Asteartea 31 Martxoa, 2020

Kontzertuak bertan behera eta itzulketa

Abonatu agurgarriak:

Berriro ere zuekin harremanetan jartzen gara apirilerako iragarrita genuen jarduera guztia bertan behera utzi dugula iragartzeko. Gobernu-erakundeen esanak jarraitzen dihardugu, eta erantzukizunez jokatzen. Ondorioz, aurretik iragarri genituenez gain, ondoko kontzertu hauek ere bertan behera uztea erabaki dugu:

 

“Urrezko araua” egitaraua

  • Apirilak 24, Gasteizko Principal Antzokia
  • Apirilak 27 eta 30, Donostiako Kursaal Auditoriuma
  • Apirilak 28, Iruñeko Baluarte Auditoriuma
  • Apirilak 29, Bilboko Euskalduna Jauregia

“Cuivres en Pays Basque” Matinéea

  • Apirilak 25, Miramon Auditoriuma

 

Ezeztapen dezente dira dagoeneko, eta ez dakigu gehiago izango ote diren. Horregatik, hainbat aukera aztertu ostean, honako hau erabaki dugu: datorren Denboraldiaren abonamenduaren prezioan galdutako kontzertuen diru-kopurua deskontatzea. Adibidez, azkenean hiru badira bertan behera utzitako kontzertuak, 20/21 Denboraldiko abonamenduaren prezio osoari hiru kontzerturen zenbatekoa deskontatuko zaio.

Eta, beharrezkoa den bitartean, konfinamendu honetan jarraituko dugu. Har ezazue musika lagun onena bezala eta bat egin ezazue gure orkestrarekin webgunearen eta sare sozialen bidez, bertan txertatzen baititugu gure espiritua baretzeko eta arima elikatzeko interes handiko edukiak.

Berriro ere, datuak emateko eskatzen dizuegu, hurrengo abisuen berri eman diezazuegun. Emaiguzue zuen telefono mugikorraren zenbakia aldizkako abisuetarako eta helbide elektroniko bat gure komunikazioak bidaltzeko. Datu horiek mazpiroz@euskadikoorkestra.eus helbidera bidal ditzakezue.

Informazioa ematen jarraituko dugu. Zaindu. Eta espero dugu zuekin laster partekatu ahal izatea gehien gustatzen zaiguna: Musika ona.

Begirunez.

Asteazkena 25 Martxoa, 2020

#EuskadikoOrkestraEtxean

#EuskadikoOrkestraEtxean

Euskadiko Orkestrak bat egiten du etxean geratzeko deiarekin, gure herrialdea astintzen duen osasun-larrialdiak irauten duen bitartean, eta konfinamendu-aldi honetarako bere harri-koskorra ekarri nahi du, multimedia edukien bidez.

Erakunde publikoek eskatutakoaren ondorioz, eta gizarte-erantzukizuneko printzipio batengatik, osasun-larrialdiko egoera honetan Euskadiko Orkestrak bat egin du etxean geratzeko deiarekin, eta Denboraldi amaiera bitarteko kontzertu guztiak bertan behera utzi behar izan ditu.

Aurrean ditugun konfinamendu-aste zail hauetarako, Euskadiko Orkestrak multimedia-eduki sorta bat jarri nahi du erabiltzaileen eta jarraitzaileen eskura. Eduki horiek unean-unean osatzen eta aberasten joango gara:

 

 

Bideo onenen hautaketa bat

 

-19/20 Denboraldiaren inaugurazio-kontzertua: ‘Zain’.

 

-18/19 Denboraldiaren inaugurazio-kontzertua: 'Bariazioak haizean'.

 

-Euskadiko Orkestra + Izaro:

 

-Euskadiko Orkestra + Zea Mays:

 

-Euskadiko Orkestra + Doctor Deseo:

 

-Musika Gela:

 

Entzun Orkestraren kontzertuak

 

Gure webguneko 'Kontzertuak' atalean Euskadiko Orkestraren zuzeneko grabazio ugari entzun ditzakezu. Kalitate handiko obra osoak entzun ahal izango dituzu.

 

 

Eskainiko ez diren kontzertuen esku-programak

 

 

 

Eta askoz gehiago

Murgildu zaitez Orkestraren diskografian, ikusi gure argazki-galeriak eta jarrai ezazu gure aktualitatea sare sozialetan (Facebook / Twitter / Instagram / Youtube).

Astelehena 23 Martxoa, 2020

Orkestraren jakinarazpena

Abonatu agurgarriak:

Zuek zarete gure ondasunik garrantzitsuena eta desio dugun bakarra ongi, indartsu, osasuntsu egon zaitezten da, guztion laguntzarekin koronabirusak eragindako mundu-krisi hau gainditu ahal izateko.

Gure kontzertuak apirilaren 4ra arte bertan behera utzi behar izan ditugunaren jakinaren gainean zaudete eta dagoeneko badakigu luze joko duela honek. Orain abonuei buruzko informazioa helarazi nahi dizuegu, baita bi kontzertu nahiz bi Matinée galtzeak dakarren eragin ekonomikoari buruzkoa ere. Zuetako batzuri adierazi dizuegunez, egoera zalantzagarria dugu aurrean eta ez dakigu gure Denboraldian izan dezakeen eragina zenbaterainokoa izango den. Kontzertu hauen guztien indargabetzeak ezin zaizkio Orkestrari egotzi, mundu-mailan ezarritako premiazko neurriak baitira eta guk men egin behar baitiegu jarraibide horiei. Egoera hainbat ikuspuntutatik aztertzen ari gara, baina goiz da gure Denboraldia zertan geldituko den jakiteko. Egoera gainditzen joaten garen heinean, eta erabakiak hartzeko moduan gaudenean, jakinaren gainean izango zaituztegu. Eta ea laster iristen garen egoera horretara, berriro ere gure kontzertuez eta gure musikaz gozatu ahal izango dugunaren seinale izango baita.

Orain, inoiz baino gehiago, zurekin harremanetan jartzeko datuak ematea eskatzen dizugu. Emaiguzu telefono mugikorraren zenbakia aldizkako abisuak bidaltzeko eta helbide elektroniko bat gure jakinarazpenak bertara helarazteko. Datu hauek mazpiroz@euskadikoorkestra.eus helbidera bidal ditzakezu.

Zaindu, daukazuen denbora hau baliatu musika entzuteko eta Orkestra jarraitzeko web orriaren eta sare sozialen bidez. Laster berriro zuekin harremanetan jartzea espero dugu. Eta jaso ezazue Euskadiko Orkestra osatzen dugun guztion besarkadarik estuena.

Begirunez,

 

Euskadiko Orkestra

Astelehena 16 Martxoa, 2020

Euskadiko Orkestraren apirila amaiera bitarteko kontzertu guztiak bertan behera geratuko dira

Euskadiko Orkestraren apirila amaiera bitarteko kontzertu guztiak bertan behera geratuko dira

Erakunde publikoek eskatutakoa dela-eta, eta erantzukizun sozialeko printzipio batengatik, Euskadiko Orkestrak apirila amaiera bitarteko kontzertu guztiak bertan behera utzi ditu.

Erakunde publikoek eskatutakoa dela-eta, eta erantzukizun sozialeko printzipio batengatik, Euskadiko Orkestrak apirila amaiera bitarteko kontzertu guztiak bertan behera utzi ditu:

  • Martxoak 16, Iruñeko Baluarte Auditoriuma, 'Fantastique'.
  • Martxoak 17 eta 20, Donostiako Kursaal Auditoriuma, 'Fantastique'.
  • Martxoak 18, Gasteizko Principal Antzokia, 'Fantastique'.
  • Martxoak 21, Bilboko Euskalduna Jauregia, 'Fantastique'.
  • Martxoak 21, Miramongo Auditoriuma. 11. Matinéea, Belharra.
  • Martxoak 28, Bilboko Euskalduna Jauregia, 'Sheherazade'.
  • Martxoak 30 eta apirilak 1, Donostiako Kursaal Auditoriuma, 'Sheherazade'.
  • Martxoak 31, Iruñeko Baluarte Auditoriuma, 'Sheherazade'.
  • Apirilak 2, Gasteizko Principal Antzokia, 'Sheherazade'.
  • Apirilak 4, Miramongo Auditoriuma. 12. Matinéea, Haizea eta Pianoa.
  • Apirilak 24, Gasteizko Principal Antzokia, 'Urrezko araua'.
  • Apirilak 25, Miramongo Auditoriuma. 13. Matinéea, Cuivres en Pays Basque.
  • Apirilak 27 eta 30, Donostiako Kursaal Auditoriuma, 'Urrezko araua'.
  • Apirilak 28, Iruñeko Baluarte Auditoriuma, 'Urrezko araua'.
  • Apirilak 29, Bilboko Euskalduna Jauregia, 'Urrezko araua'.

Egungo egoerak denboraldiko hurrengo kontzertuek izango duten garapena ezagutzea galarazten digu eta, beraz, informazioa ematen jarraituko dugu.

Asteazkena 11 Martxoa, 2020

Bertan behera martxoaren 18ko kontzertua Gasteizen

Bertan behera martxoaren 18ko kontzertua Gasteizen

Koronabirusaren prebentzio- eta euste-jarraibide ofizialei jarraituz, bertan behera geratu da martxoaren 18an Gasteizko Principal Antzokian aurreikusita zegoen kontzertua.

Koronabirusaren euste- eta prebentzio-kudeaketari buruzko jarraibide ofizialei jarraituz, eta Gasteizko Udalak atzo jakinarazi zuen bezala, datorren martxoaren 18an Principal Antzokian aurreikusita zegoen kontzertua ('Fantastique' programa) bertan behera geratuko da.

Gaur-gaurkoz, programa honetako gainerako kontzertuen egoera aztertzen ari gara: Iruña (martxoak 16), Donostia (martxoak 17 eta 20) eta Bilbo (martxoak 21). Informazioa eguneratzen joango gara datozen egunetan.  

Asteartea 10 Martxoa, 2020

Euskadiko Orkestra distiratsu aritu zen Istanbulen

Euskadiko Orkestra distiratsu aritu zen Istanbulen

Atzo Orkestrak Istanbulen emandako kontzertua arrakastatsua izan zen, ez bakarrik publikoak harrera bikaina egin zuelako, baizik eta Orkestrako musikariek hainbat zailtasunen aurrean emanaldi sendoa eskaini zutelako. Instrumentuen bidalketan zenbait atzerapen pilatu ostean, musikariek programaren lehen zatia eurenak ez ziren instrumentuekin jo behar izan zuten, eta bigarrenean berreskuratu zituzten eurenak.

Nazioarteko bira guztiek beren ezaugarri propioak dituzte, eta Istanbulerako irteera hau ez zegoen haietatik salbuetsita. A priori, Bosforoaren ertzean, Europa eta Asia arteko mugan, dagoen turkiar hirian, munduko orkestra handiak barne hartzen dituen musika zirkuitu berri batean sartzeko interesa zuen Euskadiko Orkestrak. Atzo Orkestrak eszenatoki paregabe batean aparteko kontzertu bati aurre egin behar izan zion, bai aurre egin ere, ezohiko eta aparteko baldintzekin. Eta, horren guztiaren aurrean, arrazoi askorengatik distiraz agertu zen Orkestra.

Lehenik eta behin, hainbatetan esan izan dugu euskal formazioa une musikal bikainean dagoela, eta errepertorio unibertsaleko obra handiekin nazioartean aurkeztu ahal izateko moduan dagoela. Anton Brucknerren Bederatzigarren Sinfonia musikagile austriarraren maisulanetako bat da, konplexua eta zorrotza, Hans Graf buru izanik orkestrako musikari guztiek maisutasunez eta segurtasunez defendatu zutena. Kontzertuaren benetako ardatz nagusia izan zen obra hau, eta haren interpretazioak interes handia sustatu zuen. Izan ere, Cem Mansurrek, Cemal Resit Rey Konser Salonu aretoko zuzendariak, kontzertuaren aurretik hitzaldi bat eskaini baitzuen programazioan konpositore austriarraren obra handia interpretatzeko Bask Ulusal Orkestrasi (Istanbulen Euskadiko Orkestrari hala deitu zioten) bezalako orkestra europar bat izateak daukan interesari buruz. Brucknerren aurretik, lehen zatian Max Bruchen Biolin eta orkestrarako 1. kontzertua izan zen protagonista. Alena Baevaren bakarlari gisa egindako parte-hartzea indartsua eta distiratsua izan zen, eta hasieratik ikusi zen publikoak, aretoa betetzen zuenak, oso harrera ona egingo zuela gau osoan zehar. Bakarlariaren eskutik iritsi zen lehen errepikapena. Paganiniren 1. Kapritxoa eskaini zuen txalo artean. Brucknerren obra bikainaren ondoren, kontzertu berezi honen bigarren zatia osatuz, gaualdia txalo-zaparrada handi batekin itxi zen, eta publikoaren aldetik bikain hartutakoa, Guridiren "Amorosa", Bosforoaren ertzean lehendabizikoz entzun zena.

Bigarrenik, kontzertua salbuespenezko baldintza batzuetan egin behar izan zen, zeren, instrumentuak kontzertu-aretora iristea atzeratu egin baitzen eta, ondorioz, zailtasun ugariri aurre egin behar izan zien Orkestrak. Musikariak eta Orkestraren administrazio-taldeko langile batzuk Istanbulera joan ziren igandean arazorik gabe, ez ordea instrumentuak; izan ere, asteburuan Madriletik bidaltzeko prest zegoen 1.000 kiloko kargak atzerapen ugari izan zituen eta astelehenera arte ez zen ontziratu. Garaiz helmugara iristearen kezka logikoak ahaleginak bikoiztera behartu zituen langileak, eta kontzertua egiteko norberarenak ordezkatu zitzaketen tresnak bilatu behar izan zituzten. Istanbulgo Orkestra Sinfonikoaren eta hiriko beste orkestra baten eskuzabaltasun- eta lankidetza-ariketa handi batean, lehen zatiaren —Bruchen Kontzertuaren— interpretazioa bermatzeko behar adina tresna biltzea lortu zen, eta bigarren zatirako programatutakoa baino orkestra-formazio txikiagoko beste obra baten interpretazioa prestatzea ere erabaki zen. Instrumentu propioak kontzertua hasi eta gero iritsi ziren antzokira, eta musikariek une horietan eskatzen den arintasuna eta maisutasuna izan zuten obra baten interpretazioari ekin ahal izateko, Brucknerren Bederatzigarren sinfoniari, alegia, proba akustikoan haiekin entseatzeko aukerarik izan gabe. Hiriko musikarien erantzun apartak bakarrik ahalbidetu zuen Euskadiko Orkestrak bere programa betetzea, lehen zatia instrumentu turkiarrekin eta bigarrena instrumentu propioekin. Istanbul hiria, bi kontinenteren arteko zubia, metafora perfektua izan zen, musikaren bidez, denbora luzez bizkarra eman dioten kulturen eta zibilizazioen arteko lotunea.

Hirugarrenik, kontzertua aparta izateak ikusleen sentimenduarekin eta begirada europeista garatzeko irrikarekin ere badu zerikusia. Oriol Roch Orkestrako zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, "Orkestra mendebalderantz begira zegoen kontzertu batean, Europako lehen mailako orkestrak programatu nahi dituen gizarte turkiar baten irrikan, bere burua irudikatuko duen ispilu batean begiratzea izan da helburua. Eta sentsazio horrek askotariko publikoarekin, gazteekin, ezberdintasun kultural askorekin eta grina handiarekin, ikasgai bat eman digu guztioi”.

 

 

Ordezkaritza instituzional zabala

 

Arrakastaren beste adibide bat izan zen kontzertuan erakunde eta enpresa ordezkaritza nabarmen bat egon zela, besteak beste, Espainiako Kontsul Nagusia Istanbulen, Alvaro de la Riva Guzman donostiarra; Gonzalo Manglano Istanbulgo Cervantes Institutuko zuzendaria; Carmen Uriarte Turkiako Ohorezko Kontsula Bilbon; Javier Bernal BBVAko ordezkaria; Banco Sabadellen ordezkari Vicente Balbín; Caixabanken ordezkari Marta García; EFEk Istanbulen duen berriemailea, Ilya Topper; La Vanguardiak Istanbulen duen berriemailea, Jordi Joan; eta El Paisek Istanbulen duen berriemailea, Andrés Mourenza.

Igandea 08 Martxoa, 2020

Istanbul: Euskadiko Orkestraren nazioarteko bigarren norakoa 2020an

Istanbul: Euskadiko Orkestraren nazioarteko bigarren norakoa 2020an

Joan den urtarrilaren 25ean, Euskadiko Orkestra Pariseko Thêatre des Champs-Élysées antzokian estreinatu zen, eta astelehen honetan Istanbulen izango da, 2020ko nazioarteko bigarren estreinaldia izango den honetan. Hitzordua astelehenean izango da, martxoak 9, Istanbulgo Cemal Resit Rey (CRR) Kontzertu Aretoan.

Euskadiko Orkestrak bere bidea jarraitzen du nazioarteko zirkuituari berriz ekiteko. Lehenik, kultur enbaxadore izateko duen bokazio argiagatik eta, bigarrenik, bere musika kalitateagatik. Horrek Europako agertokietara itzultzea ahalbidetzen dio, duela urtebeteko Austria eta Alemaniara kasu eta, aldi berean, beste berri batzuen ateak irekitzea: joan den urtarrileko Parisko antzoki mitikoa, batetik, eta Europa eta Asiaren arteko mugan dagoen Bosforo ertzeko musika gune hau, bestetik. Istanbul kultur jarduera handiko hiria da, programazio entzutetsua duena, eta mundu osoko talde garrantzitsuak bertaratzen dira.

Programazioan 'Bask Ulusal Orkestrasi' bezala iragarrita, bere azken irteeretan egin duen bezala aurkeztuko du bere burua Orkestrak hiri turkiarrean: konpositore unibertsalen obra handi batekin, bere sendotasuna adierazteko helburuarekin, baita bere forma ona eta prestakuntza nabarmena erakusteko ere. Hala egin zuen Parisen Gustav Mahlerren Lurraren kantarekin, eta hala egingo du Istanbulen martxoaren 9an, astelehena, Anton Brucknerren Bederatzigarren sinfoniarekin. Obra hau konpositore austriarraren maisulantzat hartzen da. Robert Treviñok Istanbulgo kontzertua iragartzean aipatu zuen bezala, "Euskadiko Orkestrak bere gaitasun eta interpretazio maila handiagatik egin behar du ezagun, eta exijentzia honetako obrekin egin dezakegu".

Istanbulek eskatutako datak eragozten du Robert Treviñok kontzertu hori zuzendu ahal izatea eta, halakorik ezean, Hans Graf izango da batuta hartuko duena. Austriarra Euskadiko Orkestrako zuzendari titularra izan zen 90eko hamarkadaren erdialdean, eta behin baino gehiagotan itzuli da orkestrara, zuzendari gonbidatu gisa. Mundu osoan ezaguna den zuzendaria da, eta oso bruckneriarra; beraz, Treviñoren konfiantza osoa du Istanbulgo estreinaldi honetan lekukoa pasatzeko. Brucknerren aurretik Max Bruchen Biolinerako 1. Kontzertua defendatuko du Alena Baeva bakarlari gonbidatuak. Gaztea izan arren, Baeva nazioarteko ibilbide garrantzitsua egiten ari da eta artista eta musika-talde handiekin partekatu du agertokia. Alena Baeva Istanbulgo CRR aretoan aritu da dagoeneko, nahiz eta Euskadiko Orkestrarekin aritzen den lehen aldia den.

 

 

Sala Cemal Resit Rey (CRR):

 

Cemal Resit Rey Kontzertu Aretoa herrialdeko kontzertu-areto nagusietako bat da, eta musika klasikorako diseinatutako lehena. Cemal Resit Rey musikagile turkiarraren izena darama, hau ere orkestra zuzendaria eta Istanbulgo Orkestra Sinfonikoaren sortzailea. 1989ko martxoan inauguratu zuten. 30 urte hauetan, mundu osoko konpainiak hartu ditu, hiriko programazio klasikoa, jazz-programazioa eta dantza-programazioa ere bai, eta CRR Symphony Orchestra, CRR Turkish Music Ensemble eta CRR Jazz Orchestra taldeen emanaldiak izan ditu. Aurten, besteak beste, English Chamber Orchestra, Kremerata Baltica, The Tallis Scholars, Les Musicien du Louvre, Maxim Vengerov eta Bamberg Symphony Orchestra izan dira edo izango dira bertan.

 

Istanbul, CRR, martxoak 9,

20:00 Kontzertuaren aurkezpena
20:30 Kontzertua

Alena Baeva, biolina
Euskadiko Orkestra
Hans Graf, zuzendaria

Max Bruch: Biolinerako 1. Kontzertua [24’]
Anton Bruckner: 9. Sinfonia [63’]

Osteguna 05 Martxoa, 2020

Ensemble Diatessaron izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Ensemble Diatessaron izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Musika barrokoan eta errenazentistan espezializatutako talde honek XVII. mendeko bi emakume musikagile emankorri omenaldia egingo die, Barbara Strozzi eta Isabella Leonardari. Kontzertua larunbat honetan izango da, martxoak 7, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean.

Larunbat honetan, martxoak 7, 11:00etan, Ensemble Diatessaronek kontzertua eskainiko du Miramongo Matinéeen baitan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera-musika zikloaren baitan, alegia. Taldeak sei kide izango ditu: Elena Martínez de Murguía (zuzendaria eta viola da gamba Matinée honetan, eta biola Euskadiko Orkestran), Inmaculada Aramburo (biolin barrokoa Matinée honetan, eta biolina Euskadiko Orkestran), Marta Ramírez (biolin barrokoa), Rafael Bonavita (tiorba), Loreto Aramendi (klabezina) eta Nerea Berraondo (mezzosopranoa).

Ensemble Diatessaron musika barroko eta errenazentistan espezializatutako formazioa da, XVI. mendetik XVIII. mendera arte, jatorrizko instrumentuekin interpretatua, musikari onenekin elkarlanean aritzen dena, guztiak errepertorio honetan espezializatuak. Bere helburua musika mota hau mugak eta mendeak zeharkatzen dituen hizkuntza unibertsal bihurtzea da, beti giza arimaren sakonenera iritsiz.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren bezperan, Matinée honetan bi emakume musikagile emankorri omenaldia egin nahi die musika-talde honek. Hain zuzen ere Barbara Strozzi eta Isabella Leonardari, jaio zirenetik 400 urte bete diren honetan.

Barbara Strozzik zortzi obra-liburuki argitaratu zituen, XVII. mendeko beste edozein konpositorek baino kantata gehiago barne, ia guztiak soprano eta baxu jarraituarentzat. Bere musika sakonki errotuta dago 'Seconda prattica' izeneko teknikan, eta horren adibide nagusia Claudio Monteverdiren lana da. Barroko goiztiarreko musika izendatzen duen teknika bat da, askatasun harmoniko eta kontrapuntistiko handiagoak hartu zituena, eta baxu jarraituaren hasiera ere irudikatzen duena. Strozzi abeslari bikaina izan zen, instrumentista trebea eta musikagile bertutetsua. Barroko hutsa.

Bestalde, kontzertuaren errepertorioan 1600. urteko Italiako beste konpositore handi baten obra bat dago: Isabella Leonarda. Musika-konposizioak argitaratu zitzaizkion lehen emakumetzat hartzen da. Bere obra zabalak motete asko, ahots-musika eta sonata instrumentalen liburu bat biltzen ditu.

Bi konpositoreek euren garaiko maisu handiak izango dituzte lagun Matinée honetan, hala nola Merula, Monteverdi, Frescobaldi eta Cesti.

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteartea 03 Martxoa, 2020

Lionel Bringuier gazte talentudunak Euskadiko Orkestra zuzenduko du Iruñean, paristar kutsuko kontzertu batean

Lionel Bringuier gazte talentudunak Euskadiko Orkestra zuzenduko du Iruñean, paristar kutsuko kontzertu batean

Jonathan Roozeman biolontxelojoleak Camille Saint-Saënsen 'Biolontxelorako 1. kontzertua’ interpretatuko du solista gonbidatu gisa Iruñeko Baluarte Auditoriumean soilik eskainiko den programa batean, asteazkenean, martxoak 4. Fauré, Mendelssohn eta Bizeten obrekin osatuko da egitaraua.

Lionel Bringuier Iruñeko Baluarte Auditoriumeko podiumera igoko da asteazken honetan, martxoak 4, 20:00etan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzentzeko, 'Paris' izeneko kontzertu batean. Kontzertu hori musika-taldearen 19/20 Abonu Denboraldiaren bosgarren hitzordua izango da Nafarroako hiriburuan. Paris musika-munduaren erdigunea izan zen XIX. eta XX. mendeen zati handi batean, eta horren erakusle da kontzertu honen egitaraua: batetik, haren barruan garatu ziren talentuen erakusle eta, bestetik, frantsesak izan ez arren, ezinbestean Parisera joan behar izan zuten haiena.

Parisko soinuen barrenera eginiko bidaia honetan Lionel Bringuier (Niza, 1986) dugu zeremonia-maisua; zuzendari goiztiarra izan zen, Parisko Kontserbatorioan graduatu berritan hasi baitzen lanean zenbait orkestra garrantzitsurekin, Los Angelesko Orkestra Filarmonikoarekin, besteak beste. Bringuier musika frantseseko espezialista handia da, gainera, bere diskografiak ongi erakusten duen moduan, non Ravel, Saint-Saëns, D'Indy eta Berlioz ikusiko ditugun.

Kontzertuaren lehen zatiko pieza nagusia Camille Saint-Saënsen Biolontxelorako 1. kontzertua izango da, Jonathan Roozemanek interpretatuko duena. Herbeheretar-finlandiar gazte honen karrerak 2015ean hartu zuen abiada, prestigio handiko Moskuko Txaikovski lehiaketa irabazi zuenean, eta debuta egin du jada itzal handiko zuzendariekin (Valery Gergiev, Esa-Pekka Salonen eta Sakari Oramo). 

Kontzertuaren bigarren zatian Georges Bizeten 1. Sinfonia nabarmentzen da, autore frantziarraren sorkuntza ez-operistikorik ospetsuena. Bizetek kontserbatorioko azken urtean konposatu zuten ariketa akademiko gisa eta, estreinatu ondoren, argitaratu gabe egon zen 1935 urtera arte.

Kontzertuaren lehen eta bigarren zatiak irekiko dituzte, hurrenez hurren, Gabriel Fauréren Masques et bergamasques eta Felix Mendelssohnen Hebridak obrak.

Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu honetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Baluarte Auditoriumen webgunean zein leihatilan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).

 

 

Egitaraua

 

Gabriel Fauré:
Masques et bergamasques [14’]

Camille Saint-Saëns:
Biolontxelorako 1. kontzertua [19’]

Felix Mendelssohn:
Hebridak [11’]

Georges Bizet:
1. Sinfonia [27’]

Lionel Bringuier, zuzendaria
Jonathan Roozeman, biolontxeloa
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

 

 

Aldaketa kontzertuaren egitarauan

 

Hasiera batean Edo de Waart herbeheretarrak (Amsterdam, 1941) zuzendu behar zuen kontzertu hau, baina osasun-arrazoiengatik bertan behera utzi behar izan du bertan parte-hartzea eta, haren tokian, Lionel Bringuierrek hartuko du batuta. Arrazoi beragatik programak aldaketa gutxi batzuk izan ditu, nahiz eta hasieratik aurreikusitako Parisko gaiarekiko leial mantendu den.

Asteartea 25 Otsaila, 2020

'Maitasun epikoak', kontzertu berezia Lucía Marínen batutapean otsailaren 28an Gasteizen

'Maitasun epikoak', kontzertu berezia Lucía Marínen batutapean otsailaren 28an Gasteizen

Lucía Marín orkestra-zuzendariak, Euskadiko Orkestra Sinfoniko osoak, bi dantzarik eta narratzaile batek Europako iparraldera bidaia proposatuko dute Grieg eta Sibeliusen musikaren bidez penintsula eskandinaviarraren paisaia naturalak eta kultura deskubritzeko. Sarrerak salgai daude 6 eurotan.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 19/20 Denboraldiak arrakastaz jarraitzen duen bitartean, ostiral honetan, otsailak 28, 19:00etan, Gasteizko Principal Antzokian, Orkestra osoa berriz ikusteko aukera eskainiko da Maitasun epikoak programan.

Bertan, Lucia Marín orkestra-zuzendariaren, Euskadiko Orkestra osoaren, bi dantzariren (Pilar Andrés Contreras eta Denis Martínez Roque) eta Mikel Ibañez narratzailearen eskutik, Europako iparraldera joango gara, bertako musikagile garrantzitsuenetako biren musikaren bidez —Edvard Grieg eta Jean Sibelius— paisaia naturalak eta Eskandinaviako penintsulako kultura ezagutzeko. Kolore ezberdinez beteriko kontzertua izango da, handitasuna transmititzen duten musikez eta era guztietako paisaiak eta emozio biziak primeran ilustratzen dituztenez osatua.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Familian saileko kontzertua da, 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa bereziki, baina publiko guztiari zabaltzen zaio, baita helduei ere, izan ere, Orkestra osoaren parte-hartzea izango duen kontzertua baita eta musikaren historian balio eta eragin handia izan duen errepertorioa interpretatuko baita.

 

 

Sarrerak 6 eurotan

 

Kontzertu berezi honetarako sarrerak Principal Antzokiko webgunean edo aretoko leihatilan eros daitezke, 6 euroko prezio bakarrean.

Orriak