Eskola-haurrentzako Kontzertuak prestatzen Irakasleentzat Tailerra izan da

Musika Gelaren baitan, IV. Eskola-haurrentzako Kontzertuak abian dira jada. Lehen urratsa Orkestraren egoitzan izandako Irakasleentzako Tailerrarekin eman da. Honetan abenduan kontzertuetara etorriko diren ikastetxeetako musika irakaleak hartu dute parte. Orkestraren Hezkuntza Departamentuak antolatuta eta Elixabete Arabaolazak zuzendua, tailerrean kontzertuetan entzungo den egitaraua aurrez ikasgelan prestatu ahal izateko diseinatutako materiala aurkeztu da.
Tailer honen bidez eta bertan banatutako meterialeen bidez bultzatu nahi dena zera da, Eskola-haurrentzako Kontzertuen atariko gisa, bertan zuzenean entzungo dutena aldez aurretik ezagutu eta lantzea; izan ere, jarduera hau nahitaezkoa da Euskadiko Orkestraren Musika Gelak antolatutako kontzertu hauek prestatzerakoan finkatutako helburuak lortzeko.
Aldaketak Abonu-Denboraldiko laugarren programan

François Leleuxen bertan behera uztea dela-eta (Manuel Hernández-Silvak orkezkatuko duen Andrés Orozco-Estradaren bertan behera uzteari gehituta), Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Denboraldiko laugarren Abonu-programaren egitaraua honako hau izango da: I. Stravinskyren "Pulcinella", W.A. Mozarten 35. Sinfonia (Haffner) eta P.I. Tchaikovskyren "Romeo eta Julieta". Azaroaren 8an eta 9an Donostiako Kursaal Auditorioan eta 10ean Bilboko Euskalduna Jauregian.
Manuel Hernández-Silva, zuzendari gonbidatua. Andrés Orozco-Estrada ondoezik dagoela-eta, Manuel Hernández-Silva maisua izango da kontzertu hauetan Euskadiko Orkestra zuzenduko duena. 2055 eta 2012 urte bitartean Córdobako Orkestraren zuzendari titular, nazioarteko orkestra ugari zuzentzera gonbidatu dute, horien artean Wiener Symphoniker, Israel Symphony, Nord-Tchechische Philharmonie, Venezuelako Orkestra Sinfonikoa, Seoul Philharmonic, Prague Radio Symphony Orchestra, Puerto Rico-ko Orkestra Sinfonikoa edo Mexicoko Orkestra Sinfoniko Nazionala. Espainiako orkestra gehienak ere zuzendu ditu. Hezkuntzaren arloan jarduera ugari burutzen du, orkestra zuzendaritza eta interpretazio nazioarteko ikastaroak eta hitzaildiak eskainiz.
Orkestraren moduan, Tolosako Titirijai Jaialdiak ere, 30 urte betetzen ditu aurten. Horrenbestez, txotxongilo munduan horren garrantzitsua den arte komediako pertsonaira salto eginez, Polichinelarengana, Orkestrak pertsonaia honen inguruan sortutako lana interpretatuko du eta Titirijaiek, berriz, azaroaren 8an eta 9an bere ibilbidea azaltzen duten 30 kartel zintzilikatuko ditu Kursalean, castelet eta Topic-ek duen txotxongilo bildumarekin batera.
Kontzertuen egitaraua P.I. Tchaikovskyren Romeo eta Julieta piezako obertura-fantasiak osotuko du, R. Straussen Macbeth obra ez baita interpretatuko.
Elena Barbé soprano donostiarraren errezitala Miramongo Matinéetan

Larunbata honetan, hilak 3an Miramongo Matinéetan ahotsa izango da protagonista, soprano errezitala izango baitugu Orkestraren egoitzan. Elena Barbé donostiarrak Bellini, Schubert, Strauss, Bizet, Liszt eta Rossiniren obrak interpretatuko ditu, horien artean Il Capuleti e I Montecchi, Les Pecheurs de Perles eta Il Signor Bruschino operetako ariak. Arkaitz Mendoza pianojotzaile donostiarra izango du lagun.
Elena Barbék (Donostia, 1983) Musikenen burutu zituen goi mailako ikasketak, Ana Mª Sánchez irakasle izan zuela. Egun Ana Luisa Chova kantu katedratikoarekin, Rubén Fdez. Aguirre errepertoristarekin eta Mariella Deviarekin ari da bere formakuntza osotzen. I.Cotrubas, J.Aragall, M.Bayo edo M.Caballék maisu-eskolak eman dizkiote. Festival Internacional de Música Isaac Albéniz (Girona) lehiketako irabazle, sari ezberdinak merezi izan ditu Festival Líric Internacional Callosa d'en Sarriá eta Concurso Internacional de Canto Ciudad de Logroño lehiketan. Kontzertista eta opera zein lied interprete, Tolosako (Frantzia) Halle Aux Grains, Iruñako Baluarte eta Gayarre, Valladolideko Calderón, Donostiako Kursaal eta Victoria Eugenia, Bilboko Euskalduna eta Arriaga, Salamanca eta Leóngo auditorioetan, Gasteizko Proncipal, Madrilgo Teatro Monumental, Auditorio Nazionala eta Teatro Real eta Vienako Musikverein aretoetan ari izan da, sona handiko estatu zein nazioarte mailako orkestrekin, T.Sokhiev, A.Ros Marbá, J.A.Sainz Alfaro, J.López Cobos, G.Neuhold, C.Mandeal edo M.Plasson bezalako zuzendariekin. Nabarmentzekoa da Venezuelako Joven Orquesta Simón Bolivar orkestrarekin Beethovenen 9. Sinfonia interpretatu zuela, C. Abbadoren zuzendaritzapean.
Arkaitz Mendoza, berriz, piano irakasle titularra da Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan eta musika kritiko gisa Berria egunkariaren lankide da. Gainera, zuzendari lanetan Sasibill Elkarte Lirikoarekin egin zuen debuta
Euskadiko Orkestrak, Asier Polo bakarlari gonbidatu dela, Gabriel Erkorekaren "Ekaitza, biolontxelo eta orkestrarako kontzertua" estreinatuko du

Bihar asteartea, hilak 30, Donostiako Kursaalean abiatuko da Euskadiko Orkestraren 3. Abonu-programa. IX. Cadaquéseko Nazioarteko Lehiaketako irabazle eta Tenerifeko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular eta artistiko Michal Nesterowicz-ek zuzenduta, Orkestrak erabateko estreinaldi berri bat burutuko du: Ekaitza, biolontxelo eta orkestrarako kontzertua. Partitura hau EOSek bere 30. urteurrena ospatzeko egindako enkarguari erantzunez sortu du Gabriel Erkorekak. Estreinaldi honetan Orkestrak nazioarte mailako ospea duen Asier Polo biolontxelojolea izango du lankide bakarlari gonbidatu gisa. Kontzertuak izango dira urriaren 30ean eta azaroaren 2an Donostiako Kursaalean, 31ean Gasteizko Principalean eta 1ean Bilboko Euskaldunan.
Ekaitzak, etenik gabe loturiko hiru ataletan banatuta, orkestra eta instrumentu bakarlariaren muturrezko erregistroen erabileran sakontzen du, erregistro baxuenean batez ere, Erkorekaren aburuz "naturalena dena biolontxeloan". Instrumentua orkestra-egituran murgildu edo bertatik aldenduko da etengabe, agitazio-gradu ezberdinetan. "Honela, tentsio-harreman bat sortzen da, non orkestra eraso- eta erresonantzia-efektu ezberdinak luzatu eta aurreratzen dituen erresonantzia-kutxa erraldoia bilakatzen den", dio bilbotar musikagileak. Asier Polo biolontxelo-jolearekin batera estuki lan egin zuen Erkorekak Ekaitza idazteko. Berari eskaini dio lana, "bere interpretazio-gaitasun bikainak bereziki aintzat hartuz".
Kontzertu hauetako egitaraua osotuz, lehendabizi Benjamin Brittenen Lau Itsaso Interludioak izango dira entzungai. 1945ean sortua, genero lirikoko maisulan handi honek nazioarte mailako sona eman zion bere bere egileari. Orkestra-suiteko formako Lau Itsas Interludioek itsasoak Peter Grimesen dituen parte-hartze sinfoniko nagusienetako lau islatzen dituzte. Jada bigarren zatian, britainiar errepertorioko obra ezagunenetakoa den Enigma Variations interpretatuko du Orkestrak. Hauetan Edward Elgarrek bere lagunen musikazko erretratua burutu zuen: Jatorrizko doinuaren ondorengo hamalau bariazioek lagun horien izaera edo lanaren alderdi zehatzak islatzen dituzte. Guztia Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian bigarren aldiz ariko den Michal Nesterowiczen zuzendaritzapean.
Euskadiko Orkestrak bere kontzertuetarako sarrerak zozketatuko ditu Facebook bitartez
Abono Denboraldirako sarrerak izango dira. Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon ospatuko diren kontzertuetarako. Facebook-en Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren laguna egin, eta kontzertu guztien informazioa izateaz gain, proposatzen dizkizuegun ideiatan parte hartu zuen iritzia emanaz. Honela zuek aukeratzen duzuen kontzertuaren bi sarrera irabazi ditzakezue.
Lehen zozketa honako hau dugu: Azaroan 9an Donostiako edo azaroak 10ean Bilboko kontzertuetarako sarrerak nahi dituzue? "Zer da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuretzat?" Zure eritzia eman eta esaldi hauen artean bi sarrera zozketatuko ditugu. Anima zaitez!!
Facebookeko gure helbidea:
https://www.facebook.com/EuskadikoOrkestra?ref=hl
Euskadiko Orkestraren hurrengo KlasikAT-erako data berriak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak jakinarazten du datorren abendurako aurreikusitako KlasikAT kontzertu sorta urtebete beranduago izango dela, hau da, 2013. urteko abenduan. KEN ZAZPI euskal rock taldearekin egindako fusioan oinarrituta, konpaktu baten grabaketa eta Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñan kontzertu bana biltzen dituen KlasikAT proiektu honen datak atzeratu egin ditu Euskadiko Orkestrak. Oso ezberdinak diren bi estilo konplexuki uztartzen dituen ekimen berri honen tamaina dela-eta 2013ko abendura arte atzeratzeko erabakia hartu da.
Euskadiko Orkestra Donostiako Orfeoiarekin batera ariko da

Urriaren 24 asteazkenean Euskadiko Orkestra Donostiako Orfeoiak urtero bere adiskideei eskaintzen dien kontzertuan ariko da. Orfeoiaren zuzendari José Antonio Sainz Alfarok zuzenduta, Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia interpretatuko dute. Kursaal Auditorioan izango da, arratseko 20:00etatik aurrera.
Kontzertu honetan Orfeoiak ateak ireki dizkie Euskal Autonomia Erkidego osoko abeslariei, Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen bidez egindako gonbidapenaren bidez. 350 ahots biltzea espero da, Orfeoi Txiki eta Orfeoi Gazteko haur eta gaztetxoenak barne. Gainera bakarlari ariko dira Elena Barbé (sopranoa), Ainhoa Zubillaga (mezzosopranoa), Antonio Vázquez (tenorea) eta Elías Benito Arranz (baxua).
Jarduerak abian Musika Gelan

Apurka apurka Euskadiko Orkestrako Musika Gela ari da denboraldi berriko jardueren antolaketa amaitzen. Motorrak berotzen joateko, ireki da jada "Neguko menua" izenburupean abenduaren 11 eta 14a bitartean izango diren Eskola-haurrentzako Kontzertuetara joateko izena emateko epea eta baita 2012/2013 ikasturte honetan zehar publikoari irekiko diren Entsegu Orokorrerako izena emateko epea ere.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelak Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalaren lankidetzarekin antolatzen dituen IV. Eskola-haurrentzako Kontzertuetan, "NEGUKO MENUA" izenburudun kontzertu sinfonikoa proposatzen dizuegu. Kontzertu hau Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago eta izaera ludikoa du, musikaren eta gure ikaslegoari oso gertuko zaion beste arte baten, hau da, gastronomiaren ezaugarrien arteko kidetasun zein antzekotasunekin jolastuko du. Eskola haurrentzako Kontzertu honetara bertaratu nahi duten ikastetxeek Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren bidez eman behar dute izena azaroaren 9a baino lehen (tel: 943 48 14 02; e-mail: hezkuntza_educacion@donostia.org, www.donostiahezkuntza.org). Eskola haurrentzako Kontzertuetara joateko, ezinbesteko baldintza izango da ikastetxeko musika-irakaslea 2012ko azaroaren 12 ostiralean 12.30etan Orkestraren egoitzan izango den Irakasleentzako Tailerrera bertaratzea. Ikasle bakoitzeko prezioa 3 € izango da.
Taldeen Bisitak eta Publikoari Irekitako Entsegu Orokorrak ikasle-taldeei eta bestelako taldeei zuzentzen zaizkie, doain betiere. Jarduera honen kalitatea hobetu asmoz, entsegu ireki edo Orkestraren egoitzara bisita gehi entsegu ireki hauek nori zuzentzen zaizkien zehaztu dugu. Harremana educativos@orquestadeeuskadi.es posta elektronikoaren bidez egingo da.
Bi menderen arteko haize kintetoak, Opus 64 taldearen proposamena Miramongo Matinéetarako

Larunbat honetan, hilak 20, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek osatutako Opus 64 haize boskotea Miramongo Matinéeak ziklora itzuliko da, oraingoan XX eta XXI. mendeen artean idatzitako bi musikalan antagoniko atriletan dituztela: Francisco Escuderoren Gnosis (musikagilearen jaiotzaren mendeurrena betetzen den honetan) eta Windows to Autumn, Christian Lindberg suediarrarena.
François Proud, Euskadiko Orkestrako fagot bakarlari eta Opus 64 taldeko kidearen hitzetan, kontzertu honetarako aukeratutako egitarauak "natura eta naturan gizakiaren izatea agertzen duten bi ideia kontrajarriak" islatzen ditu. Gnosis obrak Antzinako Grezian garatutako ideia filosofikoak hartzen ditu oinarri. Partitura "oso zerebrala, iluna da; eta iluntasun horretatik sortzen da instrumentu bakoitzaren melodía". Francisco Escuderok 1997an sortu zuen, Quinteto Pablo Sorozábal boskotearen enkarguz. Honi kontrajarrita, Prouden arabera, "Windows to Autumn poesi hutsa da". Lan honetan testu poetiko batzuei hitza emango dien errezitadorea, kasu honetan Mikel Cañada, eta horren hitzei hotsezko irudiak ematen dizkien musikarien artean solasaldi bat sortzen da. Konpositore honen beste hainbat parituratan bezala, "Windows to Autumn-ek erritmo asko du, kolore asko". Lindberg bera izana da Miramongo Matinéetan tronboijotzaile gisa. (Jarrai lotura honi Matinéearen aurkezpenaren bideoa osorik ikusteko).
Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak www.kutxasarrerak.net eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.
Euskadiko Orkestra eta San Telmo Museoaren arteko lankidetza

"Osasún iturriyá" da Donostiako San Telmo Museoak urriaren 18 eta 19ko kontzertuetan Kursaal Auditorioko hallean ikusgai izan dadin utzitako koadroaren izenburua. Donostiar museoarekin adostutako lankidetza honekin osotzen da Orkestrak, Mussorgskyren "Erakusketa bateko koadroak" interpretatzearen harira, artea beste formatutan kontzertu aretoetara eramatearen ekimena. San Telmo Museoarekin lankidetza prentsaurrekoan aurkeztu berri da.
San Telmo Museoko ekitaldi aretoan izandako aurkezpenean aritu dira Iñigo Alberdi, Orkestrako zuzendari nagusia, Susana Soto, San Telmo Museoko zuzendaria, Andrés Orozco-Estrada, Orkestrako titular eta 2. Abonu-programako kontzertuen zuzendari, eta kontzertuotan bakarlari gonbidatu Michel Camilo pianojotzailea.
Andrés Orozco-Estradaren esanetan, Modest Mussorgskyren "Erakusketa bateko koadroak" partitura entzutearekin norberak benetan erakusketa batean barrena pasiatzearen sentsazioa du. Sinesgaitza da koadro batetik bestera eginiko ibilbidea nola islatzen duen. BBVA Fundazioaren lankidetza esklusibodun Tesela proiektuaren baitan estreinatutako "The Gliding of the Eagle in the Skies" obrari buruz, zera adierazi du Orozco-Estradak: "une oso euskaldunak helaraztea lortzen du, euskal jakintza eta melodiak".
Michel Camilok, berriz, George Gershwinen inguruan jardun du: "New York hiriaren energia da, Broadwayeko giro jazziztikoaren ikuspuntutik".