Irailaren 18 larunbatean abiatuko da Miramongo Matinéeak zikloaren 19. denboraldia

Orkestraren Miramongo Egoitzan aurkeztu da, "Etengabeko mugimenduan" lelopean, Miramongo Matinéeak zikloaren 2010/2011 denboraldia. Iñigo Alberdi, Orkestraren zuzendari nagusiak eta ziko honen hemeretzigarren denboraldia osatuko duten kontzertuetan esku hartuko duten hainbat musikarik emanaldi horien berri eman dute. Honela, hizlari izan dira Marco Caratto, Jon Larraz, Igor Torre, Elena Martínez de Murguía, Arkaitz Martínez eta Oscar López Orkestrako kideak, Araoz Gazte Abesbatzako zuzendari gorka Miranda, Jorge Pacheco perkusio-jotzailea eta Juan Vega txirula-jotzailea. Aurtengoan ere askotariko 16 kontzertu izango dira, garai orotako musika formatu ezberdinetan bilduz. Bertan izan da halaber, Iñaki Almandoz zikloaren babesle den Kutxaren ordezkari gisa.
Denboran aurrera eta atzera doan hotsa, garai batetik bestera, barrokoko musikatik musika garaikidera eta garaikidetik klasikoenera mugimenduan dabilen hotsa. Musika erlijiosotik minimalismora, abesbatzatik orkestra handira eta hortik haize, hari edo perkusio taldeetara kulunkan dabilen bulkada. Orkestra handiak edo abesbatza batek sortutako uhinak, edo haize, hari zein perkusio ganbera-taldeetatik sortzen direnak. Lehenbiziko urratsak ematen ari diren zuzendari gazteak zein arrakastaz jositako bidean aurrera doazen zuzendari gailenen indarretik jaiotako dinamismoa. Aurretik etorri eta proiektu berriak dakartzatela bueltan datozen talde ezagunak eta Euskadiko Orkestrak Miramonen duen egoitzako auditorioan estreinakoz arituko direnen energiatik datorren mugimendua. Hori da Miramongo Matinéeak zikloa: hotsa etengabeko mugimenduan.
Miramongo Matinéeak zikloaren denboraldi berria irailaren 18an hasiko da, goizeko 11etan Miramongo Egoitzan. Musika Garaikidea hizpide izango duen estreinako Matinée honetan, Minimal hari kuartetoak Michael Nyman eta Philip Glass-en obrak interpretatuko ditu.
Aurreko denboraldietan bezala, KUTXAri gure esker ona adierazi nahi diogu, bere Gizarte Ekintzaren bidez, 1993an abian jarri zenetik ziklo honen garapenerako eman duen eta egun ematen duen laguntzagatik.
KlasikAT abian jarriz, Michel Camilok Orkestrarekin batera eksiniko dituen kontzertuak aurkeztu berri dira

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa etengabe saiatzen da entzulego berriak erakartzen eta, bide batez, bere musika gizarte osora zabaltzen. Ahalegin horren emaitza gisa, Orkestrak kontzertu-ziklo berri bat aurkezten du:KlasikAT. Asmo handiko egitasmo honek, zikloaren izenak berak adierazten duen moduan, Orkestra beste ikuspegi batetik entzuteko gonbitea luzatzen du, musika klasikotik aldenduz bestelako generoez gozatzeko gonbitea alegia. Horretarako Euskadiko Orkestrak nazioarte mailako artista gailenak hartu ditu bidelagun.
Zikloari hasiera emateko, irailaren 7a eta 10a bitartean Michel Camilo jazz latindarreko pianojotzaile eta konpositorea Orkestrarekin batera arituko da Bilbo, Iruñea, Donostia eta Gasteizen. Lau kontzertu hauek Orkestrak Miramonen duen egoitzan aurkeztu dira prentsaurreko batean eta bertan izan dira Iñigo Alberdi, Orkestraren zuzendari nagusia, Michel Camilo bera, kontzertuak zuzenduko dituen Rubén Gimeno maisua eta Olaz Basagoiti, kontzertuen babesle den Euskaltel erakundearen ordezkari gisa.
2011ko ekainan, berriz, Oscar baten irabazle gertatutako Jorge Drexler uruguaitar kantautoreak Orkestrarekin lau kontzertu emango ditu Fernando Velázquez zuzendari zein musikagilearen zuzendaritzapean.
Sarrerak salgai daude ohiko bideetan eta auditorietako leihatiletan 15€ko prezio bakarrean.
Informazio gehiago
Prentsa-dosierraMiramongo egoitzan aurkeztu da irailaren 2an Orkestrak Musika Hamabostaldian eskainiko duen kontzertua

Datorren ostegunean, hilak 2, Orkestrak kontzertu bat eskainiko du 71. Donostiako Musika Hamabostaldiren programazioaren barruan. Kursaal Auditorioan 20.00etan izango den kontzertua Aris Rasilainen maisuak zuzenduko du Andrés Orozco-Estradaren ordez, azken hau gaixorik baitago. Zuzendari finlandiar honek Orkestra zuzentzen duen lehenbiziko aldia da. Rasilainen eskandinabiar zuzendarien artean onenetarikoa da. Bere irakasle izan ziren Jorma Panula, Jansons (zuzendaritza) eta Alexander Labko (biolina), besteak beste. 1989an, Kopenhageko Nicolai Malko nazioarteko lehiaketan bigarren saria lortu zuen. Zuzendari karrera hasi baino lehen, biolinista izan zen Finlandiako Irratiko Orkestra Sinfonikoan eta Helsinkiko Orkestra Filarmonikoan (1980-1986). 2002ko urtarrilaz geroztik Alemaniako Ludwigshafen-go Staatsphilharmonie Rheiland-Pfalz Orkestrako zuzendari titular eta artistikoa da.
Orkestrarekin batera José Manuel Tifek zuzentzen duen Andra Mari Abesbatza arituko da. Bi erakunde hauek Musika Hamabostaldian elkarrekin aritzen diren hamazazpigarren aldia dugu honako hau. Halaber, Károly Szmerédy baritono hungariar gaztea arituko da bakarlari gisa.
Egitarauak protagonista bakarra izango du: Sergei Rachmaninov. Bera izan zen errusiar musikaren tradizio erromantikoko azken musikagilea. Errusiar Iraultzaren ondoren, 1917an Errusia utzi baino lehen osatu zituen lan gehienak. Musikagile horren ‘Spring' kantatarekin emango diote hasiera kontzertuari. Musikagileak 1902an idatzi zuen lan hori. Mugimendu bakarreko lana da, korua, orkestra eta baritonorako idatzia. Károly Szmerédy baritonoa izango da Andra Mari Abesbatzarekin batera jardungo duen bakarlaria. Lana Nikolay Nekrasov idazlearen poema batean oinarritua da. Rachmaninoven ‘2. sinfonia' lanarekin iritsiko da kontzertua une gorenera. Musikagile askok orkestrarako lan onentzat dute obra hori.
71. Donostiako Musika Hamabostaldia
2010eko irailak 2: Kursaal Auditorioa, Donostia-San Sebastián. 20.00etan.
Egitaraua
S. Rachmaninov
Cantata Spring*
2. Sinfonia mi minorrean, opus 27
Ari Rasilainen, zuzendaria
Karoly Szmerédy, baritonoa
Coral Andra Mari Abesbatza (zuz. José Manuel Tife)
Euskadiko Orkestra Euskal Telebistan

Bihar larunbata, hilak 28, ETB1-en 22.00etan Orkestrak otsailaren 26an, Euskadiko Kutxaren 50. urteurrena dela-eta, Donostiako Kursaal Auditorioan eskainitako kontzertua ikusteko aukera izango da. Iker Sánchezen zuzendaritzapean, Orkestrarekin batera Kepa Junkera eta bere taldea arituko dira: José Luis Canal pianojotzailea, Argibel Euba (kaxa flamenkoa eta txalaparta) eta Iñigo Olaizola (kaxa flamenkoa, txalaparta eta alboka), lau ahots: Ginesa Ortega, Eliseo Parra, Lidia Pujol eta Xabier Díaz. Kepa Junkera eta Euskadiko Orkestra estreinako aldiz airtu ziren lankidetzan.
Kontzertuaren lehenbiziko zatian, Junkerak aurten idatzitako hainbat kanta izango dira entzungai, esaterako "Bihar arte", "Hiri" eta "Berhueta", Marc Goldfeder, Emmanuel Martín eta Frederick Manoukian armeniarraren moldaketekin. Ondoren, Etxea proiektua osatzen duten abestietako batzuk interpretatuko dituzte, hauen moldaketen egile den Emilio Aragónen zuzendaritzapean.
Latindar jazzeko izarra den Michel Camilok irekiko du Euskadiko Orkestraren KlasikAT kontzertu-ziklo berria

Michel Camilo, latindar jazzeko musikari entzutetsua izango da Euskadiko Orkestraren KlasikAT ziklo berria abian jarriko duena. KlasikAT ekimena Orkestrak denboraldi berrirako eginiko apostu handia da eta, izenburuak berak iradokitzen duen bezala, musika klasikoaz aratago doazen errepertorioak lantzea du helburu, horretarako Orkestrak artista ezagunak bidelagun izango dituelarik.
Orkestrarekin batera, Michel Camilok lau kontzertu eskainiko ditu: irailaren 7an Bilbon, Arteria Campos Elíseos Antzokian; 8an Iruñean, Baluarte Auditorioan; 9an Donostian, Kursaal Auditorioan; eta 10ean Gasteizen, Principal Antzokian.
Rubén Gimeno maisuak zuzenduko ditu kontzertu hauek eta sarrerak salgai daude jada ohiko salmenta bideetan eta auditorioetako leihatiletan, prezio bakarrarekin: 15€.
Michel Camilo, pianoa
Santo Domingon (Dominikar Errepublika) jaioa den Michel Camilo-ren teknika liluragarria da eta bere melodiak afrokaribetar erritmoz eta jazz-harmoniaz jazten ditu bere melodiak. Bere musikak jazz-korronte tradizionalekin bat egiten du nagusiki eta latindar ñabardura kutsakor batek eta bere izaera alai eta bizitasunez betea islatzen duen swing-aren zentzu garaikideak bultzatzen dute.
Estatu Batuetan, Europan, Japonian, Asian, Ekialde Ertainean, Hego Amerikan eta Karibean sarritan aritzen da jaialdia ezberdinetan. Orain arte kaleratutako hemezortzi grabaketek nazioarte mailan sari ugari merezi izan dituzte: Grammy bat, bi Latindar Grammy, Grammy sarietarako bi proposamen, Dominikar Errepublikan hainbat Casandra sari eta Soberano sari bat eta Espainian bi Musikaren Sari. Bakarlari gisa, duoa, hirukotea zein seikotea osatuz, Big Band batekin edo orkestrekin grabatu izan du eta baita filmetarako soinu-bandak grabatu ere. Michel Camilo eroso mugitzen da jazzean, latindar musikan eta musika klasikoan murgildurik.
Merezi izandako sarien artean, bereziki aipagarria da 2000 urtean Tomatito gitarra-jotzaile flamenkoarekin grabatutako "Spain" diskak "Latindar Jazzeko Diska Onenari" irabazitako Grammy saria. 2009an, Caribe - Michel Camilo Big Band izenburudun bere CD-DVDa Espainian argitaratu zuten Calle 54 Records eta Sony Music/BMG disko etxeek. Honetan agerturiko zuzeneko kontzertua Altos de Chavón Anfiteatroan grabatu zen, Dominikar Errepublikan, eta filmazioa Fernando Trueba espainiar zuzendari sarituak zuzendu zuen.
Orkestra sinfoniko ospetsuekin eskaini ditu kontzertuak. Horien artean Detroit eta Cleveland-ekoak, Los Angeles-eko Orkestra Filarmonikoa, Atlanta, Gulbenkian, BBC, Espainiako Nazionala, RTVE, Bartzelona, Nafarroa, Cadaqués, Sevilla, Bilbao eta Tenerifeko orkestrak, New Japan Copenhague-ko Orkestra Filarmonikoa, besteak beste.
Gainera, Michel Camilok filme garrantzitsuen soinu bandak konposatu ditu, esaterako Emilio Martínez-Lázaroren Amo tu cama rica eta Los peores años de nuestra vida eta Fernando Truebaren Two Much filmeena.
Kontzertuak
Irailak 7: Arteria Campos Elíseos Antzokia. Bilbo. 20:00 h.
Irailak 8: Baluarte Auditorioa. Iruñea. 20:00 h.
Irailak 9: Kursaal Auditorioa. Donostia-San Sebastián. 20:00 h.
Irailak 10: Principal Antzokia. Vitoria - Gasteiz. 20:00 h.
Egitaraua
Arturo Márquez (1950): Danzón nº 2* [10']
Michel Camilo (1954): Piano, hari eta harparako suitea* [25'] (Joseph Gianono-ren orkestrazioa)
Michel Camilo: (1954): Piano eta orkestrarako 1. kontzertua* [32']
*Lehenbiziko aldiz interpretaturiko obra
Michel Camilo, pianoa
Rubén Gimeno, zuzendaria
Euskadiko Orkestra Deba, Zarautz eta Saran izango da datozen egunotan

Euskadiko Orkestrak kontzertu bana eskainiko du gaur eta bihar Deba eta Zarautzen, Orkestra eskuarki musika sinfonikoaren eremuetatik kanpo geratzen diren euskal herrietara eramanez ahalik eta gizarteratze zabalago bat lortzeko abian jarritako "Orkestra Herrietan" jardueraren baitan. Bi kontzertu hauek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta bi herrietako udalekin lankidetzan burutuko dira jada hogei urtetik gora dituzten Udako Musikaldien programazioaren barnean. Aurtengoan, Orkestraren kontzertuaz gain, besteak beste, Jordi Savall eta Ana Mª Sánchez arituko dira ziklo hauetan.
Kontzertuak Euskadiko Orkestraren kontzertino gonbidatu eta Municheko Orkestra Filarmonikoaren kontzertino den Lorenz Nasturica Herschcowici biolinjoleak zuzenduko ditu eta hauetan Grieg, Haydn eta Mozarten partituren aukeraketa bat izango da entzungai.
Deba eta Zarautzen kontzertuak eskaintzeaz gain, abuztaren 25ean Orkestra Saran arituko da estreinako aldiz. Emanaldi hau ere Lorenz Nasturica Herschcowikik zuzenduko du.
Orkestra Herrietan
Abuztuak 19: Andre Maria Eliza, Deba. 20:30etan.
Abuztuak 20: Andre Maria Eliza, Zarautz. 22:00etan.
Abuztuak 25: San Martingo Eliza, Sara. 20:00etan.
Egitaraua
E. Grieg: Aus holbergs Zeit, opus 40
W.A. Mozart: 29. Sinfonia la maiorrean, KV 201
J. Haydn: 49. Sinfonia fa minorrean, Hob I:49, "Pasioa"
Lorenz Nasturica Herschcowici, kontzertinoa/zuzendaria
Orkestrak Sofia Gubaidulinaren bisita izan du konpositore honi eskainitako monografiko baten grabaketa dela-eta

Sofia Gubaidulina konpositoreak Euskadiko Orkestra bere obrak bilduz egunotan Miramonen burutzen ari den monografikoaren grabaketan esku hartu du gaur goizean. Diska hau Asier Polo biolontxelo-jotzailea eta Iñaki Alberdi akordeoilariak Orkestrarekin batera interpretatuko duten Sieben Worte eta Polok eta Alberdik interpretatuko duten In croce musikalanek osatzen dute, guztia José Ramón Encinar-en zuzendaritzapean.
Grabaketa hau, gainera, musika garaikidearen edizioan izen handikoak diren Morese eta Botterrek sortu berri duten MorBo disko etxeak kaleratuko duen lehenbizikoa izango da. Nazioarte mailako musikagile gailenetariko bati eskainitako diska honek Euskadiko Orkestraren diskografiaren baitan sortutako "Gaurko Musika" atala osotzen du.
1931.ean Chistopol-en jaioa (Tatarstan, Errusiar Federazioko Errepublika), Sofia Gubaidulina musika garaikidearen konpositore ospetsuenetakoa dugu. Bere jatorriagatik eta bere formakuntza Kazan (Tatarstan) eta Moskun osatu izanagatik, errusiar eragina argi islatzen dute bere musikalanek. Konposatzerakoan duen maisutasunak europar zein amerikar abangoardia oinarri izanik bilakatutako teknika garaikideak erabiltzeko aukera eman dio. Bere musikaren zenbait arlotan, halaber, Ekialdeko filosofiaren kutsua antzeman daiteke.
Ehun obratik gora sortu ditu eta mundu osoan zehar sari ugari merezi izan ditu.
Grabaketa
2010eko abuztuaren 18tik 21era, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzako auditorioan.
Egitaraua
Sofia Gubaidulina (1931)
Sieben Worte, biolontxelo, akordeoi eta harietarako
In croce, akordeoi eta biolontxelorako
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Asier Polo, biolontxeloa
Iñaki Alberdi, akordeoia
José Ramón Encinar, zuzendaria
Disko etxea: MorBo
3.000 pertsona baino gehiago bildu ziren Konstituzio Plazan Orkestraren doako kontzertua gertutik jarraitzeko

Pasa den ostiralean, hilak 13, ospatu zen kontzertua Donostiako Konstituzio Plazan, Donostia 2016 urtean kulturaren europear hiriburu izateko hautagaitzaren aldeko jardueren artean. Aste Nagusiaren hitzaurrea izan zen doako kontzertu hau eta Juan José Ocón maisu donostiarrak zuzen zuen.
Egitaraua musika klasikotik eratorritako doinu ezagunak, filmatako soinu banden zein zarzuelatako zatiak eta Donostiako kantu herrikoiek osatu zuten. Kontzertua amaitzeko, Orkestrak bisak ekaini zituen, hauen artean europar himnoa, Donostiako martxa eta Errealeko himnoa.
Bertara hurbildu ziren 3.000 pertsona baino gehiagok kontzertu honetarako jarri ziren 1.500 eserlekuetatik edo eta Konstituzio Plazako arkupetatik jarraitu ahal izan zuten kontzertua.
Orkestrak Donostia 2016 hautagaitzaren alde eskainiko duen kontzertua aurkeztu da

Donostiako Udalean aurkeztu berri da datorren ostiralean, hilak 13, Euskadiko Orkestrak Donostiako Konstituzio Plazan, Donostia 2016 urtean Europako Kultur Hiriburua izateko hautagaitzaren alde eskainiko duen kontzertua.
Aste Nagusiaren hitzaurre izango den emanaldi honekin jarriko du abian Orkestrak 2010/2011 denboraldiko bere jarduera. Kontzertua, Juan José Ocón maisu donostiarrak zuzenduko du eta 90 musikarik interpretatuko duten egitaraua musika klasikotik eratorritako doinu ezagunak, filmatako soinu banden zein zarzuelatako zatiak eta Donostiako kantu herrikoiek osatuko dute. Konstituzio plazan 1500 lagunentzat eserlekuak jarriko dira.
Hiritar guztiei zuzendutako doako kontzertu hau Orkestrako zuzendari nagusi Iñigo Alberdi eta Odón Elorza, Donostiako alkateak joan zen otsailean sinatutako lankidetza-akordoioaren emaitza da eta Orkestrak Donostiako bizitza kulturalaren sustapenarekiko duen konpromezuari erantzuten dio. Izan ere, bertan bere egoitza ofiziala izateaz gain, Orkestrak lau kontzertu ziklo eskaintzen ditu Donostian: Abonu-Denboraldia, Miramongo Matinéeak deritzon ganbera-musika zikloa eta entzulego gazteenari zuzenduriko Musika Familian zikloa eta Eskola-haurrentzako kontzertuen ziklo berria. Honetaz gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa hiriko kultur-erakunde ezberdinekin lankidetza estuan aritu ohi da, horren eredu irailaren 2an Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan eskainiko duen kontzertua.
Donostia 2016 hautagaitzaren aldeko kontzertua
Abuztuak 13: Konstituzio plaza, Donostia-San Sebastián. 22.30etan
Juan José Ocón, zuzendaria
Egitaraua
J. Guridi: El Caserío. Preludio
J. Williams: Jurassic Park. Tema
H. Mancini-J. Mason: Tribute to Henry Mancini
L. Bernstein: West Side Story. Orkestrarako aukeraketa
J. Williams: Star Wars. Orkestrarako suitea
P.I. Tchaikowsky: 4. Sinfonia. Allegro con Fuoco
P. Ugalde: Parte vieja donostiarra
P.I. Tchaikovsky: 1812 Obertura
Orkestrak bizi-bizi ekingo dio 2010/2011 denboraldiari

"Mirentxu" zarzuelaren mendeurrena ospatuz denboraldia gorenean amaitu ostean, datorren denboraldiaren hasiera bizi bizia izango da Orkestrarentzat. Izan ere, uda honetan aukera ugari izango da Euskadiko Orkestraren musika entzuteko: Donostia 2016 hautagaitzaren aldeko doako kontzertu bat abuztuaren 13an, Orkestra Herrietan ekimenaren baitako emanaldiak Deba, Zarautz eta Saran, abuztuaren 19 eta 25 bitartean, Donostiako Musika Hamabostaldian kontzertu bat irailaren 2an eta KlasikAt proiektua abian jarriz, Michel Camilok Orkestrarekin batera eskainiko dituen kontzertuak, esaterako. Azken hauek irailaren 7an Bilbon, 8an Iruñean, 9an Donostian eta 10ean Gasteizen izango dira. Eszenatoki ezberdinetan eta askotariko musikak argudio harturik, Orkestraren musika entzule orori helarazteko eskaintza anitza osatzen dute guztiek.
Gainera, uda partean Orkestrak bi diska berri grabatuko ditu: batetik, iaz abiatutako "Gaurko Musika" ildoari jarraiki Sofia Gubaidulina konpositoreari eskainitako monografikoa eta, bestetik, Pedro Sanjuanen lana biltzen duen diska, Claves-ek argitaratutako Euskal Konpositoreen Bildumako 14.a.
