Astelehena 05 Iraila, 2011

SINFOKIDSen lehenbiziko denboraldia webgunean

SINFOKIDSen lehenbiziko denboraldia webgunean
ETBn emititua izan ondoren, saio berriztatzaile hau webgunean ikus daiteke osorik

Joan zen otsaila eta martxoa bitartean eskaini zen Etb3n, Euskal Telebistak kultur arloko eta haurrei zuzendutako edukiei eskainitako katean, SINFOKIDS, Euskadiko Orkestrak, EITB eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak garatutako musikazko saio hezitzailearen lehendabiziko denboraldia emitituko da. Bost emisio izango dira eta hauetan, formatu berriztatzaile baten bidez, musikaren funtsezko oinarrien berri izan eta orkestra sinfoniko bat zer den ezagutzeko aukera izan dugu. Orain lehenbiziko denboraldi hau osatzen duten bost atalak gure webgunean ikus daitezke oso osorik.

Hauek izango dira SInfokids-en lehendabiziko denboraldian landuko diren gaiak:
     1. Ahotsa: altuera, intentsitatea, tinbrea eta iraupena.
     2. Hotsen tinbrea, hotsen paisaia eta musika tresnen entzumena.
     3. Orkestra Sinfonikoa: instrumentu familiak.
     4. Musika-idazkera.
     5. Orkestraren musika.

Musika klasikoaren zabalkuntzan erabat berriztatzailea den ikusentzunezko material hau Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxeetan banatu da eta bigarren denboraldiaren prestaketa abian da jada.

Astelehena 21 Otsaila, 2011

Euskadiko Orkestra Donostiako Parke Teknologikoan

Joan zen astean sinatu zen Euskadiko Orkestra Miramonen kokatutako Donostiako Parke Teknologikoaren parte izatea ofizial egiten duen akordioa.

Joan zen astean sinatu zen Euskadiko Orkestra Miramonen kokatutako Donostiako Parke Teknologikoaren parte izatea ofizial egiten duen akordioa. Parkea egun 74 entrepresa, zentru teknologiko eta unibertsitate-eskolek osatzen dute eta bertan 3000tik gora pertsonek egiten du lan. Orkestra polo artistiko bilakatzen da garapen sozio-ekonomiko zein kulturalean lagundu eta honela gure inguruan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzea xede nagusi duen parke teknologikoan.

Donostiako Parke Teknologikoan kokatzen dira, halaber, Basque Culinary Center, Euskal Irrati Telebista, Zientziaren Kutxagunea edo Balenciaga Fundazioa.

Ostirala 18 Otsaila, 2011

Telemanndik Vivaldira, larunbat honetan Miramongo Matinéean

Telemanndik Vivaldira, larunbat honetan Miramongo Matinéean
IZAI Ganbera Tadeak Barroko garaiko erreferente diren konpositores hauen lanak intepretatuko ditu.

Egun munduak zapia dirudi. Ia edonon gauza berak entzun, ikusi, irakurri edo jaten ditugu. Edo beste modu batean adierazteko, egun ez da Japoniara bidai egin behar sushia jateko eta japoniarrek flamenkoa maite dute. Gure kultur erreferentziak bateratze aldera doaz.Baina gauzak oso bestelakoak ziren XVII eta XVIII. mende bitartean. Barroko garaian alemaniarra edo italiarra izateak kultur-errealitate oso ezberdinak bizitzea suposatzen zuen. IZAI Ganbera Taldeak hilak 19 larunbateko Miramongo Matinéerako prestaturiko egitarauak argi erakusten ditu Georg Philipp Telemann alemaniarraren eta Antonio Vivaldi italiarraren arteko ezberdintasunak. Biak garaikideak baziren ere, musika-kontzepzioari dagokionez urrun zeuden bata bestearengandik.

Georg Philipp Telemann musikaren arloan oso pertsonaia nabarmena izan zen alemaniar barrokoaren garaian; bere ekoizpen ugariak musika-kontzepzio dotorea, fina eta garaiko gustuarekin bat egiten zuen soinu-tratamendua erakusten du. Antonio Vivaldiren izaera, berriz, oso bestelakoa zen; bere musika-diskurtsoa zuzenagoa da erabat, oldartsuagoa, elektrikoagoa. "Apaiz gorria"ren ekoizpen eskergak garaiko Veneziaren errealitatearen ikuspegi ia piktorikoa eskaintzen digu; birtuosismoa nabariagoa da, bizitasuna nabarmenagoa eta argia, aldiz, biziagoa.

Kontzertu honetarako sarrerak Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es bidez eta kontzertu-egunetan 10.30etatik aurrera Egoitzako leihatilan eros daitezke. Gainera, dorako autobus zerbitzua dago Matinéetara joateko, 10.25etan Gipuzkoa Plazako 4.zkitik atera eta Antso Jakitunaren Etorbidea, 18 eta Madrid Etorbidea, 34an geldialdiak egiten dituelarik.

Informazio gehiago

Esku-egitaraua
Asteazkena 16 Otsaila, 2011

Abonu-Denboraldiak Malandain Ballet Biarritz-en "Magifique. Tchaikovsky Suites" ikuskizuna hartuko du berean

Abonu-Denboraldiak Malandain Ballet Biarritz-en "Magifique. Tchaikovsky Suites" ikuskizuna hartuko du berean
Estreinako aldiz, Orkestrak zulogunetik interpretatuko du Tchaikovskyren musika. Estreinaldiaren aurretik, gainera, lehehn eta bigarren hezkuntzako 1000tik gora haur bilduko dira entsegu ireki batean.

Abonu-Denboraldiaren bederatzigarren programaren baitan, Euskadiko Orkestrak eta Malandain Ballet Biarritzek bat egingo dute "Magifique. Tchaikovsky Suites" ikuskizunaren eszenaratzean. Orkestraren Abonu-Denboraldiaren programazioak honelako izaera duen proiektu bat aurkezten duen lehenbiziko aldia da: eszenatoki gainean, Malandain Ballet Biarritz osatzen duten hemezortzi dantzariek Tchaikovskyren baleten suiteen inguruan Thierry Malandainek duen ikuspegi berezia interpretatuko dute eta zulogunetik Euskadiko Orkestrak, Eduardo Portalen zuzendaritzapean, ikuskizunak oinarri dituen errusiar konpositorearen partituren aukeraketa interpretatuko ditu.

Tchaikovskyren musika dantzagarri eta miragarriari Nicolas Duperior-en musika-zati labur batzuk gehitzen zaizkio eta Malandain Ballet Biarritz Zentro Koreografiko Nazionalaren zuzendari eta koreografo Thierry Malandainek oroitzapenak ñabardura sentikorrekin eta Tchaikovskyren baleten zantzuekin batzen saiatzen den ikuskizuna sortu du. "Magnifique n gabe, asmatutako hitz horrek, zirkuitulabur hau ezinhobea da sorkuntza honen helburuak islatzeko: magia sortu edo, izan ere, bizitzaren materia gordina forma adierazkor eta poetikoean birziklatu", Malandainen hitzetan. 2009an estreinatu zenean izandako arrakasta lagun duela, ikuskizun hau orkestra sinfoniko baten zuzeneko musikak dantzari, muntaia bisual zein eszenikoari ematen dion handitasunak jantzirik dator oraingoan.

Estreinaldiaren aurretik, entsegu ireki bat. Bihar, hilak 17, Abonu-Denboraldian estreinatu baino ordu batzuk lehenago eta Orkestraren Musika Gelaren jardueren baitan, lehen hezkuntzako hirugarren zikloko eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen zikloko milatik gora ikasle Kursaal Auditorioan bilduko dira "Magifique" ikuskizunaren entsegu irekia ikusteko. Publikoarekin bat egiteko aukera oso berezia izango da zalantzarik gabe.

Gaur asteazkena, hilak 16, Orkestra Miarritzera, Malandain Ballet Biarritz-en egoitza den Gare du Midi-ra abiatuko da baletarekin batera publikoari irekitako entsegu bat burutzera, 19.00etan.

Osteguna 03 Otsaila, 2011

Biolin gorria Miramonen entzungai

Biolin gorria Miramonen entzungai
Larunbat honetan, hilak 5, Miramongo Matinéeak zikloaren baitan, oraingoan Orkestrako kide zein lankide diren hogeita bat musikarik osatutako Kaabestri taldeak kontzertu bat eskainiko du, hari-instrumentuak erabateko protagonistatzat harturik. Gainera, Raphael Christ biolinjotzailea izango da bakarlari.

Larunbat honetan, hilak 5, Miramongo Matinéeak zikloaren baitan, oraingoan Orkestrako kide zein lankide diren hogeita bat musikarik osatutako Kaabestri taldeak kontzertu bat eskainiko du, hari-instrumentuak erabateko protagonistatzat harturik. Egitarauak XX. mendeko musika biltzen du, egile oso ezberdinena baina, besteak beste, Joaquín Turina zein Karl Jenkins nahastuz. Aipagarria da Oscar saridun John Coriglianok Biolin gorria filmerako idatzitako soinu-bandaren suitearen interpretazioa. Honetan Kaabestri taldeak bakarlari gailen bat izango du lankide, Raphael Christ biolinjotzailea.

Hari-instrumentuen aukera guztiak erakusteko, Biolin gorriaz gain, egungo musika hautatu dute, barrokoaren zantzuak dituena, jazz eta rock musikari gisa ere ezaguna den Karl Jenkins konpositore galestarraren obraren kasuan; pasodoble baten antzaldatzea, zezen plaza bateko algara eta bizitza arriskuan jarriko dutenen eraspenaren arteko kontrastea, musikazkoa zein espresiboa, jasotzen duen otoitz lanbrotsu eta poetiko batean, Joaquín Turinaren eskutik; amerikar folklore herrikoiaren berrikusketa Aaron Copland estatubatuarraren partituran; eta azkenik XVI. mendeko dantza-bilduma ingeles baten berridazketa, Peter Warlock musikagile zein aditu polemikoak egina.

Osteguna 03 Otsaila, 2011

Euskadiko Orkestrak Jesús Egigurenen "Kindly Symphony" estreinatuko du

Euskadiko Orkestrak Jesús Egigurenen "Kindly Symphony" estreinatuko du
Euskadiko Orkestra ohiko lau hiriburuetan kontzertuak eskaintzera eramango duen bere Abonu Denboraldiko zortzigarren programa prestatzen ari da egunotan. Orkestraren entzulegoarentzat jada ezaguna den Oleg Caetaniren zuzendaritzapean, EOS-ek durangar konpositoreari eskatutako obraren erabateko estreinaldiari egingo dio aurre.

Euskadiko Orkestra ohiko lau hiriburuetan kontzertuak eskaintzera eramango duen bere Abonu Denboraldiko zortzigarren programa prestatzen ari da egunotan. Orkestraren entzulegoarentzat jada ezaguna den Oleg Caetaniren zuzendaritzapean, EOS-ek Jesús Egiguren durangar konpositoreari eskatutako Kindly Symphony obraren erabateko estreinaldiari egingo dio aurre. Partitura hau Okrestrak sortu zenetik irmoki garatu duen euskal konpositoreen ekoizpenaren sorkuntza eta zabalkuntza bultzatzeko politikaren baitan enkargatutako obren katalogoari batzen zaio. Abonu-programa berri honi dagozkion kontzertuak izango dira otsailaren 5ean Gasteizen, 7 eta 10ean Donostian, 8an Iruñean eta 9an Bilbon.

Jesús Egigurenen (Durango, 1945) "Kindly Symphony" "sinfonia klasiko ohikoa da, bizi dugun garaiaren ezberdintasunekin eta egileak zilegi dituen lizentziekin betiere", egilearen beraren hitzetan. Lizentzia horietako bat "tratamendu laburra" da, sinfonia "kotzentratutzat" jo dezakegularik. Zuzendari izan zuen Durangoko Orfeoiarekin harremana dela eta, bere konposizio-katalogoan nagusi dira abesbatzarako lanak, berrogeita hamarretik gora dira eta horien artean aipagarriak 12 apuntes a un tema vasco (1987), Et j'aime uniquement... (1994), Kometak haizetan (1996) eta Ad festivitatem Corpus Christi (2004). Kindly Symphony Euskadiko Orkestraren enkarguen katalogoari gehitzen zaio, Carmelo Bernaola, Felix Ibarrondo, Luis de Pablo, Anton Larrauri, Francisco Escudero, Rafael Castro, Tomás Aragüés, Ramon Lazkano, Gabriel Erkoreka, Zuriñe F. Gerenabarrena, Antonio Lauzurika, Joseba Torre eta hemendik aurrera Jesús Egigurenen beraren lanak biltzen dituen katalogoari, alegia.

Erabateko estreinaldi honetaz gain, kontzertuen egitaraua, "Formaren laudorioa" izenburu duena, beste bi sinfoniak osotzen dute, Schuberten bigarrenak eta Francken Sinfonia re minorrean.

Osteguna 27 Urtarrila, 2011

Ned Rorem eta Jérôme Naulaisen musika garaikidea Mirmaongo Matinéetan

Ned Rorem eta Jérôme Naulaisen musika garaikidea Mirmaongo Matinéetan
Larunbat honetan, hilak 29, EOSeko kideek osatutako ganbera-orkestra batek izaera pedagogiko nabaria izango duen kontzertu bat eskainiko du.

Larunbat honetan, hilak 19, Euskadiko Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéeak zikloko emanaldi berri bat izango da. Oraingoan, EOSen kideek eta Orkestraren hainbat lankidek osatutako ganbera-orkestrak izaera pedagogiko nabarmena izango duen kontzertua eskainiko du, musika eta musika-instrumentuekiko grina, bizitzeko modu bilakatutako beren grina entzulegoari helarazteko ahalgin berri batean. Horretarako Ned Rorem eta Jérôme Naulais garaikideen partiturak auekratu dituzte. Hauen izaera hain da deskriptiboa non musika musikaz mintzatuko da.

Jérôme Naulais 1951ean jaio zen, musikarien familia batean. Pariseko CNSM-n musika ikasketak burutu zituen. 1976an sortu zenetik Pierre Boulez-ek zuzentzen duen Ensemble Intercontemporain taldearen bakarlari da. Pedagogiaren arloan, metodo, azterlan eta lehiketetarako hainbat lan konposatu ditu. Konposagile gisa, ganbera-musika eta obra sinfoniko ugari sortu ditu. Ensemble Intercontemporain-en enkarguz, 1984an Labyrinthe aurkeztu zen Pariseko Centre George Pompidou-n. Instrumentuak kanpainian Stravinskyren Soldadu baten istorioa obraren sarrera gisa interpretatzeko konposatu zuen eta honetan instrumentu bakoitzak bere izaeran erakustaldi labur bat egiten du.

Ned Rorem Richmond-en jaio zen, Estatu Batuetan, 1923an. Filadelfiako Curtis Institute of Music ospetsuan konposizioa ikasi zuen. Hitza eta musikak bat egiten dute bere lanean. Bere ibilbide luzean zehar, hiru sinfonia, pianorako lau kontzertu, hamar opera, ganbera-talde ezberdinetarako musika, baletak, antzerkirako musika eta ehundaka abesti zein ziklo sortu ditu. Hamasei liburu idatzi ditu, memorien bost bolumen, irakurketak eta izaera kritikodun lanak bilduz. Bere lanak zuzendu dituztenen artean Bernstein, Masur, Mehta, Previn edo Slatkin ditugu. Amerikar Akademiaren presidente izana, 2004an frantziar gobernuak Arte eta Letren Ordenuko Zaldun izendatu zuen Hamaika azterlan hamaika musikarirentzat Buffaloko Unibertsitatearen enkarguz konposatu zuen 1959.ean eta Roremek berak zuzendu zuen estreinaldia 1960an.

Kontzertu honetarako sarrerak Servikutxa, Telekutxa (943 00 12 00), www.kutxa.net eta www.euskadikoorkestra.es helbideetan eskura daitezke, eta baita Egoitzaren leihatilan, kontzertu egunean 10:30etatik aurrera. Doako autobus zerbitzua dago, 10:25etan Gipuzkoako Plazako 4.zenbakitik atera eta Antso Jakituna Hiribideko 18. zkian eta Madrilgo Hiribideko 34.ean geldialdiak egiten dituelarik.

Egitaraua
Jerôme Naulais (1951-) :
Les instruments en campagne (Los instrumentos en campaña)
Ned Rorem (1923-): Eleven Studies for Eleven Players (Once estudios para once músicos)

Euskadiko Orkestrako Ganbera Taldea
Nathalie Dabadie*,
biolina; Jean Michel Nougue*, biola; Jon Larraz*, biolontxeloa; Arkadius Maciejski*, kontrabaxua; Hélène Billard-Alirol*, flauta; Pascal Laffont*, oboea; Stéphane Langlois*, klarinetea; François Proud*, fagota; Didier Bousquet*, tronpeta; Christophe Sánchez, tronboia; Jorge Pacheco, Frédéric Chambon, perkusioa; Francesca Dinicola, harpa; Javier Pérez de Azpeitia, pianoa; Anthony Lafargue*, zuzendaria
* EOSeko kidea

Informazio gehiago

Esku-egitaraua
Astelehena 24 Urtarrila, 2011

Orkestra OLBEren denboraldiko L'Italiana in Algeri operan

Orkestra OLBEren denboraldiko L'Italiana in Algeri operan
Joan 22an estreinatu ostean, urtarrilaren 25, 28, 29an Opera Berriren baitan, eta 31ean izango da ikusgai.

Euskadiko Orkestra Operaren Lagunen Bilboko Elkartearen (OLBE) denboraldiaren baitan Gioacchino Rossiniren L'Italiana in Algeri operaren emanaldietan esku hartzen ari da Euskaduna Jauregiko zulogunetik. Urtarrilaren 22ko estreinaldiaren ostean, Michele Mariottiren musika-zuzendaritzapean eta Emilio Sagik sinatutako muntaia eszenikoa duen opera hau hilak 25, 28 eta 31ean izango da ikusgai. Rossiniren lehendabiziko lan garrantzitsua izan zena urtarrilaren 29an ere izango da entzungai "Opera Berri" programaren barnean.

Opera hau Pesaroko musikagilearen trilogia bufa ezagunenaren zati da, Il barbieri di Seviglia eta La Cenerentola operekin batera. Oraingoan Txile, Lausana eta Oviedoko Operen koprodukzio batean iritsi da Euskaldunako eszenatokira. Bakarlari-taldea Daniela Barcellona (Isabella), Michele Pertusi (Mustafá), Antonino Siragusa (Lindoro), Paolo Bordogna (Taddeo), Carmen Romeu (Elvira), Carlos Daza (Haly) eta Marifé Nogalesek (Zulma) osatzen dute. Gainera, Boris Dujinek zuzentzen duen Bilboko Operako Abesbatzako abeslariak ere arituko dira eszenatoki gainean.

Honako hau Euskadiko Orkestrak OLBEren 2010/2011 denboraldian esku-hatzen duen bigarren eta azkeneko aldia da, joan zen urrian Carlisle Floyd-en Susannah operan aritu ostean.

Larunbata 22 Urtarrila, 2011

Extremadurako Orkestra estreinakoz arituko da Euskadin

Extremadurako Orkestra estreinakoz arituko da Euskadin
Bere titular Jesús Amigoren zuzendaritzapean eta Alexandre da Costa biolinjotzailearekin batera, bost kontzertu eskainiko ditu Euskadiko Orkestraren Abonu-denboraldiaren baitan.

Datorren astelehenetik, hilak 24, 28 ostirala bitartean, Extremadurako Orkestra (OEX) orkestra gonbidatu gisa arituko da Euskadiko Orkestraren Abonu-Denboraldian. Bisitaldi honekin 2000. urtean Extremadurako Gobernuaren ekimenez sortutako orkestraren debuta izango da Euskadin. Urtarrilaren 24 eta 25ean Donostiako Kursaalean izango da, 26an iaztik ezaguna duten Irueñako Baluarten, 27an Bilboko Euskalduna Jauregian eta 28an, azkenik, Gasteizko Principal Antzokian.

Extremadurako Orkestrak 2000.eko urriaren 27an Guadalupen eskaini zuen bere lehenbiziko kontzertua, bere zuzendari titular zein artistiko Jesús Amigoren zuzendaritzapean. Kontzertu hauetan ere Orkestra bere agindutara arituko da. Bere errepertorioak XVIII. mendeko musikatik garaikidera biltzen du, obra ugari eskatu eta estreinatuz laguntza-politika biziki bultzatuz. Jarduera sinfonikoa ikuskizun berriztatzaileagoekin uztartu du, La Fura dels Baus, Bebe, Nacho Campillo, Per Poc, English National Ballet, Fernando Argenta eta abarren lankidetzan aritu delarik. Abonu-denboraldia Badajoz, Cáceres, Mérida eta Plasencian burutzen du, Extremadurako hainbat herritan kontzertuak, eskola-haurrentzat eta familientzat kontzertuak, zinerako musika emanaldiak, kontzertu bereziak eta birak (Portugal eta Txina) burutzeaz gain. Duela gutxi ganbera-kontzertuen ziklo bat eta interprete gazteen beste bat jarri ditu abian. Extremadurako Orkestra bere bakarlari fetix den Alexandre da Costa biolin-jotzaile kanadiarrarekin. Da Costa-rekin Freitas Branco, Braga Santos eta Armando José Fernandes musikagileen lanak biltzen dituen diska grabatu ditu.

Euskadin debuta egin eta Iruñeara bueltatzeko aukeratutako errepertorioa Joly Braga Santos portugaldarraren Abertura sinfônica nº3, OEX-ek Alexandre da Costarekin batera interpretatuko duen Edouard Laloren Symphonie espagnole eta jada bigarren zatian entzungai izango den Manuel de Fallaren Hiru puntako kapela biltzen ditu. Iberiar doinuen ikuspegi ezberndinak aurkezten dituen programa izango da. Egitarauari oharren egile Juan Manuel Vianaren hitzetan, "Fallak eta Braga Santosek musika iberiarraren ikuspegi bana ematen dute, nolabait esateko barrendik sortutako ikuspegia eman ere.[...] Lalo-ren partiturarik ospetsuenak irudizko Espainia islatzen du, eta, betiere Frantziako ikuspegitik, Chabrier, Debussy eta Ravel konpositoreek jarraipena emango zioten".

Euskadiko Orkestrak martxoan Extremaduran barrena burutuko duen birarekin osotuko den elkartruke berri Orkestrak 1984.etik garatzen duen elkartruke-politikaren baitan kokatzen da. Honen bidez, Orkestraren lana estatu mailan ezagutzera ematez gain, estatu osoko orkestrak EOSen Abonu Denboraldira erakarri ditu, gure entzulegoari beren jarduera ezagutzeko aukera eskainiz. Nazioarte mailan ere elkartrukea tresna bikaina da Euskadiko Orkestraren zabalkunderako. Honela, ekainan Düsseldorfer Symphoniker orkestra EOSen denboraldian arituko da, bere zuzendari titular, eta Orkestraren gonbidatu printzipal Andrey Boreykoren zuzendaritzapean; era berean, epe horretan Euskadiko Orkestra Alemaniara joango da.

Extremadurako Orkestra bere Abonu Denboraldian ari den bitartean, Euskadiko Orkestra OLBEren denboraldiaren barnean, L'Italiana in Algerri operan esku hartzen ari da Euskalduna Jauregiko zulogunetik, Michele Mariotti musika-zuzendari duela.

Kontzertuak
Urtarrilaren 24 eta 25a :
Kursaal Auditorioa, Donostia. 20:00etan.
Urtarrilaren 26a: Baluarte Auditorioa, Iruñea. 20:00etan.
Urtarrilaren 27a: Euskalduna Jauregia, Bilbo. 20:00etan.
Urtarrilaren 28a: Principal Antzokia, Gasteiz. 20:00etan.

Egitaraua
Joly Braga Santos (1924-1988):
Abertura sinfônica nº3 (sobre un tema de carácter alentejano) [13']
Edouard Lalo (1823-1892): Symphonie espagnole para violín y orquesta, opus 21[30']
Manuel de Falla (1876-1946): Hiru puntako kapela. Suites nº1 y nº2 [26']

Extremadurako Orkestra, orkestra gonbidatua
Jesús Amigo, zuzendaria
Alexandre da Costa, biolina

Informazio gehiago

Esku-egitaraua
Astelehena 17 Urtarrila, 2011

SINFOKIDS, telebista zein ikus-entzunezko musikazko saio hezitzailea

SINFOKIDS, telebista zein ikus-entzunezko musikazko saio hezitzailea
Euskadiko Orkestraren ideia baten gainean, EITBren errelizazioa eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Euskadiko bigarren hezkuntzako ikastetxeetan banatua. ETB1en otsailaren 12an estreinatuko da.

Orkestraren egoitzan aurkeztu da SINFOKIDS, Euskadiko Orkestrak EITB eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lankidetzan garatutako telebista zein ikus-entzunezko musikazko saio hezitzailea, Euskadin familiarteko publikoaren eta hezkuntza-munduan banatuko dena. Bertan izan dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Isabel Celáa, Kultura sailburu eta Orkestraren presidente Blanca Urgell, EITBko zuzendari nagusi Alberto Surio, Orkestraren zuzendari nagusi Iñigo Alberdi eta Orkestrako hezkuntza departamentuko koordinatzaile Mikel Cañada. Aurkezpenean aritu dira halaber, proiektuan esku hartu duten Bilboko Abusu Ikastolako ikasleak eta Iñaki Telleria eta Matxalen de Pedro aktoreak.

Musika Gelaren baitan burutzen diren jarduera guztiekin batera, esaterako Musika Familian zikloa, eskola-haurrentzako kontzertuak, sentsibilizazio tailerrak, irakaslegoarentzat tailerra, entsegu irekiak eta abar, Orkestrak aurrerapausu bat eman nahi izan du, gizartearen zerbitzura egoteko bere bokazioari jarraiki, bere jarduerak zabalkunde handiagoa izan dezan. Euskadiko Orkestrak eta EITBk bat egin dute SINFOKIDS izenburupean gaur DVD formatuan aurkezten dugun baterako poiektu honetan. Pertsona kopuru handi batengana iritsiz, gure herrian kultura zein hezkuntzaren garapenean erabakitasunez lagunduko duen ikus-entzunezko musika-saio kalitatezko eta berriztatzailea sortzeko talde-ahalegin handiaren emaitza da gaurkoan aurkezten duguna.

Egitasmo honen hirugarren erpina den Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ezinbesteko lankidetzak SINFOKIDS proiektuaren banaketa-aukerak aregotzea ahalbidetu du, Euskadiko lehen hezkuntzako ikastetxe bakoitzak DVD hau jasoko baitu.

Honela, ETB1en otsailaren 12an estreinatuko den SINFOKIDS Euskadiko Orkestrak sortu, EITBk errealizatu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hezkuntza-munduan banatutako produktua dugu.

SINFOKIDS jarraitasuna izateko bokazioz sortu da eta haur zein helduei musikazko unibertsoa erakusten jarraitzea ahalbidetuko digun ikus-entzunezko tresna izango da, ikuspegi ludiko eta kalitatezko batetik, berariaz musika klasikoaren inguruan beti sortu izan diren topikoetatik ihes eginez.

Informazio gehiago

Prentsa-dosierra

Orriak