Osteguna 14 Otsaila, 2013

Oreka TX-ek Tesela proiektuko "Txalaparta" interpretatuko du Turinen

Oreka TX-ek Tesela proiektuko "Txalaparta" interpretatuko du Turinen
Orchestra Sinfonica Nazzionale della RAI orkestrarekin, otsailaren 15ean, italiar orkestraren NuovaMusica zikloan.

Tesela, Euskadiko Orkestrak bere 30. urteurrenean abian jarritako proiektu konpositoboaren nazioarteko zabalkundeak aurrera darrai. Duela egun batzuk Orchestre Nationale de Bordeaux-Aquitaine-k Peter Eötvosen The Gliding of the Eagle in the Skies interpretatu zuen Bordeleko Auditorioaren irekiera kontzertuan. Otsailaren 15ean, berriz, Oreka TXeko kide Mikel Ugarte eta Harkaitz Mtnez. de San Vicentek Iván Fedeleren Txalaparta interpretatuko dute Orchestra Sinfonica Nazzionale della RAI orkestrarekin batera Turinen.

Txalaparta Marco Angiusen zuzendaritzapean Orchestra Sinfonica Nazzionale della RAI-k Turineko A. Toscanini Auditorioan, NuovaMusica ziloaren baitan. Oreka TX-ek bakarlarirako zatiak interpretatuko ditu, 2012ko maiatzean erabateko estreinaldian Euskadiko Orkestrarekin batera egin bezala. Egitaraua osatuz entzungai izango dira Maurice Ravelen Frontispice obraren gainean Pierre Boulezek egindako moldaketaren eta Márton Illésùren Rajzok obraren estreinaldiak Italian eta Fausto Romitelliren Dead City Radio eta Heiner Goebbelsen Aus einem Tagebuch.

2004. urte ezkeroztik RAIeko orkestra sinfonikoak burutzen antolatzen duen NuovaMusica izeneko zikloak arte garaikidea aurkezten du, obra sinfoniko eta ganbarakoen estreinaldiak biltzen dituelarik.


Astelehena 11 Otsaila, 2013

Euskadiko Orkestra "Les vêpres siciliennes" operan, OLBEren Denboraldian

Euskadiko Orkestra "Les vêpres siciliennes" operan, OLBEren Denboraldian
Otsailaren 16, 19, 22 eta 25ean Bilboko Euskalduna Jauregian.

Otsailaren 16, 19, 22 eta 25ean Euskadiko Orkestra Bilboko Euskalduna Jauregiko zulogunera itzuliko da. 60. bilbotar operaren denboraldian bigarren esku hartzea izango du. John Mauceri musika zuzendari dela, Orkestrak G. Verdiren Les vêpres siciliennes interpretatuko du. Operaren Bilboko Lagunen Elkartea, Teatro Regio di Torino eta Lisboako Teatro Nacional Sao Carlos erakundeen arteko koprodukzio honetan Davide Livermore da eszena zuzendaria. Lianna Haroutounian sopranoa buru duen bakarlari taldean Gregory Kunde, Vladimir Stoyanov, Dmitri Ulyanov, Dario Russo, Nuria Lorenzo, Fernando Latorre edo Manuel de Diego bezalako izenak.

John Maucerik 2010eko urrian zuzendu zuen estreinakoz Euskadiko Orkestra, Carlisle Floyd-en Susannah operaren eszenaratzean, orduan ere OLBEren denboraldian. Pittsburgh Opera, Washington Opera, Scottish Opera eta Teatro Regio di Torino-ko musika zuzendari izana da. Halaber, Metropolitan Opera, La Scala, Royal Opera House, Deutsche Oper eta abarretan ari izan da zuzendari eta besteak beste New York Philharmonic eta Boston, Chicago, Cleveland, Philadelphia, Los Angeles, Israel eta Pariseko orkestra sinfonikoak eta Londreseko orkestra nagusienak zuzendu ditu. Brodway eta Hollywood -eko eszenatokietan ari izan da eta bere ibilbideak Grammy, Emmy, Tony, Diapason d'Or sariak merezi izan ditu.

 

Osteguna 07 Otsaila, 2013

Beethoven, Brahms eta hari kuartetoa: Esquisse Quartet Miramongo Matinéetan

Beethoven, Brahms eta hari kuartetoa: Esquisse Quartet Miramongo Matinéetan
Otsailaren 9 larunbatean 11etan Euskadiko Orkestra SInfonikoaren egoitzan.

Otsailaren 9 larunbatean, Miramongo Matinéeak zikloaren programazioaren baitan, Esquisse Quartet hari laukoteak alderaketa ariketa interesgarria den kontzertua proposatzen du: Ludwig Van Beethoven eta Johannes Brahms bere ondorengoa aurrez aurre hari kuartetoa argudio nagusi harturik. Esquisse Quartet-ek honela aurkezten du emanaldia: 1800. urteko apirilaren 2an musikazko akorde batek historia aldatu zuen; ordutik urte asko pasata, konpositorearen oroitzapenak Brahms sufriarazten jarraitzen zuen: "Ezin duzue imajinatu Beethovenen oin hotsak etengabean nire atzean entzutea zer den".

Esquisse Quartet Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bigarren biolinen bakarlari Xabier Gil eta Raquel Cortinas-ek eta halaber Orkestrako kide diren Justyna Janiak biolajotzaileak eta Natalia Díaz biolontxelojoleak osatzen dute. Orkestraren baitan sortutako gainerako ganbera taldeak bezala, laukote hau musikariek errepertorio sinfonikoan sakontzeaz gain, zenbaitetan klasikoa ere ez den musikaren errepertorioan ere sakontzeko duten interesak bultzaturik jaio da. Miramongo Matinéeak zikloak plataforma aproposa eskaintzen die musikariei entzulegoari beren jarduera formatu ezberdinetan helarazteko.

Kontzerturako aukeratutako bi obrak Beethovenen 4. Hari kuartetoa do minorrean, opus 18 eta Brahmsen 2. Hari kuartetoa la minorrean, opus 51 dira. Sarritan do minor tonalitatea berezitzat jotzen da Beethovenen lanetan: tonalitate honetan idatzitako obrak boteretsu eta emozionalki asaldatutzat hartzen dira. Seguru asko, Bosgarren Sinfonia da adibide ezagunena. Hari kuartetoa eta minor tonalitatea oirnarri harturik, Esquisse Quartet-ek Brahmsen 2. Hari kuartetoa la minorrean, opus 51 aukeratu du alderaketaren bigarren elementu gisa. Musikagile honen bizitzan zehar hari kuartetoak, sinfoniak bezala, Beethovenen ekarpenak izan zituen ezaugarri nagusi. Hari kuartetoa genero bereziki garrantzizkotzat izan zuen gainera eta oso estandar zorrotz bati erantzuten zioten obrak soilik plazaratu zituen.

 

Asteazkena 06 Otsaila, 2013

EUSKAL KONPOSITOREEN BILDUMA: CARMELO BERNAOLA

EUSKAL KONPOSITOREEN BILDUMA: CARMELO BERNAOLA
Dagoeneko prest dugu Euskal Konpositoreen Bildumako XV. alea, oraingo honetan Carmelo Bernaolari eskainia.

 

Carmelo Bernaolaren oroimenez egindako Euskal Konpositoreen Bildumaren XV. bolumena, erreferentziazko musika-entziklopedia bilakatu da euskal sinfonismoaren alorrean. Euskal konpositore ezagunenen obrak biltzeaz gain, bilduma honen ezaugarri nagusia da beren ekoizpena kalitate handikoa izan arren argitaratu gabe dauden egileen lanaren euskarri izatea.

Carmelo Bernaolak, 1959an Madrilgo Kontserbatorioan ikasketak emaitza hobezinekin amaitu eta Erromako Sari Nagusia irabazi ondoren, laster aurkitu zuen berezko hizkuntza, idatzi zituen partituretan aditzera eman zuena: XX. mendearen bigarren erdian Espainiako musikari egindako ekarririk miresgarri eta bizitasun handienetakoa. Otxandioko (Bizkaia) konpositorea, euskal sinfonismoaren historia berreraikitzean funtsezkoa den sortzailea, beti izan dugu kontuan Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ibilbidean eta orain, CD honen bitartez azaltzen dugu bere musika Fanfarrea_preludioa, Kapritxozko Piezak, 2. Sinfonia eta Fantasiak obrekin.

Abonatu zaren aldetik Orkestrak aukera eskaintzen dizu otsailaren 28a baino lehen CDa erreserbatzeko, 12,00 €ko prezioan.

Carmelo Bernaolaren CDa eskatzeko, markatu hemen. Lotura honek kontaktu inprimakira bideratuko zaitu. Markatu "Abonuak eta sarrerak" eta ondoren zure eskaera egin "Iruzkina edo kontsulta" leihoan. Amaitzeko "Bidali" sakatu. Orkestrako Abonatu Sailak zure eskaera erregistratuko du. Eskerrak zerbitzu hau erabiltzeagatik.

 

 

Ostirala 01 Otsaila, 2013

"Tantantxo / Plok, Plok, Plik", Musika Familian eta Eskola Kontzertuak zikloetan

"Tantantxo / Plok, Plok, Plik", Musika Familian eta Eskola Kontzertuak zikloetan
Otsailaren 3an Gasteizen eta 14, 15 eta 16an Donostia, Orkestraren egoitzan.

Euskadiko Orkestraren Musika Gelak denboraldi honetarako prestatutako jardueren artean, haur txikitxoenei zuzendutako emanaldiak izango ditugu datozen otsailaren 3an eta 14, 15 eta 16an. "Tantantxo/Ploc, Ploc, Plik" ikuskizuna familiarteko publikoari eskainiko zaio otsailaren 3 igandean Gasteizko Federico García Lorca Antzokian eta hilaren 16an, larunbatean, Donostian, Orkestraren Miramongo egoitzan. Musika Familian zikloaren denboraldiko lehenbiziko emanaldiak izango dira hauek. 14an eta 15ean, berriz, Eskola Kontzertuak zikloaren baitan eskainiko zaie ikastetxe ezberdinetatik Miramongo egoitzara etorriko diren bost ehun bat haurtxoei.

"Tantantxo/Ploc, Ploc, Plik" Orkestraren Hezkuntza Departamentuak eta Belén Otxotorenak eta Inma Gurreak zuzendu Pasadas las 4 antzerki taldeak 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzat bereziki sortutako ikuskizuna da; A. Piazzolla, C. Debussy, J. Offenbach edo Boccheriniren partiturak Kongoko doinu tradizional batekin edo perkusioak, flauta eta harpak sortutako inprobisazioarekin uztartuz, haurrek ezaguna duten elementu baten unibertsoan murgiltzen da, uraren unibertsoan, alegia. Haurtxo zein lagun dituzten helduak eszenatokian kokaturik, guztiak izango dira ikuskizunaren zati: antzerkia eta musika bat eginik, kantuan, dantzan, aniztasunezko ur tanten erritmora haurrek musika bereganatu eta gozatzeko. Kontzertu honen helburua musikaren bidez giza-adimena osatzen duten alor guztien garapena bultzatzea da: musika eta bere lengoaia, mezua, poetika zein ingurunearekin harreman zuzenak finkatzea, sormen-akzio zein pentsamendurako gaitasunak garatzea, sentsibilitatea eta sentimendua hezitzea, balioetan hezitzea, maila pertzeptiboen garapen fisikoa bultzatzea eta abar.

1. Musika Familian: otsailaren 3an Gasteizen eta 16an Donostian. "Tantantxo/Ploc, Ploc, Plik" ikuskizunak emango dio hasiera "Musika Familian" zikloaren denboraldi berriari. Gasteizen Federico García Lorca Antzokian eskainiko da ikuskizuna, otsailaren 3 igandean, arratsaldeko 17:00 eta 18:30etan izango diren bi emanalditan, ohi bezala bertoko Udalarekin lankidetzan. Donostian, aldiz, otsailaren 16 larunbatean izango da, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan, 11:00 eta 12:30etan. Emanaldi guztietarako sarrerak agorturik daude jada.

2. Eskola Kontzertuak: otsailaren 14 eta 15an Miramongo Egoitzan. IV. Eskola Kontzertuen baitan, abenduan "Neguko menua" ikuskizunean lehen hezkuntzako 1800 ikasle bildu ostean, haur hezkuntzako ikasleei zuzendutako emanaldiak antolatu ditu Musika Gelak. Otsailaren 14 eta 15ean goizez bina emanaldi izango dira. Guztira, 455 inguru haurtxo izango dira Miramongo egoitzako eszenatokitik igaroko direnak. Aurrez ikasgelatan prestatua izango dute kontzertua, irakasleek tailer batean landutako ariketen bidez. Esaterako Kongoko doinu tradizional bat ikasi dute, kontzertuan kantatuko dutena. Aurretiko jarduera horiek Eskola Kontzertuen bereizgarri dira. Ziklo hau Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalarekin lankidetzan burutzen da.

 

Ostirala 01 Otsaila, 2013

ONBAk Teselako obra bat interpretau du Bordeleko Auditorioaren irekieran

ONBAk Teselako obra bat interpretau du Bordeleko Auditorioaren irekieran
Peter Eötvosen "The Gliding of the Eagle in the Skies".

Bordele-Akitaniako Orkestra Nazionalak ostegun gauean ireki zuen Auditorio berria. Titular Kwamé Ryan maisuaren zuzendaritzapean, irekiera ofizialerako aukeratutako egitarauan Peter Eötvosen The Gliding of the Eagle in the Skies obra izan zen entzungai. Partitura hau Euskadiko Orkestrak eskatu zion konpositore hungariarrari Tesela bere egitasmoaren baitan. Esku-programan honela jaso zuten: "gure aldameneko eta lagun Euskadiko Orkestrak bere 30. urteurrena ospatzeko eskatutako obra".

Bi orkestren arteko harreman estua bien arteko elkartruke emankorretan gauzatu da azken urteotan. Honela, Euskadiko Orkestrak Bordeleko entzulegoaren aurrean arizeko aukera du eta Bordele-Akitania Orkestra Nazionalak Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian ari da, Donostia, Bilbo Gasteiz eta Iruñan.

Apirilaren 11 eta 12an, Euskadiko Orkestra estreinakoz Bordeleko Auditorioan. Orkestra apirilaren 11 eta 12an ariko da ireki berri den Auditorioko eszenatokian, Carlo Rizziren zuzendaritzapean eta Luis Fernando Pérez pianojotzailea bakarlari dela.

 

Astelehena 28 Urtarrila, 2013

Martin Frösten master class-a Euskadiko Orkestraren egoitzan

Martin Frösten master class-a Euskadiko Orkestraren egoitzan
Musikeneko ikasleeentzat, Aula Jordá Gela hitzarmenaren baitan.

Egunotan Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian aritzearekin batera, Martin Fröst klarinetejotzaileak master class bat eskaini die Musikeneko hainbat ikasleri. Orkestrak Miramonen duen egoitzan Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko maila ezberdinetako hogei bat klarinete ikasle bildu dira mundo mailako sona duen interprete honekin bere esperientzia eta maila gorenera eraman duen instrumentu honekiko duen ezagutza sakona partekatzeko.

Master class hau 2012ko ekainan Euskadiko Orkestrak eta Musikenek sinatutako lankidetzarako lehentasunezko hitzarmen instituzionalaren ondorioz, Aula Jordá Gela izenburupean burutzen diren jardueren artean dago. Testuinguru honetan, Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldiko hurrengo programan Musikeneko hainbat ikasle ariko da instrumentujotzaile gisa, José Miguel Pérez Sierra maisuaren zuzendaritzapean.

 

Ostirala 25 Urtarrila, 2013

Martin Fröst & Javier Pérez de Azpeitia: Klarinete eta piano errezitala Miramongo Matinéetan

Martin Fröst & Javier Pérez de Azpeitia: Klarinete eta piano errezitala Miramongo Matinéetan
Larunbata hilak 26an Euskadiko Orkestraren egoitzan, 11:00etan.

Bihar larunbata, hilak 26, Martin Fröstek, egungo klarinetetzaile onenetakoa eta egunotan Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian bakarlari gonbidatu denak, errezital bat eskainiko du Euskadiko Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéeak zikloaren programazioaren baitan. Javier Pérez de Azpeitia pianojotzailea izango du lagun.

Europar zein amerikar orkestra gailenekin aritzeaz gain, Martin Fröst sarritan aritzen da ganbera musikan zein errezitalak eskaintzen. Londresko Wigmore Hall, Amsterdamgo Concertgebouw edo Vienako Kontzerhaus bezalako aretoetan ari ohi da eta iazko udan New Yorkeko Lincoln Center-ean izaten den Mostly Mozart jaialdian egin zuen debuta. Janine Jansen, Leif Ove Andsnes eta Maxim Rysanov musikari ezagunak izaten ditu lankide. Fröst bakarlari gonbidatu gisa mari da berriz ere Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian; izan ere 2009an egin zuen EOSekin debuta. Horretaz gain, astelehenean, hilak 28, master class bat eskainiko die Musikeneko hainbat ikasleri, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak eta Euskadiko Orkestrak sinatutako Jordá Gela hitzarmenaren ildotik.

Javier Pérez de Azpeitia pianojotzailea Euskadiko Orkestraren lankide eta Luis Mariano Nazioarteko Kantu Lehiketako pianojotzaile ofiziala, irakaslea da Musikene eta Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan. Bakarlari gisa kontzertuak eskaintzeaz gain, Vaclah Hudecek, edo Antonio Menesesen mailako bakarlariak lagundu ditu. Era berean, zinemarekin lotutako jarduera ugari burutzen du: zinema mutuko emanaldietan pianoa joaz nazioarteko jaialdietan: edo piano bakarlariaren zatiak interpretatuz "Azul oscuro casi negro", "Siete mesas de billar francés", "Le Cou de la Girafe", "Castillos de cartón", "80 egunean", "Verbo" eta "Katmandú" filmeetan, esaterako.

Martin Fróst eta Javier Pérez de Azpeitiak Poulenc-en klarinete eta pianorako sonata bat, Brahmsen Dantza hungariarrak eta Debussyren Première Rhapsodie interpretatuko dituzte elkarrekin. Egitaraua osotzeko, Javier Pérez de Azpeitiak Joaquín Larregla eta Dámaso Zabalzaren XIX. mendeko konpositore nafarren obra bana interpretatuko ditu bakarka.

Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak www.kutxasarrerak.net eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.

 

Osteguna 24 Urtarrila, 2013

Martin Fröst klarinetejotzailea bakarlari eta Mauricio Soteloren Urrutiko urdin obraren estreinaldia Euskadiko Orkestraren Abonu-programa berrian

Martin Fröst klarinetejotzailea bakarlari eta Mauricio Soteloren Urrutiko urdin obraren estreinaldia Euskadiko Orkestraren Abonu-programa berrian
Ari Rasilainenen zuzendaritzapean Urtarrilaren 25etik 31ra ohiko lau hiriburuetan.

Urrutiko urdin, urrutiko Finlandia izenburupean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiko zazpigarren programa gauzatuko du urtarrilaren 25etik 31ra bitartean Gasteiz, Donostia, Iruña eta Bilbon. Ari Rasilainen finlandiarrak zuzenduko ditu kontzertu hauek eta Martin Fröst klarinete jotzaile suediarra ariko da bakarlari gonbidatu. Programa honen beste osagarrietako bat Mauricio Soteloren Urrutiko urdin obraren erabateko estreinaldia izango da. Orkestrak bere 30.urteurrena dela eta abiatuta, Tesela izenburudun mosaiko konpositiboaren pieza berri bat.

Martin Fröst klarinetejotzailea berriz ere gurean. Klarinetejotzaile suediar gailena ezaguna da jada Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldiko entzulegoarentzat. Izan ere 2009ko maiatzean aritu zen estreinakoz; C. Nielsenen Klarinete eta orkestrarako kontzertua interpretatu zuen orduan eta kritikak aho batez laudoriatu zuen bere emanaldia: "ohikoz kanpoko musika talentudun bakarlaria", "ñabarduradun bertsioa, garbia zailatasunak gaindituz", "soinu biribila [...], nota jauzi ikaragarriak erraztasun laidogarriz", "klarinete aparta; hots-aberastasun izugarria duen bakarlaria" izan ziren, beste askoren artean, Martin Frösten inguruan idatzitakoak. Oraingoan Mozarten Klarinete eta orkestrarako kontzertua interpretatuko du Euskadiko Orkestrarekin batera. Abonu Denboraldian aritzeaz gain, urtarrilaren 26an errezital bat eskainiko du Miramongo Matinéeak zikloaren baitan, Javier Pérez de Azpeitia pianojotzailea lagun duela, eta 28an master class bat eskainiko die Musikeneko hainbat ikasleri, erakunde honen eta Orkestraren arteko Jordá Gela hitzarmenari jarraiki.

Mauricio Soteloren Urrutiko urdin, Euskadiko Orkestraren mosaiko konpositibo garaikidearen Tesela berria. Aurreko programan Gerard Pesson frantziarraren Ravel à son âme estreinatu ostera, oraingoan Mauricio Sotelo espainiarraren Urrutiko urdin estreinatuko du Euskadiko Orkestrak BBVA Fundazioaren laguntza esklusiboa duen Tesela egitasmoaren baitan. Luigi Nonoren ikasle izandakoa eta 2001ean Musika Sari Nazionala, Mauricio Soteloren lanak cante hondo deritzona du sarritan bere oinarri (ildo honetan Enrique Morente, Carmen Linares, Marina Heredia, Pitingo, Arcángel, Miguel Poveda eta abarrekin egin du lan), baina Urrutiko urdin hotsezko paisaia sortzeko aldiz gaztaroan Euskadin emandako udatako oroitzapenak izan ditu inspirazio iturri, noten artean itsasoa eta zerua biltzen duen partitura sortuz.

Ari Rasilainen, lehenbiziko aldiz Orkestraren Abonu Denboraldian. Ari Rasilainen zuzendari finlandiarrak debuta egingo du Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldian zuzendari gonbidatu gisa. Baina ez da Orkestra zuzentzen duen lehenbiziko aldia izango, izan ere 2010eko irailan Donostiako Musika Hamabostaldian eskainitako kontzertuan zuzendu baitzuen Orkestra. Orduan Sergei Rachmaninoven obrak izan ziren atriletan, oraingoan berriz aipatu Soteloren Urrutiko urdin eta Mozarten Klarineterako kontzertua eta Jean Sibelius finlandiarraren 2. Sinfonia izango dira. Rasilainenek Suisse Romande, Vienako Tonkünstler Frankfurt, Leipzig, Stuttgart edo Berlingo irratietako sinfonikoak eta abar zuzentzen ditu, Montserrat Caballé, Julia Fischer, Hilary Hahn, Nigel Kennedy, Shlomo Mintz, Daniel Müller-Schott, Gregory Sokolov edo Nikolaj Znaider bezalako bakarlariekin lankidetzan.

 

Osteguna 17 Urtarrila, 2013

"Musika Familian" zikloaren denboraldi berria aurkeztu da Gasteizen

"Musika Familian" zikloaren denboraldi berria aurkeztu da Gasteizen
Lehenbiziko emanaldia, "Tantantxo/Ploc, Ploc, Plik" otsailaren 3an izango da. Sarrerak urtarrilaren 25etik aurrera salgai.

Musika Familian zikloaren denboraldi berri datorren otsailaren 3an abiatuko da Gasteizen, "Tantantxo/Ploc, Ploc, Plik" haurtxoentzako ikuskizunarekin. Kontzertu honekin batera denboraldia osotzen duten gainerako emanaldiak eta datozen hilabeteotarako Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren baitan aurreikusitako gainerako jarduerak aurkeztu zaizkie komunikabideei Gasteizko Principal Antzokian.

Musika Gelako jardueren ardatz nagusienetako bat Musika Familian zikloa dugu, Gasteizen eta Donostian familiarteko entzulegoari zuzentzen zaiona; zikloa 1997an abiatu zen arabar hiriburuan eta egun erabat finkatuta dago bertako kultur-eskaintzan. Gainera, azken urteotan Eskola-haurrentzako Jarduerak garatuz doaz etengabean. 

Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkar hartuta Musika Gelaren baitan 2011-2012 denboraldian izandako jarduerek gehieneko 5 puntutik, 4,5eko puntuazioa lortu zuten parte hartzaileen artean egindako balorazio inkestetan.

Musika Familian 2012/2013. Aniztasunaz mintzo zaizkigun ur tantak, jazz arratsalde baterako swing ederra, edo hegoaldeko haizeak dakartzan musika-ufadak dira Musika Familian zikloaren denboraldi berriak biltzen dituen argudiotako batzuk. 2013ko otsailaren 3an, Pasadas las 4 antzerki taldearekin lankidetzan, "Tantantxo/Ploc, Ploc, Plik" haurtxoentzako kontzertua tantaz tanta helduko da Gasteizko Federico García Lorca Antzokira; 0tik 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako ikuskizun honek ura izango du oinarri musika eta erritmo ezberdinak lantzeko. Martxoaren 10 igandean Gasteizko Principal Antzokian bilduko gara swing-az jantzitako arratsalde on bat pasatzeko, Musikeneko Jazz Departamentuko ikasle talde bat lagun dugula: "Arratsalde on, Swing" kontzertuan Estatu Batuetan sortutako genero honen gakoak ezagutuko ditugu (6 urtetik gorakoentzat). Eta maiatzaren 12an, "Hegoaldeko Haizea"k berriz ere Principalera eramango gaitu eta han, musikazko ipuin forma harturik, haize-zurezko instrumentuen hots ederrenak erakutsiko dizkigu, Euskadiko Orkestrako musikariek interpretaturik (6 urtetik gorakoentzat). "Arratsalde on, Swing" eta "Hegoaldeko Haizea" kontzertuen aurretik Sentsibilizazio Tailerrak izango dira: ondorengo kontzerturako sarrera duenarentzat doakoa den jarduera hau emanaldiaren atarikoa dugu. Kontzertu-ziklo hau Gasteizko Udalarekin koprodukzioan burutzen da.

Sarrera solteak urtarrilaren 25etik aurrera jarriko dira salgai. Principal Antzokiko Leihatilan, telefonoz kreditu txartelarekin (945.16.10.45) eta interneten www.vitoria-gasteiz.org eta http://entradas.cajavital.es webguneetan erosi ahal izango dira. Principal Antzokian izango diren kontzertueterako sarrerek 6€tako prezioa dute eta Federico García Lorca Antzokian izango den kontzerturako sarrerek, berriz, 5€takoa.

 

Orriak