urritasuna duten Pertsonen Elkarteen Euskal Federazioarekin (FEVAS) 2009an hasitako lankidetzari segida emanez. Bestelakotasun funtzionala duten pertsonak protagonista dituzten egitasmoak egiten dituzte ordutik: hainbat tailer Bilbo, Donostia eta Gasteizen, eta kontzertuak orkestraren Miramongo egoitzan. Jarduera horiek “Praktika On” izendatu zituen FEAPSek, Adimen ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Espainiar Konfederakuntzak. Soinu Mosaikoa egitasmoak ere lankidetza horretan du sorburua. Ekimen hori Espainiako 14 orkestretara hedatu zen, musika garapen pertsonalerako eta gizarteratzeko tresna bihurtzen duen praktika aitzindari gisa.
Informazio gehiago
Gertu Kulturaren webguneaMiramon Brass izango da larunbat honetako Matinéearen protagonista

Metal- eta perkusio-sailetako hamaika musikarik osatzen duten taldeak Copland, Parker, Gershwin, Azparren eta Hazellen obrak interpretatuko ditu larunbat honetan, azaroak 18, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan.
Larunbat honetan, azaroak 18, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko laugarren hitzordua izango da. Bertan, Miramon Brassek ‘Metalezko koloreak’ izeneko kontzertua eskainiko du. Taldea hamaika kidek osatzen dute: Marcos Cruz (tronpa), Adrian Garcia Carballo (tronpa), Jesus Castillo (tronpeta), Miguel Echepare (tronpeta), Bernabe Garcia (tronpeta), Kirian Uralde (tronpeta), Frederic Boulan (tronboia), Daniel Ruibal (tronboia), Christophe Sanchez (tronboia), Andoni Moñux (tuba) eta Anthony Lafargue (perkusioa). Uralde eta Moñux ez beste guztiak Euskadiko Orkestraren kideak dira.
Miramon Brassek askotariko errepertorioa proposatzen du, gehienbat jatorrian historiako metal klasiko modernoen lehen taldeetako batek enkargatua: Ensemble Philips Jones ospetsuak, alegia. Kontzertua aukera ezin hobea izango da instrumentu-familia hau ezagutzeko.
Matinéea Aaron Coplanden Fanfare For the Common Man obrarekin hasiko da, 1942an konposatua Bigarren Mundu Gerrako soldadu aliatuen omenez. Coplandek urte batzuk geroago 3. Sinfoniako gai nagusi gisa erabili zuen fanfarre hau.
Bigarren pieza A Londoner in New York izango da, Jim Parker oboista, musikagile eta orkestra-zuzendariak konposatua. Obra osatzen duten bost mugimenduek ingeles batek New York hirira egindako bisitaren une ezberdinak irudikatzen dituzte.
Jarraian, George Gershwinek 1927an konposatutako Porgy and Bess operako abesti ospetsuenen aukeraketa bat proposatzen da. Lan honek Europako orkestra-teknikak, jazz amerikarra eta musika herrikoia uztartzen ditu.
Laugarren lana gainerako errepertorioaren britainiar-estatubatuar esentziatik urrunduko da. Eneko Azparren euskal tronboijole eta konpositorearen Kolore Zortzikoa entzungo da, 2020an Tubala Brass Week jaialdiak enkargatutako obra.
Matinéea Chris Hazellen bi obrekin amaituko da: Three Brass Cats eta Another Cat Kraken. Pieza hauek musikagilearen katuek inspiratutakoak dira, eta bertan animalion jokabideak soinuen bidez jasotzen saiatu zen.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Sergey Khachatryanek Brahmsen ‘Biolinerako Kontzertua’-ren erronka handiari aurre egingo dio Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berrian

Biolinjole armeniarrak orkestrarekin debutatuko du Stanislav Kochanovsky errusiarraren agindupean; zuzendaria ere lehendabizikoz jarriko da Euskadiko Orkestraren buru. Kontzertuen bigarren zatian Xostakovitxen ‘6. Sinfonia’ izango dugu.
Sarrerak salgai daude azaroaren 6tik 11ra ohiko lau hiriburuetan izango diren kontzertu guztietarako, 10 eta 38 euro bitartean.
Euskadiko Orkestrak datorren astelehenetik aurrera 23/24 Kontzertu Denboraldiko bigarren programari aurre egingo dio, ‘Brahms / Shostakovich’ izenekoa. San Petersburgoko Stanislav Kochanovskyk zuzenduko dituen kontzertuak datozen egunetan izango dira ohiko lau hiriburuetan: astelehenean, azaroak 6, Gasteizko Principal Antzokian; asteartean, azaroak 7, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; ostegun eta ostiralean, azaroak 9 eta 10, Donostiako Kursaal Auditoriumean; eta larunbatean, azaroak 11, Bilboko Euskalduna Jauregian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
2021eko irailean eta urrian Brahms Fest jaialdiarekin inauguratu zuen Denboraldia Euskadiko Orkestrak. Johannes Brahms konpositore alemaniarrari eskainitako jaialdia izan zen eta, hamar saiotan zehar, haren sinfonia guztiak eta kontzertu gehienak entzun ahal izan ziren. Dena den, kontzertuetako bat, ospetsuena, ez zen entzun jaialdian: Biolinerako Kontzertua. 1878ko udan eta udazkenean idatzi zuen, Joseph Joachim bertutetsu handiarentzat.
Sergey Khachatryan armeniarrak kitatuko du Euskadiko Orkestrak kontzertu horrekin zuen zorra. Lehen aldiz joko du Euskadiko Orkestrarekin, eta 40 minutuko egundoko erronka izango da biolinjole solistarentzat. Hain zuzen ere, nazioarteko lehiaketa garrantzitsuetako bi –Helsinkiko Sibelius eta Bruselako Queen Elisabeth– irabazi dituen biolinjole bakarretakoa da. Oso izaera sinfoniko handia duen kontzertua da Brahmsena; izan ere, bakarlariari laguntze hutsaz haratago joango da orkestra: haren diskurtsoan erabat integratuko da.
Bigarren zatian, Dmitri Xostakovitxen gutxien interpretatutako sinfonietako bati helduko dio orkestrak. Bosgarren Sinfonia tragikoak lortutako egundoko arrakastaren itzalean, oraingoan orkestrak eskainiko duen Seigarren Sinfonia lirikoagoa eta kontenplatiboagoa da eta, egile errusiarraren arabera, udaberriaz, alaitasunaz eta gaztetasunaz hitz egiten du.
Sarrerak salgai daude saio guztietarako euskadikoorkestra.eus-en, baita auditoriumen webgune eta leihatiletan ere, 10 eta 38 euro bitartean.
Fundación Banco Sabadellen laguntzarekin
Fundación Banco Sabadell programa honen laguntzailea da.


