Urriaren 7an hasiko da Euskadiko Orkestraren Abonu-Denboraldia

Urriaren 7 ostiralean Donostiako Kursaal Auditorioan Euskadiko Orkestraren Abonu-Denboraldiaren lehehnbiziko konpasak entzungo dira. Andrey Boreyko, Orkestraren zuzendari printzipal gonbidatua izango da estreinako kontzertu hauetan zuzenduko duena. Gainera, Alice Sara Ott pianojotzailearen birtuosismoaz gozatzeko aukera izango da, Ravelen Piano eta orkestrarako kontzertua sol maiorrean interpretatuko duelarik.. Egitaraua osotuz, Rautavaara finlandiarraren Cantus Arcticus, Haydnen 67. Sinfonia eta Bartoken Mandarin Miragarriaren suitea izango dira entzungai. Hilak 7an Donostian izango den kontzertuaren ostean, astelehenean Gasteizko Principal Antzokian, Iruñeko Baluarten, 13an berriz ere Donostian eta 13an Bilboko Euskaldunan izango dira lehenbiziko programa osotuko duten kontzertuak.
Alice Sara Ott pianojotzaile gaztea (Munich, 1988) Londres, Tokyo, San Francisco edo Vienako orkestrekin eta Philharmonia Orchestra delakoarekin aritu izan da jada, besteak beste. 2010ean Lang-Lang ordezkatuz Londreseko Barbican Center-en aritu zen, bere emanaldiak kritikaren harreta piztu zuelarik, eta joan den abuztuan BBC Proms jaialdian debuta egin zuen. EOSen Abonu-Denboraldiaren irekierara duela egun gutxi Pragan Txekiar Orkestra Filarmonikoarekin batera eta baita Pisako Anima Mundi jaialdian ere, Sir John Eliot Gardiner-en zuzendaritzapean aritu ostean helduko da. 2008.etik Deutsche Gramophon diskoetxearentzat grabatzen du bakarrik. Euskadiko Orkestrarekin debuta egiterakoan Maurice Ravelen Piano eta orkestrarako kontzertua sol maiorrean interpretatuko du. Lapurdiko konpositoreak sortutako kontzertuen artean argitsuenatzat jotzen da eta bere notek George Gershwin amerikarraren jazz zantzuak ezkutatzen dituzte. Egitaraua osotzeko Rautavaara finlandiarraren Cantus Arcticus, txori eta orkestrarako kontzertua, Haydnen 67. Sinfonia eta Bartoken Mandarin miragarriaren suitea izango dira entzungai.
55 kontzertu 30. denboraldian. 2012ko ekaina bitartean, guztira 55 izango dira Orkestrak bere Abonu-Denboraldiaren baitan eskainiko dituen kontzertuak, 14 programatan banatuak. Orkestra garai klasikoko obrak izango ditu hizpide nagusi eta errepertorio sinfonikoko obra gailenak interpretatuko ditu eta, halaber, Rimsky-Korsakoven Sheherazade, Mendelssohnen Udako gau bateko ametsa (obertura) edo Bernstein-en West Side Story interpretatuko ditu. Horretaz gain, modu berezian nazioarte mailako lau musikagileren lau obra estreinatuko ditu eta beste 14 obra interpretatuko ditu lehenbiziko aldiz. EOSen Abonu-Denboralditik igaroko diren izenen artean, Andrés Orozco-Estrada eta Andrey Boreykoz gain, Jesús López Cobos, Gerd Albrecht, Yan Pascal Tortelier, Lawrence Renes, Diego Matheuz, Judith Jáuregui, Joaquín Achúcarro, Arabella Steinbacher, Leticia Moreno, Daniel Müller Schott, Maxim Rysanov, Martin Grübinger, Sophie Koch eta abar luze bat izango ditugu.
Informazio gehiago
1. Abonu-programaren esku-egitarauaManuel Iradier Abesbatzarekin bere 50. urteurrena ospatuko dugu

Gasteizko abesbatzarik zaharrena den Manuel Iradier Abesbatzak 50 urte betetzen ditu aurten. Sortu zenetik Emilio Ipinza Gilek zuzendua, 3.000tik gora kontzertu eskaini ditu Araba, estatu mailan zein Europa, Ekialde Hurbila zein Hegoamerikako hainbat herrialdetan. 50 urte musikaren bidez kultura eta ohitura zaharrak zabaltzen, euskal kulturaren zabalkuntzari arreta berezia eskainiz, ospatzekoak dira eta horretarako hainbat ekitaldi izango dira urte osoan zehar. Horien artean irailaren 29an Gasteizko Principal Antzokian izango den kontzertua. Diego Martín Etxebarriaren zuzendaritzapean, Orkestra Manuel Iradier Abesbatzarekin berarekin eta Raquel Andueza, Barbara Koselj, Juan Sancho eta Pau Bordas bakarlariekin arituko da.
Bachen musika Miramongo Matinéeak zikloari hasiera emateko

Larunbat honetan, hilak 24, abian jarriko da Euskadiko Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéeak zikloaren denboraldi berria. Eta Bach Ensemble taldearen eskutik hasiko da. Talde hau Euskadiko Orkestrako hainbat kidek eta Pedro José Rodríguez pianojotzaile eta klabezinistak osatzen dute. Guztiak atsegin handiz hartu dute aurretik, beren musika-ibilbidearen une ezberdinetan, jada interpretatu dituzten Bachen bi obra berrinterpretatu eta Matinéen entzulegoarekin partekatzeko aukera izatea. Orkestraren egoitzan, bere etxean izango da gainera.
Lehenbizi Johann Sebastian Bachen 2. Suitea si minorrean izango da entzungai. Alemaniar konpositore handiak Orkestrarako lau Suite idatzi zituen. Hauetako bakoitzak "Obertura" izena ere hartu izan du, lehenbiziko mugimendu honek obren osotasunean zuen garrantzia dela eta. Suite hau dantza ezberdinez osatutako segida bat da eta pasarte nagusia zeharkako flautak interpretatzen du, gaur Héléne Billard Alirolek, EOSeko flauta bakarlariak joko duena.
Jarraian, Brandenburgoko 5. kontzertua (BWV 1050) ezagutu edo berriro entzuteko aukera izango da. J.S. Bachen sei kontzertu ezagunenen artean kokatzen da. 5. Kontzertua flauta, biolina eta klabezinarekin interpretatzeko izan zen konposatua. Gaurkoan, Hélène Billard Alirolek, Raquel Cortinas EOSeko 2. biolinen bakarlariak eta Pedro José Rodríguez-ek, klabezinean dela, interpretatuko dute.
Hau izango da irailaren 24tik 2012ko ekainaren 2ra bitartean gipuzkoar kultur eskaintzari askotariko musikazko, klasikoa zein abangoardiako 16 proposamen gehituko dizkion zikloaren estreinako emanaldia.
Kontzertu honetarako sarrerak Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es bidez eta larunbatean 10.30etatik aurrera Egoitzako leihatilan eros daitezke.
Egitaraua
J. S. Bach
Orkestrarako 2. Suitea si minorrean, BWV 1067 [20']
Brandenburgoko 5. kontzertua re maiorrean, BWV 1050 [21']
Bach Ensemble
Hélène Billard-Alirol*, flauta; Irene Echeveste*, Oscar López*, Itziar Prieto*, Raquel Cortinas*, biolinak; Yann Seyrac*,Jean Michel Nougue*, biolak; Natalia Díaz*, biolontxeloa; Arkadiusz Maciejski*, kontrabaxua ; Pedro José Rodríguez, klabezina
*EOSeko kidea
Informazio gehiago
1. Miramongo Matinéeko esku-egitarauaEuskadiko Orkestra OLBEren denboraldiaren irekieran arituko da

Irailaren 24 larunbatean OLBEren denboraldiaren irekiera-funtzioa izango da eta bertan arituko da Euskadiko Orkestra. Donato Renzettik zuzenduta, Orkestrak Verdiren "Simon Boccanegra" interpretatuko du zulogunetik. Bilboko Operaren Lagunen Elkartearen "Tutto Verdi" egitasmoaren baitako opera.
Bilbon aurkeztuko dena Parmako Teatro Regio antzokiaren ekoizpena da, Hugo de Ana argentinarra eszena-zuzendari duena. Bakarlarien artean bereziki aipagarriak dira Ainhoa Arteta sopranoa eta George Gagnidze tenorea. "Simon Boccanegra"k XIV. mendeko Italiako bizitza politikoa islatzen du, plebeioen eta patrizioen arteko gatazkak nagusi zirenekoa. Egunotan antzeztuko dena egileak berak berrikusitako bertsioa izango da, 1881. urtean estreinatu zena.
Estreinaldiaren aurretik, hilak 23 ostiralean atariko hitzaldi bat izango da opera aurkezteko. Bertan Andrea Merli izango da hizlari. Lirikan aditua den musika kritiko honek L'Opera, Scherzo, Opera Actual edo Orpheus aldizkarietan eta www.mundoclasico.com webgunean da lankide.
24ko funtzioaz gain, "Simon Boccanegra" irailaren 27an eta 30ean eta urriaren 3an izango da Bilboko Euskalduna Jauregian.
Euskadiko Orkestraren doinu berriak www.osetunes webgunean

Denboraldi berria hastearekin batera, Euskadiko Orkestraren 19 doinu berri gehitu ditugu www.osetunes.es webgunean, dohain telefono mugikorrerako doinu gisa erabilgarri. Orkestrak interpretaturiko obren zatiak dira guztiak, jada argitaratutakoak batzuk, "Auhen Sinfonikoa" diskatik ateratakoak esaterako, eta zuzeneko grabaketetatik ateratakoak besteak. Kepa Junkera, Mikel Laboa, Benito Lertxundi edo Brahms, Vivaldi eta Offenbach Euskadiko Orkestrak interpretatuak zure mugikorrean entzuteko prest.
Aplikazio hau telefono mugikorraren bidez zein ordenagailu bidez da erabilgarria. Ordenagailua erabiliz, doinuak jaitsi eta gordetzeko aukera dago, gero Bluetooth teknologia erabiliz edo kable bidez mugikorrera pasa ahal izateko. Telefono mugikorra erabiliz, aldiz, melodiak zuzenean dei-tonu gisa ezartzeko gorde ahal izango dira.
Sinfokids Euskadi osoko ikastetxeetara heldu da

Ikasturtea hastearekin batera, Sinfokids Euskadi osoko ikasgeletara helduko da. ETBn emititu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lehen hezkuntzako ikastetxe, musika eskola, kontserbatorio eta berritzegunetan banatu du Sinfokids, orain eduki gehiago dituen DVD bilakaturik.
Sinfokids kastetxeetan banatzen zen bitartean, aste honetan hainbat tailer burutu da Bilbo, Donostia eta Gasteizen irakasleei Euskadiko Orkestrak, Eitbk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak gauzatutako ikus-entzunezko materiale honen inguruko azalpenak emateko. Izan ere, Sinfokids tresna aitzindaria da eta estatu mailan ez du beste erreferentziarik.
Honela, milaka ikaslek erabiliko dute modu zorrotz baina atseginean musikaren errealitatera hurbiltzeko baliogarri izateko sortutako errekurtso pedagogikoa den Sinfokids.
Miramongo Matinéeak zikloaren 2011/2012 denboraldia aurkeztu berri da

Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéeak zikloaren 2011/2012 denboraldia aurkeztu da. Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusi Iñigo Alberdik, Mikel Mendartek, zikloaren babesle den Kutxaren ordezkariak eta bertan arituko diren hainbat musikarik Miramongo Matinéen 20. denboraldia osatuko duten 16 kontzertuen xehetasunak azaldu dituzte bertaratutako komunikabideen aurrean.
Iñigo Alberdik datozen hilabeteetarako prestatutako programazioaren askotarikotasuna azpimarratu du eta Mikel Mendarte, Kutxaren izenean, "Miramongo Matinéeak bezalako kalitatezko errealitateekin lankidetzan aritzeaz arro" agertu da eta Euskadiko Orkestrari musika gizarteratzeko egiten duen lana eta ahalegina eskertu dizkio.
20. Denboraldian Miramongo Matinéeak zera dira, Bach, Beethoven, Mozart edo Händel, baina baita Guridi edo Aita Donostia Piazzollarekin, jazzarekin edo musika garaikidearekin bizikidetzan, ganbera taldeak, Euskadiko Orkestraren zein BOSeko musikari-taldeak, Andra Mari Abesbatza edo Gonzalo Tejada eta Iñaki Salvador bezalako izenak bestelako errepertorioetan murgildurik; Euskadiko Orkestraren lanaldiak entzulegoari zabaldurik eta Daniel Müller Schott biolontxelojotzailea edo Judith Jaúregui pianojotzailea bakarlari gailenak ere esperientza artistiko honen kide bilakatuko dira, giza-dimentsioa duen eszenatoki batean, non artista eta entzuleen pultsoak musikaren erritmoarekin bat egiten duen. Guzti honen euskarri izango dira Miramongo Matinéeak 2011/2012 denboraldian.
Eskerrak eman nahi dizkiogu KUTXAri, bere Gizarte Ekintzaren bidez hogei denboraldi hauetan zehar Miramongo Matinéeak zikloa erreferente bilakatzeko bidean lankide izan baitugu.
Abonuen salmenta. Hamasei kontzertuetarako abonuak salgai daude jada Euskadiko orkestraren telefono zenbakiaren bidez (943 01 32 32). Abonuaren prezioa 75,00€-koa da. Orkestraren beste zikloetako abonatuek, Kursaal Fundazioko abonatuek, Eureka! Zientzia Museoaren lagunek eta Gazte Kutxa eta Urrezko Txartelaren titularrek deskontua izango dute.
Denboraldi honetan ere doako autobus zerbitzua izango da abonatuentzat, 10:25etan Gipuzkoako Plazako 4. zenbakitik atera eta Antso Jakituna Hiribidea, 18an eta Madrilgo Hiribidea, 34an geldialdiak egiten dituena.
Sarreren salmenta. Sarrera solteak irailaren 19tik aurrera eros ahal izango dira. Sarrera bakoitzaren prezioa 6,50€-koa izango da eta Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es helbideetan eskura daitezke; Egoitzaren leihatilan, halaber, kontzertu egunean 10:30etatik aurrera, aforo librerik balego.
Informazio gehiago
Prentsa-dossierraMusika Bakearen Alde, irailaren 8an Bilboko Euskalduna Jauregian

Musika Bakearen Alde, irailaren 8an Bilboko Euskalduna Jauregian
Irailaren 8an Euskadiko Orkestra "Musika Bakearen Alde" izenburupean Bilboko Euskaldunan izango den kontzertuan arituko da. Emanaldi hau Eusko Jaurlaritzak "kulturaren, bakearen eta askatasunaren urtea" izendatu 2012 urtearen hitzaurre izango da. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak sustatutako ekimen hau Inma Shara zuzendari arabarrak zuzenduko du eta bere gidaritzapean Euskadiko Orkestrak Pucciniren Preludio Sinfonikoa, Guridiren Diez Melodías Vascas eta Mozarten Koroatze Meza interpretatuko ditu. Egitarau erakargarri hau interpretatzeko Orkestrak lagun izango ditu Andeka Gorrotxategi tenorea, Damián del Castillo baxua, Marta Ubieta sopranoa, Maite Maruri kontraltua eta Julio Gergelyk zuzentzen duen Bilboko Koral Elkartea.
Musika bakearen alde
Irailak 8: Euskalduna Jauregia, Bilbo. 20.00etan.
Egitaraua
G. Puccini: Preludio Sinfónico
J. Guridi: Diez Melodías Vascas
W.A. Mozart: Misa de la Coronación
Inma Shara, zuzendaria
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Marta Ubieta, sopranoa
Maite Maruri, kontraltua
Andeka Gorrotxategi, tenorea
Damián del Castillo, baxua
Bilboko Koral Elkartea
(Zuz. Julio Gergely)
Informazio gehiago
Esku-egitarauaEuskadiko Orkestra estreinako aldiz arituko da Festival Musique en Côte Basque jaialdian

Irailaren 2an gauean Orkestrak kontzertu bat eskainiko du Miarritzeko Gare du Midi aretoan, Festival Musique en Côte Basque jaialdiaren programazioaren baitan. Lehenbiziko aldia da Orkestra aurtengoan "Bidaiatzera gonbidapena" eginez aurkezten den jaialdi honetan aritzen dela. Andrew Gourlay maisuaren zuzendaritzapean, Orkestrarekin batera Josu Okiñena eta Iván Martín pianojotzaileak izango dira bakarlari jaialdi honetan debuta egiterakoan. Orkestra laugarren aldiz arituko da Gare du Midi aretoan.
Orkestra entseguetan murgildurik dago jada Andrew Gourlay (Jamaica, 1982) zuzendariaren aginduetara. 2010ean Cadaquéseko Orkestraren Nazioarteko Zuzendaritza Lehiaketako irabazle, urte bereko irailetik Sir Mark Elder-ek zuzentzen duen Manchesterreko Hallé Orchestra-ko zuzendari laguntzailea eta Hallé Youth Orchestra-ko musika zuzendaria da. Honekin Euskadiko Orkestrak Mendelssohnen "Itsasoa bare eta zorioneko bidaia", Mozart en 10. Kontzertua mi bemol maiorrean (Josu Okiñena donostiarra eta Iván Martín kanariarrarekin) eta, jada bigarren zatian, Dvoráken 9. Sinfonia ospetsua, "Mundu Berriarena" izenburuaz ezaguna, interpretatuko ditu.
Josu Okiñena (Donostia-San Sebastián, 1971) pianojotzaileak Europa zein Amerikan garatzen du bere piano karrera eta sortu zenetik Musikenen irakasle izatearekin partekatzen du berau. Gainera unibertsitate ugaritan ematen ditu eskolak eta nazioarte mailako jaialdi ezberdinetan aritzen da. Almudena Ortega sopranoarekin batera Aita Donostiak ahots eta pianorako sortutako obra osoa grabatu du. Iván Martín (Kanaria Handiko Las Palmas, 1978), berriz, ia espainiar orkestra guztiekin aritzen da lankidetzan eta baita Santiago de Chile eta Sao Pauloko Orkestra Sinfonikoekin edo Helsinky, Zagreb, eta Estrasburgoko Orkestra Filarmonikoekin eta Pariseko Orkestrarekin ere, Eschenbach, Albrecht edo Halffter-en zuzendaritzapean.
Festival Musique en Côte Basque jaialdi entzutetsuak berrogeita hamar urtetik gora daramatza musika klasikoaren alorreko izen nabarmenenak biltzen. Joan zen abuztuaren 28tik aurrera eta irailaren 8a bitartean, Donibane Lohitzune, Angelu, Askain, Baiona, Miarritze, Ziburu eta Urruñan errezital zein kontzertu ederrez gozatzeko aukera izango da, Euskadiko Orkestrak eskainiko duen emanladiaz gain, besteak beste, Orchestre National Bordeaux-Aquitaine, Trio Wanderer, Nikolaï Lugansky pianojotzaileak eta Barbara Hendrics sopranoak eskainiko dituztenak, hain zuzen ere.
Festival Musique en Côte Basque jaialdia
2011ko irailaren 2an, Gare du Midi, Miarritze. 21 :00h
Egitaraua
F. Mendelssohn: Itsasoa bare eta zorioneko bidaia
W.A. Mozart: 10. Kontzertua mi bemol maiorrean
A. Dvorák: 9. Sinfonia mi minorrean, opus 95, "Mundu Berriarena"
Andrew Gourlay, zuzendaria
Josu Okiñena, pianoa
Iván Martín, pianoa
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
2011/2012 denboraldia
Udako oporren ondoren, lanean gara berriro eta jakinarazten dizuegu abonu-berritze prozesua amaitzen ari garela. Iraileko azkeneko astean jasoko dituzue abonu-txartelak etxean, baita 2011/2012 denboraldiko liburua ere, Orkestraren jarduerari buruzko informazio guztiarekin.