Asteazkena 13 Martxoa, 2013

Ilyich Rivas zuzendariaren eta Ana María Valderrama biolinjotzailearen gaztetasuna Euskadiko Orkestraren 9. Abonu proraman

Ilyich Rivas zuzendariaren eta Ana María Valderrama biolinjotzailearen gaztetasuna Euskadiko Orkestraren 9. Abonu proraman
Martxoaren 15 ostiralean Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Iruñako Baluarte Auditoriora itzuliko da, bere Abonu Denboraldiko 9. programa osatzen duen kontzertu bakarra eskaintzeko.

Martxoaren 15 ostiralean Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Iruñako Baluarte Auditoriora itzuliko da, bere Abonu Denboraldiko 9. programa osatzen duen kontzertu bakarra eskaintzeko. Orkestrarekin batera ariko dira gonbidatu Ilyich Rivas zuzendaria, lehenbiziko aldiz espainiar estatuan, eta Ana María Valderrama biolinjotzailea. Hauen gaztetasun, grina eta talentua nabarmenak dira: bien adinak batuta ozta-ozta heltzen dira berrogeita hamar urtetara, baina lehenak Londresko Orkestra Filarmoniko ospetsuaren zuzendari laguntzaile gisa debuta egindo du denboraldi honetan eta bigarrena Pablo Sarasate Nazioarteko Biolin Lehiaketa irabazi duen lenebiziko biolinjotzaile espainiarra dugu, berriz ere Iruñan ariko dena. Biak ala biak estreinakoz ariko dira Euskadiko Orkestarekin batera.

Ilyich Rivas venezuelarra Euskadiko Orkestraren podiumera zuzendari gonbidatu gisa igoko da, espainiar estatuan eskainiko duen lehenbiziko kontzertuan. Zuzendari gazte honek Londresko Orkestra Filarmonikoan zuzendari laguntzaile gisa debuta egingo du denboraldi honetan, Vladmir Jurowskiren aginduetara. Arrakastaz betetako ibilbidean mugarri berri bat izango da. Izan ere, hogei urterekin Baltimore eta Atlantako orkestra sinfonikoak edo Youth Orchestra of Americas eta Stuttgarteko Irratiko Orkestra, Lucernako Orkestra Sinfonikoa, Royal Philharmonic Orchestra eta Stockholmeko Orkestra Filarmonikoa zuzendu ditu, besteak beste. Gainera, Marin Alsopen ikasle izandako Ilyich Rivasek Suediako Irratiko Orkestra eta Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoa zuzenduko ditu laister estreinakoz.

Ana María Valderrama biolinjotzaile madrildarrak Zubin Mehta maisuaren zuzendaritzapean egin zuen debuta 2008an eta ordutik nazioarte mailako bakarlari gazte gailenen artean kokatu da. 2011an XI. Pablo Sarasate Nazioarteko Biolin Lehiaketan sari nagusia eta publikoaren sari berezia merezi izan zituen, lehiaketa ospetsu hau irabazi duen lehenbiziko biolinjotzaile espainiarra izan delarik. Bakarlari gisa nazioarte mailan Ingalaterra, Alemania, Frantzia, Portugal, Errusia, Mexiko, Kolonbia eta Estatu Batuetan aritu da eta lagun izan dituen orkestren artean RTVEko Orkestra Sinfonikoa, Gaztela eta León eta Nafarroakoa, St. Petersbourg's Academic Symphony Orchestra, Novosibirskeko Orkestra, Nottingham Symphony Orchestra, Niederbayerischen Philharmonie, Sinfónica del Vallés edo Filarmónica de Medellín daude, Ros Marbá, Salvador Brotons, Alejandro Posada, Yuki Kakiuchi edo Max Valdések zuzenduta.

Euskadiko Orkestrarekin batera Ana María Valderramak Iruñako Baluarten Camille Saint-Saënsek Pablo Sarasate nafarrari eskainitako Biolin eta orkestrarako 3. kontzertua interpretatuko du. Mendelssohnenarekin parekotasunak dituen partitura honek pasarte liriko eder luzeak ditu, trebezia erakusteko aproposak, baina frantziarrek espainiar izaerarekiko zuten ideiari erantzuten dioten pasiozko suminaldiak tartekatzen dira. Gainera, egitaraua osotuz, kontzertuaren atarikoan Orkestrak Dvoráken Barizio Sinfonikoak interpretatuko ditu lehenbiziko aldiz, Elgarren Enigma Bariazioak eta Brahmsen Haydnen gai baten gaineko bariazioekin batera orkestra-errepertorioko nabarmenenak. Eta bigarren zatian Shostakovitchen 1. Sinfonia izango da entzungai. Oraingoan ere gaztetasuna izpide: konpositoreak hemezortzi urte besterik ez zituen heldutasun eta iaiotasun tekniko handia islatzen dituen obra hau sortu zuenean (sinfonia honekin eskuratu zuen konposizio gradua Petrogradoko Kontserbatorioan, Glazunoven babespean).

 

Osteguna 07 Martxoa, 2013

"Arratsalde on, Swing", familiarteko kontzertu berri bat martxoaren 9an Donostian eta 10ean Gasteizen

"Arratsalde on, Swing", familiarteko kontzertu berri bat martxoaren 9an Donostian eta 10ean Gasteizen
Musikeneko Jazz Departamentuko ikasleek genero hori hurbildko die gaztetxoenei. Aurrez Sentsibilizazio Tailerra izango da.

Euskadiko Orkestraren Musika Gelak, Donostian Kursaal Fundazioarekin eta Gasteizen bertako Udalarekin lankidetzan, "Arratsalde on, Swing" familiarteko kontzertua aurkezten du. Musikenekin lankidetzan, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko Jazz Departamenduko ikasleek New Orleansen, Estatu Batuetan sortutako musika-genero berezi hau modu entretenigarri eta pedagogikoan emango digute ezagutzera. Sei urtetik gorako hauerrentzat diseinatua, kontzertuak Scott Joplin, Glen Miller edo Charlie Parker-en musika edo Harriketarren soinu banda ezaguna bilduko ditu, besteak beste. Swingez betetako notak, betiere, jazzarekiko grina duten musikari gazteek interpretatuak. Nor hauek baino hobeto grina hori haurtxoei helarazteko? Bluesa, erritmoa, ragtime-a, inprobisazioa eta, noski, swing-aren inguruan ariko zaizkigu. Swing-a zer den? Jolas egitea, musikarekin, notekin, kortxeekin, puntilloekin eta abarrekin jolas egitea. Eta hori da "Arratsalde on, Swing" kontzertuaren helburua: musikarekin jolas eginez jazzaren xarma geureganatzen laguntzea, alegia.

Kontzertuaren aurretik, Sentsibilizazio Tailerra. Kontzertu bakoitzaren aurretik, Ana Eguizabal biolontxelojoleak zuzenduta, Sentsibilizazio Tailerra izango da. Jarduera honetan ondoren kontzertuan entzungai izango diren doinuak landuko dira, entzumen aktiboaren bidez. Tailerrak doakoak dira "Arratsalde on, Swing" kontzerturako sarrera dutenentzat, baina aurrez izena eman behar da, Donostiako kontzertuaren aurretiko tailerrerako 943 00 31 80 telefonora dei eginez eta Gasteizko kontzertuaren aurreko tailerrerako izen emateko, berriz, 945 16 10 45 telefonora.

Sarrerak salgai. Martxoaren 9 larunbatean Kursaaleko ganbera aretoan izango den kontzerturako sarrerak Kursaaleko leihatilan (EOS edo Kursaal Fundazioaren emankizun egunetan) eta www.kutxasarrerak.net webgunean eros daitezke. Martxoaren 10ean Gasteizko Principal Antzokian izango den kontzerturako sarrerak antzokiko leihatilan bertan, Udaleko teléfono zerbitzuan (945 16 10 45) edo www.vitoria-gasteiz.org/teatros eta http://entradas.cajavital.es webguneetan eros daitezke.

 

Osteguna 07 Martxoa, 2013

"Betiko kantak, begirada bi", Olatz Saitua, Ainhoa Zubillaga eta Iñaki Salvador Miramongo Matinéetan

"Betiko kantak, begirada bi", Olatz Saitua, Ainhoa Zubillaga eta Iñaki Salvador Miramongo Matinéetan
Martxoaren 10 larunbatean kaleratu berri den diska honetako kantuak aurkeztuko dituzte.

Martxoaren 9 larunbatean Miramongo Matinéeak zikloan gaurtik salgai dagoen "Begirada bi- dos miradas" diskaren zuzeneko aurkezpena izango da. Euskal errepertorio herrikoiaren zati, oso ezagunak hainbat kanturen berrirakurketa proposatzen duen diska hau duela hilabete batzuk Miramonen, Orkestraren egoitzako Auditorioan bertan grabatu zuten Ainhoa Zubillaga mezzoak, Olatz Saitua sopranoak eta Iñaki Salvador pianojoleak. Orain eszenatoki hori bera aukeratu dute grabaketa haren emaitza entzulegoari ezagutzera emateko.

1971. urtean Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak "Donostiko kantu zarrak" liburua argitaratu zuen, Tomás Garbizuk harmonizatu eta Jesús María Arozamenak glosa literarioz osatutako partituratan gauzatutako kantu herrikoi ezagunen bilduma. Garbizuk ahots eta pianorako egindako moldaketa hauek dira "Betiko kantak - Canciones de siempre" proposamenaren jatorrizko ideiaren oinarria. Olatz Saitua, Ainhoa Zubillaga eta Iñaki Salvadorren lana bultzada horretatik sortua da, baina hiru musikariek urrats bat haratago joan nahi izan dute. Doinu hauetariko askoren inguruan Salvadorrek egindako moldaketa berri eta berezkoek Garbizuren jatorrizko lana osatu eta osotzen dute, kantu herrikoien gaineko bi begirada elkarbizitzan, beraz. Berrirakurketa honetan euskal kantu herrikoia, musika klasikoa eta jazza uztartzen dira.

Saitua, Zubillaga eta Salvadorren erronka berri honen emaitza jaso duen "Begirada bi - dos miradas" diska Kutxaren babesarekin plazaratu da gaur bertan. Komunikabideen aurrean atzo aurkeztu ostean, zuzenean entzuteko aukera larunbatean izango da, Miramongo Matinéeak zikloaren baitan. Hauek dira biziberrituta entzungai izango diren kantak: Kaia barrenian, Ilargi eder, Donostiako hiru damatxo, Gabonetan, Mari Domingi, Pello Joxepe, Habanera del Guría, Goizeko izarra, Haurtxo txikia, Loa, loa, Beltzarana, Aitak semeari, Itsasoa laino dago, Ume eder bat, Petra txardin saltzailea, Zure besoetan, Idiarena eta Ilunabarra.

Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak www.kutxasarrerak.net bidez eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.

 

Asteartea 05 Martxoa, 2013

Andrés Orozco-Estrada, hr-Sinfonieorchester Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoaren musika zuzendari

Andrés Orozco-Estrada, hr-Sinfonieorchester Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoaren musika zuzendari
2014/2015 denboralditik 2017/2018ra. Duela aste gutxi eman zen ezagutzera Houston Symphony orkestraren musika zuzendari izendapena.

Andrés Orozco-Estrada hr-Sinfonieorchester Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoaren musika zuzendari izango da 2014/2015 denboralditik aurrera.

1929an sortutako alemaniar orkestra honekin 2017/2018 denboraldira bitartean lotuta, Andrés Orozco-Estradak bere aurretik zazpi urtez hr-Sinfonieorchester delakoaren zuzendari izandako Paavo Jarvik finkatutako bideari jarraituko dio. Jarvik nabarmen garatu du orkestrak nazioarte mailan zuen oihartzuna. Musika zuzendari gisa lehenbiziko kontzertua 2014ko abuztuan zuzenduko du. Aurrez, 2013/2014 denboraldian zuzendari gonbidatu ariko da.

Izendapen hau Orozco-Estrada 2014/2015 denboralditik aurrera Houston Symphony estatubatuar orkestraren musika zuzendari gisa aurkeztu eta aste gutxira heldu da.

 

Ostirala 01 Martxoa, 2013

Euskadiko Orkestra DONOSTIAutism-en inguruko jardueratan ariko da

Euskadiko Orkestra DONOSTIAutism-en inguruko jardueratan ariko da
Maiatzean izango den International Meeting for Autism Research 2013 topaketaren inguran izango diren jarduerak aurkeztu berri dira.

DONOSTIAutism IMFAR kongresuaren inguruan antolatu diren ekitaldiak aurkeztu dira gaur. Ekitaldi horien artean, Euskadiko Orkestraren eskuartzea bi jardueratan gauzatuko da. Batetik martxoaren 19an Orkestraren egoitzan autismoa duten haur eta helduekin nahiz haien senide eta lagunekin egindako entsegu berezia izango da eta, maiatzaren 1ean, berriz, Euskadiko Orkestrak kontzertu berezia eskainiko du, International Meeting for Autism Research maiatzaren 2tik 4ra Donostian egingo den topaketari harrera egiteko.

Nazioarte mailako topaketa hau maiatzaren 1ean aurkeztuko da mundura, aldi berean Donostia eta New Yorketik zabalduko den ekitaldian. IMFAR urtero egiten den topaketa bat da eta kontinente guztietako ehunka ikertzaile bertaratu ohi dira. Aurten, lehenengoz, Europa kontinentalean garatuko da eta ingelesa hitz egiten ez den herrialde batean. 2008. urtean soilik ospatu zen Ipar Amerikatik at. Orduan Londresen garatu zen. Horrenbestez, Donostia leku historikoa izango da, autismoaren ikerketan "munduko gailurtzat" jo ohi diren zientzia-ekitaldi garrantzitsu horiekin lotuta.

Donostiako Udalean izandako aurkezpenean izan dira Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea, Txelo Perez, Mendekotasun Arretarako zuzendaria, Iñigo Pombo, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako kontseilariordea, Joaquin Fuentes, IMFAReko presidentea eta Gipuzkoako Poliklinika Fundazioko idazkaria, Juan Cid, Gautenako presidentea, Iñigo Alberdi, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia, Carlos Ruiz, Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendaria, Josu Ruiz, Kirola, Garapen Ekonomikoa eta Sustapeneko zinegotzia, eta Manu Narvaez Donostia Turismoko zuzendari nagusia.

Osteguna 28 Otsaila, 2013

Musikazko hiru harri bitxi Euskadiko Orkestra, Accademia Rossiniana eta Donostiako Orfeoiarentzat Abonu Denboraldiko 8. programan

Musikazko hiru harri bitxi Euskadiko Orkestra, Accademia Rossiniana eta Donostiako Orfeoiarentzat Abonu Denboraldiko 8. programan
José Miguel Pérez Sierrak zuzenduta, martxoaren 2tik 9ra ohiko lau hiriburuetan. Aula Jordá Gela hitzarmenaren baitan , Musikeneko zuzendaritzako hamar ikasle ari dira programa honetan.

Operatik Stabat Materrera izenburupean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiko zortzigarren programa gauzatuko du martxoaren 2tik 9ra bitartean Gasteiz, Donostia, Iruña eta Bilbon. José Miguel Pérez Sierrak zuzenduko ditu kontzertu hauek eta Carmen Romeu sopranoa, Adriana Di Paola mezzosopranoa, Shi Yijie tenorea eta Sávio Sperandio baxua ariko dira bakarlari gonbidatu, Donostiako Orfeoaiarekin batera José Antonio Sáinz Alfarok zuzenduta. Aula Jordá Gela hitzarmenaren baitan, Musikeneko zuzendaritza ikasle talde bat aritu da Abonu programa honetan José Miguel Pérez Sierra maixuarekin ikasten. Partiturak errepasatu, entsaiotara joan, orkestra tarteka zuzendu eta kontzertuetara etorriko dira Musikeneko 10 zuzendaritza ikasle hauek.

Oso ezberdinak eta aldiberekoak diren bi Stabat Mater. Arriagarena, Parisera aldatu baino hilabete gutxi batzuk lehenago idatzia, gizonezkoen ahots eta orkestrarako idatzitako pieza labur baina dotorea da, Mozartiar kutsukoa eta opera-izaerakoa eliza-izaerakoa baino. Rossinirena, berriz, opera utzi ondoren sortua, Madrilera egindako bisita batean enkargatu zion Manuel Fernández Varela artxidiakonoak. Honek Pergolesirenaren parekoa izan zitekeen Stabat Materra nahi zuen. Rossiniren saiakeraren ondorioz bere opera onenen maila berberean dagoen eliza-lan bakarra sortu zen -Meza Nagusi Txikiarekin batera-. Bi Stabat Materren artean, Respighik italiar Errenazimenduko lauderako piezak oinarri harturik sortutako Antiche danze ed arie lanaren 3. Suitea kontzertuaren osagai profanoa izango da.

Euskadiko Orkestra 2012ko urtarrilean OLBEn zuzendu ondoren, José Miguel Pérez Sierra zuzendari madrildarra bueltan dator, oraingoan hainbat solisten partaidetza izango duen kontzertuaren bere ikuspegi pertsonala erakusteko. Italiar errepertorioan aditu José Miguel Pérez Sierrak ikuspegi erromantikoenetik sortutako bertsioa eskainiko digu musikazko hiru harri bitxi hauen inguruan.

Lau bakarlarietatik, bakarrik Carmen Romeu sopranoa izan da aldez aurretik EOS-arekin, 2011ko urtarrilean izan zen OLBEko egitarauaren barne. Bai bera, eta bai Adriana Di Paola, Sávio Sperando eta Shi Yijiek Pesaroko Rossini Jaialdiko partaideak dira. Urtero, abuztuan, Italiako Pesaro herrian ospatzen den jaialdi hau, 1980an jaio zen Rossiniren operak ezagutarazteko, batez ere ezezagunenenak ikuslegoari aditzera emateko.

Kontzertuen aurretik, martxoaren 2 larunbatean goizeko 11etan entsegu ireki bat izango da Kursaalean, DBH zein Batxilergoko ikastetxeetako, musika eta dantza eskoletako, kontserbatorioetako edo Musikeneko ikaslego zein irakaslegoari zuzendua.

 

Osteguna 21 Otsaila, 2013

Euskadiko Orkestrak Ibón Casas-en "Apaga la luz y verás" doinua grabatu du

Euskadiko Orkestrak Ibón Casas-en "Apaga la luz y verás" doinua grabatu du
Orkestrako musikariak modu desinteresatuan "Dametvisión" gizarte egitasmoaren lankide.

Ostegunean, hilak 21, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Ibón Casaen "Apaga la luz y verás" abestia grabatu du Miramongo bere egoitzan. "blind rock" delakoaren sortzaile musikari hau DameTVision gizarte egitasmoaren sustatzailea da. 2012ko hasieran abian jarri proiektu honen helburu nagusia erretinosi pigmentarioari aurre egitea da, Ibón Casasek berak pairatzen duen ikusmenaren patologiari aurre egitea, alegia.

Euskadiko Orkestraren lankidetza honetan berau osatzen duten musikariak modu desinteresatuan ariko dira. Ekimen hau Orkestrak Korporazio Erantzunkizun Sozialaren arloan burutzen dituen jardueren artean kokatzen da. Honela, bere Musika Gelaren bidez, 2009.etik Adimen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioarekin (FEVAS) lankidetzan aritzen da. Denboraldiro musika sinfonikoa gizatalde honi helaraztea helburu harturik espreski diseinatutako tailerrak izaten dira Orkestraren egoitzan. Halaber, Unicef edo Gureak taldea bezalako erakundeekin ere ario hi da lankidetzan.

Donostiar rockeroak eta "La Fonda" bere taldeak "Apaga la luz y verás" jo dute Euskadiko Orkestra lagunduz. Saioa hainbat kamerarekin grabatuko da eta Ibón Casasek zuzendutako ikusentzunezkoaren zati izango da. Hau izango da orain arte grabatutako bertsio garrantzitsuenetako bat, Donostiako Orfeoiak grabatutakoarekin batera (http://youtu.be/IQ98I5ctHqg). Gainera, beste hainbat moldaketa grabatu da musika talde ezberdinen zein pertsona ezezagunen eskutik.

DameTVision gizarte kanpainian parte hartu nahi duen edonori begiak maileguan eskatu nahi dizkio. Trukean gauzak ikusteko beste bodu bat erakutsiko digu, "argia itzaltzen denean", gainontzeko zentzuekin ikus daitekeenaz ohartuaz. "Ideiak, elkartasuna eta Blind rocka!" lelopean, proiektuak kidetasuna, laguntza eta elkartasunez gauza handiak egin eta erronka garrantzitsuei aurre egiteko aukera dagolea erakutsi nahi du. Aldi berean blind rockaren, Ibon Casasek egiten duen musikaren alde eta bizitza ikusteko duen moduaren alde borrokatu nahi du. Berak, Rockaren bitartez eraikitzen duen mundua partekatu nahi du. Ibonek beste zentzuen eta batez ere, musikaren bitartez, ikusten duen errealitatea ezagutzera eman nahi du. DameTVision proiektuak fase ezberdinak ditu: musika jada aukeratuta dago, "Apaga la luz y verás" abestia. Bigarren fasea, gidoia, hasia da eta ondorenean, castinga, kokalekua, filmatzea, muntaia eta estreinaldia etorriko dira. Ekintza honek "Soinua" entrepresaren, bi kamera profesional eta proiektuko kide, zein Andoaingo Zine eta Bideo Eskolako hainbat ikasleren kolaborazioa du.

Itsu batek zuzenduriko ikus-entzunezko lehen lana. Ibón Fernández Casas 43 urteko musikari donostiarra da, hiru disko editatu eta argitara ateratzeko zain dauden maketa ugari ditu. Jaiotzetik duen eta ikusezintasunera daraman erretinosi pigmentarioa deritzan ikusmeneko patologia larriak ukitua, ikusmen tubular arrastoak ditu eta gaueko ikusezintasuna. Bere jarrera baikorrak eta bizitasunak, sentsibilitate eta indarrak modu ia autodidakta batean baxua, gitarra, bateria jotzen, abesten, konposatzen, nahasten eta bere abestiak ekoizten irakatsi diote. Roger, bere txakur gidariaren laguntzarekin, Ibón Casasek ez dauka zerbaitetan lagundu dezakeen proiektuetan parte hartzeko zalantzarik, nahiz eta berarentzat garrantzitsuena musika izan. Bizitasun horrek eta borrokatzeko gogoak ikus entzunezko lan bat zuzentzen duen lehen itsua izatera eraman dute.

 

Osteguna 21 Otsaila, 2013

“Saski Naski” oroituz: Aristizabal-Barandiaran piano bikotea Miramongo Matinéetan

“Saski Naski” oroituz: Aristizabal-Barandiaran piano bikotea Miramongo Matinéetan
Otsailaren 23 larunbatean, Aristizabal-Barandiaran piano bikoteak euskal musikaren inguruko emanaldi berezia eskainiko du Miramongo Matinéeak zikloan.

Otsailaren 23 larunbatean, Aristizabal-Barandiaran piano bikoteak euskal musikaren inguruko emanaldi berezia eskainiko du Miramongo Matinéeak zikloan. "Saski Naskiren oihartzuna" 1945ean Argentinan sortutako "Saski Naski" ikuskizunerako Aita Madinak sortutako musika berreskuratuz Itxaso Aristizabal eta Esther Barandiaranek Eresbilen enkarguz prestatutako emanaldia dugu. 2007an estreinatu zenetik, Euskadiko herri ezberdinetan eta Europako hainbat hiriko Euskal Etxeetan eskaini dute, kritika zein entzulegoarengandik erantzun bikaina merezi izan dutelarik. Larunbatean Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan izango da berau entzuteko aukera.

1945ean Argentinan bildutako euskal inmigrante talde batek "Saski Naski" ikuskizun koreografiko-musikala sortu zuen, argentinar publikoari euskal folklorea erakusteko asmoz, José Antonio Azpiazuk Aita Madinaren biografian jasotakoaren arabera. Horretarako muntaiak musika eta dantza herrikoiak biltzen zituen, eszenografia soilek lagunduta. Ekimen honen bultzatzaile nagusia Luis Mujika izan zen. Eszenografo, marrazkilari, dantzarako jantzien diseinatzaile eta zuzendaria, bera izan zen "Saski Naski"ren arima. Aita Madinak konposatu zuen musika, antzezlanetarako batzuetan eta kontzertutarako besteetan, orkestrarako zein bi pianotarako, Francisco Balaguer eta Ernesto Mastronardi musikariak lankide izan zituelarik. Musika haien aukeraketa da Aristizabal-Barandiaran bikoteak eskainiko duena.

Musika, dantza eta irudiak. Itxaso Aristizabal eta Esther Barandiaranek Aritz López eta Maider Barrutia dantzariak eta Lorea Sorzabalbere eta Irene Elizetxea izango diztuzte lagun. Gainera, Eresbil, Musikaren Euskal Artxibak utzitako irudiak emango dira.

Itxaso Aristizabal eta Esther Barandiaran pianojotzaileek osatutako bikoteak, sortu zenetik ia hogei urte igaro direla, piano bikoterako euskal musikagileek sortutako errepertorioren inguruan azterketa eta zabalkuntza lana oparoa egiten du. Informazio gehiago www.aristizabal-barandiaran.com webgunean.

Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak www.kutxasarrerak.net eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.

 

Informazio gehiago

Esku-egitaraua
Asteazkena 20 Otsaila, 2013

Euskal Konpositoreen Bilduman Bernaolari eskainitako diska aurkeztu berri da

Euskal Konpositoreen Bilduman Bernaolari eskainitako diska aurkeztu berri da
Diska honek, 15.ak, isten du Euskadiko Orkestrak 1997an hasitako bilduma.

Komunikabideen aurrean aurkeztu berri da Euskal Musikagileen Bildumako XV. zkia. Carmelo Bernaolari eskainia, bildumako azkena da. Orkestraren Miramongo egoitzan izan den prentsaurrekoan aritu dira Cristina Uriarte, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta Orkestrako presidentea, Iñigo Alberdi, Orkestrako zuzendari nagusia; Juanjo Mena, grabaketako zuzendaria; José Luis García del Busto, musikologoa eta Carmelo Bernaolaren biografoa, eta Javier Marcos, bilduma honetako babesle MONDRAGON Corporation-eko komunikazio zuzendaria.

Carmelo Alonso Bernaola (Otxandio, 1929-Madril, 2002) XX. mendeko musikan zen ezinbestekoak diren izenen artean dago, zalantzarik gabe. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak sortzaile nabarmen honen lanarekin amaitu nahi izan du bere Euskal Konpositoreen Bilduma, azken mende eta erdiko euskal musikaren berrikusketa 15 bolumenetan.

Carmelo Bernaolaren ekarpena ez da soilik berezkoa zuen lengoaiaz gauzatutako ekoizpenean islatzen, baita ondorengo belaunaldiko musikari gailenen maisu eta oinarri izatean ere. Egungo panoraman nabarmentzen diren musikari hauen artean dugu grabaketa honen musika zuzendari Juanjo Mena bera.

Baina, bere obraren balio historikoaz gain, era berean aipagarria da Carmelo Bernaolaren eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren arteko lotura: konpositore gisa, berari zuzendu zitzaion, 1985. urtean, Euskadiko Orkestrak eginiko lehenbiziko konposizio-enkargua. Honela zabaldu zen gerora Orkestraren ezaugarri bihurtu den enkargu-politika emankorra, egun Tesela proiektua dugu horren erakusle. Gainera Orkestrak Miramongo Matinéeak, Musika Hamabostaldia, Musikaste eta abarretara eraman du Bernaolaren lana. Zuzendari lanetan, hainbat emanalditan aritu zen EOSen podiumetik, esaterako Donostiako Nazioarteko Zinemaldian (1983) eta "Armonías Vascas" diskaren grabaketan (1985).

Jesús Guridirekin hasi eta Carmelo Bernaolarekin amaitu: Bilduma osorik. Jesús Guridi eta Carmelo Bernaola elkarri eskua emanez, beraiek dira Euskal Konpositoreen Bildumako hasiera eta bukaera. Bata eta bestearen artean, 1997. urtetik gaurdaino, XIX. mende amaieratik XXI. mende hasierara euskal sinfonismoaren historia idatzi duten konpositoreen ekoizpenaren lagin adierazgarria jaso du Bildumak, gure kultur ondareari jada herri honen musika tradizio aberatsaren zati diren obrak gehituz.

Konpositoreei egindako enkarguen bidez sorkuntza bultzatu eta euskal musika ondarea zuzenean zabaltzeaz gain, grabaketen bidez honen iraunkortasuna bermatzea da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren jardueraren ardatz nagusienetako bat.

 

Osteguna 14 Otsaila, 2013

Oreka TX-ek Tesela proiektuko "Txalaparta" interpretatuko du Turinen

Oreka TX-ek Tesela proiektuko "Txalaparta" interpretatuko du Turinen
Orchestra Sinfonica Nazzionale della RAI orkestrarekin, otsailaren 15ean, italiar orkestraren NuovaMusica zikloan.

Tesela, Euskadiko Orkestrak bere 30. urteurrenean abian jarritako proiektu konpositoboaren nazioarteko zabalkundeak aurrera darrai. Duela egun batzuk Orchestre Nationale de Bordeaux-Aquitaine-k Peter Eötvosen The Gliding of the Eagle in the Skies interpretatu zuen Bordeleko Auditorioaren irekiera kontzertuan. Otsailaren 15ean, berriz, Oreka TXeko kide Mikel Ugarte eta Harkaitz Mtnez. de San Vicentek Iván Fedeleren Txalaparta interpretatuko dute Orchestra Sinfonica Nazzionale della RAI orkestrarekin batera Turinen.

Txalaparta Marco Angiusen zuzendaritzapean Orchestra Sinfonica Nazzionale della RAI-k Turineko A. Toscanini Auditorioan, NuovaMusica ziloaren baitan. Oreka TX-ek bakarlarirako zatiak interpretatuko ditu, 2012ko maiatzean erabateko estreinaldian Euskadiko Orkestrarekin batera egin bezala. Egitaraua osatuz entzungai izango dira Maurice Ravelen Frontispice obraren gainean Pierre Boulezek egindako moldaketaren eta Márton Illésùren Rajzok obraren estreinaldiak Italian eta Fausto Romitelliren Dead City Radio eta Heiner Goebbelsen Aus einem Tagebuch.

2004. urte ezkeroztik RAIeko orkestra sinfonikoak burutzen antolatzen duen NuovaMusica izeneko zikloak arte garaikidea aurkezten du, obra sinfoniko eta ganbarakoen estreinaldiak biltzen dituelarik.


Orriak