Webgunean dago jada "Musika Familian zikloaren programazio berria

Bere Hezkuntza Departamentuaren bidez, Euskadiko Orkestrak bere egitekoaren ardatz nagusienetakoa den hezkuntza-jarduera sakontzen darrai. 2010/2011 denboraldirako Musika Gelaren programazioak, besteak beste, bost muntaia ezberdinen estreinaldia biltzen du, Musika Familian eta Eskola-haurrentzako Kontzertuak zikloen baitan, eta baita jarduera berrien abiaraztea ere. Estreinako aldiz, bederatzi hilabetetatik beherako haurrentzat eta haurdun dauden emakumeentzat kontzertu bat izango da.
Aurtengoan ere Kontzertu bakoitzaren aurretik ondorengo emanaldiaren hitzaurre bilakatuko den Sentsibilizazio-Tailer bana izango da.
JULIAN RACHLIN ETA DANIEL HOPE BIOLINJOTZAILEAK ARITUKO DIRA HIRUGARREN ABONU-DENBORALDIAN

Urriaren 28tik aurrera, Euskadiko Orkestrak bere Abonu-Denboraldiko hirugarren programari egingo dio aurre ohiko lau hiriburuetan. Bere zuzendari printzipal gonbidatu Andrey Boreykoren gidaritzapean, Orkestrak bakarlari gailenekin ekingo die kontzertu hauei: Jualian Rachlin, Donostian izango diren kontzertuetan arituko dena, eta Daniel Hope, Gasteiz, Iruñea eta Bilbon arituko dena. Biek Shostakovitch-en Biolin eta orkestrarako 1. kontzertua interpretatuko dute dagozkien kontzertuetan eta egitaraua Vassily Kalinnikov-en 1. Sinfoniak osotuko du. Orkestrak obra hau interpretatzen duen lehenbiziko aldia izango da.
Julian Rachlin, urriaren 28 eta 29an Kursaal Auditorioan izango diren kontzertuetan bakarlari gonbidatu gisa arituko dena, estreinako aldiz arituko da Euskadiko Orkestrarekin. Orkestra gorenekin kontzertuak eskaini dituen biolinjotzaile honen proiektuen artean honakoak daude: Philharmonia Orkestrarekin emanaldiak, NHK Orkestrarekin eta Chung maisuarekin, Gewandhaus Leipzig eta Marriner, Budapesteko Jaialdiko Orkestra eta Sokhiev, Bavierako Irratiko Orkestra Sinfonikoa eta Jansons eta Scala-ko Orkestra Filarmonikoa eta Hardingekin bira. Europar jaialdi ugaritan aritzen da, horien artean Salzburg, Verbier, Schleswig Holstein, BBC Proms eta Lucernakoa. Azken bederatzi urteetan, Rachlin-ek berak ganbera-musikako jaialdi bat antolatzen du Dubrovniken eta honen "lagunen" artean Leif Ove Andsnes, Janine Jansen, Maxim Vengerov, Mischa Maisky, Martin Fröst, Martin Grubinger, Sir Roger Moore, John Malkovich, Krysztof Penderecki, Daniele Gatti, Academy of Saint Martin in the Fields eta Royal Philarmonic Orchestra daude.
Daniel Hope, bestalde, aritua da lehen ere Orkestraren Abonu-Denboraldian eta oraingoan Gasteizko Principal Antzokian (azaroak 3), Iruñeako Baluarte Auditorioan (azaroak 4) eta Bilboko Euskalduna Jauregian (azaroak 5) arituko da. Hope-ek bira luze bat egin berri du Anne Sofie von Otter eta Bengt Forsberg-ekin, Deutsche Grammophon diskoetxearentzat grabaketa bat eginez abiatutako lankidetzaren baitan eta udazken honetan bira berri bat burutuko dute Europan barrena. Aurreko denboraldian Lucernan Beaux Arts Trio-rekin azken kontzertua eskaini ostean, Hope-ek Deutsche Grammophon-ekin eginiko azken lana kaleratu du, Vivaldiren kontzertuak biltzen dituena, Europako Ganbera Orkestrarekin. Bere ibilbidean aipagarriak dira halaber Kristallnacht delakoaren 70.urteurrena zela eta Berlingo Tempelhof aireportuan Daniel Hopek berak antolatu zuen kontzertua, Stravinskyren Soldadu baten istorioa New Yorken Klaus Maria Brandauer aktorearekin, Sting-ekin lankidetza eta baita Belgikako Queen Elisabeth lehiaketan epaimahikide izana ere.
Kontzertu hauek zuzenduko dituen Andrey Boreyko maisua Belgikako Orkestra Nazionaleko zuzendari titular izendatu berri dute, kargu hau 2012ko irailetik aurrera beteko duelarik. Azkenaldian izandako konpromezuen artean, alemaniar telebistako bigarren katea den ZDF telebistaren Echo der Stars 2010 Kontzertuan aritu zen, Essen Philharmonic Orchestra delakoa zuzenduz.
Abonu-Denboraldiko 3. programa
Urriaren 28 eta 29a: Kursaal Auditorioa, Donostia. 20:00etan.
Azaroaren 3a: Principal Antzokia, Gasteiz. 20:00etan.
Azaroaren 4a: Baluarte Auditorioa, Iruñea. 20:00etan.
Azaroaren 5a: Euskalduna Jauregia, Bilbo. 20:00etan.
Egitaraua
D. Shostakovitch: Biolin eta orkestrarako 1. kontzertua la minorrean, opus 77 [39']
V. Kalinnikov: 1. Sinfonia sol minorrean [35']
Andrey Boreyko, zuzendaria
Julian Rachlin, biolina (Donostian)
Daniel Hope, biolina (Gasteiz, Iruñea eta Bilbon)
Miramongo Matinéeak zikloak Chopin-en jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatuko du

Urriaren 23 larunbatean Miramongo Matinéeak zikloaren baitan aurten betetzen den Frédéric Chopin konpositore eta pianojotzailearen jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatuko da. Daniel del Pino pianojotzaileak eta musikari gazteek osatutako hari laukote batek Chopinek 1830.ean konposatutako Piano eta orkestrarako 1 . eta 2. kontzertuen ganbera musikarako moldaketak interpretatuko dituzte. Jatorriz piano eta orkestra handirako konposatutako obren murrizketak interpretatzea ohizkoa zen XIX. mendean, garaiko aristokrazia zein burgesiaren bileretan. Chopin bera sarritan aritu zen tankera honetako kontzertuetan, hauetan bere interpretatzeko teknikarekin bat zetorren kontzertuen ikuspegi gertuagoko eta goxoago bat ahalbidetzen baitzuten.
Daniel del Pino (Beirut, Libano, 1972) bost kontinenteetan barrena aritu da kontzertuak eskaintzen. Honela Europako areto ugaritan izan da, besteak beste Pariseko Salle Gaveau, Sofiako Bulgaria Hall, Bucaresteko G. Enescu Ateneoa, Sevillako Maestranza Antzokia, Madrilgo Auditorio Nazionala, Bartzelonako L'Auditori, Valentziako Palau de la Música, Granadako Manuel de Falla Auditorioa, Terniko Verdi Antzokia; eta Maroko, Jordania, Siria, Libano, Gabon, Israel, Palestina, Brasil, Mexiko, Taiwan, Japonia, Australia eta Estatu Batuetan (New Yorkeko Carnegie Hall) ere eskaini ditu kontzertuak. Lankide gisa RTVE, Sevilla, Galizia, Gaztela eta León, Valentzi, Malaga, Bucaresteko G. Enescu, Brasov eta Trnsilvaniako (Errumania) orkestra sinfonikoekin aritu da eta baita Sofia Erregina Ganbera Orkestrarekin, Solisti di Praga eta Orchestra d'Camara d'Umbria-rekin ere, Max Bragado, Jesús Amigo, Alejandro Posada, Enrique García-Asensio, Juan Luis Pérez, Bernard le Monnier, Robert Carter Austin, Marco Gatti, Rubén Gimeno eta Alfonso Saura-ren zuzendaritzapean. José Zárate, Francisco Lara, Elena Kats-Chernin, Nicolai Kapustin eta Antón García Abril-en lanak estreinatu ditu.
Matinée honetan Del Pino-k lagun izango duen hari-kuartetoa Espainiako eta Euskal Herriko Gazte Orkestretako kide den David Otto eta Gustav Mahler Orchestrako kide den Andrés Ortiz biolin-jotzaileek, Mª Angeles Herrero biola jotzaileak, hau ere Gustav Mahler Orchestrako kide, eta Alvaro Llorente biolontxelojotzaileak osatzen dute. Azken hau Donostiako Musika Hamabostaldian, Bilboko Elkarte Filarmonikoan eta Gironako Auditorioan aritu da, besteak beste, Miramar Laukotearen kide gisa.
Frédéric Chopin 1810-2010. Pianorako kontzertuak
2010eko Urriaren 23an, Euskadiko Orkestraren Egoitza, Miramon. 11.00etan
Egitaraua
Frédéric Chopin (1810-2010)
Piano eta orkestrarako 2. kontzertua fa minorrean, opus 21, ganbera-bertsioa
Piano eta orkestrarako 1. kontzertua mi minorrean, opus 11, ganbera-bertsioa
Daniel del Pino, pianoa; Hari kuartetoa: David Otto eta Andrés Ortiz, biolina; Mª Ángeles Herrero, biola; Álvaro Llorente, biolontxeloa
Euskadiko Orkestraren zuzendari titularrak, Andrés Orozco-Estradak, arrakasta handiz zuzendu zuen Vienako Orkestra Filarmonikoa

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular Andrés Orozco-Estradak arrakasta handiz munduko orkestra nagusienen artean kokatzen den Vienako Orkestra Filarmonikoa zuzendu zuen pasa den asteburuan, orkestra horren Abonu-Denboraldiaren irekieran, austriar hiriburuko Musikverein aretoan. Andrés Orozco-Estrada maisua Esa-Pekka Salonen zuzendari eta konpositore finlandiar gailenaren ordez aritu zen. Musika-zuzendaritzan nazioarte mailako erreferente den Salonen maisua musikagile gisa ere da ezaguna halaber.
Joan zen apirilean Andrés Orozco-Estrada maisuak mundu mailan garrantzizkoenetakoa den beste orkestra bat zuzendu zuen, Municheko Orkestra Filarmonikoa, Christoph Eschenbach maisuaren ordez.
Orozco-Estrada 2009/2010 denboralditik da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra. Berak zuzendu du Orkestra ireki berri den 2010/2011 Abonu-Denboraldian. Denboraldi honetan, gainera, L.V. Beethovenen 9. Sinfoniaren eta G. Mahlerren 4. Sinfoniaren interpretazioan zuzenduko du Orkestra eta baita Alemanian barrena burutuko duen bira garrantzitsuan eta Extremadurara eramango duen biran ere.
Andrés Orozco-Estrada estreinakoz Vienako Orkestra Filarmonikoaren zuzendari gisa
Urriaren 16 eta 17an Vienako Musikverein aretoan
Egitaraua
F. Mendelssohn: Meeresstille und glückliche Fahrt
R. Wagner: Tristan und Isolde, Vorspiel und Liebestod
A. Dvorak: 7. Sinfonia
Vienako Orkestra Filarmonikoa
Andrés Orozco-Estrada, zuzendaria
Opus 64 taldeak Don Juan, Figaroren ezteiak eta Txirula miragarria interpretatuko ditu

Urriaren 2 larunbatean Miramongo Matinéeak zikloaren denboraldiko emanaldi berri bat izango da. Oraingo honetan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko haize-taldeko hainbat musikarik osatutako Opus 64 taldeak Wolfgang Amadeus Mozart-en hiru opera ezagunen haize oktetorako moldaketak interpretatuko ditu, Don Juan, Figaoren ezteiak eta Txirula miragarriarenak, hain zuen ere.
Eszenatoki honetan bertan Miramongo Matinéeak zikloaren aurreko denboraldietan XIX. eta XX. mendeetako musikari so egin ostean, kontzertu honetan Opus 64 taldeak XVIII. mendearen azken urteetan jarriko du arreta. Garai hartan Jose II.ak, Austriako Enperadoreak, haize-oktetoa bultzatu zuen oturuntzak eta orduko aristokraziaren bilera orotan izaten ziren kontzertuetan. Instrumentu talde horretarako idatzitako moldaketen artean, Opus 64 oktetoak testuinguru horretan Mozarten beraren garaikideak ziren musikari zein konpositoreek moldatutako operak aukeratu ditu: Johann Nepomuk Went bohemiar oboe-jotzaileak moldatu zuen Figaroren ezteiak, beste berrogei bat obren artean, Salzburgeko jenioaren beste lau opera barne; Josef Triebensee oboe-jotzaile eta konpositoreak Don Juan moldatu zuen eta Txirula miragarria operaren moldaketa, berriz, Josef Heindenreich-ek egina da. Larunbateko hau berealdiko aukera izango da operaren gailurra izateagatik ongi ezagunak diren musikalan hauen ezohiko bertsio bat zuzenean entzuteko.
Opus 64 haize-oktetoko kide dira Pascal Laffont eta Francisco Javier Lecumberri oboe-jotzaileak, Stephan Langlois eta Juan Navarro klarinete jotzaileak, Tomás Ruti eta François Proud fagot-jotzaileak eta Jean-Luc Casteret eta Peter Gryp tronpa-jotzaileak.
Kontzertu honetarako sarrerak Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es helbideetan eskura daitezke, eta baita Egoitzaren leihatilan, kontzertu egunean 10:30etatik aurrera. Halaber, doako autobus zerbitzua dago Miramongo Egoitzera etortzeko, 10:25etan Gipuzkoako Plazako 4.zenbakitik atera eta Antso Jakituna Hiribideko 18. zkian eta Madrilgo Hiribideko 34.ean geldialdiak egiten dituelarik.
Opus 64
Wolfgang Amadeus Mozarten operen moldaketak haize oktetorako
2010eko Urriaren 2an, Euskadiko Orkestraren Egoitza, Miramon. 11.00etan
Egitaraua
Wolfgang Amadeus Mozart (1756-1791)
Don Juan, K 527. Josef Triebensee-ren transkripzioa (1772-1846)
Figaroren ezteiak, K 492. Johann Nepomuk Went-en transkripzioa (1745-1801)
Txirula miragarria, K 620. Joseph Heidenreich-en transkripzioa (1753-1821)
Informazio gehiago
Esku-egitarauaJoana Carneiro zuzendariak eta Momo Kodama piano-jotzaileak irekiko dute Abonu-Denboraldia Iruñean eta Donostian

Joan zen astean Bilbon eta Gasteizen abiatu ostean, aste honetan hasiko da Euskadiko Orkestraren Abonu-Denboraldia Iruñea eta Donostian. Asteazkenean, hilak 29, Baluarten eta hilak 30 eta urriak 1ean Kursaalean, Berkeley-ko Orkestra Sinfonikoaren musika zuzendaria (Kent Nagano ordezkatuz) eta Lisboako Gulbenkian Orkestrako zuzendari gonbidatu ofiziala den Joana Carneiro portugaldarrak zuzenduko du Orkestra. Kontzertu hauek badute gainera erakargarri egiten dituen beste argudio bat: bakarlari gisa, Momo Kodama piano-jotzaileak Frédéric Chopin-en Piano eta orkestrarako 2. kontzertua interpretatuko duela, poloniar musikagilearen jaiotzaren bigarren urteurrena ospatzen den honetan. Egitaraua kontzertua irekiko duen Valentín de Zubiaurreren Ledia operaren Preludioak eta Bartók-en Orkestrarako kontzertuak osotuko dute.
Joana Carneiroren ibilbidean aipagarria da 2005 eta 2008 urte bitartean Los Angeles-eko Orkestra filarmonikoaren zuzendari izana, Salonen-ekin lankidetzan aritu zelarik. Opera-zuzendari gisa sarritan aritzen da eta 2011.ean Cincinnatin egingo du debuta jada Chicago eta Parisen zuzendu duen J. Adams-en A Flowering Tree zuzenduz. Stravinsky-ren Edipus Rex-en P. Sellars-en muntaia zuzendu zuen. Aurretik Salonen-en zuzendari-laguntzailea izan zen Parisen K. Saariaho-ren Adriana Mater operaren estreinaldian. Momo Kodama, berriz, 1991an Münich-eko Nazioarteko Piano Txapelketako irabazle gazteena bilakatu zen. Orkestra ugarirekin aritu da bakarlari gonbidatu gisa, horien artean Berlingo Filarmonikoa, Boston, Montreal eta Berlingo Irratiko orkestra sinfonikoak, Royal Liverpool Philharmonic, RAI-ko Orkestra eta abar, Ozawa, Barshai, Dutoit, Inbal, Gergiev, Nagano eta Norrington maisu ospetsuek zuzendu dutelarik.
Abonu-Denboraldiko 2. programa
Irailaren 29a: Baluarte Auditorioa, Iruñea. 20:00etan.
Irailaren 30a eta urriaren 1a: Kursaal Auditorioa, Donostia. 20:00etan.
Egitaraua
V. Zubiaurre: Ledia. Preludio [4']
F. Chopin: 2. Kontzertua piano eta orkestrarako fa minorrean, opus 21* [32']
B. Bartók: Orkestrarako kontzertua [37']
Joana Carneiro, zuzendaria
Momo Kodama, pianoa
Orkestraren Abonu-Denboraldia Iruñean aurkeztu da

Baluarte Auditorioan aurkeztu dira nafar hiriburuan Orkestraren 2010/2011 Abonu-Denboraldia osatuko duten kontzertuak, zuzendari nagusiak, Iñigo Alberdik eta zuzendari teknikoak, Joxe Inazio Usabiagak denboraldi berriaren xehetasunak ezagutzera eman dituzte. Irailaren 29an hasi eta 2011 urteko ekainaren 15a bitartean, guztira hamaika izango dira Orkestrak eskainiko dituen kontzertuak. Bere titular Andrés Orozco-Estradaren eta Andrey Boreyko, zuzendari printzipal gonbidatuaren zuzendaritzapean arituko da, baina baita zuzendari gonbidatu gailenek zuzendurik eta bakarlari ezagunak lagun dituela ere.
Denboraldi honetako estreinako kontzertua Iruñean datorren asteazkenean, hilak 29, izango da Baluarte Auditorioan. Honetan, Joana Carneiro portugaldar zuzendariak gidaturik, Momo Kodama piano-jotzailea arituko da bakarlari gonbidatu gisa.
Informazio gehiago
Prentsa-dosierraAbian da Abonu-Denboraldia

Irailaren 23 ostegunean eta ostiralean, hilak 24, Bilbo eta Gasteizen izango dira Euskadiko Orkestraren 2010/2011 Abonu-Denboraldiaren estreinako kontzertuak. Lehendabiziko Abonu-programa honetan, Vadim Repin biolinjotzaile gailenak debuta egingo du Euskadiko Orkestraren bakarlari gonbidatu gisa, Andrés Orozco-Estrada maisuaren zuzendaritzapean. Vadim Repin-ek nazioarte mailako orkestra nabarmenenekin jo du, esaterako Berlin, New York eta San Petesburgoko filarmonikoak edo Londres, Boston eta Chicagoko orkestra sinfonikoak zein Scala-ko Orkestra. Zuzendu dutenen artean, berriz, Ashkenazy, Boulez, Dutoit, Chailly, Eschenbach, Gergiev, Masur, Mehta, Nagano, Rattle eta abar. Oraingo honetan, Repinek L.V. Beethovenen Kontzertua biolin eta orkestrarako re maiorrean, opus 61 interpretatuko du. Kontzertu hauetako egitaraua A. Dvorák-en 7. Sinfonia re minorrean, opus 70 obrak osotuko du.
Joana Carneiro eta Momo Kodamak irekiko dute Abonu-Denboraldia Iruñea eta Donostian. Irailaren 29an Iruñean eta irailaren 30 eta urriaren 1ean Donostian, Orkestrak Abonu-Denboraldiari hasiera emango dio bi hiri hauetan Berkeleyko Orkestra Sinfonikoko musika-zuzendaria eta Gulbenkian Orkestrako zuzendari gonbidatu ofiziala den Joana Carneiroren zuzendaritzapean eta Momo Kodama pianojotzailea bakarlari gonbidatua izanik.
Orain hastear dagoen Abonu-Denboraldia Andrés Orozco-Estrada zuzendari titular gisa eta Andrey Boreyko zuzendari printzipal gonbidatua dela abian jartzen den bigarrena da. Biek zuzenduko dituzten programez gain, hainbat zuzendari gonbidatu etorriko da gurera: Howard Griffiths, Oleg Caetani, Jean-Christophe Spinosi, Eduardo Portal, Iker Sánchez, IX. Cadaqués-ko Nazioarteko Zuzendari Lehiaketan garaile suertatutako Michal Nesterowicz eta hamar denboralditan Orkestraren zuzendari titular izandako Gilbert Varga. Repin eta Kodamaz gain, datozen hilabeteotan bakarlari nabarmenak entzuteko aukera izango dugu: Julian Rachlin, Daniel Hope eta Luis Esnaola biolin-joleak, Arcadi Volodos eta Khatia Buniatishvili piano-joleak, Johannes Moser biolontxelojolea eta Branford Marsalis iparramerikar saxofoi-jotzaile handia. Honetaz gain, Euskadiko Orkestrako bakarlari diren Bruno Claverie (flauta) eta Pascal Laffont-ek (oboea) programetako bat interpretatuko dute. Errepertorio sinfoniko-koralari dagokionez, azpimarragarria da Beethoven-en 9. Sinfonia interpretatuko duen lehen mailako abeslari-taldea: Ainhoa Garmendia, Itxaro Mentxaka, José Ferrero eta Attila Jun eta Bilboko Koral Elkarteak osatzen dutena, alegia. Bestalde, Christiane Karg sopranoa Orkestrarekin batera arituko da Mahler-en 4. Sinfonian. Goreneko unetariko bat Malandain Ballet Biarritz -en "Magifique. Suites Tchaikovsky" ikuskizunarekin helduko da. Aparteko aukera izango da zuzeneko musikaz jantzitako dantzaz gozatzeko, Orkestrak zulogunean dela interpretatuko baititu Tachaikovskyren balleten suiteak. Euskal konpositoreei dagokienean, aipagarriak dira Jesús Eguigurenek Orkestraren enkarguz idatzitako Kindly Symphony obraren erabateko estreinaldia, Pascual Aldaveren Nerabe sorta lanaren interpretazioa eta baita Valentín de Zubiaurreren bi obra laburrena ere. Azken bi obra labur hauek Orkestrak grabatutako azken diskan agertzen dira. Programatariko batek Euskadiko Orkestraren lehenengo zuzendari eta bultzatzaile izandako Enrique Jordá omenduko du, bere jaiotzaren mendeurrena betetzearekin batera. Guzti honetaz gain, Orkestraren Abonu-Denboraldian bi orkestra gonbidatu arituko dira: Extremadurako Orkestra, bere zuzendari titular Jesús Amigorekin eta Alexandre da Costa biolin-jolearekin arituko dena, eta Düsseldorfer Symphoniker orkestra, bere zuzendari titularra den Andrey Boreykok berak zuzenduko duena, Khatia Buniatishvili bakarlari dela.
Abonu-Denboraldiko 1. programa
Irailaren 23a: Euskalduna Jauregia, Bilbo. 20:00etan.
Irailaren 24a: Principal Antzokia, Gasteiz. 20:00etan.
Egitaraua
Antonin Dvorák (1841-1904)
7. Sinfonia re minorrean, opus 70 [36']
Ludwig Van Beethoven (1770-1827)
Kontzertua biolin eta orkestrarako re maiorrean, opus 61 [42']
Andrés Orozco-Estrada, zuzendaria
Vadim Repin, biolina
Soinuzko minimalismoa: hari-laukote batek Michael Nyman eta Philip Glass-en musikaz emango die hasiera Miramongo Matinéei

Larunbat honetan, hilak 18, hasiko da Euskadiko Orkestrak Miramonen duen egoitzan Miramongo Matinéen hemeretzigarren denboraldia. 1997an Orkestrako musikarien jarduera askotaratzeko eta gainera genero ugariz osatutako kalitatezko musikazko aukera eskaintzeko sortutako ziklo hau "Etengabeko mugimenduan" aurkezten zaigu oraingoan. Eta mugimendu honen erakusle, Miramongo Matinée-en programazioa osatzen duten estilo anitzen erakusle, Minimalismoa eta "gutxiago gehiago da" bere leloa gailenduko dira denboraldiko lehenbiziko emanaldian.
Musika minimalista Estatu Batuetan sortu zen joan zen mendeko 60. hamarkadan. Underground mugimendu gisa jaio zena XX.mendeko musika esperimentalaren generorik garrantzizkoena bilakatu arte garatu zen. Michael Nyman eta Philip Glass, Minimal laukoteak kontzertu honetarako aukeratutako konpositoreak, musika minimalistaren izen nabarmenetakoak dira. Jane Campion-en "Pianoa" filmaren soinu-bandaren egile den Michael Nymanen (Londres, 1944) lana izan zen "minimalista"-tzat jo zen lehenengoa. Bere ekoizpenaren erakusgarri, Don Giovanni in Re laburra eta 3. Hari-kuartetoa izango dira entzungai. Philip Glassek (Baltimore 1937) nahiago du bere buruaz egitura errepikakorrez osatutako musika sortzen duen konpositore gisa aritu eta formatu askotariko musikaren sortzaile da: opera, antzerki esperimentalerako musika, filamatarako soinu-bandak (Stephen Daldry-ren "Orduak" luzemetraiarena, adibidez) edo pop zein rock musikako artistekin lankidetzak, David Bowie-rekin, esaterako. Minimal laukoteak bere 3. Hari-kuartetoa, "Mishima" interpretatuko du.
Minimal hari-laukotea duela urte batzuk elkarrekin jotzen duten lau lagunek osatzen dute. Izan ere, hiru Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kide dira. Hertsiki klasikoa den errepertorioa lantzeaz gain, garai zein estilo ezberdinak uztartzen saiatzen dira, beren musika-ibilbidea eta, bide batez, bizitza bera aberasteko asmoz. Kontzertu honetan, Minimal laukoteak, minimalismoaren postulatuei jarraiki, norbere esentziarekin bat egitea ahalbidetuko duen denboraz kanpoko espazioa sortu nahi du, apaindurarik gabe.
Denboraldiko kontzertu guztietarako sarrerak Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es helbideetan eskura daitezke, eta baita Egoitzaren leihatilan, kontzertu egunean 10:30etatik aurrera. Halaber, doako autobus zerbitzua dago Miramongo Egoitzera etortzeko, 10:25etan Gipuzkoako Plazako 4.zenbakitik atera eta Antso Jakituna Hiribideko 18. zkian eta Madrilgo Hiribideko 34.ean geldialdiak egiten dituelarik.
2010/2011 Denboraldiko lehenbiziko Matinéea
2010eko irailaren 18an, Euskadiko Orkestraren Egoitza, Miramon. 11.00etan
Minimalismoa
Hari laukotea
Egitaraua
Michael Nyman (1944-)
Don Giovanni in Re [3']
3. Hari-kuartetoa [16']
Philip Glass (1937-)
3. Hari-kuartetoa, "Mishima" [18']
Maialen Rezabal*, Raquel Cortinas* biolinak
Asier Arabolaza biola
Jon Larraz* biolontxeloa
*EOSeko kidea
Informazio gehiago
Esku-egitarauaOrkestrak Pedro Sanjuán-i eskainitako diska gehituko dio bere Euskal Konpositoreen Bildumari

Euskadiko Orkestra, zuzendari titular Andrés Orozco-Estradaren zuzendaritzapean, bere Euskal Konpositoreen Bildumako hamalaugarren bolumena izango denaren grabaketan murgildurik dago aste honetan, Pedro Sanjuán musikagile eta zuzendariari eskainitako monografikoaren grabaketan, hain zuzen ere.
Euskal Konpositoreen XIV. bolumena, Pedro Sanjuán (1886-1976). Donostian jaiotako konpositore eta zuzendari honek oso gaztetan ekin zion solfeo eta biolina ikasteari Madrilen. Madrilgo Orkestra Sinfonikoko kide bilakatu eta berehala lehenbiziko biolin izatera iritsi zen. Ondoren Parisera aldatu zen ikasketak jarraitzeko. Madrilera bueltatu zenean bere lana orkestra-zuzendaritzaren alorrean garatzea erabaki zuen. Madrilgo Orkestra Sinfonikoa eta Filarmonikoa zuzendu zituen eta hauekin bere hainbat musika-lan estreinatu zuen, horrela bere burua konpositore gisa ere ezagutzera eman zuelarik. 1923an Kubara aldatzea erabaki zuen eta urtebete beranduago Habanako Orkestra Filarmonikoa sortu zuen, hamar urtez zuzendu zuena. Kubatar musikaren bultzatzaile izan zen, idazten zituen lanetan erritu eta melodia beltzak islatuz, eta kubatar konpositore handien eskola eratu zuen. Guzti honengatik, Kuban bertako musikaren mugimenduaren sortzailetzat jotzen dute eta kubatar egileek Pedro Sanjuán-ek Habanako Orkestra Filarmonikoa sortu izana kokatzen dute kubatar musika garaikidearen sorburu gisa. Kuban idatzi zituen bere obra nagusiak eta horien artean aipagarria da Liturgia negra, honekin lortu baitzuen 1934an Espainiako Musika Sari Nazionala. Espainiar gerra zibila hasi zenean Pedro Sanjuán Parisen zegoen eta, errepublikaren aldekoa izanik, Estatu Batuetara erbesteratzea erabaki zuen. Bertan bizi izan zen hil zen arte.
Sanjuánen musika lanak Orkestraren Euskal Konpositoreen Bildumaren zati izatera pasako dira orain. Honela, bere zuzendari titularra den Andrés Orozco-Estradaren zuzendaritzapean, Orkestra Rondo fantástico, Castilla, Macumba eta Liturgia Negra grabatzen ari da.
Euskal Konpositoreen Bildumako gainerako bolumenak bezala, diska hau Claves disko etxeak argitaratuko du, MONDRAGON KORPORAZIOAren babespean. Baina aurretik, udazkenean Bildumako XIII. bolumena aurkeztuko da, Valentín Zubiaurreri eskainitakoa.
Grabaketa
2010eko irailaren 13tik 17ra, Orkestraren Miramongo Egoitzan.
Egitaraua
Pedro Sanjuán (1886-1976)
Rondo fantástico
Castilla
Macumba
Liturgia negra
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Andrés Orozco-Estrada, zuzendaria
Disko-etxea: Claves
