Astelehena 12 Martxoa, 2012

Musika Fmailian: asteburu honetan "Sorpresa kutxa" izango da

Musika Fmailian: asteburu honetan "Sorpresa kutxa" izango da
Martxoaren 17 larunbatean Gasteizko García Lorca Antzokian eta 18an Donostiako Kursaaleko ganbera-aretoan.

Asteburu honetan "Musika Familian" zikloa etxeko txikienentzako hitzordu berri batekin itzuliko da: martxoaren 17 larunbatean Gasteizko Udalarekin koprodukzioan arabar hiriburuko García Lorca Antzokian eta igandean, hilak 18, Kursaal fundazioarekin koprodukzioan Kursaaleko ganbera-aretoan. Stick Dance Quartet perkusio-taldeak ia edozein objektu musika-instrumentu bilakatu daitekela erakutsiko digu "Sorpresa kutxa" egitarauaren bidez. Xamurra, egunerokoa, umorezkoa eta, betiere, perkusioaren munduari darion sentsibilitatez eta dituen aukera espresiboez betetako proposamena izango da; bizitza bera sorpresa kutxa baita. Donostian adin guztietarako kontzertua izango den bitartean, Gasteizkoa bereziki haurtxoentzako prestatutako bertsioa izango da.

Kalitatea eta dibertsioa. Stick Dance Quartet taldeak, Euskadiko Orkestrako kide zein lankidek osatua, bere gaitasun dramatiko zein musikazko oro erabiliko ditu entzulegoarentzat dibertigarria eta interpreteentzat musikalki konplexua den muntaia honetan.

Donostiako kontzertuaren aurretik, Sentsibilizazio Tailerra. Kursaaleko ganbera-aretoko kontzertuaren aurretik, 16:45etan sentsibilizazio tailerra izango da. Entzute aktiboa bultzatzera zuzendutako jarduera honetan ondorengo kontzertuarekin erlazioa izan dezaten diseinatutako ariketak lantzen dira. Oraingoan Ana Eguiazabalek zuzenduko duen tailer hau doakoa du kontzerturako sarrera duen ororentzat, baina tokia mugatua da. Bertaratu ahal izateko Kursaal Elkarguneko Bulegoetako 943 00 31 80 telefonoan izena eman behar da.

Osteguna 08 Martxoa, 2012

KlasikAT zikloaren hirugarren kontzertu-sorta aurkeztu berri da

KlasikAT zikloaren hirugarren kontzertu-sorta aurkeztu berri da
Euskadiko Orkestra Kepa Junkerarekin batera arituko da martxoaren 21etik 28ra Iruña, Donostia, Bilbo eta Gastezien izango diren kontzertuetan.

Aurkeztu berri da Bilboko Arriaga Antzokian KlasikAT zikloaren hirugarren kontzertu-sorta. Prentsaurrekoan aritu dira Iñigo Alberdi, Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusia, Kepa Junkera, konpositore eta trikitilaria, Emilio Sagi, Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoa, eta Nerea Lupardo, kontzertu hauen babesle den Euskaltel-en izenean. Guztiak bat etorri dira ekimen honetan esku-hartzeak eragin dien poza adierazterakoan.

Guztira bost kontzertu izango dira: martxoaren 21ean Iruñeako Baluarten, 22an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, 23 eta 24an Bilboko Arriaga Antzokian eta amaitzeko, martxoaren 28an Gasteizko Principal Antzokian.

Proiektu hau 2010 urtean Orkestra eta Keparen arteko estreinako elkarlanaren ondorioz sortu zen. Topaketa hura orain KlasikAT zikloaren kontzertu-sorta berri bat bihurtuko den lanaren oinarria izan zen. Euskadiko Orkestraren aldaberatasuna ezinbestekoa izan da jatorri, genero eta erritmo ezberdinen arteko fusioa inspirazio iturri duen musikari autodidakta honen obrari aurre egiteko garaian.

Aurrekoan bezala, Orkestrak Enrique Ugarte maisuaren gain utzi du KlasikAT berri hau zuzentzearen ardura. "Swing Gaua" zuzentzeaz gain, Alemanian bizi den tolosar zuzendari hau sarritan aritu da Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan, esaterako Mike Oldfield-en "Music of the Spheres" diskoaren mundu-mailako aurkezpenean edo Benito Lertxunidrekin batera gauzatutako "Auhen Sinfonikoa" diskoaren grabaketan.

"Ipar Haizea". Kontzertu hauetan aurkezten den egitaraua HiriRecords-ek argitaratutako "Ipar Haizea" diskoan jaso da. Egunotan salmentan jarriko den lan hau Kepa Junkerak burututako estreinako disko sinfonikoa da.

KlasikAT egitasmoarekin Orkestrak bere musika eskaintza publiko anitzei zabaltzea du helburu, musika klasikoaz urrun geratzen diren eta orkestra baten ibilbide sinfonikoan arrotzak diren errepertorioak landuz. Horretarako Orkestrak beren musika-alorrean nabarmenak diren artista ospetsuekin bat egiten du. Honela, Michel Camilo pianojotzailearen eskuetatik irtendako latindar jazz onena eta Swing Gaua izan ziren 2010 eta 2011 urteetan egindako proposamenak.

Euskaltel-en babesa izango duten kontzertu hauetarako sarrerek 15 eurotako prezio bakarra dute eta ohiko salmenta-bideetan eros daitezke:

-Baluarte Auditorioa, Iruña: Auditorioko leihatilan (948 06 60 60), ServiCaixa (902 33 22 11), ServiCaixa kutxazainetan, www.baluarte.com.
-Victoria Eugenia Antzokia, Donostia: Antzokiko leihatila (943 48 18 18), Telekutxa (943 00 12 00) eta www.kutxasarrerak.net.
-Arriaga Antzokia, Bilbao: Antzokiko leihatila (944 310 310), BBKren orotariko kutxazainetan eta www.bbk.es.
-Principal Antzokia, Gasteiz: Antzokiko leihatilan, Udaletxeko telefono zerbitzua (945 16 10 45) eta http://entradas.cajavital.es, www.vitoria-gasteiz.org/teatros.

Asteazkena 07 Martxoa, 2012

Idoan taldea Miramongo Matinéetan

Idoan taldea Miramongo Matinéetan
Johannes Brahms eta Astor Piazzollaren musika interpretatuko du martxoak 10 larunbatean.

Martxoaren 10 larunbatean Miramongo Matinéeak zikloak Idoan ganbera-taldearen kontzertu bat hartuko du berean. Idoan ohikoa dugu jada Euskadiko orkestraren ganbera-zikloan. Oraingoan, "Udaberria, uda, udazkena, negua... Udaberria" izenburupean, Johannez Brahms eta Astor Piazzollaren partitura bana aukeratu dute. Lehena lehenbiziko emanalditik dute lagun eta bigarrenaren lanak taldeak bere errepertorio modernoa zabaltzeko asmoari erantzuten dio.

Idoan taldea ganbera musikarenganako maitasunak bultzaturik errepertorio klasiko, erromantiko eta modernoa sakonki lantzea erabaki zuten euskal musikari talde batek otsatzen du. Errepertorio oso zabala du taldeak, klasizismotik hasi, besteak beste Mozarten obrak bilduz, eta minimalismora, Philip Glass eta abarren lanak barne. Formazio ezberdinak hartzen ditu gainera, hari-hirukotea edo laukotea zein boskotea pianoarekin, esaterako. Bost bakarlariak hari-instrumentuen eskola onenetatik datoz eta ganbera-musikaren arloan kohesio nabarmena lortu dute, bai hotsari dagokionez eta baita teknika interpretatiboari dagokionez ere. Eskaini dituzten kontzertuen artean aipagarriak dira Miramongo Matinéeak zikloaren baita aurrez eskainitakoak eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren ganbera-musika zikloan, Euskalduna Jauregian, El Cuartito del Arriaga zikloan, Arriaga Antzokain, Oñatiko Santa Ana Komentuan edo Astigarragako Musika Eskolan eskainitako kontzertuak, besteak beste.

Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak http://www.kutxasarrerak.net eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.

Osteguna 01 Martxoa, 2012

Kirmen Uribe estreinakoz arituko da Euskadiko Orkestraren eszenatokietan

Kirmen Uribe estreinakoz arituko da Euskadiko Orkestraren eszenatokietan
Martxoaren 5etik 9ra, Abonu-Denboraldiko hurrengo programan.

Martxoaren 5etik 9ra Euskadiko Orkestrak bere Abonu-Denboraldiko zortzigarren programari dagozkion kontzertuak eskainiko ditu. "Mundu Berriaren Binetak" izenburupean, Kirmen Uribe estreinakoz izango da Euskadiko Orkestraren eszenatokietan eta Bilbao-New York-Bilbao (Narratiba Sari Nazionala 2008) bere eleberriko zatiak kontatuko ditu. Atriletan, berriz, Copland, Barber, Bernstein, Aita Donostia eta Dvoráken musika. Kontzertuak izango dira martxoaren 5 eta 8an Donostiako Kursaalean, 6an Iruñeako Baluarten, 7an Bilboko Euskaldunan eta 9an Gasteizko Principal Antzokian.

Kontzertu hauek komunikabideei aurkeztu zaizkie Orkestraren egoitzan egin den prentsaurrekoan. Bertan mintzatu dira Iñigo Alberdi, Orkestraren zuzendari nagusia, Kirmen Uribe, idazlea eta narratzailea, eta Lawrence Renes zuzendaria.

Musika eta literatura bat egiteak izaera propioa duen arte-lana sortuko du. Bere osotasunean bi diziplina artistikoen elkartzea gainditu eta haratago doan arte-lana, hori izango da "Mundu Berriaren binetak"; hemen mundo berria ez derizo amerikar kontinenteari soilik, literatura eta musika uztartzetik eszenatokian zuzenean sortuko denari ere bai.

Musikari dagokionez, egitarauak ere Kirmen Uriberen eleberrian islatzen den bidaiaren ideia, Euskadi eta Estatu Batuen arteko lotura jasotzen du, poetaren kontakizunean hitzen azpian gordetzen den soinu banda bilakatuz, nolabait esateko. Aukeratutako zatiak bezala, bere nortasunaren bila dabilen norbait irudikatzen duten ezin konta ahala ñabarduradun hotsak dira. Soinu banda hori Copland-en Fanfare for the Common Man, Aita Donostiaren Rapsodia Bascongadako Itsasoan, Bernstein-en Candideko oberturak, Barber-en Harientzako Adagioak eta Dvorák-en Mundu Berriaren Sinfoniak osatzen dute. Kirmen Uribek egindako teatralizazio txikiak eta landutako argiztapenak Atlantikoaren bi aldeen arteko zeharkaldiaren ideia indartuko dute halaber.

Orkestrak bere Denboraldiaren baitan Honneger-en David Erregea, Shostakovitch-en Babi Yar Sinfonia (Xabier Elorriaga narratzaile zela) edo Aragüesen Vita (Bernardo Atxagaren poemak Andoni Alemanek errezitatu zituelarik) programatu baditu ere, nobela baten zatiak oinarri harturik programa bat diseinatzen den eta Orkestrak testuen egilearen beraren lankidetza duen lehenbiziko aldia dugu honako hau. Kirmen Uribek literatura bestelako arteekin uztartzen dituzten hainbat ikuskizunetan hartu du parte. Horien artean, Bar Puerto, eszenatokian poesia, musika, bideoa eta ahozko historia biltzen zituena, eta Zaharregia, txikiegia agian CD-liburua, New Yorken eman zituen errezital batzuen ondorioz sortua.

Lawrence Renes holandarra izango da kontzertu hauen musika zuzendaria. Bigarren aldia da Renes EOSen Abonu-Denboraldian zuzendari gonbidatu aritzen dela, 2010eko martxoan debuta egin ondoren.

 

Osteguna 08 Martxoa, 2012

KlasikAT Kontzertuak

Euskadiko Orkestra eta Kepa Junkera

Martxoaren 21etik 28ra bitartean KlasikAT zikloaren edizio berri bat eskainiko du Euskadiko Orkestrak; kontzertu ziklo hau ohiko programaziotik aldentzen da beste musika-estilo desberdinekin bat egiteko.

Aurten Kepa Junkerarekin elkartuko dugu gure Orkestra.

Informazio zabalagoa duzu gure web orrian. Sarrerak 15,00 €ko prezio bakarrean daude salgai eta, ohi bezala, Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñean izango gara.

Osteguna 23 Otsaila, 2012

Nor zen Ruth Gipps? Gipps Quartet taldeak Ruth Gippsen lana berreskuratuko du larunbat honetan Miramongo Matinéen baitan

Nor zen Ruth Gipps? Gipps Quartet taldeak Ruth Gippsen lana berreskuratuko du larunbat honetan Miramongo Matinéen baitan
gippesen beraren eta Jean françaix-en lanak interpretatuko dituzte Orkestraren egoitzan.

Otsailaren 25 larunbatean Miramongo Matinéeak zikloan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek osatutako Gipps Quartet-ek musika-pedagogia saio berri bat burutuko du, korno ingeles eta hari-hirukoterako bi lan berreskuratuz. Gainera, emanaldi goiztiar honek izango du beste eragingarririk: XX. Mendearen musikaren historian bere lekua merezi duen Ruth Gipps konpositorearen izena ezagutzera ematea, alegia. Gipps Quartet osatzen duten musikariak dira José Ignacio Aizpiri, biolina; Natacha Dupuy-Scordamaglia, biola; Juan Ignacio Emme, biolontxeloa, eta Rafael Alonso, korno ingelesa.

Ruth Gipps (1921-1999), laukoteari izen ematen dion sortzaile, zuzendari eta irakasle britainiarra, musikari emankorra izan zen, ganbera zein musika sinfonikoko partitura ugariren egile. Orkestrarako lanen artean, hainbat sinfonia eta kontzertu idatzi zituen, oboe eta orkestrarako kontzertu ezberdinak barne. Aipagarria da, halaber, irakaskuntzaren alorrean Trinity College of Music edo Royal College of Musica bezalako erakunde ospetsuetan egindako lana. Vaughan Williamsen ikasle nabarmena, izaera adoretsu zein interesgarria izan zuen Ruth Gipps-ek, are gehiago bizi izan zituen garaietan, gauzak ez baitziren errazak izan bere bizitza musikari eskaini ziion emankume honentzat. Julian Lloyd Webber biolontxelojotzailearen hitzetan, "bera bezalako jenderik gabe, ezin izango genuen errepertorioaren inguruan beharrezko genuen eskarmentua geureganatu. Bere gogo bizia kutsakorra gertatzen zen". Talentu aparta eta musika-ezagutza sakona izan arren, Ruth Gippsen lana ia ezezaguna da, baita bere jaioterrian ere.

Entzungai izango diren bi obrak instrumentu hau eta hari-hirukotearen hotsa lantzeko bi estilo eta modu oso ezberdin zein bereziak aurrez aurre jartzeko izan dira hautatuak. Bata, Jean Françaix konpositore frantziarrak idatzia da. Duela mende bat jaiotako konpositore ospetsu honen estiloa modernoagoa da eta garaiko frantziar musikaren eraginpean agertzen da. Bestea, berriz, Ruth Gipps-ek sortu zuen ikuspuntu erabat ezberdin batetik, aukera teknikoen ezagutza pertsonala oinarri harturik (izan ere oboe eta korno ingeles interpretatzaile profesional izan baitzen Birmingham Hiria Orkestran, besteak beste) eta baita musika ingeles tradizionalaren eraginpean.

 

Asteartea 14 Otsaila, 2012

Euskadiko Orkestra "L'elisir d'amore" operan arituko da OLBEren denboraldian

Euskadiko Orkestra "L'elisir d'amore" operan arituko da OLBEren denboraldian
Otsailaren 18tik 27ra Bilboko Euskalduna Jauregian.

Orkestra bigarren aldiz ariko da OLBEren 60. Denboraldian. Joan zen urrian denboraldia ireki zuen Simon Boccanegra opera interpretatu ostean,Gaetano Donizettiren L'Elisir d'amore interpretatuko du orain.

Gaetano Donizettik hamabost egunetan idatzi zuen L'Elisir d'amore. 1832an Milanen estrienatua, bi aktutan banatutako opera komiko honek berehala lortu zuen arrakasta eta egun maisu-lantzat hartzen da. OLBEren denboraldira Gran Teatre del Liceu-ren ekoizpenean dator oraingoan, bilbotar opera denboraldian estreinakoz ari den Mario Gasen zuzendaritza artistikoaz. Euskadiko Orkestra José Miguel Pérez Sierraren gidaritzapean arituko da Euskaldunako zulogunetik. Zuzendari honek lehenbiziko aldiz zuzentzen du OLBEren denboraldian eta baita EOS ere. Bakarlari-taldearen buru Celso Albelo Tenerifeko tenorea eta Mariola Cantarero granadar sopranoa arituko dira. Opera Berri funtzioan Mikeldi Atxalandabaso tenorea eta Rocío Ignacio sopranoa arituko dira paper nagusienetan. Otsailaren 18tik 27ra Bilboko Euskalduna Jauregian.

Aurretik Orkestrak hiru alditan interoretatu du L'Elisir d'amore opera, bitan OLBEren denboraldiaren baitan eta behin Donostiako Musika Hamabostaldian.

Osteguna 09 Otsaila, 2012

Jazza harien kontra: Gonzalo Tejadak entzulego ororentzat jazz kontzertu proposatzen du Matinéetan

Jazza harien kontra: Gonzalo Tejadak entzulego ororentzat jazz kontzertu proposatzen du Matinéetan
Iñaki Salvador pianoan dela eta Euskadiko Orkestraren hari-laukote batekin.

Otsailaren 11 larunbatean Miramongo Matinéeak zikloan, jazz-kontzertu baten epeltasuna aitzakia ezin hobea izango da neguko goiz hotzean nagiak atera eta Euskadiko Orkestraren egoitzara hurbiltzeko. Gonzalo Tejada jazz-kontrabaxujotzaile eta konpositore ospetsuak Jazza harien kontra bere proiektu berria aurkeztuko du. Eta ez du bakarrik aurkeztuko, lagun izango baititu Iñaki Salvador pianojotzailea, Vincent Thomas bateria-jotzailea eta EOSeko kide Ortzi Oihartzabal, Jose Ignacio Aizpiri, Arkaitz Martínez eta Jon Larrazek osatutako hari-laukotea.

Jazza harien kontra proiektuak jazzean ohikoak diren instrumentuak musika klasikoan erabiltzen direnekin nahasten dituzten taldeen tradizioarekin bat egiten du. Jazzaren historian zehar, jada hastapenetatik, talde hauen adibide ugari daude. XX. mendeko 50eko hamarkadan, jazzaren eraginpeko hainbat kantari komertzialek - crooners izenez ezagunak-, horien artean Bing Crosby edo Frank Sinatra, talde mixto hauek lagunduta kantatu ohi zuten. Ondoren, 60 hamarkadan, eta Gunther Schuller-en eskutik Third Stream izena erabili zen instrumentuen bi munduen bat egitea aipatzeko, baina horrez gain kontzeptu edo estiloen fusioa ere biltzen zuen. Egun Vince Mendoza edo María Schneider bezalako konpositore eta moldatzaileek bide hau aztertzen dihardute, emaitza ederrak lortuz.

Gonzalo Tejadak moldatzaile gisa proiektu honi heldu zionean, hiru gauza izan zituen argi hasieratik. Batetik, instrumentu-talde bakoitzak ezaugarri duen bere estiloa oinarri harturik lan egin behar zuela: hari-laukoteak modu klasikoan, kontzertaturik eta inprobisaziorik gabe, eta piano-hirukoteak, berriz, jazzaren baitan egiten duen modura, modu askeagoan eta interaktiboki. Bestetik, errepertorioari dagokionez, jazz-kontzertua izatea du helburu, hari-laukote batek lagundutako jazz-talde batek interpretatua. Bere xedea ez da estiloen arteko fusioa gauzatzea, aurrez egin duen moduan ("En tránsito" NoCD Records 2001). Azkenik, kontzertua edozein publikorentzat erakargarri gertatzea nahi du biziki. Gonzalo Tejadaren beraren hitzetan, "Urte askotan, konpositore eta interprete moduan, proiektu ez komertzialtzat hartuak izaten diren egitasmoak gauzatu ostean, oraingoan edoizen entzulegorentzat, jazzean aditua den ala ez kontutan izan gabe, aproposa izango den errepertorioa moldatu eta interpretatzearen sentsazio berriaz gozatu nahi nuen". Esandakoa, larunbatean hotzak ezingo du jazz onena menderatu.

Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak www.kutxasarrerak.net eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.

Osteguna 02 Otsaila, 2012

Euskadiko Orkestra estreinakoz Hondarribiko Itsas-Etxea Auditoriumean

Euskadiko Orkestra estreinakoz Hondarribiko Itsas-Etxea Auditoriumean
Orkestra herrietan egitasmoaren barnean, kontzertua otsailaren 3an izango da, 20:00etatik aurrera.

Otsailaren 3 ostiralean Euskadiko Orkestra Hondarribira itzuliko da. Bere historian zehar bertan aritzen den bosgarren aldai izango da, baina oraingoan Orkestra hartuko duen eszenatokia erabat bestelakoa izango da, estreinakoz berriki zabaldutako Itsas-Etxea Auditoriumean izango baita. Jesús Echeverría zuzendari eta konpositorea izango da podiumetik Orkestra zuzednuko duena eta atriletan Beethoven izango da protagonista: bere Egmont partituaren obertura eta Hirugarren Sinfonia izanggo dira entzungai.

Jesús Echeverríak Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra, Letoniako Orkestra Nazionala, Errusiako Orkestra Nazionala, Concerto Orkestra eta The European Sinfonia zuzendu ditu besteak beste. Errusiako Orkestra Nazionalarekin Elegía bere obra estreinatu zuen eta Euskadiko Orkestrarekin Música para unas imágenes. Cuarteto de cuerda Nº 2 eta Ennea III lanek PABLO SOROZABAL saria eta Nafarroako Gobernuak emandako konsposizio lehenengo saria merezi izan zituzten, hurrenez hurren. 2000 urtean "Joaquín Turina" Nazioarteko Konposizio Saria merezi izan zuten Requiem sine Verbis obrarengatik. 2009an El silencio de las piedras estreinatu zuen, Fundación Autor eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren enkarguz. García Fajer-en Fundazioaren Orquesta Quivitas Musicae-ren zuzendaria da eta baita fundazio beraren Hariaren Trebakuntza Nazioarteko Zentroaren Orkestra-praktikaren katedraduna da. Gainera, musika garaikidearen analisi irakasle eta orkestra-ikasketen koordinatzailea da Musikenen.

Osteguna 02 Otsaila, 2012

Euskadiko Orkestrak Musika Gelaren denboraldi berria aurkeztu du

Euskadiko Orkestrak Musika Gelaren denboraldi berria aurkeztu du
Guztira 30tik gora musikazko topaketa izango dira, joan zen denboraldian 7.500 haur baino gehiago bildu zituen emimenaren baitan.

Orkestraren egoitzan aurkeztu berri da komunikabideen aurrean Orkestraren Musika Gelaren denboraldi berria. Prentsaurrekoan aritu dira Orkestrako zuzendari nagusia, Iñigo Alberdi; Orkestrako Hezkuntza Departamentuaren koordinatzailea, Mikel Cañada; Donostiako Udaleko Berdintasuneko, Migrazioko, eta Gazteriako zinegotzi ordezkaria, Naiara Sampedro; Kursaal Fundazioaren zuzendari artistikoa, José Antonio Echenique; El Diario Vasco-ren ordezkaria, Santiago Ipiñazar eta Txema Vitoria, Txirri, Mirri eta Txiribiton-en kidea.

Euskadiko Orkestrak Musika Gela izenpean biltzen ditu bertako Hezkuntza Departamentuak diseinatutako jarduera guztiak: Musika Familian, Gasteizen eta Donostian denboraldi orotan kontzertuak eskainiz, eta Eskola-haurrentzako Jarduerak, hezkuntzaren arlora bideratutako ekimenak aurrera eramanez, horien artean Eskola-haurrentzako Kontzertuak, Bisitak Orkestraren Egoitzara, Tailerrak Ikastetxeetan eta Entsegu Irekiak. Gainera Sinfokids-en bigarren denboraldian ari gara lanean.

Denboraldi honetan guztira 30etik gora dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkar hartuta izango diren musika-ekitaldiak. Aipagarria da joan zen denboraldian gure jarduerek 7.500 haur baino gehiago bildu zituztela. Eta bere hogeita hamar urtetako ibilbidean Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren jarduera pedagogikoak 146.000 pertsona baino gehiago bildu ditu.

Musika Familian zikloaren baitan larunbatean, hilak 4, Donostiako Kursaaleko ganbera aretoan eta igandean Gasteizko principal Antzokian Euskadiko Orkestra Sinfonikoko ganbera talde batek eta Per Poc txotxongilo konpainiak "Soldadu baten istorioa" ikuskizuna eskainiko dute. Per Poc konpainiako Santi Arnalek sortu eta zuzendutako txotxongilo eta itzalek eta Eta Orkestrako musikariek Stravinskyren obraren moldaketa aurkeztuko digute. Kontzertu hauen aurretik Sentsibilizazio Tailerra izango dute aurretik. Ikuskizunen aurreko jarduera hau entzute aktiboa indartzera bideraturik dago. Musika Familian Gasteizko Udalarekin eta Kursaal Fundazioarekin koprodukzioan burutuko da aurtengoan ere.

Donostiako kontzerturako sarrerak Kursaaleko Leihatilan, Telekutxa bidez (943.00.12.00) eta www.kutxasarrerak.net webgunean eros daitezke. Gasteizko kontzerturako sarrerak, berriz, Principal Antzokiko Leihatilan, telefonoz (945.16.10.45) edo www.vitoria-gasteiz.org eta http://entradas.cajavital.es webguneetan eros daitezke.

Orriak