Asteartea 05 Ekaina, 2018

Hosokawa eta Saint-Saënsen produkzio diskografikoak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bi disko berriak: Hosokawa eta Saint-Saëns
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren bi disko berriak: Hosokawa eta Saint-Saëns

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak nazioarteko merkatuan garrantzia handia duten bi produkzio diskografiko berri gaineratu ditu bere fonotekara: batetik, gaur egungo musikagile garrantzitsuenetako baten, Hosokawaren, argitaratu gabeko obrak jasotzen dituen grabazioa; eta, bestetik, Saint-Saënsen beste bat, Naxos disko-etxearen musikagile frantsesaren katalogoa osatzen duten orkestra-lan sorta bat barne hartzen duena. Bi diskoak zuzendari titular ohi Jun Märklen musika-zuzendaritzapean grabatu ditu mundu osoan zabalkundea duen sona handiko disko-etxeak.

Euskal musikaren ekoizpena landu eta babesteko konpromisoarekin batera —adibide nagusi gisa Claves disko-etxearen 15 bolumenez osatutako Euskal Konpositoreen Bilduma duena—, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere grabazio-politika osatu du berriki nazioarteko errepertorioarekin. Horren adibide nabarmena aurkeztu berri du Orkestrak, eta Naxos disko-etxearen grabazio eta banaketari esker nazioarteko merkatura iristea ahalbidetuko diote honako bi lan berri hauek:

 

TOSHIO HOSOKAWA eta argitaragabeko orkestra-lanen grabazioa​

 

Grabazio honek (Orchestral Works 3) Orkestraren orain arteko alderdi garaikideena aurkezten du eta Naxos Recordsen diskografian grabazio nagusietako bat bihurtzen duten hainbat elementu elkartzen dira bertan. Alde batetik, bertan jasotako obrak lehendabizikoz grabatu dira mundu osoan eta, gainera, obrak estreinatu zirenean parte hartu zuten bakarlariak agertzen dira diskoan: Susanne Elmark eta Ilse Eerens (sopranoak), Mihoko Fujimura (mezzosopranoa) eta Tadashi Tajima (shakuhachi / flauta japoniarra). Bestalde, faktore-bilketa berezi bati esker izan da posible grabazio hau argitaratze: Jun Märklen sustrai japoniarrak, Toshio Hosokawarekin duen adiskidetasun-harremana eta Europako Kultur Hiriburutza programak babestu ohi dituen EU JAPAN FEST erakundearen laguntza eta, horrenbestez, Donostia 2016rena. Horrek guztiak ahalbidetu zuen Hosokawa, gaur egungo musikagile nagusietako bat, Orkestraren Miramongo Egoitzara bertaratzea grabazio honetarako. Egile japoniarrak emozio osoz hartu zuen proiektua, besteak beste, 2011ko Japoniako Tsunamiaren biktimen omenez egindako ‘Meditation’ lana barne hartzen duena. Datozen egunotan salgai egongo da diskoa merkatuan. Dagoeneko eros daiteke Estatu Batuetan eta Kanadan naxos.com-en bidez.

Ikus diskoaren fitxa eta entzun promozio-audioa hemen

Jarraian duzue Toshio Hosokawak Miramongo Egoitzan 2017an 'Orchestral Works 3' Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zueneko bideoa:

 

Ondoko irudi hauetan Toshio Hosokawa Miramongo Egoitzan ikus daiteke (egin klik irudietan handiago ikusi eta deskargatzeko):

  

 

SAINT-SAËNS eta musikagile frantsesaren bilduma osoa Naxos disko-etxean

 

Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako disko honen bidez Naxos disko-etxeak Camille Saint-Saëns musikagile frantsesaren orkestra-obra guztien bilduma osatu berri du. Konpositoreak bere sorkuntza-ibilbideko garai ezberdinetan idatzitako lau obra hartzen ditu barne aipatu diskoak. Bertan parte hartu du Guillermo Pastrana Granadako biolontxelojoleak, biolontxelo eta orkestrarako ‘Suite Op16bis’ piezan, zehazki. Errepertorio frantsesean aditua den Jun Märklek zuzendu du egikera bikaineko grabazio hau ere. Dagoeneko salgai dago merkatu diskografikoan.

Ikus diskoaren fitxa eta entzun promozio-audioa hemen

Osteguna 31 Maiatza, 2018

Miramongo Matinéeek handiki esango diote agur Denboraldiari

16. matinéea: Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Ganbera-Orkestra
16. matinéea: Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Ganbera-Orkestra

2017/2018 denboraldiko azken Matinéean Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Ganbera-Orkestrak, hamazazpi kidek osatutakoak, ‘Estilo galantetik klasizismora’ izeneko kontzertua eskainiko du, Mozarten alderdi ezezagunean zentratuta.

Miramongo Matinéeak Denboraldiko azken hitzordura iritsiko dira larunbat honetan, ekainak 2, 11:00etan, Orkestraren Egoitzan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Ganbera-Orkestrak eskainitako kontzertu batekin. Orkestrako ordezkaritza zabal batek osatuko du aipatu ganbera-taldea.

Estilo galantetik klasizismora izeneko kontzertu hau aukera bikaina izango da jende gehienarentzat ezezaguna den Mozarten alderdi bat ezagutzeko, harparen, flautaren, hariaren eta haizearen arteko elkarrizketaren bidez. Musikagileari eskainitako omenaldi berezia izango da, gogora ekarriz bere garaian ezagunegiak ez ziren instrumentuen —harpa kasu— garapen eta konposizioan ezinbesteko mugarri izan ziren pieza batzuk, enkargu bidez egindakoak.

Gian Luca Tocchi musikagile eta zuzendari italiarrak harpa eta harientzat 1940an transkribatutako Mozarten hiru bals txikirekin hasiko da kontzertua. Tocchiren obra gehienak orain ari dira berreskuratzen, hainbat hamarkadatan galduta egon ostean.

Ohikoak ez diren instrumentuentzat egindako bost piezaz osatutako serie bateko azken-aurrekoa den Adagio eta Rondorekin jarraituko du kontzertuak. Mozartek kristalezko harmonika jotzen zuen interprete itsu batentzat, Marianne Kirchgessner-entzat, idatzi zuen obra. Oraingo honetan harpak ordezkatuko du instrumentu hori.

Matinéea Flauta, harpa eta orkestrarentzako kontzertuarekin amaituko da, Guîneseko Dukeak eta bere alaba nagusiak eskatutakoa, flautajolea eta harpajolea, hurrenez hurren. Mozartek eskatzaileen neurrira idatzi zuen kontzertu hau, nahiz eta hauek ez zioten inoiz egindako lanagatik ordaindu konposatzaileari. Nolanahi ere, obra hau urrats garrantzitsua izan zen harparen etorkizunerako, bai instrumentu bakarlari gisa, bai flautarekin duoan —ordura arte ez zen batere ohikoa konbinazio hau—. Kontzertuaren jatorrizko eskuizkribua oraindik existitzen da eta 1948tik Krakoviako Unibertsitate Jakobianoan dago gordeta.

Matinée honek amaiera emango dio momentu musikal handiak izan dituen Denboraldi honi, Orkestrako musikariekin baina baita bestelako proposamenekin ere, hala nola Leioa Kantika Korala, Judith Jaureguiren piano-errezitala, Ainara Ortega eta Iñaki Salvadorren jazza, etab.

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 29 Maiatza, 2018

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Robert Treviñok Nikolai Lugansky errusiar pianojole handia hartuko dute

Nikolai Lugansky
Nikolai Lugansky

Luganskyk Prokofieven Pianorako 2. kontzertua interpretatuko du Brett Deanen Testament eta Beethovenen 3. sinfonia “Heroikoa” ere barne hartuko dituen programa batean. Azken bi pieza horien ardatza Beethovenen gero eta handiagoa eta ekidinezina zen gorreriaren bizipen lazgarria izango da.

Robert Treviño zuzendari titularraren zuzendaritzapean eta Eztanda isila izenburuarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu-denboraldiko azken-aurreko programako kontzertuak ostegun eta ostiral honetan hasiko dira, maiatzak 31 eta ekainak 1, Donostiako Kursaal Auditoriumean, eta ohiko gainontzeko hirietan izango dira ondoren: astelehenean, ekainak 4, Gasteizko Principal Antzokian; asteartean, ekainak 5, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta asteazkenean, ekainak 6, Iruñako Baluarte Auditoriumean. Kontzertu guztiak 20:00etan izango dira.

Nikolai Lugansky izango da saioko gonbidatu nagusia, eta programako bigarren piezan hartuko du parte, Sergei Prokofieven Piano eta orkestrarako 2. kontzertuan. Aipatu obra errepertorio osoko piano-pieza zailenetako bat bezala ezagutzen da, baita egitura nahiko ezohikoa duelako ere. 1913an estreinatu zen udako kontzertu-ziklo baten barruan, eta testuinguru kontserbadore hartan, publikoak txistuka hartu zuen lana, “Pikutara zabor futurista hori!” bezalako oihu artean. Luganskyk aski ongi ezagutzen du Prokofiev eta bere obra, izan ere, ikasketak Moskuko Musika Eskola Nagusian eta Kontserbatorioan egin baitzituen Sergei Dorensky eta Tatiana Nikolayevaren gidaritzapean, eta azken hau Prokofieven aditu nagusietako bat da Errusian. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin 2005ean estreinatu zen Luganskyk oso gazte hasi zuen bere ibilbidea: bost urterekin Beethovenen sonata bat jotzen ikasi zuen partiturak irakurtzen jakin gabe. Gainera, 22 urterekin, 1994an, Txaikovski Lehiaketa entzutetsuan Zilarrezko Domina lortu zuen.

Programaren gainerakoa bi obrak ardaztuko dute: Brett Deanen Testament eta Beethovenen 3. sinfonia “Heroikoa”. Bi lanok istorio bera dute lotune: Beethovenek bere anaiei bidalitako gutun lazgarria, Heiligenstadt Testamentua izenez ere ezagutzen dena. Bertan, musikagile alemaniarrak gero eta handiagoa eta ekidinezina zen bere gorreriaren bizipena kontatzen du. Musikagile australiar Brett Deanek, eskutitz honekin erabat liluratuta, 2002an Testament obra idatzi zuen hamabi biolarako, eta Beethovenek bere belarri gaixoekin “entzuten” zuen musika islatu nahi izan zuen, instrumentuen soinua andeatzen duten tekniken bidez.

Paradoxikoki, hainbesteko sufrimendua erakusten zuen gutun hura idatzi zuen garai berean Beethovenek bere sormen handieneko faseetako bat bizi izan zuen, eta orduan idatzi zuen hain zuzen gaurko programa itxiko duen obra, 3. sinfonia “Heroikoa”. Napoleonentzako bi eskaintza daramatza lan honek: askatzailearen figurarekiko miresmena, batetik, eta Enperadore bihurtu zeneko desengainua, bestetik. Sinfonia bat izateko bereziki luzea den (47 minutu) obra hau aurrerapauso nabarmena izan zen bere generoko teknikan.

Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).

Osteguna 24 Maiatza, 2018

Robert Treviñok formazioa eskainiko du Musikeneko Orkestra Ikasketa Masterrean

Robert Treviño
Robert Treviño

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra Musikeneren hezkuntza-proiektuan parte da, gazteen hezkuntzan duen konpromisoaren erakusgarri. Datorren ikasturtean izena emateko epea ekainaren 3ra arte dago irekita.

Hezkuntzaren bikaintasunak eta orkestra-musikari izateko benetako prestakuntzak, besteak beste, egiten dute erakargarri Orkestra Ikasketa Masterra, Musikenek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak elkarlan estuan antolatzen dutena.

Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia hezkuntza-erreferente bilakatu dute bertako irakasleek eta, horrez gain, aipagarria da Europako orkestra nagusietan lehenengo atrilak diren bakarlari gonbidatu handien presentzia. Hori guztia ikasketa-plan sendo baten baitan.

60 ECTSko formazio akademiko ofizialari orkestra errepertorioan espezializatzea gehitzen zaio: Euskadiko Orkestraren kontzertuetan praktikak, bere titular Robert Treviño maisu iparramerikarrarekin lan-saioak, Gordan Nikolic edo Boris Garlitsky musikariekin hari-orkestra proiektua, edo benetako proben simulakroak. Horri guztiari esker Masterra ezinbesteko urratsa bihurtu da hari-musikari gazteek orkestra-musikari bihurtzeko egin beharreko ibilbidean.

Masterrari buruzko informazio guztia (datak, epeak, prezioa, etab.) hemen

 

Osteguna 24 Maiatza, 2018

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Musikaste itxiko du

Musikaste 2018
Musikaste 2018

Errenteriako jaialdiaren amaiera-kontzertua larunbatean izango da, maiatzak 26, 20:30ean Fatimako Parrokian, eta Andra Mari Abesbatzaren parte-hartzea izango du.

Aurten 46. edizioa izango du Musikastek, urtero Errenterian Eresbilek antolatzen duen musika-jaialdiak, zeinak euskal egile eta interpreteekin konpromiso osoa duen. Ospakizunek, mendeurrenek eta gutxi esploratutako generoek beteko dituzte edukiz musika-hitzordu honen bederatzi egunak (maiatzak 19-27).

Aurtengoan Musikastek Mª Luisa Ozaitari omenaldia egingo dio, pasa den urtean zendu baitzen. Figura hau omentzearen bidez emakume musikagileen sorkuntza-lana azpimarratu nahi da Musikasteren egitarauaren baitan. Horrela, bada, kontzertu guztiek hartuko dute barne gutxienez emakume batek egindako obra bana, eta bi programa emakumeek soilik sortutako lanez osatuko dira.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak euskal musikaren ekoizpenaren hedapenean ekarpena egiten jarraitu nahi du, eta euskal interpreteei bultzada emateko plataforma izaten ere jarraitu nahi du, hortaz, aurtengo edizioan ere parte hartuko du jaialdi honetan. Hogeita laugarren parte-hartzea izango du Orkestrak Musikasten.

Larunbat honetan, maiatzak 26, 20:30ean Fatimako Parrokian izango den amaiera-kontzertuan, Orkestra izango da Andra Mari Abesbatzarekin batera musikaz betetako aste honi bukaera bikaina emateaz arduratuko dena. Kontzertu hau, gainera, Robert Treviño zuzendari titularraren lehen parte-hartzea izango da Musikasten, eta berak eramango ditu atriletara Mª Eugenia Luc, Maria Luisa Ozaita, Rodrigo de Santiago, Ramón Usandizaga, Beltrán Pagola eta Manuel Sagasti.

Osteguna 24 Maiatza, 2018

Miramongo Matinéeek Europatik Estatu Batuetarako bidaia proposatuko dute larunbat honetan

Miramongo Matinéeak 2017/18: Hemiola Laukotea
Miramongo Matinéeak 2017/18: Hemiola Laukotea

Hemiola Laukoteak Haydnen eta Dvoraken hari-laukote bana eskainiko digu Hegaldi transatlantikoa izeneko kontzertuan.

Miramongo Matinéeak larunbat honetan itzuliko dira, maiatzak 26, 11:00etan, denboraldiko azken-aurreko hitzorduan, Hemiola Laukotearen Hegaldi transatlantikoa izeneko kontzertuarekin. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren honako musikariek osatzen dute laukotea: Larraitz Oiartzabal (biolina), Ricardo Ruiz (biolina), Pawel Krymer (biola) eta Gabriel Mesado (biolontxeloa).

Kontzertua Joseph Haydnek 1790ean Vienan idatzi zuen 5. hari-laukotearekin, “Hegatxabala” izenez ere ezagutzen denarekin, hasiko da. Laukotearen hasieran agertzen den lehen biolinaren sarrerako melodiak ematen dio izena obrari, hegatxabalaren txioa imitatzen baitu. Garai hartako Jean Tost biolinjole hungariarrari eskaini zion obra Haydnek. Laukote biribila da bere mugimendu guztietan eta klasikoa da egiturari dagokionez: sonata-formako lehen mugimendu batekin hasten da, Lied formako bigarren mugimenduarekin jarraitzen du, hirugarren mugimendua Menuettoa da eta laugarren eta azkena mugimendu bizkor iraunkorra da.

Kontzertuko bigarren eta azken obra Antonin Dvoraken 12. hari-laukotea izango da. Txekiar jatorriko musikagilea Europan bizi izan zen harik eta 1892an Estatu Batuetara joan zen arte New Yorkeko Musika Kontserbatorioaren zuzendari izateko. Hari-laukote hau 1893an konposatu zuen Dvorakek Spillvillen (Iowa, Estatu Batuak), eta denbora errekorrean egin zuen gainera: hamasei egunetan baino ez. “Amerikarra” izena ere jaso izan du obrak, herrialde iparramerikarrean egindako egonaldian Dvorakek ezagutu zuen musikari egindako hainbat keinu jasotzen baitira bertan. Haydnen laukoteak bezala, Dvoraken laukote melodiko honek lau mugimendu ditu eta egitura tradizional klasikoa du.

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

 

EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOKO GANBERA-ORKESTRAK ITXIKO DU MATINÉEEN ZIKLOA

Astebete geroago, ekainaren 2an, larunbata, 2017/18 Denboraldiko Matinéeak amaierara iritsiko dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Ganbera-Orkestrak eskainiko duen kontzertu batekin. Hemezortzi musikari igoko dira eszenatokira Mozarten hainbat pieza eskaintzera Estilo galantetik klasizismora izeneko kontzertu honetan.

Astelehena 21 Maiatza, 2018

Txalo eta “bravo” zaparrada Madrilen

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Madrilgo Auditorio Nazionalean
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Madrilgo Auditorio Nazionalean

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertu zirraragarria eskaini zuen ostiralean, maiatzak 18, Madrilgo Auditorio Nazionalean, Unibertsitate Autonomoaren Egile eta Interprete Handien 45. Zikloari amaiera emateko. 

Lehenik Joaquin Achucarro izan genuen, Beethovenen Pianorako 4. kontzertuarekin. Beste behin nabarmen gelditu zen bere beteranotasun eta interpretazio handia, baita ikusleek dioten estimua ere. Ezin izan zuen eszenatokitik alde egin Brahmsen Intermezzo bat oparitu gabe.

Achucarrok lekukoa Orkestrari pasa zion ondoren, zeinak, bakarrik jadanik, Txaikovskiren 4. Sinfonian bere onena eskaini zuen. Zuzendari titularra izandako Gilbert Vargaren zuzendaritzapean, Orkestra trinko eta sutsu aritu zen uneoro.

Beste txalo eta “bravo” zaparrada batek, Guridiren Hamar Euskal Melodien “Amorosa” xamurrari bide eman zion. Emozioen gaua izan zen, elkarretaratzeena, berrelkarketena eta ospakizun partekatuena, baita ere Robert Treviñorekin, RTVEren Orkestra lehen aldiz zuzentzetik zetorrena.

Zure interesekoa izan daitekeelakoan...

Asteazkena 16 Maiatza, 2018

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Madrilgo Auditorio Nazionalera itzuliko da

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Madrilgo Auditorio Nazionalean 2010ean
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Madrilgo Auditorio Nazionalean 2010ean

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Joaquin Achucarrok eta Gilbert Vargak bat egingo dute Madrilgo Unibertsitate Autonomoak antolatutako Egile eta Interprete Handien Zikloaren 45. edizioaren itxiera-kontzertuan, ostiralean, maiatzak 18.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa hautatu dute Madrilgo Unibertsitate Autonomoak antolatutako Egile eta Interprete Handien Ziklo ezagunaren edizio berriari itxiera emateko. Kontzertua ostiralean izango da, maiatzak 18, 19:30ean Madrilgo Auditorio Nazionalean eta bertan parte hartuko dute Joaquin Achucarrok bakarlari gisa eta euskal orkestraren zuzendari titular izandako Gilbert Vargak zuzendari gisa. Hain justu, gainera, kontzertuaren bezperan, Unibertsitateak Achucarro Honoris Causa Doktore izendatuko du.

 

Joaquin Achucarro

1983ko apirilean Joaquin Achucarrok eta artean sortu berria zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak lehendabizikoz eszenatokia partekatu zutenetik askotan gurutzatu izan dira pianojolearen eta Orkestraren bideak: Guggenheim Museoaren inaugurazioan, Txile eta Argentinan barrena egindako biran, Raveli eskainitako monografikoaren grabazioan eta Abonu-denboraldian antolatutako kontzertu asko eta askotan. Guztira, berrogeita hamar interpretazio baino gehiago egin ditu Achucarrok Orkestrarekin eta, horri esker, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kontzertu gehien eman dituen bakarlaria da.

 

Gilbert Varga

Euskadiko Orkestrak Joaquin Achucarrorekin duen harremana oso estua da, baina baita Gilbert Vargarena ere, hamar urtez jarraian izan baitzen (1998-2008) euskal orkestraren zuzendari titular. Orkestrak, Joaquin Achucarrok eta Gilbert Vargak elkarrekin gogora ekarriko dituzte garai horietako une musikal gogoangarrienak, adibidez, Buenos Airesko Colon antzoki entzutetsuan Orkestra estreinakoz aritu zenekoa. Beste adibide bat: BBVA Fundazioarekin eta Claves diskoetxearen erregistroarekin elkarlanean grabatu zituzten Ravelen pianorako kontzertuak, ondoren nazioarteko kritikaren aintzatespena jaso dutenak.

 

Programari dagokionez

Brahms, Beethoven eta Txaikovskiren obrek osatuko dute programa. Kontzertua Obertura académica op. 80 obrarekin hasiko da, Brahmsek 1880an idatzia; L. Beethovenen Piano eta orkestrarako 4. kontzertuarekin jarraituko du, Bosgarren sinfonia famatuaren esentzia darion sotiltasunez betetako partitura; eta Txaikovskiren 1877ko Laugarren sinfoniarekin amaituko da, kolore instrumentalez betetako eztanda batean.

 

Robert Treviñok RTVEren Orkestra zuzenduko du

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Madrilen izango den une berean, bere zuzendari titular Robert Treviñok RTVEren Orkestra zuzenduko du aste honetan. RTVEren Orkestraren Abonu-denboraldiaren parte den kontzertu hau honako piezek osatuko dute: Richard Straussen Heriotza eta itxuraldaketa poema sinfonikoa eta Azken lau abestiak, eta Alexander Scriabinen Estasiaren poema. Kontzertua Radio Clásicak emango du zuzenean eta aurrerago Los conciertos de La 2 programan ere emango dute. Aipagarria da, gainera, kontzertuan Amanda Pabyan sopranoa arituko dela bakarlari lanetan eta, hain zuzen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2017/18ko Abonu-denboraldiaren azken programan ere izango dela Pabyan. Azken programa hori, Messa di bellezza izenekoa, ekainaren 14tik 20ra izango da eta Giuseppe Verdiren Messa da Requiemaren interpretazioa izango du oinarri.

Osteguna 10 Maiatza, 2018

Enrike Solinís & Euskal Barrokensemble larunbateko Miramongo Matinéean

Enrike Solinís
Enrike Solinís

Antzinako musika taldeak Hego-koloreak: Danzas barrocas para guitarra izeneko kontzertua eskainiko du eta bertan joko dituen dozena bat baino gehiago piezatan gitarra izango da protagonista, bereziki bere errepertorio barroko espainiar eta italiarra.

Miramongo Matinéeak larunbat honetan itzuliko dira, maiatzak 12, 11:00etan, denboraldiko hamalaugarren hitzorduan, Enrike Solinís & Euskal Barrokensembleren Hego-koloreak: Danzas barrocas para guitarra izeneko kontzertuarekin. Aipatu taldea honako kideek osatzen dute: Enrike Solinís (gitarra barrokoa, bihuela, lavta eta zuzendaritza artistikoa), Miren Zeberio (biolin barrokoa), Gabriel León (kontrabaxua) eta Dani Garay (perkusioa). Kontzertu honek hasiera batean So British? izenburupean Quinteto Graziosok antolatu zuena ordezkatuko du.

Emanaldi honetan, orain arte argitaratu dituen hiru lanetako lehenengoaren hainbat pieza interpretatuko ditu Enrike Solinís & Euskal Barrokensemblek: Colores del sur: Baroque Dances for Guitar (2013), gitarrak protagonismo berezia duen diskoa. XVII. mendetik musika herrikoian nortasun oso handia izan duen instrumentua da gitarra, eta gaurko kontzertu honetan ere rol nagusia jokatuko du, bereziki bere errepertorio barroko espainiar eta italiarrak.

Bere belaunaldiko birtuoso nagusi eta pertsonalenetako bat bezala ezaguna, Enrike Solinís Euskal Barrokensemble antzinako musika taldearen fundatzailea da. Taldeak musikaren sustraietan barrena ikerketa sakona egiten du eta proiektu guztiz berritzaileak aurkezten ditu. Proiektu horietan espazio garrantzitsua dute inprobisazioak eta oso garai ezberdinetako musikaren birsorkuntzak. Musikari aurre egiteko modu honi esker, Euskal Barrokensemblek sona handiko nazioarteko antzoki eta jaialdietan parte hartu ahal izan du: Vienako Kontzerthaus, Potsdameko Jaialdia, Madrilgo Auditorio Nacional, Hanburgoko Jaialdia, Habanako Jaialdia, Montreal, Praga, Stockholm, Polonia, etab.

Nazioartean zabalkunde nabarmena izateaz gain, taldeak bere ibilbidean kritika paregabea jaso du. Adibide gisa, Kubako Leo Brouwer musikagile, gitarrajole, eta orkestra-zuzendari ezagunaren hitzak ekar ditzakegu gogora: “Enrike Solinís maisu gaztea Jordi Savall handiari laguntzen entzun nuen lehendabizikoz; beste aldi batean, urte batzuk geroago, eta ordurako bere talde propioa zuela, berriz txunditu ninduen”.

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

 

HURRENGO MATINÉEAK

Larunbateko kontzertuaren ostean, Miramongo Matinéeek beste bi saio izango dituzte 2017/2018 Denboraldiari agur esan aurretik: maiatzaren 26an Quarteto Hemiolaren Hegaldi transatlantikoa kontzertua izango da (hasiera batean Dionysus Ensemblek Beethoven · Schubert izenburupean antolatutakoaren ordez) eta ekainaren 2an zikloa amaierara iritsiko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Ganbera-Orkestraren Estilo galantetik klasizismora kontzertuarekin.

Informazio gehiago

Esku-programa (.pdf)
Asteazkena 09 Maiatza, 2018

Beethoven: Pastorala

Beethoven: Pastorala Kursaal Auditoriumean
Beethoven: Pastorala Kursaal Auditoriumean

Musika Gelaren 2017/2018 denboraldia aste honetan amaituko da Kursaal Auditoriumean maiatzaren 9 eta 10ean egingo diren Eskola-kontzertuekin eta maiatzaren 11n Gasteizko Principal Antzokian eskainiko den Musika familian saioarekin.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak aste honetan emango du itxitzat Musika Gela zikloaren 2017/2018 denboraldia Beethoven: Pastorala programarekin. Guztira lau Eskola-kontzertu eskainiko ditu eta Musika familian saio bat ere bai.

Seigarrena, Pastorala, Landa-bizitzaren oroitzapenak, horiek dira Beethovenek emozioz, indarrez eta edertasunez deskribatzen dituen gure Lurra planetako biztanle askoren subkontzientean gordeta dauden musika sinfonikoko 40 minutu horiek jasotako hiru izenburuak. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak emango duen kontzertua hainbat ataletan banatuko da eta horietan obrako zenbait doinu eta esaldi nabarmenduko da. Ondoren, lanaren mugimendu bakoitza osorik joko dute.

Alde batetik, gaur eta bihar, maiatzak 9 eta 10, Kursaal Auditoriumak lau Eskola-kontzertu hartuko ditu, bina egun bakoitzeko. Goizeko saio hauetara guztira 10 eta 12 urteko 3.500 ikasle bertaratuko dira Gipuzkoa osoko ikastetxetatik: Legazpi, Berastegi, Lazkao, Urretxu, Eskoriatza, Deba, Zarautz, Zestoa, Mutriku eta Donostia. Kontzertu hauetan laguntzaile dira Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Donostiako Udalaren Hezkuntza Departamentua eta Kursaal Eszena.

Bestetik, ostiralean, maiatzak 11, 19:00etan, Gasteizko Principal Antzokian programa bereko Musika familian saio bat eskainiko du Orkestrak. Sarrerak salgai daude 6 eurotan antzokiaren webgunean (principalantzokia.org), antzokiko leihatilan, 945161045 telefono-zenbakira dei eginda edo Kutxabanken kutxazainen bidez.

Modu honetan amaituko da Musika Gela zikloa aurten, zeina lehendabizikoz Abonu-denboraldiari lotuta antolatu den. Zikloak barne hartu dituen obrak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren programazio nagusian ardatz izan diren musikagileenak izan dira: Beethoven eta bere Pastorala sinfonia hilezkorraz gain, aurtengoan ikasleek eta familiek Brittenez eta bere haurtzaroari eskainitako konposizioez gozatu ahal izan dute, baita Xostakovitxen alderdi bromazaleenaz ere. Guztira hiru ekoizpen propio estreinatu ditu Orkestrak: Soinuekin jolasean, Pierrot eta azken hau, Beethoven: Pastorala.

Informazio gehiago

Esku-programa

Zure interesekoa izan daitekeelakoan...

Orriak