‘Pasealdia zineman barrena’ Belodromoan

Zinemaldiaren 66. edizioan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkezten dute gaurkoan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak.
Aurten ere, Zinemaldiko lehen larunbatean, eguerdian irekiko da Belodromoa melomano, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako. Begi-belarriak plazerez goxatu ahal izango dira ordu eta erdiz, larunbatean, irailak 22, eguerdiko hamabietan hasita. Sarrera doakoa izango da.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musika-kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostia Zinemaldian; sendotu eta sendotu ari da Belodromoko proposamenen artean, eta Zinemaldiko eszenategi gogokoena da dudarik gabe, ia 2.700 plazako edukieraz. Aurtengoan Fernando Velázquez bizkaitar musikagile eta orkestra-zuzendariak zuzenduko du Orkestra, zinemaren eta soinu-banden topaketa jendetsu honetan. Berak eragin zuen, hain zuzen, 2012an Orkestra Donostia Zinemaldiko egitaraura itzultzea, Lo imposible (J.A. Bayona) filmaren soinu-banda zuzenean osoki estreinatuz.
Aurtengo Kontzertua & Proiekzioak, ‘Pasealdia zineman barrena’ izenburudunak, hamar pelikula ingururentzat ondutako musikaren egokitzapenak bilduko ditu. Eskainiko ditugun musika-piezen erdiak Velázquezek berak konposatu ditu; izan ere, ondorengoen soinu-bandak harenak dira: Zipi y Zape y la isla del capitán (Oskar Santos), Gernika (Koldo Serra), El secreto de Marrowbone (Sergio G. Sánchez), Contratiempo (Oriol Paulo) —Zahara kantautorerekin batera konposatua— eta Un monstruo viene a verme (Juan Antonio Bayona). Hain zuzen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak grabatu zuen Un monstruo viene a verme filmaren soinu-banda, eta 2016ko Donostia Zinemaldian egin zen film horren Europako estreinaldia; partitura horri esker, Velázquezek musika original onenaren Goya saria eskuratu zuen. Velázquezek ondorengoa dio hitzordu berri honi buruz (gaztelaniaz):
Errepertorioa beste bost pelikuletarako konposatutako musiken egokitzapenarekin osatuko da: Locura de amor (Juan de Orduña), Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas (Enrique Gato eta David Alonso), El elegido (Antonio Chavarrías), Todos los hombres sois iguales (Manuel Gómez Pereira) eta Go!azen (Jabier Elortegi eta Aitor Aranguren). Juan Quintero, Zacarías M. de la Riva, Arnau Bataller, Bernardo Bonezzi eta Álvaro Carmona izan ziren, hurrenez hurren, soinu-banda horien musikagileak.
Kontzertu berri honetarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Kup Taldea abesbatza gonbidatu du: haiek arituko dira Zipi y Zape, Gernika eta Contratiempo filmetan. Gainera, Zahara kantautoreak Contratiempon parte hartuko du, baita Go!Azen pelikulako hiru kantarik ere (Iholdi Beristain, Ainhoa Larrañaga eta Aritz Mendiola).
Joan den urteetan bezala, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: musika pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da 400 m2-ko pantailan, eta muntaketa hori Carlos Rodríguezek (Morgancreakoa) sortu du kontzertu honetarako espresuki. Gainera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira, Belodromoko oholtzan beren lana aurkeztera.
Sarrera doakoa da, eta nahikoa duzu gonbita irailaren 15etik 21era Donostiako Zinemaldiaren Kursaaleko eta Okendo plazako informazio-puntuetan jasotzea, 9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10etatik aurrera.
Orkestrak irudi ofiziala berritu du Tabakaleran

Denboraldi berriaren hasierarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak irudi ofiziala berritzeko argazki-saioa egin du Tabakaleran.
2018/2019 Denboraldia pasa den abuztuaren 11n hasi zen ofizialki Orkestrak Donostiako Musika Hamabostaldiaren egitarauan izandako parte-hartzearekin. Irailaren 27an Iruñean izango den Abonu Denboraldiaren irekieran begirada jarrita duela, Orkestra osoa elkartu zen atzo Tabakaleran argazki-saio bat egiteko asmoarekin.
Saio honen helburua izan zen gaur egungo musikarien konposizioa erakusten duen eta Orkestraren irudi eta estilo propioak irudikatuko dituen argazki bat egitea. Oraingo honetan hautatutako tokia Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa izan zen. Zalantzarik gabe, leku hau primeran egokitzen zaio egun Robert Treviño Zuzendari Titularraren zuzendaritzapean lan egiten duen orkestra gazte eta dinamiko honen irudiari.
Orkestraren 2018/2019 Denboraldiko liburu ofizialarekin irail amaieran argitaratuko den argazki Berri honek 2016an Bilboko portuan egin zen irudia ordezkatuko du.
Ondoko bideo labur honetan argazkiaren making-ofa ikus ahal izango duzue:
Robert Treviño Malmöko Orkestra Sinfonikoko Zuzendari Titularra ere izango da

Robert Treviñok Malmöko Orkestra Sinfonikoaren titulartasuna hartuko du bere gain 2019ko udazkenetik aurrera. Bere musika-zuzendaritzapean egongo den bigarren orkestra izango da; Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izan zen lehena bere orkestra-zuzendari ibilbidean.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2017/2018 Denboralditik dauka Robert Treviño Zuzendari Titular moduan. Pasa den ekainean iragarri zuen luzapena Orkestraren arduradun artistiko nagusi gisa 2021/2022 Denboraldira arte.
Izendapen berri honekin, Treviño aldi berean arduratuko da euskal eta suediar orkestren musika-zuzendaritzez, eta zuzendari gonbidatu izaten jarraituko du izen handiko munduko orkestra ugaritan: London Symphony Orchestra, Leipzig Gewandhaus, Vienna Symphony, Sao Paulo Symphony, Munich Philharmonic, Accademia Nazionale di Santa Cecilia, Zurich Tonhalle Orchestra eta beste hainbatetan.
Nazioarteko ibilbide oparo horren baitan Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin abenduan Europako erdigunera egingo duen bira ere ari da prestatzen Treviño. Musika-tradizio handiko kontzertu-aretoetan arituko da, publiko zorrotzaren aurrean: abenduaren 4an Linzeko Brucknerhausen, abenduaren 6an Municheko Herkulessaalen eta abenduaren 8an Bregenzeko Festspielhausen.
Informazio gehiago
Informazio gehiago Malmöko Orkestraren webgunean (ingelesez)Orkestrak 18/19 Denboraldia hasiko du Donostiako 79. Musika Hamabostaldian parte hartuz

Abuztuaren hasierarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musikariak oporretatik itzuli berri dira, eta Musika Hamabostaldian eskainiko dituzten kontzertuetan dute begirada jarrita.
Orkestrak abuztuaren 11 eta 13an Rossiniren Italiarra Aljerren opera interpretatuko du, eta J. Haydnen, M. Haydnen eta Mozarten obrak barne hartuko dituen kontzertu batekin amaituko du bere parte-hartzea Hamabostaldian abuztuaren 18an.
Merezitako opor batzuen ostean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musikariak berriz itzuli dira atriletara. Eta, ohikoa den moduan, Musika Hamabostaldian izango duten parte-hartzea izango da udako hilabete honetako agendako ardatz nagusia.
Gaur hasi ditu entseguak Orkestrak Donostiako musika klasiko jaialdian eskainiko duen lehen programarako. Gioachino Rossini musikagile italiar ezagunaren Italiarra Aljerren opera izango da, hain zuzen, Orkestrak abuztuaren 11 eta 13an eskainiko duena 20:00etan Kursaal Auditoriumean.
Rossiniren heriotzaren 150. urteurrenean, haren titulu adierazgarrienetako bat eskainiko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Easo Abesbatzarekin batera eta Paolo Arrivabeni maisuaren zuzendaritzapean. Duela 25 urte pasa eman zen azkenekoz Donostian opera komiko hau. Isabellaren rol nagusia, Marianna Pizzolato italiar mezzosopranoak abestuko du. Haren ondoan arituko dira ondorengo abeslariak ere: Luca Pisaroni (Mustafa), Francisco Brito (Lindoro), Joan Martín-Royo (Taddeo) eta Arantza Ezenarro donostiar sopranoa (Elvira).
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak abuztuaren 18an 20:00etan Kursaal Auditoriumean emango duen kontzertu sinfoniko batekin amaituko du bere parte-hartzea Musika Hamabostaldian. Oraingoan Andra Mari Abesbatza izango du ondoan, eta Christian Zachariasen zuzendaritzapean J. Haydn, M. Haydn eta Mozarten lanak eskainiko ditu. Maisu alemaniarra Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 1999/2000 Abonu Denboraldiaren irekiera-programan aritu zen piano-bakarlari lanetan, Gilbert Vargaren zuzendaritzapean, eta ia bi hamarkada ondoren, berriz kolaboratuko du Orkestrarekin, oraingoan pianojole zein zuzendari moduan. Zacharias duela sei urte izan zen azkenengoz Musika Hamabostaldian.
Programa klasikoa da, eta bi obra guztiz desberdin aurkeztuko ditu: Joseph Haydnen 49. Sinfonia, La Passione, eta oso gutxitan aditzen den Requiema do minorrean, Michael Haydn haren anaia gazteak konposatua. Obra hori interpretatzeko, Andra Mari Abesbatzak eta hainbat bakarlarik, haien artean Alicia Amo eta Clara Mouriz-ek, lagunduko diote orkestrari. Bi obra horien erdian, Haydn eta Haydnen artean, Mozartik hunkigarriena entzun ahal izango da haren 24. pianorako kontzertuarekin. Obra honek Zachariasen piano-arte sakon eta beti pertsonalaz beste behin gozatzeko aukera eskainiko digu.
Kontzertuetarako sarrerak salgai daude quincenamusical.eus webgunean.
Salgai 2018/2019 Denboraldiko kontzertuetarako sarrerak

Dagoeneko eros daitezke ohiko salguneetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 Abonu Denboraldiko kontzertu guztietarako sarrerak.
Abuztuaren 1etik salgai daude Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 Abonu Denboraldiko kontzertuetarako sarrerak. Irailaren 27an hasiko da abonu-kontzertuen denboraldia ohiko lau hiriburuetan.
Sarrerak salgai 10 eta 35 euro bitartean
Bilbo, Iruña, Donostia eta Gasteizko kontzertu guztietarako sarrerak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren webgune ofizialeko Kontzertuak & Sarrerak atalaren bidez eros ahal izango dira, baita aretoen webguneetan (euskalduna.eus, baluarte.com, kursaal.eus y principalantzokia.org) eta euren leihatila eta ohiko salguneetan ere.
Tarifa bereziak eta deskontuak
65 urtetik gorakoek, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonamendudunek eta langabetuek tarifa bereziak izango dituzte, leihatilan aplikagarriak izango direnak. Gainera, Azken Ordu Gazteari esker, 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10 eurotan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago dagokion aretoko leihatilan.
Irailaren 27an hasiko den Denboraldi zirraragarri bat
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019ko Abonu-Denboraldia irailaren 27an hasiko da Iruñean, eta ekainaren 13an bukatuko da Gasteizen. Orkestrak hamarna kontzertu eskainiko ditu Bilbo, Donostia (bi saio), Gasteiz eta Iruñeko bere egoitzetan eta, beraz, Abonu-Denboraldian 50 kontzertu egingo dira guztira.
Hurrengo Abonu-Denboraldian, luzea izango da berriz ere Robert Treviño zuzendari titularraren itzala. Programazioa zabaldu eta itxiko du, eta sei kontzertu-programa zuzenduko ditu. Egin duen diseinuan, Treviñok asmoa du soinu sinfoniko handia lantzen jarraitzeko, era koherente batez, zentzuz beterik eta epe luzeko ikuspegiaz. Ondorioz, adibidez, Mahler bereziki sarritan agertzen da hura Orkestran hasi zenetik. Entzuleek, Mahlerren errepertorioarekin beti abegitsu, oraingoan musikagile horren 9. sinfonia entzun ahal izango dute titularraren eskutik, baina baita hainbat egileren errepertorio sinfoniko handi bat ere: Elgar, Dvorak, Rakhmaninov. Bada, horien presentzia ondo justifikatuta dagoela egiaztatuko dugu ondoren.
18/19 Denboraldiari buruzko informazio zabala hemen aurkituko duzue.
Informazio gehiago
Sarreren salmenta2018/2019 Denboraldiari buruzko informazio guztia

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak amaitu berri du 2017/2018 Denboraldia arrakasta osoz, eta dagoeneko hurrengo Denboraldian du jarrita begirada.
Jada kontsulta dezakezu irailean hasiko den Abonu Denboraldi berriari buruzko informazio guztia: kontzertu guztien datak, programak, artista gonbidatuak eta abonamendu berriak. Sarrera solteak abuztuaren 1etik aurrera jarriko dira salgai.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019ko Abonu-Denboraldia irailaren 27an hasiko da Iruñean, eta ekainaren 13an bukatuko da Gasteizen. Orkestrak hamarna kontzertu eskainiko ditu Bilbo, Donostia (bi saio), Gasteiz eta Iruñeko bere egoitzetan eta, beraz, Abonu-Denboraldian 50 kontzertu egingo dira guztira.
Hurrengo Abonu-Denboraldian, luzea izango da berriz ere Robert Treviño zuzendari titularraren itzala. Programazioa zabaldu eta itxiko du, eta sei kontzertu-programa zuzenduko ditu. Egin duen diseinuan, Treviñok asmoa du soinu sinfoniko handia lantzen jarraitzeko, era koherente batez, zentzuz beterik eta epe luzeko ikuspegiaz.
Ondorioz, adibidez, Mahler bereziki sarritan agertzen da hura Orkestran hasi zenetik. Entzuleek, Mahlerren errepertorioarekin beti abegitsu, oraingoan musikagile horren 9. sinfonia entzun ahal izango dute titularraren eskutik, baina baita hainbat egileren errepertorio sinfoniko handi bat ere: Elgar, Dvorak, Rakhmaninov. Bada, horien presentzia ondo justifikatuta dagoela egiaztatuko dugu ondoren.
Izan ere, Treviñok “erresistentzia, gatazka, berradiskidetzea” kontzeptuei erreparatzea proposatu du denboraldi honetan (2017/2018), Xostakovitx eta Brittenen bitartez. Alabaina, 2018/2019 denboraldian, “aldaerak” kontzeptuari helduko dio: etengabeko bilakaeran diren aldaerak, betiereko aldaerak, zalantzazko aldaerak, arrakastarenak. Horretarako, hiru musikagileri jarri die arreta: Elgar, Rakhmaninov eta Dvorak. Hiru musikagile handi, elkarrekin lotura gutxikoak, baina bizipen eta emozio pertsonal komunak dituzte: ziurgabetasuna eta deserrotzea. Treviñok gonbita egiten die entzuleei bere artearen bidez sentimendu horiek bizitzera, pertsona guztiak senti baitaitezke identifikatuta horiekin. Emozio-, tinkotasun- eta gainditze-mezu bat helarazi nahi du.
DENBORALDI BERRIAREN IRUDIA
Irudia, oraingoan ere, hauslea, modernoa eta freskoa da. Ikusizko sinfonia original hau konposizio metaforiko modukoa da, eta ikuslearen arreta piztu nahi du, hura liluratu eta hark begiradarekin entzun dezan sustatu. Zentzu horretan, denboraldi berriko programak ilustratzen dituzten konposizio grafikoak bina elementu elkartuta sortzen dira, biak ere teknika edo baliabidez ezberdinen bidez irudikatuak: grabatua edo aintzinako ilustrazioa, batetik, eta argazkia, bestetik. Gaurkoa eta atzokoa, iraganean idatzitako musika eta orainaldian interpretatzen dena. Bi elementuak batuta, objektu berri bat sortzen da, izenburu bakoitza ilustratzen duen harmonia bisuala, ikuslearen interpretazio propiora irekitako esanahi bisuala.
GAINONTZEKO ZIKLOAK
Abonu Denboraldiaz gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere ohiko zikloekin ere jarraituko du 2018/2019an.
Batetik, Miramongo Matinéeak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera-zikloak, 27 urte beteko ditu aurten, eta kolore eta lurrin ugariz beteta etorriko da. Betiko moduan, presentzia nabarmena izango dute bertan Orkestrako musikariek osatutako taldeek, zeintzuek izen handiko egileen obra berrikusten jarraituko duten, baita lurralde berriak arakatzen ere. Horrez gain, gonbidatu bereziak ere izango ditu zikloak. Uda ostean emango da ezagutzera programazio osoa.
Bestetik, Musika Gela zikloaren barruan Familia Kontzertuak, Eskola Kontzertuak, Sentsibilizazio Tailerrak, Ikastetxeetako Tailerrak, Orkestraren egoitzara egindako bisitak eta askoz gehiago eskaintzen jarraituko du Orkestrak, oso gaztetatik musika-zaletasunean hezteko eta musika-hezkuntza arautua babesteko.
NAZIOARTEKO BIRA
Ekain hasieran ezagutzera eman zenez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2018/2019 Denboraldiko nobedade nagusietako bat da abenduan egingo duen nazioarteko bira Europako erdiguneko hiru hiritan, zeintzuek tradizio musikal handia eta publiko zorrotza duten: kontzertu horietako bi Austriako bina hiritan izango dira, Linz eta Bregenzen; eta bestea Alemanian, Municheko Herkulessaal ospetsu eta gutiziatuan. Hiru kontzertuak publikoaren babes eta aintzatespena duten abonu-zikloen baitan egingo dira.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak errepertorio sinfoniko-koraleko obra nagusietako batekin itxiko du 17/18 Denboraldia

Robert Treviñok zuzenduko du Verdiren Requiema konpositore italiarraren musikan adituak diren lau abeslari ospetsurekin eta Donostiako Orfeoiarekin, zeinak ezinhobeto menderatzen duen hainbeste arrakasta ekarri dizkion obra hau.
Robert Treviño zuzendari titularraren zuzendaritzapean eta Messa di Bellezza izenburuarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu-denboraldiaren azken programak 200 interprete (100 musikari eta 100 abeslari) ekarriko ditu oholtzara Verdiren Requiemerako.
Kontzertuak Donostiako Kursaal Auditoriumean hasiko dira ostegun eta ostiral honetan, ekainak 14 eta 15, eta ondoko datetan jarraituko du gainontzeko hirietan: astelehenean, ekainak 18, Gasteizko Principal Antzokian; asteartean, ekainak 19, Iruñako Baluarte Auditoriumean; eta asteazkenean, ekainak 20, Bilboko Euskalduna Jauregian. Guztiak 20:00etan izango dira.
Ordu eta erdiko iraupenarekin, programa osoa Giuseppe Verdiren Requiem-mezari eskainiko zaio. Obra aberkoi honen jatorria 1868an kokatzen da, Gioachino Rossini musikagile italiarraren heriotzaren harira. Verdik omenaldia egin nahi izan zion pertsonaia honi, une horretan ospetsuen ziren hamabi konpositore italiarrekin elkarlanean egindako obra baten bidez. Lana Rossini hil eta handik urtebetera estreinatu nahi zuen, baina bertan behera geratu zen Verdik parte hartzeagatik inork ez kobratzea nahi baitzuen eta, horren ondorioz, ez baitzuen interprete nahikorik lortu. Verdik proiektua aurrerago berreskuratu zuen, 1873an, Alessandro Manzoni hil zenean, Italiako abertzaletasunaren beste pertsonaia erreferente bat. Oraingoan bai, Verdik lortu zuen obra arrakastaz estreinatzea, baita Europan barrena bira bat egitea ere. Kontzertu askotan Verdi bera izan zen zuzendari.
Bere arrakastarik aipagarrienak opera zuzentzen lortu dituen Robert Treviñok Verdiren musikan aditu diren lau abeslari aukeratu ditu kontzerturako. Amanda Pabyan Estatu Batuetako soprano dramatiko onenetakoa dugu; koloraturarako gaitasun handia dauka. Bere debuta New Yorkeko Metropolitan aretoan Mozarten Txirula Magikoko Gaueko Erreginarekin egin zuen. Beethovenen Fidelioko Leonora edo Mozarten Konstanze, Donna Anna eta Kontesa paperak bere errepertorioko aipagarrienak dira. Birgit Nilsson sari ospetsua 2002. urtean irabazi ondoren, Susanne Resmark mezzosoprano suediarrak erregularki parte hartzen du Europako opera-areto ospetsuenetan. Metropolitan, Milango Teatro alla Scala aretoetan eta Salzburgoko Jaialdian abestu du ondoko paperak interpretatuz, besteak beste: Gertrude (Romeo eta Julieta), Mère Marie (Karmeldarren elkarrizketak) eta Mistress Quickly (Falstaff). Aquiles Machado venezuelarra bere belaunaldiko tenorerik ezagunenetakoa da eta Espainiako eszenatoki gehienetan abestu du Europako bere debuta Kanariar irletan 1996. urtean egin zuenetik. Artista onenekin lan egin du (Placido Domingo, Riccardo Chailly, Daniel Barenboim...), bere espezialitate nagusia diren Frantziako eta Italiako operetan gehienbat. Rafał Siwek, azkenik, Poloniako baxurik onena da egun. 2002. urtean Eugene Onegin operarekin debuta egin eta gero, Italiako antzoki gehienetan lan egin du: Arena di Verona, Maggio Musicale Fiorentino edo Triesteko Verdi Antzokia. Errusiako operan aditua, harreman estua dauka ere Moskuko Bolshoi antzokiarekin.
Kororako zatia funtsezkoa da Requiemean eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak duen aliatu fidelenetako bat den Donostiako Orfeoiak abestuko du. Abesbatzak harreman berezi eta luzea dauka Verdiren partitura honekin: hiru aldiz grabatu dute diskoan eta Claudio Abbadok Orfeoia aukeratu zuen Berlingo Filarmonikoarekin batera abes zezan, Verdiren mendeurrena ospatzeko 2001. urtean eginiko ospakizunen barruan. Gainera, fresko dauka Orfeoiak partitura, azken egunotan Toulousen abestu baitu bertako Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin.
Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).
Robert Treviñok Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren titulartasuna bost denboralditara luzatu du

Datozen egunotan, 2017/2018 Denboraldia itxiko duen azken kontzertu-programa (Verdiren Requiema) amaitu ostean, Robert Treviñok Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin hasiera batean sinatu zituen hiru denboraldietako lehenengoa itxitzat emango du.
Denbora honetan goranzko norabidean egin du aurrera Treviñok, eta Orkestraren buru lortu duen kalitatezko emaitza artistikoa ikusita, bere kontratua bi urte gehiagoz luzatuko da. Horrela, Orkestraren arduradun artistiko nagusi gisa bere presentzia bermatuta geratuko da bost denboraldiz, 2021/2022ra arte.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari gisa Robert Treviñok konpromiso argia erakutsi du herrialdearekin eta bertako kulturarekin. 2017/2018 Denboraldi honetan sei kontzertu-programa zuzendu ditu, 26 kontzertu guztira. Eta, horrez gain, hezkuntza-programan ere inplikazio nabarmena izan du, Musika Gela zikloko hainbat Eskola-kontzertutan parte hartu baitu, batetik, eta, bestetik, baita Musikene eta Orkestra-Ikasketen Masterrean ere, non dedikazio osoarekin ikasleen eskura egon den euren formakuntza osatzen eta sakontzen laguntzeko.
Euskal musikarekin izan duen interesa eta konpromisoa ere garbia izan da, eta horren adierazgarri, bera izan da Musikasten parte hartu duen Orkestraren lehen zuzendari titularra, eta euskal musikagileen obrekin soilik osatutako programa batekin egin du debuta, gainera.
Euskadin izan duen konpromiso eta presentziaz aparte, Robert Treviñok bere nazioarteko presentzia zabaldu eta sendotu du, eta London Symphony, London Philharmonic edo Zuricheko Tonhalle orkestrak zuzentzen goraipamen ugari bildu ditu azken aldian. Orain urrats bat haratago doa eta bira bat prestatzen ari da bere Orkestrarekin arestian aipatutako kontzertu-aretoetan aurkezteko: Municheko Herkulessaal, Linzeko Brucknerhaus eta Bregenzeko Festspielhaus.
Informazio gehiago
Robert Treviñoren webgune ofizialaEuskadiko Orkestra Sinfonikoak nazioarteko bira garrantzitsua egingo du Robert Treviñoren zuzendaritzapean

Austria eta Alemania izango dira Orkestraren hurrengo norakoak abenduaren 4tik 8ra.
Biraren zuzendari izango den Robert Treviñok Orkestraren titulartasun-kontratua luzatu berri du, eta bost denboraldiz bermatu da bere presentzia.
2018/2019 Denboraldiaren aurkezpen-egunean iragarri zen 2019ko martxoko Versailleseko irteerari nazioarteko erronka artistiko garrantzitsu bat gaineratuko zaio datozen hilabeteetan. Zehazki, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak nazioarteko bira bat egingo du abenduan Europako erdiguneko hiru hiritan, zeintzuek tradizio musikal handia eta publiko zorrotza duten: kontzertu horietako bi Austriako bina hiritan izango dira, Linz eta Bregenzen; eta bestea Alemanian, Municheko Herkulessaal ospetsu eta gutiziatuan. Hiru kontzertuak publikoaren babes eta aintzatespena duten abonu-zikloen baitan egingo dira.
Bira hau Robert Treviñok zuzenduko du. Estatubatuarra bukatzear da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin sinatuta zituen lehen hiru denboraldietako aurrenekoa, eta bi urte gehiagoz luzatuko du bere presentzia Orkestraren arduradun artistiko nagusi gisa. Horrela, bada, Robert Treviñok bost denboraldiko musika-aroa beteko du Orkestran, 2021/2022ra arte.
Treviño nazioarteko karrera intentsua ari da garatzen. Europan soilik, dagoeneko honako orkestra entzutetsuak zuzendu ditu, eta arrakasta osoz, gainera: Stuttgarteko Sinfonikoa, Leipzigeko Gewandhaus, Rotterdamekoa, Vienako Tonküstler, eta baita Municheko Filarmonikoa ere. Azken orkestra hori Herkulessaalen bertan zuzendu zuen, gogoangarria izan zen Mahlerren Bosgarren Sinfoniaren interpretazio ahaztezin batekin. Hain zuzen, Mahlerren interpretazio bikainengatik ezagun egiten hasi da Robert Treviño eta musikagile alemaniarraren bere azken bertsioek —London Symphony Orchestraren, London Philarmonic-aren eta Zuricheko Tonhalleren buru egin dituenak—publikoaren eta kritikaren laudorioak jaso dituzte. Oraingoan bere Orkestrarekin itzuli nahi du Municheko eszenatoki famatu honetara, non Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2003an jo zuen lehendabizikoz.
Mojca Erdmann soprano alemaniarra eta Vadim Gluzman biolinjole israeldarra izango dira kontzertu-bira honetako bakarlari gonbidatuak.
Programa eta kontzertuak
Euskadiko Orkestrak hiru programa ezberdin eramango ditu birara. Hiru kontzertuak euskal musikarekin irekiko ditu: Aita Donostiaren Meditazioa obrarekin Linzen eta Pablo Sorozabalen Zazpi Lieder (Hautaketa)-rekin Munichen eta Bregenzen. Hiru kontzertuek Mahlerren Laugarren Sinfonia, musikagile alemaniarraren obra ezagunenetakoa, eramango dute programaren bigarren zatian, Mojca Erdmann soprano alemaniarrarekin bakarlari-paperean. Baina hiri bakoitzak tonu ezberdina izango du kontzertuen lehen zatietan.
Linzen, Aita Donostiaren obraren ostean, Orkestrak eta Erdmannek Mozarten soprano-aria eta eliza-sonata sorta bat interpretatuko dute.
Bregenzen, berriz, Erdmannek Sorozabalen lana interpretatu ondoren, Prokofieven Biolinerako 2. Kontzertua joko du Vadim Gluzmanek bakarlari gisa.
Municheko Herkulessaal zorrotzerako, Sorozabalen obraz gain, Elgarren Enigma Bariazioak lana eramango da Orkestraren atriletara, Mahlerren Laugarren Sinfoniarekin kontraste nabarmena eginaz. Programa zaila izango da, baina Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren indarra erakusteko balioko du, Robert Treviñoren zuzendaritzapean.
Orkestra abenduaren 3an aterako da biran eta honako egunetan izango ditu kontzertuak: abenduaren 4an Linzen, 6an Munichen eta 8an Bregenzen.
Brucknerhaus (Linz), Herkulessaal (Múnich) eta Festspielhaus (Bregenz).
Orkestraren nazioarteko presentzia
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak betidanik hartu du aintzat bere misioetako bat: euskal kulturaren enbaxadore izatearena. Horregatik, bere 36 urtetako historian, nazioarteko eszenatoki garrantzitsu ugaritan egon da presente, modu askotara eta helburu ezberdinekin.
Jaialdi eta Denboraldi askotan egon da, adibidez, Biennale di Venezian edo Versailleseko Opera Royal Châteaun (sarri bertaratzen da Malandain Ballet Biarritzekin eta denboraldi honetan ere hala egingo du 2019ko martxoan “Marie Antoinette” estreinatzeko).
Orkestren elkartruke ugaritan ere parte hartu du, Düsseldorfeko Orkestrarekin, Milaneko Giuseppe Verdi Orkestrarekin edota Bordeleko ONBArekin, azken honekin sarritan.
Baina nazioartean presentzia izateko formatu ezagunena kontzertu-birak egitea izan da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat, eta horren adierazgarri, bere 18. nazioarteko bira izango da oraingo hau. 1984tik Orkestra Argentinan, Txilen, Brasilen, Ingalaterran eta Italian izan da, besteak beste. Baina, batez ere, Europako erdiguneko hirietako eszenatokietan eskaini du kontzertu gehien: Alemanian (Frankfurt, Stuttgart, Passau, Bayreuth, Augsburg, Hanburgo, Bremen, Düsseldorf eta Munich), Austrian (Viena, Salzburgo, Linz) eta Suitzan (Zurich, Luzerna, Gstaad). Oraingoan Munichen eta Linzen errepikatuko du eta estreinakoz arituko da Bregenzen.
Bestalde, Basque Country markaren eta Bavieraren eta Bregenz barne hartzen duen eskualde austriarraren arteko harremanaren beste adibide bat bezala, Bregenzerako bisitaren aurretik “Bilbao – Bregenz” erakusketa kolektiboa hartuko du Bregenz Kunsthausak. Azken hamar urteotan (2006-2016) Bregenzeko Kunsthausen eta BilbaoArteren artean 40 artistak egin dituzten obren oroitzapenezko erakusketa bat izango da.
Biraren programa
2018ko abenduak 4: Brucknerhaus, Linz (Austria)
AITA DONOSTIA: Meditazioa
W.A. MOZART: Soprano-aria eta eliza-sonaten hautaketa:
- Church sonata nº 14, k.278
- Ergo interest… Quaere superna, Recit and Aria in G major, K.143 (73a)
- Vesperae solennes de confessore, K.339. “Lauate Dominum” in F major
- Church sonata nº 16, in C major, K.329 (317a)
- Coronation Mass, K.317. “Agnus Dei” in F major
G. MAHLER: Laugarren Sinfonia
Robert Treviño, zuzendaria
Mojca Erdmann, sopranoa
2018ko abenduak 6: Herkulessaal, Munich (Alemania)
P. SOROZABAL: Zazpi Lieder (hautaketa)
E. ELGAR: Enigma Bariazioak, Op.36
G. MAHLER: Laugarren Sinfonia
Robert Treviño, zuzendaria
Mojca Erdmann, sopranoa
2018ko abenduak 8: Festspielhaus, Bregenz (Austria)
P. SOROZABAL: Zazpi Lieder (hautaketa)
S. PROKOFIEV: Biolin eta orkestrarako 2. kontzertua
G. MAHLER: Laugarren Sinfonia
Robert Treviño, zuzendaria
Mojca Erdmann, sopranoa
Vadim Gluzman, biolina
Hosokawa eta Saint-Saënsen produkzio diskografikoak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak nazioarteko merkatuan garrantzia handia duten bi produkzio diskografiko berri gaineratu ditu bere fonotekara: batetik, gaur egungo musikagile garrantzitsuenetako baten, Hosokawaren, argitaratu gabeko obrak jasotzen dituen grabazioa; eta, bestetik, Saint-Saënsen beste bat, Naxos disko-etxearen musikagile frantsesaren katalogoa osatzen duten orkestra-lan sorta bat barne hartzen duena. Bi diskoak zuzendari titular ohi Jun Märklen musika-zuzendaritzapean grabatu ditu mundu osoan zabalkundea duen sona handiko disko-etxeak.
Euskal musikaren ekoizpena landu eta babesteko konpromisoarekin batera —adibide nagusi gisa Claves disko-etxearen 15 bolumenez osatutako Euskal Konpositoreen Bilduma duena—, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere grabazio-politika osatu du berriki nazioarteko errepertorioarekin. Horren adibide nabarmena aurkeztu berri du Orkestrak, eta Naxos disko-etxearen grabazio eta banaketari esker nazioarteko merkatura iristea ahalbidetuko diote honako bi lan berri hauek:
TOSHIO HOSOKAWA eta argitaragabeko orkestra-lanen grabazioa
Grabazio honek (Orchestral Works 3) Orkestraren orain arteko alderdi garaikideena aurkezten du eta Naxos Recordsen diskografian grabazio nagusietako bat bihurtzen duten hainbat elementu elkartzen dira bertan. Alde batetik, bertan jasotako obrak lehendabizikoz grabatu dira mundu osoan eta, gainera, obrak estreinatu zirenean parte hartu zuten bakarlariak agertzen dira diskoan: Susanne Elmark eta Ilse Eerens (sopranoak), Mihoko Fujimura (mezzosopranoa) eta Tadashi Tajima (shakuhachi / flauta japoniarra). Bestalde, faktore-bilketa berezi bati esker izan da posible grabazio hau argitaratze: Jun Märklen sustrai japoniarrak, Toshio Hosokawarekin duen adiskidetasun-harremana eta Europako Kultur Hiriburutza programak babestu ohi dituen EU JAPAN FEST erakundearen laguntza eta, horrenbestez, Donostia 2016rena. Horrek guztiak ahalbidetu zuen Hosokawa, gaur egungo musikagile nagusietako bat, Orkestraren Miramongo Egoitzara bertaratzea grabazio honetarako. Egile japoniarrak emozio osoz hartu zuen proiektua, besteak beste, 2011ko Japoniako Tsunamiaren biktimen omenez egindako ‘Meditation’ lana barne hartzen duena. Datozen egunotan salgai egongo da diskoa merkatuan. Dagoeneko eros daiteke Estatu Batuetan eta Kanadan naxos.com-en bidez.
Ikus diskoaren fitxa eta entzun promozio-audioa hemen
Jarraian duzue Toshio Hosokawak Miramongo Egoitzan 2017an 'Orchestral Works 3' Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zueneko bideoa:
Ondoko irudi hauetan Toshio Hosokawa Miramongo Egoitzan ikus daiteke (egin klik irudietan handiago ikusi eta deskargatzeko):
SAINT-SAËNS eta musikagile frantsesaren bilduma osoa Naxos disko-etxean
Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako disko honen bidez Naxos disko-etxeak Camille Saint-Saëns musikagile frantsesaren orkestra-obra guztien bilduma osatu berri du. Konpositoreak bere sorkuntza-ibilbideko garai ezberdinetan idatzitako lau obra hartzen ditu barne aipatu diskoak. Bertan parte hartu du Guillermo Pastrana Granadako biolontxelojoleak, biolontxelo eta orkestrarako ‘Suite Op16bis’ piezan, zehazki. Errepertorio frantsesean aditua den Jun Märklek zuzendu du egikera bikaineko grabazio hau ere. Dagoeneko salgai dago merkatu diskografikoan.
Ikus diskoaren fitxa eta entzun promozio-audioa hemen





