Hofmann, Bruch eta Prokofieven obrak larunbat honetako Miramongo Matinéean

Miramon Ensemble taldeak, Euskadiko Orkestrako hari eta haize-sekzioetako zazpi musikariz eta Julia Siciliano pianistaz osatzen denak, Denboraldiko zazpigarren Matinéea eskainiko du larunbat honetan, urtarrilak 16, 11:00etan, Miramonen.
Miramongo Matinéeek berriz ekingo diote 20/21 Denboraldiari zazpigarren hitzorduarekin, kasu honetan Miramon Ensemble taldeak eskainiko duena, ‘XX. mendera iragatea’ izenburupean, larunbat honetan, urtarrilak 16, 11:00etan, Miramongo egoitzan. Taldeko zortzi musikarietako zazpi Euskadiko Orkestrako kideak dira: Laura Balboa (biolina), Virgile Demillac (biolina), Monika Mazur (biola), Gabriel Mesado (biolontxeloa), Mehmet Sönmez (kontrabaxua), Hélène Billard-Alirol (flauta) eta Luis Cámara (klarinetea). Julia Siciliano pianojoleak osatuko du taldea.
Matinée hau Heinrich Hofmannen Flauta eta harirako serenatarekin hasiko da. New York Philharmonic Club izeneko musikari-talde batek enkargatu zuen obra hau 1885an, Eugene Weiner flautajoleak eta formakuntza alemaniardun hari-boskote batek osatutako taldeak, alegia. Serenatak tempo ugari ditu eta folklore hungariarreko estiloa erakusten du amaiera aldera.
Matinéeko bigarren obra Max Bruchen Kol Nidrei izango da. Kutsu judaikoko pieza bat da, eta bere lanen artean hainbesteko sona lortu du non, batzuetan, Bruch konpositore judutzat jo izan den, egia izan gabe. Material melodiko etniko exotikoa erabiltzeko interes nabarmena zuen Bruchek eta argi nabari da exotismorako joera hori Kol Nidrei lanean. Alemaniarrak 1881ean konposatu zuen biolontxelo eta orkestrarako obra hau, baina Matinée honetan eskainiko den bertsioa kontrabaxu eta pianorako da.
Kontzertu hau Sergei Prokofieven Motibo hebrearren gaineko oberturarekin amaituko da. Sobietar musikagileak 1919an Estatu Batuetara egin zuen bidaia batean idatzitako obra hau oso ohikoa ez den klarinete, piano eta hari-laukote instrumentaziorako konposatua dago. 1919 urtearen hasieran, Prokofievek Sobietar Batasunetik emigratu zuen Zimro talde juduaren enkargua jaso zuen. Talde honek konpositoreari juduen abesti herrikoien liburuxka bat eman zion eta Prokofiev horretan oinarritu zen 1920an New Yorken estreinatu zen lan hau osatzeko, Prokofiev bera pianoan zela. Obra 1924an orkestratua izan zen, baina bertsio hura ez da hain sarri interpretatzen.
Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Informazio gehiago
Kontzertuaren fitxaEuskadiko Orkestrak eta Robert Treviñok berriz ekingo diote Denboraldiari Mozart eta Sibeliusekin

Iruñeko Baluarte Auditoriumeko kontzertuak berreskuratu dira eta, hortaz, hamabi hitzordu eskainiko ditu Euskadiko Orkestrak guztira ohiko lau hiriburuetan. Programa aldatu behar izan du orkestrak Behzod Abduraimov pianojoleak bere parte-hartzea bertan behera utzi ostean.
Ostiraletik, urtarrilak 15, hurrengo ostiralera arte, urtarrilak 22, Euskadiko Orkestrak kontzertu-programa berria eskainiko du, berritasun gisa dakarrena Iruñeko Baluarte Auditoriumeko jarduera berreskuratzea, urriaren 1ean bertan Denboraldia inauguratu zuenetik ezin izan baitu orkestrak bertaratu hara, Covid-19arekin lotutako murrizketen ondorioz. Guztira hamabi saio eskainiko ditu, beharrezkoak izango direnak abonatu guztiei sarbidea emateko egungo murrizketak direla-eta: sei Donostiako Kursaal Auditoriumean, urtarrilaren 15, 18 eta 21ean (17:30ean eta 19:30ean); bi Bilboko Euskalduna Jauregian, hilaren 16an (17:00 eta 19:30); bi Iruñeko Baluarte Auditoriumean, hilaren 19an (18:00 eta 20:15); eta beste bi Gasteizko Principal Antzokian, 22an (17:30 eta 19:30). Kontzertu-programa honek sarrerak izango ditu salgai, eta libre dauden saioen aurreko egunetan joango dira eskuragai jartzen. Informazio eguneratua orkestraren webgunean emango da.
Bi programa
Kontzertu-programa honetako bakarlari gonbidatu Behzod Abduraimov pianistak bere parte-hartzea bertan behera utzi du eta, ondorioz, Euskadiko Orkestrak saio bakoitzeko programen lehen zatia aldatu egin behar izan du. Programa bakoitza Mozarten eta Sibeliusen sinfonia banaz osatuko da. Kontraste-ariketa bat izango da, biek tradizio sinfoniko baten hasiera eta amaiera irudikatzen baitute, Mozartek XVIII. mendearen bigarren erdialdean eta Sibeliusek XX. mendearen lehen hamarkadetan.
Programa bakoitzaren lehen zatian Wolfgang Amadeus Mozarten heldutasuneko sinfonia bana interpretatuko da: 36. eta 41. sinfoniak. Batetik, 36. Sinfonia 'Linz' ezizenez ezagutzen da Mozartek bost egunetan idatzi zuelako Austriako hiri horretan. Bestetik, Mozarten sinfonia ezagunenetako bat eskainiko da, 41. Sinfonia, 'Jupiter' deitua, bere 40 sinfonietako gailurtzat jotzen dena.
Kontzertuen bigarren zatian, Jean Sibeliusen bi sinfonia entzun ahal izango dira, Robert Treviñok aukeratu dituenak Denboraldiaren gai nagusiarekin jarraitzeko asmoz, Erromantizismoarekin, alegia. Sibelius sinfonia-sortzaile handietan azkenetakoa da, eta gutxi interpretatzen diren bi sinfoniekin erakutsiko du orkestrak: 3. Sinfonia, argi-sinfonia bezala hartua, eta 4. Sinfonia, iluntasun-sinfonia bezala. Doinu ahaztezinez eta indar handiko erritmoz betetako bi lan dira, Sibeliusen musika osoan ohikoa den bezala.
Euskadiko Orkestraren webgunean (euskadikoorkestra.eus) eskainiko da informazio eguneratua saio, ordutegi eta sarreren salmentari buruz, besteak beste.
Bi programak:
1. PROGRAMA: Egun bakoitzeko lehen saioa:
W.A. Mozart: 41. Sinfonia, 'Jupiter' [27']
J. Sibelius: 3. Sinfonia [32']
2. PROGRAMA: Egun bakoitzeko bigarren saioa:
W.A. Mozart: 36. Sinfonia, 'Linz' [26']
J. Sibelius: 4. Sinfonia [36']
Egutegia hiriz hiri:
- Urtarrilak 15, ostirala (17:30): Donostia. 1. PROGRAMA
- Urtarrilak 15, ostirala (19:30): Donostia. 2. PROGRAMA
- Urtarrilak 16, larunbata (17:00): Bilbo. 1. PROGRAMA
- Urtarrilak 16, larunbata (19:30): Bilbo. 2. PROGRAMA
- Urtarrilak 18, astelehena (17:30): Donostia. 1. PROGRAMA
- Urtarrilak 18, astelehena (19:30): Donostia. 2. PROGRAMA
- Urtarrilak 19, asteartea (18:00): Iruña. 1. PROGRAMA
- Urtarrilak 19, asteartea (20:15): Iruña. 2. PROGRAMA
- Urtarrilak 21, osteguna (17:30): Donostia. 1. PROGRAMA
- Urtarrilak 21, osteguna (19:30): Donostia. 2. PROGRAMA
- Urtarrilak 22, ostirala (17:30): Gasteiz. 1. PROGRAMA
- Urtarrilak 22, ostirala (19:30): Gasteiz. 2. PROGRAMA
Sarrerak salgai 10€tik aurrera
Sarrerak salgai jarriko dira euskadikoorkestra.eus-en eta aretoen webgune eta leihatiletan.
Euskadiko Orkestra telebista iparramerikarraren eszenatokira igo da

Covid-19aren lehen olatuaren ondoriozko itxialdiaren ostean telebistan eman zuten 'Euskadiko Orkestra Martxan! 'denboraldi txikia osatu zuten zortzi kontzertuak Stage Access plataforma digital estatubatuarrean daude ikusgai, mundu osoko interprete eta orkestra handien edukiarekin batera.
Euskadiko Orkestra Stage Access arte streaming zerbitzu berrian dago presente. Harpidetza bidezko plataforma digitale honek kontzertuak, opera, dantza eta antzerkia eskaintzen ditu. Albiste honekin batera doan irudian ikus daitekeenez, Euskadiko Orkestrak Katia Buniatishvili, Lang Lang, Berlingo Filarmonikoa edo Vienako Filarmonikoa bezalako interprete eta orkestra garrantzitsuekin partekatzen du espazioa aipatu plataforman.
Euskadiko Orkestrak eta EiTBk elkarrekin ‘Euskadiko Orkestra Martxan!’ izenburupean aurtengo maiatz eta uztaila bitartean eskaini zituen emisioak jarri ditu Stage Access plataformak eskuragai bere harpidedunentzat. Covid-19 pandemiaren lehen olatuaren eta horren ondoriozko itxialdiaren ostean lehendabizikoz eszenatokira itzuli zen orkestra aipatu ekimen horri esker. Euskadiko Orkestra Estatuko lehen orkestra eta Europako lehenengoetakoa izan zen martxan jartzen eta eszenatoki gainean berriz biltzen, eta horrek Stage Accessen interesa piztu zuen. Une hartan, tamaina txikiko orkestrarekin (gehienez 50 musikarirekin) ateak itxita 8 kontzertuko denboraldi txiki bat eskaini zuen, lehendabizi ETB2n eta ondoren orkestraren YouTubeko kanalean, zeinean 10.000 bistaratze baino gehiago pilatu dituen.
Orain, Mozart, Mendelssohn eta Brahmsen lanak biltzen dituen mini-denboraldi hau, Robert Treviñok zuzendu zuena, Stage Accessen ere eskuragarri dago (oraingoz, Ipar Amerikan eta Erresuma Batuan bizi direnentzat baino ez da eskuragarri). Aliantza horri esker, Euskadiko Orkestrak Ipar Amerikako merkatuan ezagutzera eman ahal izango du bere burua.
Euskadiko Orkestrak kontzertua eskainiko du ostiral honetan Getxon

Getxora egingo duen hogeita hamargarrengo bisitan, Euskadiko Orkestrak, Andoni Martinez Barañano tenorrarekin batera, Algorta auzoari eskainitako abesti bat estreinatuko du, Fernando Velazquezek konposatua eta Unai Elorriaga idazlearen hitzekin. Txaikovski eta Johann eta Josef Straussen obra ezagunek eta gabonetako ohiko beste kantu batzuek osatuko dute Juan Jose Oconek zuzendutako kontzertu honen egitaraua.
Ostiral honetan, abenduak 18, Euskadiko Orkestrak kontzertua eskainiko du Getxoko Muxikebarri zentroan. Eskainiko duen programan nabarmendu behar da Bere txikian izeneko pieza, bi getxotar ospetsuk Algortako auzoari dedikatutako kanta, hain zuzen ere: Fernando Velázquez zuzendari eta musikagileak eta Unai Elorriaga idazleak. Bertako artisten parte hartzea borobiltzeko, Andoni Martinez Barañano tenorrak abestuko du hori eta beste pieza batzuetan ere arituko da. Saioa 19:00etan hasiko da eta sarrerak dagoeneko salgai daude Kultur Etxearen ohiko saltokietan.
Oraingoan Juan José Ocón donostiarrak zuzenduko du orkestra. Bere txikian kantaz gain, Fernando Velázquez berak eginiko hiru Gabon-kanta ezagunen moldaketak estreinatuko ditu Euskadiko Orkestrak: Birjina maite (anonimoa) eta Noche de paz (Franz Xaver Gruber).
Kontzerturako programak Johan eta Josef Strauss anaien lan ospetsuenetariko batzuk ere hartuko ditu, esaterako Tritsch-Trasch polka, Unter Donner und Blitz eta Persischer Marsch. Halaber, P. I. Txaikovskiren harizko instrumentuen orkestrarako Do maiorreko Serenata (op. 48) ere interpretatuko dute.
Informazio gehiago
Kontzertuaren fitxa eta sarreren salmentaTangoa protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean

Euskadiko Orkestrako musikariek osatutako Kuadrilla Lagunak boskoteak Piazzolla eta Gallianoren tangoak interpretatuko ditu Denboraldiko seigarren Matinéean, larunbat honetan, abenduak 19, 11:00etan, Miramonen.
Miramongo Matinéeak 20/21 Denboraldiko seigarrengo hitzordura iritsi dira, kasu honetan Kuadrilla Lagunak boskoteak eskainiko duena, ‘Tango Sensations’ izenburupean, larunbat honetan, abenduak 19, 11:00etan, Miramongo egoitzan. Euskadiko Orkestrako musikariek osatzen dute boskote hau: Anne-Marie Harmat (biolina), Virgile Demillac (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola), Pascale Michaud (biolontxeloa) eta Anthony Lafargue (perkusioa).
Programa hau Astor Piazzolla konpositore eta bandoneonistaren unibertsora bidaia moduko bat izango da. Etorkin italiarren semea, 1921ean jaio zen Mar del Platan (Argentina) Astor Piazzolla, eta Buenos Airesko tango-orkestretan bandoneonista gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala, 17 urte zituela. Buenos Airesen, Anibal Trollo bandoneonista ospetsuaren orkestrako kide zela, moldaketak egiten eta tangoak konposatzen hasi zen. Txikitatik benetako konpositorea izatearekin amesten zuen eta, horretarako, Alberto Ginasteraren eskutik konposizio-klaseak jaso zituen eta sarri Colon Antzokiko Orkestra Sinfonikoaren entseguetara joaten zen. 1954an Fabien-Sevitzky konposizio-lehiaketan lehen saria eman zioten eta Parisen ikasteko beka bat ere lortu zuen Nadia Boulanger pedagogo musikal handiarekin. Pedagogoaren laguntzarekin, zeinak herri-musika inspirazio-iturri bezala erabiltzeko konbentzitu zion, Piazzolla bere konposizioetan estilo propio bat erakusten ahalegindu zen, eta tangoa iraultzea lortu zuen, dantzatik emantzipatutako musika-estilo bereizgarri eta benetako kontzertu-errepertorioan bihurtuz.
Matinée honen programa osatzen duten Piazzollaren lanak garai ezberdinetakoak dira: Tango Ballet, Octeto Buenos Aires taldearen garaikoa, 1957 ingurukoa; eta Five Tango Sensations, bere bizitzaren amaieran konposatutako lana, New Yorkeko Kronos Quartet taldearekin 1989an sortua eta grabatua. Jatorrian bandoneon eta hari-laukotearentzat idatzia, kontzertu honetan entzungo den bertsioan bibrafonorako moldaketa egin du Anthony Lafarguek berak (bandoneona ordezkatuz).
Saioa amaitzeko, Kuadrilla Lagunak taldeak Richard Galliano akordeoilari frantziarraren lana interpretatuko du, Claude Nougaro abeslariarentzat konposatua: Tango pour Claude. Kasu honetan ere bibrafonorako moldaketa Lafarguek egin du.
Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Informazio gehiago
Kontzertuaren fitxaEuskadiko Orkestrak 20/21 Denboraldiko kontzertuetako obrak YouTubera igoko ditu gaurtik aurrera

Euskadiko Orkestrak gaur ekin dio 20/21 Denboraldian interpretatzen ari den obrak bere YouTubeko kanalean argitaratzeari, Schuberten '2. Sinfoniarekin’. ETBk grabatutako kontzertuak dira eta ETB2n ere ematen ari dira.
Duela aste batzuk iragarri genuenez, jendearengana modu presentzialean iristeko zailtasunari aurre egiteko formula gisa, Euskadiko Orkestrak bat egin du EiTBrekin Denboraldi honetako Bilboko Euskalduna Jauregiko kontzertuak grabatu eta zabaltzeko. Azaroaren 28tik aurrera, ETB2 kontzertu horiek ematen ari da, beti larunbatetan eta 11:00etan, eta 2021eko uztailera arte jarraituko du, sekuentzia osatu arte.
Emanaldien ondoren, Euskadiko Orkestrak kontzertu horietan interpretatutako lanak publikoaren eskura jarriko ditu bere YouTubeko kanalean, eta gaur hasi da hori egiten, Franz Schuberten '2. Sinfonia' argitaratuta. Orkestrak datozen asteetan argitaratuko dituen musikagile ospetsu horren lau sinfonietatik lehena da.
Euskadiko Orkestrak YouTubeko bideo berrien karga pixkanaka iragarriko du Facebook, Twitter eta Instagram bidez.
Martxoko itxialdiaren hasieratik orkestra apustu nabarmena ari da egiten arlo digitalean kalitatezko ikus-entzunezko edukiak sortu eta zabaltzeko eta dagoeneko 7.000 harpidedun ditu YouTubeko kanalean.
Informazio gehiago
Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanalaMefisto Laukoteak eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Euskadiko Orkestrako musikariek osatzen duten taldeak Bartok eta Beethovenen kuarteto bana eskainiko du larunbat honetan, abenduak 5, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean.
Miramongo Matinéeek aurrera jarraitzen dute 20/21 Denboraldiko bosgarren hitzorduarekin, kasu honetan Mefisto Laukoteak eskainiko duena, ‘Laukote sutsua’ izenburupean, larunbat honetan, abenduak 5, 11:00etan, Miramongo egoitzan. Euskadiko Orkestrako musikariek osatzen dute laukote hau: Laura Balboa (biolina), Virgile Demillac (biolina), Yann Seyrac (biola) eta Jon Larraz (biolontxeloa).
Mefisto laukoteak bi maisulan aurkeztuko ditu Matinée honetan, garai eta estiloari dagokionez oso desberdinak direnak, baina komun dutena muturreko sentimendu biziak erakustea.
1915 eta 1917 artean idatzia eta 1918an estreinatua, Bela Bartoken 2. Kuartetoa Bizarrurdinen gaztelua operaren eta Mandarin miragarria balletaren garaikidea da. Konpositore hungariarrak lehenengo kuartetoa baino zortzi urte geroago aurkeztu zuen bigarren hau, eta bere estiloaren bilakaera argia antzematen da bertan. Badirudi Lehen Mundu Gerrak inpotentzia-sentimendua piztu ziola artista bakezale honi garai hartan nagusi zen indarkeriaren aurrean. Kuarteto honek hiru mugimendu ditu. Horietako bi, obraren irekiera- eta itxiera-mugimenduak, motelak dira: lehenak zalantzazko girora garamatza galderazko fraseatzeen bidez, eta hirugarrenak harritu egiten gaitu bere harmonia deprimitzaile eta desmoralizatzaileekin. Aldiz, bigarren mugimendua oso azkarra da, batzuetan gupidagabea, ia histerikoa bere amaieran.
Ludwig Van Beethovenek, bere aldetik, bere 18. opusa osatzen duten sei hari-kuartetoak 1798 eta 1800 artean idatzi zituen, 30 urte bete baino lehen, eta guztiek, itxuraz, estilo klasikoa erakusten dute. Matinée honetan interpretatuko den 6. Kuartetoko lehen mugimendua tonu komikoko tema batekin hasten da, bigarren tema dotoreago batean bihurtzen da eta tonu kezkagarriagoarekin amaitzen da. Bigarren mugimendua arduragabe hasten da, baina partiturak aurrera egin ahala desagertzen doa tonu hori. Eta ustekabeko azentu korapilatsuekin datorren hirugarren mugimenduaren (scherzoaren) ondoren, beharbada opus 18 kuarteto-bilduma osoaren orririk liluragarriena izango dena dator: 'Malinconia' izeneko azken mugimenduaren sarrera gisa balio duen pasarte geldoa.
Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Pablo Ferrandez biolontxelojoleak Xostakovitxen kontzertu zailei egingo die aurre Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programan

Robert Treviñok zuzenduko duen programa berri honek ordutegi berriak ditu, baita kontzertu-egun bat gehiago ere Donostian, eta sarrerak izango ditu salgai saio batzuetan. Iruñeko Baluarten programatuta zeuden bi saioak bertan behera geratu dira edukiera-mugen ondorioz.
Denboraldi honetako hirugarren kontzertu-programa ostiral honetan hasiko da, abenduak 4, eta datorren larunbatera arte iraungo du, hilak 12. Guztira, hamar saio izango dira: sei Donostiako Kursaalen, 4an, 10ean eta 12an (17:30 eta 19:30); bi Bilboko Euskaldunan, 9an (17:00 eta 19:30); eta beste bi Gasteizko Principalen, 11n (17:30 eta 19:30). Iruñeko Baluarten programatuta zeuden bi saioak bertan behera geratu direla ere iragartzen du orkestrak, Nafarroako Gobernuak emandako 100 pertsonako gehienezko edukierako murrizketa indarrean mantentzen baita oraindik, eta hiri iruindarreko 1.200 abonatuei sarrera ematea ezinezkoa delako egoera horretan. Programa honek sarrerak izango ditu salgai saio batzuetan eta euskadikoorkestra.eus webgunean, kontzertu-aretoen webguneetan eta txarteldegietan erosi ahal izango dira datozen egunotan.
10 saioak bi programatan banatuko dira: lehen zatia Xostakovitxi eta haren biolontxelorako bi kontzertuei eskainiko zaie, Pablo Ferrandezekin solista moduan, eta bigarrena, berriz, Schumannen 2. eta 4. sinfoniei.
Xostakovitxen biolontxelorako kontzertuak
Euskadiko Orkestrak hirugarren aldiz hartuko du Pablo Ferrandez. Oraingoan, Ferrandez-Treviño tandemak Dmitri Xostakovitx konpositore errusiarrak Mstislav Rostropovitxentzat idatzitako biolontxelorako bi kontzertuak jorratuko ditu. Instrumentu honen errepertorioko kontzertu fisiko eta zailenetako bat da 1. Kontzertua, eta gaur egun gehien interpretatzen den biolontxelorako kontzertuetako bat ere bai. Umore handiko kontzertua da, baina baita dimentsio tragiko handikoa ere, eta lazgarria. 2. Kontzertua zertxobait geroagokoa da, baina nahiko desberdina eta apur bat barnerakoiagoa. Xostakovitxek Rostropovitxen interpretatzeko moduaren "intentsitatea, adimenaren egonezina eta espiritualtasun handia" arakatu nahi izan zituen. Oso obra zailak dira, eta kategoria tekniko handiko bakarlari bat behar dute, energia eta adierazkortasun ikaragarrikoa. Treviñok erronka horri aurre egiteko Espainiako biolontxelojole handi Pablo Ferrandez ekarri nahi izan du.
Pablo Ferrandez
Biolontxelojole madrildar gaztea nazioarteko ibilbide meteoriko batean dago murgilduta eta Euskadiko Orkestraren Denboraldira itzuliko da, Donostiaren 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren baitako ICMA Awards sarien galan debuta egin eta 2019ko maiatzean errepikatu ostean. Hiru urterekin hasi zen biolontxeloan eta hamahiru urterekin Reina Sofia Goi Musika Eskolan sartu zen. Ferrandezek parte hartu duen lehiaketen artean Txaikovski Nazioarteko Lehiaketa dago, munduko ospetsuenetako bat, 2015ean irabazi zuena eta bere karrerari nazioarteko bultzada eman ziona. 29 urterekin Sony Classicalekin grabazio-kontratua sinatu berri du, eta 2021aren hasieran lehen emaitzak argitaratuko dituzte. Aparteko aipamena merezi du bere Stradivarius "Lord Aylesford" biolontxeloak, duela 5 urte Nippon Music Foundationek laga zionak. Stradivarius biolontxelo hau museoetan edo bilduma pribatuetan ez dagoen eta kontzertuetan erabiltzen jarraitzen den bakarrenetakoa da.
Schumannen sinfoniak
Kontzertuen bigarren zatia Schumannen bi sinfonietan zentratuko da: 4. Sinfonia ikaragarria, nahiko bisionarioa dena, garai hartan (1841) oraindik nahiko berritzailea zen egitura formal ziklikoa proposatzen duelako, eta 2. Sinfonia ikusgarria, biziki bitalista, Schumannek osasun mentaleko arazo larriak izan zitueneko garai batean idatzi zuen arren.
Kontzertuak: datak, ordutegiak, programak
1. Programa:
D. Xostakovitx
Biolontxelorako 2. kontzertua
R. Schumann
4. Sinfonia
- Abenduak 4, 17:30: Donostia (Kursaal Auditoriuma).
- Abenduak 7, 17:30: Iruña (Baluarte Auditoriuma). BERTAN BEHERA
- Abenduak 9, 17:00: Bilbo (Euskalduna Jauregia).
- Abenduak 10, 17:30: Donostia (Kursaal Auditoriuma).
- Abenduak 11, 17:30: Gasteiz (Principal Antzokia).
- Abenduak 12, 17:30: Donostia (Kursaal Auditoriuma).
2. Programa:
D. Xostakovitx
Biolontxelorako 1. kontzertua
R. Schumann
2. Sinfonia
- Abenduak 4, 19:30: Donostia (Kursaal Auditoriuma).
- Abenduak 7, 19:30: Iruña (Baluarte Auditoriuma). BERTAN BEHERA
- Abenduak 9, 19:30: Bilbo (Euskalduna Jauregia).
- Abenduak 10, 19:30: Donostia (Kursaal Auditoriuma).
- Abenduak 11, 19:30: Gasteiz (Principal Antzokia).
- Abenduak 12, 19:30: Donostia (Kursaal Auditoriuma).
Musikeneko 30 bat ikaslek hartuko dute parte Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programan

Musikeneko Orkestra Ikasketen Masterreko hogeita hamar bat ikasle Euskadiko Orkestraren egoitzan bildu dira aste honetan Iker Sanchezen gidaritzapean prestakuntza-entseguak egiteko.
Datorren astetik aurrera Euskadiko Orkestrako musikariek euren hurrengo kontzertu-programari, 'Enigmatikoa' izenekoari, ekiteko egingo dituzten entseguekin bat egingo dute ikasleek. Programa hori abenduaren 4tik 12ra izango da.
Urri hasieran iragarri genuen Euskadiko Orkestrak eta Musikenek orkestra bakarra osatu zutela lehen aldiz ezohiko kontzertu bat eskaintzeko, bi erakundeek izenpetzen duten Aula Jordá Gela lankidetza-hitzarmenaren baitako jarduera gisa. Orain jakinarazten dugu, hitzarmen horren esparruan berriro ere, Orkestra Ikasketen Masterreko hogeita hamar bat ikaslek parte hartuko dutela Euskadiko Orkestrak abenduaren 4tik 12ra eskainiko duen 'Enigmatikoa' kontzertu-programan, Abonu Denboraldiaren barruan.
Ikasle horiek aste honetan bildu dira Iker Sanchezen gidaritzapean entseguak egiteko. 'Enigmatikoa 'programa konplexu eta zorrotza da, Dmitri Xostakovitxen biolontxelorako bi kontzertuek eta Robert Schumannen 2. eta 4. sinfoniek osatua. Horregatik, beharrezkotzat jo da ikasleek entsegu-aldi bat egitea datorren astean orkestra profesionalarekin elkartu eta kontzertuen aurreko entsegu ofizialak egin aurretik.
Musikeneko Orkestra Ikasketen Masterreko aurtengo ikasturteko ikasleak dira, baina baita iazko ikasturteko beste batzuk ere; pandemiak eragindako atzerapenen ondorioz formazioa burutzeko beharrezkoak diren orkestra-praktikak egiteke dituzten ikasleak, hain zuzen.
   Aula Jordá Gelaren baitan lankidetza emankorra
 2012 urtean Elkarlanerako Lehentasunezko Hitzarmen Instituzionala martxan jarri zenetik, kezka eta helburu komun asko dituzten bi erakunde aliatu bilakatu dira Euskadiko Orkestra eta Musikene. Garrantzitsuena, horien artean, musika hezkuntza-mailan eta arlo profesionalean bultzatzea da. Abiapuntu horretatik, asko dira gauzatu bi erakundeek gauzatu dituzten ekimenak eta beren emaitzak oso positiboak izan dira. Nabarmentzekoak dira Orkestra Ikasketa Masterra eta Euskadiko Orkestraren bakarlari gonbidatuen ikasgai magistralak.
Euskadiko Orkestrak larunbat honetatik aurrera 20/21 Denboraldiko kontzertuak eskainiko ditu ETBn eta bere YouTubeko kanalean

ETB2k larunbatetan eta 11:00etan emango ditu beti kontzertuok, azaroaren 28an hasita, eta 2021eko uztailera arte.
Telebistako emisioak egin ahala, Euskadiko Orkestrak publikoaren eskura jarriko ditu kontzertuotan interpretatutako obrak bere YouTubeko kanalean.
Modu presentzialean publikoarengana iristeko gaur egun dagoen zailtasunari aurre egiteko formula gisa, Euskadiko Orkestra berriz aliatu da EiTBrekin, oraingo honetan Denboraldiko kontzertuen grabazio eta zabalkunderako. Larunbat honetan hasita, azaroak 28, 11:00etan, eta 2021eko uztailera arteko beste larunbat batzuetan, ETB2k banan-banan emango ditu Euskadiko Orkestrak Denboraldi honetan Bilboko Euskalduna Jauregian eskainiko dituen kontzertu guztiak.
Euskadiko Orkestrak eta EiTBk elkarrekin ‘Euskadiko Orkestra Martxan!’ izenburupean aurtengo maiatz eta uztaila bitartean eskaini zituen emisioei gehitzen zaie saio-sorta berri hau. Covid-19 pandemiaren lehen olatuaren eta horren ondoriozko itxialdiaren ostean lehendabizikoz eszenatokira itzuli zen Euskadiko Orkestra aipatu ekimen horri esker (Estatuko lehen orkestra eta Europako lehenengoetakoa izan zen martxan jartzen eta eszenatoki gainean berriz biltzen). Une hartan, tamaina txikiko orkestrarekin (gehienez 50 musikarirekin) ateak itxita 8 kontzertuko denboraldi txiki bat eskaini zuen, lehendabizi ETB2n eta ondoren orkestraren YouTubeko kanalean, zeinean 10.000 bistaratze baino gehiago pilatu dituen.
Orain Denboraldiko kontzertuak dira ETB2n eta YouTuben emateko grabatzen ari direnak. Indarrean dauden murrizketen ondorioz publiko gutxiagoren aurrean ari da eskaintzen orkestra kontzertuok auditorio gehienetan.
ETB2ko emisioen egutegia
13 kontzertu ematea aurreikusten da, guztiak Bilboko Euskalduna Jauregian grabatuak. ETB2k beti larunbatetan eta 11:00etan eskainiko ditu kontzertuok, azaroaren 28an hasita, eta 2021eko uztailera arte, salbuespen bakarrarekin: Gabon Kontzertua, ostiralez emango dena, abenduaren 25ean.
ETB2ko emisioaren data | Kontzertu-programa | Noiz/non grabatua | Artistak |
Azaroak 28 (11:00) | Schubert (1) | Irailak 30, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria) |
Abenduak 12 (11:00) | Schubert (2) | Irailak 30, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria) |
Abenduak 25 (11:00), Gabon Kontzertua | Enigmatikoa (1) | Abenduak 9, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria), Pablo Ferrández (biolontxeloa) |
Urtarrilak 9 (11:00) | Enigmatikoa (2) | Abenduak 9, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria), Pablo Ferrández (biolontxeloa) |
Urtarrilak 23 (11:00) | Wagner | Azaroak 4, Euskalduna Jauregia | Michel Tabachnik (zuzendaria), Rinat Shaham (mezzosopranoa) |
Otsailak 6 (11:00) | Aire nordikoa (1) | Urtarrilak 16, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria) |
Otsailak 20 (11:00) | Aire nordikoa (2) | Urtarrilak 16, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria) |
Martxoak 6 (11:00) | Bizirik | Otsailak 3, Euskalduna Jauregia | Ruth Reinhardt (zuzendaria) |
Apirilak 3 (11:00) | Bidaiak | Martxoak 17, Euskalduna Jauregia | Gemma New (zuzendaria), Vadim Gluzman (biolina) |
Maiatzak 1 (11:00) | Bruckner | Apirilak 10, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria) |
Maiatzak 29 (11:00) | Gazteak | Maiatzak 5, Euskalduna Jauregia | Hans Graf (zuzendaria), Birgit Kolar (biolina) |
| |||
Uztailak 3 (11:00) | New York | Ekainak 16, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria), Nikolai Lugansky (pianoa) |
Datek, bereziki denboran urrutien daudenek, aldaketak jasan ditzakete. Gerturatu ahala konfirmatuko dira euskadikoorkestra.eus webgunean eta Euskadiko Orkestraren sare sozialetan.
Obrak eskuragai YouTuben
Telebista-saioak gauzatu ahala, Euskadiko Orkestrak kontzertuak YouTubeko bere kanalera igoko ditu, obraz obra.
Martxoko itxialdiaren hasieratik orkestra apustu nabarmena ari da egiten arlo digitalean kalitatezko ikus-entzunezko edukiak sortu eta zabaltzeko eta dagoeneko 7.000 harpidedun inguru ditu YouTubeko kanalean. Denboraldi honetan beste urrats bat emango du kontzertuen gehiengoa plataformara igoz.
