Euskadiko Orkestrak "The Impossible" filmaren soinu-banda aurkeztuko du Zinemaldiaren baitan

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Telecinco Cinema eta Apaches Entertainment-en eskutik, "The Impossible" filamaren soinu-banda originala aurkeztuko du Zinemaldiaren baitan irailaren 22an izango den kontzertuan.
Euskadiko Orkestrak "The Impossible" pelikularen soinu-banda honen egile Fernando Velázquezen zuzendaritzapean interpretatuko du. Egitaraua osotuz, "El Orfanato", J.A. Bayonaren aurreko filmaren eta zuzendari honen "El hombre esponja" laburmetraiaren soinu-bandak izango dira entzungai, hauek ere Fernando Velázquezek idatziak.
"The Impossible" filmaren soinu-bandaren aurkezpen-kontzertuak filma honek Donostiako Zinemaldian izango duen presentzia osatuko du: luzemetraia sail ofizialean emango da eta protagonista den Ewan McGregor aktoreak Donostia Saria jasoko du bere karrera osoaren aintzatespen gisa.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak aurrez Zinemarenganako gerturatze ezberdinak egin ditu dagoeneko, hauetako batzuk Donostiako Zinemaldiaren barruan: Carmelo Bernaolaren musika zuen King Vidorren The crowd filmaren eta Zamecniken Wings filma mutuen soinu-banden grabaketa adibidez. Lalo Schifrin Misión Imposible filmaren soinu-bandaren egile argentinarraren zuzendaritzapean hainbat kontzertu eskaini ditu film ezberdinen soinu-bandak interpretatuz. Eta 1991 eta 1992 urteetako edizioetan erabili zen Zinemaldirako sintonia grabatu zuen eta baita El mal ajeno luzemetraiaren soinu-banda ere; hau ere The Impossible-ren soinu-bandaren egile Fernado Velázquez-ek sortua.
Kontzertua irailaren 22an izango da, 12:00etan Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitzan (Miramon Pasealekua, 124). Sarrera doakoa izango da eta beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea Zinemaldiak Donostiako Okendo Plazan izango duen karpan ("info-shop" informazio gunean), irailaren 15etik 21era 10:00etatik 20:00etara. Sarrerak aforoa bete arte eskuragarri. Bat pertsona bakoitzeko.
The Impossible filma 2012ko urriaren 12an estreinatuko da Espainian Warner Bros Pictures Intl. España-ren eskutik.
IV. Musika Laborategia aurkeztu berri da, egungo konposizioa ardatz izango duena

Miramonen aurkeztu berri da IV. Musika Laborategia. Konposizio garaikidea ardatz nagusi izango du eta MUSIKAGILEAK, Euskal Herriko Musikagileen Elkartearekin lankidetzan burutuko da. Prentsaurrekoan aritu dira EOSeko Zuzendari Nagusia, Iñigo Alberdi; Iñigo Aizpiolea Musikagileak Elkartearen ordezkari: Laborategiaren Zuzendari Nacho de Paz, proiektuan esku hartuko duten bost konpositoreak eta Josetxo Silguero, interpretatuko diren obratako baten bakarlaria.
IV. Orkestrak Euskadiko musikarien esku jartzen duen esperimentazio artistikorako gunea da Musika Laborategia. Aurreko hiru alditan bakarlari gazteak, zuzendari hasiberriak eta profesionalizatze bidean ari ziren biolajotzaileak izan dira Orkestrarekin alor bakoitzean adituen gidaritzapean lan egiteko aukera izan dutenak. Orain, berriz, Musikagileak elkarteko bost konpositoreren txanda izango da. Mikel Urquiza, Aurélio Edler-Copes, Javier Jacinto, Juan José Eslava eta Mª Eugenia Luc-ek beren sorkuntza berrienak Orkestrak interpretaturik entzun ahal izango dituzte.
Musika Laborategia Orkestraren zuzendari titular Andrés Orozco-Estradaren ekimenez sortu zen, musikari gazteei beren ibilbide profesionalaren hasieran laguntza ematea helburu harturik. Lehenbiziko edizioan, 2010eko apirilean, Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) hainbat bakarlarik Andrés Orozco-Estrada maisuarekin lan egiteko aukera izan zuten. Zenbait lan-aldiren ostean, Euskadiko Orkestrarekin debuta egin zuten Miramongo egoitzan izandako kontzertu batean. Bigarren Laborategian, aurtengo martxoan, jatorri ezberdinetako zuzendari gazte talde batek Andrés Orozco-Estradarekin lan egin zuen hainbat egunetan eta ondoren Orkestra zuzendu zuten Miramongo Matinéeak zikloaren baitan. 2011ko udazkenean hirugarren Musika Laborategia ospatu zen. Hogei urtez Berlingo Orkestra Filarmonikoko biola bakarlari eta zuzendari Wolfram Christek zuzendu zuen eta Musikeneko ikasleekin lankidetzan burutu zen.
Orain konposizioaren txanda da, MUSIKAGILEAK Euskal Herriko Konpositoreen Elkartearen eskutik. Irailaren 5eko topaketan konferentzia/mahai inguru bat izango da; arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Laborategian arituko diren bost konpositoreak "XXI. mendean orkestrarako idaztearen erronka: paradoxa, utopia edo aukera?". Jardunaldi honen ondoren, 20:00etan Euskadiko Orkestrak kontzertu bat eskainiko du, aukeratutako bost obrak interpretatuz. Hauetako batean Josetxo Silguero ariko da bakarlari. Guztiak Nacho de Paz-ek zuzenduta. Sarrera doakoa da.
Euskal Konpositoreen Bilduma itxiko duen Bernaolaren diska grabatzen

Denboraldiko lehenbiziko kontzertuen ostean, abuztuaren 29tik hasi eta irailaren 1 larunbatera bitartean, Euskadiko Orkestra Miramongo egoitzara bilduko da bere Euskal Konpositoreen Bildumako 15. zenbakiaren grabaketa burutzeko. Carmelo Bernaolaren lanari eskainitako CD monografiko honek Orkestraren proiektu diskografiko nabarmenena itxiko du. Hamabost emanalditan bilduma honek euskal musikaren partitura nabarmenenak bildu ditu etorkizunerako, ezinbesteko erreferente bilakatu delarik.
Diskaren musika zuzendaritza Bernaolaren beraren dizipulu eta 90. hamarkadaren amaiera aldera Orkestraren zuzendari elkartu izandako Juanjo Menaren esku izango da eta Leticia Moreno biolinjotzailea arituko da bakarlari.
1997. urtean abian jarritako Bilduma Pedro Sanjuán, Valentín de Zubiaurre, Beltrán Pagola, Luis de Pablo, Juan Crisóstomo de Arriaga, Aita Madina, Tomás Garbizu, Aita Donostia, Pablo Sorozábal, Francisco Escudero, Andrés Isasi, Jesús Arámbarri, José Mª Usandizaga eta Jesús Guridiri eskainitako bolumenek osotzen dute.
Aurreko diskak bezala, hamabosgarren hau ere Claves suitzar diskoetxeak kaleratuko du eta hasieratik bilduma osoaren babesle izandako MONDRAGON erakundearen babesa izango du.
Diska datorren abenduan kaleratuko da.
Euskadiko Orkestrak doako bi kontzertu eskainiko ditu irailan

Irailaren 5ean eta 22an doako kontzertu bana eskainiko du Orkestrak Miramongo bere egoitzan. Publiko orori irekiak izango dira, aretoa bete arte (ez da gonbidapenik behar).
Irailaren 5ean: MUSIKA LABORATEGIA. Musika Gairaikidearen Inguruko Topaketa, Musikagileak Euskal Herriko Musikagileen Elkartearekin lankidetzan. "XXI.mendean orkestrarako idaztearen erronka"ren inguruko topaketa bati amaiera emateko, Euskadiko Orkestrak egungo konpositoreen obrak bilduko dituen kontzertua eskainiko du, Nacho de Paz zuzendari gaztearen gidaritzapean. 20:00etan Miramongo Egoitzan. Doako sarrera aretoa bete arte.
Irailaren 22an: "Lo Imposible" filmaren Soinu Bandaren aurkezpena. Zinemaldiaren baitan. "Lo Imposible" filma urrian estreinatuko da zinematan eta aurrez emanaldi bat izango da Donostiako Nazioarteko Zinemaldian. Estreinaldiarekin batera, Euskadiko Orkestrak filmaren soinu banda aurkeztuko du. Fernando Velázquezek sortutako soinu banda honekin batera Velézquezek berak "El Orfanato" edo "El hombre esponja" pelikuletarako idatzitako soinu bandak ere interpretatuko ditu Orkestrak. Fernando Velázquez izango da gainera kontzertuaren zuzendari arituko dena. 12:00etan. Miramongo Egoitzan. Doako sarrera aretoa bete arte.
Euskadiko Orkestrak kontzertu batekin agurtuko du Txirri, Mirri eta Txiribitoenen 40 urteko ibilbidea

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek beren ibilbide artistikoa abian jarri zutela 40 urte betetzen dira aurten. Urtebetetze honen ospakizuna eszenatokiei agurra izango da gainera pailazoentzat.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, urteotan Txirri, Mirri eta Txiribitonen lankide izanik, beren agurraren urtean ere parte hartu nahi izan du. Horrela, Euskadin barrena burutzen ari diren ekitaldien artean Orkestra lagun dutela Bilboko Aste Nagusiaren baitan abuztuaren 21ean arratsaldeko 19etan Euskalduna Jauregian eskainiko duten kontzertua dugu.
"40 urteko algara" izenburupean, barre egin eta abestea helburu izango dituen algararen festa honetan ez da musika onena faltako eta familiarteko publikoari zuzenduko zaio. Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Orkestrak pailazoen abestirik ezagunenen aukeraketa zabal bat interpretatuko dute, horien artean "Txirri, Mirri eta Txiribiton", "Pintto, Pintto", "Zapi zuria", "Behin edo behin", "Paristik natorren"... horretarako lagun izango dituzte Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior, Bilboko Koral Elkarteko Kontserbatorioko Abesbatza eta Araoz Txiki eta Easo Txiki abesbatzak. Entzulegoa ere kantu kantari aritzea espero dute gainera, aurrez ekainan Donostiako Kursaal Auditorioan eta Gasteizko Principal Antzokian gertatu bezala. Eta guztiak zuzentzeko, Juan José Ocón maisua.
Euskadiko Orkestrak eta Txirri, Mirri eta Txiribitonek lau hamarkadetan zehar belaunaldi ezberdinei transmititutako algara eta umore ona gogora ekartzeko eskainiko duten kontzertu honen inguruan sortutako ikusmina dela eta, emanaldia izateko egun batzuk falta direla sarrera bakar batzuk besterik ez dira geratzen salgai.
Euskadiko Orkestra Musika Hamabostaldiak Francisco Escuderori egingo dion omenaldian

Abuztuaren 17an Euskadiko Orkestrak Musika Hamabostaldiak Francisco Escuderori bere jaiotzaren mendeurrena ospatzen den honetan eskainiko dion omenaldian arituko da. Pascal Rophék zuzenduta, Donostiar konpositorearen partitura ezagun Illeta interpretatuko du. Orkestrarekin batera, Andra Mari Abesbatza eta José Manuel Díaz baritonoa. Kontzertua osotzeko, Marta Zabaleta pianojotzailea arituko da bakarlari.
Xabier Lizardiren obraren gainean Escudero maisuak sortutako Illeta obra Euskadiko Orkestraren lehenbiziko grabaketa diskografikotariko bat bilakatu zen 1984ean. Horretaz gain, 2001ean Orkestrak bere Euskal Konpositoreen Bildumako V. bolumena (cd bikoitza, CLAVES) eskaini zion eta 2008an Gernika bere operaren estreinako edizioa kaleratu zuen (DECCA).
Euskadiko Orkestra itsasoari begira datozen hilabetetarako argazki ofizialetan

Euskadiko Orkestrak Ondartxo, Pasaiako Itsas Kulturaren Zentrua, eta bertan dagoen Jaizkibel draga aukeratu ditu 2012/2013 denboraldian bere irudia izango diren argazkiak burutzeko.
Tradiziozko itsasontzien ikerkuntza eta berreskuraketarako espazio honek euskaldunok itsasoarekin antzinatik izandako harreman estua erakusten du. Bertan garai eta tamaina ezberdinetako ontziak zaharberritzen dituzte euskal ontzi-ondarea babesteko. Han dago halaber duela gutxi zaharberritutako "Jaizkibel" lurrin draga, 80ko hamarkadara arte Pasaiako uretan erabili zena. Espazio honek itsas ingurunean aukera ezberdinak eskaini dizkio erreportaia burutu Juantxo Egañari.
Hona hemen erreportaia nola egin den erakusten duten hainbat irudi.
"40 urteko algara", abuztuaren 21ean Bilboko Euskalduna Jauregian

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek berrogei urte betetzen dituzte aurten eszenatoki gainean. Urtebetetze hau ospatzeko jarduera eta emanaldi ugari burutzen ari dira Euskadiko toki ezberdinetan. Gauzak honela, datorren abuztuaren 21ean, Bilboko Aste Nagusiaren baitan, Txirri, Mirri eta Txiribitonek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak "40 urteko algara" kontzertua eskainiko dute bizkaitar hiriburuko Euskalduna Jauregian.
Barre egin eta abestea helburu izango dituen algararen festa honetan ez da musika onena faltako eta familiarteko publikoari zuzenduko zaio. Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Orkestrak pailazoen abestirik ezagunenen aukeraketa zabal bat interpretatuko dute, horien artean "Txirri, Mirri eta Txiribiton", "Pintto, Pintto", "Zapi zuria", "Behin edo behin", "Paristik natorren"... horretarako lagun izango dituzte Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior, Bilboko Koral Elkarteko Kontserbatorioko Abesbatza eta Araoz Txiki eta Easo Txiki abesbatzak. Entzulegoa ere kantu kantari aritzea espero dute gainera. Eta guztiak zuzentzeko, Juan José Ocón maisua.
Kontzertu honetarako sarrerek 5€tako prezio bakarra dute eta Euskalduna Jauregiko Leihatilan (astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara), BBKren orotariko kutxazainetan, 944 310 310 telefonoaren bidez edo interneten, www.bbk.es webgunean eros daitezke.
Euskadiko Orkestra eta Musikeneren arteko elkar lanerako lehentasunezko hitzarmen instituzionalaren aurkezpena

Komunikabideen aurrean aurkeztu da Euskadiko Orkestra eta Musikenek, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren arteko elkar lanerako lehentasunezko hitzarmen garrantzitsua. Aurkezpenean aritu dira Iñigo Alberdi, Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia, Musikeneko kudeatzaile akademikoa, Patricio Goialde eta hitzarmen honek beren formakuntzan izango duen garrantziaz mintzatu diren Musikeneko ikasleak.
Iñigo Alberdi eta Patricio Goialde bat etorri dira akordio honengatik beren poza adierzterakoan, bi erakundeek helburuak ez ezik, lurraldea eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundeak izatea ere partekatzen baitute. Euskadiko Orkestra eta Musikene bidaide bilakatzen dituen hitzarmen hau estrategikoa da Euskadiko Orkestrarentzat, Orkestraren kultur zein musika jarduera bultzatzeko eginkizunarekin bat baidator. Mailarik goreneko formakuntzaren alorreko erakunde baten eta erakunde profesional nabarmen baten arteko konbinaketa suposatzen du eta biek sinergiak partekatzea ahalbidetuko du.
Patricio Goialdek nabarmendu du orkestra bateko kide izatera heltzea dela beren ikasleetariko askoren helburu nagusia. Horregatik, goi mailako ikasketen eta profesionaltasunaren arteko jarraipen horren alde lan egitea oso positibotzat jo du., Jarraipen ildo horretan bi erakundeen arteko gertutasuna azpimarratu du, halaber.
Bi kudeatzaileek erakundeek akordioa zehazterakoan eskainitako erraztasunengatik beren esker ona adierazi dute.
Rakel Rivera Flauta ikasleak hitzarmen honek mundo profesionalera hurbiltzeko eskaintzen dien aukera eskertu du eta Musikenentzat beste goi mailako ikastegiekiko bereizgarria izango dela gaineratu du. Asier Puga Orkestra Zuzendaritza ikasleak akordio honek musikarien formakuntzaren eta ibilbide profesionalaren arteko mugak hausten dituela adierazi du eta Euskadiko Orkestrak eskaintzen dien aukera berri hau eskertu du, Musika Laborategia bezalako beste jardueren artean kokatuz.
Hitzarmena irailean 2012/2013 ikasturtea hastean jarriko da abian eta lehenbiziko emaitza nabermena 2013ko maiatzean helduko da, Euskadiko Orkestrak lehenbiziko aldiz Mahlerren Seigarren Sinfonia erraldoia interpretatzearekin. Andrés Orozco-Estradaren zuzendaritzapean, Musikeneko 3. eta 4. mailako ikasleak arituko dira Orkestran.
Akordioak hasiera batean lau urteko iraupena izango du, baina gerora luzatu eta edukien aldetik zabaltzeko bokazioarekin jaioa da.
Lankidetza akordioa lau puntu nagusitan gauzatzen da:
1. Musikeneko ikasleek instrumentista modura parte hartuko dute Euskadiko Orkestraren Abonu-kontzertuetan.
2. Euskadiko Orkestrak eskola magistralak antolatuko ditu Musikeneko ikasleei zuzenduak.
3. Musikeneko Orkestra Zuzendaritzako azken ikasturteetako ikasleak Orkestraren zuzendari titularraren edo zuzendari gonbidatuen laguntzaile modura aritu ahal izango dira.
4. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Musikenek orkestra praktikarako master instrumental baten sorrera bultzatuko dute.
Eremu praktikoago batean, Euskadiko Orkestrak bere Miramongo egoitza utziko du Musikeneko orkestra jardueretako, eta honek Miramar Jauregiko instalakuntzak Orkestraren bakarlari gonbidatuen eskura jarriko ditu. Elkarri instrumentuak uztea eta argitarapen zein soinu-erregistro berrien trukea ere hitzarmen honek biltzen duen lankidetzaren baitan egingo dira.
Lankidetzarako lehentasunezko hitzarmen instituzional honetatik eratortzen diren jarduera guztiak AULA JORDÁ GELA: OSE+Musikene izendapenak bilduko ditu, euskal orkestra zuzendari handiaren omenez, Euskadiko Orkestraren lehen zuzendaria eta gerora ohorezko zuzendaria, hain zuzen ere.
Orkestra barrutik

Euskadiko Orkestrarekin batera esperientzia berezi bat bizi berri dugu. Denboraldiko azken Abonu-kontzertuetako entsegu batean musikarien artean kokatu gara eta gurekin batera baita kazetari talde bat ere. Hauek Orkestraren egoitzako eszenatokian bizitakoa kontatuko dute. "Orkestra barrutik" bizipen ederra izan da, West Side Story-ren Orkestra, kazetari eta kameratarako bertsio ezohikoa, Andrés Orozco-Estradaren zuzendaritzapean.
Euskadiko Orkestra dolby surround eran bizitzea, hori zen laburbilduz "Orkestra barrutik" jardueraren funtsa. Orkestra hobeto ezagutzea izan da helburua, Orkestraren kide izan, jakinmina piztu, Orkestra dimentsio ezezagun batetik ikustea ahalbidetuz. Horretarako, Orkestraren organikoaren artean kokatu gara, orkestrako kide bilakatuz. Kontzertu bat nola eraikitzen den ezagutu dugu, musikari guztiak elkarrekin nola jotzen duten, batzuk besteak entzuten ez badituzte ere eta esperientzia hori gorputzean nola bizitzen den ezagutu dugu, beste gauza askoren artean.
Mila esker bizipen hau gurekin partekatu duzuen guztioi.
