Martin Grubinger Oreka TX taldearekin bildu zen Orkestraren egoitzan

Martin Grubinger arrakasta nabarmena lortuz igaro da Euskadiko Orkestraren abonu-Denboralditik. Aho batez txalotu dute bai kritika eta baita entzulegoak ere. Baina gainera beste esperientzia eder bat eraman du guretik: txalaparta ezagutzeko aukera izan baitu. Munduko leku askotako perkusio instrumentuetan aditua, ez zuen oraindaino antzinako instrumentu honekin jarduteko aukerarik izan. Oreka TX taldeko kide Harkaitz Martínez eta Mikel Ugarte Martin Grubingerrekin izan ziren Orkestraren egoitzan eta txalapartaren ezaugarriak partekatu zituzten.
Oreka TX Orkestrarkein arituko da Ivan Fedelek TESELA proiektuaren baitan Orkestraren enkarguz konposatutako Txalaparta- Folk Dance II obraren erabateko estreinaldian.
Imanol Olaizolak bihotzetiko errekonozimendua jaso zuen Euskadiko Orkestrarengandik

Tesela proiektuko lehenbiziko obra Zortziko estreinatu eta Kursaaleko eszenatokian Martin Grubingerren emanaldi zirraragarriaren ostean, Imanol Olaizolak errekonozimendu hunkitua jaso zuen, Euskadiko Orkestraren sortzaile eta lehenbiziko presidente izateaz gain, erakunde honekiko aurten betetzen dituen hogeita hamar urteetan zehar izandako lotura etenezinarengatik esker onez. Honela ireki zuen Orkestrak 2012 urtea, bere 30. urteurreneko urtea.
Kontzertuaren atsedenaldiaren ondoren, Kursaal Auditorioko eszenatokian bildu ziren Eusko Jaurlaritzako kultur sailburua eta Orkestrako presidente Blanca Urgell, Iñigo Alberdi zuzendari nagusia, Andrés Orozco-Estrada zuzendari titularra, Orkestrako musikariak eta Imanol Olaizola bera. Iñigo Alberdik ekitaldiaren sarrera egin ostean, Blanca Urgellek Imanol Olaizolaren esfortzua eta adorea eskertu zituen, 1982an bizi ziren zailtasunen gainetik kulturaren alde apostu egin eta Euskadiko Orkestra sortzeko ausardia izan baitzuen, eta hurrengo hogeita hamar urteetan erakunde honi eskainitako laguntza ere eskertu zion halaber Olaizolari. Ondoren, Euskadiko Orkestraren eta Eusko Jaurlaritzaren izenean eskultura bat oparitu zion. Andrés Orozco-Estradak ere esker oneko eta mirespen hitzak izan zituen Imanolentzat: Euskadiko Orkestra bezalako orkestra bat zuzentzeaz eta omenaldian esku hartzeko aukera izateaz harro agertu zen. Jarraian, Elena Martínez de Murguía eta Cástor Narvarte Orkestrako kideek 1982ko irekiera kontzertuetako kartel bat eman zioten Imanol Olaizolari. Ekitaldia amaitzeko, Olaizolek berak hitza hartu eta 30. urteurreneko lehenbiziko kontzertuan jasotako omenaldia eskertu zien hunkiturik Orkestraren kudeatzaileei, berau osatzen duten ehundik gora kideei eta 7000 abonatuei.
Omenaldiak agintari ugari eta Orkestraren hastapenetan esku hartu zuten pertsona ugari bildu zituen Kursaal Auditorioan. Aipatu kultur sailburu eta Orkestraren presidente Blanca Urgellez gain, bertan izan ziren Karlos Garaikoetxea lehendakari ohia,
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, Arabako euskara, kultur eta kirol diputatu Iciar Lamarain, Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga; Ramon Labaien, Mari Karmen Garmendia eta Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako kultur sailburu izandakoak; Orkestrako zuzendari nagusi izandako Elias Elorza, Jesus Agirre eta Germán Ormazábal; eta baita Henri Marquier, José Ramón Urrutia, Sebastián Agirretxe, José Antonio Echenique, Jon Bagüés eta Itziar Larrinaga.
Omenaldia bere baitan hartu zuen 6. Abonu programak gaur larunbata, hilak 14, izango du jarraipena Bilboko Euskalduna Jauregian.
XX. mendekoa: 2012ko lehenbiziko Miramongo Matinéea

Urtarrilaren 14 larunbatean Miramongo Matinéeak zikloko 2012. urteko lehenbiziko emanaldia izango da. Denboraren makina bihurtuta, zikloak iraganera bidai egin eta "XX. mendekoa" izenburupean gerra arteko garaia bezala ezaguna den XX. mendeko lehenbiziko zatiko musika erakutsiko dio Euskadiko Orkestraren egoitzara bertaratzen den entzulegoari. Horretarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideek osatutako ganbera-talde batek Albert Rousselek 1925ean konposatutako Fagot eta kontrabaxurako duoa eta Gavriil Popov-k 1927an sortutako Ganbera Sinfonia interpretatuko ditu.
Sarrera gisa, Albert Roussel (1869-1937) konpositore frantziarraren miniatura bat izango da entzungai. Ravel eta Debussyrekin batera, Roussel joan zen mendeko lehenbiziko erdiko frantziar musikagile nabarmenetako bat izan zen. Euskadiko Orkestrako kide diren Anne Charlotte Lacroix fagot-jotzaileak eta Victor Bogdanov kontrabaxujotzaileak interpretatuko duten Fagot eta kontrabaxurako duoaren ezaugarria bi instrumentu baxu konbinatzean datza; geroago beste hainbat konpositorek, Rousselek eraginda, egin zuen honen moduko konbinaketarik, horren adibide Sofia Gubaidulinaren Fagot eta biolontxelo orkestrarako kontzertua.
Ondoren Gavriil Popov (1904-1972) errusiarraren Septetoa do maiorrean, opus 2 interpretatuko du ganbera talde osoak, Antonio Lajara Angel-en zuzendaritzapean. Obra hau 70eko hamarkadan bigarren aldiz argitaratu zenean Ganbera Sinfonia gisa eman zen ezagutzera. Konposizio mota hau zuzendari baten gidaritzapean interpretatua izatea sarritan eman zen XX. mendeko konpositoreen artean: esaterako, Schönberg-en "Antzaldatutako gaua", kontrabaxu eta zuzendariarekin interpretatua izateko moldatuta argitaratu zen 1945ean; eta Stravinskyren "Soldadu baten istorioa" septetoa ere zuzendariarekin aurkeztu zen.
Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta sarrerak www.kutxa.net eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke, eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera.
Martin Grubinger multiperkusionista ezaguna estreinakoz arituko da Euskadiko Orkestrarekin

Euskadiko Orkestrak pauso sendoz ekingo dio 2012 urteari, bere 30. urteurreneko urteari, nazioarte mailan gailenena den Martin Grubinger multiperkusionistaren eskutik (Salzburg, 1983). Musikari gazte honek egunaren 24 orduetan bizi du perkusioa eta ez ditu bakarrik perkusioaren familia osatzen duten instrumentu guztiak jotzen, ukitzen duen oro perkusio bilakatzen baitu. Energia eta grina kutsakorrak definitzen dute musikari honen interpretazioa. Errezital moduan, orkestra sinfoniko batekin edo beste edozein formatutan, bere emanaldi bakoitzak eragindako energia galera prestakuntza fisiko gogor baten bidez orekatzen du. Esklusiban Deutsche Grammophon disko etxearentzat grabatzen duen Martin Grubingerren dinamismo eta aldakortasunak dimentsio berri bat eman dio perkusioari.
Euskadiko Orkestrarekin debuta egiteko, Andrés Orozco-Estradak zuzenduko duen 6. Abonu-programaren baitan, Avner Dorman israeldar konpositore gazteak 2007an sortu eta Grubingerrek berak estreinatutako Frozen in Time perkusio eta orkestrarako kontzertua interpretatuko du. Programa hau osatuko duten kontzertuak izango dira urtarrilaren 13 eta 16an Donostiako Kursaalean, 14an Bilboko Euskaldunan, 17an Iruñeako Baluarten eta, azkenik, 18an Gasteizko Principal Antzokian.
2012, Euskadiko Orkestraren 30. urteurrena

1982ko urtarrileko lehenbiziko egunetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoa hauta-frogatan murgildurik zegoen bere lehenbiziko musikari-taldea osotuko zuten musikarien bila. Urte hartako apirilaren 20an ofizialki sortu zenetik garatuz joan da egun 7000 abonaturekin eta urtero eskaintzen dituen ehundik gora kontzertuetan 150.000 entzule biltzen dituen (Abonu-Denboraldia, Miramongo Matinéeak, KlasikAT, Musika Familian, Eskola-haurrentzat Kontzertuak etab.) eta estatu mailan erreferentziazkoa den orkestra bilakatu arte. Aipagarri da halaber urteotan osotu duen diskografia zabala. Gaur, hogeita hamar urte beranduago, Euskadiko Orkestrak bere sortzaile eta estreinako presidente Imanol Olaizolari biziki merezitako omenaldia eskainiz abiatuko du 2012 urtea; urtarrilaren 13 ostiralean izango da, Donostiako Kursaal Auditorioan, 2012ko lehenbiziko Abonu-kontzertuan.
Hogeita hamargarren urteurren honen ospakizunaren ekimen nabarmenena TESELA izango da, Orkestrak BBVA Fundazioaren lankidetza esklusiboarekin garatutako konposizio-proiektua. Sorleku ezberdinetakoak diren eta nazioarte mailako ospea dute zortzi konpositoreri eskatutako zortzi partitura dira, guztiek euskal kultura hizpide dutela. Obra hauek datozen hamabi hilabeteotan zehar estreinatuko dira. Lehenbizikoa, Michael Finissy britainiarraren Zortziko, Abonu-Denboraldiko seigarren programan estreinatuko da; kontzertuak urtarrilaren 13tik 18ra bitartean izango dira ohiko lau hiriburuetan, Andrés Orozco-Estradaren zuzendaritzapean.
ZORIONAK
2011. urte honetako jarduna amaituta, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Eguberri zoriontsu eta zorioneko eta musikaz beteriko Urte Berria opa dizue gure orkestraren eskutik.
Oporren bueltan, 2012ko urtarrilaren 9an itzuliko gara.
Gogorarazten dizuegu hurrengo abono-egitaraua honoko egunetan ospatuko dela: urtarrilaren 13 eta 16an Donostian, urtarrilaren 14an Bilbon, urtarrilaren 18an Gasteizen eta urtarrilaren 17an Iruñean. Urteko lehenengo Matineea urtarrilaren 14an izango da.
Badator klasikAT

Euskadiko Orkestrak KlasikAT ekimenaren kontzertu-sorta berri bat aurkezten du. Egitasmo honekin Orkestrak bere musika eskaintza publiko anitzei zabaltzea du helburu, musika klasikoaz urrun geratzen diren eta orkestra baten ibilbide sinfonikoan arrotzak diren errepertorioak landuz. Horretarako Orkestrak beren musika-alorrean nabarmenak diren artista ospetsuekin bat egiten du. Honela, Michel Camilo pianojotzailearen eskuetatik irtendako latindar jazz onenak eta Swing Gauak marraztua dute jada 2012ko martxoan itzuliko den KlasikAT zikloaren izaera. Oraingo honetan Euskadiko Orkestrak eta Kepa Junkerak bilbotar trikitilariaren erritmo ezagunenetan zehar ibilbide sinfonikoa burutuko dute.
Bost kontzertu. Hirugarren aldi honetan, KlasikAT bost kontzertuk osatuko dute guztira: martxoaren 21ean Iruñeako Baluarten, 22an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, 23 eta 24an Bilboko Arriaga Antzokian eta amaitzeko, martxoaren 28an Gasteizko Principal Antzokian.
Emanaldi hauetarako sarrerak salgai daude jada 15 eurotako prezio bakarrean eta ohiko salmenta-bideetan eros daitezke:
-Baluarte Auditorioa, Iruña: Auditorioko leihatilan (948 06 60 60), ServiCaixa (902 33 22 11), ServiCaixa kutxazainetan eta www.baluarte.com.
-Victoria Eugenia Antzokia, Donostia: Antzokiko leihatila (943 48 18 18), Telekutxa (943 00 12 00) eta www.kutxasarrerak.net.
-Arriaga Antzokia, Bilbao: Antzokiko leihatila (944 310 310), BBKren orotariko kutxazainetan eta www.bbk.es.
-Principal Antzokia, Gasteiz: Antzokiko leihatilan, Udaletxeko telefono zerbitzua (945 16 10 45) eta http://entradas.cajavital.es, www.vitoria-gasteiz.org/teatros.
Euskadiko Orkestrak "Kadenza" aurkeztu du, Sofia Gubaidulinaren lana biltzen duen diskoa

Euskadiko Orkestraren ekoizpen diskografiko bat aurkeztu berri da Donostian, Loiolako Erriberatako Iesu parrokian: Sofia Gubaidulinaren lana biltzen duen Kadenza diskoa.
Kadenza Euskadiko Orkestrak lehen mailako musika garaikidearen alde egindako apostu berriaren emaitza da, oraingoan Sofia Gubaidulinaren (Cristopol, Tartaristango Errepublika, Errusiar Federazioa, 1931) lana bildu duelarik. Musika garaikideaz ari garenez paradoxa badirudi ere, musikaren mito bihurtu den konpositore baten lana dugu aurrean. Gainera diska hau gauzatzeko goi mailako bi euskal interprete izan ditu lankide: Iñaki Alberdi akordeoijotzailea eta Asier Polo biolontxelojotzailea; nazioarte mailako ibilbidea duten bi musikari hauek Sofia Gubaidulinarekin berarekin egindako elkarlan nabarmena da grabaketa honen balio nagusienetako bat. Musikari taldea Euskadiko Orkestrako hainbat kidek osatutako hari talde batek osotzen du. Guztiak José Ramón Encinar maisuak zuzenduta. Musika garaikidean sakonki aditua den zuzendari honek Francisco Escuderoren Gernika operaren estreianko grabaketan zuzendu zuen Orkestra 2008an, beste lankidetzen artean.
ET'CETERA disko etxe holandarrak argitaratutako disko honek Seven Words, In Croce, Kadenza eta Et exspecto obrak jasotzen ditu eta aukeraketa hau ezin hobea gertatzen da Sofia Gubaidulinaren obrara hurbiltzeko. Egitarauari oharren egile Elixabete Etxebesteren hitzetan, "bere konposizioek erakusten duten espiritualtasun erlijiosoa adimen ireki baten, jarrera bizi eta gizakiaren ikuspegi konstruktiboenaren, izatearen zoriontasunaren eta izatearen erantzunkinaren arteko ikuspegiaren ondorio da. Guzti honek egitarau hunkigarri, bihotz begietakoa, sakona eta trazu askotarikoa eskaintzen digu".
Aldaberatasuna ezaugarri. Duela bi aste Orkestrak Euskal Konpositoreen Bildumako XIV. zkia, Pedro Sanjuáni eskainitako aurkeztu zuen. Denboran atzera begira egin zuen orduan eta EOSek 2011/2012 denboraldian aurkezten duen bigarren disko honetan berriz aurrera begiratu eta musika garaikidea du hizpide. Musika genero hau ez zaio arrotza Orkestrari, izan ere besteak beste Ramon Lazkano, Angel Illarramendi, Luis de Pablo, edo Christian Lindberg-en lanak biltzen dituzten diskoak eta aipatu Gernika argitaratu baititu. Eta denboraldia amaitu aurretik hirugarren disko bat gehituko zaio Orkestraren diskografiari: Kepa Junkeraren lehenbiziko disko sinfonikoa.
Informazio gehiago
"Kadenza" diskoaren aurpezpenaren prentsa-txostena“Biola ez dago bakarrik”: ehundaka haur bildu ziren Violinda, biola ederrenarekin jolasteko

Joan zen larunbatean, hilak 3, ehundaka haurrek beren eserlekuetan jezarririk biola protagonista izan zuen kontzertu eder batean gozatzeko aukera izan zuten Donostiako Kursaaleko ganbera aretoan. Euskadiko Orkestraren Musika Familian zikloaren denboraldiko lehenbiziko emanaldia izan zen. Aurreko denboraldietan biolontxeloa, fagota, perkusioa eta abar izan ziren kontzertu hauetan beren burua aurkeztu zutenak; oraingoan, berriz, biolaren txanda izan zen: haurrek, eszenatokian gertatzen zen guztiari adi, instrumentu honen historia, ezaugarriak eta aurrekariak ezagutzeko aukera izan zuten, Violinda biola ederrenaren eskutik. Orkestraren baitan biola gainerako hari-taldeen artean giltzarri izaten da, baina larunbatean haurrek biolak bakarlari gisa duen hots ederraz gozatu zuten halaber.
Denboraldi osoa, aurrekoetan bezala Donostia eta Gasteizen izango dena, 2012ko urtarrilaren bukaera aldera aurkeztuko da. Biharkoaren ondoren, Donostian hurrengo kontzertua 2012ko otsailan izango da eta honetarako sarrerak abenduaren 20an jarriko dira salgai.
Biolinda, biola ederrenak irekiko du Euskadiko Orkestraren Musika Familian zikloaren denboraldia

Bihar abenduaren 3a da Euskadiko Orkestraren Musika Familian zikloaren denboraldi berria abian jartzeko aukeratutako eguna. "Biola ez dago bakarrik" izenburu harturik, Orkestrako biola taldeak Biolinda, SOL-eko haria galdu duen italiar biola umoretsua lagunduko du biolaren mundua haurrei hurbiltzea helburu duen kontzertuan. Piazzolla, Bartók, iradier eta abarren musikak lagundurik bere senide biolina bezain ezaguna ez den eta bere tokia aldarrikatzen duen instrumentu honi buruz gehiago ezagutzeko aukera izango da. Gidoia Mikel Cañadak idatzi du eta Belén Otxotorena da ikuskizunaren zuzendaria. Bost urtetik gorako haurrentzako pentsatutako emanaldi honen aurretik Sentsibilizazio Tailer bat izango da.
Kursaal Fundazioarekin lankidetzan antolatutako kontzertu honetarako sarrerak Kutxaren webgunean (www.kutxa.net), erakunde honen kutxazainetako "Internet" kioskoetan, Telekutxa (943 12 00) eta Kursaaleko leihatilan daude salgai.
Denboraldi osoa, aurrekoetan bezala Donostia eta Gasteizen izango dena, 2012ko urtarrilaren bukaera aldera aurkeztuko da. Biharkoaren ondoren, Donostian hurrengo kontzertua 2012ko otsailan izango da.
