Robert Treviñok formazioa eskainiko du Musikeneko Orkestra Ikasketa Masterrean

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra Musikeneren hezkuntza-proiektuan parte da, gazteen hezkuntzan duen konpromisoaren erakusgarri. Datorren ikasturtean izena emateko epea ekainaren 3ra arte dago irekita.
Hezkuntzaren bikaintasunak eta orkestra-musikari izateko benetako prestakuntzak, besteak beste, egiten dute erakargarri Orkestra Ikasketa Masterra, Musikenek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak elkarlan estuan antolatzen dutena.
Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia hezkuntza-erreferente bilakatu dute bertako irakasleek eta, horrez gain, aipagarria da Europako orkestra nagusietan lehenengo atrilak diren bakarlari gonbidatu handien presentzia. Hori guztia ikasketa-plan sendo baten baitan.
60 ECTSko formazio akademiko ofizialari orkestra errepertorioan espezializatzea gehitzen zaio: Euskadiko Orkestraren kontzertuetan praktikak, bere titular Robert Treviño maisu iparramerikarrarekin lan-saioak, Gordan Nikolic edo Boris Garlitsky musikariekin hari-orkestra proiektua, edo benetako proben simulakroak. Horri guztiari esker Masterra ezinbesteko urratsa bihurtu da hari-musikari gazteek orkestra-musikari bihurtzeko egin beharreko ibilbidean.
Masterrari buruzko informazio guztia (datak, epeak, prezioa, etab.) hemen
Informazio gehiago
Bideoa: Robert Treviño MusikenenEuskadiko Orkestra Sinfonikoak Musikaste itxiko du

Errenteriako jaialdiaren amaiera-kontzertua larunbatean izango da, maiatzak 26, 20:30ean Fatimako Parrokian, eta Andra Mari Abesbatzaren parte-hartzea izango du.
Aurten 46. edizioa izango du Musikastek, urtero Errenterian Eresbilek antolatzen duen musika-jaialdiak, zeinak euskal egile eta interpreteekin konpromiso osoa duen. Ospakizunek, mendeurrenek eta gutxi esploratutako generoek beteko dituzte edukiz musika-hitzordu honen bederatzi egunak (maiatzak 19-27).
Aurtengoan Musikastek Mª Luisa Ozaitari omenaldia egingo dio, pasa den urtean zendu baitzen. Figura hau omentzearen bidez emakume musikagileen sorkuntza-lana azpimarratu nahi da Musikasteren egitarauaren baitan. Horrela, bada, kontzertu guztiek hartuko dute barne gutxienez emakume batek egindako obra bana, eta bi programa emakumeek soilik sortutako lanez osatuko dira.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak euskal musikaren ekoizpenaren hedapenean ekarpena egiten jarraitu nahi du, eta euskal interpreteei bultzada emateko plataforma izaten ere jarraitu nahi du, hortaz, aurtengo edizioan ere parte hartuko du jaialdi honetan. Hogeita laugarren parte-hartzea izango du Orkestrak Musikasten.
Larunbat honetan, maiatzak 26, 20:30ean Fatimako Parrokian izango den amaiera-kontzertuan, Orkestra izango da Andra Mari Abesbatzarekin batera musikaz betetako aste honi bukaera bikaina emateaz arduratuko dena. Kontzertu hau, gainera, Robert Treviño zuzendari titularraren lehen parte-hartzea izango da Musikasten, eta berak eramango ditu atriletara Mª Eugenia Luc, Maria Luisa Ozaita, Rodrigo de Santiago, Ramón Usandizaga, Beltrán Pagola eta Manuel Sagasti.
Miramongo Matinéeek Europatik Estatu Batuetarako bidaia proposatuko dute larunbat honetan

Hemiola Laukoteak Haydnen eta Dvoraken hari-laukote bana eskainiko digu Hegaldi transatlantikoa izeneko kontzertuan.
Miramongo Matinéeak larunbat honetan itzuliko dira, maiatzak 26, 11:00etan, denboraldiko azken-aurreko hitzorduan, Hemiola Laukotearen Hegaldi transatlantikoa izeneko kontzertuarekin. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren honako musikariek osatzen dute laukotea: Larraitz Oiartzabal (biolina), Ricardo Ruiz (biolina), Pawel Krymer (biola) eta Gabriel Mesado (biolontxeloa).
Kontzertua Joseph Haydnek 1790ean Vienan idatzi zuen 5. hari-laukotearekin, “Hegatxabala” izenez ere ezagutzen denarekin, hasiko da. Laukotearen hasieran agertzen den lehen biolinaren sarrerako melodiak ematen dio izena obrari, hegatxabalaren txioa imitatzen baitu. Garai hartako Jean Tost biolinjole hungariarrari eskaini zion obra Haydnek. Laukote biribila da bere mugimendu guztietan eta klasikoa da egiturari dagokionez: sonata-formako lehen mugimendu batekin hasten da, Lied formako bigarren mugimenduarekin jarraitzen du, hirugarren mugimendua Menuettoa da eta laugarren eta azkena mugimendu bizkor iraunkorra da.
Kontzertuko bigarren eta azken obra Antonin Dvoraken 12. hari-laukotea izango da. Txekiar jatorriko musikagilea Europan bizi izan zen harik eta 1892an Estatu Batuetara joan zen arte New Yorkeko Musika Kontserbatorioaren zuzendari izateko. Hari-laukote hau 1893an konposatu zuen Dvorakek Spillvillen (Iowa, Estatu Batuak), eta denbora errekorrean egin zuen gainera: hamasei egunetan baino ez. “Amerikarra” izena ere jaso izan du obrak, herrialde iparramerikarrean egindako egonaldian Dvorakek ezagutu zuen musikari egindako hainbat keinu jasotzen baitira bertan. Haydnen laukoteak bezala, Dvoraken laukote melodiko honek lau mugimendu ditu eta egitura tradizional klasikoa du.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOKO GANBERA-ORKESTRAK ITXIKO DU MATINÉEEN ZIKLOA
Astebete geroago, ekainaren 2an, larunbata, 2017/18 Denboraldiko Matinéeak amaierara iritsiko dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Ganbera-Orkestrak eskainiko duen kontzertu batekin. Hemezortzi musikari igoko dira eszenatokira Mozarten hainbat pieza eskaintzera Estilo galantetik klasizismora izeneko kontzertu honetan.
Txalo eta “bravo” zaparrada Madrilen

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertu zirraragarria eskaini zuen ostiralean, maiatzak 18, Madrilgo Auditorio Nazionalean, Unibertsitate Autonomoaren Egile eta Interprete Handien 45. Zikloari amaiera emateko.
Lehenik Joaquin Achucarro izan genuen, Beethovenen Pianorako 4. kontzertuarekin. Beste behin nabarmen gelditu zen bere beteranotasun eta interpretazio handia, baita ikusleek dioten estimua ere. Ezin izan zuen eszenatokitik alde egin Brahmsen Intermezzo bat oparitu gabe.
Achucarrok lekukoa Orkestrari pasa zion ondoren, zeinak, bakarrik jadanik, Txaikovskiren 4. Sinfonian bere onena eskaini zuen. Zuzendari titularra izandako Gilbert Vargaren zuzendaritzapean, Orkestra trinko eta sutsu aritu zen uneoro.
Beste txalo eta “bravo” zaparrada batek, Guridiren Hamar Euskal Melodien “Amorosa” xamurrari bide eman zion. Emozioen gaua izan zen, elkarretaratzeena, berrelkarketena eta ospakizun partekatuena, baita ere Robert Treviñorekin, RTVEren Orkestra lehen aldiz zuzentzetik zetorrena.
Informazio gehiago
Madril: XLV Ciclo de Grandes Autores e Intérpretes de la MúsicaZure interesekoa izan daitekeelakoan...
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Madrilgo Auditorio Nazionalera itzuliko da

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Joaquin Achucarrok eta Gilbert Vargak bat egingo dute Madrilgo Unibertsitate Autonomoak antolatutako Egile eta Interprete Handien Zikloaren 45. edizioaren itxiera-kontzertuan, ostiralean, maiatzak 18.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa hautatu dute Madrilgo Unibertsitate Autonomoak antolatutako Egile eta Interprete Handien Ziklo ezagunaren edizio berriari itxiera emateko. Kontzertua ostiralean izango da, maiatzak 18, 19:30ean Madrilgo Auditorio Nazionalean eta bertan parte hartuko dute Joaquin Achucarrok bakarlari gisa eta euskal orkestraren zuzendari titular izandako Gilbert Vargak zuzendari gisa. Hain justu, gainera, kontzertuaren bezperan, Unibertsitateak Achucarro Honoris Causa Doktore izendatuko du.
Joaquin Achucarro
1983ko apirilean Joaquin Achucarrok eta artean sortu berria zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak lehendabizikoz eszenatokia partekatu zutenetik askotan gurutzatu izan dira pianojolearen eta Orkestraren bideak: Guggenheim Museoaren inaugurazioan, Txile eta Argentinan barrena egindako biran, Raveli eskainitako monografikoaren grabazioan eta Abonu-denboraldian antolatutako kontzertu asko eta askotan. Guztira, berrogeita hamar interpretazio baino gehiago egin ditu Achucarrok Orkestrarekin eta, horri esker, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kontzertu gehien eman dituen bakarlaria da.
Gilbert Varga
Euskadiko Orkestrak Joaquin Achucarrorekin duen harremana oso estua da, baina baita Gilbert Vargarena ere, hamar urtez jarraian izan baitzen (1998-2008) euskal orkestraren zuzendari titular. Orkestrak, Joaquin Achucarrok eta Gilbert Vargak elkarrekin gogora ekarriko dituzte garai horietako une musikal gogoangarrienak, adibidez, Buenos Airesko Colon antzoki entzutetsuan Orkestra estreinakoz aritu zenekoa. Beste adibide bat: BBVA Fundazioarekin eta Claves diskoetxearen erregistroarekin elkarlanean grabatu zituzten Ravelen pianorako kontzertuak, ondoren nazioarteko kritikaren aintzatespena jaso dutenak.
Programari dagokionez
Brahms, Beethoven eta Txaikovskiren obrek osatuko dute programa. Kontzertua Obertura académica op. 80 obrarekin hasiko da, Brahmsek 1880an idatzia; L. Beethovenen Piano eta orkestrarako 4. kontzertuarekin jarraituko du, Bosgarren sinfonia famatuaren esentzia darion sotiltasunez betetako partitura; eta Txaikovskiren 1877ko Laugarren sinfoniarekin amaituko da, kolore instrumentalez betetako eztanda batean.
Robert Treviñok RTVEren Orkestra zuzenduko du
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Madrilen izango den une berean, bere zuzendari titular Robert Treviñok RTVEren Orkestra zuzenduko du aste honetan. RTVEren Orkestraren Abonu-denboraldiaren parte den kontzertu hau honako piezek osatuko dute: Richard Straussen Heriotza eta itxuraldaketa poema sinfonikoa eta Azken lau abestiak, eta Alexander Scriabinen Estasiaren poema. Kontzertua Radio Clásicak emango du zuzenean eta aurrerago Los conciertos de La 2 programan ere emango dute. Aipagarria da, gainera, kontzertuan Amanda Pabyan sopranoa arituko dela bakarlari lanetan eta, hain zuzen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2017/18ko Abonu-denboraldiaren azken programan ere izango dela Pabyan. Azken programa hori, Messa di bellezza izenekoa, ekainaren 14tik 20ra izango da eta Giuseppe Verdiren Messa da Requiemaren interpretazioa izango du oinarri.
Enrike Solinís & Euskal Barrokensemble larunbateko Miramongo Matinéean

Antzinako musika taldeak Hego-koloreak: Danzas barrocas para guitarra izeneko kontzertua eskainiko du eta bertan joko dituen dozena bat baino gehiago piezatan gitarra izango da protagonista, bereziki bere errepertorio barroko espainiar eta italiarra.
Miramongo Matinéeak larunbat honetan itzuliko dira, maiatzak 12, 11:00etan, denboraldiko hamalaugarren hitzorduan, Enrike Solinís & Euskal Barrokensembleren Hego-koloreak: Danzas barrocas para guitarra izeneko kontzertuarekin. Aipatu taldea honako kideek osatzen dute: Enrike Solinís (gitarra barrokoa, bihuela, lavta eta zuzendaritza artistikoa), Miren Zeberio (biolin barrokoa), Gabriel León (kontrabaxua) eta Dani Garay (perkusioa). Kontzertu honek hasiera batean So British? izenburupean Quinteto Graziosok antolatu zuena ordezkatuko du.
Emanaldi honetan, orain arte argitaratu dituen hiru lanetako lehenengoaren hainbat pieza interpretatuko ditu Enrike Solinís & Euskal Barrokensemblek: Colores del sur: Baroque Dances for Guitar (2013), gitarrak protagonismo berezia duen diskoa. XVII. mendetik musika herrikoian nortasun oso handia izan duen instrumentua da gitarra, eta gaurko kontzertu honetan ere rol nagusia jokatuko du, bereziki bere errepertorio barroko espainiar eta italiarrak.
Bere belaunaldiko birtuoso nagusi eta pertsonalenetako bat bezala ezaguna, Enrike Solinís Euskal Barrokensemble antzinako musika taldearen fundatzailea da. Taldeak musikaren sustraietan barrena ikerketa sakona egiten du eta proiektu guztiz berritzaileak aurkezten ditu. Proiektu horietan espazio garrantzitsua dute inprobisazioak eta oso garai ezberdinetako musikaren birsorkuntzak. Musikari aurre egiteko modu honi esker, Euskal Barrokensemblek sona handiko nazioarteko antzoki eta jaialdietan parte hartu ahal izan du: Vienako Kontzerthaus, Potsdameko Jaialdia, Madrilgo Auditorio Nacional, Hanburgoko Jaialdia, Habanako Jaialdia, Montreal, Praga, Stockholm, Polonia, etab.
Nazioartean zabalkunde nabarmena izateaz gain, taldeak bere ibilbidean kritika paregabea jaso du. Adibide gisa, Kubako Leo Brouwer musikagile, gitarrajole, eta orkestra-zuzendari ezagunaren hitzak ekar ditzakegu gogora: “Enrike Solinís maisu gaztea Jordi Savall handiari laguntzen entzun nuen lehendabizikoz; beste aldi batean, urte batzuk geroago, eta ordurako bere talde propioa zuela, berriz txunditu ninduen”.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
HURRENGO MATINÉEAK
Larunbateko kontzertuaren ostean, Miramongo Matinéeek beste bi saio izango dituzte 2017/2018 Denboraldiari agur esan aurretik: maiatzaren 26an Quarteto Hemiolaren Hegaldi transatlantikoa kontzertua izango da (hasiera batean Dionysus Ensemblek Beethoven · Schubert izenburupean antolatutakoaren ordez) eta ekainaren 2an zikloa amaierara iritsiko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Ganbera-Orkestraren Estilo galantetik klasizismora kontzertuarekin.
Informazio gehiago
Esku-programa (.pdf)Beethoven: Pastorala

Musika Gelaren 2017/2018 denboraldia aste honetan amaituko da Kursaal Auditoriumean maiatzaren 9 eta 10ean egingo diren Eskola-kontzertuekin eta maiatzaren 11n Gasteizko Principal Antzokian eskainiko den Musika familian saioarekin.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak aste honetan emango du itxitzat Musika Gela zikloaren 2017/2018 denboraldia Beethoven: Pastorala programarekin. Guztira lau Eskola-kontzertu eskainiko ditu eta Musika familian saio bat ere bai.
Seigarrena, Pastorala, Landa-bizitzaren oroitzapenak, horiek dira Beethovenek emozioz, indarrez eta edertasunez deskribatzen dituen gure Lurra planetako biztanle askoren subkontzientean gordeta dauden musika sinfonikoko 40 minutu horiek jasotako hiru izenburuak. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak emango duen kontzertua hainbat ataletan banatuko da eta horietan obrako zenbait doinu eta esaldi nabarmenduko da. Ondoren, lanaren mugimendu bakoitza osorik joko dute.
Alde batetik, gaur eta bihar, maiatzak 9 eta 10, Kursaal Auditoriumak lau Eskola-kontzertu hartuko ditu, bina egun bakoitzeko. Goizeko saio hauetara guztira 10 eta 12 urteko 3.500 ikasle bertaratuko dira Gipuzkoa osoko ikastetxetatik: Legazpi, Berastegi, Lazkao, Urretxu, Eskoriatza, Deba, Zarautz, Zestoa, Mutriku eta Donostia. Kontzertu hauetan laguntzaile dira Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Donostiako Udalaren Hezkuntza Departamentua eta Kursaal Eszena.
Bestetik, ostiralean, maiatzak 11, 19:00etan, Gasteizko Principal Antzokian programa bereko Musika familian saio bat eskainiko du Orkestrak. Sarrerak salgai daude 6 eurotan antzokiaren webgunean (principalantzokia.org), antzokiko leihatilan, 945161045 telefono-zenbakira dei eginda edo Kutxabanken kutxazainen bidez.
Modu honetan amaituko da Musika Gela zikloa aurten, zeina lehendabizikoz Abonu-denboraldiari lotuta antolatu den. Zikloak barne hartu dituen obrak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren programazio nagusian ardatz izan diren musikagileenak izan dira: Beethoven eta bere Pastorala sinfonia hilezkorraz gain, aurtengoan ikasleek eta familiek Brittenez eta bere haurtzaroari eskainitako konposizioez gozatu ahal izan dute, baita Xostakovitxen alderdi bromazaleenaz ere. Guztira hiru ekoizpen propio estreinatu ditu Orkestrak: Soinuekin jolasean, Pierrot eta azken hau, Beethoven: Pastorala.
Informazio gehiago
Esku-programaZure interesekoa izan daitekeelakoan...
Elena Sancho-Peregen estreinaldia

Soprano donostiarra euskal eszenatokietan estreinatuko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Clemens Schuldt zuzendari alemaniar gazteak gidatutako programa batean.
Zirraren tutti-fruttia izenburupean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonu-denboraldiaren bederatzigarren programa ohiko lau hiriburuetara itzuliko da. Kontzertuak bihar hasiko dira, apirilak 28, Iruñako Baluarte Auditoriumean, eta ondoko egun eta tokietan jarraituko dute: apirilaren 30ean eta maiatzaren 4an Donostiako Kursaal Auditoriumean, maiatzaren 2an Bilboko Euskalduna Jauregian eta maiatzaren 3an Gasteizko Principal Antzokian. Guztiak 20:00etan izango dira.
Elena Sancho-Pereg izango da gonbidatu nagusia, eta programaren bigarren piezan hartuko du parte, Benjamin Brittenen Les Illuminations-en. Soprano donostiarra nazioartean etorkizun oparoko ibilbide profesionala egiten hasi da eta 2014tik Düsseldorfen bizi da, bertan baitauka postu egonkorra Rhineko Operan. Bere hurrengo konpromisoek Berlin, Erroma, Bruselas eta Bartzelonara eramango dute sopranoa. Lehendabizikoz arituko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, euskal eszenatokian bere estreinaldia izango den honetan. Gainera, abuztuan berriz kantatuko du Orkestrarekin Musika Hamabostaldian, estreinakoz udako jaialdian. Oraingo honetan Sancho-Peregek ahotsa jarriko dion obra, Les Illuminations, Orkestraren aurtengo denboraldian ardatzetako bat den Brittenek idatzi zuen. Arthur Rimbaudek sinatutako poema homonimoak irakurri ostean, erabat hunkituta, musikagile ingelesak erabaki zuen olerkiak musika bihurtzea. 1939an gertatu zen hau, Bigarren Mundu Gerraren ondorioz Britten Estatu Batuetan erbesteratuta zegoenean.
Brittenen obraren aurretik Orkestrak György Ligetiren Concert Românesc interpretatuko du. Gerraosteko abangoardiarekin lotu ohi den Ligeti polifazetikoak Errumaniako hizkuntza, kultura eta folklorearekin sentitzen zuen liluramendua jasotzen du obra honek. Tronpak berebiziko garrantzia du kontzertuan, eta protagonista izan zen, baita ere, 1951n obraren estreinaldia bertan behera gelditu zenean, izan ere, instrumentu honen harmonia arraroek orkestrako musikarien artean liskarra sortu baitzuten. Gertakari horren ondoren, obra ahaztu egin zen eta ez zen bi hamarkada geroagora arte estreinatu.
Programa amaitzeko, bigarren zatia Mozarten 41. Sinfoniari eskainiko zaio oso-osorik. “Jupiter” izenez ezaguna den sinfonia hau Mozartek bereziki emankorra izan zen aro batean idatzi zuen, 39. eta 40. sinfoniekin batera. Mozartek azken trilogia sinfoniko hau idatzi izanaren arrazoia misterio bat da gaur egun, izan ere, estreinaldia aurreikusi gabe zuela konposatu baitzuen eta, are gehiago, oraindik ez baitakigu noiz eta non estreinatu zen. Egoera hori oso ezohikoa da Mozarten ibilbidean, tamaina handiko bere ia pieza guztiak idatzi zituen unean estreinaldirako data pentsatua baitzuen.
Programa Clemens Schuldtek (Bremen, 1982) zuzenduko du, Municheko Ganbera-Orkestraren zuzendari titular eta gaur egun Alemanian etorkizun gehien duen orkestra-zuzendarietako batek, alegia. Zuzendari gaztearen ibilbidea 2010ean hasi zen garatzen Londreseko Donatella Flick Conducting Competition lehiaketa entzutetsua irabazi ostean. Schuldtek goraipamen ugari jaso ditu errepertorio germaniko klasiko eta erromantikoan egin dituen interpretazio berritzaileengatik, baita sarri bere sormena erabiltzen duelako ere bere programetan lan garaikideak txertatzeko.
Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude sarrerak.euskadikoorkestra.eus webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).
2018/2019 denboraldiaren aurkezpena

Robert Treviñoren lana titular gisa egin duen lehen urte honetan, baita konpromiso nabarmena ere, sei Abonu-kontzertutan parte hartuko baitu.
“Bariazioak” da Denboraldiaren ideia nagusia eta honek isla argia du irudi berrian: “begiradarekin entzuteko bariazioak”.
Robert Treviñoren lana titular gisa lehen urte honetan: Bera da Euskadiko Orkestraren gaur egungo egoera ulertzeko gakoetako bat. Denboraldi honetan egin duen lanak aintzatespen eta lausenguak jaso ditu Orkestra beragandik, publikoagandik, kritikagandik eta musikaren ingurunetik. Bere konpromisoa Orkestrarekin argi ikusten da, hurrengo denboraldiaren ere presentzia nabarmena izango baitu denboraldi osoan.
Denboraldi berriaren irudia. Irudia, oraingoan ere, hauslea, modernoa eta freskoa da. Ikusizko sinfonia original hau konposizio metaforiko modukoa da, eta ikuslearen arreta piztu nahi du, hura liluratu eta hark begiradarekin entzun dezan sustatu. Zentzu horretan, denboraldi berriko programak ilustratzen dituzten konposizio grafikoak bina elementu elkartuta sortzen dira, biak ere teknika edo baliabidez ezberdinen bidez irudikatuak: grabatua edo aintzinako ilustrazioa, batetik, eta argazkia, bestetik. Gaurkoa eta atzokoa, iraganean idatzitako musika eta orainaldian interpretatzen dena. Bi elementuak batuta, objektu berri bat sortzen da, izenburu bakoitza ilustratzen duen harmonia bisuala, ikuslearen interpretazio propiora irekitako esanahi bisuala.
Partitura digitalak larunbateko Matinéean

Miramongo Matinéeak larunbat honetan, apirilak 21, 11:00etan, itzuliko dira denboraldiko hamahirugarren hitzorduan Arli du Daprik eskainiko duen Bi bioladun boskoteak izeneko kontzertuarekin. Arli du Dapri Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bost kidek osatzen dute: Nathalie Dabadie (biolina), Delphine Dupuy (biola), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola), Irene Echeveste (biolina) eta Estíbaliz Ponce (biolontxeloa). Taldeak Michael Haydnen eta Johannes Brahmsen hari-boskote bana eskainiko du.
Bi bioladun boskoteak kontzertu berezia izango da, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan musika partitura digitalen bidez interpretatuko den lehendabiziko aldia izango baita. Tableta elektroniko batean, etengabeko jarioan, partiturak aurrera egingo du musika-piezaren erritmo berean, musikariak orrialdea pasa behar ez dezan. Horrela, partitura da musikariari moldatuko zaiona, eta ez alderantziz. Musika-esperientzia ezberdin hau Miramongo Parkean egoitza duten bi erakunderen, Orkestraren eta Blackbinder enpresaren, arteko kolaborazioak ahalbidetuko du. Blackbinder nazioarteko hedapena duen euskal enpresa bat da eta berak patentatu du teknologia berritzaile hau.
Arli du Daprik interpretatuko duen lehen obra Michael Haydnen Hari-boskotea izango da. Joseph Haydnen anaia gaztea 1737an jaio zen Austrian, Hungariako mugatik gertu. Biolina eta organoa jotzen ikasi zuen eta, hainbat tokitan kapera-maisu izan ostean, 1763an, Salzburgoko printzearen gortean kontzertino eta musikagile izendatu zuten. 1777tik aurrera, Salzburgoko katedralean organista-lanetan hasi zen, eta hainbat ikasle izan zituen bertan, besteak beste, Carl Maria von Weber eta Anton Diabelli. Gizon zuhurra eta lotsatia zen, publikoarekin kontaktua ekidin ohi zuen, eta horregatik agian ez da beste egile batzuk bezain ezaguna egin. Alabaina, karrera joria izan zuen, zortziehun obra baino gehiago idatzi baitzituen. Mozart, Michael Haydnen talentuaren miresle, austriarraren Requiemaren emanaldian izan zen 1771n, eta hogei urte geroago idatziko zuen bere Requiemerako inspirazioetako bat izan zen.
Programaren bigarren zatian, protagonista Johannes Brahms izango da, 1833an Hanburgon jaio zena familia xume batean. Hamar urte zituela, bere aita kontrabaxujoleari gauetan tabernaz taberna jotzen laguntzen hasi zitzaion. 1853an, bere bizitza osoan lagun eta musika-aholkulari izango zuen Joseph Joachim biolinjolea ezagutu zuen, baita Robert Schumann ere, hasieratik Brahmsek pianojole eta musikagile gisa zuen talentuarekin liluratuta geratu zena. 1862an Vienara joan zen bizitzera, eta han igaro zituen bere karrerako urte gehienak. 1890ean idatzi zuen 2. hari-boskotea, Bad Ischl-en emandako udako oporraldian. Ordurako zahartuta eta konposatzeaz nekatuta zegoen Brahms, eta hau izango zen bere azken obra Richard von Mühlfeld klarinetista ezagutu izan ez balu. Berak eman zion bultzada obra gehiago ontzeko: Klarinete, biolontxelo eta piano hirukotea; Klarinete-boskotea eta bi klarinete eta piano sonata.
Sarrera solteak (7€) salgai daude sarrerak.euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Elkarrizketak. Matinée honen berezitasuna dela-eta, elkarrizketak egiteko aukera zabaldu nahi diegu komunikabideei. Eskaerak: ilertxundi@euskadikoorkestra.eus.
