Euskadiko Orkestraren estreinaldia Arcachoneko badian

Arcachoneko badia famatutik metro gutxitara zabaldu zen 2006an Olympia Antzokia. Mila ikuslerentzat tokia duen areto honek hiriko kultur-bizitza guztia biltzen du eta Bordeleko Orkestrako kutdeatzaile berriek "Arcachon culture" delakoaren pean berau sustatzea dute helburu. Bere jarduera nagusia itsasora zuzentzen duen hiri batetan ulergarria gertatzen da kontzertua 20:45etan hastea. Beraz, Orkestra Arcachonen jada gaua zenean igo zen eszenatokira, Akitanian emandako bigarren kontzertua eskaintzeko.
Aurreko eguneko egitarau berarekin, Michal Nesterowicz maisuak berriz ere eslabiar folklorearen funtsa erakutsi zuen beste ordu terdiz. Antzokiaren akustika gogorra gertatu zen, baina Orkestrak, askotariko eszenatokietan aritzera ohiturik, lan eraginkorra burutu zuen. Luis Esnaola biolinjotzailearekin Pablo Sarasate gogoratu genuen beste behin eta Dvoráken Laugarren Sinfoniarekin txekiar musikagilearen "garai eslabiarrera" itzuli ginen. Maisuaren aginduei jarraiki, Orkestrak aurreko egunean bezala itxi zuen kontzertua, sinfoniaren hirugarren mugimenduko azken kadentziarekin, oraingoan ere entzulegoaren atseginerako.
Akitanian barrena eginiko bira honek orkestren arteko elkartrukearen interesa erakusten du, Euskadiko Orkestraren kasuan izaera europar nabaria duen politika. Jada ohikoak diren Bordeleko Orkestrarekin elkartrukeez gain, aipatzekoak dira 2009an Milango Giussepe Verdi Orkestrarekin eginadako eta laister Orkestrak Düsseldorfeko Orkestra Filarmonikoarekin egingo duen elkartrukea. Honen bidez, Orkestra Alemanian barrena arituko da eta aldi berean Andrey Boreykok zuzentzen duen orkestra Euskadiko Orkestraren ohiko eszenatokietan arituko da.
Baina elkartrukeetan egitea ez da kontzertu ederrak eskaintzea soilik, eta tokian tokiko ohiturak jarraitzea komeni da: Akitanian, jakina, Bordeleko mahastietako ardo ona eta Arcachoneko badiako "perla" ederrak.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
BIBRAZIO-GAUA BORDELEN EUSKADIKO ORKESTRARENTZAT

Euskadiko Orkestrak Bordelen ireki zuen bart Akitainiara bere bisitaldia eta bertako Palais des Sports orkestraren eta entzulegoaren arteko bibrazioen batura izan zela esan daiteke. Izan ere, han bildutakoek ez zioten txalo egiteari eta lurra jotzeari utzi Luis Esnaolak eta orkestrak hainbat bis eskaini zituzten arte. "Superbe" eta "Magnifique" izan ziren aretoa gaueko 22:15 aldera utzi zuen publikoaren artean hitz errepikatuenak.
Sud Ouest egunkariak "Poloniar bibrazioak" izenburua eman zion Orkestrak Bordele eta Arcachonera egindako bisitaren berri ematen zuen artikuluari. Eta esku-egitaraua "sustrai herrikoien unibertsaltasuna"z mintzo zen gauerako programatutako obrez hitz egiterakoan. Michal Nesterowicz poloniarrak zuzenduko zuen egitarauak funts folkloriko poloniar zein eslabiar nabarmena baitu. Arrazoi baten edo bestearengatik, edo entzulegoa Euskadiko Orkestrak Bordelen eskainitako jada bosgarren emanaldiaren zain zegoelako, publikoaren erantzuna areagotuz joan zen kontzertua aurrera joan ahala .
Lutoslawskiren Suite Txikia obraren lehenbiziko konpasen ondoren, Wieniawskiren 2. Kontzertuaren txanda heldu zen. Honetan bakarlari gonbidatuak partiturak eskatutako instrumentu-birtuosismoari aurre egin behar izan zion. 2. kontzertu honen hartzaile Pablo Sarasateren izena daraman biolin lehiaketa ospetsuan saritua gertatutako biolinjotzaile honen emanaldi bikainaren ostean, entzulegoak batera txalo egin eta etengabean jardun zuen Luis Esnaola eszenatokira itzuli zen arte. Orduan Aita Donostiaren "Oinazez" eskaini zuen.
Jada kontzertuaren bigarren zatian, Orkestrak bakarka Dvoraken sinfonia interpretatu zuen. Obra honek berrogeitik minututik gora irauten ditu eta denbora horretan poloniar zuzendariak bide ezberdinetan barrena gidatu zuen Orkestra amaiera ozenera iritsi zen arte. Ordurako bordelesek argi zuten ez ziotela Orkestrari bisik eskaini gabe joaten utziko. Michal Nesterowiczek trebetasun handiz berreskuratu zuen sinfoniaren hirugarren mugimendu ederra bi zati txikitan eskaintzeko: azken sekzioa, txalo zaparrada ederra merezi izan zuena, eta amaierako kadentzia, berriz ere entzulegoak zuzendari eta orkestrarekiko agertu zuen begikortasunaren adierazle izan zena. Gaueko hamarrak eta gero Palais des Sports delakoan kontzertu eder baten oihartzunak geratu ziren, "Superbe" eta "Magnifique" bezalakoak sarritan entzuteko aukera izan zeneko gau batean.
Orkestra Arcachonera doa gaur: estreinako aldiz arituko da kostaldeko hiri turistiko honetan. Olympia Antzokian egitarau bera izango da entzungai, gaurkoan ere bribrazio berriak eragiteko prest.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Branford Marsalis eta Andrey Boreyko 12. Abonu-programan

Branford Marsalis saxofoijotzailea eta Andrey Boreyko, Orkestraren zuzendari printzipal gonbidatua, Abonu-Denboraldian arituko dira New Yorkeko Orkestra Filarmonikoarekin aritu ostean. Dvorák, Glazunov, Schulhoff eta Ravelen obrak bilduko dituen egitaraua, erritmo eta estiloen bilketa entzulegoari bi artista hauen arteko konexio bereziaz gozatzeko aukera emateko, orain Orkestrarekin batera.
Branford Marsalis (New Orleans, 1960) musikari-sendi nabarmen bateko kide da, horien artean Ellis Marsalis pianojotzailea, aita, edo Wynton Marsalis tronpetajotzailea, bere anaia. Bere ibilbidean zehar, Branford Marsalis jazzaren munduko bakarlari gailenekin aritu da lankidetzan, horien artean Miles Davis, Dizzy Gillispie, Herbie Hancock edo Sonny Rollins, eta bere ekoizpen diskografikoak hiru Grammy sari merezi izan ditu.
Abonu-programa honi dagozkion kontzertuak apirialren 14 eta 15ean Donostiako Kursaal Auditorioan eta 16an Bilboko Euskalduna Jauregian.
Astelehena hilak 4ean Orkestrak kontzertu bat eskainiko du Gasteizko Principal Antzokian

Astelehen honetan, apirilaren 4an, Euskadiko Orkestrak kontzertu bat eskainiko du Gasteizko Principal Antzokian, Abonu-Denboraldiaren baitan. Cadaqués-ko Orkestraren Nazioarteko Zuzendari Lehiaketa ospetsuan garaile eta Txileko Orkestra Nazionalaren zuzendari titular Michal Nesterowicz-en zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak Luis Esnaola biolinjotzailea izango du bakarlari gonbidatu.
Kontzertu honek hizpide izango duen egitarauak Witold Lutoslawski, Henryk Wieniawski eta Antoni Dovrák-en obrak biltzen ditu, "Taupada bateratuak" izenburupean. Izan ere, Juan Manuel Viana musika-kritikoaren aburuz, oinarri folklorikoaren taupadak nabariak dira Dvorák-en "aro eslabiarra"ren sintesi den Seigarren Sinfonian, Wieniaswkik Pablo Sarasate nafarrari eskainitako 2. Kontzertuan eta baita Lutoslawskiren Suite Txikian ere.
Euskadiko Orkestrak lehenbiziko aldiz egingo dio aurre Wieniawskiren Biolin eta orkestrarako 2. kontzertuari eta, era berean, Orkestrarekin estreinakoz arituko den Luis Esnaola biolinjotzailea izango du lankide. Musikari gazte honek hamar urterekin egin zuen debuta Cincinattiko Orkestrarekin, Jesús López Cobos maisuak zuzenduta eta hamalau urterekin Pablo Sarasate Nazioarteko Lehiaketan saritua izandako musikari gazteena bilakatu zen. Egun sarritan aritzen da, besteak beste, Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin lankidetzan.
Abonu-programa hau osotzeko Orkestrak kontzertu bat eskainiko du Iruñeako Baluarte Auditorioan asteartean, apirilak 5. Ondoren egitarau hau bera, Bordele-Akitainia Orkestra Nazionalarekin elkartrukeari erantzunez, Akitainian barrena burutuko duen biran apirilaren 7 eta 8an eskainiko dituen kontzertuetan interpretatuko du.
Informazio gehiago
11. Abonu-programaren esku-egitarauaEuskadiko Orkestra Miramongo Matinéetan

Larunbat honetan, apirilaren 2an, Miramongo Matinéeak zikloa Euskadiko Orkestraren jarduerara zabaldutako espazio bilakatuko da beste behin. Oraingo honetan, Orkestrak datorren astean Gasteiz eta Iruñean, Abonu-Denboraldiaren baitan, eta ondoren Akitainian barrena burutuko duen biran eskainiko duen egitarauaren entsegua izango da. Cadaqués-ko Orkestraren Nazioarteko Zuzendari Lehiaketa ospetsuan garaile eta Txileko Orkestra Nazionalaren zuzendari titular Michal Nesterowicz-en zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak Luis Esnaola biolinjotzailea izango du bakarlari gonbidatu.
Miramongo Matinéea kontzertu bat nola prestatzen den ezagutzeko aukera bikaina izango da, Euskadiko Orkestrako musikariek, oraingoan Michal Nesterowicz poloniarrak zuzendurik, beren banakako lana uztartu eta bateratutako emaitza lortzeko nola jarduten duten ezagutzeko aukera.
Entsegu ireki honek hizpide izango duen egitarauak Witold Lutoslawski, Henryk Wieniawski eta Antoni Dovrák-en obrak biltzen ditu, "Taupada bateratuak" izenburupean. Izan ere, Juan Manuel Viana musika-kritikoaren aburuz, oinarri folklorikoaren taupadak nabariak dira Dvorák-en "aro eslabiarra"ren sintesi den Seigarren Sinfonian, Wieniaswkik Pablo Sarasate nafarrari eskainitako 2. Kontzertuan eta baita Lutoslawskiren Suite Txikian ere.
Euskadiko Orkestrak lehenbiziko aldiz egingo dio aurre Wieniawskiren Biolin eta orkestrarako 2. kontzertuari eta, era berean, Orkestrarekin estreinakoz arituko den Luis Esnaola biolinjotzailea izango du lankide. Musikari gazte honek hamar urterekin egin zuen debuta Cincinattiko Orkestrarekin, Jesús López Cobos maisuak zuzenduta eta hamalau urterekin Pablo Sarasate Nazioarteko Lehiaketan saritua izandako musikari gazteena bilakatu zen. Egun sarritan aritzen da, besteak beste, Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin lankidetzan.
Kontzertu honetarako sarrerak webgune honetako Sarrerak Erostea atalaren bidez, Servikutxa eta Telekutxaren bidez (943 00 12 00) eta larunbatean 10.30etatik aurrera Egoitzako leihatilan eros daitezke.
Informazio gehiago
13. Miramongo Matinéearen Esku-egitarauaOrkestra Akitanian arituko da

Aste honetan Iruñea eta Gasteizen aritu ondoren, Euskadiko Orkestra Bordelera eta, lehenbiziko aldiz, Arcachonera joango da. Bidaia honekin elkartruke berri bat gauzatuko du, oraingo honetan Bordele-Akitaniako Orkestra Nazionalarekin (ONBA). Apirilaren 7an Bordeleko Palais des Sports-ean eta 8an Arcachon-eko Olympia Antzokian, Orkestra azken egunotan Abonu-programazioan eskainitako egitaraua bera eszenaratuko du. Michal Nesterowicz da programa honetan zuzendari gonbidatua eta Luis Esnaola, berriz, bakarlaria.
Bi hiriek ezaugarri ezaberdinak dituzte, baina biek programazio erakaragarri eta askotarikoa biltzen dute. Hasiera batean, Bordele ezagunagoa zaigu arlo guztietan eta bertako kalitatezko programazioa Bordeleko Opera ospetsuaren inguruan antolatzen da. ONBAren kudeaketa ere erakunde honen baitan dago. Grand Théâtre delakoa, opera eta baletaren erdigunea, eta ONBAren kontzertu-denboraldian berean hartzen duen Palais des Sports dira Bordeleko kultur-jardueraren bi erdiguneak.
Bordeletik ordubetera dago Arcachon, hiri turistiko eta balneario gisa ezagutu ohi dena. Baina horretaz gain, bizitza kultural nabarmena ere badu. Urte osoan zehar kalitatezko programazioa du, kostaldeko hiria izateagatik uda partean areagotzen dena. Olympia Antzokia da programazio horren erdigunea eta bertan antzokia, opera, baleta eta zinema izaten dira. Bereziki nabarmentzekoak dira udako kontzertu handiak biltzen dituzten "Cadences" Jaialdia eta Musika-Topaketak.
ONBArekin azken elkartrukea duela hiru urte burutu zuen Orkestrak. Orduan Euskadiko Orkestra Gran Théâtre delakoan aritu zen; oraingoan, berriz, ONBAren ohiko eszenatokia den Palais des Sports-en izango da.
Hiru dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoak denboraldi honetarako aurreikusi dituen irtenaldiak. Lehenbizikoa duela egun gutxi batzuk burutu zuen Extremaduran barrena, orain Bordele eta Arcachonen izango da eta hirugarrenak, ekainan, Alemania izango du helmugatzat. Oro har, zera esan daiteke, hiru irtenaldi hauek nazioarte mailan joan-etorriko eszenatokiak zabaltze aldera Orkestrak duen interesa dela eta garatuz doan elkartruke-politikaren baitan burutuko dira.
Bikote bitxi bat, biolontxeloa eta kontrabaxua Mirmaongo Matinéetan

Larunbat honetan, martxoaren 26an, Miramongo Matinéeak zikloa partituratik eszenatokira oso gutxitan salto egiten duten musika horien bozgorailu bihurtzen da beste behin. Sarritan bere egileen lan ezagunenen itzalean gordetzen diren musikalak izan ohi dira. Oraingo honetan Gabriel Mesado biolontxelojolea eta Aleksander Mikolajczyk kontrabaxujotzaileak, Euskadiko Orkestrako bakarlariak biak, duo honetarako orijinalki idatzitako obrak interpretatuko dituzte, bitxia badirudi ere oso aberatsa baita duo honi eskainitako errepertorioa.
"Bi bat baino hobea izan ohi da, batez ere egoera grabea bada". Hauxe da, "Bassodoble" izenburu harturik, kontrabaxu batek eta biolontxelo batek osatutako talde ezohiko honen leloa. Bi instrumentu hauek elkarrekin eta inolako beste akonpainamendurik gabe entzuteko aukera bakanetako izango da larunbatean Orkestraren egoitzan izango den emanaldiak eskaintzen diguna. Literatura ugari dago duo honentzako idatzitako musika orijinalari dagokionez, bai garai klasikokoa eta baita garaikidea ere, horien artean G. Rossini, L. Boccherini, D. Dragonetti, eta baita musikagile moderno zein garaikideak, esaterako, A. Russel, H. Eder, M. Osokin edo M. Bookinik. Kontrabaxuaren soinu baxuak primeran egiten du bat biolontxeloaren soinu goxoarekin, soinuzko efektu atsegina sortuz. Horren erakusle, larunbatean Mozart, Rossini eta Barrière-ren lanak izango ditugu entzungai. Eta kontrapuntu gisa, Pablo Aslan-en tango garaikide bat.
Kontzertu honetarako sarrerak Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es bidez eta kontzertu-egunetan 10.30etatik aurrera Egoitzako leihatilan eros daitezke. Gainera, dorako autobus zerbitzua dago Matinéetara joateko, 10.25etan Gipuzkoa Plazako 4.zkitik atera eta Antso Jakitunaren Etorbidea, 18 eta Madrid Etorbidea, 34an geldialdiak egiten dituelarik.
Informazio gehiago
Esku-egitarauaAste honetan Euskadiko Orkestra haur eta familiarteko entzulegoari zuzenduko zaio

Extremaduran barrena bere lehenbiziko bira amaitu berri duela, Euskadiko Orkestrak haur eta familiarteko entzulegoari zuzenduko dio bere jarduera. Bere "Musika Gela"ko Musika Familian zikloaren baitan, "bat guztiontzat, guztiok batentzat" kontzertu sinfonikoa ostiralean, hilak 26an, Gasteizko Jesús Guridi Kontserbatoriora iritsiko da eta larunbatean, hilak 26an, berriz, Donostiako Kursaal Auditoriora, Kursaal Fundazioarekin koprodukzioan. Igandean, aldiz, hitzordua Gasteizen izango da berriro ere, emakume haurdun eta bederatzi hilabeterainoko haurtxoentzat, "Soinutik... bihotzera" izenburupean.
Bat guztiontzat, guztiok batentzat. Kontzertu sinfoniko honetan Euskdiko Orkestra Diego Martín Etxeberria zuzendari gaztearen agindupean arituko da. Emanaldi honetan orkestra-zuzendariak bere lana aldi berean, erabat sinkronizaturik burutu behar duen giza-talde baten buru gisa duen garrantzia azpimarratuko du, hortik "Bat guztiontzat"; era berean, zuzendari horrek orkestrarekiko duen menpekotasuna azalduko da: hori baita bere instrumentua, bere ahotsa, orkestrarik gabe zuzendariaren lanak ez luke oihartzunik izango, ez legoke musikarik; hortik "guztiok batentzat. Orkestraren Hezkuntza Departamentuko koordinatzaile Mikel Cañada da ekitaldia sortu eta gidoiaren egilea. Aurkezpen lanetan ariko dena, berriz, Iñaki Telleria izango da. Aurretik ere izana da Musika Familian zikloko beste kontzerturen baten aurkezlea eta ETB3ko SINFOKIDS saioko Sinfo da gainera. Kontzertuaren aurretik Sentsibilizazio Tailer bat izango da; honetan Ana Egiazabal biolontxelojotzailearen lankidetzarekin, soinua kontzeptu orokor gisa eta ondorengo kontzertuko egitaraua landuko dira. Tailer hau doakoa da kontzerturako sarrera duen edonorentzat, baina lekuak mugatuak dira. "Bat guztiontzat, guztiok batentzat" martxoaren 25 ostiralean estreinatuko da Gasteizko Jesús Guridi Kontserbatorioaren 25. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien baitan, eta larunbatean, hilak 26, Donostiako Kursaal Auditorioan izango da, Kursaal Fundazioarekin lankidetzan.
Soinutik... bihotzera. Martxoaren 27 igandean, Orkestrak eta Gasteizko Udalak koproduzitutako "Musika Familian" zikloaren baitan, arabar hiriburuko García Lorca Antzokian emakume haurdunei eta bederatzi hilabeterainoko haurtxoei zuzendutako emanaldia izango da. "Soinutik... bihotzera" izaera nabarmenki esperimentala duen jarduera da. Helburua isiltasunetik abiatutako bidaia egitea da, ondoren, baschet musika-tresnen soinu bereziaren bidez, bibrazio, erritmo eta sentsazioz betetako mundu batean murgil gaitezen, naturaren zikloekin eta gure bihotzarekin konektatu ahal izateko. Baschet instrumentarium pedagogikoa 14 soinu-egiturek osatzen dute, perkusio, hari eta kristalezkoak. Hauek 1952.ean Baschet anaiek aurkitutako printzipio akustiko berria aplikatuz lortu dira eta instrumentu-familia berri baten sorkuntza bideratu du. Donostian, orduan ere Musika Familian zikloaren baitan, estreinakoz izan ostean, estatu mailan mota honetako emanaldi bat burutzen den bigarren aldia izango da honako hau. Bi txanda izango dira (17.00 eta 18.30etan) eta sarrerak telefonoz eros daitezke (945 16 10 45).
Gainera, SINFOKIDS. Larunbatean, hilak 26, ETB3n SINFOKIDS saioaren lehenbiziko denboraldiko azken atala emitutuko da, iluntzeko 22.00etatik aurrera, "Orkestraren musika" izenburupean.
Etxerako bidean

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Plasencian zegoela agurtu zuen negua, bertan eskaini baitzuen Extremaduran barrena burututako birari zegokion azken kontzertua, laugarrena hain zuzen ere. Gaur astelehena, Orkestra etxerako bidean dela, mota honetako elkartrukeak egitearen garrantzia beste behin apimarratzea besterik ez dugu. Bira bat jarduera honetan murgildutako guztiontzat bizipen berrien eragile bilakatzen baita beti. Orkestratik hasi, musikaren esperientzia modu ezberdin batean bizitzen baitu, aldiro aldakorrak diren eszenatokietara moldatuz, eta berean hartzen duen entzulegoraino, aldi berean bere ohiko orkestrarenak ez diren erregistro zein hotsak entzutzen ikasten baitu.
Etxera heltzean, Euskadiko Orkestrak bere malgutasuna erakusten jarraituko du: maletak utzi eta Musika Gelan musgilduko da martxoaren 25, 26 eta 27an.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Orkestra Badajoz moderno eta gogotsueneko Kongresu Jauregiko Auditorioan

Hiri modernoa diogu bere auditorioagatik. 2006an inauguratu zuten eta MOMAk (New Yorkeko Arte Moderno Museoa) Espainiar azken 30 urteotan eraiki diren 53 eraikin erakusgarrienen artean kokatu zuen, Barajas-eko Aireportuko T4 Terminalarekin eta Sofia Erregina Arte Moderno Museoarekin batera. Areto nagusiak nolabait ere itsasoa iradokitzen duten hormek inguratuta hartu zuen Euskadiko Orkestraren Kontzertua, musulmandar okupazio-garaian, IX. mendean barrualdean sortutako hiri baten harresien hondarren gainean sortutako eraikuntza baten izaeratik urrun. Metakrilatozko hormek eta kolore urdinak espazioa auditorio argitsu eta diafano bilakatzen dute, edertasun handiko giroa sortuz.
Eta gogotsu, berriz, bere entzulegoarengatik diogu. Orkestra ezagutu ez arren berau entzuteko irrikaz gauaz gozatzeko prest iritsi baitzen. Andrés Orozco-Estrada bere zuzendari titularra buru zuela, guztia eman zuen Orkestrak eta, erantzun gisa, badajoztar publikoak nabarmen goraipatu zuen bere lana. "Bravo!" ugari entzun ziren. Bizitzek ibilbide anitz dituzte, eta horren erakusle, interesgarri gertatzen da aipatzea entzulego gogotsu horren artean aurkitu genituala Badajoz-eko Kontserbatorioko zuzendaria, donostiarra bera, eta duela urte asko Euskadiko Orkestrarekin aritu ostean gerora bere musika-ibilbidea Lisboako Gulbenkian Orkestrarekin egin zuen cacerestar biolinjotzaile bat.
Extremadurara bira gaur amaituko da, Plasenciako Álkazar Antzokian eta egunotan Orkestrak aurkeztu duen egitarau bera interpretatuz. Ibilbide honetako laugarren eta azken eszenatokia betetzearekin batera, aldi berean bide egin behar zaio atsedenari eta baita zapore eta izaera indartsudun lurralde honetaz gozatzeari ere.
