Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Pinchas Zukerman biolinista handia hartuko du bere Abonu Denboraldia

Martxoaren 30etik apirilaren 5era arte, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Abonu Denboraldian aurkeztuko du ibilbide oso luze eta arrakastatsua duen Pinchas Zukerman biolinista. Donostia eta Bilbon, Zukermanek Elgar izango du hizpide; eta Gasteiz eta Iruñean, Brahmsen Biolin eta biolontxelorako kontzertu bikoitza joko du Amanda Forsyth biolontxelistarekin. Lau hiriburuetan, P.I. Tchaikovskyren 4. Sinfoniak osatuko du "Isiltasunaren aurretiko ahotsak" izenburudun egitaraua, Christoph Königek zuzenduko duena.
Donostian (martxoaren 30ean eta apirilaren 3an) eta Bilbon (apirilaren 4ean), Pinchas Zukermanek joko du Edward Elgarren Biolin eta orkestrarako kontzertua. Ia 50 minutuko iraupena duen pieza luze horretan, Elgarrek biolinarentzako errepertorio guztiko bakarlarientzako zati luze eta gogorrenetako bat idatzi zuen. Berau interpretatzeko, Euskadiko Orkestrak biolinista gailen bat izango du lagun: Pinchas Zukerman. Zukermanek biolinentzako dauden ia lan guztiak jo ditu XX. mendeko musika-jole onenekin batera, baina lotura estuagoa izan du Zubin Mehta, Daniel Barenboim edo Jaqueline du Pré artistekin, besteak beste. Diskografia oso zabala du, 100 lan baino gehiago grabatu ditu, eta bi aldiz irabazi du Grammya, bata biolin-joleen artean kultuko disko bati esker, Shostakovich eta Prokofieven duoena, Itzhak Perlmanekin batera.
Gasteizen (martxoak 31) eta Iruñean (apirilak 5), Pinchas Zukermanek eta Amanda Forsythek Orkestrarekin batera joko dute Johannes Brahmsen Biolin, biolontxelo eta orkestrarako kontzertu bikoitza. Egun kontzertua, Brahmsen lan ospetsuenen artean ez badago ere, lanik konplexu eta titanikoenen artean dago. Lan horretan, Pinchas Zukermani gehituko zaio Amanda Forsyth biolontxelo-jotzaile kanadiarra. Forsyth, Orkestrarekin batera estreinakoz diharduen Forsyth biolontxelista nagusia izan da Calgary Philharmonic-en eta National Arts Centre Orchestran, eta solista gisa jo du Yo-Yo Ma, Garrick Ohlsson, Yefim Bronfman edo Wynton Marsalis artistekin, besteak beste.
Christoph König zuzendari alemaniarra Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldira itzuli da, 2002/03, 2013/14 eta 2015/16 denboraldietan jardun ostean. Dresden jaioa, Espainiarekin beti izan du lotura estua, Galiziako Real Filharmoníaren zuzendari gonbidatu nagusia delako, eta Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoarena ere izan zelako bere garaian. Penintsularekin duen loturaz gain, sarri zuzentzen du Erresuma Batuan eta Europar Iparraldeko herrialdeetan - Malmöko Sinfonikoaren titularra izan zen-, eta 2015az geroztik, Ipar Amerikako hainbat orkestratik ere deitu izan diote, besteak beste New Jersey, Indianapolis, Toronto, Houston edo Vancouverrekotik.
Isiltasunaren aurretiko ahotsak: Euskadiko Orkestraren 6. Abonu programa

Martxoaren 30etik apirilaren 5era bitartean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Abonu programa berri bati egingo dio aurre. Christoph Königen gidaritzapean, Orkestrak lagun izango ditu Pinchas Zukerman biolinista Donostia eta Bilbon eta Pinchas Zukerman bera eta Amanda Forsyth Iruña eta Gasteizen.
Egitaraua. Pinchas Zukermanek E. Elgarren Biolin eta orkestrarkao kontzertua joko du eta, Amanda Forsythekin batera, J. Brahmsen Biolin, biolontxelo eta orkestrarako kontzertu bikoitza. Lau hiriburuetan, P.I. Tchaikovskyren 4. Sinfoniak osatuko du egitaraua.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere 2017/2018 denboraldia aurkeztu berri du

Tabakaleran izan den prentsaurrekoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2017/2018 Denboraldiaren nondik norakoa agertu dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko presidente Bingen Zupiriak, Orkestrako zuzendari titular berri Robert Treviñok eta zuzendari nagusi Oriol Rochek.
Musika-etapa berria Orkestrak Robert Treviño zuzendaritza lanetan duela: Hurrengo denboraldiko berrietako batek Robert Treviño izena du. Zuzendari titular berria indarrez, kemenez eta pasioz beteta dator, Euskadiko Orkestra goi mailara igotzeko asmoz. Denboraldiaren hasieratik arituko da eta kontzertu zein proiektu bakoitza ekitaldi aparta bihurtuko du.
Irudi berria, aro berriaren isla. Haren sinbologia eta asmoak: Irudia sinboloen sinfonia da, konposizio metaforikoa, denboraldi ikusgarria, magikoa, zirraragarria eta era orotako ikusleei irekia islatzen duen irudien doinua: betiko entzuleei zuzenduko gara, baina baita zale berriei ere. Horiek erakarri nahi ditugu eta atsegin handiz hartuko ditugu gurean. Denboraldi berriaren irudia osatzeko hainbat elementu, sinbolo eta ideia elkartu dira, printzipioz loturarik ez zutenak, ezta programa berarekin ere, baina elkarrekin programazioarekin esanahi solidarioa lortzen dutenak, kontzeptu bisual ikusgarri eta erakargarriez gain. Sinbolo bakoitza galdera bat da, hieroglifikoa, eta haren erantzuna da programa.
Bi premisa horiekin, herrialdeko kultura eta musikaren aktibo handia izateko ibilbideari jarraituko dio Euskadiko Orkestrak. Topagunea izaten darrai bere egoitza diren hirietan; izan ere, gero eta presentzia nabarmenagoa du horietan. Eta beste kultura erakundeekin harremanak lantzen jarraitu eta hezkuntza zein arlo sozialean lan aktiboan sakonduko du.
Birgit Kolarek eta Alba Venturak osatutako biolin eta piano bikoteak aurrez aurre jarriko dituzte Straussen gaztetasuna eta Schuberten gainbehera

Bihar, martxoaren 25 larunbatean, biolinista eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kontzertino gonbidatu Birgit Kolar eta Alba Ventura pianista ariko dira Miramongo Matinéetan. Egitarauan, Richard Straussek, 23 urte zituela, biolin eta pianoarako sortutako sonata bakarra eta Schubertek instrumentu horietarako idatzitako azken pieza, Fantasia D934. Goizeko 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan.
Gaztaroa eta gainbehera. Richard Strauss gazteak 23 urte zituela idatzitako biolinerako sonata bakarra maisulana gertatu zen. Birgit Kolar-ek zera dio egitarauari oharretan: "Fin de Siècle delakoko Sonata alemana bihurtu da; izan ere, bere birtuosismoak eta kolore-aberastasunak muga oro hausten dute [...]. Bi hitzetan esateko, gaztaroko grinaren, sormen itzelaren eta bizipoz menderakaitzaren eztanda islatzen du musika lan honek". Fantasiaren inguruan, berriz, honakoa idatzi du biolinistak: "Schubertek biolinerako idatzitako azken pieza dugu Fantasia D934 (31 urte zituen!). Do maiorreko tonalitate argitsu eta heroikoan idatzia, erdizka ikusten duen patuaz mintzo zaigu bere musika; ausardiaz eta etsi onez egiten dio aurre horri".
Birgit Kolar biolinista (Waidhofen/Ybbs, Austria, 1970) Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kontzertino gonbidatua daiza ; izan ere, Orkestraren Abonu Denboraldian dihardu -hans Grafen zuzendaritzapean. Gainera, Bavierako Estatu Orkestraren (Münchner Staatsoper), Gran Teatre del Liceu-ko Orkestra Sinfonikoaren, BBCOrkestra Filarmonikoaren, Bergen-eko Orkestra Filarmonikoaren, Copenhagekoaren eta abarren lankide izana da eta sarritan aritzen da Vienako Orkestra Filarmonikoarekin. Kontzertinoa izan da Linz-eko Bruckner Orkestran eta Vienako Orkestra Sinfonikoan, eta, 2005 urtera arte, Municheko Irrati Orkestran. -austriako Banku Nazioalaren instrumentu-bildumako Carlo Bergonzi, Cremona 1723, biolina jotzen du.
Alba Ventura Bartzelonako pianistak 13 zituela egin zuen bakarlari debuta, Cadaquéseko Orkestrarekin eta Sir Neville Marrinerrekin, Donostia eta Madrilen. Ordutik, bere nazioarteko ibilbideak espainiar zein europar areto nagusienetara eraman du, eta baita Bogotá eta Aucklandera. Zuzendu dutenen artean daude, besteak beste, Giovanni Antonini, Howard Griffiths, Christopher Hogwood, Eiji Oué eta Antoni Ros Marbà. Philarmonia Orchestra, Hallé Orchestra, London Mozart Players, Hungaria Orkestra Filarmoniko Nazionala, Txekiar Orkestra Sinfoniko Nazionala edo Brodsky, Takacs eta Casals laukoteekin jo du. Gironako Printzea Fundazioaren IMPULSA saria merezi izan du. Irakaslea da Liceuko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan.
Hans Graf berriz ere zuzendari gonbidatu Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldian

Datorren astean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiari helduko dio, askotariko hainbat ekimenetan biziki jardun ostean: Wim Wendersen "Submergence" (Murgilketa) pelikularen soinu banda grabatu berri du, Musika-Música el OLBEn esku hartu du eta bere Musika Gelak 7000 haur eta gazte bildu ditu.
Kontzertuak. Programa martxoaren 20 astelehenean hasiko da Gasteizko Principal Antzokian eta 21ean Iruñeako Baluarten eta 22an Bilboko Euskaldunan jarraituko du; hilaren 23an eta 24an Donostiako Kursaalean izango diren kontzertuekin itxiko da.
Euskadiko Orkestra Hans Graf maisuak zuzenduta ariko da ohiko lau hiriburuetan; austriar zuzendaria Orkestraren titularra izan zen 1994. urtetik 1996.era bitartean. Hamar urtean Salzburgeko Mozarteum erakundearen Orkestra zuzendu ostean heldu zen Hans Graf Euskadiko Orkestrara. Bertan emandako aroaren ondoren, titular izan da Calgaryko Orkestra Filarmonikoan, Orchestre National Bordeaux Aquitaine orkestran eta, bereziki aipagarria, Houstongo Orkestra Sinfonikoan. Hori da Estatu Batuetako orkestra gailenetako bat eta Graf Christoph Eschenbach-en ondorengoa izan zen bertan, 2001. urtean hasi eta 2013.era. Zuzendari gonbidatu lanetan, Grafek lehen mailako orkestra europarrekin egin du lan: esaterako, Amsterdamgo Concertgebow, Vienako Orkestra Filarmonikoa edo Londresko Orkestra Sinfonikoa; amerikar orkestren artean, Cleveland, New York, Philadelphia, Los Angeles zein San Franciscoko orkestrekin jardun du, beste askoren artean. Informazio gehiago.
Stravinsky eta Schumann zorigaiztoa gainditzen. Bai Igor Stravinskyren Sinfonia don eta baita Robert Schumannen 2. Sinfonia ere egoera pertsonal txarrei emandako erantzunak dira biak ala biak. Sinfonia don misteriotsu eta abstraktua izan zen Stravinskyren erreakzioa bere amaren, emaztearen eta alabaren heriotzei, batetik, eta Estatu Batuetara erbesteratu izan beharrari, bestetik. Gertaera guzti horiek epe laburrean jazo ziren. Partitura horretan "ezin da aurkitu doluaren aztarnarik", Mikel Chamizo musikagile eta kritikoak egitarauari oharretan dioenaren arabera. Schumannen 2. Sinfonia, aldiz, inflexio puntua da horren musika ekoizpenean; itxoropenez jantzitako energiaz betetako obra honekin heldu zion Schumannek konposatzeari, gaixoaldi baten ondotik.
Obra horien hitzaurre izango da L.V. Beethovenek idatzitako balet bakarraren, hots, Prometeoren izakiak baletaren Obertura.
Wim Wenders Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin

Martxoaren 13 astelehenean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitzan, Wim Wenders zuzendariak gertutik jarraitu zuen "Submergence" (Murgilketa) bere azken pelikularako musikaren grabaketa; filma lan-prozesuaren azken txanpan dago jada. Partitura berriki Goya saria irabazi duen Fernando Velázquezek idatzi du. Saritua izandako "A Monster Calls" eta beste hainbat pelikulatarako musikarekin egin bezala, konpositore eta zuzendariak Euskadiko Orkestra Sinfonikoari eman nahi izan dio musika hori grabatzeko ardura.
Wim Wendersek grabaketa-prozesuan esku hartu nahi izan du. Hala, Fernando Velázquezekin eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin partekatu du "Submergence" bere filmarako soinu-bandaren sorkuntza.
"Submergence" suspense pelikula erromantikoa da. Protagonista ditu James McAvoy eta Oscar® saridun Alicia Vikander. Alemaniar, frantziar eta espainiar ekoizpena da. Atresmedia Cine-k aurkeztua, LILA 9TH, Neue Road Movies, Back Up Media Studios-ek ekoitzi dute, Morena Films eta Submergence A.I.E. eta U Media-rekin koprodukzioan, Atresmedia lankide dutela. Entertainment One Films Spain-ek (eOne Films) banatuko du Espainian.
"Ene haize maitea", Musika Familian Kursaaleko ganbera aretoan

Martxoaren 25 larunbatean Euskadiko Orkestraren Musika Gelak "Ene haize maitea" haurtxoentzako ikuskizuna aurkeztuko du Donostiako Kursaaleko Ganbera aretoan, Musika Familian zikloan. Euskadiko Orkestrako haize-metal boskotea, klake dantzaria, perkusiojolea eta aurkezle, denek elkarrekin jolas egingo dute txikitxoenek aire kuttunarekin jolasteko beste modu bat ezagutu dezaten.
"Ene haize maitea" ekoizpenak erakusten digu bizitzeko ezinbesteko dugun aireak gure egunerokotasunean beste zenbat egoerekin harremana duen. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariek osatutako haize-metal boskote batek, klake dantzari batek (Larraitz Ugartemendia), perkusiojole batekin (Anthony Lafargue, EOSeko kidea halaber) eta aurkezlearekin batera (Ana Eguiazabal), denek elkarrekin jolas egingo dute txikitxoenek aire kuttunarekin jolasteko beste modu bat ezagutu dezaten. Jolasa eta irakaspenak uztartuko dituen topaketa horretarako hautatu diren musiken artean daude egile klasikoen piezak (Mozart, Brahms, Strauss edo Saint-Saëns), jazz pieza ahaztezinak ("Am I blue?" eta "My baby just cares for me") eta jada zinerako musikaren historia bilakatu diren melodiak ("The Mission" ete "Indiana Jones").
Kursaal Eszenarekin lankidetzan.
BACHen “Fugaren Artea” ezohikoa larunbatean Miramonen entzungai, Ensemble Diatessaron taldearen eskutik

Martxoaren 11 larunbatean, Euskadiko Orkestrako biola Elena Martínez de Murguía buru duen Ensemble Diatessaron taldeak "Bach: Fugaren Artea" aurkeztuko du Miramongo Matinéetan. Antzinaroko eta Barrokoko musikaren inguruko ikerketan eta interpretazioan berezitutako taldearen Miramonera itzulera da. Ohi bezala, saioa goizeko 11:00etan hasiko da.
"Artearen Fuga", Bachek bere bitzitzaren amaieran sortutako lan sakon eta erraldoia. Honela aurkezten du Ensemble Diatessaron taldearen zuzendari Elena Martínez de Murguíak "Artearen Fuga" Matinéeko esku-programan: "1748. urtetik, Bach prest zegoen amaiera gisa sekulako laburpena egiteko: gai bakarra oinarri hartuta, kontrapuntu- eta kanon-molde oro bilduko zituen obra. Begietan gaixotasun bat izan arren, azken lan sakon eta erraldoia hil zen urtean amaitu zuen ia (1750). 65 urte zituela, Bachek paregabeko bikaintasunez eta poesiaz jantzi zuen musika-lan hau; agerkunde itzela izan zen, bariazio kontrapuntistikoen segida bukatu gabea. Bariazioak anitzak dira oso eta konpositorearen irudimen mugagabea erakusten dute".
Ensemble Diatessaron, 2000. urtetik musika historikoa ardatz hartuta. Elena Martínez de Murguíak eta Juan Vegak sortu zutenetik, Diatessaron etengabean aritu da Antzinaroko eta Barrokoko musikaren inguruan hausnartu eta jatorrizko instrumentuak erabiliz interpretazioan lanean. Ia hogei urtetotan abian jarritako egitasmoen artean daude, besteak beste, "Camino de peregrinos", "Quijote y la Edad de Oro", "Mujeres compositoras", "Le Basque", "Donostia 1813". 2016 urte amaieran kaleratu zuten euren bigarren diskoa, "Godalet", Igartubeiti baserrian zuzenean grabatua, XVII eta XVIII. mendeetako euskal musika biltzen du. Ensemble Diatessaron-ek proiektu bakoitzerako egokitzen du bere organikoa. "Bach: Fugaren Artea" interpretatuko dutenak dira: Euskadiko Orkestrako kideak diren Inmaculada Aramburo (biolina), Elena Martínez de Murguía (viola da gamba) eta Gabriel Mesado (biolontxeloa) ; eta Takeshi Kanazawa (biolina) eta Loreto Aramendi (klabezina).
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelak aurkezten du “Romeo eta Julieta” txotxongilo eta orkestra sinfonikorako ikuskizuna

Martxoaren 8tik 10era, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelak "Romeo eta Julieta" izango du hizpide: Ikastetxeentzako jardueren baitako Eskola Kontzertuak zikloaren bigarren txandan, martxoaren 8 eta 9an, Kursaal Auditoriumak berean hartuko du txotxongilo eta orkestra sinfonikorako ikuskizuna; 8 eta 18 urte bitarteko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 4.200 ikasletik gora izango dira bi emanaldi horietan izango direnak. Ondoren, hilaren 10ean Gasteizko Principal Antzokian izango da publiko orori zuzendutako Musika Familian programazioan.
"Romeo eta Julieta" antzezteko, eszenatokian bilduko dira Euskadiko Orkestra eta Per Poc txotxongilo konpainia (www.perpoc.com), Orkestrarekin estreinakoz ariko den Benjamin Levyren zuzendaritzepean (www.benjaminlevi.fr). Elkarrekin ikuskizun bilakatuko dute, Shakespearerek sortutako intransigentziaren zein aurreiritzien tragedia ezagutu zuenean, Prokofievek irudikatutako edertasuna eta indarra. Per Poc konpainiako kideek zera diote euren txotxongiloen inguruan: "Erraldoiak dira, baina, aldi berean, arinak. Ehundurak eta koloreak aurpegierari gainjartzen zatzaie. Zenbait unetan amets bateko izakiak dira, amets gaizto batekoak bestetan.
Euskadiko Orkestrak Gipuzkoako Batzar Nagusien eta Donostiako Udalaren Hezkuntza Atalarekin lankidetzan antolatzen ditu Eskola Kontzertuak eta Musika Familian zikloa Gasteizen Udal Antzoki Sarearekin koprodukzioan egiten da.
Otsailaren 25ean, 10. Miramongo Matinéean, “Azken erromantikoen pianodun kinteto handiak"

Otsailaren 25 larunbatean, XIX. mende amaierako ganbera-musikak hartuko du Euskadiko Orkestraren egoitza, Quinteto Polonezek Miramongo Matinéetan aurkeztuko duen egitarauari esker. César Franck eta Juliusz Zarebski, azken erromantikoetako biren pianodun kinteto bana izango da entzungai. Goizeko 11:00etan, Orkestraren Miramongo egoitzan.
Bi konpositore horien lanak kontzertu batean proposatzeko, euren arteko analogiez baliatu da Quinteto Polonez. Izan ere, ugari dira bai bi piezen eta baita bi konpositoreen bizitzen arteko parekotasunak. Esaterako, bi partiturak denboran gertu izan ziren sortuak (Franckek 1878 eta 1879 bitartean idatzi zuen eta Zarebskirena 1885.ekoa da) eta biak dira beranduko lanak. Bigarrenik, ez batak ez besteak ez zuten urte luzez merezitako sonik izan: Francken Kintetoa ulergaitza gertatu zitzaion publikoari eta dramatikoegitzat jo zuten, egun maisulana bada ere. Zarebskirenak, aldiz, arrakasta lortu zuen estreinaldian, baina, beharbada musikagilea bat-batean hil zelako, Kintetoa ahaztua izan zen, 1931.ean argitaratu zuten arte; ordutik, garai hartako poloniar ganbera musikako pieza gailentzat hartua da.
Quinteto Polonez osatzen duten musikariak dira, batetik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kide diren Ludwik Hamela eta Antoni Kosc, biolinak; Sergio Vigara, biola eta Jacek Grabe-Zaremba biolontxelojotzailea; eta, bestetik, Ireneusz Jagla pianista.
Miramonera autobusez. Euskadiko Orkestrak Matinéetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo Hiribideko 34ean.
Sarrerak. Matinée guztietarako sarrerak webgune honetako TICKET atalean eta www.kutxabank.es webguneetan eta Kursaal zein Orkestraren egoitzako leihatiletan eros daitezke. 7 euroko prezio bakarra dute.
Miramongo Matinéek Kutxa Fundazioaren babesa dute.