Andrés Orozco-Estrada, Houston Symphony orkestrako musika zuzendari 2013/2014 denboralditik aurrera

Houston Symphony orkestrak urtarrialren 16an jakitera eman zuen Andrés Orozco-Estrada, egun Euskadiko Orkestrako zuzendari titular dena, estatubatuar orkestraren musika zuzendari izendatu berri dutela, 2013/204 denboralditik aurrera jarduneko zuzendari gisa eta 2014/2015 denboralditik aurrera bost urtez musika zuzendari izango delarik.
Andrés Orozco-Estradak Hans Graf maisua ordezkatuko du Houstonen, 1993. urtetik 1996ra bitartean Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular izandakoa, hain zuzen ere. Graf maisua hamabi urtez izan da Houston Symphony orkestraren gidari, ardura honetan orkestraren 99 urtetan eperik luzeena eman duelarik.
Abonu Denboraldiko 6. Programan Alina Pogostkina biolinjotzaileak ordezkatuko du Frank Peter Zimmermann

Urtarrilaren 14an hasi eta 18ra bitartean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu Denboraldiko 6. Programari dagozkion kontzertuak eskainiko ditu Donostia (14 eta 16an), Iruña (15ean), Gasteiz (17an) eta Bilbon (18an). Stefan Asbury britainiarra lehenbiziko aldiz zuzendari gonbidatu duela, Orkestrarekin batera Alina Pogotskina biolinjotzailea ariko da bakarlari gaixo egoteagatik bere emanaldiak bertan behera utzi dituen Frank Peter Zimmermann ordezkatuz. Frank Peter Zimmermannek gaur, hilak 10ean Bartzelonan Liceu-ko Orkestrarekin aurreikusita zuen emanaldia ere bertan behera utzi du. Egitarauan ez da aldaketarik izango: Orkestrak 2012an bere 30. urteurrena bete izana ospatzeko 2011/2012 eta 2012/2013 denboraldietan gauzatutako Tesela proiektuaren baitan, Gerard Pessonek konposatutako Ravel a son âme estreinatuko da, A. Bergen Biolinerako kontzertua eta Beethovenen 8. Sinfoniarekin batera.
Alina Pogostkina, 2005ean Helsinkiko Sibelius Lehiaketako irabazle, Vladimir Ashkenazy, Mikhail Pletnev, Sir Roger Norrington, Sakari Oramo, Andris Nelsons, Paavo Järvi, Jukka-Pekka Saraste, Gustavo Dudamel, Andrey Boreyko eta Thomas Hengelbrocken mailako zuzendariekin aritu da lankidetzan. 2012/2013 denboraldian San Franciscoko Orkestra Sinfonikoa (Michael Tilson Thomas) eta Frantziako Orkestra Nazionalarekin (David Zinman) ariko da, besteak beste, eta 2013ko otsailean bira bat burutuko du Bamberger Symphoniker (Jonathan Nott). Aurreko denboraldietan aipatzekoak dira Los Angelesko Orkestra Sinfonikoa (Gustavo Dudamel) eta Philharmonia Orchestrarekin (Vladimir Ashkenazy) eskainitako kontzertuak.. Euskadiko Orkestrarekin debuta izango duen honetan Alban Bergen Biolin eta orkestrarako kontzertua interpretatuko du.
Gérard Pesson-en Ravel a son âme, Tesela proiektuaren baitako erabateko estreinaldia. Orkestrak bere 30. urteurrena ospatzeko BBVA Fundazioaren lankidetza esklusiboarekin abian jarritako Tesela proiektuak aurrera darrai: oraingoan, egitasmoaren oinarri zen euskal kulturarekiko lotura Maurice Ravelen islaturik, Gérard Pesson frantziarrak Orkestraren enkarguz sortutako Ravel a son âme estreinatuko da. Egun musika garaikidearen abangoardian kokatutako Pessonen obra elegiazko musika dugu, Ravelen materia "papera zilar nitratoz estalita egongo balitz bezala" agertzen da, distira, errefrakzio moduan, gainjarria edo modu subliminalean beti ere.
Stefan Asbury zuzendariak estreinakoz zuzenduko du Euskadiko Orkestra zuzendari gonbidatu gisa. Noord Nederlands Orkest en zuzendari titularra, Stefan Asburyk izen handieneko orkestrak zuzendu ohi ditu. Bere azken lanetan eta gutxi barru egingo dituenetan, Boston Symphony Orchestra, Royal Concertgebouw Orchestra eta Gewandhausorchester Leipzig orkestren izenak aipatu behar ditugu.
Olatz Saitua, Ainhoa Zubillaga eta Iñaki Salvador Euskadiko Orkestraren egoitzan grabatzen

Egunotan Euskadiko Orkestraren egoitzako eszenatokia grabaketa estudio bilakatu da beste behin. Bertan Olatz Saitua sopranoak eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoak, Iñaki Salvador pianojotzaileak lagunduta, laister CD gisa argitaratuko den kantu bilduma grabatzen ari dira. Gure betiko kantak dira, garai batean Tomás Garbizuk harmonizatuta 1971.ean liburu batean bildu zirenak eta orain Iñaki Salvadorren bertsioan plazaratuko direnak.
Martxoaren 9 larunbatean kantu hauek zuzenean entzuteko aukera izango dugu Miramongo Matinéeak zikloaren baita izango den emanaldian.
"Faktoria", Euskadiko Orkestraren egoitzatik

Euskadi Irratiko "Faktoria" saiokoak Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan izan dira eta saioa bertatik emititu dute, auditorioan laurehun bat haur IV. Eskola Kontzertuen azken emanaldiaz gozatzen ari zirela. Manu Etxezortu, Maite Artola eta gainerako lankideak egoitzako sarreran kokatu dira bertan gertatzen zena zuzenean bizitzeko eta saioaren ohiko atalez gain, auditorioan gertatzen ari zenaren berri emateko sartu-ateraldiak egin dituzte eta baita haurren iritziak jaso ere. Gainera, saioa irekitzeko Iñigo Alberdi, Orkestrako zuzendari nagusia elkarrizketatu dute eta "Neguko Menua" kontzertua amaitu ostean Jon Malaxetxebarria zuzendaria, Jon Gómez Garai aurkezlea eta Maialen Rezabal Euskadiko Orkestrako biolinjotzailearekin solasaldian aritu dira.
Eskuragarri dago "Madera de deriva", Euskadiko Orkestrak Jorge Drexlerrekin "n" bere app-erako grabatutakoa

Jorge Drexler eta berak sortutako "n" aplicanción delakoa aurtengoan musika eta teknologiaren inguruan gertatutako fenomenoetako bat bilakatu dira. Erabiltzaileari zuzenean bere abestietan esku hartzeko aukera ematea arrakasta itzela izan da. Izan ere, Espainian musika app-en artean 1. postua lortu du eta berrogeitik gora herrialdetan arrakasta nabarmena izan eta aldeko kritikak merezi izan ditu.
App-ak gailu mugikorretan erabilgarri izateko espreski sortutako 3 abesti biltzen ditu: "Habitación 316", "Madera de deriva" eta "Décima a la décima". Hauek interakziorako aukera berri harrigarriak eskaintzen dituzte, orkestra sinfoniko batekin eta artista gonbidatuekin lankidetza ahalbidetzeaz gain. Hiru kantuak Samsung Apps-ek bakarrik eskainiko ditu doan.
Berrikuntza musikal zein teknologiko hau etengabean musika sortzeko bide berrien bila ari den Jorge Drexler artista apartaren eskutik datorkigu. Proiektu honetan Samsung izan du lankide, garapenean aktiboki lan egin duelarik. Lehenengo aplicanción honi Samsung App-en euskarri esklusiboa eman dio, estreinakoz musika eta kultur-munduaren alde apostu eginez.
"Madera de deriva" gauzatzeko, Jorge Drexlerrek Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta KUP Taldea tolosar abesbatza izan zituen lagun. Fernando Velázquezen zuzendaritzapean ("Lo Imposible, "Lope", eta abarren soinu banden konpositorea), Orkestrak Donostian duen egoitzan grabatu zuten. Egitasmoan esku hartu zuten laurogeitik gora musikariek emanaldi ezohiko batean grabatu zuten Drexler-en kantua.
Jorge Drexler eta mundu mailan konbergentzia digitalaren teknologian lider Samsung Electronics Co., Ltd, konpainiaren arteko elkarlanak, Warner Music Spain eta Wake App entrepresekin lankidetzan, n mundu osoan zehar milaka smartphone zein tabletetan egotea ahalbidetu du.
Nola funtzionatzen du n2 - Madera de deriva kantuak? Kantua 12 pistatan banatzen da (gehi ahotsa) eta hauek guztiak batera entzutean erabat instrumentaturiko tema osatzen dute. Aplikazio hau erabili ahal izateko terminalak "lokalizazio" funtzioa aktibaturik izan behar du, horren arabera aktibatuko baitira orkestraren zenbait sekzio. Erabiltzaileak ahotsaren pista soilik aktibatuta duela ekingo dio aplikazioa erabiltzeari eta bere lokalizaioaren arabera instrumentu talde berri bat (pista bat) izango du, non eta aurretik ez duen. Erreproduzioan erabiltzaileak desblokeatutako pistak aktibatu edo desaktibatzeko aukera izango du. Aldiro erabiltzaileari gertuen duen hurrengo instrumentua zein noirabidetan eta gutxi gora-behera zein distantziara dagoen adierazten zaio. Gainera erabiltzaileak jardueraren bista bat izango du. Honetan, desblokeatutako pistei dagokionez, instrumentu horiek abestiaren zein unetan nabarmentzen diren ikus ahalko du. Kantu bakoitza amaitzean, erabiltzaileari kantua berriz ere erreproduzitu edo partekatu ahal izateko audio-artxibo bat sortzeko aukera emango zaio. Ezaugarri hau in-app ordainketa bidez desblokeatu behar da. Zerbitzarian egiten denez, sortutako artxiboa sare sozialetan partekatu daiteke.
Barrokoa gabonen aurretik: Corelli, Vivaldi eta Bach Recercada_Ensemble Diatessaron taldearen harietan

Datorren larunbatean, hilaren 15ean, Recercada_Ensemble Diatessaron datorkigu Miramongo Matinéeak ziklora. Aintzinako musika hizpide hartuta eta Gabonak gertu ditugun honetan, Arcangelo Corelliren "Fatto per la note de Natale" kontzertuaren inguruan kontzertu ederra eraiki dute. Barrokoko maisu honen ondoan barrokoko konpositorerik ezagunena: Antonio Vivaldi. Eta hirukoa osatzeko Johann Sebastian Bach; alemaniarrak ere izan baitzuen alde italiarrik. Eta barrokoko musikaz gozatzeko, zer hobeto instrumentu barrokoekin interpretatua izatea baino?
Recercada_Diatessaron taldeak, kontzertuaren esku-egitarauan adierazten dutenaren arabera, "musika puru eta alaiaz gozatu eta gozamena eragin" nahi dute kontzertu honen bidez, "atsegin eman eta aldi berean hunkituko gaituen musikaz baliatuz". Talde honen helburua interpretazio historikoa egun zentzua izango duen zerbait bizia bihurtuko duten bide berriak jorratzea da; Idatzitako musika, interpretearen eta entzulearen artean sorturiko energia eta emozioak zabaltzea da beren asmoa.
Arcangelo Corelli (1653-1713) biolinerako italiar konpositoreen eredu nagusi dugu, ia bizitza osoa eman baitzuen instrumentu honetarako idazten. Corelliren artea teknika eta espresioaren sintesia da. Larunbatean entzungai izango diren Concerti Grossi (op.6) argitaratzeke zeudela hil zen. Antonio Vivaldik (1678-1741) formazio ezberdinetarako ezin konta ahala musika lan sortu zituen eta bere "Lqau urtaroak" obrari esker barrokoko konpositore entzutetsuena da. Johann Sebastian Bach-en (1685-1750) "Kontzertu Italiarra" 1735ean argitaratutako "Clavierübung" delakoaren bigarren zatiari dagokio, klabezin bakarrerako, argitalpen horretan bertan jasotako "obertura frantziarra"ri kontrajarria.
Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak www.kutxasarrerak.net eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Gogoratu Euskadiko Orkestraren sarrerak erosterakoan KULTURA BONUA erabili daitekela.
IV. Eskola Kontzertuen lehenbiziko eguna

Hasi dira dagoeneko IV. Eskola Kontzertuak. Donostiako Jakintza Ikastola, San Alberto Magno eta Ekintza, Legazpiko Haztegi, Hernaniko Langile Ikastola eta Gasteizko Geroa Eskolako haurrek ederki dastatu dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainitako "Neguko Menu" oparoa. Hasteko arrain zopa hotsduna, txuleta patatekin eta, postrerako, bizkotxo erraldoia, guztia musika ederrez onduta, pentagramaren sukaldari onenen eskutik: Mendelssohn, Grieg, Offenbach, Rossini, Aita Donostia, ...
Euskadiko Orkestra Eskola Kontzertuetarako entseatzen

26 ikastetxetako 1800 haur etorriko dira Euskadiko Orkestraren egoitzan izango diren kontzertu hauetara. Orkestrak Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalarekin lankidetzan antolatutako IV. Eskola Kontzertuen lehenengo txandan, "Neguko Menua" izenburudun kontzertu sinfonikoa izango da. Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako kontzertu honek izaera ludikoa du eta musikaren eta gure ikaslegoari oso gertuko zaion beste arte baten, hau da, gastronomiaren ezaugarrien arteko kidetasun zein antzekotasunekin jolastuko du.
Musika Gelaren 2012/2013 denboraldia aurkeztu berri

Iritsi da Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Hezkuntza Departamentuak denboraldi honetan diseinatutako Musika Gelaren jarduera aurkezteko garaia. Musika Familian, dagoeneko finkatutako zikloa, Gasteizen eta Donostian denboraldi orotan kontzertuak eskaintzen dituenaren eskutik, aurten urarekin jolastuko dugu swing erritmora eta hegoaldeko haizearekin. Eskola-haurrentzako Jarduerak, hezkuntzaren arlora bideratutako ekimenak dira, horien artean aurten "Neguko Menu" goxoa ekarriko diguten Eskola Kontzertuak, Tailerrak, Entsegu Irekiak eta abar daude. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkar hartuta izango diren musika-ekitaldiek 2011-2012 denboraldian gehieneko 5 puntutik, 4,5eko puntuazioa lortu zuten parte hartzaileen artean egindako balorazio inkestetan.
Ezin ahaztu Sinfokids II DVDaren aurkezpena, gure proposamenak, etxeko txikiei musikaren poesia hurbildu nahi die modu jolaskor, argi, bizi eta alaian.
Eskola Kontzertuak, Musika Gelaren denboraldiko lehenbiziko hitzordua. Abenduaren 11tik 14ra bitartean 26 ikastetxetako 1800 haur etorriko dira Euskadiko Orkestraren egoitzan izango diren kontzertu hauetara. Orkestrak Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalarekin lankidetzan antolatutako IV. Eskola Kontzertuen lehenengo txandan, "Neguko Menua" izenburudun kontzertu sinfonikoa izango da. Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako kontzertu honek izaera ludikoa du eta musikaren eta gure ikaslegoari oso gertuko zaion beste arte baten, hau da, gastronomiaren ezaugarrien arteko kidetasun zein antzekotasunekin jolastuko du.
Kaleido, XIX eta XX.mende-arteko frantziar musikari begirada anitza

Abenduaren 1 larunbatean Kaleido ganbera taldeak XIX eta XX. mendeen arteko mugan kokatuko du beste behin Miramongo Matinéeak zikloa. Oraingoan garai hartako frantziar musika zein parametrotan mugitzen zen ezagutzeko: beste diziplina artistikoekin harreman zuzenean, dantza, literatura eta bestelako musikekin lotuta, munduari irekia eta unibertso artistiko aberats horretatik sortutako hots-aukera anitzari zabalik aurkezten da. Horren erakusle, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera zikloko hitzordu goiztiar honetan entzungai izango ditugun Claude Debussy, Darius Milhaud eta Ernest Chausson-en obren aukeraketa.
Kontzertuaren muina Ernest Chaussonen Piano, biolin, eta hari-laukoterako kontzertua re maiorrean, opus 21. Bi formazio klasiko biltzen ditu: piano-biolin duo-sonata eta hari-laukotea. Emaitza, indar itzela duen talde ezohikoa. Bere garaikideen artean "Wagner frantziarra" izenez ezaguna, konpositore post-erromantiko hau XIX. mende amaierako frantziar musikarien (Massenet, Franck, D'Indy, ...) eta XX. mendearen hasierako konpositoreen arteko (Saint-Saëns edo Debussy) nolabaiteko giltzarri izan zen.
Chausson-en inguruan, Kaleido taldeak Debussyren 3. Sonata biolin eta pianorako sol minorrean aukeratu du; hasiera batean XVIII. mendeko erara idatzitako sei sonata aurreikusten zituen proiektu baten azken obra izan zen hau konpositorearen partiturarik perfektuena bilakatu zen askorentzat.Eta bi menderen arteko garai honi botatako begirada berezi hau osotzeko, Milhauden 4. Kuartetoa; sortzaile honek musika forma ugaritan bilatu zuen etorria eta bere etiloak, liriko zein alaiak, folklorearen eta jazzaren kutsua du.
Kaleido taldea osatzen dute Irene Echeveste, Emeline Pierre eta Nathalie Dabadie, biolinak, Natacha Dupuy-Scordamaglia, biola, eta Natalia Díaz, biolontxeloa, guztiak Euskadiko Orkestrako kide, eta Patricia Azanza pianojotzailea.
