Astelehena 16 Maiatza, 2011

Orkestra gizartegintzan

Orkestra gizartegintzan
Kontzertu bana eskainiko du Arrasateko Aita Menni-en eta Zamudioko Ospitale Psikiatrikoan.

Aste honetan Euskadiko Orkestra gizartegintzan murgilduko da, Korporazio Erantzukizun Sozialaren alorrean aurrerapausu bat emanez eta askotariko eremuetan kultur-jaruderak eskaintzeak duen garrantziaz jabeturik. Orkestraren Haize eta Perkusio Sekzioek kontzertu goiztiar bana eskainiko dute maiatzaren 19 ostegunean Arrasateko Aita Menni zentruan eta ostiralean, hilak 20, Zamudioko Ospitale Psikiatrikoan. Erakunde hauekin lankidetzan garatutako ekimen interesgarri honen bidez EOSek bertako pazienteentzat interpretatuko du, bere aldaberatasunaren eta publiko anitzekiko duen arduraren erakusle.

Aita Menni eta Zamudiokoa bezalako espazioetan ez ohikoak diren kontzertu hauetarako bereziki aukeratutako egitarauak melodia zein kantu aski ezagunak biltzen ditu. Gainera berritasunak ere izango du tokirik, kontzertuaren zuzendari Juan José Ocón-ek idatzitako "Pailasoak" entzungo baita estreinako aldiz, haize eta perkusio sekzioak osatzen dituzten hogei musikarien eskutik. Juan José Ocón maisu donostiarra sarritan aritzen da Euskadiko Orkestrarkein lankidetzan, azkenaldian honen Euskal Konpositoreen Bildumaren baitan Valentín Zubiaurreri eskainitako diskan, esaterako.

Egitaraua
Ju & Jo:
Pailasoak
S. PROKOFIEV: Martxa
L. ANDERSON: Trumpeter's lullaby
S. JOPLIN: Easy winners, mold.
E. SIEBERT : Boogie txiki band
D. ELFMAN : The Simpson (izenburu bereko telesailaren doinu nagusia)
WHEN the Saints Go Marching In
 

 

Osteguna 12 Maiatza, 2011

Ravel vs. Debussy Miramongo Matinéeak zikloan

Ravel vs. Debussy Miramongo Matinéeak zikloan
Larunbat honetan, hilak 14, Orkestraren egoitza, Xaenami hari-laukotearen eskutik.

Larunbatean, hilak, 14, Euskadiko Orkestraren Egoitzan Miramongo Matinéeak zikloari dagokion kontzertu berri bat izango da. Nathalie Dabadie eta Irene Echeveste, Euskaiko Orkestrako biolinjotzaileak, Orkestrako biola bakarlari Delphine Dupuyk eta Elena Escalza biolontxelojotzaileak osatutako XAENAMI hari-laukoteak Claude Debussy eta Maurice Ravel-en kuartetoak interpretatuko ditu, egitura klasikodunak biak.

Bi obren entzutaldiak zera erakutsiko digu, egile batek beste baten obra oinarri harturik hortik eratorritako materialak landu eta ondoren eraldaturik bere musika-ikuskerarekin bat datorren obran nola islatzen dituen. Debussyk lau mugimendutako egitura klasikodun bere Harientzako kuartetoa sol minorrean konposatu eta hamarkada bat beranduago, Ravelentzat inspirazio-iturri bilakatu zen Harientzako kuartetoa fa maiorrean idazterakoan. Estreinatu zzen garaian eztabaida bizia eragin bazuen ere, denborak aurrera egin hala bere generoko maisulan izatera heldu da ziburutar musikagilearen partitura hau.

Kontzertu honetarako sarrerak Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta larunbatean 10.30etatik aurrera Egoitzako leihatilan eros daitezke.

 

Asteartea 10 Maiatza, 2011

Abian dira 2. Eskola-haurrentzako Kontzertuak

Abian dira 2. Eskola-haurrentzako Kontzertuak
Maitzaren 10etik 12ra 2500 ikaslek ikus eta entzungo dute "Barrokoa, historiari begirada bat" kontzertua Orkestraren Miramongo egoitzan.

"Barrokoa, historiari begirada bat" izango da maiatzaren 10, 11 eta 12an Orkestraren Miramongo egoitzan izango diren 2. Eskola-haurrentzako Kontzertuetan eskainiko den ikuskizuna. Joan zen urtean egitasmo honek izandako arrakastaren ondoren, aurtengoan Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako 2500 bat haur biltzea aurreikusi da. Gasteiz, Ondarroa, Donostia, Urretxu, Beasain, Errenteria, Mutriku, Altzo, Lasarte-Oria, Ataun, Berrobi, Tolosa, Oiartzun eta Elgoibarko ikastetxeetatik etorriko dira. 

Jarduera hau osatzeko, ikasleek gure Hezkuntza Depatamenduak diseinatutako material didaktikoa landu dute aurrez ikasgelatan. Hori prestatzeko, bertaratuko diren ikastetxeetako musika-irakasleek tailer bat burutu zuten duela aste batzuk.

"Barrokoa, historiari begirada bat" kontzertuak XVI, XVII eta XVIII. mendeetako musika helaraziko die haurrei, Purcell, Albinoni, Vivaldi, Telemann, Bach, Händel eta abarren lanak ezagutzera emanez. Izan ere, musikaren historian izan diren garai emankor eta luzeenetariko bat garatzeko gai izan ziren sortzaile handiak izan ziren konpositore horiek guztiak. Modu ludiko baina zorrotzean, "Barrokoa, historiari begirada bat" kontzerturako aukeratutako egitaraua Orkestrako kideek interpretatuko dute, oraingoan ganbera-orkestra osatuz, eta gainera bereziki dibertigarriak diren ahots-lanak izango dira, Lara Agudo sopranoa buru duen kantari-laukoteak abestuko dituenak. Kontzertua Euskadiko Orkestrako kontzertino gonbidatu printzipal Lorenz Nasturica Herschcowicik zuzenduko du. Ospe handiko biolinjotzaile hau Münicheko Orkestra Filarmonikoko kontzertino printzipala da 1992.etik eta bakarlari gisa Sergiu Celibidache, Christian Thielemann, Lorin Maazel edo Zubin Mehtaren zuzendaritzapean aritu da. Halaber, 2004ean Municheko Orkestra Filarmonikoaren Ganbera-Orkestraren buru izendatu zutenetik Hélène Grimaud, Anne-Sophie Mutter, Martin Stadtfeld edo Nikolaj Znaider-ekin batera aritu da. Proposamen berri hau Euskadiko Orkestraren hezkuntza departamentuko koordinatzaile Mikel Cañadaren ideia eta gidoia ditu oinarri eta musika-hezkuntzan aditua eta aktorea den Ana Hernándezek aurkeztuko du.

Aurretik FEVAS-eko 170 kide izan ziren kontzertu honetaz gozatu eta erritmoa landu eta orkestrako instrumentuak ezagutzeko tailer bat burutu zutenak.

Astelehena 09 Maiatza, 2011

Euskadiko Orkestraren Tailera FEVAS-ekin lankidetzan

Euskadiko Orkestraren Tailera FEVAS-ekin lankidetzan
FEVAS-eko elkarte ezberdientako 170 kide "Barrokoa, historiari begirada bat" kontzertuaz gozatzeko aukera izan dute.

Gaur goizean FEVAS-eko 170 kidek Tailer bat burutu dute eta Barrokoa, historiari begirada" bat kontzertuaz gozatzeko aukera izan dute Orkestrak Miramonen duen egoitzan. Jarduera honetan aritu direnak, APNABI, ASPACE Bizkaia, Fundación Goyeneche, Futubide, Gautena, Gorabide, Uliazpi eta Uribe Costa elkarteetako kideak erritmora eta orkestraren instrumentu ezberdinetara hurbildu dira.

Guztiek EOSen musikarien eta Mikel Cañada, Orkestrako Hezkuntza Departamentuko Koordinatzailearen azalpenak jarraitu dituzte eta haize, perkusio eta abarrezko instrumentuak jotzeko aukera izan dute. Asteazkenean, hilak 11, Aspace Gipuzkoa eta Gautena elkarteetako haurrak izango dira taileera egin eta "Barrokoa, historiari begirada bat" kontzertua ikus eta entzuteko aukera izango dutenak.

Orkestraren Korporazio Erantzunkizun Sozialaren baitan kokatzen den ekimen honek 2009an FEVASekin lankidetzan burututakoaren ildoari jarraituko dio. Izan ere, orduan burututako jarduera "Praktika On" izendatu du FEAPSek, Adimen ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Espainiar Konfederakuntzak.

Osteguna 05 Maiatza, 2011

EUSKADIKO ORKESTRA EUSKALDUNAN ARITUKO DA LURANBAT HONETAN, JEAN CHRISTOPHE SPINOSIREN ZUZENDARITZAPEAN ETA JOHANNES MOSER BAKARLARI GONBIDATU DELA

EUSKADIKO ORKESTRA EUSKALDUNAN ARITUKO DA LURANBAT HONETAN, JEAN CHRISTOPHE SPINOSIREN ZUZENDARITZAPEAN ETA JOHANNES MOSER BAKARLARI GONBIDATU DELA
Ohiko lau hiriburuetan izango bere Abonu-Denboraldiaren programa berri baten baitan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Bilboko Euskalduna Jauregian izango da maiatzaren 7 larunbatean. Programa hau datorren astean Donostian (maiatzak 9 eta 10), Iruñea (maiatzak 11) eta Gasteizen (maiatzak 12) izango diren kontzertuek osotuko dute.

Ohiko lau hiriburuetan izango den bere Abonu-Denboraldiaren programa berri baten baitan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Bilboko Euskalduna Jauregian izango da maiatzaren 7 larunbatean. Jean Christophe Spinosi frantziarra zuzendari dela, Orkestrak bakarlari gonbidatu gazte bat hartuko du berean: Johannes Moser alemaniar biolontxelojotzailea. Honek Valentin Zubiaurre Garaiko konpositorearen Ecos de Oiz obrarekin irekiko du kontzertua. Programa hau datorren astean Donostian (maiatzak 9 eta 10), Iruñea (maiatzak 11) eta Gasteizen (maiatzak 12) izango diren kontzertuek osotuko dute.

Jean Christophe Spinosi-ren ibilbidea zuzendari gonbidatu gisa nabarmentzeaz gain Ensemble Matheus ezagunaren zuzendari gisa burutzen duen jardueragatik ere gailentzen da. Spinosik berak sortutako talde honen errepertorioak XVII. mendetik hasi eta musik garakiderainoko lanak biltzen ditu. Zuzendari gonbidatu gisa, Handel eta Haydn Elkartearekin, Bostonen, Japonia eta Montecarloko Orkestra Filarmonikoekin, Hessischer Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin, Verbier-eko Jaialdiko Orkestrarekin, Vienako Mozarteumeko Orkestrarekin eta abarrekin aritu da lankidetzan. Datozen denboraldietan Vienako Estatu Antzokia, Berlingo Alemaniar Orkestra Sinfonikoa, Scottish Chamber Orchestra, Montecarloko Orkestra Sinfonikoa, Pariseko Orkestra, Estokolmoko Erret Orkestra Filarmonikoa eta, Hannnover-en, NDR-ren Orkestra Filarmonikoarekin arituko da lankidetzan. Estreinakoz arituko da Euskadiko Orkestrarekin.

Johannes Moser, Euskadiko Orkestrarekin debuta egingo duena, bere garaiko biolontxelojotzaile gailenetako bat dugu. Datorren denboraldirako bere egutegia ezagutzera eman berri du eta Zubin Mehta zuzednari dela Berlingo Orkestrarekin debuta eta biolontxelo elektronikorako obra baten estreinaldia Los Angelesko Orkestra Filarmonikoa eta Gustavo Dudamelekin biolontxelo elektronikorako obra baten estreinaldia biltzen ditu, besteak beste Kristian Järvi edo Marin Alsop maisuek zuzendutako kontzertuez gain. Moser-ek jada aipatu Valentín Zubiaurreren Ecos de Oiz eta Schumannen Biolontxelo eta orkestrarako kontzertu interpretatuko ditu. Lehena Euskadiko Orkestrak bere Euskla Konpositoreen Bldumaren baitan Valentín Zubiaurreri eskainitako XIII. Zkian agertzen da eta bigarrena, Egitarauari Oharren egile Juan Manuel Viana kritikoaren esanetan, "ondorengo Dvorák eta Elgarren kontzertuetarako ezinbsteko eredu izango da".

Abonu-kontzertu honen egitaraua Beethoven-en Laugarren Sinfoniak osotuko du. Bonneko jeinuaren konposizio-katalogoaren barnean transizio-obratzat jotzen bada ere, bere izaera berezi, ezusteko eta ezohikoari esker Sinfonia hau konposizio nabarmena da zalantzarik gabe.

Ostirala 29 Apirila, 2011

Angel Illarramendik musika klasikoaren sortzaile onenari saria irabazi du 15. Musikaren Sarietan

Angel Illarramendik musika klasikoaren sortzaile onenari saria irabazi du 15. Musikaren Sarietan
Saria Orkestrak 2009an estreinatu eta grabatu zuen 3. Sinfoniari esker merezi izan du.

Angel Illarramendi konpositoreak (Zarautz, 1958) musika klasikoaren arloan sortzaile onenari saria irabazi du 15. Musikaren Sarietan, bere 3. Sinfoniari esker. Sari hauek 1997 sortu ziren, Sociedad General de Autores y Editores (SGAE) eta Fundación Autor erakundeek sortuak, Espainiako Artisten Elkartearekin lankidetzan; 2001etik  Musikaren Arteen eta Zientzien Akademiak antolatzen ditu.

Errekonozimendu garrantzitsu honek zarauztar musikagileak 1988an idatzitako 3. Sinfonia Harri Zuria obra saritu du bereziki.

Obra hau Euskadiko Orkestrak interpretatu zuen estreinako aldiz 2009ko maiatzan, Musikasteren itxiera-kontzertuan. Rubén Gimeno valentziar maisuaren zuzendaritzapean, Orkestrarekin batera aritu ziren José Manuel Tifek zuzendutako Andra Mari Abesbatza, Maite Arruabarrena sopranoa eta Eduardo Baranzano gitarrajotzailea. Emanaldia zuzenean grabatu zen eta 2010 Kandos disketxeak argitaratu zuen, 3. Sinfonia izenburupean Illarramendiren beste bi lanekin batera (Espacio sonriente eta 52 Soka) kaleratutako diskan.

Astelehena 02 Maiatza, 2011

KlasikAT: Michel Camiloren ondoren...Swing Gaua!

KlasikAT: Michel Camiloren ondoren...Swing Gaua!
Kontzertuak ekainaren 4ean Gasteizko Principal Antzokian, 6an Donostiako Kursaalean, 7an Bilboko Arteria Campos Elíseos Antzokian eta 8an Iruñeako Baluarten izango dira.

Ekainaren 4 tik 8ra Euskadiko Orkestrak KlasikAT ekimenaren kontzertu-sorta berri bat aurkezten du. Egitasmo honekin Orkestrak bere musika eskaintza publiko anitzei zabaltzea du helburu, musika klasikoaz urrun geratzen diren eta orkestra baten ibilbide sinfonikoan arrotzak diren errepertorioak landuz. Horretarako Orkestrak beren musika-alorrean nabarmenak diren artista ospetsuekin bat egingo du.

Joan zen irailan Michel Camilo pianojotzaile gailena izan bagenuen gurean, oraingoan Orkestrak Swing Gaua proposatzen du, XX. mendeko lehenbiziko erdiko amerikar musika herrikoia, Piazzollaren tangoa, pop musika, jazza eta kubatar son-a bilduko dituen ikuskizuna. Jada badatorren udaren atariko izango den gau baterako, erritmoz eta bibrazio onez beteriko gau baterako nahasketa ezin hobea.

Sarrerak salgai daude jada eta eta bakoitzak 15€-tako salneurria izango du. Kontzertuak ekainaren 4ean Gasteizko Principal Antzokian, 6an Donostiako Kursaal Auditorioan, 7an Bilboko Arteria Campos Elíseos Antzokian eta 8an Iruñeako Baluarte Auditorioan izango dira. Hauetarako sarrerak salgai daude dagoeneko eta 15€tako salneurri bakarra izango dute. Ohiko salmenta-bideetan eta kontzertuak izango direneko aretoetako leihatiletan erosi ahal izango dira.

Swing gaua... fusio gaua. Euskadiko Orkestrak, Enrique Ugarte zuzendari izango duenak, Susana Raya kantari kordobartarrarekin eta Iñaki Salvador Trío eta Golden Apple Quartet-ekin partekatuko du eszenatokia. Estilo, ahots eta musikaren ikuspegi anitz guzti hauen eskutik, Cole Porter, Astor Piazzolla, Gershwin, Ruiz Quevedo edo Chick Corearen obrek azentu ezberdina izangi dute, zihur.

KlasikAT komunitatea sarean. KlasikAT-ek doinu ezberdina izatez gain, komunikatu, zabaldu, ikusi eta bizi ere modu ezberdinean egiten da sarearen bidez. klasikat.euskadikoorkestra.esFacebook-en eta www.twitter.com/klasik_at sortu berri ditugu Euskadiko Orkestraren jardueraren beste alor honen jarraitzaileon bilgune izan dadin. Gure komunitatearekin bat egizu eta gozatu KlasikAT orain.

 

Astelehena 16 Maiatza, 2011

KlasikAT Kontzertuak

Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude dagoeneko

Kontzertuak ekainaren 4ean Gasteizko Principal Antzokian, 6an Donostiako Kursaal Auditorioan, 7an Bilboko Arteria Campos Elíseos Antzokian eta 8an Iruñeko Baluarte Auditorioan izango dira. Hauetarako sarrerak salgai daude jada eta 15 €tako salneurri bakarra dute. Ohiko salmenta-bideetan eta kontzertuak izango direneko aretoetako leihatiletan erosi ahal izango dira.

Asteazkena 20 Apirila, 2011

Barrokoa , historiari begirada bat: Euskadiko Orkestraren Musika Gelak hitzordu berrian du entuzlego gazteenarekin

Barrokoa , historiari begirada bat: Euskadiko Orkestraren Musika Gelak hitzordu berrian du entuzlego gazteenarekin
Proiektu berri hau Musika Familian zikloaren baitan Donostia eta Gasteizen eskaintzeaz gain, Eskola-haurrentzako Kontzertuen bigarren edizioan eta FEVAS-ekin lankidetzan ere eskainiko da.

Musika Gelaren programazioaren baitan, Musika Familian zikloak zurrera darrai: "Barrokoa, historiari begirada bat" kontzertuak XVI, XVII eta XVIII. mendeetako musika helaraziko dio familiarteko entzulegoari, Purcell, Albinoni, Vivaldi, Telemann, Bach, Händel eta abarren lanak ezagutzera emanez. Izan ere, musikaren historian izan diren garai emankor eta luzeenetariko bat garatzeko gai izan ziren sortzaile handiak izan ziren konpositore horiek guztiak. Muntaia berri hau Kursaal elkarguneko Ganbera-Aretoan estreinatuko da maiatzaren 7an, Kursaal Fundazioarekin koprodukzioan, eta egun batzuk beranduago, hilak 13an Gasteizko Principal Antzokian izango da, arabar hiriburuko udalarekin koprodukzioan.

Modu ludiko baina zorrotzean, "Barrokoa, historiari begirada bat" kontzerturako aukeratutako egitaraua Orkestrako kideek interpretatuko dute, oraingoan ganbera-orkestra osatuz, eta gainera bereziki dibertigarriak diren ahots-lanak izango dira, Lara Agudo sopranoa buru duen kantari-laukoteak abestuko dituenak. Kontzertua Euskadiko Orkestrako kontzertino gonbidatu printzipal Lorenz Nasturica Herschcowicik zuzenduko du.
Proposamen berri hau Euskadiko Orkestraren hezkuntza departamentuko koordinatzaile Mikel Cañadaren ideia eta gidoia ditu oinarri eta musika-hezkuntzan aditua eta aktorea den Ana Hernándezek aurkeztuko du.

Barrokoa izango da 2. Eskola-haurrentzako Kontzertuen funtsa. Barrokoa, historiari begirada bat izango da gainera maiatzaren 10etik 12ra bitartean Orkestraren Miramongo egoitzan izNGO DIREN 2. Eskola-haurrentzako Kontzertuetan eskainiko den ikuskizuna. Joan zen urtean egitasmo honek izandako arrakastaren ondoren, aurtengoan Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako 2500 bat haur biltzea aurreikusi da. Eskola-orduetan gure Hezkuntza Depatamenduak diseinatuta ikaslegoak ikasgeletan landuko dituzten jarduera didaktikoak osagarri dituen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute.

Adimen ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen federazioarekin (FEVAS) lankidetzan, maiatzaren 9an federazio honetako kideak izango dira Barrokoa, historiari begirada bat kontzertuaz Orkestrak Miramonen duen egoitzan gozatzeko aukera izango dutenak. Orkestraren Korporazio Erntzunkizun Sozialaren baitan kokatzen den ekimen honek 2009an FEVASekin lankidetzan burututakoaren ildoari jarraituko dio. Izan ere, orduan burututako jarduera "Praktika On" izendatu du FEAPSek, Adimen ezintasuna dutenen aldeko Elkarteen Espainiar Konfederakuntzak.

Osteguna 14 Apirila, 2011

BARROKOKO HOTSAK MIRAMONGO MATINÉETAN

BARROKOKO HOTSAK MIRAMONGO MATINÉETAN
Larunbatean, hilak 16, Recercada taldeak intepretazio historiakoa hizpide izango duen kontzertua eskainiko du.

Larunbat honetan, apirilaren 16an, Miramongo Matinéeak zikloan, Euskadiko Orkestrako kide eta antzinako musikan aditu Elena Martínez de Murguía buru duen Recercada taldea arituko da. "Afektuak eta erritmoa barrokoan" izenburupean, XVI eta XVII mendeetako obrak, instrumentu historikoekin interpretatuak, biltzen dituen kontzertua aurkezten du.

Recercada-k barrokoan erabilitako adierazpen-errekurtsoak erakutsiko ditu. Historiaren garai horretan musikak, beste arte-diziplina batzuren modura, sentimenduak eta grinak islatzen zituen. Honela, orduan musika-konposiziorako erabilitako oinarriak zerikusi handia zuten erretorika eta erritmoarekin. Asmo pedagogikoaren ondutako emanaldi honetarako, Recercada taldeko kideek garaiko arauak jarraiki egindako instrumentuak erabiliko dituzte, haien sonoritate ezberdinak eta adierazpe-berezitasunak bilduz, izan ere erabateko garrantzia baitute afektu edo affeti-ak hain garrantzikoak ziren garai bateko musika interpretatzeko garaian. Errenazimendu amaierako eta barroko hasierako musikan, italiar madrigal klasiko zein berantiarra testuaren eduki afektiboa adierazten saiatzen da: poza, tristura, zerua, mendia, infernua,... kontzeptu bakoitzaren adierazpenerako erregistro, nota edo tempo jakin bat, musika-lengoaiak eskaintzen duen baliabide jakin bat erabili behar da.

Hauek dira Recercada taldea osatzen duten musikariak: Pascal Laffont, Euskadiko Orkestrako oboea, oboe barrokoa intepretatuko duena; Juan Vega, flauta eztiak; Oscar Abella, Orkestrako tuba bakarlaria, serpentoia interpretatuko duena; Loreto Aramendi, klabezina; Rafael Bonavita, artxilautea; eta Elena Martínez de Murguía, Orkestrako biolajotzailea, viola da gamba interpretatuko duena.

Orriak