Asteartea 08 Maiatza, 2012

2500 eskola-haur pasako dira aste honetan Euskadiko Orkestraren egoitzatik

2500 eskola-haur pasako dira aste honetan Euskadiko Orkestraren egoitzatik
III. Eskola-haurrentzako Kontzertuak, FEVASekin lankidetzan tailerra eta Musika Fmailian zikloko laugarren kontzertua.

 

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Musika Gela-ri eskainiko dio bere jarduera aste honetan. "Sheherazade... eta beste ahots batzuk" kontzertu sinfonikoa ardatz izango dute: III. Eskola-haurrentzako Kontzertuek, FEVASekin (Adimen Ezintasuna Dutenen Aldeko Elkarteen Euskal Federazioa) lankidetzan egindako tailer berri batek eta Musika Familian zikloko denboraldiko laugarren kontzertua. Euskadiko Orkestrako Hezkuntza Departamentuak koordinatutako jarduera guzti hauek Orkestrak Miramonen duen egoitzan burutuko dira eta 2.700 bat persona bilduko dituzte guztira.

"Sheherazade... eta beste ahots batzuk" kontzertuak urrun jaio arren arrazoi batengatik edo besteagatik orain gure artean bizi direnen sorterrietako musiken oihartzunak entzuteko aukera emango digu. Emanaldiak zera azpimarratuko du, haiekin eta haiei esker, Errusia, Errumania, Txina, Hegoamerika edo Estatu Batuetako musika gure ere badela orain. Sheherazade kultur aniztasuna nagusi deneko gizarte bati buruz mintzo zaigu, bizikidetzari irekiagoa, non kultura ezberdin horietako ahotsek gure Orkestrako atriletan duten tokia. Diego Martín Etxeberriaren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Guridi, Bartok, A. Márquez, Brahms, Rimsky-Korsakov edo Rossiniren lanak interpretatuko ditu. Jon Gómez Garai ETBko aurkezle gaztea izango da zeremonia-maisu, Orkestrako Hezkuntza departamentuko koordinatzaile Mikel Cañadaren gidoia oinarri harturik.

1.- III. Eskola-haurrentzako Kontzertuak (maitzak 8, 9 eta 10). Euskadiko Orkestraren egoitzan izango dira III. Eskola-haurrentzako Kontzertuak, denbora gutxian gure hezkuntza-komunitatean finkatu den zikloa. Aurten Donostia, Ataun, Zizurkil, Beasain, Ordizia, Errenteria, Legorreta, Legazpi, Oñati, Eibar, Tolosa, Mutriku, Abadiño eta Gasteizko ikastetxeetatik etorritako 2.305 haur izango dira antolatutako sei emanaldietan. "Sheherazade... eta beste ahots batzuk" kontzertuan izatea aurrez Orkestraren hezkuntza departamentuak prestatutako material pedagogiko berariazkoen bidez ikasgelan garatuko den jardueraren gailurra izango da. Ziklo hau Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalaren lankidetzarekin burutzen da.

2.- FEVAS-ekin lankidetzan Tailerra (maiatzak 11). Korporazio Erantzukizun Sozialaren baitan, Euskadiko Orkestraren Musika Gelak 2009. urtetik lankide du Adimen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Euskal Federazioa (FEVAS). Denboraldi honetan lankidetza hau "Sheherazade... eta beste ahots batzuk" argudio nagusi izango duten tailerra eta ondorengo kontzertuaren bidez gauzatuko da. Maiatzaren 11 ostiralean izango da eta Gautena, Goyeneche Fundazioa, Uliazpi, Aspace Bizkaia, Gorabide eta Uribe Costa elkarteetako 100 kidek esku hartuko dute bertan.

3.- Larunbat goizean, Musika Familian (maiatzak 12). Maiatzaren 12 larunbatean, 12:00etan, Orkestraren egoitzako ateak "Sheherazade... eta beste ahots batzuk" kontzertuaz famili-giroan gozatu nahi dutenentzat irekiko dira". Aurrez, 10:45etan ondorengo kontzertura joango direnei zuzendutako Sentsibilizazio Tailerra izango da, honetan ere Sheherazade oinarri harturik (izena emateko dei Orkestraren bulegoetako telefonora, 943 01 32 32). Kontzerturako sarrerak Telekutxa (943 00 12 00) eta www.kutxasarrerak.net webgunean eros daitezke eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 11:30etatik aurrera.

"Sheherazade... eta beste ahots batzuk"
Maiatzak 8, 9, 10:
III. Eskola-haurrentzako Kontzertuak
Maiatzak 11: Tailerra eta kontzertua FEVAS-ekin lankidetzan
Maiatzak 12: Musika Familian, 12:00etan

 

Ostirala 04 Maiatza, 2012

Jorge Drexler Euskadiko Orkestrarekin grabatzen

Jorge Drexler Euskadiko Orkestrarekin grabatzen
"Madera de deriva" doinua grabatu dute, smartphone eta tablet euskarrietarako aplikazio bilakatuko den proiektu berriztatzaile baterako.

Gaur ostirala, maiatzaren 4ean, Jorge Drexler Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan da, Orkestrarekin bere hurrengo musika-proiekturako doinu bat grabatzen.

Proiektu bitxia izango da: uruguaitar kantariaren disko berri bat plazaratzearekin batera, berak tablet eta smartphonetarako sortutako aplikazio berriztatzaile bat jarriko da salmentan. Honen bidez erabiltzaileak doinu baten ia ezin kota ahala bertsio ezberdin sortzeko aukera izango du. Horretarako, Orkestrak sekzioz sekzio grabatuko du doinua.

Komunikabideekin izandako topaketan Jorge Drexlerrek berak azaldu du erabiltzaileak "eraldatu ahal izango dituen" hiru kantuen segida izango dela. Horietatik bigarrena, "Madera de deriva" izenburu duena, izan da Euskadiko Orkestrarekin grabatu duena. Kasu honetan hotsen konbinatoria da sortzen dena, beste bietan berriz, erabiltzaileak letra, poesia da konbinatu ahal izango duena, egileak finkatutako koordenadei erantzunez beti ere. Artistikoki egitasmo honek aurrerpausua suposatzen du Drexlerrentzat. Proiektu honek Raimond Llullen "Ars combinatoria" du aintzindari eta oraindik sortze-prozesuan dago; behin betiko emaitza irailan emango da ezagutzera.

Egitasmoaren nobedade nagusia zera da, 1920.etik erabiltzen den fonograma, artxibo itxia gainditu eta estreinakoz editatu daiteken artxibo bat aurkezten dela, bizia, kantu adimendunak sortuz.

Fernando Velázquez konpositore eta zuzendaria arduratuko da grabaketa zuzentzeaz. Aurretik zuzendu du Orkestra Velázquezek, izan ere 2010ean Oskar Santosen El mal ajeno filmerako idatzitako soinu-bandaren grabaketa zuzendu baitzuen, besteak beste. Gainera Euskadiko Orkestra eta Ken Zazpi pop-rock taldea batuko dituen KlasikAT-eko kontzertuetarako moldaketak egin eta zuzenduko ditu.

Osteguna 03 Maiatza, 2012

Musika dena da: KUP Taldea Mirmaongo Matinéetan

Musika dena da: KUP Taldea Mirmaongo Matinéetan
Maiatzaren 5 larunbatean, Haydn, Schubert, Brahms, Fauré eta Castelnuovo-Tedescoren obrekin.

Maiatzaren 5 larunbatean, Miramongo Matinéeak zikloak abesbatza-musika emanaldi berri bat hartuko du berean. "Musika dena da", esaldi biribil hau izenburu harturik itzultzen da Miramongo eszenatokira KUP Taldea. Gabriel Baltésen zuzendaritzapean, abesbatzarekin batera arituko dira Miren Urbieta sopranoa, Eduardo Baranzano gitarrajotzailea eta Borja Rubiños pianojotzailea.

Musika biziki maite duen gazte talde batek sortutako abesbatza da KUP. 2003ko udaberrian hasi zen lanean, musikaz gozatu eta, aldi berean, ahalik eta kalitaterik handieneko musika eskaintzeko asmoarekin. Gabriel Baltés da taldearen zuzendaria: abesbatzen munduan punta-puntakoa eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikasketen Zentroan abesbatzen zuzendaritza-irakaslea. Euskadi, Frantzia, Luxemburgo edo Eslovenian eskaini dituzte kontzertuak eta Tolosa, Maribor, Tours eta abarreko lehiaketatan esku hartu dute. Tours-eko Forilège Vocal Nazioarteko Lehiaketan garaile izanagatik joan zen azaroan Tolosan izandako Europako Abesbatzen Sari Nagusiko finalean aritu zen.

Musikaren historiaren bi mende baino gehiago hartuz, XVIII. etik XX.era, KUP Taldeak Miramongo Matinéetan aurkezten duen egitaraua bere askotarikotasunagatik bereizten da. Interpretatuko dituen obren artean, Haydnen lanak (lau ahots eta pianorako), Schuberten Ständchen gizonen abesbatzarako eta altoaren soloa sopranoak interpretatuko dueneko bertsioan, Brahmsen Lieder und Romanzen, opus 44etik hiru eta Fauré eta Castelnuovo-Tedescok Víctor Hugo eta García Lorcaren poemak oinarri harturik sortutako lanak.

Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak www.kutxasarrerak.net eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik. 

Asteazkena 02 Maiatza, 2012

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2012/2013 Denboraldia aurkeztu berri da

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2012/2013 Denboraldia aurkeztu berri da
"Musika Irekia" lelopean, Orkestrak ehundik gora kontzertu eskainiko ditu guztira.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuorde Antonio Riverak, Orkestraren Zuzendari Nagusi Iñigo Alberdik eta Zuzendari Titular Andrés Orozco-Estradak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2012/2013 Denboraldi berriaren gakoak agertu dituzte Orkestraren egoitzan. Sailburuordeak Orkestrak bizi duen garai ona eta publiko berriak erakartzearen alde egindako apostua goraipatu ditu. Gainera, Andrés Orozcori-Estradari Orkestraren titular gisa egindako lan paregabea eskertu dio Eusko Jaurlaritzaren izenean. Iñigo Alberdik bai Abonuan eta baita beste arloetan izango diren proposamen ezberdinen nondik norakoa agertu du, guztiak Orkestraren kalitatearen hobakuntzari zuzenduak. Eta Andrés Orozco-Estradak, 2013ko ekainan titular gisa emandako aldia amaituko duenak, Euskadiko Orkestran emandako epeak bere ibilbidean izan duen garrantzia azpimarratu du eta Orkestrari azken egunera arte etekina aterako diola esan ere.

"Musika irekia" da Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Kontzertu Denboraldi berrian barrena abiatzeko aukeratutako leloa. "Musika irekia" lemak Orkestraren nortasunari erantzuten dio: kultur, hezkuntza eta gizarte mailan dituen betekizunei jarraiki, bere musika eremu, formatu eta publiko ezberdinei zabaltzen dien erakundea baita. Bere jarduera nagusi Abonu Denboraldia oinarri harturik, Euskadiko Orkestra eraldatu eta bere musika irekia beste fomatuetan eskaintzeko moldatzen da: Miramongo Matinéeak zikloaren Orkestra da, Musika Gelarena, jada ezaguna den KlasikAT zikloaren Orkestra, Musika Laborategiarena; baita bere kontzertuak sarean eskaintzen dituena; behar bereziak dituzten gizataldeen gizarteratzea ahalbidetzen saiatzen den Orkestra; euskal sorkuntza eta unibertsalaren ondarea gordetzeko berau grabatzen duena; sortzaile berriei lagundu eta bestelako arteekin sinergiak bultzatzen dituen Orkestra; munduan barrena bidaiatu eta musika bere eremuetatik kanpo zabaltzen duena.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa etengabean garatzen ari den espazio zabala da, dinamiko eta berriztatzailea, gertukoa, non proposamen bakoitza, publiko zehatz bati egokitzeko diseinatua, gozatua izateko prest dagoen, eskuragarri. Eta era berean bizikidetzarako ezinbesteko espazioa da, ideiak partekatu eta euskarri ezberdinetan, berariazko zein birtualetan aurkezten diren mezuen elkargunea. Helburua bere musika ahalik eta gehien gizarteratzea da, horretarako norbanakoaren interesei erantzunez. Musika da, beti musika irekia, non gure gizarteko kide bakoitzak bere tokia aurkituko duen. Izan ere, 30 urte dira jada, 3000 emanaldi baino gehiago, 3 milioi entzuletik gora.

Asteartea 24 Apirila, 2012

Euskadiko Orkestrak Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena ekarriko du gogora

Euskadiko Orkestrak Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena ekarriko du gogora
Andrés Orozco-Estradaren zuzendaritzapean, joaquín Achúcarro eta bilboko Koral Elkartearekin, apirilaren 26an Bilbon eta 28an Iruñean.

Apirilaren 26an Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena betetzen da eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Abonu-Denboraldiko hamaikagarren programan gogoratuko du data hori, Sorozabalen Gernika eta In Paradisum, Fauréren Requiemaren azken mugimendua interpretatuko dituelarik, biak Bilboko Koral Elkartearekin batera. Gainera, Joaquín Achúcarro pianojotzaile bilbotarrak Rachmaninoven Paganiniren gai baten gaineko rapsodia interpretatuko du eta, egitaraua osotzeko, Straussen Heriotza eta antzaldatzea eta Till Eulenspiegel izango dira entzungai. Andrés Orozco-Estradaren zuzendaritzapean, apirilaren 26 ostegunean Bilboko Euskalduna Jauregian eta 28 larunbatean Iruñeako Baluarte Auditorioan.

Gernikako bonbardaketa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea beste behin elkartuko dituen musika-motiboa. Izan ere, gertakari penagarri haren oroimenez sortutako partiturek behin baino gehiagotan elkartu dituzte bi erakunde hauek: 2000. urtean, Euskal Konpositoreen Bildumaren baitan Pablo Sorozabali eskainitako monografikoaren barnean Gernika euskal hileta martxa grabatu zuten. Eta 2008an, Francisco Escuderoren (1912-2012) Gernika opera argitaratu zuten, mundu mailan estreinako aldiz. Sorozabalek 1976an idatzitako abesbatza eta orkestrarako partitura 1966an txistu, tronpa eta danborretarako egindako estreinako martxaren berrikusketa da.

Joaquín Achúcarro Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu-Denboraldian berriz ere. Beti ohore handia da Orkestrarentzat nazioarte mailako ospea duen Joaquín Achúcarro pianojotzailea bere eszenatokietan izatea. Oraingoan musikari bilbotar itzaltsuak bere jaioterrian, eta baita Iruñean ere, Paganiniren gai baten gaineko rapsodia interpretatuko du; musikalan hau "Rachmaninoven katalogo osoko obrarik sotilenetakoa da, asmamen handikoa eta arreta handienaz eraikia", egitarauari oharren egile Juan Manuel Vianaren hitzetan.

Berriz ere Municheko Orkestra filarmonikoa zuzendu ostean Euskadira itzuli den Andrés Orozco-Estradak zuzenduko duen programa hau osotzeko Richard Straussen Heriotza eta eraldatzea eta Till Eulenspiegelen bihurrikeria dibertigarriak izango dira entzungai. Lehenbizikoak xehetasunen zale den Strauss erakusten digu eta bigarrenari, berriz, komikotasuna, ironia eta izugarrikeria dario. 

Asteazkena 18 Apirila, 2012

Basoetako musika ahots, tronpa eta harparentzat Miramongo Matinéetan

Basoetako musika ahots, tronpa eta harparentzat Miramongo Matinéetan
Apirilaren 21 larunbatean Andra Mari Abesbatza, Orkestrako tronpa taldea eta Alicia Griffiths harpajotzailea EOSen egoitzan.

Apirilaren 21 larunbatean, Miramongo Matinéeak zikloak eszenatokian José Manuel Tifek zuzentzen duen Andra Mari Abesbatza, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko tronpa taldea eta Alicia Griffiths harpajotzailea bilduko dituen kontzertu interesgarria hartuko du Euskadiko Orkestrako egoitzan. Atriletan, jatorriz talde ez ohiko honentzat bere garaian Brahms, Schumann eta Schubertek idatzitako partiturak.

Bi hitz etengabe errepikatzen dira larunbateko kontzertuan entzungai izango diren obretako testuetan: basoa (Wald) eta ehizaldia (Jagd). Hauei musika instrumentala sortuko duen tronpa gehitzen badiegu literatura, pintura eta zinemaren oroitzapenak ekarriko dizkigun topikora hurbilduko gara. Euskadiko Orkestrako tronpajotzaile Mario Telentiren hitzetan, "aintzinako musika, xumea eta traszendentzia laburrekoa, baina sakona, sentibera eta zuzena da; denboraz at geratzen den musika, iragana eta oraina islatzen dituena, xumea eta klasikoa Schubertekin, naif eta traszendentea Schumannekin, biziki erromantikoa Brahmsekin". Brahmsen Lau kantu, opus 17, Schumannen Bost kantu, opus 137 eta Schuberten Nachtgesang im Walde errepertorio unibertsaletik ateratako obra bikainak dira, Erromantizismoko ideia baliotsuena laburbiltzen duen "musikara egokitutako sentimendu" horretara hurbiltzen gaituztenak: Natura, alegiazko baso batean irudikatua, XIX. mende gatazkatsuan inspirazioaren ingurunea bilakatzen da.

Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak www.kutxasarrerak.net eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik.

 

Asteazkena 11 Apirila, 2012

Venezuelar "sistema"tik sortutako Diego Matheuz orkestra zuzendariak Euskadiko Orkestra zuzenduz egingo du debuta Estatuan

Venezuelar "sistema"tik sortutako Diego Matheuz orkestra zuzendariak Euskadiko Orkestra zuzenduz egingo du debuta Estatuan
Abonu-Denboraldiaren baitan, Apirilaren 14tik 19ra Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean.

Datozen egunotan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Aurrera pausu bat emango du 2011/2012 Abonu-Denboraldian. Hamargarren programak interesgarriak diren argudio ezberdinak biltzen ditu, horien artean venezuelar sistema emankorretik sortua den eta Europan ibilbide nabarmena burutzen ari den Diego Matheuz zuzendariaren debuta espainiar estatuan eta Mario Lavistaren Tres cantos a Edurne obraren erabateko estreinaldia Tesela proiektuaren baitan. Kontzertuak izango dira apirilaren 14an Bilbon, 16 eta 19an Donostian, 17an Gasteizen eta 18an Iruñean.

27 urterekin, Diego Matheuz, Gustavo Dudamelen urratsei jarraiki, venezuelar sistema ospetsuaren fruitua da. Haur zein gazte orkestra-sare nazional baten bidez, musika-talentu berrien harrobi garrantzitsua da sistema hau. José Antonio Abreuk duela 36 urte abian jarritako hezkuntza-egitura honen erakusle nagusi Gustavo Dudamelek Los Angeles eta Gotemburgeko Orkestra Sinfonikoen titular gisa bere ibilbidean aurrera doan moduan, Diego Matheuz Claudio Abbadoren eskutik heldu da Europara eta Veneziako La Fenice antzoki mitikoaren musika-zuzendaria da egun. Europar orkestra onenak zuzentzen dituen bitartean, Matheuz Europa, Txina eta Japonian barrena ari da lanean eta orain estreinako aldiz dator espainiar estatura Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzentzera. Gaurtik aurrera Diego Matheuz Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren buru arituko da programa osatuko dute bost kontzertuak prestatu eta zuzentzeko. Atriletan izango dira aipatu Mario Lavistaren Tres cantos a Edurne, Saint-Saënsen Biolontxelo eta orkestrareko 1. kontzertuaren biolarako moldaketa eta Rimsky-Korsakoven Sheherazaderen suite sinfonikoa.

Tres Cantos a Edurne, Tesela proiektuaren hirugarren estreinaldia. Kontzertuak Tesela proiektuaren baitan sortutako obra berri baten estreinaldiarekin irekiko dira. BBVA Fundazioaren lankidetza esklusiboa duen proiektu honekin Euskadiko Orkestraren 30. urteurrena ospatzen da konpositore nabarmenei egindako enkarguen bidez. Eduardo Lavista mexikarrak sortua, Tres cantos a Edurne obra erlijiosoa da. Bata bestearen atzetik etenik gabe doazen hiru atal labur ditu. Triptiko piktoriko baten antzera, kantu bakoitzak adierazpide berezia du, sentimendu propioa, baina aldi berean, kantu bakoitzak beste bien ezaugarri komunak ditu.

Larunbata 31 Martxoa, 2012

Kadenza, Euskadiko Orkestrak Sofia Gubaidulinari eskainitako diska, Gramophone Awards-etarako bidean

Kadenza, Euskadiko Orkestrak Sofia Gubaidulinari eskainitako diska, Gramophone Awards-etarako bidean
Iñaki Alberdi eta Asier Polo dira 2011. urtean kaleratutako grabaketa honetan bakarlari.

Gramophone Magazine britainiarrak, musika klasikoaren alorrean munduko aldizkari ospetusenetako batek, bere apirileko zenbakian, Kadenza diskoa aukeratu du Editor's Choice delakoa osatzen duten hamar DK-en artean. Aukeraketa hau aldizkariak urtero banatzen dituen Gramophone Awards sarien atarikoa da. Sarritan musika klasikoaren "Oscar"-ak deituak, sari hauek industria diskografikoaren baitan, musika klasikoaren alorrean banatzen diren sari garrantzitsuenak dira.

Zenbaki honetan Kadenza diskoarekin batera garaileen zerrenda honetan agertzen dira Helsinkiko Orkestra Filarmonikoak Rautavaa-ri eskainitako grabaketa bat; Tchaikovsky-ren lanak biltzen dituen DK bat, Tugan Sokhiev-en zuzendaritzapean Orchestre National du Capitole de Toulouse-ek grabatua; eta Lutoslawski-ri eskainitako monografiko bat, BBC Symphony Orchestrak interpretatua eta Edward Gardinerrek zuzendua. Lehen mailako edizioak dira zalantzarik gabe, orkestra zein zuzendari gailenek burutuak.

Kadenza Euskadiko Orkestrak lehen mailako musika garaikidearen alde egindako apostuaren emaitza da, oraingoan Sofia Gubaidulinaren (Cristopol, Tartaristango Errepublika, Errusiar Federazioa, 1931) lana bildu duelarik.

Iñaki Alberdi akordeoijotzailea eta Asier Polo biolontxelojotzailea aritu dira bakarlari grabaketa honetan, Euskadiko Orkestrako ganbera talde batekin batera. Disko honen balio nagusienetako bat biek Sofia Gubaidulinarekin berarekin José Ramón Encinar maisuaren egindako elkarlan nabarmena da.

ET'CETERA disko etxe holandarrak argitaratutako disko honek Seven Words, In Croce, Kadenza eta Et exspecto obrak jasotzen ditu eta aukeraketa hau ezin hobea gertatzen da Sofia Gubaidulinaren obrara hurbiltzeko.

Kadenza 2011ko abenduaren 20an aurkeztu zen komunikabideen aurrean, Donostiako Iesu elizan. Ekitaldi hartan dikoko hainbat zati zuzenean interpretatu zituzten Iñaki Alberdi, Asier Polo eta Euskadiko Orkestrako ganbera taldeak.

Osteguna 22 Martxoa, 2012

Händel with care: soprano, klabe, biolin eta biolontxelorako musika Miramongo Matinéetan

Händel with care: soprano, klabe, biolin eta biolontxelorako musika Miramongo Matinéetan
Martxoaren 24 larunbatean Euskadiko Orkestraren egoitzan, Elena Sancho, Borja Rubiños, Irene Echeveste eta Gabriel Mesdoren eskutik.

Larunbatean, hilak 24, Miramongo Matinéeak zikloaren programazioak musikaren historiako izen handienetako bat hartuko du berean, baina bere nortasunari eutsiz honen obraren alderdi ezezagunena berreskuratuko du. Händel izango da hain zuzen ere egitarauaren funtsa. Baina ez da Mesias edo oratorio handien Händel izango, ganbera musika intimista eta delikatuaren sortzaile den Händel baizik. Kontzertuaren izenburuak, "Händel with care", musika-instrumentuen kaxatan agertu ohi den "handle with care", hauskorra, oharrari erreferentzia egiten dion hitz jokoa da; aldi berean, aukeratutako egitarauaren izaerari ere so egiten dio.

Händel Elena Sancho sopranoaren, Borja Rubiños klabe-jotzailearen eta Euskadiko Orkestra Sinofnikoko kide diren Irene Echeveste biolin-jotzailea eta Gabriel Mesado biolontxelo-jotzailearen eskutik dator Matinéetara.

Georg Friedrich Händel konpositorea barroko garaiko sortzaile nagusienetako bat dugu eta baita mendebaldeko musikan artista eraginkorrenetako bat ere. Bera dugu bere sorkuntza noblezia zein mezenasei eskaini beharrean entzulegoaren gustura egokitu eta zuzendu zuen lehenbiziko konpositore modernoa. Italian emandako lehenbiziko urteetatik Londresen pasatako azken egunetaraino ia bere ibilbide osoa hartzen duen bere ganbera-musika ekoizpen interesgarritik, Bederatzi aria alemaniar entzungo ditugu. Oratorio sendoengandik urrun, Händelen katalogo guztiko lan pertsonal zein ederrenetariko bat bilakatu ziren. Testuek, Barthold Heinrich Brockes-ek idatzitako poemek, naturaren edertasunaren eta honek gizakiekiko duen eraginaren inguruko irudi poetiko ugari biltzen dituzte. Horren emaitza dira aria malenkoniatsu, samur zein lirismo gozodunak. Egitaraua osotuz, 3. Sonata la maiorrean, opus 1, eta 13. Sonata re mariorrean, opus 1. Maisu-lan txikiak dira, bere oratorio erraldoiengatik ezaguna den konpositoreak ustekabean sortutako bitxiak.
Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak www.kutxasarrerak.net eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera. Halaber, gogorarazten dizuegu doako autobus zerbitzua dagoela egoitzara etortzeko, 10.25etan Gipuzkoa Plaza, 4tik atera eta Antso Jakituna, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34ean geldialdiak egiten dituelarik. 

Astelehena 19 Martxoa, 2012

Musika eta dibertsioz betetako kutxa

Musika eta dibertsioz betetako kutxa
Stick Dance Qaurtet taldearen arrakasta Musika Familian zikloan.

Larunbatean Gasteizko García Lorca Antzokian eta igandean Donostiako Kursaaleko ganbera-aretoan, Musika Familian zikloko "Sorpresa kutxa" kontzerturako sarrerak agortu egin ziren. Perkusioa sortzeko mila eta bat bide erabiliz, umorez beteta eta ikuslegoarekin erabateko konplizitatean, haur eta helduekin bat egitea lortu zuten Stick Dance Quartet taldekoek ordu eta laurdenean. Ikusgai duzuen bideo honetaz gain, webguneko ARTXIBOAn Donostiako kontzertuko argazkiak topatuko dituzue.

Orriak