Osteguna 12 Azaroa, 2020

Arima Boskoteak eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Arima Boskoteak eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Euskadiko Orkestrako musikariek osatzen duten taldeak Mozarten eta Mendelssohnen bi bioladun kintetoak eskainiko ditu larunbat honetan, azaroak 14, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean.

Miramongo Matinéeek aurrera jarraitzen dute 20/21 Denboraldiko laugarren hitzorduarekin, kasu honetan Arima Boskoteak eskainiko duena, ‘Bi bioladun kintetoak’ izenburupean, larunbat honetan, azaroak 14, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Hasiera batean maiatzerako programatuta zegoen kontzertu hau berreskuratu egin nahi izan du Euskadiko Orkestrak Miramongo Matinéeen 20/21 Denboraldian, lehen aldian Covid-19aren pandemiaren ondorioz bertan behera geratu baitzen.

Euskadiko Orkestrako musikariek osatzen dute boskote hau: Laura Balboa (biolina), Xabier de Felipe (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola), Monika Mazur (biola) eta Jon Larraz (biolontxeloa)

Matinée honetan boskoteak aurkeztuko dituen bi kintetoak helduaroko lanak dira, bi kasuetan egilea hil baino urte gutxi batzuk lehenago konposatuak.

Lehen obra Wolfgang Amadeus Mozarten 4. Kintetoa izango da. Mozart estilo klasikoaren ordezkari handia izan zen, eta kontzertuaren, sinfoniaren, sonataren eta operaren formak perfekziora eraman zituen. Kinteto hau osatzeko aukeratutako sol minor tonalitateak krisi existentzialaren kolorea du, eta konpositorearentzat ezkutuko mina adierazten du. Mozartek bere 25. eta 40. sinfonietarako ere erabili zuen, baita kinteto honen urte berean (1787) sortu zuen Don Giovanni operako pasarte giltzarrietarako ere, bere aitaren heriotzan inspiratutakoa. Mozartek beti izan zuen hari-boskotearen aldeko joera berezia, batez ere biola-bikotearekin osatutako boskoteen aldekoa, asko gustatzen baitzitzaion instrumentu hau eta berak ere jotzen baitzuen. Bi biola hauek betiereko biolin-bikotearen ispilu bezala ikus daitezke, euren sonoritate bero eta grabea ganbera-musika formazioari eskainiz.

Matinéeko bigarren obra Felix Mendelssohnen 2. Kintetoa izango da. Mendelssohn, estilo zehatz baten aitzindaria izan ez zen arren, XIX. mendeko konpositorerik garrantzitsuenetakotzat hartzen da. Bankari baten semea eta intelektualez inguratua, heziketa osoa eta bizitza oparoa izan zituen. Kinteto honetako si bemol maior tonalitatea arazorik gabeko gizon baten pozarekin lotu daiteke. Aipatzekoa da kanturako zuen joera, aro klasikotik heredatua, lehen biolinaren zatiko lerro melodikoan ikusten dena. Nabarmentzekoak, baita ere, hirugarren mugimenduko ostinatoa (nahiko beethoveniarra batzuetan, bere motibo erritmikoak protagonismoa kentzen dio temari) eta kontrapuntuaren erabilera azken fugatoan.

Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 11 Azaroa, 2020

Euskadiko Orkestrak eta Kursaal Eszenak ‘Ekomusik’ programatu dute, musika ekologiarekin lotzen duen Musika Familian kontzertua

Euskadiko Orkestrak eta Kursaal Eszenak ‘Ekomusik’ programatu dute, musika ekologiarekin lotzen duen Musika Familian kontzertua

6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako Musika Familian kontzertu baten eszenatoki bihurtuko da Kursaaleko Ganbera aretoa larunbat honetan, azaroak 14, 18:00etan. ‘Ekomusik’ Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren ekoizpena da, eta musika klasikoaren eta ekologiaren arteko harreman zuzena irudikatzen saiatuko da.

Sarrerek 7€ eta 3€ (12 urtetik beherakoentzat) balio dute eta Kursaaleko leihatilan, kursaal.eus webgunean eta euskadikoorkestra.eus-en eros daitezke.

Harizko eta perkusiozko instrumentuz eta klabezinaz osatutako talde bat, gehienbat Euskadiko Orkestrako musikariek osatua eta antzinako musikan aditu Enrike Solinisek zuzendua, errepertorio barrokoan barneratuko da, instrumentuen eta naturaren arteko harreman estua erakusteko. Pandemiaren aurretik ehunka haurrei orkestraren Eskola kontzertuen baitan aurkeztu zitzaien ekoizpena da, eta orain Musika Familian kontzertu gisa berreskuratu da, musikaren bidez gure planeta zaintzeko beharraz jabetzeko.

Kontzertuak iraungo duen berrogeita hamar minutuetan jasota geratuko dira bi ideia nagusi: batetik, Barrokoaren garaian konpositoreek naturako elementuak irudikatzeko joera zutela eta, bestetik, hari-instrumentuak artisau moduan eraikitzen jarraitzen direla, ingurumena errespetatuz.

Proiektu berri honen ideia Mikel Cañada Euskadiko Orkestrako Musika Gelako koordinatzaileari dagokio, eta gidoia Pasadas las 4 antzerki-taldearekin batera egin du. Kontzertu honen aurkezle Patrizia Eneritzek natura zaintzearen eta gure planeta zaintzearen garrantzia modu harrigarri eta oso didaktikoan transmititzeko lana izango du.

 

 

Interpreteak eta gidoia

 

Antoni Kosc*, Ricardo Ruiz*, Miren Zeberio, biolina
Delphine Dupuy*, biola
Gabriel Mesado*, biolontxeloa
Mehmet Sönmez*, kontrabaxua
Bruno Claverie*, piccoloa
Héctor Marqués*, perkusioa
Pedro José Rodríguez, klabezina
Enrike Solinís, zuzendaritza, gitarra barrokoa, tiorba, gitarra elektrikoa
Mikel Cañada, ideiaren sortzailea eta Musika Gelaren koordinatzailea
Pasadas las 4, gidoia
Patrizia Eneritz, aktorea eta aurkezlea

*Euskadiko Orkestraren kidea

 

 

Programa: errepertorio barrokoa

 

Gaspar Sanz [1640-1710]: Marionas
André Danican Philidor L’ainé [1652-1730]: Bourrée D’ Avignonez
Antonio Vivaldi [1678-1741]: Bi biolin, laute eta kontinuorako ganbera kontzertua
Anonimoa: Canario
Jean-Baptiste Lully [1632-1687]: Le Bourgeois gentilhomme. Dantza-suitea
Antonio Vivaldi [1678-1741]: Biolin, hari-orkestra eta kontinuorako 2. kontzertua. Lau urtaroak: Uda (III. Allegro)
Johann Sebastian Bach [1685-1750]: Orkestrarako 3. suitea (II. Air) Pierre Attaignant [1494-1551]: Pavana
Anonimoa: Itsasoa laino dago
Pedro Guerrero: Moresca
Antonio Vivaldi [1678-1741]: Biolin, hari-orkestra eta kontinuorako 4. kontzertua. Lau urtaroak: Negua (I. Allegro non molto)
Jean Philippe Rameau [1683-1764]: Les Boréades. Suite

Osteguna 05 Azaroa, 2020

Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkarteak (AEOS) kultur jarduerari eusteko konpromisoa sinatu du

Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkarteak (AEOS) kultur jarduerari eusteko konpromisoa sinatu du

Estatuko orkestrak biltzen dituen elkarte honen kide denez gero, Euskadiko Orkestrak ere konpromiso horri heldu nahi izan dio.

Covid-19aren ondorioz bizi dugun egoera zail honetan, Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkarteak (AEOS) ezohiko bilera izan zuen atzo bere kide diren 35 orkestrekin, eta guztien adostasunez honako manifestua atera nahi izan du (ikus behean). Euskadiko Orkestrak ere bat egiten du hitz hauekin eta horregatik zabaldu nahi du bere kanalen bidez manifestua.

 

AEOSen batzarrak ezohiko bilera egin zuen 2020ko azaroaren 3an, gure herrialdeak eta gure sektoreak bizi dituzten egoera zailak aztertzeko, eta honako hau adierazi nahi du:

- Orkestra sinfonikoen jarduerari eusteko konpromisoa, prebentzio-protokoloetatik eratorritako eskakizunetara egokituz eta osasun-agintariek zehazten dituzten eta kultura langileentzako eta publikoarentzako gune segurua dela erakutsi duten neurriak zorrotz betez.

- Orkestra sinfonikoetako irakasleei eta administrazioko langileei aintzatespena ematea, gure ustez funtsezkoa den kultur jarduera batekin jarraitzeko hartu duten inplikazioagatik eta egin duten ahaleginagatik.

- Eskerrak eman nahi dizkiogu gure publikoari azken hilabete hauetan leialtasuna eta babesa erakutsi baitizkigu hurbiltasunarekin eta asistentziarekin.

- Musika-jarduerari eusteko ahalegin guztiak egiten ari diren erakundeekiko, administrazio publikoekiko eta enpresekiko aintzatespena eta konpromisoa, osasun-egoera zaila den arren, lehentasunezkoa baita.

Azkenik, AEOSek aldarrikatzen du musika funtsezko zerbitzu gisa mantentzeko formulak aurkitu behar direla, antzoki eta auditorio irekiekin.

 

Informazio gehiago

AEOS
Osteguna 05 Azaroa, 2020

Fagota protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean

Fagota protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean

‘Fagotaren bidaia Europako erdigunera’ izeneko kontzertuan Barrococo taldeak Krommer, Telemann eta Reicharen obrak eskainiko ditu larunbat honetan, azaroak 7, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean.

Miramongo Matinéeek aurrera jarraitzen dute 20/21 Denboraldiko hirugarren hitzorduarekin, kasu honetan Barrococo seikoteak eskainiko duena, ‘Fagotaren bidaia Europako erdigunera’ izenburupean, larunbat honetan, azaroak 7, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Hasiera batean maiatzerako programatuta zegoen kontzertu hau berreskuratu egin nahi izan du Euskadiko Orkestrak Miramongo Matinéeen 20/21 Denboraldian, lehen aldian Covid-19aren pandemiaren ondorioz bertan behera geratu baitzen.

Euskadiko Orkestrako bost musikari daude seikote honetan: Anne-Marie Harmat (biolina), Mikel Ibañez (biolina), Arkaitz Martinez (biola), Jon Larraz (biolontxeloa) eta Anne-Charlotte Lacroix (fagota). Charo Indartek osatuko du taldea klabezinean.

Vivaldiri esker, duela mende batzuk, fagota grabeen eta baxu jarraituaren itzaletik irten zen instrumentu bakarlari bezala tokia hartzeko. Barrococok 18/19 Denboraldian kontzertu bat eskaini zuen fagota protagonismoa hasi zeneko une hori arakatzeko, Vivaldi beraren, Reichenauerren eta Devienneren lanekin. Matinée berri honek instrumentu honi funtsezko rola ematen jarraituko du, oraingoan Krommer, Telemann eta Reicharen lanekin, zeintzuetan fagota hari-formazio batekin uztartzen den.

Lehen obra Franz Krommerren Fagota, bi biola eta biolontxelorako 1. Kuartetoa izango da. Jatorriz txekiarra izan arren, garai klasikoko konpositore germaniarrik garrantzitsuenetakotzat hartzen da Krommer, J. Haydn, W.A. Mozart eta C.P.E. Bachekin batera. Kuarteto honetan fagotak ahots nagusia du, bakarlari bezala, baina multzoa homogeneoa da eta ganbera-musikako une atsegin bat eskainiko du.

Ondoren Georg Philipp Telemannen bi obra eskainiko ditu Barrococok: Bi biolin eta kontinuorako trioa eta Bi biolin, fagot eta kontinuorako kuartetoa. Barroko garaiko konpositore alemaniar ospetsuenetako bat da Telemann.

Kontzertua jatorri txekiarreko konpositore frantziar Anton Reicharen Fagot eta hari laukoterako bariazioekin amaituko da. Hari-orkestra batekin interpretatzen da, fagotaren birtuosismoa are gehiago nabarmentzeko.

Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 04 Azaroa, 2020

Euskadiko Orkestraren 'Wagner' programa eitb.eus-en eta euskadikoorkestra.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da gaur arratsaldean

Euskadiko Orkestraren 'Wagner' programa eitb.eus-en eta euskadikoorkestra.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da gaur arratsaldean

Gaur, 20:15ean, Bilboko Euskalduna Jauregitik zuzenean eskainiko du Euskadiko Orkestrak bere bigarren kontzertu-programa.

Edukiera eta mugikortasuna murrizteak eragin handia izan du kontzertuen bigarren programa honetan. Hori dela eta, kontzertuetara joaterik ez dutenek Wagnerri eskainitako kontzertu hau zuzenean ikusteko aukera izango dute eitb.eus-en eta Euskadiko Orkestraren webgunean. Michel Tabachnikek zuzenduko du eta Rinat Shaham mezzosopranoa izango da artista gonbidatua.

Murrizketa berriak direla-eta, planteamendu berriak diseinatu behar dira, jarduerari eutsi ahal izateko. Horregatik, EITBk eta Euskadiko Orkestrak beste pauso bat eman dute euren elkarlan estuan, eta, oraingoan, denboraldiko kontzertuak grabatzeaz eta ondoren ETB2n emateaz gain, gaur arratsaldean, eitb.eus-en eta euskadikoorkestra.eus-en zuzenean jarraitzeko aukera ere izango da.

 

Programa

 

R. WAGNER:
Sigfridoren idilioa
Wesendonck Lieder

W. A. MOZART:
35. Sinfonia, ‘Haffner'

MICHEL TABACHNIK, zuzendaria
RINAT SHAHAM, mezzosopranoa

 

 

Emisioa: 20:15

 

EITB:  https://www.eitb.eus/eu/kultura/zuzenean/ 

EUSKADIKO ORKESTRA: euskadikoorkestra.eus

 

Asteazkena 28 Urria, 2020

Euskadiko Orkestrak Wagnerri eskainiko dio hurrengo kontzertu-programa Michel Tabachniken zuzendaritzapean eta Rinat Shaham mezzosopranoarekin

Euskadiko Orkestrak Wagnerri eskainiko dio hurrengo kontzertu-programa Michel Tabachniken zuzendaritzapean eta Rinat Shaham mezzosopranoarekin

Wagnerren 'Sigfridoren idilioa' eta 'Wesendonck Lieder' lanek ardaztuko dute Euskadiko Orkestraren 20/21 Denboraldiko bigarren kontzertu-programa hau, Mozarten '35. Sinfonia'-rekin, ‘Haffner’ delakoarekin, osatuko dena. Programa honek Fundación Banco Sabadellen lankidetza du.

Erromantizismo musikalaren hastapenetan funtsezko pertsonaia izan zen Franz Schuberten sinfonia-ziklo batekin Denboraldia inauguratu ostean, Euskadiko Orkestrak Richard Wagnerrengan jarriko du arreta bigarren kontzertu-programan. Musikagile alemaniarrak opera corpus bat sortu zuen, non maitasuna, erlijioa edo filosofia bezalako gai handietara hurbildu zen, mugimendu artistiko honen heldutasun aldiaren muina direnak. Michel Tabachnikek zuzenduko ditu Sigfridoren idilioa eta bost Wesendonck Liederrak, zeintzuk Rinat Shahamek defendatuko dituen, une honetan munduan eskaera gehien jasotzen ari den mezzosopranoetako batek, alegia. Kontzertuak Wolfgang Amadeus Mozarten 35. Sinfoniarekin amaituko dira, “Haffner” izenekoarekin.

Kontzertu-programa honek zailtasunak izan ditu Covid-19ren munduko pandemiak sortutako egungo egoerarekin lotuta. Euskadiko Orkestrak pasa den ostiralean iragarri zuen indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz bi saio berri programatuko dituela azaroaren 5ean eta 6an Kursaal Auditoriumean, Donostian aurreikusita zeuden lau saioez gain, eta azaroaren 3an Iruñean programatuta zegoen kontzertu bikoitza bertan behera utziko duela. Urriaren 29tik azaroaren 9ra egingo den 'Wagner' kontzertu-programa honela geratuko da:

 

Donostia: 6 saio

  • Urriak 29, 19:30.
  • Urriak 30, 19:30.
  • Azaroak 5, 18:00.
  • Azaroak 5, 20:15.
  • Azaroak 6, 18:00.
  • Azaroak 6, 20:15.

Gasteiz: 2 saio

  • Azaroak 2, 20:00.
  • Azaroak 9, 20:00.

Bilbo: 2 saio

  • Azaroak 4, 18:00.
  • Azaroak 4, 20:15.

Iruña:

  • Azaroak 3. BERTAN BEHERA.

 

Kontzertu-agenda berri honez gain, aipatzekoa da mugikortasun-neurri berriek abonatu batzuei eragingo diela eta horren aurrean Euskadiko Orkestrak zera iragartzen du: Denboraldiaren amaieran abonuaren ordainketaren prezioari dagokion doikuntza egingo da. Bestalde, kontzertu hauetarako ez da sarrerarik jarriko salgai, indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz.

 

 

Sekulako ibilbidea duen zuzendari bat

 

Michel Tabachnikek (Geneva, 1942) Herbert von Karajanen babespean hasi zuen bere ibilbidea –Berlingo Orkestra Filarmonikoa zuzentzera gonbidatu zuen sarritan–, eta Igor Markevitxen eta Pierre Boulezen laguntzaile aritu zen. Tabachnikek –konpositorea izateaz gain, saiakerak eta eleberriak ere idatzi ditu– harreman luzea izan du Europako orkestra garrantzitsuenetako batzuekin: Lisboako Gulbenkian orkestrarekin, Holandako Iparraldeko Orkestrarekin edo, berrikiago, Bruselako Orkestra Filarmonikoarekin –2008tik 2015era zuzendu zuen, eta, orain, zuzendari emeritua da–. Jaso zuen prestakuntzari esker, Wagnerren musikaren ezagutza sakona du Tabachnikek; izan ere, Karajanek eta Boulezek irizpide erabat kontrajarriak zituzten alemaniarraren musika jorratzeko orduan, baina, biak ala biak esanguratsuak.

Oraingo honetan, Tabachnikek konpositore alemaniar ezagunaren bi obrari egingo die aurre Euskadiko Orkestrarekin batera. Alde batetik, Sigfridoren idilioa poema sinfonikoa, zeinaren musika urte batzuk geroago Wagnerrek Sigfrido operarako erabiliko zuen, eta, bestetik, Wesendonck Lieder, 1857an idatzitakoa Tristan eta Isolda operan lanean ari zen bitartean. Bi obrek ezkontzaz kanpoko harremanekin lotutako historia dute atzean. Wagnerrek Sigfridoren idilioa 1870ean idatzi zuen, Franz Liszten alaba zen Cosimarekin ezkondu eta handik hilabete gutxitara. Cosimarekin hainbat urtez maitasun-harremana izan zuen, artean emakumea Wagnerren musikaren defendatzaile sutsua zen Hans von Bülow zuzendariarekin ezkonduta zegoela. Wesendonck Lieder aurretik idatzi zuen Wagnerrek, 1858an, ezkontzaz kanpoko harreman batean murgilduta zegoenean, oraingoan Mathilde Wesendonckekin, Minna Planer emazte zuen bitartean. Mathilde Wesendonckek olerki sorta bat idatzi zuen eta Wagnerrek musika jarri zien (lan horrek Tristan eta Isoldaren zati batzuetarako balio izan zion).

Wagnerren musikari ohore egin ondoren, gaurko kontzertua oso tonu desberdin batean amaituko da, lan klasiko eta askoz arinago batekin: Mozarten 35. Sinfonia, «Haffner». Mozartek musika noble, distiratsu eta arranditsua konposatu zuen sinfonia honetarako; baina, originaltasun batzuk eta espiritu dramatikoa ere eman zizkion, Vienako garaian garatuko zituen interesen (bereziki antzerkikoen) aurrekari.

 

 

Une honetako mezzosoprano garrantzitsuenetako bat

 

Maitasun debekatua islatzen duten Wesendonck Lieder kantuak interpretatzeko, mezzosoprano aparta bat dugu, Rinat Shaham, Bizeten Carmenen interpretatzailerik onenetako bat. Mundu osoko 45 antzokitan baino gehiagotan abestu du rol hori. Baina, Shahamen errepertorioa oso zabala da; sarritan, Lully, Purcell, Marcello eta beste autore barroko batzuk eta Gershwin, Bartok eta XX. mendeko beste konpositore batzuk barnean hartzen ditu. Azken horren opera batekin (Bizarrurdinen gaztelua), debuta egin zuen gure orkestrarekin batera 2019ko udan. Besteak beste, Simon Rattle, Christoph Eschenbach, Mark Elder, William Christie, Andre Previn eta Leonard Slatkin zuzendariekin kolaboratu du Shahamek.  

 

 

Fundación Banco Sabadell lankide

 

Kontzertu-programa honek Fundación Banco Sabadellen lankidetza du.

 

 

Asteartea 27 Urria, 2020

Mugikortasun-mugek hurrengo kontzertu-programan duten eraginari buruz

Mugikortasun-mugek hurrengo kontzertu-programan duten eraginari buruz

Abonatu agurgarria:

Eusko Jaurlaritzak urriaren 26an ezarritako dekretuak mugatu egiten du pertsonak bizilekua duen udalerriko mugarte bakoitzetik sartu eta ateratzea. Kulturaren arloan zera ezarri da: jarduera egiten den udalerriarekin mugakide den herri batean bizi diren pertsonek ere joan ahal izango dutela ekintzara. Sarrera/abonamenduaren aurkezpenaren bidez justifikatu beharko da desplazamendua.

Horretarako, arau honek zuri eragiten badizu eta datozen egunetan (urriaren 29tik azaroaren 9ra) Euskadiko Orkestrak programatutako kontzertura joaterik ez baduzu, Denboraldiaren amaieran zure ordainketaren prezioari dagokion doikuntza egingo dugu.

Larunbatetik COVID-19ren aurkako arau berria, ekitaldi kulturalak 21:00etan amaitzera behartzen duena, indarrean sartu bazen ere, Euskadiko Orkestrak 20:00etan mantenduko du gaurko kontzertua, ordubeteko iraupena izango baitu.  

 

 

Ostirala 23 Urria, 2020

Euskadiko Orkestrak edukiera-murrizketen ondoriozko aldaketak iragarri ditu hurrengo kontzertu-programan

Euskadiko Orkestrak edukiera-murrizketen ondoriozko aldaketak iragarri ditu hurrengo kontzertu-programan

Bi saio berri programatuko ditu azaroaren 5ean eta 6an Kursaal Auditoriumean, Donostian aurreikusita zeuden lau saioez gain, eta azaroaren 3an Iruñean programatuta zegoen kontzertu bikoitza bertan behera utziko du.

Azken egunetan Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan iragarritako murrizketa berrien ondorioz, orkestrak egoerara egokitu egin behar izan du bere kontzertuen denboraldiaren garapenarekin aurrera jarraitzeko.

Eusko Jaurlaritzak duela gutxi ezarritako murrizketek (gehienez 400 pertsona izatea auditorioetan) ez dute eraginik izango Gasteizen eta Bilbon aurreikusitako kontzertu kopuruan eta ordutegietan, bai, ordea, Donostian programatutako kontzertuetan. Gipuzkoako hiriburuan, Euskadiko Orkestrak Kursaaleko publikoa birbanatu egingo du, bi saio berri programatuz eta, ondorioz, programa bereko sei kontzertu eskainiko ditu.

Iruñeari eta Nafarroako Gobernuak emandako 100 pertsonako gehienezko edukierako egungo murrizketari dagokienez, orkestrak bertan behera utzi behar izan ditu azaroaren 3an Baluarten antolatutako bi kontzertuak, hiri iruindarreko 1.200 abonatuei sarrera ematea ezinezkoa delako egoera horretan.

Urriaren 29tik azaroaren 9ra egingo den 'Wagner' kontzertu-programa honela geratuko da:

Donostia: 6 saio

  • Urriak 29, 19:30.
  • Urriak 30, 19:30.
  • Azaroak 5, 18:00.
  • Azaroak 5, 20:15.
  • Azaroak 6, 18:00.
  • Azaroak 6, 20:15.

Gasteiz: 2 saio

  • Azaroak 2, 20:00.
  • Azaroak 9, 20:00.

Bilbo: 2 saio

  • Azaroak 4, 18:00.
  • Azaroak 4, 20:15.

Iruña:

  • Azaroak 3. BERTAN BEHERA.


Ziurgabetasun egoera honen aurrean eta Denboraldian zehar egon daitezkeen murrizketen berri ez izatean, Euskadiko Orkestrak programaz programa hartuko ditu erabakiak eta hala jakinaraziko dizkie abonatuei. Egungo murrizketek sarrerak saltzeko aukera guztiak baliogabetzen ditu.

Euskadiko Orkestrak eskerrak eman nahi dizkie bere abonatuei Denboraldiaren hasieran jasotako erantzun bikainagatik, eta konplizitatea eta pazientzia eskatzen jarraitzen du egoera berri honi aurre egiteko; izan ere, egoera horretara egokitzen jarraitu behar du, jarduerari eutsi ahal izateko.

Informazio gehiago

Kontzertuaren fitxa
Osteguna 22 Urria, 2020

Haizea eta pianoa larunbat honetako Miramongo Matinéean

Haizea eta pianoa larunbat honetako Miramongo Matinéean

‘Haize erromantikoak’ izeneko kontzertuan, lau haize-instrumentuz eta pianoaz osatutako boskote batek Louis Spohrren eta Nikolai Rimski-Korsakoven kinteto bana eskainiko du larunbat honetan, urriak 24, 11:00etan, Miramon Auditoriumean.

Duela bi larunbat Miramongo Matinéeen 29. edizioa arrakastaz inauguratu ostean, larunbat honetan, urriak 24, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika Denboraldiko kontzertuetako bigarrena izango da. Bertan, Haizea eta Pianoa boskoteak ‘Haize erromantikoak’ izeneko kontzertua eskainiko du. Hasiera batean apirilerako programatuta zegoen kontzertu hau berreskuratu egin nahi izan du Euskadiko Orkestrak Miramongo Matinéeen 20/21 Denboraldian, lehen aldian Covid-19aren pandemiaren ondorioz bertan behera geratu baitzen.

Boskote honen osaeran, haize-instrumentuak jotzen dituzten taldeko lau musikariak orkestrako kideak dira: Bruno Claverie (flauta), Juan Navarro (klarinetea), Marco Caratto (fagota) eta Adrián García Carballo (tronpa). Pedro José Rodríguez pianojoleak osatuko du boskotea.

Konpositore gehienek oso gutxi erabiltzen duten formazio instrumental batez osatutako bi kinteto entzungo ditugu Miramongo Matinée honetan. Beraz, oso litekeena da bi konposizio hauek enkarguz sortutako obrak izatea.

Louis Spohr konpositore, biolinjole eta orkestra-zuzendariaren Pianorako eta haizetarako kintetoarekin hasiko da kontzertua. Bere ekoizpenak biolinerako hamabost kontzertu eta hamar opera biltzen ditu, horietatik bi bakarrik programatzen diren arren: Fausto eta Jessonda. Oratorioak ere konposatu zituen (Alemaniako Erromantizismoan indartsu itzuli zen formula musikal bat). Bere konposizio-estiloa beethoveniar kontzeptutik oso gertukoa da, schubertiar ereduetatik gehiegi urruntzen ez den garapen tematiko batekin.

Matinéea amaitzeko Nikolai Rimski-Korsakoven Flauta, klarinete, tronpa, fagot eta pianorako kintetoa interpretatuko du boskoteak. Musikagile errusiarra 'Bostak’ izeneko taldearen kide izan zen, Balakirev, Cui, Musorgski eta Borodinekin batera. Rimski abesti herrikoietan interes berezia izateagatik bereizten da haiengandik. Berak bildu eta landu zituen eslaviar tradizioko kantu zahar ugari, natura gurtzen zutenak. Horrela, bada, Rimskiren eskutik hurbilduko gara ekialdeko kondaira, magia eta lurrinen mundu horretara. Sentiberatasun eta atmosfera unibertso oso bat, paleta instrumental eta harmonikoaren ezagutza dotore eta bikainarekin sortuak.

Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 21 Urria, 2020

Euskadiko Orkestrak Fernando Velázquezen ‘Biolontxelorako kontzertua’ grabatu du haren zuzendaritzapean eta Johannes Moserrekin bakarlari moduan

Fernando Velázquez eta Johannes Moser Euskadiko Orkestrarekin. Argazkia: David Herranz.
Fernando Velázquez eta Johannes Moser Euskadiko Orkestrarekin. Argazkia: David Herranz.

Zuzendari getxotarrak, Euskadiko Orkestrarekin sarri kolaborazio emankorrak egiten dituenak, modu independentean sortutako musika sinfoniko propioaren grabazioan jarri du arreta oraingoan. 

Lehen mailako biolontxelojole alemaniar-kanadar Johannes Moser izango da Euskadiko Orkestraren bakarlari gonbidatua Velázquezen ‘Biolontxelorako kontzertua’ grabatzeko, konpositorearen beraren zuzendaritzapean.

Fernando Velázquez orkestra-zuzendariaren eta Euskadiko Orkestraren arteko lankidetza oparoak fruitu gehiago ematen jarraitzen du 20/21 Denboraldi honetan. Urte honetako apiril eta uztail artean hainbat bideoklip sareratu ziren, zeintzuetan Izaro eta Huntzak eremu sinfonikora jauzi egin zuten Euskadiko Orkestraren eta Fernando Velázquezen eskutik; eta bideoklip horiek dagoeneko milioi bat bistaratze baino gehiago izan dituzte. Horrez gain, irail amaieran iragarri genuen orkestra eta Velázquez presente izango zirela Donostia Zinemaldian Patria eta Hil kanpaiaken aurkezpenaren bidez, zeintzuen soinu-bandak bikote eraginkor honek sinatu zituen, hain zuzen.

Denboraldiaren lehen tarte honetan, Velázquez eta Euskadiko Orkestra berriro elkartu dira grabazio garrantzitsu batzuk egiteko, eta aurrerago ikusiko dute argia grabaketok. Horien guztien artean aipagarrienetakoa da Velázquezek berak konposatu duen eta Johannes Moserri enkargatu dion 'Biolontxelorako Kontzertua'. Alemaniar-kanadar biolontxelojole ezagunak Euskadiko Orkestrarekin parte hartu zuen dagoeneko 2011n eta 2014an Abonu Denboraldian, eta egunotan Donostian da Miramongo Auditoriumean orkestrarekin grabazio horri ekiteko.

 

 

Fernando Velázquez, konpositorea, biolontxelojolea eta orkestra-zuzendaria

 

Nahiz eta bere ekoizpen gehiena filmetarako, telesailetarako eta abeslari eta musika-taldeen moldaketetarako musika sortzera zuzenduta dagoen, Fernando Velázquezek oraingoan bere konposizio independente eta propioak egitean jarri nahi izan du arreta, filmen irudiei lotuta ez dagoen eta bere konposizio sorkuntzari askatasun osoa ematen dion Biolontxelorako kontzertu hau plazaratuz.

Fernando Velázquez 26 minutuko iraupena duen partitura honen konpositore gisa aurkeztuko da. Biolontxeloa oso ondo ezagutzen du berak, biolontxelojolea baita formazio eta ibilbidez. Velázquez, beraz, konpositore, musikari eta orkestra-zuzendari alderdiak erakusten ari da grabazio honetan.

 

 

Johannes Moser, lehen mailako biolontxelojolea

 

Gramophone aldizkariak “biolontxelojole birtuoso gazte-talde harrigarriko onenetako bat” bezala goraipatutakoa, Johannes Moserrek munduko orkestra garrantzitsuenekin jo du, besteak beste: Berlingo Filarmonikoa, New Yorkeko Filarmonikoa, Los Angeleseko Filarmonikoa, Chicagoko Sinfonikoa, BBC Philharmonic at the Proms, London Symphony, Symphonieorchester des Bayerischen Rundfunks, Koninklijk Concertgebouworkest, Tonhalle Orchestra Zurich, Tokyo NHK Symphony, Philadelphiako Orkestra eta Clevelandeko Orkestra. Lehen mailako zuzendarien agindupean aritu da: Riccardo Muti, Lorin Maazel, Mariss Jansons, Valeryin Gergievta, Vladimir Jurowski, Franz Welser-Möst, Christian Thielemann, Pierre Boulez, Paavo Jarvi, Semyon Bychkov, Yannick Nézet-Séguin eta Gustavo Dudamel, horien artean.

 

 

Fernando Velázquez eta Euskadiko Orkestra: aspalditik datorren lankidetza

 

Arestian aipatutakoak dira Fernando Velázquezek eta Euskadiko Orkestrak orain dela gutxien partekatu dituzten proiektuak, baina askoz gehiago egin dituzte batera. Fernando Arambururen Patriaz gain, pantailara eramango den beste eleberri baten soinu-banda originala ere grabatu dute berriki: Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea. Aipagarria da, baita ere, duela gutxi berreskuratutako Truffauten The Bride Wore Black filmaren musikaren grabazioa. Atzeragora jotzen badugu, beste soinu-banda ugari aurki ditzakegu: Juan Antonio Bayonak zuzendutako A Monster Calls filmarena, zeinaren bidez Velázquezek musika original onenaren Goya saria eskuratu zuen; Wim Wendersen Submergence filmarena; Bayonaren The Impossible filmaren soinu-bandaren zuzeneko erabateko estreinaldia Donostia Zinemaldian; Ocho apellidos vascosena; Contratiemporena; etab.

Fernando Velazquez konpositore eta orkestra-zuzendari saritua zinema eta telebistarako musikagileen belaunaldi berri baten erakusle nagusia da. 1999an hasi zuen bere ibilbide luzea, 50 film luze eta telesail nazional eta internazional baino gehiago biltzen dituena, eta horiei kontzertu-lanen, antzerki-musika intzidentalaren eta era guztietako artisten enkarguen katalogo garrantzitsu bat gehitzen zaie.

Orriak