Asteazkena 26 Iraila, 2012

Euskadiko Orkestrak Andrey Boreykoren eskutik irekiko du Abonu Denboraldia

Euskadiko Orkestrak Andrey Boreykoren eskutik irekiko du Abonu Denboraldia
Irailaren 28an Gasteizen, urriaren 1an eta 3an Donostian, 2an Iruñan eta 4an Bilbon.

Irailaren 28 ostiralean Gasteizko Principal Antzokian abiatuko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2012-2013 Abonu Denboraldia. Orkestrak ohiko lau hiribiruetan orain hasi eta 2013ko ekainaren 17a bitartean eskainiko dituen 54 kontzertuetatik lehena izango da. "Requiem atsegina, sinfonia klasikoa" izenburudun programan, bere zuzendari printzipal gonbidatu Andrey Boreykoren zuzendaritzapean eta Iruñako Orfeoia, Arantza Ezenarro sopranoa eta José Antonio López baritonoa lagun dituela, Orkestrak L. Ondarraren Padre Nuestro, G. Fauréren Requiema eta J. Brahmsen 2. Sinfonia intepretatuz abiatuko du denboraldi berria. 28an Gasteizen, urriaren 1an eta 3an Donostian, 2an Iruñan eta 4an Bilbon.

Lorenzo Ondarraren (Bakaiku, 1931-Pamplona, 2012) Padre Nuestro obraren orkestrarako bertsioaren erabateko estreinaldia duela gutxi zendutako konpositoreari omenaldia bilakatuko da kontzertuaren hasieran. Orkestrarekin batera Igor Ijurrak zuzentzen duen Iruñako Orfeoia arituko da. Ondoren, Fauréren Requiem txalotua bertsio sinfoniko-koralean izango da entzungai. Honetan Arantza Ezenarro sopranoa eta José Antonio López baritonoa arituko dira, Iruñako Orfeoiaz gain. Egitaraua osotzeko, bigarren zatian Brahmsen 2. Sinfonia re maiorrean izango da atriletan. Partitura hau alemaniar konpositorearen katalogoa osatzen duten obren artean klasikoenetakoa dugu.

Andrey Boreyko Belgikako Orkestra Nazionaleko musika zuzendaria da irailaren 1etik eta bost urtetan zehar zuzenduko du berau. Halaber, Düsseldorfeko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra eta Euskadiko Orkestraren zuzendari printzipal gonbidatua da 2009 urtetik. Boreyko maisua joan zen uztailan New Yoreko Orkestra Filarmonikoa zuzednu ondoren itzuli da EOSen podiumera eta datorren azaroan ere lau kontzertutan zuzenduko du, Frank-Peter Zimmermann biolinjotzailea bakarlari gonbidatu dela. Bestalde, New York izan da Iruñako Orfeoiaren azken helburuetako bat: ekainan Lincoln Center-era itzuli eta arrakasta nabarmena lortu zuen (2010ean gainera Carnegie Hall aretoan aritzen zen estatuko lehen abesbatza bilakatu zen). Orfeoia emanaldi ezberdinetan izan da Orkestraren lankide, bai abonuan eta baita beste formatutan ere. Arantza Ezenarro eta José Antonio López estreinakoz arituko dira Abonu Denboraldian.

 

Informazio gehiago

Esku-egitaraua
Asteazkena 12 Iraila, 2012

Euskadiko Orkestrak kontzertu bat eskainiko du XX Otoño Musical Soriano jaialdian

Euskadiko Orkestrak kontzertu bat eskainiko du XX Otoño Musical Soriano jaialdian
Irailaren 20an Soriako Palacio de la Audiencia kulturgunean.

Euskadiko Orkestra estreinakoz arituko da aurtengoan hogeigarren aldia duen Otoño Musical Soriano jaialdian. Irailaren 20a ostegunean Palacio de la Audiencia kulturguneko Odón Alonso aretoan ariko da. Lorenz Nasturica-Herschcowicik zuzenduta, Judith Jáuregui donostiar pianojotzailea ariko da bakarlari. Emanaldi honetarako aukeratutako egitarauak Beethovenen Coriolan-en obertura eta Mozarten Piano eta orkestrarako 9. Kontzertua eta 40. Sinfonia biltzen ditu.

Hogeigarren edizioan, Otoño Musical Soriano jaialdiak omenaldia egingo dio 2011ko otsailan zendutako Odón Alonso sortzaileari. Odón Alonsok lotura estua izan zuen Euskadiko Orkestrarekin honen hastapenetan, 80ko hamarkadan. Izan ere, bera izan zen Orkestran Abonu Denboraldiaren historian lehenbiziko zuzendari gonbidatua. Irailaren 7tik 23ra jaialdian ariko dira Madrilgo Capilla Real, Orquesta Sinfónica de Castilla y León edo Estrella Morente flamenko-kantaria, besteren artean.

Euskadiko Orkestrak kontzertino printzipal gonbidatu eta Municheko Orkestra Filarmonikoko kontzertino Lorenz Nasturica-Herschcowocik zuzenduta egingo du debuta Sorian. Mozarten Pianorako 9. Kontzertua interpretatzerakoan Judith Jáuregui izango du bakarlari gonbidatu. 2011ko azaroan Abonu Denboraldian debuta eta orain Simón Bolívar Orkestrarekin Diego Matheuzen zuzendaritzapean debuta egin ostean ariko da berriz ere Orkestrarekin.

Astelehena 10 Iraila, 2012

Euskadiko Orkestraren kontzertua Côte Basque jaialdian

Euskadiko Orkestraren kontzertua Côte Basque jaialdian
Irailaren 11 asteartean, Donibane Lohitzuneko elizan.

Euskadiko Orkestra Musique en Côte Basque jaialdira itzuliko da irailaren 11 asteartean. Jun Märkl maisuaren zuzendaritzapean, kontzertu bat emango du Donibane Lohitzuneko Elizan 21:00etatik aurrera. Bakarlari lanetan, Thomas Ospital organo-jotzaile gaztea eta atriletan euskal eta frantziar musika, Aita Donostia, Claude Debussy (bere jaiotzaren 150 urteurrenean) eta Camille Saint-Saënsen obrak izango direlarik entzungai.

Musique en Côte Basque jaialdi entzutetsuaren 53. edizioa da aurtengoa eta honetarako Claude Debussy konpositore frantziarraren jaiotzaren 150. urteurrena aukeratu da argudio nagusi. Abuztuaren 22an, musikagilearen jaiotza egunean hasi eta irailaren 14a bitartean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaz gain, Askain, Angelu, Miarritze, Baiona eta Ziburuko eszenatoki ezberdinetan Bruselako Orkestra Filarmonikoa, Hervé Niquet-ek zuzendua, Quattuor Debussy, Isabelle Faust eta Alexander Melnikov edo Jean Yves Thibaudet ariko dira, besteak beste.

 

Osteguna 06 Iraila, 2012

Euskadiko Orkestrak "The Impossible" filmaren soinu-banda aurkeztuko du Zinemaldiaren baitan

Euskadiko Orkestrak "The Impossible" filmaren soinu-banda aurkeztuko du Zinemaldiaren baitan
Irailaren 22an Orkestraren egoitzan izango den doako kontzertu batean.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Telecinco Cinema eta Apaches Entertainment-en eskutik, "The Impossible" filamaren soinu-banda originala aurkeztuko du Zinemaldiaren baitan irailaren 22an izango den kontzertuan.

Euskadiko Orkestrak "The Impossible" pelikularen soinu-banda honen egile Fernando Velázquezen zuzendaritzapean interpretatuko du. Egitaraua osotuz, "El Orfanato", J.A. Bayonaren aurreko filmaren eta zuzendari honen "El hombre esponja" laburmetraiaren soinu-bandak izango dira entzungai, hauek ere Fernando Velázquezek idatziak.

"The Impossible" filmaren soinu-bandaren aurkezpen-kontzertuak filma honek Donostiako Zinemaldian izango duen presentzia osatuko du: luzemetraia sail ofizialean emango da eta protagonista den Ewan McGregor aktoreak Donostia Saria jasoko du bere karrera osoaren aintzatespen gisa.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak aurrez Zinemarenganako gerturatze ezberdinak egin ditu dagoeneko, hauetako batzuk Donostiako Zinemaldiaren barruan: Carmelo Bernaolaren musika zuen King Vidorren The crowd filmaren eta Zamecniken Wings filma mutuen soinu-banden grabaketa adibidez. Lalo Schifrin Misión Imposible filmaren soinu-bandaren egile argentinarraren zuzendaritzapean hainbat kontzertu eskaini ditu film ezberdinen soinu-bandak interpretatuz. Eta 1991 eta 1992 urteetako edizioetan erabili zen Zinemaldirako sintonia grabatu zuen eta baita El mal ajeno luzemetraiaren soinu-banda ere; hau ere The Impossible-ren soinu-bandaren egile Fernado Velázquez-ek sortua.

Kontzertua irailaren 22an izango da, 12:00etan Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitzan (Miramon Pasealekua, 124). Sarrera doakoa izango da eta beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea Zinemaldiak Donostiako Okendo Plazan izango duen karpan ("info-shop" informazio gunean), irailaren 15etik 21era 10:00etatik 20:00etara. Sarrerak aforoa bete arte eskuragarri. Bat pertsona bakoitzeko.

The Impossible filma 2012ko urriaren 12an estreinatuko da Espainian Warner Bros Pictures Intl. España-ren eskutik.

Asteartea 04 Iraila, 2012

IV. Musika Laborategia aurkeztu berri da, egungo konposizioa ardatz izango duena

IV. Musika Laborategia aurkeztu berri da, egungo konposizioa ardatz izango duena
Bost konpositore egungo konposizioa eta XXI. mendean orkestrarako idaztearen erronkaren inguruko topaketaren protagonista, irailaren 5ean Orkestraren Miramongo egoitzan.

Miramonen aurkeztu berri da IV. Musika Laborategia. Konposizio garaikidea ardatz nagusi izango du eta MUSIKAGILEAK, Euskal Herriko Musikagileen Elkartearekin lankidetzan burutuko da. Prentsaurrekoan aritu dira EOSeko Zuzendari Nagusia, Iñigo Alberdi; Iñigo Aizpiolea Musikagileak Elkartearen ordezkari: Laborategiaren Zuzendari Nacho de Paz, proiektuan esku hartuko duten bost konpositoreak eta Josetxo Silguero, interpretatuko diren obratako baten bakarlaria.

IV. Orkestrak Euskadiko musikarien esku jartzen duen esperimentazio artistikorako gunea da Musika Laborategia. Aurreko hiru alditan bakarlari gazteak, zuzendari hasiberriak eta profesionalizatze bidean ari ziren biolajotzaileak izan dira Orkestrarekin alor bakoitzean adituen gidaritzapean lan egiteko aukera izan dutenak. Orain, berriz, Musikagileak elkarteko bost konpositoreren txanda izango da. Mikel Urquiza, Aurélio Edler-Copes, Javier Jacinto, Juan José Eslava eta Mª Eugenia Luc-ek beren sorkuntza berrienak Orkestrak interpretaturik entzun ahal izango dituzte.

Musika Laborategia Orkestraren zuzendari titular Andrés Orozco-Estradaren ekimenez sortu zen, musikari gazteei beren ibilbide profesionalaren hasieran laguntza ematea helburu harturik. Lehenbiziko edizioan, 2010eko apirilean, Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) hainbat bakarlarik Andrés Orozco-Estrada maisuarekin lan egiteko aukera izan zuten. Zenbait lan-aldiren ostean, Euskadiko Orkestrarekin debuta egin zuten Miramongo egoitzan izandako kontzertu batean. Bigarren Laborategian, aurtengo martxoan, jatorri ezberdinetako zuzendari gazte talde batek Andrés Orozco-Estradarekin lan egin zuen hainbat egunetan eta ondoren Orkestra zuzendu zuten Miramongo Matinéeak zikloaren baitan. 2011ko udazkenean hirugarren Musika Laborategia ospatu zen. Hogei urtez Berlingo Orkestra Filarmonikoko biola bakarlari eta zuzendari Wolfram Christek zuzendu zuen eta Musikeneko ikasleekin lankidetzan burutu zen.

Orain konposizioaren txanda da, MUSIKAGILEAK Euskal Herriko Konpositoreen Elkartearen eskutik. Irailaren 5eko topaketan konferentzia/mahai inguru bat izango da; arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Laborategian arituko diren bost konpositoreak "XXI. mendean orkestrarako idaztearen erronka: paradoxa, utopia edo aukera?". Jardunaldi honen ondoren, 20:00etan Euskadiko Orkestrak kontzertu bat eskainiko du, aukeratutako bost obrak interpretatuz. Hauetako batean Josetxo Silguero ariko da bakarlari. Guztiak Nacho de Paz-ek zuzenduta. Sarrera doakoa da. 

Asteazkena 22 Abuztua, 2012

Euskal Konpositoreen Bilduma itxiko duen Bernaolaren diska grabatzen

Euskal Konpositoreen Bilduma itxiko duen Bernaolaren diska grabatzen
15. zenbaki honek Euskadiko Orkestrak 1997.ean abiatutako bilduma osotzen du.

Denboraldiko lehenbiziko kontzertuen ostean, abuztuaren 29tik hasi eta irailaren 1 larunbatera bitartean, Euskadiko Orkestra Miramongo egoitzara bilduko da bere Euskal Konpositoreen Bildumako 15. zenbakiaren grabaketa burutzeko. Carmelo Bernaolaren lanari eskainitako CD monografiko honek Orkestraren proiektu diskografiko nabarmenena itxiko du. Hamabost emanalditan bilduma honek euskal musikaren partitura nabarmenenak bildu ditu etorkizunerako, ezinbesteko erreferente bilakatu delarik.

Diskaren musika zuzendaritza Bernaolaren beraren dizipulu eta 90. hamarkadaren amaiera aldera Orkestraren zuzendari elkartu izandako Juanjo Menaren esku izango da eta Leticia Moreno biolinjotzailea arituko da bakarlari.

1997. urtean abian jarritako Bilduma Pedro Sanjuán, Valentín de Zubiaurre, Beltrán Pagola, Luis de Pablo, Juan Crisóstomo de Arriaga, Aita Madina, Tomás Garbizu, Aita Donostia, Pablo Sorozábal, Francisco Escudero, Andrés Isasi, Jesús Arámbarri, José Mª Usandizaga eta Jesús Guridiri eskainitako bolumenek osotzen dute.

Aurreko diskak bezala, hamabosgarren hau ere Claves suitzar diskoetxeak kaleratuko du eta hasieratik bilduma osoaren babesle izandako MONDRAGON erakundearen babesa izango du.

Diska datorren abenduan kaleratuko da.

 

Asteartea 21 Abuztua, 2012

Euskadiko Orkestrak doako bi kontzertu eskainiko ditu irailan

Euskadiko Orkestrak doako bi kontzertu eskainiko ditu irailan
Sorkuntza garaikidea eta zinemarako musika ardatz, irailaren 5ean eta 22an Miramongo bere egoitzan.

Irailaren 5ean eta 22an doako kontzertu bana eskainiko du Orkestrak Miramongo bere egoitzan. Publiko orori irekiak izango dira, aretoa bete arte (ez da gonbidapenik behar).

Irailaren 5ean: MUSIKA LABORATEGIA. Musika Gairaikidearen Inguruko Topaketa, Musikagileak Euskal Herriko Musikagileen Elkartearekin lankidetzan. "XXI.mendean orkestrarako idaztearen erronka"ren inguruko topaketa bati amaiera emateko, Euskadiko Orkestrak egungo konpositoreen obrak bilduko dituen kontzertua eskainiko du, Nacho de Paz zuzendari gaztearen gidaritzapean. 20:00etan Miramongo Egoitzan. Doako sarrera aretoa bete arte.

Irailaren 22an: "Lo Imposible" filmaren Soinu Bandaren aurkezpena. Zinemaldiaren baitan. "Lo Imposible" filma urrian estreinatuko da zinematan eta aurrez emanaldi bat izango da Donostiako Nazioarteko Zinemaldian. Estreinaldiarekin batera, Euskadiko Orkestrak filmaren soinu banda aurkeztuko du. Fernando Velázquezek sortutako soinu banda honekin batera Velézquezek berak "El Orfanato" edo "El hombre esponja" pelikuletarako idatzitako soinu bandak ere interpretatuko ditu Orkestrak. Fernando Velázquez izango da gainera kontzertuaren zuzendari arituko dena. 12:00etan. Miramongo Egoitzan. Doako sarrera aretoa bete arte.

Ostirala 17 Abuztua, 2012

Euskadiko Orkestrak kontzertu batekin agurtuko du Txirri, Mirri eta Txiribitoenen 40 urteko ibilbidea

Euskadiko Orkestrak kontzertu batekin agurtuko du Txirri, Mirri eta Txiribitoenen 40 urteko ibilbidea
Abuztuaren 21ean Euskalduna Jauregian, Bilboko Aste Nagusiaren baitan.

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek beren ibilbide artistikoa abian jarri zutela 40 urte betetzen dira aurten. Urtebetetze honen ospakizuna eszenatokiei agurra izango da gainera pailazoentzat.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, urteotan Txirri, Mirri eta Txiribitonen lankide izanik, beren agurraren urtean ere parte hartu nahi izan du. Horrela, Euskadin barrena burutzen ari diren ekitaldien artean Orkestra lagun dutela Bilboko Aste Nagusiaren baitan abuztuaren 21ean arratsaldeko 19etan Euskalduna Jauregian eskainiko duten kontzertua dugu.

"40 urteko algara" izenburupean, barre egin eta abestea helburu izango dituen algararen festa honetan ez da musika onena faltako eta familiarteko publikoari zuzenduko zaio. Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Orkestrak pailazoen abestirik ezagunenen aukeraketa zabal bat interpretatuko dute, horien artean "Txirri, Mirri eta Txiribiton", "Pintto, Pintto", "Zapi zuria", "Behin edo behin", "Paristik natorren"... horretarako lagun izango dituzte Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior, Bilboko Koral Elkarteko Kontserbatorioko Abesbatza eta Araoz Txiki eta Easo Txiki abesbatzak. Entzulegoa ere kantu kantari aritzea espero dute gainera, aurrez ekainan Donostiako Kursaal Auditorioan eta Gasteizko Principal Antzokian gertatu bezala. Eta guztiak zuzentzeko, Juan José Ocón maisua.

Euskadiko Orkestrak eta Txirri, Mirri eta Txiribitonek lau hamarkadetan zehar belaunaldi ezberdinei transmititutako algara eta umore ona gogora ekartzeko eskainiko duten kontzertu honen inguruan sortutako ikusmina dela eta, emanaldia izateko egun batzuk falta direla sarrera bakar batzuk besterik ez dira geratzen salgai. 

Osteguna 16 Abuztua, 2012

Euskadiko Orkestra Musika Hamabostaldiak Francisco Escuderori egingo dion omenaldian

Euskadiko Orkestra Musika Hamabostaldiak Francisco Escuderori egingo dion omenaldian
Abuztuaren 17an Donostiako Kursaal Auditorioan, Pascal Rophéren zuzendaritzapean.

Abuztuaren 17an Euskadiko Orkestrak Musika Hamabostaldiak Francisco Escuderori bere jaiotzaren mendeurrena ospatzen den honetan eskainiko dion omenaldian arituko da. Pascal Rophék zuzenduta, Donostiar konpositorearen partitura ezagun Illeta interpretatuko du. Orkestrarekin batera, Andra Mari Abesbatza eta José Manuel Díaz baritonoa. Kontzertua osotzeko, Marta Zabaleta pianojotzailea arituko da bakarlari.

Xabier Lizardiren obraren gainean Escudero maisuak sortutako Illeta obra Euskadiko Orkestraren lehenbiziko grabaketa diskografikotariko bat bilakatu zen 1984ean. Horretaz gain, 2001ean Orkestrak bere Euskal Konpositoreen Bildumako V. bolumena (cd bikoitza, CLAVES) eskaini zion eta 2008an Gernika bere operaren estreinako edizioa kaleratu zuen (DECCA).

Ostirala 10 Abuztua, 2012

Euskadiko Orkestra itsasoari begira datozen hilabetetarako argazki ofizialetan

Euskadiko Orkestra itsasoari begira datozen hilabetetarako argazki ofizialetan
Erreportajea Ondartxon, Pasaiako Itsas Kulturaren Zentruan burutu da.

Euskadiko Orkestrak Ondartxo, Pasaiako Itsas Kulturaren Zentrua, eta bertan dagoen Jaizkibel draga aukeratu ditu 2012/2013 denboraldian bere irudia izango diren argazkiak burutzeko.

Tradiziozko itsasontzien ikerkuntza eta berreskuraketarako espazio honek euskaldunok itsasoarekin antzinatik izandako harreman estua erakusten du. Bertan garai eta tamaina ezberdinetako ontziak zaharberritzen dituzte euskal ontzi-ondarea babesteko. Han dago halaber duela gutxi zaharberritutako "Jaizkibel" lurrin draga, 80ko hamarkadara arte Pasaiako uretan erabili zena. Espazio honek itsas ingurunean aukera ezberdinak eskaini dizkio erreportaia burutu Juantxo Egañari.

Hona hemen erreportaia nola egin den erakusten duten hainbat irudi.

Orriak