Ostirala 30 Azaroa, 2018

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, hurrengo nazioarteko erronkarako prest: Austria eta Alemania

Ezker-eskuin: Elena Mtz. de Murguía (biola), Héctor Marqués (perkusioa), Mojca Erdmann (sopranoa), Robert Treviño (zuzendari titularra), Joxean Muñoz (kultura sailburuordea), Oriol Roch (zuzendari nagusia), Amaia Asurmendi (biolina), Tomás Ruti (fagota)
Ezker-eskuin: Elena Mtz. de Murguía (biola), Héctor Marqués (perkusioa), Mojca Erdmann (sopranoa), Robert Treviño (zuzendari titularra), Joxean Muñoz (kultura sailburuordea), Oriol Roch (zuzendari nagusia), Amaia Asurmendi (biolina), Tomás Ruti (fagota)

Orkestra biran aterako da abenduaren 4tik 8ra hiru kontzertu eskaintzeko Austriako Linz eta Bregenz hirietan eta Alemaniako Munichen.

Gaur, ostirala, azaroak 30, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren azken entsegua izan da Austria eta Alemaniara abiatu aurretik Linz, Bregenz eta Munichen kontzertu bana eskaintzeko. Orkestrarentzat Denboraldiko nazioarteko erronka artistiko garrantzitsuena izango da eta Robert Treviño zuzendariarekin egingo duen lehen bira ere bai.

Baskisches Nationalorchester, horrela aurkeztu dute gure Orkestra, eta Treviño ez dira, ordea, bakarrik joango. Mojca Erdmann soprano alemaniarra eta Vadim Gluzman biolinjole israeldarra izango dituzte alboan, biak kontzertu-bira honetara gonbidatutako bakarlari handiak.

 

Programak eta kontzertuak

 

Orkestra astelehenean, abenduak 3, abiatuko da Austria eta Alemaniarantz, eta musika-tradizio handiko eta publiko zorrotzeko Europako erdiguneko hiri eta aretoetan hiru kontzertu eskainiko ditu: abenduaren 4an Linzeko Brucknerhausen, abenduaren 6an Municheko Herkulessaalen eta abenduaren 8an Bregenzeko Festspielhausen.

Hiru kontzertuak euskal musikarekin hasiko dira: Aita Donostiaren Meditazioa obrarekin Linzen, eta Pablo Sorozabalen Siete Lieder (hautaketa)-rekin Munichen eta Bregenzen, Erdmannen ahotsean, lehendabizikoz euskaraz entzungo dena. Sorozabal kultura alemaniarraren miresle handia izan zen eta 1929an idatzi zuen obra hau. Bere musika euskal erritmo eta modulazioz betea dago, eta lied bakoitza bere lagunetakoren bati eskainia dago, guztiak euskal kulturako pertsona famatuak. Bere zazpi liederrak Euskal Konpositoreen Bildumaren parte dira, Euskadiko Orkestra Sinfonikoan Claves disko-etxearentzat grabatuta. Bilduma hori erreferente ezinbestekoa bilakatu da gure herrialdeko musika sinfonikoan.

Hiru kontzertuek Mahlerren Laugarren Sinfonia, musikagile alemaniarraren obra ezagunenetakoa, eramango dute programaren bigarren zatian, Mojca Erdmann soprano alemaniarrarekin bakarlari-paperean. Baina hiri bakoitzak tonu ezberdina izango du kontzertuen lehen zatietan.

Linzen, Aita Donostiaren obraren ostean, Orkestrak eta Erdmannek Mozarten soprano-aria eta eliza-sonata sorta bat interpretatuko dute.

Munichen, Sorozabalen Siete lieder obraren hautaketaren ostean, Elgarren Enigma Bariazioak lana eramango du Orkestrak atriletara, Mahlerren Laugarren Sinfoniarekin kontraste nabarmena eginaz. Programa zaila izango da, baina Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren indarra erakusteko balioko du, Robert Treviñoren zuzendaritzapean. Honako bideo honetan Treviñok eta Erdmannek Municheko kontzertuaren programa aztertzen dute:

 

 

Azkenik, Bregenzen, Erdmannek Sorozabalen lana interpretatu ondoren, Prokofieven Biolinerako 2. Kontzertua joko du Vadim Gluzmanek bakarlari gisa.

Biran abiatu aurretik, Orkestrak bihar, abenduak 1, 11:00etan, Entsegu orokor irekia eskainiko du, Miramongo Matinéeen programazioaren baitan. Luxuzko salbuespena izango da ziklo honen baitan, normalean formatu txikiko ganbera-kontzertuak hartzen baititu barne. Orkestrak Mojca Erdmann izango du ondoan kontzertu honetan, birara eramango duen programaren zati bat interpretatzeko: Mahlerren 4. Sinfonia eta Mozarten soprano-aria eta eliza-sonata batzuen hautaketarekin. Matinée honetara bertaratzeko sarrerak agortu egin dira dagoeneko.

 

Treviño eta bere nazioarteko karrera intentsua

Treviño nazioarteko karrera intentsua ari da garatzen. Europan soilik, dagoeneko honako orkestra entzutetsuak zuzendu ditu, eta arrakasta osoz, gainera: Stuttgarteko Sinfonikoa, Leipzigeko Gewandhaus, Rotterdamekoa, Vienako Tonküstler, eta baita Municheko Filarmonikoa ere. Azken orkestra hori Herkulessaalen bertan zuzendu zuen, gogoangarria izan zen Mahlerren Bosgarren Sinfoniaren interpretazio ahaztezin batekin. Hain zuzen, Mahlerren interpretazio bikainengatik ezagun egiten hasi da Robert Treviño eta musikagile alemaniarraren bere azken bertsioek —London Symphony Orchestraren, London Philarmonic-aren eta Zuricheko Tonhalleren buru egin dituenak—publikoaren eta kritikaren laudorioak jaso dituzte. Oraingoan bere Orkestrarekin itzuli nahi du Municheko eszenatoki famatu honetara, non Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2003an jo zuen lehendabizikoz.

 

Orkestraren nazioarteko presentzia

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak betidanik hartu du aintzat bere misioetako bat: euskal kulturaren enbaxadore izatearena. Horregatik, bere 36 urtetako historian, nazioarteko eszenatoki garrantzitsu ugaritan egon da presente, modu askotara eta helburu ezberdinekin.

Jaialdi eta Denboraldi askotan egon da, adibidez, Biennale di Venezian edo Versailleseko Opera Royal Châteaun (sarri bertaratzen da Malandain Ballet Biarritzekin eta denboraldi honetan ere hala egingo du 2019ko martxoan “Marie Antoinette” estreinatzeko).

Orkestren elkartruke ugaritan ere parte hartu du, Düsseldorfeko Orkestrarekin, Milaneko Giuseppe Verdi Orkestrarekin edota Bordeleko ONBArekin, azken honekin sarritan.

Baina nazioartean presentzia izateko formatu ezagunena kontzertu-birak egitea izan da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat, eta horren adierazgarri, bere 18. nazioarteko bira izango da oraingo hau. 1984tik Orkestra Argentinan, Txilen, Brasilen, Ingalaterran eta Italian izan da, besteak beste. Baina, batez ere, Europako erdiguneko hirietako eszenatokietan eskaini du kontzertu gehien: Alemanian (Frankfurt, Stuttgart, Passau, Bayreuth, Augsburg, Hanburgo, Bremen, Düsseldorf eta Munich), Austrian (Viena, Salzburgo, Linz) eta Suitzan (Luzerna, Zurich, Gstaad). Oraingoan Munichen (hirugarrenez) eta Linzen (laugarrenez) errepikatuko du eta estreinakoz arituko da Bregenzen.

Bestalde, Basque Country markaren eta Bavieraren eta Bregenz barne hartzen duen eskualde austriarraren arteko harremanaren beste adibide bat bezala, Bregenzerako bisitaren aurretik “Bilbao – Bregenz” erakusketa kolektiboa hartu du Bregenz Kunsthausak. Azken hamar urteotan (2006-2016) Bregenzeko Kunsthausen eta BilbaoArteren artean 40 artistak egin dituzten obren oroitzapenezko erakusketa bat izango da.

 

Biraren programa

 

2018ko abenduak 4: Brucknerhaus, Linz (Austria)

AITA DONOSTIA: Meditazioa
W.A. MOZART: Soprano-aria eta eliza-sonaten hautaketa:

  • Church sonata nº 14, k.278
  • Ergo interest… Quaere superna, Recit and Aria in G major, K.143 (73a)
  • Vesperae solennes de confessore, K.339. “Lauate Dominum” in F major
  • Church sonata nº 16, in C major, K.329 (317a)
  • Coronation Mass, K.317. “Agnus Dei” in F major

G. MAHLER: Laugarren Sinfonia

Robert Treviño, zuzendaria
Mojca Erdmann, sopranoa

 

2018ko abenduak 6: Herkulessaal, Munich (Alemania)

P. SOROZABAL: Zazpi Lieder (hautaketa: 1, 4, 5)
E. ELGAR: Enigma Bariazioak, Op.36
G. MAHLER: Laugarren Sinfonia

Robert Treviño, zuzendaria
Mojca Erdmann, sopranoa

 

2018ko abenduak 8: Festspielhaus, Bregenz (Austria)

P. SOROZABAL: Zazpi Lieder (hautaketa: 1, 4, 5)
S. PROKOFIEV: Biolin eta orkestrarako 2. kontzertua
G. MAHLER: Laugarren Sinfonia

Robert Treviño, zuzendaria
Mojca Erdmann, sopranoa 
Vadim Gluzman, biolina

Hurrengo ekitaldiak

Kontzertuak eta Sarrerak Maiatza

1 Az
2 Og
3 Or
4 Lr
5 Ig
6 Al
7 Ar
8 Az
9 Og
10 Or
10 maiatza, 2024 Ostirala, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Lalo / Dvorak Lina González-Granados Bilbao/Bilbo Sarrerak erosi
Lalo / Dvorak
11 Lr
11 maiatza, 2024 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 14. Matinéea: Bost metalak Donostia Sarrerak erosi
14. Matinéea: Bost metalak
12 Ig
13 Al
13 maiatza, 2024 Astelehena, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Lalo / Dvorak Lina González-Granados Vitoria/Gasteiz Sarrerak erosi
Lalo / Dvorak
14 Ar
14 maiatza, 2024 Asteartea, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Lalo / Dvorak Lina González-Granados Pamplona/Iruña Sarrerak erosi
Lalo / Dvorak
15 Az
16 Og
17 Or
18 Lr
19 Ig
20 Al
21 Ar
22 Az
22 maiatza, 2024 Asteazkena, 19:30 h.
Abonu Denboraldia Debussy / Viloria Baldur Brönnimann Vitoria/Gasteiz Sarrerak erosi
Debussy / Viloria
23 Og
24 Or
25 Lr
25 maiatza, 2024 Larunbata, 11:00 h.
Miramongo Matinéeak 15. Matinéea: Xarma Donostia Sarrerak erosi
15. Matinéea: Xarma
26 Ig
27 Al
28 Ar
29 Az
30 Og
31 Or