Euskadiko Orkestrak 20/21 Denboraldiko kontzertuetako obrak YouTubera igoko ditu gaurtik aurrera

Euskadiko Orkestrak gaur ekin dio 20/21 Denboraldian interpretatzen ari den obrak bere YouTubeko kanalean argitaratzeari, Schuberten '2. Sinfoniarekin’. ETBk grabatutako kontzertuak dira eta ETB2n ere ematen ari dira.
Duela aste batzuk iragarri genuenez, jendearengana modu presentzialean iristeko zailtasunari aurre egiteko formula gisa, Euskadiko Orkestrak bat egin du EiTBrekin Denboraldi honetako Bilboko Euskalduna Jauregiko kontzertuak grabatu eta zabaltzeko. Azaroaren 28tik aurrera, ETB2 kontzertu horiek ematen ari da, beti larunbatetan eta 11:00etan, eta 2021eko uztailera arte jarraituko du, sekuentzia osatu arte.
Emanaldien ondoren, Euskadiko Orkestrak kontzertu horietan interpretatutako lanak publikoaren eskura jarriko ditu bere YouTubeko kanalean, eta gaur hasi da hori egiten, Franz Schuberten '2. Sinfonia' argitaratuta. Orkestrak datozen asteetan argitaratuko dituen musikagile ospetsu horren lau sinfonietatik lehena da.
Euskadiko Orkestrak YouTubeko bideo berrien karga pixkanaka iragarriko du Facebook, Twitter eta Instagram bidez.
Martxoko itxialdiaren hasieratik orkestra apustu nabarmena ari da egiten arlo digitalean kalitatezko ikus-entzunezko edukiak sortu eta zabaltzeko eta dagoeneko 7.000 harpidedun ditu YouTubeko kanalean.
Informazio gehiago
Euskadiko Orkestraren YouTubeko kanalaMefisto Laukoteak eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Euskadiko Orkestrako musikariek osatzen duten taldeak Bartok eta Beethovenen kuarteto bana eskainiko du larunbat honetan, abenduak 5, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean.
Miramongo Matinéeek aurrera jarraitzen dute 20/21 Denboraldiko bosgarren hitzorduarekin, kasu honetan Mefisto Laukoteak eskainiko duena, ‘Laukote sutsua’ izenburupean, larunbat honetan, abenduak 5, 11:00etan, Miramongo egoitzan. Euskadiko Orkestrako musikariek osatzen dute laukote hau: Laura Balboa (biolina), Virgile Demillac (biolina), Yann Seyrac (biola) eta Jon Larraz (biolontxeloa).
Mefisto laukoteak bi maisulan aurkeztuko ditu Matinée honetan, garai eta estiloari dagokionez oso desberdinak direnak, baina komun dutena muturreko sentimendu biziak erakustea.
1915 eta 1917 artean idatzia eta 1918an estreinatua, Bela Bartoken 2. Kuartetoa Bizarrurdinen gaztelua operaren eta Mandarin miragarria balletaren garaikidea da. Konpositore hungariarrak lehenengo kuartetoa baino zortzi urte geroago aurkeztu zuen bigarren hau, eta bere estiloaren bilakaera argia antzematen da bertan. Badirudi Lehen Mundu Gerrak inpotentzia-sentimendua piztu ziola artista bakezale honi garai hartan nagusi zen indarkeriaren aurrean. Kuarteto honek hiru mugimendu ditu. Horietako bi, obraren irekiera- eta itxiera-mugimenduak, motelak dira: lehenak zalantzazko girora garamatza galderazko fraseatzeen bidez, eta hirugarrenak harritu egiten gaitu bere harmonia deprimitzaile eta desmoralizatzaileekin. Aldiz, bigarren mugimendua oso azkarra da, batzuetan gupidagabea, ia histerikoa bere amaieran.
Ludwig Van Beethovenek, bere aldetik, bere 18. opusa osatzen duten sei hari-kuartetoak 1798 eta 1800 artean idatzi zituen, 30 urte bete baino lehen, eta guztiek, itxuraz, estilo klasikoa erakusten dute. Matinée honetan interpretatuko den 6. Kuartetoko lehen mugimendua tonu komikoko tema batekin hasten da, bigarren tema dotoreago batean bihurtzen da eta tonu kezkagarriagoarekin amaitzen da. Bigarren mugimendua arduragabe hasten da, baina partiturak aurrera egin ahala desagertzen doa tonu hori. Eta ustekabeko azentu korapilatsuekin datorren hirugarren mugimenduaren (scherzoaren) ondoren, beharbada opus 18 kuarteto-bilduma osoaren orririk liluragarriena izango dena dator: 'Malinconia' izeneko azken mugimenduaren sarrera gisa balio duen pasarte geldoa.
Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Pablo Ferrandez biolontxelojoleak Xostakovitxen kontzertu zailei egingo die aurre Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programan

Robert Treviñok zuzenduko duen programa berri honek ordutegi berriak ditu, baita kontzertu-egun bat gehiago ere Donostian, eta sarrerak izango ditu salgai saio batzuetan. Iruñeko Baluarten programatuta zeuden bi saioak bertan behera geratu dira edukiera-mugen ondorioz.
Denboraldi honetako hirugarren kontzertu-programa ostiral honetan hasiko da, abenduak 4, eta datorren larunbatera arte iraungo du, hilak 12. Guztira, hamar saio izango dira: sei Donostiako Kursaalen, 4an, 10ean eta 12an (17:30 eta 19:30); bi Bilboko Euskaldunan, 9an (17:00 eta 19:30); eta beste bi Gasteizko Principalen, 11n (17:30 eta 19:30). Iruñeko Baluarten programatuta zeuden bi saioak bertan behera geratu direla ere iragartzen du orkestrak, Nafarroako Gobernuak emandako 100 pertsonako gehienezko edukierako murrizketa indarrean mantentzen baita oraindik, eta hiri iruindarreko 1.200 abonatuei sarrera ematea ezinezkoa delako egoera horretan. Programa honek sarrerak izango ditu salgai saio batzuetan eta euskadikoorkestra.eus webgunean, kontzertu-aretoen webguneetan eta txarteldegietan erosi ahal izango dira datozen egunotan.
10 saioak bi programatan banatuko dira: lehen zatia Xostakovitxi eta haren biolontxelorako bi kontzertuei eskainiko zaie, Pablo Ferrandezekin solista moduan, eta bigarrena, berriz, Schumannen 2. eta 4. sinfoniei.
Xostakovitxen biolontxelorako kontzertuak
Euskadiko Orkestrak hirugarren aldiz hartuko du Pablo Ferrandez. Oraingoan, Ferrandez-Treviño tandemak Dmitri Xostakovitx konpositore errusiarrak Mstislav Rostropovitxentzat idatzitako biolontxelorako bi kontzertuak jorratuko ditu. Instrumentu honen errepertorioko kontzertu fisiko eta zailenetako bat da 1. Kontzertua, eta gaur egun gehien interpretatzen den biolontxelorako kontzertuetako bat ere bai. Umore handiko kontzertua da, baina baita dimentsio tragiko handikoa ere, eta lazgarria. 2. Kontzertua zertxobait geroagokoa da, baina nahiko desberdina eta apur bat barnerakoiagoa. Xostakovitxek Rostropovitxen interpretatzeko moduaren "intentsitatea, adimenaren egonezina eta espiritualtasun handia" arakatu nahi izan zituen. Oso obra zailak dira, eta kategoria tekniko handiko bakarlari bat behar dute, energia eta adierazkortasun ikaragarrikoa. Treviñok erronka horri aurre egiteko Espainiako biolontxelojole handi Pablo Ferrandez ekarri nahi izan du.
Pablo Ferrandez
Biolontxelojole madrildar gaztea nazioarteko ibilbide meteoriko batean dago murgilduta eta Euskadiko Orkestraren Denboraldira itzuliko da, Donostiaren 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren baitako ICMA Awards sarien galan debuta egin eta 2019ko maiatzean errepikatu ostean. Hiru urterekin hasi zen biolontxeloan eta hamahiru urterekin Reina Sofia Goi Musika Eskolan sartu zen. Ferrandezek parte hartu duen lehiaketen artean Txaikovski Nazioarteko Lehiaketa dago, munduko ospetsuenetako bat, 2015ean irabazi zuena eta bere karrerari nazioarteko bultzada eman ziona. 29 urterekin Sony Classicalekin grabazio-kontratua sinatu berri du, eta 2021aren hasieran lehen emaitzak argitaratuko dituzte. Aparteko aipamena merezi du bere Stradivarius "Lord Aylesford" biolontxeloak, duela 5 urte Nippon Music Foundationek laga zionak. Stradivarius biolontxelo hau museoetan edo bilduma pribatuetan ez dagoen eta kontzertuetan erabiltzen jarraitzen den bakarrenetakoa da.
Schumannen sinfoniak
Kontzertuen bigarren zatia Schumannen bi sinfonietan zentratuko da: 4. Sinfonia ikaragarria, nahiko bisionarioa dena, garai hartan (1841) oraindik nahiko berritzailea zen egitura formal ziklikoa proposatzen duelako, eta 2. Sinfonia ikusgarria, biziki bitalista, Schumannek osasun mentaleko arazo larriak izan zitueneko garai batean idatzi zuen arren.
Kontzertuak: datak, ordutegiak, programak
1. Programa:
D. Xostakovitx
Biolontxelorako 2. kontzertua
R. Schumann
4. Sinfonia
- Abenduak 4, 17:30: Donostia (Kursaal Auditoriuma).
- Abenduak 7, 17:30: Iruña (Baluarte Auditoriuma). BERTAN BEHERA
- Abenduak 9, 17:00: Bilbo (Euskalduna Jauregia).
- Abenduak 10, 17:30: Donostia (Kursaal Auditoriuma).
- Abenduak 11, 17:30: Gasteiz (Principal Antzokia).
- Abenduak 12, 17:30: Donostia (Kursaal Auditoriuma).
2. Programa:
D. Xostakovitx
Biolontxelorako 1. kontzertua
R. Schumann
2. Sinfonia
- Abenduak 4, 19:30: Donostia (Kursaal Auditoriuma).
- Abenduak 7, 19:30: Iruña (Baluarte Auditoriuma). BERTAN BEHERA
- Abenduak 9, 19:30: Bilbo (Euskalduna Jauregia).
- Abenduak 10, 19:30: Donostia (Kursaal Auditoriuma).
- Abenduak 11, 19:30: Gasteiz (Principal Antzokia).
- Abenduak 12, 19:30: Donostia (Kursaal Auditoriuma).
Musikeneko 30 bat ikaslek hartuko dute parte Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programan

Musikeneko Orkestra Ikasketen Masterreko hogeita hamar bat ikasle Euskadiko Orkestraren egoitzan bildu dira aste honetan Iker Sanchezen gidaritzapean prestakuntza-entseguak egiteko.
Datorren astetik aurrera Euskadiko Orkestrako musikariek euren hurrengo kontzertu-programari, 'Enigmatikoa' izenekoari, ekiteko egingo dituzten entseguekin bat egingo dute ikasleek. Programa hori abenduaren 4tik 12ra izango da.
Urri hasieran iragarri genuen Euskadiko Orkestrak eta Musikenek orkestra bakarra osatu zutela lehen aldiz ezohiko kontzertu bat eskaintzeko, bi erakundeek izenpetzen duten Aula Jordá Gela lankidetza-hitzarmenaren baitako jarduera gisa. Orain jakinarazten dugu, hitzarmen horren esparruan berriro ere, Orkestra Ikasketen Masterreko hogeita hamar bat ikaslek parte hartuko dutela Euskadiko Orkestrak abenduaren 4tik 12ra eskainiko duen 'Enigmatikoa' kontzertu-programan, Abonu Denboraldiaren barruan.
Ikasle horiek aste honetan bildu dira Iker Sanchezen gidaritzapean entseguak egiteko. 'Enigmatikoa 'programa konplexu eta zorrotza da, Dmitri Xostakovitxen biolontxelorako bi kontzertuek eta Robert Schumannen 2. eta 4. sinfoniek osatua. Horregatik, beharrezkotzat jo da ikasleek entsegu-aldi bat egitea datorren astean orkestra profesionalarekin elkartu eta kontzertuen aurreko entsegu ofizialak egin aurretik.
Musikeneko Orkestra Ikasketen Masterreko aurtengo ikasturteko ikasleak dira, baina baita iazko ikasturteko beste batzuk ere; pandemiak eragindako atzerapenen ondorioz formazioa burutzeko beharrezkoak diren orkestra-praktikak egiteke dituzten ikasleak, hain zuzen.
   Aula Jordá Gelaren baitan lankidetza emankorra
 2012 urtean Elkarlanerako Lehentasunezko Hitzarmen Instituzionala martxan jarri zenetik, kezka eta helburu komun asko dituzten bi erakunde aliatu bilakatu dira Euskadiko Orkestra eta Musikene. Garrantzitsuena, horien artean, musika hezkuntza-mailan eta arlo profesionalean bultzatzea da. Abiapuntu horretatik, asko dira gauzatu bi erakundeek gauzatu dituzten ekimenak eta beren emaitzak oso positiboak izan dira. Nabarmentzekoak dira Orkestra Ikasketa Masterra eta Euskadiko Orkestraren bakarlari gonbidatuen ikasgai magistralak.
Euskadiko Orkestrak larunbat honetatik aurrera 20/21 Denboraldiko kontzertuak eskainiko ditu ETBn eta bere YouTubeko kanalean

ETB2k larunbatetan eta 11:00etan emango ditu beti kontzertuok, azaroaren 28an hasita, eta 2021eko uztailera arte.
Telebistako emisioak egin ahala, Euskadiko Orkestrak publikoaren eskura jarriko ditu kontzertuotan interpretatutako obrak bere YouTubeko kanalean.
Modu presentzialean publikoarengana iristeko gaur egun dagoen zailtasunari aurre egiteko formula gisa, Euskadiko Orkestra berriz aliatu da EiTBrekin, oraingo honetan Denboraldiko kontzertuen grabazio eta zabalkunderako. Larunbat honetan hasita, azaroak 28, 11:00etan, eta 2021eko uztailera arteko beste larunbat batzuetan, ETB2k banan-banan emango ditu Euskadiko Orkestrak Denboraldi honetan Bilboko Euskalduna Jauregian eskainiko dituen kontzertu guztiak.
Euskadiko Orkestrak eta EiTBk elkarrekin ‘Euskadiko Orkestra Martxan!’ izenburupean aurtengo maiatz eta uztaila bitartean eskaini zituen emisioei gehitzen zaie saio-sorta berri hau. Covid-19 pandemiaren lehen olatuaren eta horren ondoriozko itxialdiaren ostean lehendabizikoz eszenatokira itzuli zen Euskadiko Orkestra aipatu ekimen horri esker (Estatuko lehen orkestra eta Europako lehenengoetakoa izan zen martxan jartzen eta eszenatoki gainean berriz biltzen). Une hartan, tamaina txikiko orkestrarekin (gehienez 50 musikarirekin) ateak itxita 8 kontzertuko denboraldi txiki bat eskaini zuen, lehendabizi ETB2n eta ondoren orkestraren YouTubeko kanalean, zeinean 10.000 bistaratze baino gehiago pilatu dituen.
Orain Denboraldiko kontzertuak dira ETB2n eta YouTuben emateko grabatzen ari direnak. Indarrean dauden murrizketen ondorioz publiko gutxiagoren aurrean ari da eskaintzen orkestra kontzertuok auditorio gehienetan.
ETB2ko emisioen egutegia
13 kontzertu ematea aurreikusten da, guztiak Bilboko Euskalduna Jauregian grabatuak. ETB2k beti larunbatetan eta 11:00etan eskainiko ditu kontzertuok, azaroaren 28an hasita, eta 2021eko uztailera arte, salbuespen bakarrarekin: Gabon Kontzertua, ostiralez emango dena, abenduaren 25ean.
ETB2ko emisioaren data | Kontzertu-programa | Noiz/non grabatua | Artistak |
Azaroak 28 (11:00) | Schubert (1) | Irailak 30, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria) |
Abenduak 12 (11:00) | Schubert (2) | Irailak 30, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria) |
Abenduak 25 (11:00), Gabon Kontzertua | Enigmatikoa (1) | Abenduak 9, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria), Pablo Ferrández (biolontxeloa) |
Urtarrilak 9 (11:00) | Enigmatikoa (2) | Abenduak 9, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria), Pablo Ferrández (biolontxeloa) |
Urtarrilak 23 (11:00) | Wagner | Azaroak 4, Euskalduna Jauregia | Michel Tabachnik (zuzendaria), Rinat Shaham (mezzosopranoa) |
Otsailak 6 (11:00) | Aire nordikoa (1) | Urtarrilak 16, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria) |
Otsailak 20 (11:00) | Aire nordikoa (2) | Urtarrilak 16, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria) |
Martxoak 6 (11:00) | Bizirik | Otsailak 3, Euskalduna Jauregia | Ruth Reinhardt (zuzendaria) |
Apirilak 3 (11:00) | Bidaiak | Martxoak 17, Euskalduna Jauregia | Gemma New (zuzendaria), Vadim Gluzman (biolina) |
Maiatzak 1 (11:00) | Bruckner | Apirilak 10, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria) |
Maiatzak 29 (11:00) | Gazteak | Maiatzak 5, Euskalduna Jauregia | Hans Graf (zuzendaria), Birgit Kolar (biolina) |
| |||
Uztailak 3 (11:00) | New York | Ekainak 16, Euskalduna Jauregia | Robert Treviño (zuzendaria), Nikolai Lugansky (pianoa) |
Datek, bereziki denboran urrutien daudenek, aldaketak jasan ditzakete. Gerturatu ahala konfirmatuko dira euskadikoorkestra.eus webgunean eta Euskadiko Orkestraren sare sozialetan.
Obrak eskuragai YouTuben
Telebista-saioak gauzatu ahala, Euskadiko Orkestrak kontzertuak YouTubeko bere kanalera igoko ditu, obraz obra.
Martxoko itxialdiaren hasieratik orkestra apustu nabarmena ari da egiten arlo digitalean kalitatezko ikus-entzunezko edukiak sortu eta zabaltzeko eta dagoeneko 7.000 harpidedun inguru ditu YouTubeko kanalean. Denboraldi honetan beste urrats bat emango du kontzertuen gehiengoa plataformara igoz.
Hezkuntza eta Gizarte Kontzertuen Antolatzaileen Sarearen (ROCE) XI. Topaketa abenduaren 17an izango da Tenerifen

‘Musika komunitatean. Parte-hartzea, inklusioa eta ongizatea' izenburua duen aurtengo edizioa gai horien inguruan diharduten diziplina anitzeko profesionalei zuzenduta dago, eta abenduaren 7ra arte egongo da izena emateko aukera.
Euskadiko Orkestra ROCEren sortzaileetako bat da, eta Mikel Cañada Euskadiko Orkestrako Musika Gelako koordinatzailea da sarearen egungo presidentea.
Abenduaren 17an, Hezkuntza eta Gizarte Kontzertuen Antolatzaileen Sarearen (ROCE) XI. Topaketa egingo da Tenerifeko Auditorioan, eta honako hauei zuzenduta egongo da: musikako profesionalei, ikertzaileei, musikologoei, gizarte-kolektiboetako arduradunei, hezitzaileei, gizarte-langileei, kultura-bitartekariei, psikologoei, pedagogoei, psikopedagogoei eta gaian interesa duten beste pertsona batzuei. Topaketak nazioarteko ponentziak, solasaldiak, lan-mahaiak eta komunikazioak barne hartuko ditu, etorkizuneko proiektu eta estrategia komunak ezagutzeko, bateratzeko eta abiapuntu bat proposatzeko helburuarekin.
ROCE irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 2010ean sortu zuten hainbat erakundek, tartean Euskadiko Orkestrak, eta gaur egun hogei bat erakunde ditu kide. Haren helburuen artean daude, besteak beste, elkartutako erakundeen hezkuntza- eta gizarte-ekintzak koordinatzea eta lankidetza sustatzea, kultura-erakundeetan hezkuntza- eta gizarte-sailak sor daitezen bultzatzea edo arlo horretako diziplinarteko proiektuen diseinua eta garapena sustatzea. Gaur egun, elkarteko presidentea Mikel Cañada da, Euskadiko Orkestrako Musika Gelako koordinatzailea ere badena.
Topaketari buruzko informazio guztia rocemusica.org-en. Izen-ematea doakoa izango da eta abenduaren 7a baino lehen egin beharko da webgune horren bitartez.
Informazio gehiago
ROCEren webguneaArima Boskoteak eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Euskadiko Orkestrako musikariek osatzen duten taldeak Mozarten eta Mendelssohnen bi bioladun kintetoak eskainiko ditu larunbat honetan, azaroak 14, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean.
Miramongo Matinéeek aurrera jarraitzen dute 20/21 Denboraldiko laugarren hitzorduarekin, kasu honetan Arima Boskoteak eskainiko duena, ‘Bi bioladun kintetoak’ izenburupean, larunbat honetan, azaroak 14, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Hasiera batean maiatzerako programatuta zegoen kontzertu hau berreskuratu egin nahi izan du Euskadiko Orkestrak Miramongo Matinéeen 20/21 Denboraldian, lehen aldian Covid-19aren pandemiaren ondorioz bertan behera geratu baitzen.
Euskadiko Orkestrako musikariek osatzen dute boskote hau: Laura Balboa (biolina), Xabier de Felipe (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola), Monika Mazur (biola) eta Jon Larraz (biolontxeloa)
Matinée honetan boskoteak aurkeztuko dituen bi kintetoak helduaroko lanak dira, bi kasuetan egilea hil baino urte gutxi batzuk lehenago konposatuak.
Lehen obra Wolfgang Amadeus Mozarten 4. Kintetoa izango da. Mozart estilo klasikoaren ordezkari handia izan zen, eta kontzertuaren, sinfoniaren, sonataren eta operaren formak perfekziora eraman zituen. Kinteto hau osatzeko aukeratutako sol minor tonalitateak krisi existentzialaren kolorea du, eta konpositorearentzat ezkutuko mina adierazten du. Mozartek bere 25. eta 40. sinfonietarako ere erabili zuen, baita kinteto honen urte berean (1787) sortu zuen Don Giovanni operako pasarte giltzarrietarako ere, bere aitaren heriotzan inspiratutakoa. Mozartek beti izan zuen hari-boskotearen aldeko joera berezia, batez ere biola-bikotearekin osatutako boskoteen aldekoa, asko gustatzen baitzitzaion instrumentu hau eta berak ere jotzen baitzuen. Bi biola hauek betiereko biolin-bikotearen ispilu bezala ikus daitezke, euren sonoritate bero eta grabea ganbera-musika formazioari eskainiz.
Matinéeko bigarren obra Felix Mendelssohnen 2. Kintetoa izango da. Mendelssohn, estilo zehatz baten aitzindaria izan ez zen arren, XIX. mendeko konpositorerik garrantzitsuenetakotzat hartzen da. Bankari baten semea eta intelektualez inguratua, heziketa osoa eta bizitza oparoa izan zituen. Kinteto honetako si bemol maior tonalitatea arazorik gabeko gizon baten pozarekin lotu daiteke. Aipatzekoa da kanturako zuen joera, aro klasikotik heredatua, lehen biolinaren zatiko lerro melodikoan ikusten dena. Nabarmentzekoak, baita ere, hirugarren mugimenduko ostinatoa (nahiko beethoveniarra batzuetan, bere motibo erritmikoak protagonismoa kentzen dio temari) eta kontrapuntuaren erabilera azken fugatoan.
Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Euskadiko Orkestrak eta Kursaal Eszenak ‘Ekomusik’ programatu dute, musika ekologiarekin lotzen duen Musika Familian kontzertua

6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako Musika Familian kontzertu baten eszenatoki bihurtuko da Kursaaleko Ganbera aretoa larunbat honetan, azaroak 14, 18:00etan. ‘Ekomusik’ Euskadiko Orkestraren Musika Gelaren ekoizpena da, eta musika klasikoaren eta ekologiaren arteko harreman zuzena irudikatzen saiatuko da.
Sarrerek 7€ eta 3€ (12 urtetik beherakoentzat) balio dute eta Kursaaleko leihatilan, kursaal.eus webgunean eta euskadikoorkestra.eus-en eros daitezke.
Harizko eta perkusiozko instrumentuz eta klabezinaz osatutako talde bat, gehienbat Euskadiko Orkestrako musikariek osatua eta antzinako musikan aditu Enrike Solinisek zuzendua, errepertorio barrokoan barneratuko da, instrumentuen eta naturaren arteko harreman estua erakusteko. Pandemiaren aurretik ehunka haurrei orkestraren Eskola kontzertuen baitan aurkeztu zitzaien ekoizpena da, eta orain Musika Familian kontzertu gisa berreskuratu da, musikaren bidez gure planeta zaintzeko beharraz jabetzeko.
Kontzertuak iraungo duen berrogeita hamar minutuetan jasota geratuko dira bi ideia nagusi: batetik, Barrokoaren garaian konpositoreek naturako elementuak irudikatzeko joera zutela eta, bestetik, hari-instrumentuak artisau moduan eraikitzen jarraitzen direla, ingurumena errespetatuz.
Proiektu berri honen ideia Mikel Cañada Euskadiko Orkestrako Musika Gelako koordinatzaileari dagokio, eta gidoia Pasadas las 4 antzerki-taldearekin batera egin du. Kontzertu honen aurkezle Patrizia Eneritzek natura zaintzearen eta gure planeta zaintzearen garrantzia modu harrigarri eta oso didaktikoan transmititzeko lana izango du.
Interpreteak eta gidoia
Antoni Kosc*, Ricardo Ruiz*, Miren Zeberio, biolina
Delphine Dupuy*, biola
Gabriel Mesado*, biolontxeloa
Mehmet Sönmez*, kontrabaxua
Bruno Claverie*, piccoloa
Héctor Marqués*, perkusioa
Pedro José Rodríguez, klabezina
Enrike Solinís, zuzendaritza, gitarra barrokoa, tiorba, gitarra elektrikoa
Mikel Cañada, ideiaren sortzailea eta Musika Gelaren koordinatzailea
Pasadas las 4, gidoia
Patrizia Eneritz, aktorea eta aurkezlea
*Euskadiko Orkestraren kidea
Programa: errepertorio barrokoa
Gaspar Sanz [1640-1710]: Marionas
André Danican Philidor L’ainé [1652-1730]: Bourrée D’ Avignonez
Antonio Vivaldi [1678-1741]: Bi biolin, laute eta kontinuorako ganbera kontzertua
Anonimoa: Canario
Jean-Baptiste Lully [1632-1687]: Le Bourgeois gentilhomme. Dantza-suitea
Antonio Vivaldi [1678-1741]: Biolin, hari-orkestra eta kontinuorako 2. kontzertua. Lau urtaroak: Uda (III. Allegro)
Johann Sebastian Bach [1685-1750]: Orkestrarako 3. suitea (II. Air) Pierre Attaignant [1494-1551]: Pavana
Anonimoa: Itsasoa laino dago
Pedro Guerrero: Moresca
Antonio Vivaldi [1678-1741]: Biolin, hari-orkestra eta kontinuorako 4. kontzertua. Lau urtaroak: Negua (I. Allegro non molto)
Jean Philippe Rameau [1683-1764]: Les Boréades. Suite
Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkarteak (AEOS) kultur jarduerari eusteko konpromisoa sinatu du

Estatuko orkestrak biltzen dituen elkarte honen kide denez gero, Euskadiko Orkestrak ere konpromiso horri heldu nahi izan dio.
Covid-19aren ondorioz bizi dugun egoera zail honetan, Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkarteak (AEOS) ezohiko bilera izan zuen atzo bere kide diren 35 orkestrekin, eta guztien adostasunez honako manifestua atera nahi izan du (ikus behean). Euskadiko Orkestrak ere bat egiten du hitz hauekin eta horregatik zabaldu nahi du bere kanalen bidez manifestua.
AEOSen batzarrak ezohiko bilera egin zuen 2020ko azaroaren 3an, gure herrialdeak eta gure sektoreak bizi dituzten egoera zailak aztertzeko, eta honako hau adierazi nahi du:
- Orkestra sinfonikoen jarduerari eusteko konpromisoa, prebentzio-protokoloetatik eratorritako eskakizunetara egokituz eta osasun-agintariek zehazten dituzten eta kultura langileentzako eta publikoarentzako gune segurua dela erakutsi duten neurriak zorrotz betez.
- Orkestra sinfonikoetako irakasleei eta administrazioko langileei aintzatespena ematea, gure ustez funtsezkoa den kultur jarduera batekin jarraitzeko hartu duten inplikazioagatik eta egin duten ahaleginagatik.
- Eskerrak eman nahi dizkiogu gure publikoari azken hilabete hauetan leialtasuna eta babesa erakutsi baitizkigu hurbiltasunarekin eta asistentziarekin.
- Musika-jarduerari eusteko ahalegin guztiak egiten ari diren erakundeekiko, administrazio publikoekiko eta enpresekiko aintzatespena eta konpromisoa, osasun-egoera zaila den arren, lehentasunezkoa baita.
Azkenik, AEOSek aldarrikatzen du musika funtsezko zerbitzu gisa mantentzeko formulak aurkitu behar direla, antzoki eta auditorio irekiekin.

Informazio gehiago
AEOSFagota protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean

‘Fagotaren bidaia Europako erdigunera’ izeneko kontzertuan Barrococo taldeak Krommer, Telemann eta Reicharen obrak eskainiko ditu larunbat honetan, azaroak 7, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean.
Miramongo Matinéeek aurrera jarraitzen dute 20/21 Denboraldiko hirugarren hitzorduarekin, kasu honetan Barrococo seikoteak eskainiko duena, ‘Fagotaren bidaia Europako erdigunera’ izenburupean, larunbat honetan, azaroak 7, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Hasiera batean maiatzerako programatuta zegoen kontzertu hau berreskuratu egin nahi izan du Euskadiko Orkestrak Miramongo Matinéeen 20/21 Denboraldian, lehen aldian Covid-19aren pandemiaren ondorioz bertan behera geratu baitzen.
Euskadiko Orkestrako bost musikari daude seikote honetan: Anne-Marie Harmat (biolina), Mikel Ibañez (biolina), Arkaitz Martinez (biola), Jon Larraz (biolontxeloa) eta Anne-Charlotte Lacroix (fagota). Charo Indartek osatuko du taldea klabezinean.
Vivaldiri esker, duela mende batzuk, fagota grabeen eta baxu jarraituaren itzaletik irten zen instrumentu bakarlari bezala tokia hartzeko. Barrococok 18/19 Denboraldian kontzertu bat eskaini zuen fagota protagonismoa hasi zeneko une hori arakatzeko, Vivaldi beraren, Reichenauerren eta Devienneren lanekin. Matinée berri honek instrumentu honi funtsezko rola ematen jarraituko du, oraingoan Krommer, Telemann eta Reicharen lanekin, zeintzuetan fagota hari-formazio batekin uztartzen den.
Lehen obra Franz Krommerren Fagota, bi biola eta biolontxelorako 1. Kuartetoa izango da. Jatorriz txekiarra izan arren, garai klasikoko konpositore germaniarrik garrantzitsuenetakotzat hartzen da Krommer, J. Haydn, W.A. Mozart eta C.P.E. Bachekin batera. Kuarteto honetan fagotak ahots nagusia du, bakarlari bezala, baina multzoa homogeneoa da eta ganbera-musikako une atsegin bat eskainiko du.
Ondoren Georg Philipp Telemannen bi obra eskainiko ditu Barrococok: Bi biolin eta kontinuorako trioa eta Bi biolin, fagot eta kontinuorako kuartetoa. Barroko garaiko konpositore alemaniar ospetsuenetako bat da Telemann.
Kontzertua jatorri txekiarreko konpositore frantziar Anton Reicharen Fagot eta hari laukoterako bariazioekin amaituko da. Hari-orkestra batekin interpretatzen da, fagotaren birtuosismoa are gehiago nabarmentzeko.
Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
