Ostirala 28 Urria, 2011

Euskadiko Orkestraren iragarki berria

Euskadiko Orkestraren iragarki berria
ETBn emititu ondoren, webgunean ikusgai

Abonu Denboraldiaren hasierarekin batera, Euskadiko Orkestraren iragarki berria emititu zen ETBn. Baina orduan ikusi ez zuen ororentzat gure webgunean eskegi dugu orain. Izaera kontzeptual sakona duen pieza da, karga metaforiko nabarmenduna, baina zalantzarik gabe Orkestraren nortasunaren ezaugarriak hizpide dituena.

Hogei segundu eskas irauten dituen narrazio bisuala da, gure begien aurrean intepretazio-paleta zabala aurkezten duena. Irakurketa ugari egin daitezke, baina dudarik gabe kalitatea, zehaztasuna, taldea, Orkestra kultura-motore gisa ditu argudio nagusiak. Baina kontatu baino hobe ikusi...

Astelehena 24 Urria, 2011

Euskadiko Orkestrak kontzertu bana eskainiko du urriaren 28an Markina-Xemeinen eta 31ean Durangon

Euskadiko Orkestrak kontzertu bana eskainiko du urriaren 28an Markina-Xemeinen eta 31ean Durangon
Orkestra Herrietan ekimenaren baitan, bata Izarbidean elkartearekin lankidetzan egindako kontzertua izango da eta bestea Durangoko XXII. Musika Hamabostaldiaren irekiera emanaldia.

Bere agertokien artean ezohikoak diren lekuetara heltzea helburu duen Orkestra Herrietan bere ekimenaren baitan, Euskadiko Orkestra urriaren 28an Markina-Xemeingo parrokian eta 31ean Durangoko Uribarriko Basilikan izango da.

Markina-Xemeinen Izarbidean elkartearen eskutik. Andrés Orozco-Estradak zuzendurik Orkestra Markina-Xemein eta Etxebarriako adimen urritasuna duten haur, gazte eta helduak biltzen dituen Izarbidean elkartearekin lankidetzan sustatutako kontzertuan arituko da. Ekimen honi esker Lea-Artibai eskualdeko biztanleek goi mailako kontzertu batean gozatzeko aukera bikaina izango dute: izan ere, bertan eskainiko den egitaraua, Orkestraren titularraren zuzendaritzapean eta Orkestrako kide Sara Zufiaurre eta Juan Navarro bakarlari direla, Abonu-Denboraldian eskaini berri da. EOS estreinako aldiz arituko da Markina-Xemeinen. Hitzordua hilaren 28an izango da, 20.00etan Markinako parrokian. Sarrerak Udaletxean eta Liburutegian eros daitezke (5€).

Durangon, Jesús Egiguren durangarraren musika interpretatuz. Urriaren 31ean, Nacho de Pazek zuzenduta, XXII. Durangoko Musika Hamabostaldia irekiko du. Arriaga eta Mendelssohnen obrez gain, Jesús Egiguren durangarrak Orkestraren beraren enkarguz idatzi eta joan zen otsailean Abonu-Denboraldian estreinatu zen Kindly Symphony interpretatuko du. Kontzertua Uribarriko basilikan izango da, 21.00etan eta sarrera doakoa da.

Osteguna 20 Urria, 2011

Guridi eta Aita Donostiaren jaiotzaren 125. urteurrena Miramongo Matinéetan

Guridi eta Aita Donostiaren jaiotzaren 125. urteurrena Miramongo Matinéetan
Urriak 22 larunbatean konpositore hauen lana gogora ekarriko du Erro hari laukoteak.

Larunbatean, hilak 22, Jesús Guridi eta Aita Donostia izango dira Miramongo Matinéen emanaldi bateko protagonista. Aurten 125 urte betetzen dira biak jaio zirela eta Erro hari laukoteak ez du haiek omentzeko aukera galdu nahi izan eta beren ganbera-musika ekoizpeneko aukeraketa interesgarri bat ekarriko dute Euskadiko Orkestraren egoitzako eszenatokira.

Erro hari-laukotea Euskadiko Orkestrako lau musikarik ganbera-musikaren alorrean nagusi den generoarekiko, hari-laukotearekiko, alegia, duten interesaren ondorioz sortu da. Alor honetan, Nahatalie Dabadie eta Irene Echeveste biolinjotzaileak, Arkaitz Martínez biolajotzaileta eta Jon Larraz biolontxelojoleak, guztiak Euskal Herrian jaioak, apostu argia egiten dute euskal musikaren alde, beren erroetara jotzearen alde (hortik Erro izena aukeratu izana).

Kontzertu goiztiar honen egitaraua Aita Donostiaren Hari-laukoterako Lied-a eta Kuartetoa Min eta Jesús Guridiren 1. Kuartetoa sol-en obrek osatzen dute. Musikagile hauek leku garrantzitsua dute euskald musikaren historian, izan ere bertako XX. mendeko musika konpositorerik garrantzitsuenetakoak ditugu. Aita Donostia, hau da, Gonzalo Zulaika konpositore, organujotzaile eta musikologoa euskal folklorista handienetakotzat hartua izan da eta Jesús Guridi Fallaren belaunaldiko konpositore-taldeko kide izan zen, Conrado del Campo, Joaquín Turina, Julio Gómez eta Oscar Esplá-rekin batera. Orduko abangoardietatik at, erromantizismo sinfonikoaren ildoa euskal sinfonismoarekin uztartzen jakin zuen.

Kontzertua goizeko 11etan hasiko da eta honetarako eta Miramongo Matinéeak zikloko kontzertu guztietarako sarrerak www.kutxa.net, Servikutxa eta Telekutxa (943 00 12 00) bidez eros daitezke eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere, 10.30etatik aurrera.

Asteartea 18 Urria, 2011

Urriaren 20an zabaltzen da Euskadiko Orkestraren Eskola-haurrentzako Kontzertuetarako izena emateko epea

Urriaren 20an zabaltzen da Euskadiko Orkestraren Eskola-haurrentzako Kontzertuetarako izena emateko epea
“Sheherazade eta beste ahots batzuk” izenburupean, 2012ko maiatzaren 8, 9 eta 10ean izango dira emanaldiak, Euskadiko Orkestraren egoitzan.

Ostegunean, hilak 20an zabaltzen da Euskadiko Orkestraren III. Eskola-haurrentzako Kontzertuetarako izena emateko epea. Oraingoan Orkestrak Diego Martín Etxeberriak zuzenduta eskainiko duen kontzertuak, Sheherazade eta beste ahots batzuk izenburu harturik, multikulturalitatea eta bizikidetza izango ditu hizpide, horretarako Rimsky-Korsakov, Borodin, Guridi, Brahms, Rossini eta abarren musikaz baliatuz. Kontzertu hau Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleentzat izan da diseinatua.

Sheherazade eta beste ahots batzuk 2012ko maiatzaren 8, 9 eta 10ean helduko da Orkestrak Miramonen duen egoitzara, eguneko bi emanaldi izango direlarik. Eskola-haurrentzako Kontzertu hauetara joateko, ezinbesteko baldintza izango da ikastetxeko musika-irakaslea aurrez, 2012ko martxoak 9 ostiralean 12.00etan, Orkestraren egoitzan izango den Irakasleentzako Tailerrera bertaratzea.

Kontzertu hauetara etorri nahi duten ikastetxeek Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren bidez eman behar dute izena 2011ko urriaren 20tik abenduaren 19ra bitartean (tel: 943 48 3384; posta elektronikoa: hezkuntza_educacion@donostia.org; www.donostiahezkuntza.org). Ikasle bakoitzeko prezioa 2,50 € izango da.

Astelehena 17 Urria, 2011

Orkestrako hiru kide bakarlari Euskadiko Orkestraren bigarren Abonu-programan

Orkestrako hiru kide bakarlari Euskadiko Orkestraren bigarren Abonu-programan
Andrés Orozco-Estrada maisu titularren zuzendaritzapean, Mendelssohn konpositorearen lanari eskainitako programa izango da.

Bere titular Andrés Orozco-Estradaren zuzendaritzapean, Orkestra bere 2011/2012 Abonu-Denboraldiko bigarren programa osatzen duen obra-aukeraketa entseatzen ari da egunotan. Mendelssohndarra izenburu harturik, berezitasun bat dauka: Orkestra bi talde ezberdinetan banatuko dela, honela Mendelssohnen sinfonien integrala eskaini ahal izateko, aurretik jada interpretatua duen Bigarren Sinfonia.

Lehenbiziko taldeak (A), urriaren 20an Donostiako Kursaalean, 24an Euskaldunan eta 27an Principal Antzokian arituko denak EOSeko biolontxelo-taldeko bakarlari Gabriel Mesado izango du bakarlari. Egitaraua Mendelssohnen 1. Sinfonia eta 4. Sinfoniak ("Italiarra") eta Tchaikovskyren Rococó bariazioak izango dira entzungai, azken hau Gabriel Mesadok interpretatuko duena. Bartzelonan jaio arren, Alemanian bizi izan den musikari hau Kolonia eta Aachen-eko Kontserbatorioetan izan zen ikasle, C. Kanngieser eta H.C. Schweiker irakasleekin, eta baita Basileako Goi Mailako Kontserbatorioan ere. "Collegium Musicum Wiesbaden" Orkestra Sinfonikoko biolontxelo-bakarlari izan zen, honekin orain Euskadiko Orkestrarekin interpretatuko dituen Rococo bariazioak bakarlari gisa interpretatu zituelarik.

Bigarren taldea (B) 21ean Kursaalean eta 26an Iruñekoa Baluarten arituko da. Honetan Sara Zufiaurre Orkestrako klarinetejotzailea estreinakoz arituko da bakarlari gisa: Mendelssohnen Klarinete, corno di bassetto eta orkestrarako bi pieza intepretatuko ditu, Orkestrako klarinete-taldeko bakarlari Juan Navarrorekin batera. Mendelssohnek bere lagun Heinrich Joseph Baerman klarinetejolearentzat eta honen semearentzat idatzitako pieza hauen zailtasunaz gain, aipagarria da eszenatoki gainean bakarlari gisa irakaslea eta bere ikaslea ikusteko aukera emango digula. Izan ere, Juan Navarro, 1982an sortu zenetik Euskadiko Orkestrako kide izateaz gain irakasle moduan eskarmentu handiduna, Sara Zufiaurreren irakasle izan zen honek 8 urterekin klarinetea jotzen hasi eta hamalau urte geroago goi mailako ikasketak amaitu bitartean. Kontzertu hauen egitaraua osotuz, alemaniar musikagilearen 5. Sinfonia, "Erreformarena", eta 3.a, "Eskoziarra" izango dira atriletan.

2. Abonu-programa, A taldea
Urriak 20:
Kursaal Auditorioa. Donostia-San Sebastián. 20:00h.
Urriak 24: Euskalduna Jauregia, Bilbao. 20:00h.
Urriak 27: Principal Antzokia. Vitoria-Gasteiz. 20:00h.

F. Mendelssohn: 1. Sinfonia
P.I. Tchaikovsky: Rococo bariazioak
F. Mendelssohn: 4. Sinfonia
   Andrés Orozco-Estrada, zuzendaria
   Gabriel Mesado, biolontxeloa (EOSeko kidea)

2. Abonu-programa, B taldea
Urriak 21:
Kursaal Auditorioa. Donostia-San Sebastián. 20:00h.
Urriak 26: Baluarte Auditorioa, Iruñea. 20:00h.

F. Mendelssohn
5. Sinfonia
Klarinete, corno di bassetto eta orkestrarako bi pieza
3. Sinfonia
   Andrés Orozco-Estrada, zuzendaria
   Juan Navarro, klarinetea (EOSeko kidea)
   Sara Zufiaurre, corno di bassetto (EOSeko kidea)

Asteazkena 19 Urria, 2011

EITB Kultura Gaua saioak Euskadiko Orkestraren 2011/2012 denboraldia hizpide

EITB Kultura Gaua saioak Euskadiko Orkestraren 2011/2012 denboraldia hizpide
ETBren kanal ezberdinetan emititu ostean, orain sarean dago osorik ikusgai.

Euskadiko Orkestraren 2011/2012 denboraldia izan da eitb kultura gaua saioaren argumentua. Kultura eta tendentziak hizpide dituen ETBren saio honetan, datozen hilabeteotan Orkestraren jardueraren ildo nagusiak izango diren programazio osoa, proiektu diskografikoak eta abar azaltzeaz gain, elkarrizketak ere izan dira. Honela, guzti honen inguruan aritu dira Iñigo Alberdi, Orkestraren zuendari nagusia, orkestrako kide den eta aurtengoan Abonu-Denboraldian bakarlari lanetan arituko den Sara Zufiaurre eta baita Kirmen Uribe idazlea ere, bera izango baita beste Abonu-programa batean Bilbao. New York. Bilbao bere elaberri famatuko hitzei ahotsa jarriko diena.

ETBren kanal ezberdinetan emititu ostean, saioa sarean ikus daiteke orain, oso osorik EITBren webguneko "nahieran" atalean.

Asteartea 04 Urria, 2011

Opus 64 taldeak Beethoven ekarriko du Miramongo Matinéetara

Opus 64 taldeak Beethoven ekarriko du Miramongo Matinéetara
Larunbat honetan, hilak 8, alemaniarrak haize talderako idatzitako obrak interpretatuko ditu.

Larunbat honetan, hilak 8an, Euskadiko Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéen bigarren emanaldia izango da. Bere osotasunean orkestrako kideez osatua dagoen Opus 64 haize-taldeak Ludwig van Beethovenek musikari-koupuru ezberdinez osatutako haize-taldetarako hiru obra interpratuko ditu: Sextetoa mi bemol maiorrean, Oktetoa mi bemol maiorrean eta Nonetoa flauta eta haize-oktetorako fa maiorrean.

Sextetoan Beethovenek ez du oboerik erabiltzen eta lehenbiziko klarinetearentzat paper nabarmena konposatu zuen lehenengo mugimenduan, sarrerako andante maestoso ohikoaren ondorengo allegroan. Oktetoan instrumentu-talde klasikoa darabil: batak bestea osotu eta kontrajartzen diren bikoiztutako lau ahots, idazkera mota honetan maisuak ziren Mozart eta Haydnek egindakoaren modura. Nonetoan, aldiz, oktetoari flauta bakar bat gehitu zion; honela flauta bakarlari gisa aritzen da, gainerako instrumentuek ahalbidetutako ehun harmonikoaren gainetik.

Monografiko honen bidez, Opus 64 taldeak alemaniar konpositorearen jeinutik sortutako ganbera-musikako pieza hauen gailentasuna aldarrikatu nahi du. Izan ere, etorriaren aldetik bere sinfonia handienekin aldaragarriak diren arre, ez baitira horiek bezain sarri interpretatzen.

Hitzordua goizeko 11etan izango da, beti bezala, eta sarrerak www.kutxa.net, Servikutxa eta Telekutxa bidez eros daitezke eta kontzertu egunean baita Orkestraren egoitzan ere.

Asteartea 04 Urria, 2011

Urriaren 7an hasiko da Euskadiko Orkestraren Abonu-Denboraldia

Urriaren 7an hasiko da Euskadiko Orkestraren Abonu-Denboraldia
Lehenbiziko programa Andrey Boreykok zuzenduko du eta Alice Sara Ott pianojotzailea izango da bakarlari. Kontzertuak 7an Kursaalean, 10ean Gateizko Principal Antzokian, 11ean Iruñako Baluarten, 13an Kursaalean eta 14an Bilboko Euskaldunan izango dira.

Urriaren 7 ostiralean Donostiako Kursaal Auditorioan Euskadiko Orkestraren Abonu-Denboraldiaren lehehnbiziko konpasak entzungo dira. Andrey Boreyko, Orkestraren zuzendari printzipal gonbidatua izango da estreinako kontzertu hauetan zuzenduko duena. Gainera, Alice Sara Ott pianojotzailearen birtuosismoaz gozatzeko aukera izango da, Ravelen Piano eta orkestrarako kontzertua sol maiorrean interpretatuko duelarik.. Egitaraua osotuz, Rautavaara finlandiarraren Cantus Arcticus, Haydnen 67. Sinfonia eta Bartoken Mandarin Miragarriaren suitea izango dira entzungai. Hilak 7an Donostian izango den kontzertuaren ostean, astelehenean Gasteizko Principal Antzokian, Iruñeko Baluarten, 13an berriz ere Donostian eta 13an Bilboko Euskaldunan izango dira lehenbiziko programa osotuko duten kontzertuak.

Alice Sara Ott pianojotzaile gaztea (Munich, 1988) Londres, Tokyo, San Francisco edo Vienako orkestrekin eta Philharmonia Orchestra delakoarekin aritu izan da jada, besteak beste. 2010ean Lang-Lang ordezkatuz Londreseko Barbican Center-en aritu zen, bere emanaldiak kritikaren harreta piztu zuelarik, eta joan den abuztuan BBC Proms jaialdian debuta egin zuen. EOSen Abonu-Denboraldiaren irekierara duela egun gutxi Pragan Txekiar Orkestra Filarmonikoarekin batera eta baita Pisako Anima Mundi jaialdian ere, Sir John Eliot Gardiner-en zuzendaritzapean aritu ostean helduko da. 2008.etik Deutsche Gramophon diskoetxearentzat grabatzen du bakarrik. Euskadiko Orkestrarekin debuta egiterakoan Maurice Ravelen Piano eta orkestrarako kontzertua sol maiorrean interpretatuko du. Lapurdiko konpositoreak sortutako kontzertuen artean argitsuenatzat jotzen da eta bere notek George Gershwin amerikarraren jazz zantzuak ezkutatzen dituzte. Egitaraua osotzeko Rautavaara finlandiarraren Cantus Arcticus, txori eta orkestrarako kontzertua, Haydnen 67. Sinfonia eta Bartoken Mandarin miragarriaren suitea izango dira entzungai.

55 kontzertu 30. denboraldian. 2012ko ekaina bitartean, guztira 55 izango dira Orkestrak bere Abonu-Denboraldiaren baitan eskainiko dituen kontzertuak, 14 programatan banatuak. Orkestra garai klasikoko obrak izango ditu hizpide nagusi eta errepertorio sinfonikoko obra gailenak interpretatuko ditu eta, halaber, Rimsky-Korsakoven Sheherazade, Mendelssohnen Udako gau bateko ametsa (obertura) edo Bernstein-en West Side Story interpretatuko ditu. Horretaz gain, modu berezian nazioarte mailako lau musikagileren lau obra estreinatuko ditu eta beste 14 obra interpretatuko ditu lehenbiziko aldiz. EOSen Abonu-Denboralditik igaroko diren izenen artean, Andrés Orozco-Estrada eta Andrey Boreykoz gain, Jesús López Cobos, Gerd Albrecht, Yan Pascal Tortelier, Lawrence Renes, Diego Matheuz, Judith Jáuregui, Joaquín Achúcarro, Arabella Steinbacher, Leticia Moreno, Daniel Müller Schott, Maxim Rysanov, Martin Grübinger, Sophie Koch eta abar luze bat izango ditugu.

Astelehena 26 Iraila, 2011

Manuel Iradier Abesbatzarekin bere 50. urteurrena ospatuko dugu

Manuel Iradier Abesbatzarekin bere 50. urteurrena ospatuko dugu
Irailaren 29 ostegunean, Gasteizko Principal Antzokian.

Gasteizko abesbatzarik zaharrena den Manuel Iradier Abesbatzak 50 urte betetzen ditu aurten. Sortu zenetik Emilio Ipinza Gilek zuzendua, 3.000tik gora kontzertu eskaini ditu Araba, estatu mailan zein Europa, Ekialde Hurbila zein Hegoamerikako hainbat herrialdetan. 50 urte musikaren bidez kultura eta ohitura zaharrak zabaltzen, euskal kulturaren zabalkuntzari arreta berezia eskainiz, ospatzekoak dira eta horretarako hainbat ekitaldi izango dira urte osoan zehar. Horien artean irailaren 29an Gasteizko Principal Antzokian izango den kontzertua. Diego Martín Etxebarriaren zuzendaritzapean, Orkestra Manuel Iradier Abesbatzarekin berarekin eta Raquel Andueza, Barbara Koselj, Juan Sancho eta Pau Bordas bakarlariekin arituko da.

Osteguna 22 Iraila, 2011

Bachen musika Miramongo Matinéeak zikloari hasiera emateko

Bachen musika Miramongo Matinéeak zikloari hasiera emateko
Bach Ensemble taldeak 2. Suitea eta Brandenburgoko 5. kontzertua interpretatuko dituzte larunbatean, hilak 24.

Larunbat honetan, hilak 24, abian jarriko da Euskadiko Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéeak zikloaren denboraldi berria. Eta Bach Ensemble taldearen eskutik hasiko da. Talde hau Euskadiko Orkestrako hainbat kidek eta Pedro José Rodríguez pianojotzaile eta klabezinistak osatzen dute. Guztiak atsegin handiz hartu dute aurretik, beren musika-ibilbidearen une ezberdinetan, jada interpretatu dituzten Bachen bi obra berrinterpretatu eta Matinéen entzulegoarekin partekatzeko aukera izatea. Orkestraren egoitzan, bere etxean izango da gainera.

Lehenbizi Johann Sebastian Bachen 2. Suitea si minorrean izango da entzungai. Alemaniar konpositore handiak Orkestrarako lau Suite idatzi zituen. Hauetako bakoitzak "Obertura" izena ere hartu izan du, lehenbiziko mugimendu honek obren osotasunean zuen garrantzia dela eta. Suite hau dantza ezberdinez osatutako segida bat da eta pasarte nagusia zeharkako flautak interpretatzen du, gaur Héléne Billard Alirolek, EOSeko flauta bakarlariak joko duena.

Jarraian, Brandenburgoko 5. kontzertua (BWV 1050) ezagutu edo berriro entzuteko aukera izango da. J.S. Bachen sei kontzertu ezagunenen artean kokatzen da. 5. Kontzertua flauta, biolina eta klabezinarekin interpretatzeko izan zen konposatua. Gaurkoan, Hélène Billard Alirolek, Raquel Cortinas EOSeko 2. biolinen bakarlariak eta Pedro José Rodríguez-ek, klabezinean dela, interpretatuko dute.

Hau izango da irailaren 24tik 2012ko ekainaren 2ra bitartean gipuzkoar kultur eskaintzari askotariko musikazko, klasikoa zein abangoardiako 16 proposamen gehituko dizkion zikloaren estreinako emanaldia.

Kontzertu honetarako sarrerak Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es bidez eta larunbatean 10.30etatik aurrera Egoitzako leihatilan eros daitezke.

Egitaraua
J. S. Bach
Orkestrarako 2. Suitea si minorrean, BWV 1067 [20']
Brandenburgoko 5. kontzertua re maiorrean, BWV 1050 [21']

Bach Ensemble
Hélène Billard-Alirol*,
flauta; Irene Echeveste*, Oscar López*, Itziar Prieto*, Raquel Cortinas*, biolinak; Yann Seyrac*,Jean Michel Nougue*, biolak; Natalia Díaz*, biolontxeloa; Arkadiusz Maciejski*, kontrabaxua ; Pedro José Rodríguez, klabezina

*EOSeko kidea

Orriak