Hogei egunetan 3.000 entzute eta jaitsiera baino gehiago zenbatu dira OSETUNES-en

Hogei egun besterik ez dira pasa OSETUNES martxan jarri zenetik eta dagoeneko 3.000 entzute eta jaitsiera baino gehiago zenbatu dira. www.osetunes.es webgunean Orkestrak interpretaturiko melodiak mugikorretarako deietarako doinu gisa jaitsi daitezke, dohain.
Euskadiko Orkestrak interpretaturiko obren 24 zati labur bildu dira aplikazio honetan. Horien artean, Beethovenen 5. Sinfonia, J. Olaizolaren Agur Jaunak, Aita Donostiaren Acuarelas vascas edo Arriagaren Sinfonia en Re.
OSETUNES-ek izan duen arrakasta handiaren ondoren, laster melodia gehiago gehituko dira mugikorrean deietarako doinu gisa erabili ahal izateko.
Euskal Konpositoreen Bildumako XIII. zenbakia, Valentín de Zubiaurreri eskainitakoa aurkeztu berri da

Euskal Konpositoreen Bildumak Valentín de Zubiaurre (Garai, 1837-1914) musikagile bizkaitarrari eskaini dio bere 13. zenbakia. Zubiaurrek bere garaiko musikan mailarik bikainenetan jardun zuen. 1873an, San Fernandoko akademiko eta Espainiako Arte Ederretako Akademiaren Erromako egoitzako merituko lehen musikari pentsiodun izendatu zuten. Adituen esanetan Espainiako opera sorkuntzako bultzatzaile nagusietako bat izan zen, baita bere bi opera Errege Antzokian taularatzea lortu zuen konpositore ez italiar bakanetako bat ere.
Zubiaurreren konposizio katalogoak berrehun obra baino gehiago biltzen ditu: operak, zarzuelak, mezak, orkestrarako obrak, ahots talderako konposizioak, ganbera, piano eta organokoak, baita Errege Kaperako langune hainbat oposizio ariketa ere. Jaioterriarekin izan zuen harreman estuaren ondorioz euskarazko obra adierazgarriak ere konposatu zituen.
Disko honetan, Sinfonia mi eta Ecos de Oiz (biolontxelorako melodia, orkestra akonpainamendua duena) obrak eta Don Fernando el Emplazado (hiru ekitaldiko tragedia lirikoa) eta Ledia (hiru ekitaldiko drama lirikoa) operen preludioak biltzen dira. Diska laguntzen duen liburuxkak Zubiaurreren obraren inguruan ikerlana egin duen Patricia Sojo musikologoak idatzitako testuak biltzen ditu.
Orkestraren ohiko kolaboratzailea den Juan José Ocón maisuak parte hartu du Bilduma honetan lehen aldiz. Eta Roman Jablonski biolontxelo jotzaileak ere bai; azken honek bakarlari lanak egin ditu Ecos de Oiz obraren grabazioan.
Bilduma honi gehitu zaion azken konpositorea da Valentin de Zubiaurre. Bertan, dagoeneko, honako konpositoreak bildu dira: Beltrán Pagola, Luis de Pablo, Juan Crisóstomo Arriaga, Aita Madina, Tomás Garbizu, Aita Donostia, Pablo Sorozabal, Francisco Escudero, Andrés Isasi, Jesús Aranbarri, José Mª Usandizaga eta Jesus Guridi. Bildumaren hurrengo bi monografikoak Pedro Sanjuán eta Carmelo Bernaolari eskainiko zaizkio.
Bilduma honen disko guztietan bezala, honetan ere gure esker ona azaltzen diegu bai euskal musikako ekoizpen-proiektu hau bultzatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eta baita MONDRAGON korporazioari ere, erreferentziazko soinuzko artxibo bilakatu den bilduma honen bidez Orkestraren diskografia zabaltzearekin irmoki konprometiturik baitago.
Informazio gehiago
Prentsa txostenaJorge Drexler-ek bertan behera utzi ditu Euskadiko Orkestrarekin batera KlasikAt zikloaren baitan iragarritako kontzertuak

Jorge Drexler uruguaitar kantautoreak bertan behera utzi ditu Euskadiko Orkestrarekin batera 2011ko ekainerako KlasikAt zikloaren baitan iragarritako lau kontzertuak. Drexler-ek "hartutako konpromisoei erantzuteko ezusteko agenda-arazoak" argudiatu ditu eta ez da Orkestrarekin batera arituko ekainaren 6an Donostiako Kursaal Auditorioan, 7an Bilboko Arteria Campos Elíseos Antzokian, 8an Iruñeako Baluarte Auditorioan eta 9an Gasteizko Principal Antzokian.
Erositako sarreren zenbatekoaren itzulketa abian da jada. Kutxa, BBK, ServiCaixa eta Vital Kutxaren zerbitzu ezberdinak erabiliz erositako sarreren kasuan, itzulketa automatikoa izango da. Erosketa lau auditorioetako batetako leihatilan egin bada, aldiz, sarrerak leihatila horretan bertan aurkeztu beharko dira itzulketa egin ahal izateko.
Landarbaso Abesbatzak ahotserako musika ekarriko du Miramongo Matinéeak ziklora

Larunbat honetan, 18, 2010. urteko azken Miramongo Matinéea izango da Euskadiko Orkestraren Egoitzan. Abesbatzarako musika Orkestrak bere egoitzan antolatzen duen ganbera-zikloaren zimentarrietariko bat dugu, zalantzarik gabe, gure artean ahotserako musikaren tradizioaren errotzearen erakusle. Azken urteotan gurean izan dira Iruñeako Ganbera-Abesbatza, Vocalia Taldea, Kea Ahots Taldea, Bilboko Koral Elkartea, Iruñeako Orfeoiaren Eskolania edo Orfeoi Txiki. Oraingoan, berriz, Landarbaso Abesbatza izango da Miramongo Matinéetan arituko dena, "Tradizioa eta berrikuntza abesbatzarako musikan. Oraina eta etorkizuna" izenburu duen kontzertua eskainiz.
Landarbaso Abesbatza 1991. urte bukaeran sortu zen Errenterian, musika egiteko gogo handia zuen gazte talde baten eskutik. Gaur egun 49 abeslarik osatzen dute abesbatza, batez besteko 29 urterekin. Abesbatza, hasieratik, Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritza musikalaren menpe egon da. Landarbasok oso errepertorio zabala lantzen du, garai eta estilo desberdinetako bai obra profano eta baita eliz obrak ere abestuz. Landarbaso Abesbatzak sorkuntza lana eta euskal folklorearen harmonizazio lana egiten du, bai abesbatza eta baita gaur egungo musika munduari ere lan ildo berriak eskainiz. Azken urte hauetan ziklo, lehiaketa eta kontzertu askotan parte hartu du abesbatzak Penintsula barnean eta 2001. urtetik aurrera abesbatza nazioarte mailako lehiaketetatik gonbiteak jasotzen hasi da, sari garrantzitsuak eskuratuz
Landarbaso Abesbatzak Matinée honetan aurkeztuko duen egitaraua XX eta XXI. mendeetan idatzitako lanek osatzen dute. Honetan tradiziozkoa dena landu eta berrikuntzarekin uztartzen da. Honela, joan zen Musikasten, Errenteriako Euskal Musikaren Astean Hiru Damatxo obraren lehenbiziko zatia estreinatu zen eta larunbatean, berriz, bere osotasunean gozatzeko aukera izango da, estreinako aldiz. Urteko zein sasoian gauden kontutan izanik, Landarbaso Abesbatzak Tomás Aragüés-en Gabonetako Suitean biltzen diren gabon-izaeradun obrez osatutako sarrera batekin emango dio hasiera emanaldiari. Ondoren, Jubilate Deo edo The Sounding Sea partituretan zortzi, hamar edo hamabi ahotsez osatutako abesbatza bidez soinu-kolore ezberdinak garatzen dira, bai legato eskema bidez eta baita erritmo bizien bidez ere. Euskal folkloreak ere izango du bere lekua kontzertu honetan, euskal konpositore garaikideek doinu herrikoiak oinarri harturik egindako moldaketak entzungai izango baitira, horien artean Xabier Sarasolaren Neskatx ederra, esaterako.
Kontzertu honetarako sarrerak Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es helbideetan eskura daitezke, eta baita Egoitzaren leihatilan, kontzertu egunean 10:30etatik aurrera. Halaber, doako autobus zerbitzua dago Miramongo Egoitzera etortzeko, 10:25etan Gipuzkoako Plazako 4.zenbakitik atera eta Antso Jakituna Hiribideko 18. zkian eta Madrilgo Hiribideko 34.ean geldialdiak egiten dituelarik.
Egitaraua
Tomás Aragüés (1935-): Suite de Navidad
Urmas Sisask (1960-): Heliseb väljadel
Eric William Barnum (1979-): The sounding sea
Xabier Sarasola (1960-): Neskatx ederra
Albert Alcaraz (1978-): Artzainaren kantu; Hiru damatxo (estreno de la versión íntegra)
Ko Matsushita (1962-): Jubilate Deo
Eric Whitacre (1972-): Cloudburst
Morten Lauridsen (1943-): Nocturnes. III.- Sure on this shining night [4']
Landarbaso Abesbatza
(Zuzendaria: Iñaki Tolaretxipi)
Informazio gehiago
Esku-egitarauaAkordioa Musikene eta Euskadiko Orkestraren artean

Carmen Rodríguez Suso, Musikeneko Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko koordinatzaile nagusiak eta Iñigo Alberdi Amasorrain, Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak akordio bat sinatu berri dute elkar lanerako lehentasunezko harremana abian jartzea helburu harturik, honen bidez, elkarrekin jarduerak burutu eta bat datozen helburuen lorpena indartzea ahalbidetzeko.
Eusko Jaurlaritzarekin harreman zuzena duten bi erakundeek etorkizunean berritzaileak izan daitezken proiektuak zehaztu nahi dituzte akordio honen bidez, musika eremuan bien arteko loturak sortuz. Lehendabiziko urratsa elkarrekin egiten diren jardueren edukiak artikulatzeko ardura izango duen lan-taldea sortzea izango da.
Orkestrak bat egin du Kultura Bonuaren kanpainarekin

Kulturaren sustaketaren inguruan bere egitekoaren baitan, Euskadiko Orkestra Eusko Jaurlaritzak abian jarritako KULTURA BONUA programari atxiki zaio aurtengoan ere.
KULTURA BONUA Kutxazainek ematen dituzten sarrera-txartelen moduko dokumentu bat da. Honek establezimendu bakar batean kultura-produktuetan 40 euro kontsumitzeko ematen du, nahiz eta erosleak txartela bera 25 euro ordaindu. Bonua abenduaren 13tik 2011ko urtarrilaren 5a bitartean edo hornidura agortu arte egongo da salgai, Gipuzkoan Kutxaren orotarako kutxazainetan, Bizkaian BBKren orotarako kutxazainetan eta Araban, berriz, Vital Kutxaren interneteko salmenta elektronikoko zerbitzuaren bidez.
KULTURA BONUAren erabilera abenduaren 13tik 2010eko urtarrilaren 20ra bitartean luzatuko da. Euskadiko Orkestraren kasuan bonua Abonu Denboraldiko kontzertuetarako sarrerak Donostiako Kursaal Auditorioko, Bilboko Euskalduna Jauregiko eta Gasteizko Principal Antzokiko leihatiletan erosterakoan erabili ahal izango da bonua; Miramongo Matinéeak zikloaren kasuan, hauetarako sarrerak Orkestraren bulegoetan erosterakoan ere erabili ahal izango da Kultura Bonua.
Informazio gehiago
Jakin gehiago Kultura Bonuaren inguruanZabalik dago Orkestra Zuzendarien Laborategian esku hartzeko eskaerak aurkezteko epea

Abian da jada Euskadiko Orkestraren bigarren Musika Laborategia. Beste behin musikari gazteei beren formakuntza osotzeko aukera ematea xede nagusi izanik, Orkestraren zuzendari titular Andrés Orozco-Estradaren ekimenez garatutako eta berak zuzentzen duen proiektu hau nazioarte mailan zuzendari gazteei zuzenduriko plataforma bilakatzen da oraingoan. Ekimen berri honetan esku hartzeko eskaerak aurkezteko epea datorren abenduaren 22an itxiko da. Epe hau amaitu ostean, Laborategian aritzeko lau hautagai aukeratuko dira. Horien izenak 2011ko otsailaren 1ean Orkestraren webgunean emango dira ezagutzera.
Orkestra Zuzendarien Laborategia 2011ko martxoaren 10a eta 12a bitartean izango da Orkestraren Donostiako egoitzan. Andrés Orozco-Estrada maisuarekin eta Euskadiko Orkestrarekin hainbat lan-sesio burutuko da eta, amaitzeko, kontzertu bat eskainiko da Miramongo Matinéeak zikloaren baitan.
Deialdiak nazioarte mailako izaera du eta orkestra zuzendaritzako goi mailako ikasketen titulua duten edo goi mailako ikasketak burutzen ari diren 35 urtetik beherako hautagaiei zabalik dago.
ZUZENDARIEN LABORATEGIA
II. Musika Laborategia
Andrés Orozco-Estrada maisuak zuzendua
2011ko martxoaren 10etik 12ra
Eskaerak aurkezteko azken eguna: 2010eko abenduaren 22a
Beethovenen Bederatzigarrena Euskal Telebistan Orkestraren eskutik

Orkestrak bere Abonu-Denboraldiren baitan Andrés Orozco-Estrada maisuaren zuzendaritzapean interpretatu duen Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia gertutik jarraitu du Euskal Telebistak. Abenduaren 1ean Bilboko Euskalduna Jauregian izandako kontzertua internet bidez zuzen-zuzenean jarraitzeko aukera izan zen eitb.com webgunean. Gainera Orkestrak Ainhoa Garmendia sopranoa, Itxaro Mentxaka mezzoa, José Ferrero tenorea, Attila Jun baxua eta Bilboko Koral Elkartearekin batera eskainitako kontzertu hau bera ETBren kate ezberdinetan (ETB1, ETB2, ETB3, ETBSat eta Canal Vasco) emitituko da laister.
Era berean, Euskadi Directo saioan kontzertu sinfoniko bat izan aurretik entzulegoaren begietatik urrun gertatzen dena ikusleei erakusteko garatutako erreportai bat burutu du. Saioa hau eitb.com webgunean izango da ikusgai.
Euskadiko Orkestrak interpretaturiko melodiak telefono mugikorretarako eskuragarri osetunes.es-en

Euskadiko Orkestrak www.osetunes.es jarri berri du abian. Aplikazio berri honek Orkestrak interpretaturiko melodiak mugikorretarako deietarako doinu gisa jaistea ahalbidetzen du. Aplikazio hau telefono mugikorraren bidez zein ordenagailu bidez da erabilgarria. Ordenagailua erabiliz, doinuak jaitsi eta gordetzeko aukera dago, gero Bluetooth teknologia erabiliz edo kable bidez mugikorrera pasa ahal izateko. Telefono mugikorra erabiliz, aldiz, melodiak zuzenean dei-tonu gisa ezartzeko gorde ahal izango dira.
www.osetunes.es webgunean Euskadiko Orkestrak interpretaturiko obren 24 zati labur bildu dira. Horien artean, Beethovenen 5. Sinfonia, J. Olaizolaren Agur Jaunak edo Aita Donostiaren Acuarelas vascas.
Sare sozialetan sartu eta Euskor, Orkestraren berrien argitalpena, boletin digital bihurtu ostean, Euskadiko Orkestrak sarean duen presentzia areagotu du OseTunes aplikazio berriaren bidez, bere musika entzulego berriei helaraztea xedetzat harturik.
Orkestra ETB2ko Euskadi Directo programan

ETB2an Euskadi Directo programaren goizeko saioan Orkestraren kontzertu baten aurreko xehetasunak biltzen dituen erreportai bat emitituko du ostegunean, hilak 2. Beethovenen 9. Sinfonia Bilboko Euskalduna Jauregian interpretatu aurretik grabaturiko erreportai hau 13.30 eta 14.30ak bitartean emitituko da Miriam Duquek aurkezten duen saioaren baitan.
Ondoren, arratsaldean erreportaia Euskadi Directo saioak eitb.com webgunean duen atalean izango da ikusgai. Grabaketak kontzertu sinfoniko bat izan baino ordu batzuk lehenagotik gertatzen den guztiaren xehetasunak bilduko ditu: instrumentuak eraman eta eszenatokian kokatu arte eta baita musikarien Donostiatik Bilborainoko bidaia.
