Etxerako bidean

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Plasencian zegoela agurtu zuen negua, bertan eskaini baitzuen Extremaduran barrena burututako birari zegokion azken kontzertua, laugarrena hain zuzen ere. Gaur astelehena, Orkestra etxerako bidean dela, mota honetako elkartrukeak egitearen garrantzia beste behin apimarratzea besterik ez dugu. Bira bat jarduera honetan murgildutako guztiontzat bizipen berrien eragile bilakatzen baita beti. Orkestratik hasi, musikaren esperientzia modu ezberdin batean bizitzen baitu, aldiro aldakorrak diren eszenatokietara moldatuz, eta berean hartzen duen entzulegoraino, aldi berean bere ohiko orkestrarenak ez diren erregistro zein hotsak entzutzen ikasten baitu.
Etxera heltzean, Euskadiko Orkestrak bere malgutasuna erakusten jarraituko du: maletak utzi eta Musika Gelan musgilduko da martxoaren 25, 26 eta 27an.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Orkestra Badajoz moderno eta gogotsueneko Kongresu Jauregiko Auditorioan

Hiri modernoa diogu bere auditorioagatik. 2006an inauguratu zuten eta MOMAk (New Yorkeko Arte Moderno Museoa) Espainiar azken 30 urteotan eraiki diren 53 eraikin erakusgarrienen artean kokatu zuen, Barajas-eko Aireportuko T4 Terminalarekin eta Sofia Erregina Arte Moderno Museoarekin batera. Areto nagusiak nolabait ere itsasoa iradokitzen duten hormek inguratuta hartu zuen Euskadiko Orkestraren Kontzertua, musulmandar okupazio-garaian, IX. mendean barrualdean sortutako hiri baten harresien hondarren gainean sortutako eraikuntza baten izaeratik urrun. Metakrilatozko hormek eta kolore urdinak espazioa auditorio argitsu eta diafano bilakatzen dute, edertasun handiko giroa sortuz.
Eta gogotsu, berriz, bere entzulegoarengatik diogu. Orkestra ezagutu ez arren berau entzuteko irrikaz gauaz gozatzeko prest iritsi baitzen. Andrés Orozco-Estrada bere zuzendari titularra buru zuela, guztia eman zuen Orkestrak eta, erantzun gisa, badajoztar publikoak nabarmen goraipatu zuen bere lana. "Bravo!" ugari entzun ziren. Bizitzek ibilbide anitz dituzte, eta horren erakusle, interesgarri gertatzen da aipatzea entzulego gogotsu horren artean aurkitu genituala Badajoz-eko Kontserbatorioko zuzendaria, donostiarra bera, eta duela urte asko Euskadiko Orkestrarekin aritu ostean gerora bere musika-ibilbidea Lisboako Gulbenkian Orkestrarekin egin zuen cacerestar biolinjotzaile bat.
Extremadurara bira gaur amaituko da, Plasenciako Álkazar Antzokian eta egunotan Orkestrak aurkeztu duen egitarau bera interpretatuz. Ibilbide honetako laugarren eta azken eszenatokia betetzearekin batera, aldi berean bide egin behar zaio atsedenari eta baita zapore eta izaera indartsudun lurralde honetaz gozatzeari ere.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Orkestra Cáceres-eko San Francisco Kulturgunean aritu zen

Bira bat egiteko prestaketa-lanetan murgildurik, Orkestraren ondarea bere ingurunetik at ezagutzera ematearen garrantzian pentsatzen dugu batez ere. Baina bira batek zerbati gehiago eskaintzen du beti, abian jarri aurretik ezin pentsatukoak diren esperientzia zein uneak biltzen direnekoak. Bart, esaterako. Ostegunean Méridako Kongresu eta Erakusketa Jauregian aritu ostean, Cáceres-en XV. Mendeko azken herenan eraiki eta 1723an berritutako eliza gotiko batean kontzertu bat eskaintzea aparteko erronka zen. Eta Orkestrak ez zuen kale egin. Ezta gutxiagorik ere, kontzertua ez zen edonolako bizipena izan. Eszenatokia aldare nagusian eta erdiko nabea eserleku-patio bilakatuta. Bezperan areto moderno eta akustika zainduadun batean aritua zen Orkestra, egun bere kontzertu gehienen lekuko diren aretoen parekoa, eta atzokoan, berriz, San Francisco Kulturguneko elizan. Bi emanaldien arteko kontraste itzelak bizitako unearen singulartasuna areagotu zuen. Orkestra aldare nagusian izandakoan eta sopranoa Mahlerren Laugarreneko amaierako Lied-a pulpitutik kantatzen baitaratzerako gonbidapena izan ziren, musikak gozamen artistikotik haratago eramaten gaitueneko uneetara.
Beharra bertute bilakatuta. XXI. Mendeko auditorio batetik XV.eko eliza batera: honek bere musikaren kalitatean eraginik izan ez zezan, Euskadiko Orkestrak berebiziko malgutasuna erakutsi zuen, gunera moldatzeko gaitasun handia, alegia. Horri esker, eta ordu gutxi batzuk lehenago Andrés Orozco-Estrada maisuak egindako aldaketak medio, sopranoak pulpitutik abestearen erabakia besteak beste, kontzertua borobila gertatu zen, zalantzarik gabe gogoangarri izango dena.
Eta sentsazio guzti horiek gurekin daramatzugula, Badajoz bidean gara jada. Gaur gauean hango "Manuel Rojas" Kongresu Jauregiko Auditorioan ariko da Orkestra. Berriro ere areto garaikide bat. Espainiako espazio eszeniko handienetako bat, José Selgas eta Lucía Cano arkitekto madrildarrek diseinatua, 2006an inauguratu zuten. Ezberdina izango da, egunotan berean hartu gaituen lurralde honen aberastasun eta askotarikotasunaren erakusle.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Berrikuntza eta modernitatea Meridan, kultura eta garaien arteko bidegurutzean

Maridak hogei mende luzeko historiaren lekuko izatea ez da eragozpena 21. mendean hiri moderno, dinamiko eta gaztetasunez betetakoa izateko. K.o. 25. urtean Octavio Augustok emerita Augusta izenez sortutakoa gune kultural nagusienetako bat izatera heldu zen erromatar garaian; egun, Meridak ederki jakin du garai hartako ondarea gaurkotasunarekin uztartzen. Honela, Euskadiko Orekstrak atzo Guadiana ibaiaren hertzean dagoen Kongresu eta erakusketa Jauregian eskainitako kontzertua, orkestra gazte baten hamargarren urteurrenaren baitan eman zen, baliabide modernoenak eta estetika minimalista dituen areto eder batean. Bertaratutako entzulegoaren adina ere, gazteak, batez ere, meridar bizitza kulturalaren bizitasun eta etengabeko garapenaren adierazle gertatzen da. Musikalki, Arriagaren Symphonie à grand orchestre eta Extremadurako Orkestraren entzulegoak aukeratutako Mahlerren Laugarren Sinfonia Euskadiko Orkestraren aurkezpen ederrena bihurtu ziren Extremaduran: ia bi ordu iraun zituen kontzertua amaitu ostean, pueblikoak, Méridako hainbat musika eskoletako eta kontserbatorioetako ikasle zein irakasleak barne, zutiturik txalotu zuen Euskadiko orkestrak, Andrés Orozco-Estrada maisuak eta Christiane Karg sopranoak egindako lana. Entzuleen artean zegoen, halaber, duela gutxi Kongresu eta Erakusketa jauregiko zuzendari izendatutako eta Méridako Antzerki Klasikoko Jaialdi ospetsuaren kudeatzaile den Pedro Salguero jauna.
Gaur ostirala, Orkestrak Cácereseko San Francisco Kulturgunean arituko da. Auditorio bihurtutako eliza gotiko hau da, izenak horrela ez badio ere txikiagoa den Antzoki Handiarekin batera, Extremadurako Orkestrak Cáceresen duen egoitza.
Argazkian, Orkestrako profesoreak kontzertua hasi haurretik afinatzen (Diario Hoy egunkariak utzitako argazkia).
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Zuzendarien Laborategiaren emaitza bikaina

Andrés Orozco-Estrarekin lan-aldi biziak burutu ostean, Zuzendarien laborategiko bost partaideek kontzertu interesgarri bat zuzendu zuten larunbata hilak 12an Orkestraren egoitzan. Miramongo Matinéen baitan izandako emanaldia Euskadiko Orkestraren zuzendari aritu ziren batuta gazteen zein bakarlari gisa aritu ziren lankideen kalitatea eta gogo biziagatik nabarmendu zen. Emaitza bikaina zalantzarik gabe II. Musika Laborategiak eman duena.
Orkestraren estreinako bira Extremaduran barrena

Abonu-Denboraldiko 10. programa bukatu ondoren, Euskadiko Orkestrak Extremadurarako bidea hartuko du, bertan martxoaren 17tik 20ra lau kontzertu eskainiko dituelarik: Mérida, Cáceres, Badajoz eta Plasencian. Bira berri honek joan zen urtarrilan Euskadiko Orkestraren Abonu-Denboraldian aritu zen eta aurten 10. urteurrena ospatzen duen Extremadurako Orkestrarekin egindako elkartrukeari erantzuten dio.
Mérida, Orkestraren lehenbiziko helburua Extremaduran

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Méridan dago jada. Atzo, hilak 16, bidaia eguna izan zen, Orkestrak ordu asko eman zituen autobusean, baina gaur Extremaduran dago, estreinako aldiz. Aurrez adierazi dugun bezala, bira hau orkestren arteko elkatrukeen bitan kokatzen da, gureak 1984 urtean abian jarri eta egun ere interes handiz garatzen duen politikaren baitan. Gauzak honela, aipagarria da gure Orkestrak, elkartruke eta biren artean, hamahiru autonomi erkidego bisitatu dituela eta Extremaduran izan ondoren, Galizia, Ceuta eta Melilla geratuko lirateke bisitatzeke.
Komunitate honetan estreinaldia Extremadurako Orkestrak hamar urte betetzearekin batera heldu da. Orkestra honen ibilbidea laburra den arren bere garapen artistikoa koherentea da erabat. Gainera, aldi berean Extremadurako kultur-ekipamenduak ere garatuz joan dira. Egun bi auditorio ditu, Mérida eta Badajoz-en, eta laister hirugarren bat izango dute Cáceres-en.
Mérida, Extremadurako Autonomi Erkidegoko hiriburua izango da bira honetan Euskadiko Orkestraren lehenbiziko geldialdia. Bere interes historiko zein monumentalagatik 1993.ean Gizadiaren Ondare izendatutako hiria dugu. Biztanle-kopurua kontutan izanik, Extremadurako hirugarren hiria bada ere, erakundeen gune nagusi izateaz gain, gune arkeologiko zein monumental garrantzitsu izateak Mérida Erkidegoko erdigune bilaktu izana eragin du. Testuinguru horretan, turismo eta zerbitzuen hiriburu gisa bizi izan duen zabalkundeak auditorio berria hiriaren bizitza ekonomiko, sozial zein kulturalaren egoitza garrantzitsu bihurtu du. Méridako Kongresu eta Erakusketa Jauregia 2004. urtean zabaldu zen eta Auditorio Zentralak 1000 ikuslerentzat tokia du.
Gaur osteguna, martxoak 17, 20:30etaik aurreraEuskadiko Orkestra areto nagusiko eszenatokian arituko da estreinako aldiz. Han meridar entzuleentzat gogoangarri izango diren Arriaga eta Mahler-en interpretazioak egitea asmo du.
Joan Méridako Kongresu eta Erakusketa Jauregiaren webgune ofizialera
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Martxoaren 21etik 27ran Orkestrak familiarteko publikoari zuzenduko dio bere jarduera

Martxoaren 21etik 27rako astean Euskadiko Orkestrak familiarteko entzulegoari zuzenduko dio bere jarduera. Bere Musika Gelako "Musika Familian" zikloaren baitan, "Bat guztiontzat eta guztiok batentzat" kontzertu sinfonikoa, Diego Martín Etxeberriaren zuzendaritapean, ostiralean hilak 25ean Gasteizko Jesús Guridi Kontserbatorioan (bere 25. urteurrenean) eta larunbatean hilak 26 Donostiako Kursaal Auditorioan izango da. Martxoaren 27 igandean, haurtxo eta emakume haurdunentzat izango da hitzordua Gasteizko García Lorca Antzokian. "Soinutik... bihotzera" emanaldiak Baschet instrumentarium-aren bidez jaioberrien eta oraindik jaio ez direnen entzumena eragitea izango du helburu.
Gainera, larunbatean ETB3an 22:00etan SINFOKIDS saioaren 4. atala emitituko dute, "Musika idazkera eta komunikazio unibertsala" izenburu harturik.
ORKESTRAREN IRTEERA
Euskadiko Orkestrak irteera izango du aste honetan Extremaduran barrena, aurtengo denboraldi honetan egingo dituen irteeratatik lehena.
Andrés Orozco-Estradak zuzednari gazteei eskainitako II Musika Laborategia zeuzentzen du egunotan

Martxoaren 10etik 12a bitartean Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan izango den bigarren Musika Laborategia orkestra zuzendari gazteen lanari zuzentzen zaio. Jasotako eskaera guztien artetik, Orozco-Estrada Maisuak bost aukeratu zituen, Orkestrarekin hainbat lan-aldi burutu ostean Euskadiko Orkestraren podiumean arituko direnenak: Georgina Sánchez, Marius McGuinness, Carlos Garcés, Asier Zabalza eta Antonio Lajara-k Mozart, Arriaga, Mendelssohn eta Beethoven-en lanak zuzenduko dituzte Miramongo Matinéetan izango den kontzertu berezi batean. Gainera, ekimen honek izandako arrakasta dela eta, Musikeneko orkestra-zuzendaritzako lau ikasle entzule gisa izango dira Laborategian.
Partaideak. Aukeratutako bost partaideek 21 eta 31 urte bitarteko adinak dituzte eta Bartzelona, Alacant, Soria, Iruñea eta Valladolid-etik datoz. Guztiak goi mailako Zuzendaritza ikasketak burutzen ari dira edo amaitu dituzte, Musikene, Madrilgo Errege Kontserbatorioan edo Escola Superior de Música de Catalunya delakoan.
Lan-plana. Zuzendarien Laborategia Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan izango da (Donostian), martxoaren 10a eta 12a bitartean. Hilak 10 eta 11ean, goizez zuzendari gazteek lan-aldi bana burutuko dute Orozco-Estrada Maisuarekin, pianojotzaileak lagundurik. Ostiralean, hilak 11, goizean eta arratsaldean Euskadiko Orkestrarekin entseguak egingo dituzte. Amaitzeko, Laborategia Miramongo Matinéeak zikloaren baitan larunbatean, hilak 12, goizeko 11etan EOSen egoitzan izango den kontzertuarekin itxiko da (kontzertu honetarako sarrerak ohiko salmenta-bideetan eros daitezke).
