AGUR BIKOITZA TONHALLEN

Bira itxi dugu dugu jada, etxera bidean hegan goaz eta oso pozik gainera, gauzak ongi egin izanaren sentsazioarekin. Bart Düsseldorf-eko Tonhalle aretoa agurtu genuen, entzulegoaren txalo-zaparrada baten artean. Agurra bikoitza izan zen: batetik, kontzertu gogoangarriak utzi dizkigun areto miragarriari agur eta, bestetik, erretiroa hartu izanagatik Andrzej Bak lankideari agurra. Azken agur hau aretoan bildu ginen guztiekin partekatzeko, Andrés Orozco-Estrada maisuak Bak-i Guridiren Amorosa eskaini zion, Orkestraren biolontxelo bakarlari gisa eskainitako azken kontzertuan.
Tonhalle aretoan aurretik bizi izandakoaz aritu gara jada biraren inguruko kronikatan; oso areto berezia da eta bertan gertatutako orok izarrak ukitzen ditu. Andrzej Baken agurrari dagokionez, berriz, zera esan dezakegu, aurretik beste agur ugari bizi izan badugu ere behar bada aretoak berak guztiari eransten dion intentsitatearen ondorioz, agur hau bereziki irekia, partekatua eta emoziozkoa izan zen. Zihur Bakek ere izarrak ukitu zituela!
Alemanian barrena buruturiko zazpigarren birari akabera emateko, hasiera batean esandakoari heltzen diogu, orkestren arteko elkartrukeen erabateko onuragarritasunari, alegia, baina orain gure zuzendari Andrés Orozco-Estradaren eta orkestrako musikarien hitzak gehitzen dizkiogu horri: guztiak oso pozik agertu dira lortutako emaitza onengatik eta baita MUSIKAK, hizki larritan, gure bizitzei ematen dizkien esperientzia handiak biltzen jarraitzeagatik ere.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
MUSIKAREN PLANETARIOA

"Brezel"aren eta "brunch"aren artean
Euskadiko Orkestrak birako hirugarren kontzertua eskaini du, bigarrena Tonhalle aretoan. Orainarte izandakoetatik onena izan dela esan dezakegu. Orkestraren interpretazioa ederra izan da benetan eta oso eroso sentitu da, kontzertua igandean goizeko 11:00etan izan arren, hasiera batean ez ohikoa zaigun ordutegi batean.
Eta hain zuzen ere, igandea izateagatik aretoan bizi zen giroa oso lasaia zen, arratsaldetan bizi ohi dugunaz oso bestelakoa. Horregatik, topaketa alemaniar "Brezel"a (ogi gatzatuzko erroskila) eta egun hiri handietan oso modan dagoen gosaria eta bazkariaren arteko "brunch" delakoaren artean izan zen. Iraganean Behatokiak betetzen zuen espazioa bazkaltzen den bitartean ganbera kontzertu bat edo hitzaldi bat entzuteko aproposa den foyer eder batek betetzen du. Euskadiko Orkestraren kontzertuaren ostean, jazz musika zegoen zuzenean entzungai. Espazioa ederra da benetan, gaurkoan Euskadiko Orkestrarekin bezala, kontzertu bakoitza emnaldi bikain bilakatzeko pentsatua. Birak entzulegoen edo orkestren arteko elkartrukeak dira, baina baita senitartekoekin, atril-kide izandakoekin bat egiteko edo, "Espainiarrak munduan" moduko saioren baten kapitulu bat balitz bezala, gure ezagunak munduan barrena egindako ibilbidearen berri izateko aukera ematen digute.Egunotan horrelako momentuak bizi izan ditugu, musikaren emozioak herriminarekin bat egiten dutenekoak. Gaur adibidez, Lucía Ceberioren txanda izan da: duela urte asko Düsseldorfen bizi da tolosar hau, bere senar Stephan eta Alex eta Martha seme-alabekin, eta ez du Euskadiko Orkestraren kontzertua galdu nahi izan.
Musikaren planetarium-a
Demagun 1926 urtean gaudela, Düsseldorfen, Rhin ibaiaren ertzean, munduko izar-behatoki handienaren aurrean. Jada jatorrian oso toki berezi bat bezala sortu zen: bertan, Wilhelm Kreis arkitektoak gure eguzki sistemako lekurik urrutikoenak lurrarekin lotu nahi izan zituen. Baina Historiak bere galera ekarri zuen Mundu Gerrarekin eta desagertu egin zen, kontzertu-areto gisa berreskuratzeko ideia piztu zen arte. 70ko hamarkadara salto egin dugu jada. Tonhalle aretoak bizkarra ematen die bere iragana izan ziren konstelazioei eta topagune, kontzerturturako, solasaldirako, jateko gune bilakatzen da, beti musikaren inguruan: klasikoa, jazz, chanson, soul edo cabaret-a.
Denboraren poderioz aretoa berritu beharko da eta 2005ean beste maisu batek jatorrizko Behatokia berreskuratuko du eta 70ko hamarkadatik aretoak garatu duen izaerarekin nahastuko du. Emaitza "Musikaren Planetarium-a" izango da. Eta bertan gertatutako oro izarretaraino helduko da.
1800 pertsonentzat prestatuko oin zirkulardun aretoak kontzertuen eszenatokia biltzen du eta ondoren begiradak goruntz egiten du, kristalezko kupula urdin bateraino; kupulan argi eta garbi ikus daitezke Esne-bidea, Hartz Nagusia zein Hartz Txikia. Ez da sentsazioa, benetazkoa da, eta aretoaren kudeatzaileen esanetan gauez ireki ahal izango zen kupula bat eraiki nahi izan zuten, izarrak ukitzen saiatzeko. Hori ere etorriko da.
Parkett-etik, hau da, besaulki-patiotik Arriaga izarretaraino heltzen da; Ran-etik, hau da, anfiteatrotik, eta Guridiren Amorosa bis moduan interpretatuz, Orkestrak izar artean bidaiatuz amaitu du goizeko emanaldia. Bizipen hauek guztiak Düsseldorf-eko kaleetan barrena galduko dira orain eta bira hoentako azken musikazko emanaldia astelehenean izango da.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
TONHALLE GüTERSLOH TONHALLE

Düsseldorf-etik bi ordu eta laurdeneko bidaia egin ondoren, Euskadiko Orkestra Güterloh hirira heldu zen larunbatean. Bertan eskaini zuen Alemaniako birari dagokion bigarren emanaldia. 100.000 biztanle dituen Ipar-Renania-Westfalia estatuko hiri hau bertan kokatutako Bertelsmann AG argitaletxe eta komunikabide-entrepresa ospetsuarengatik da ezaguna. Bertako antzokia, STADTHALLE delakoa hiriko kultur-jarduera anitzen bilgune da eta estilo zein diziplina anitzetako emanaldiak hartzen ditu berean: dantza, jazz, antzerkia nahiz musika klasikoa edo, antzokiaren albo batean gure Orkestraren kontzertuaren ordu berean iragartzen zen bezala, "argentinar tangoa".
Gütersloh-ko Stadthalle abangoardiako estilodun eraikina dugu, kanpokaldetik ikusita oin poliedrikoa duena eta barnekaldean lerro zuzen zein apalak nagusi dira. Kontzertu-aretoan, eszenatokiaren atzekaldean kokaturik dagoen organua da nagusi. Erdi-erditik besaulki-patioan dagoen edonoren arreta bereganatzen du. Eta han, 800 bat entzulerentzat prestatutako besaulki-patioan bildu zen Orkestra entzuteko bertaratutako entzulegoa. Honek bezperan Tonhalle-n bizitako errituala errepikatu zuen. Alemaniar auditorioak topagune dira. Jendea kontzertua hasi baino denbora asko lehenago joaten da, bertan lagunekin elkartu, solasaldian aritu, esku-egitaraua erosi, kontzertuaren aurretik afaldu eta, azken finean, kontzertuaren inguruan ordu batzuz gauparte atsegin bat igarotzeko.
Gütersloh-ko kontzertua oso interesgarria gertatu zen, birako kontzertuek izaten duten izaera nomada zein aldakorragatik; beti entzulego zein erreakzio ezberdinak aurkitzen baititugu, estilo, formatu eta erritu askotariko kontzertu-aretoak; baina Orkestra ongi moldatzen da betiere, malgutasun nabarmena erakutsiz. Gaur Düsseldorf-eko Tonhalle aretora itzuliko gara, "Musikaren planetarium"era, baina goizez oraingoan, 11.00etan, hain zuzen ere. Kontzertua zein ordutan den kontutan harturik, hain leku berezian emanaldiak beste izaera bat izango du zihur. Azalduko dugu, Tonhalle aretoak kontakizun honetan bere lekua merezi baitu.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Arriaga izarpean

Tonhalle aretoak, Düsseldorfer Symphoniker orkestraren egoitzak, harro erakusten ditu iraganean, 1926an eraiki zutenan munduko planetarium handiena izanaren aztarnak. 2005ean azkenekoz eraberritu zutenetik, aretoa estaltzen duen kupularen kristalaz bestalde zeru-sabaia ikus daiteke oso-osorik. Egitura semiesferikoaz bestalde kokatutako argazkiek eragindako efektu optiko bat da, baina bart izarrak ikusten ziren bitartean musikaz, Euskadiko Orkestraren musikaz gozatzeak eragindako sentsazioa eradokitzailea gertatzen zen erabat.
Musikalki, Orkestrak, bere titular Andrés Orozco-Estradak zuzenduta, bere ibilbidean garrantzizkoa izango den emanaldia eskaini zuen, uneoro guztia emanez agertu zen entzulego batek babesturik. Egitaraua, sakon eta emoziozkoa, alemaniar entzulego adituaren artean ikusmin nabarmena sortua zuen Arriagaren "Esklabu zoriontsuak" obraren Oberturak ireki zuen. Eta jasotako txaloen arabera, ez zuen huts egin. Ondoren Shostakovitchen Biolontxelo eta orkestrarako 1.zki kontzertua izan zen entzungai; honetan Orkestrak Gautier Capuçon biolontxelojotzaile frantziarra izan zuen lankide. Txaloei erantzunez, Capuçon-en Prokofieven "The Walk of the Small Soldiers" obra interpretatu zuen bis gisa. Jada bigarren zatian, Tchaikovsky eta bere Bosgarren Sinfoniak bete zituzten Orkestraren atrilak eta hau bikain aritu zen. Amaiera gisa eta entzulegoaren berotasuna eskertzeko, EOSek Guridiren Amorosa interpretatu zuen. Orkestrak edonora doala ere berakin eramaten duen obra hau hunkigarria gertatzen da beti. Baita bart ere. Azken finean, sentimenduak nagusi gertatu ziren atzoko kontzertuan, norbanakoaren sentimenduak zein unibertsalak, gizakia zeruaren, izarren eta musikaren handitasun ezin besarkatuzkoaren aurrean.
Izan ere, gizatiarra denak funtsezko balioa hartzen du Düsseldorfeko Tonhalle erakundearentzat. Kontzertuak atzo Andrés Orozco-Estradak eskainitakoa bezalako aurretiko-hitzaldien edo ondorengo azalpenen bidez osotzen dituzte. Kontzertu baten edo beste kultur-espresio batek eragindako norbanakoaren esperientzia indibiduala aberastearren, guztiak zentzu dibulgatiboa hartzen du.
Bestalde, Orkestraren kontzertuak erakundeen ordezkari ugari bildu zituen. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu eta Orkestraren Presidente Blanca Urgell, Espainiako Enbaxadorea Alemanian, Rafael Dezcallar, Espainiako Kontsula Düsseldorf-en, Manuel Viturro eta Frantziako Kontsul Nagusia Düsseldorf-en, Hugues Nordi. Alemiako biraren babesle den Ingeteam entrepresaren ordezkari gisa, han ziren Ingeteam-en Marketing Korporatiboko Zuzendari Eduardo Giménez, Marketing Arduraduna, Itziar López de Armentia eta Ingeteam-en Ordezkari Alemanian, Josu Egea.
Bi orkestra zerupean. Bart Düsseldorfeko Tonhalle aretoan eskainitakoa, Düsseldorfer Symphoniker orkestrarekin egindako elkartrukeari esker Euskadiko Orkestrak Alemanian barrena eskainiko dituenetatik lehena izan zen. Aldi berean, Düsseldorfer Symphoniker-ek atzo amaitu zuen Euskadin egonaldia, Bilboko Euskalduna Jauregian izandako kontzertuarekin. Honenbestez, Euskadiko Orkestrak eta alemaniar orkestrak zerupean bat egin zutela esan genezake, "musika izarpean" kontzeptua Euskaldunako Auditorioan ere betetzen baita, bertan zuntz optikoko puntu ezberdinez argitutako sapaiak izarrez betetako zerua irudikatzen baitu.
Gaur Orkestra Gütersloh-ra abitatuko da eta bertan Stadthalle aretoan arituko da estreinakoz.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Atariko interesgarria

Düsseldorfer Symphoniker orkestra Orkestraren Abonu-Denboraldiaren baitan bere bira osotuz doa eta astelehen eta asteartean Donostiako Kursaalean kontzertu bana eskaini ostean, bart Iruñeko Baluarten aritu zen.
Biartean, Euskadiko Orkestrak bere nazioarteko hamalaugarren biraren lehenbiziko urratsak eman zituen: abiatu baino ordu gutxi batzuk lehenago, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian Alemanian eskainiko duenaren aurrerapena egin zuen bart. Bere titular Andrés Orozco-Estradan gidaritzapean, nahiz bakarka, Arriagaren "Esklabu zoriontsuak" obraren Oberturan eta Tchaikovskyren bosgarrenean, nahiz Gautier Capuçon biolontxelojoleak lagundurik, Shostakovitchen Biolontxelo eta orkestrarako 1.zki kontzertuan, Orkestrak argi erakutsi zuen nazioarte mailako irtenaldi berri honetarako aukeratutako egitarauaren konplexutasuna.
Bereziki intentsitate sakonekoa izan zen kontzertua izanik, une hunkigarrienetariko bat bukaeran bizi izan zen, egunotan erretiroa hartu aurretik Euskadiko Orkestrako profesore gisa bere azken programa eskainiko duen Andrjez Bak biolontxelo bakarlariari omenaldia egin zitzaionean.
Gaur Orkestra Düsseldorferantz abiatu da. Han, bihar ostirala Tonhalle areto ospetsuan arituko da, bertan estreinakoz aritu zenetik hemeretzi urte pasa direnean.
Zure interesekoa izan daitekeelakoan...
Euskadiko Orkestrak Alemaniara egingo duen bira aurkeztu da

Miramongo egoitzan aurkeztu da Orkestrak ekainaren 16tik aurrera Alemanian barrena burutuko duen bira. Iñigo Alberdi, Orkestrako zuzendari naguasiak, egunotan abonu-Denboraldian ari den Düsseldorfer Symphoniker orkestraren intendente Michaell Becker eta biraren babesle den Ingeteam entrepresako marketing korporatiboko zuzendari Eduardo Jiménez egunotan Orkestraren jardueraren erdigune den elkartrukeaz aritu dira.
Michael Becker, orkestra gonbidatu gisa egunotan ohiko lau hiriburuetan Euskadiko Orkestraren Abonu-Denboraldia itxiko duten kontzertuak eskaintzen ari den Düsseldorfer Symphoniker orkestraren intendenteak EOS euskla kulturaren exbaxadoren bikaina izango dela baieztatu du, konpositore nabarmena izan arren Alemanian ezezaguna den Arriagaren lana aurkeztuko baitu. Bere hitzetan, Düsseldorfer Symphonike-entzat zailagoa gertatzen da, Brahms edo Schumann aski ezagunak baitira jada. Bart gauean Kursaalean debuta egin ostean, areto honen edertasuna azpimarratu du eta zera gaineratu du, orkestra batentzat oso garrantzitsua dela bestelako entzulegoen aurrean zuzenean interpretatzea. Halaber, bira honek eragindako gastuak etekin argia izango duela adierazi du, Espainian barrena buruturiko bira honek prentsaren interesa piztu baitu. Azkenik, tradizio handiko beste herrialdeenarekin alderagarria den bere kultura bereziarengatik Euskadin aritzea oso erakargarria dela esan du.
Biraren babesle den Ingeteam entrepresaren marketing korporatiboaren zuzendari Eduardo Jiménez-en hitzetan, pribilegioa da Euskadiko Orkestraren priektu berriak babestea eta pozik agertu da EOSen nazioarteko bira berri bat babestu eta horrela hasiera batean hain bestelakoak diren tenika eta kulturaren lokailu izateko aukera izateaz. Izan ere, Ingeteam gizartearekin harremanetan jartzeko bidea baita. Orkestrak kultura atzerrira eramateko duen bokazioa bat dator Ingeteam-en nazioarteko bokazioarekin.
Bira honen harira, Euskadiko Orkestra ekainaren 17a eta 20a bitartean Düsseldorf eta Gütersloh-n eskainiko dituen kontzertuak prestatzen ari da jada, bere titular Andrés Orozco-Estradaren zuzendaritzapean eta Gautier Capuçón biolontxelojolea bakarlari gonbidatu dela. Alemaniara joan aurretik, ekainaren 15ean egitarau bera Donostiako Victoria Eugenia Antzokian aurkeztuko du.
Informazio gehiago
Euskadiko Orkestraren Alemaniara biraren Prentsa-DossierraZure interesekoa izan daitekeelakoan...
Elkartrukea Euskadiko Orkestra eta Düsseldorfer Symphoniker orkestraren artean

Egunotan Euskadiko Orkestrak eta Düsseldorfer Symphoniker orkestrak beren atrilak trukatuko dituzte. Ekainaren 13tik 17ra EOSen printzipal gonbidatu den Andrey Boreyko buru duen alemaniar orkestra Donostia, Iruñea, Gasteiz eta Bilbon arituko da, Euskadiko Orkestraren 2010/2011 Abonu-Denboraldiko azken programaren baitan. Espainiar estatuan bere debuta izango diren kontzertu hauetan Düsseldorfer Symphoniker orkestrarekin bakarlari gonbidatu gisa Khatia Buniatishvili georgiar pianojotzailea arituko da. Elkarrekin Brhamsen Piano eta orkestrarako 2. kontzertua interpretatuko dute eta, egitaraua osotzeko, Düsseldorfer Symphoniker-en lehenbiziko musika zuzendarietariko bat izandako Robert Schumannen 2. Sinfonia izango da entzungai.
Aldi berean, hilak 15ean biraren atariko moduan Donostiako Victoria Eugenia Antzokian kontzertu bat eskaini ostean, Orkestra Alemaniara abiatuko da, Düsseldorfeko Tonhalle aretoan, Symphiker-aren Abonu-Denboraldiaren baitan hiru kontzertu (hilak 17, 19 eta 20an) eta Güterloshko Stadthalle-n kontzertu bat eskaintzeko (hilak 18an). Andrés Orozco-Estrada zuzendari titularra izango da Orkestraren 14. nazioarteko bira honetako lau emanaldiak zuzenduko dituena. Italiara burutuakoaren ostean, Alemanian barrena Orkestrak egingo duen zazpigarren bira hau nazioarte mailako bigarrena izango du zuzendari kolonbiarrak EOSen buru gisa. Irtenaldi honetarako aukeratutako egitaraua Arriagaren "Esklabu zoriontsuak", Shotakovitchen Biolontxelo eta orkestrarako 1. kontzertua, bakarlari gisa Gautier Capuçon frantziarrak interpretatuko duena, eta Tchaikovskyren 5. Sinfoniak osatzen dute.
Urtetan Orkestrak burututako elkartruke-politika emankorraren baitan, nazioartean orkestrekin harremanek gero eta garrantzi nabarmanagoa dute, horren erakusle Orchestre National de Bordeuax-Aquitaine delakoarekin egindako elkartrukeen eta 2009an Orchestra Sinfonica di Milano Giussepe Verdi orkestrarekin egindakoaren ondoren, Düsseldorfer Symphoniker orkestra alemaniarrarekin egindako trukea.
Informazio gehiago
15. Abonu-programako esku-egitaraua"Swing Gaua" Baluarte Auditorioan

Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Gasteizen izandako kontzertuen ostean, "Swing Gaua" nafar hiriburura heldu zen bart. Aurrekoetan bezala, KlasikAT zikloaren apustu berri honen swing-a eta musika ezberdinen fusioa bertaratutako entzulegoaren gustuko gertatu ziren erabat. Emanaldi honekin itxi zen honenbestez Orkestraren jarduera beste askotariko entzulegoei helaraztea helburu duen ziklo honen bigarren aldia.
"Swing Gaua"-k utzitako une interesgarrienatako batzuk gogora ekartzeko, webguneko ARTXIBOA atalean hainbat bideo eta argazki duzue eskuragarri.
Kontzertu hezitzaileen antolaketan adituak bilduko dira Donostian ekainaren 23tik 24ra

Ekainaren 23, 24 eta 25ean Donostian izango den ROCE 2011 Topaketa kontzertu pedagogikoen bidez akzio hezitzaileen arloan jarduera, erantzunkizun edo konpromezua duen erakunde ororentzat bilgune izango dira. Gainera, gai honengan interesa duen ororentzat irekiak izango dira.
ROCE 2010 Topaketa hezkuntza proiektuaren kudeaketaren ideiaren eta bere ezaugarrien -hezkuntza, musika zein artearen arlokoak- ingurukoa izan bazen, bigarren topaketa honek proiektuan beste ikuspegi batzuetatik sakontzea izango du helburu: egungo testuinguruaren ezagutzaren garrantzia, lidergo sendo baten beharra edo burutzen dituzten jardueretan erakunde ezberdinen balioak eta filosofiaren benetazko eragina.
Topaketaren helburuak honako hauek izango dira:
gure inguruan burutzen diren ahalik eta hezkuntza proiektu zein programa gehien ezagutzea.
- Hezkuntza-proiektu baten abiatze, garapen eta ebaluaketan eragina duten alor ezberdinetan sakontzea.
- Jarduera-ildo nagusiak eztabaidatzea.
- Etorkizunerako lan-proiektuak bideratu eta bultzatzea.
Izen ematea. Topaketan esku-hartzeko beharrezkoa izango da aurretik pertsonalki izen ematea, ROCEren webgunean eskuragarri dagoen formularioa betez. Izen emate-kuota 30 eurokoa izango da. Tokiak mugatuak direnez, lehentasuna izango dute ekainaren 15a baino lehenago jasotako eskariek. Antolatzaileek espreski baieztatutako eskariak soilik emango dira onartutzat.
Informazio gehiago
ROCE 2011 Topaketaren inguruko informazio-liburuxkaSwing-a Bilboko gauean

Bart Bilboko Arteria Campos Elíseos Antzokian bilduatako orok "Swing Gaua"z gozatzeko aukera izan zuten. Bilbotar entzulegoak gogoz erantzun zion Euskadiko Orkestrak beste musika-generoetara hurbiltzeko saiakera berri honi. Hona hemen horren erakusle bideo labur bat. Bideoaren kalitate teknikoa onegia ez den arren, gau eder baten adierazgarri gertatzen da.
Gasteiz, Donostia eta Bilboko emanaldien ostean, KlasikATen kontzertu-sorta berri hau Iruñeko Baluarte Auditorioan itxiko da gaur. Sarrerek 15€ko salneurria dute.
