IV. Eskola Kontzertuen lehenbiziko eguna

Hasi dira dagoeneko IV. Eskola Kontzertuak. Donostiako Jakintza Ikastola, San Alberto Magno eta Ekintza, Legazpiko Haztegi, Hernaniko Langile Ikastola eta Gasteizko Geroa Eskolako haurrek ederki dastatu dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainitako "Neguko Menu" oparoa. Hasteko arrain zopa hotsduna, txuleta patatekin eta, postrerako, bizkotxo erraldoia, guztia musika ederrez onduta, pentagramaren sukaldari onenen eskutik: Mendelssohn, Grieg, Offenbach, Rossini, Aita Donostia, ...
Euskadiko Orkestra Eskola Kontzertuetarako entseatzen

26 ikastetxetako 1800 haur etorriko dira Euskadiko Orkestraren egoitzan izango diren kontzertu hauetara. Orkestrak Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalarekin lankidetzan antolatutako IV. Eskola Kontzertuen lehenengo txandan, "Neguko Menua" izenburudun kontzertu sinfonikoa izango da. Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako kontzertu honek izaera ludikoa du eta musikaren eta gure ikaslegoari oso gertuko zaion beste arte baten, hau da, gastronomiaren ezaugarrien arteko kidetasun zein antzekotasunekin jolastuko du.
Musika Gelaren 2012/2013 denboraldia aurkeztu berri

Iritsi da Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Hezkuntza Departamentuak denboraldi honetan diseinatutako Musika Gelaren jarduera aurkezteko garaia. Musika Familian, dagoeneko finkatutako zikloa, Gasteizen eta Donostian denboraldi orotan kontzertuak eskaintzen dituenaren eskutik, aurten urarekin jolastuko dugu swing erritmora eta hegoaldeko haizearekin. Eskola-haurrentzako Jarduerak, hezkuntzaren arlora bideratutako ekimenak dira, horien artean aurten "Neguko Menu" goxoa ekarriko diguten Eskola Kontzertuak, Tailerrak, Entsegu Irekiak eta abar daude. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkar hartuta izango diren musika-ekitaldiek 2011-2012 denboraldian gehieneko 5 puntutik, 4,5eko puntuazioa lortu zuten parte hartzaileen artean egindako balorazio inkestetan.
Ezin ahaztu Sinfokids II DVDaren aurkezpena, gure proposamenak, etxeko txikiei musikaren poesia hurbildu nahi die modu jolaskor, argi, bizi eta alaian.
Eskola Kontzertuak, Musika Gelaren denboraldiko lehenbiziko hitzordua. Abenduaren 11tik 14ra bitartean 26 ikastetxetako 1800 haur etorriko dira Euskadiko Orkestraren egoitzan izango diren kontzertu hauetara. Orkestrak Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalarekin lankidetzan antolatutako IV. Eskola Kontzertuen lehenengo txandan, "Neguko Menua" izenburudun kontzertu sinfonikoa izango da. Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako kontzertu honek izaera ludikoa du eta musikaren eta gure ikaslegoari oso gertuko zaion beste arte baten, hau da, gastronomiaren ezaugarrien arteko kidetasun zein antzekotasunekin jolastuko du.
Kaleido, XIX eta XX.mende-arteko frantziar musikari begirada anitza

Abenduaren 1 larunbatean Kaleido ganbera taldeak XIX eta XX. mendeen arteko mugan kokatuko du beste behin Miramongo Matinéeak zikloa. Oraingoan garai hartako frantziar musika zein parametrotan mugitzen zen ezagutzeko: beste diziplina artistikoekin harreman zuzenean, dantza, literatura eta bestelako musikekin lotuta, munduari irekia eta unibertso artistiko aberats horretatik sortutako hots-aukera anitzari zabalik aurkezten da. Horren erakusle, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera zikloko hitzordu goiztiar honetan entzungai izango ditugun Claude Debussy, Darius Milhaud eta Ernest Chausson-en obren aukeraketa.
Kontzertuaren muina Ernest Chaussonen Piano, biolin, eta hari-laukoterako kontzertua re maiorrean, opus 21. Bi formazio klasiko biltzen ditu: piano-biolin duo-sonata eta hari-laukotea. Emaitza, indar itzela duen talde ezohikoa. Bere garaikideen artean "Wagner frantziarra" izenez ezaguna, konpositore post-erromantiko hau XIX. mende amaierako frantziar musikarien (Massenet, Franck, D'Indy, ...) eta XX. mendearen hasierako konpositoreen arteko (Saint-Saëns edo Debussy) nolabaiteko giltzarri izan zen.
Chausson-en inguruan, Kaleido taldeak Debussyren 3. Sonata biolin eta pianorako sol minorrean aukeratu du; hasiera batean XVIII. mendeko erara idatzitako sei sonata aurreikusten zituen proiektu baten azken obra izan zen hau konpositorearen partiturarik perfektuena bilakatu zen askorentzat.Eta bi menderen arteko garai honi botatako begirada berezi hau osotzeko, Milhauden 4. Kuartetoa; sortzaile honek musika forma ugaritan bilatu zuen etorria eta bere etiloak, liriko zein alaiak, folklorearen eta jazzaren kutsua du.
Kaleido taldea osatzen dute Irene Echeveste, Emeline Pierre eta Nathalie Dabadie, biolinak, Natacha Dupuy-Scordamaglia, biola, eta Natalia Díaz, biolontxeloa, guztiak Euskadiko Orkestrako kide, eta Patricia Azanza pianojotzailea.
Perkusioa instrumentu bakarlari Euskadiko Orkestraren Denboraldian Anthony Lafargue, Orkestrako perkusio eta tinbal bakarlariaren eskutik

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bosgarren programari dagozkion kontzertuak azaroaren 29an Gasteizko Principal Antzokian eta abenduaren 5ean Iruñako Baluarte Auditorioan izango dira. Rubén Gimeno zuzendari, perkusioa, joan zen denboraldian Martin Grübinger edo Oreka TX interprete gailenen eskutik Orkestraren programazioan bereziki nabarmendu zena, Abonu-Denboraldian izango dugu berriz ere; oraingoan Euskadiko Orkestraren perkusio eta tinbal bakarlari Anthony Lafargueren eskutik.
Anthony Lafargue (Cahors, 1972) 1999. urtetik da Euskadiko Orkestraren perkusio eta tinbal bakarlari. New Yorkeko Juilliard School eta Filadelfiako Curtis Music Institute famatuetan ikasle izana, Tolosako (Frantzia) Capitoleko orkestra, Varsoviako Orkestra Filarmonikoa, Filadelfiako Orkestra, Frantziako Orkestra Nazionala edo Bayerische Kammerphilharmonie orkestrekin ari izan da, besteak beste. Orkestra sinfonikoekin aritzeaz gain, konposizioan ere jarduten da eta bere hainbat lan estreinatu du EOSen Miramongo Matinéeak edo Musika Familian zikloen baitan.
Rubén Gimeno (Valentzia, 1972) estreinakoz ariko da zuzendari gonbidatu EOSen Abonu-Denboraldian, baina Orkestra 2007/2008 denboraldian zuzendu zuen lehenbiziko aldiz, Musika Familian zikloko kontzertu batean; beranduago Euskal Konpositoreen Bilduman Beltrán Pagolari eskainitako bolumenean (Claves), 2009ko Musikasten eta 2010ean Michel Camilo bakarlari zela egindako lehenengo KlasikAT kontzertu-sortan zuzendu du Orkestra.
William Kraft-en (Chicago, 1923) Tinbal eta orkestrarako 1. kontzertua izango da Anthony Lafarguek behingoagatik Orkestraren organikoan duen postua utzi eta Abonu-Denboraldian bakarlari gonbidatu aritzeko aukeratutako obra. Konpositore estatubatuarrak 1983an sinatutako kontzertu hau inflexio-puntu izan zen perkusiorako errepertorioan; aurrez XX. mendeko 30eko hamarkadan Kalifornian perkusioa bakarrik bere tokia betetzen joan zen mendebaldeko musikan, John Cage edo Lou Harrisonek horren alde egindako lanari esker. Kraftek berak Debussy eta Ravelen lengoaia modala jazzaren indar eta fraseo modalari egokitu dion inpresionista amerikartzat jo du bere burua. Kontzertu honetan interpretatzerakoan zenbait teknika berri darabil eta tinbalaren erregistro lirikoan barneratzen da, efektu handiko obra sortuz.
Egitaraua osotuz, José María Usandizagaren Las Golondrinas zarzuelako, gero bere anaia Ramonek opera bilakatuko zueneko zatirik ezagunena, Pantomima, interpretatuko du Orkestrak, Ramon Lazkanok egindako edizioan. Eta bigarren zatian Beethovenen 1. Sinfonia, Bonn-eko genioak Mozarti eta bereziki Haydni egindako omenaldia.
Erabili KULTURA BONUA Euskadiko Orkestraren musika erosteko

Euskadiko Orkestra Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak abian jarritako KULTURA BONUA kanpainari atxiki zaio laugarren urtez.
Programa honi esker, 25 eurorekin 40 euroko balioa duen KULTURA BONUArekin Euskadiko Orkestraren kontzertuetarako sarrerak eros daitezke.
Sarrerak KULTURA BONUA erabiliz 2012ko abenduaren 10etik 2013ko urtarrilaren 20a bitartean eros ahal izango dira, honako salmenta-guneetan:
-Abonu-Denboraldia: Donostiako Kursaal Auditorioko, Bilboko Euskalduna Jauregiko eta Gasteizko Principal Antzokiko leihatiletan.
- Musika Familian Donostian (urtarrilaren 15etik aurrera salgai):Kursaal elkarguneko leihatilan.
- Miramongo Matinéeak: Orkestraren Miramongo Egoitzako leihatilan eta Kursaal elkarguneko leihatilan.
“Utopiak”, Sigma Project Miramongo Matinéetan azaroaren 17 larunbatean

Larunbata honetan, hilak 17an Miramongo Matinéeak zikloak Sigma Project saxofoi laukotea hartuko du Euskadiko Orkestraren egoitzako eszenatokian. Kontzertua, "Utopiak" izenburupean, tradizioa eta gaurkotasuna ehuntzen dituen sare baten gisa aurkezten da: saxofoia sonoritateen itzultzaile bilakaturik agertzen da esperientzia honetan, aintzinako zentzuak lengoaia berrien bidez adierazteko bide bihurturik.
Transkribapena "musika errenazimendu" bezala ulerturik, SIGMA PROJECT-ek Salvatore Sciarrino konpositore garaikide italiarrak burututako XIV, XVI eta XVII. mendeko piezen transkribapenak interpretatuko ditu. Musikagileak Pagine zikloan (2001) eta Canzionere da Scarlatti bilduman (2002) jasotako hauetan originalarekiko konpromezu ia didaktikoa gailentzen da.
Egitaraua osotuz, Félix Ibarrondo eta Ramon Lazkanok SIGMA PROJECT-i eskainitako lanak. Aikan, Félix Ibarrondok 2009an sortua, eta aurten estreinatu berri den Ramon Lazkanoren Jalkin obrek osotzen dute "Utopiak". Ibarrondoren beraren esanetan, Aikan (asmaturiko terminoa) modu naturalean kokatzen da bere obraren mosaikoan; "hotsean adierazi eta gainezka egiten duten barne bultzadak dira, saxofoiarena bezalako tinbre berezian errealitate bihurturik". Ramon Lazkanok honela definitzen du bere Jalkin, BBVA Fundazioak SIGMA PROJECT-entzat eskatua: "gure oroimenarekin lotu eta denboran kokatzen gaituen hots baten arrastoa harrapatzeko ahalegina". Larunbatean bi konpositoreak EOSen egoitzako eszenatokira igoko dira lan hauek entzulegoari aurkezteko.
SIGMA PROJECT izenez, 2007an egungo sorkuntzarekin erabat lotutako Andrés Gomis, Josetxo Silguero, Ángel Soria eta Miguel Romero saxofoi bakarlariek espainiar ganbera-musikaren panoraman iraultza bat bultzatzea erabaki zuten, Saxofoirako errepertorioa zein espazioa eta kontzertuen eszenaratzea berritzearen alde egindako apostuak konpositoreen interesa piztu du eta, musikariekin lankidetza estuan, ohi ez bezalako estreinaldiak burutu dituzte. Beti erronka berriei aurre egin, lankidetzan ari eta beste diziplinekin uztartzeko prest, SIGMA PROJECT-ek hotsaren inguruko hausnarketa, azterketa zein ikerketan aritzeagatik nabarmentzen darrai, etengabeko bilaketan eta teknologia berriak erabiliz. Aurki estreinatuko dituzten obren artean, Félix Ibarrondoren IZARBIL ORCAM-ekin eta Josep Maria Mestres Quadreny-ren Concert per a quatre OBC-rekin, biak saxofoi laukote eta orkestra sinfonikorako idatziak eta SIGMA PROJECT-i eskainiak.
Eskola-haurrentzako Kontzertuak prestatzen Irakasleentzat Tailerra izan da

Musika Gelaren baitan, IV. Eskola-haurrentzako Kontzertuak abian dira jada. Lehen urratsa Orkestraren egoitzan izandako Irakasleentzako Tailerrarekin eman da. Honetan abenduan kontzertuetara etorriko diren ikastetxeetako musika irakaleak hartu dute parte. Orkestraren Hezkuntza Departamentuak antolatuta eta Elixabete Arabaolazak zuzendua, tailerrean kontzertuetan entzungo den egitaraua aurrez ikasgelan prestatu ahal izateko diseinatutako materiala aurkeztu da.
Tailer honen bidez eta bertan banatutako meterialeen bidez bultzatu nahi dena zera da, Eskola-haurrentzako Kontzertuen atariko gisa, bertan zuzenean entzungo dutena aldez aurretik ezagutu eta lantzea; izan ere, jarduera hau nahitaezkoa da Euskadiko Orkestraren Musika Gelak antolatutako kontzertu hauek prestatzerakoan finkatutako helburuak lortzeko.
Aldaketak Abonu-Denboraldiko laugarren programan

François Leleuxen bertan behera uztea dela-eta (Manuel Hernández-Silvak orkezkatuko duen Andrés Orozco-Estradaren bertan behera uzteari gehituta), Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Denboraldiko laugarren Abonu-programaren egitaraua honako hau izango da: I. Stravinskyren "Pulcinella", W.A. Mozarten 35. Sinfonia (Haffner) eta P.I. Tchaikovskyren "Romeo eta Julieta". Azaroaren 8an eta 9an Donostiako Kursaal Auditorioan eta 10ean Bilboko Euskalduna Jauregian.
Manuel Hernández-Silva, zuzendari gonbidatua. Andrés Orozco-Estrada ondoezik dagoela-eta, Manuel Hernández-Silva maisua izango da kontzertu hauetan Euskadiko Orkestra zuzenduko duena. 2055 eta 2012 urte bitartean Córdobako Orkestraren zuzendari titular, nazioarteko orkestra ugari zuzentzera gonbidatu dute, horien artean Wiener Symphoniker, Israel Symphony, Nord-Tchechische Philharmonie, Venezuelako Orkestra Sinfonikoa, Seoul Philharmonic, Prague Radio Symphony Orchestra, Puerto Rico-ko Orkestra Sinfonikoa edo Mexicoko Orkestra Sinfoniko Nazionala. Espainiako orkestra gehienak ere zuzendu ditu. Hezkuntzaren arloan jarduera ugari burutzen du, orkestra zuzendaritza eta interpretazio nazioarteko ikastaroak eta hitzaildiak eskainiz.
Orkestraren moduan, Tolosako Titirijai Jaialdiak ere, 30 urte betetzen ditu aurten. Horrenbestez, txotxongilo munduan horren garrantzitsua den arte komediako pertsonaira salto eginez, Polichinelarengana, Orkestrak pertsonaia honen inguruan sortutako lana interpretatuko du eta Titirijaiek, berriz, azaroaren 8an eta 9an bere ibilbidea azaltzen duten 30 kartel zintzilikatuko ditu Kursalean, castelet eta Topic-ek duen txotxongilo bildumarekin batera.
Kontzertuen egitaraua P.I. Tchaikovskyren Romeo eta Julieta piezako obertura-fantasiak osotuko du, R. Straussen Macbeth obra ez baita interpretatuko.
Elena Barbé soprano donostiarraren errezitala Miramongo Matinéetan

Larunbata honetan, hilak 3an Miramongo Matinéetan ahotsa izango da protagonista, soprano errezitala izango baitugu Orkestraren egoitzan. Elena Barbé donostiarrak Bellini, Schubert, Strauss, Bizet, Liszt eta Rossiniren obrak interpretatuko ditu, horien artean Il Capuleti e I Montecchi, Les Pecheurs de Perles eta Il Signor Bruschino operetako ariak. Arkaitz Mendoza pianojotzaile donostiarra izango du lagun.
Elena Barbék (Donostia, 1983) Musikenen burutu zituen goi mailako ikasketak, Ana Mª Sánchez irakasle izan zuela. Egun Ana Luisa Chova kantu katedratikoarekin, Rubén Fdez. Aguirre errepertoristarekin eta Mariella Deviarekin ari da bere formakuntza osotzen. I.Cotrubas, J.Aragall, M.Bayo edo M.Caballék maisu-eskolak eman dizkiote. Festival Internacional de Música Isaac Albéniz (Girona) lehiketako irabazle, sari ezberdinak merezi izan ditu Festival Líric Internacional Callosa d'en Sarriá eta Concurso Internacional de Canto Ciudad de Logroño lehiketan. Kontzertista eta opera zein lied interprete, Tolosako (Frantzia) Halle Aux Grains, Iruñako Baluarte eta Gayarre, Valladolideko Calderón, Donostiako Kursaal eta Victoria Eugenia, Bilboko Euskalduna eta Arriaga, Salamanca eta Leóngo auditorioetan, Gasteizko Proncipal, Madrilgo Teatro Monumental, Auditorio Nazionala eta Teatro Real eta Vienako Musikverein aretoetan ari izan da, sona handiko estatu zein nazioarte mailako orkestrekin, T.Sokhiev, A.Ros Marbá, J.A.Sainz Alfaro, J.López Cobos, G.Neuhold, C.Mandeal edo M.Plasson bezalako zuzendariekin. Nabarmentzekoa da Venezuelako Joven Orquesta Simón Bolivar orkestrarekin Beethovenen 9. Sinfonia interpretatu zuela, C. Abbadoren zuzendaritzapean.
Arkaitz Mendoza, berriz, piano irakasle titularra da Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan eta musika kritiko gisa Berria egunkariaren lankide da. Gainera, zuzendari lanetan Sasibill Elkarte Lirikoarekin egin zuen debuta
