Asteazkena 04 Azaroa, 2020

Euskadiko Orkestraren 'Wagner' programa eitb.eus-en eta euskadikoorkestra.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da gaur arratsaldean

Euskadiko Orkestraren 'Wagner' programa eitb.eus-en eta euskadikoorkestra.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da gaur arratsaldean

Gaur, 20:15ean, Bilboko Euskalduna Jauregitik zuzenean eskainiko du Euskadiko Orkestrak bere bigarren kontzertu-programa.

Edukiera eta mugikortasuna murrizteak eragin handia izan du kontzertuen bigarren programa honetan. Hori dela eta, kontzertuetara joaterik ez dutenek Wagnerri eskainitako kontzertu hau zuzenean ikusteko aukera izango dute eitb.eus-en eta Euskadiko Orkestraren webgunean. Michel Tabachnikek zuzenduko du eta Rinat Shaham mezzosopranoa izango da artista gonbidatua.

Murrizketa berriak direla-eta, planteamendu berriak diseinatu behar dira, jarduerari eutsi ahal izateko. Horregatik, EITBk eta Euskadiko Orkestrak beste pauso bat eman dute euren elkarlan estuan, eta, oraingoan, denboraldiko kontzertuak grabatzeaz eta ondoren ETB2n emateaz gain, gaur arratsaldean, eitb.eus-en eta euskadikoorkestra.eus-en zuzenean jarraitzeko aukera ere izango da.

 

Programa

 

R. WAGNER:
Sigfridoren idilioa
Wesendonck Lieder

W. A. MOZART:
35. Sinfonia, ‘Haffner'

MICHEL TABACHNIK, zuzendaria
RINAT SHAHAM, mezzosopranoa

 

 

Emisioa: 20:15

 

EITB:  https://www.eitb.eus/eu/kultura/zuzenean/ 

EUSKADIKO ORKESTRA: euskadikoorkestra.eus

 

Asteazkena 28 Urria, 2020

Euskadiko Orkestrak Wagnerri eskainiko dio hurrengo kontzertu-programa Michel Tabachniken zuzendaritzapean eta Rinat Shaham mezzosopranoarekin

Euskadiko Orkestrak Wagnerri eskainiko dio hurrengo kontzertu-programa Michel Tabachniken zuzendaritzapean eta Rinat Shaham mezzosopranoarekin

Wagnerren 'Sigfridoren idilioa' eta 'Wesendonck Lieder' lanek ardaztuko dute Euskadiko Orkestraren 20/21 Denboraldiko bigarren kontzertu-programa hau, Mozarten '35. Sinfonia'-rekin, ‘Haffner’ delakoarekin, osatuko dena. Programa honek Fundación Banco Sabadellen lankidetza du.

Erromantizismo musikalaren hastapenetan funtsezko pertsonaia izan zen Franz Schuberten sinfonia-ziklo batekin Denboraldia inauguratu ostean, Euskadiko Orkestrak Richard Wagnerrengan jarriko du arreta bigarren kontzertu-programan. Musikagile alemaniarrak opera corpus bat sortu zuen, non maitasuna, erlijioa edo filosofia bezalako gai handietara hurbildu zen, mugimendu artistiko honen heldutasun aldiaren muina direnak. Michel Tabachnikek zuzenduko ditu Sigfridoren idilioa eta bost Wesendonck Liederrak, zeintzuk Rinat Shahamek defendatuko dituen, une honetan munduan eskaera gehien jasotzen ari den mezzosopranoetako batek, alegia. Kontzertuak Wolfgang Amadeus Mozarten 35. Sinfoniarekin amaituko dira, “Haffner” izenekoarekin.

Kontzertu-programa honek zailtasunak izan ditu Covid-19ren munduko pandemiak sortutako egungo egoerarekin lotuta. Euskadiko Orkestrak pasa den ostiralean iragarri zuen indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz bi saio berri programatuko dituela azaroaren 5ean eta 6an Kursaal Auditoriumean, Donostian aurreikusita zeuden lau saioez gain, eta azaroaren 3an Iruñean programatuta zegoen kontzertu bikoitza bertan behera utziko duela. Urriaren 29tik azaroaren 9ra egingo den 'Wagner' kontzertu-programa honela geratuko da:

 

Donostia: 6 saio

  • Urriak 29, 19:30.
  • Urriak 30, 19:30.
  • Azaroak 5, 18:00.
  • Azaroak 5, 20:15.
  • Azaroak 6, 18:00.
  • Azaroak 6, 20:15.

Gasteiz: 2 saio

  • Azaroak 2, 20:00.
  • Azaroak 9, 20:00.

Bilbo: 2 saio

  • Azaroak 4, 18:00.
  • Azaroak 4, 20:15.

Iruña:

  • Azaroak 3. BERTAN BEHERA.

 

Kontzertu-agenda berri honez gain, aipatzekoa da mugikortasun-neurri berriek abonatu batzuei eragingo diela eta horren aurrean Euskadiko Orkestrak zera iragartzen du: Denboraldiaren amaieran abonuaren ordainketaren prezioari dagokion doikuntza egingo da. Bestalde, kontzertu hauetarako ez da sarrerarik jarriko salgai, indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz.

 

 

Sekulako ibilbidea duen zuzendari bat

 

Michel Tabachnikek (Geneva, 1942) Herbert von Karajanen babespean hasi zuen bere ibilbidea –Berlingo Orkestra Filarmonikoa zuzentzera gonbidatu zuen sarritan–, eta Igor Markevitxen eta Pierre Boulezen laguntzaile aritu zen. Tabachnikek –konpositorea izateaz gain, saiakerak eta eleberriak ere idatzi ditu– harreman luzea izan du Europako orkestra garrantzitsuenetako batzuekin: Lisboako Gulbenkian orkestrarekin, Holandako Iparraldeko Orkestrarekin edo, berrikiago, Bruselako Orkestra Filarmonikoarekin –2008tik 2015era zuzendu zuen, eta, orain, zuzendari emeritua da–. Jaso zuen prestakuntzari esker, Wagnerren musikaren ezagutza sakona du Tabachnikek; izan ere, Karajanek eta Boulezek irizpide erabat kontrajarriak zituzten alemaniarraren musika jorratzeko orduan, baina, biak ala biak esanguratsuak.

Oraingo honetan, Tabachnikek konpositore alemaniar ezagunaren bi obrari egingo die aurre Euskadiko Orkestrarekin batera. Alde batetik, Sigfridoren idilioa poema sinfonikoa, zeinaren musika urte batzuk geroago Wagnerrek Sigfrido operarako erabiliko zuen, eta, bestetik, Wesendonck Lieder, 1857an idatzitakoa Tristan eta Isolda operan lanean ari zen bitartean. Bi obrek ezkontzaz kanpoko harremanekin lotutako historia dute atzean. Wagnerrek Sigfridoren idilioa 1870ean idatzi zuen, Franz Liszten alaba zen Cosimarekin ezkondu eta handik hilabete gutxitara. Cosimarekin hainbat urtez maitasun-harremana izan zuen, artean emakumea Wagnerren musikaren defendatzaile sutsua zen Hans von Bülow zuzendariarekin ezkonduta zegoela. Wesendonck Lieder aurretik idatzi zuen Wagnerrek, 1858an, ezkontzaz kanpoko harreman batean murgilduta zegoenean, oraingoan Mathilde Wesendonckekin, Minna Planer emazte zuen bitartean. Mathilde Wesendonckek olerki sorta bat idatzi zuen eta Wagnerrek musika jarri zien (lan horrek Tristan eta Isoldaren zati batzuetarako balio izan zion).

Wagnerren musikari ohore egin ondoren, gaurko kontzertua oso tonu desberdin batean amaituko da, lan klasiko eta askoz arinago batekin: Mozarten 35. Sinfonia, «Haffner». Mozartek musika noble, distiratsu eta arranditsua konposatu zuen sinfonia honetarako; baina, originaltasun batzuk eta espiritu dramatikoa ere eman zizkion, Vienako garaian garatuko zituen interesen (bereziki antzerkikoen) aurrekari.

 

 

Une honetako mezzosoprano garrantzitsuenetako bat

 

Maitasun debekatua islatzen duten Wesendonck Lieder kantuak interpretatzeko, mezzosoprano aparta bat dugu, Rinat Shaham, Bizeten Carmenen interpretatzailerik onenetako bat. Mundu osoko 45 antzokitan baino gehiagotan abestu du rol hori. Baina, Shahamen errepertorioa oso zabala da; sarritan, Lully, Purcell, Marcello eta beste autore barroko batzuk eta Gershwin, Bartok eta XX. mendeko beste konpositore batzuk barnean hartzen ditu. Azken horren opera batekin (Bizarrurdinen gaztelua), debuta egin zuen gure orkestrarekin batera 2019ko udan. Besteak beste, Simon Rattle, Christoph Eschenbach, Mark Elder, William Christie, Andre Previn eta Leonard Slatkin zuzendariekin kolaboratu du Shahamek.  

 

 

Fundación Banco Sabadell lankide

 

Kontzertu-programa honek Fundación Banco Sabadellen lankidetza du.

 

 

Asteartea 27 Urria, 2020

Mugikortasun-mugek hurrengo kontzertu-programan duten eraginari buruz

Mugikortasun-mugek hurrengo kontzertu-programan duten eraginari buruz

Abonatu agurgarria:

Eusko Jaurlaritzak urriaren 26an ezarritako dekretuak mugatu egiten du pertsonak bizilekua duen udalerriko mugarte bakoitzetik sartu eta ateratzea. Kulturaren arloan zera ezarri da: jarduera egiten den udalerriarekin mugakide den herri batean bizi diren pertsonek ere joan ahal izango dutela ekintzara. Sarrera/abonamenduaren aurkezpenaren bidez justifikatu beharko da desplazamendua.

Horretarako, arau honek zuri eragiten badizu eta datozen egunetan (urriaren 29tik azaroaren 9ra) Euskadiko Orkestrak programatutako kontzertura joaterik ez baduzu, Denboraldiaren amaieran zure ordainketaren prezioari dagokion doikuntza egingo dugu.

Larunbatetik COVID-19ren aurkako arau berria, ekitaldi kulturalak 21:00etan amaitzera behartzen duena, indarrean sartu bazen ere, Euskadiko Orkestrak 20:00etan mantenduko du gaurko kontzertua, ordubeteko iraupena izango baitu.  

 

 

Ostirala 23 Urria, 2020

Euskadiko Orkestrak edukiera-murrizketen ondoriozko aldaketak iragarri ditu hurrengo kontzertu-programan

Euskadiko Orkestrak edukiera-murrizketen ondoriozko aldaketak iragarri ditu hurrengo kontzertu-programan

Bi saio berri programatuko ditu azaroaren 5ean eta 6an Kursaal Auditoriumean, Donostian aurreikusita zeuden lau saioez gain, eta azaroaren 3an Iruñean programatuta zegoen kontzertu bikoitza bertan behera utziko du.

Azken egunetan Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan iragarritako murrizketa berrien ondorioz, orkestrak egoerara egokitu egin behar izan du bere kontzertuen denboraldiaren garapenarekin aurrera jarraitzeko.

Eusko Jaurlaritzak duela gutxi ezarritako murrizketek (gehienez 400 pertsona izatea auditorioetan) ez dute eraginik izango Gasteizen eta Bilbon aurreikusitako kontzertu kopuruan eta ordutegietan, bai, ordea, Donostian programatutako kontzertuetan. Gipuzkoako hiriburuan, Euskadiko Orkestrak Kursaaleko publikoa birbanatu egingo du, bi saio berri programatuz eta, ondorioz, programa bereko sei kontzertu eskainiko ditu.

Iruñeari eta Nafarroako Gobernuak emandako 100 pertsonako gehienezko edukierako egungo murrizketari dagokienez, orkestrak bertan behera utzi behar izan ditu azaroaren 3an Baluarten antolatutako bi kontzertuak, hiri iruindarreko 1.200 abonatuei sarrera ematea ezinezkoa delako egoera horretan.

Urriaren 29tik azaroaren 9ra egingo den 'Wagner' kontzertu-programa honela geratuko da:

Donostia: 6 saio

  • Urriak 29, 19:30.
  • Urriak 30, 19:30.
  • Azaroak 5, 18:00.
  • Azaroak 5, 20:15.
  • Azaroak 6, 18:00.
  • Azaroak 6, 20:15.

Gasteiz: 2 saio

  • Azaroak 2, 20:00.
  • Azaroak 9, 20:00.

Bilbo: 2 saio

  • Azaroak 4, 18:00.
  • Azaroak 4, 20:15.

Iruña:

  • Azaroak 3. BERTAN BEHERA.


Ziurgabetasun egoera honen aurrean eta Denboraldian zehar egon daitezkeen murrizketen berri ez izatean, Euskadiko Orkestrak programaz programa hartuko ditu erabakiak eta hala jakinaraziko dizkie abonatuei. Egungo murrizketek sarrerak saltzeko aukera guztiak baliogabetzen ditu.

Euskadiko Orkestrak eskerrak eman nahi dizkie bere abonatuei Denboraldiaren hasieran jasotako erantzun bikainagatik, eta konplizitatea eta pazientzia eskatzen jarraitzen du egoera berri honi aurre egiteko; izan ere, egoera horretara egokitzen jarraitu behar du, jarduerari eutsi ahal izateko.

Informazio gehiago

Kontzertuaren fitxa
Osteguna 22 Urria, 2020

Haizea eta pianoa larunbat honetako Miramongo Matinéean

Haizea eta pianoa larunbat honetako Miramongo Matinéean

‘Haize erromantikoak’ izeneko kontzertuan, lau haize-instrumentuz eta pianoaz osatutako boskote batek Louis Spohrren eta Nikolai Rimski-Korsakoven kinteto bana eskainiko du larunbat honetan, urriak 24, 11:00etan, Miramon Auditoriumean.

Duela bi larunbat Miramongo Matinéeen 29. edizioa arrakastaz inauguratu ostean, larunbat honetan, urriak 24, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika Denboraldiko kontzertuetako bigarrena izango da. Bertan, Haizea eta Pianoa boskoteak ‘Haize erromantikoak’ izeneko kontzertua eskainiko du. Hasiera batean apirilerako programatuta zegoen kontzertu hau berreskuratu egin nahi izan du Euskadiko Orkestrak Miramongo Matinéeen 20/21 Denboraldian, lehen aldian Covid-19aren pandemiaren ondorioz bertan behera geratu baitzen.

Boskote honen osaeran, haize-instrumentuak jotzen dituzten taldeko lau musikariak orkestrako kideak dira: Bruno Claverie (flauta), Juan Navarro (klarinetea), Marco Caratto (fagota) eta Adrián García Carballo (tronpa). Pedro José Rodríguez pianojoleak osatuko du boskotea.

Konpositore gehienek oso gutxi erabiltzen duten formazio instrumental batez osatutako bi kinteto entzungo ditugu Miramongo Matinée honetan. Beraz, oso litekeena da bi konposizio hauek enkarguz sortutako obrak izatea.

Louis Spohr konpositore, biolinjole eta orkestra-zuzendariaren Pianorako eta haizetarako kintetoarekin hasiko da kontzertua. Bere ekoizpenak biolinerako hamabost kontzertu eta hamar opera biltzen ditu, horietatik bi bakarrik programatzen diren arren: Fausto eta Jessonda. Oratorioak ere konposatu zituen (Alemaniako Erromantizismoan indartsu itzuli zen formula musikal bat). Bere konposizio-estiloa beethoveniar kontzeptutik oso gertukoa da, schubertiar ereduetatik gehiegi urruntzen ez den garapen tematiko batekin.

Matinéea amaitzeko Nikolai Rimski-Korsakoven Flauta, klarinete, tronpa, fagot eta pianorako kintetoa interpretatuko du boskoteak. Musikagile errusiarra 'Bostak’ izeneko taldearen kide izan zen, Balakirev, Cui, Musorgski eta Borodinekin batera. Rimski abesti herrikoietan interes berezia izateagatik bereizten da haiengandik. Berak bildu eta landu zituen eslaviar tradizioko kantu zahar ugari, natura gurtzen zutenak. Horrela, bada, Rimskiren eskutik hurbilduko gara ekialdeko kondaira, magia eta lurrinen mundu horretara. Sentiberatasun eta atmosfera unibertso oso bat, paleta instrumental eta harmonikoaren ezagutza dotore eta bikainarekin sortuak.

Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da sarrerarik salgai jarriko kontzertu honetarako, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Asteazkena 21 Urria, 2020

Euskadiko Orkestrak Fernando Velázquezen ‘Biolontxelorako kontzertua’ grabatu du haren zuzendaritzapean eta Johannes Moserrekin bakarlari moduan

Fernando Velázquez eta Johannes Moser Euskadiko Orkestrarekin. Argazkia: David Herranz.
Fernando Velázquez eta Johannes Moser Euskadiko Orkestrarekin. Argazkia: David Herranz.

Zuzendari getxotarrak, Euskadiko Orkestrarekin sarri kolaborazio emankorrak egiten dituenak, modu independentean sortutako musika sinfoniko propioaren grabazioan jarri du arreta oraingoan. 

Lehen mailako biolontxelojole alemaniar-kanadar Johannes Moser izango da Euskadiko Orkestraren bakarlari gonbidatua Velázquezen ‘Biolontxelorako kontzertua’ grabatzeko, konpositorearen beraren zuzendaritzapean.

Fernando Velázquez orkestra-zuzendariaren eta Euskadiko Orkestraren arteko lankidetza oparoak fruitu gehiago ematen jarraitzen du 20/21 Denboraldi honetan. Urte honetako apiril eta uztail artean hainbat bideoklip sareratu ziren, zeintzuetan Izaro eta Huntzak eremu sinfonikora jauzi egin zuten Euskadiko Orkestraren eta Fernando Velázquezen eskutik; eta bideoklip horiek dagoeneko milioi bat bistaratze baino gehiago izan dituzte. Horrez gain, irail amaieran iragarri genuen orkestra eta Velázquez presente izango zirela Donostia Zinemaldian Patria eta Hil kanpaiaken aurkezpenaren bidez, zeintzuen soinu-bandak bikote eraginkor honek sinatu zituen, hain zuzen.

Denboraldiaren lehen tarte honetan, Velázquez eta Euskadiko Orkestra berriro elkartu dira grabazio garrantzitsu batzuk egiteko, eta aurrerago ikusiko dute argia grabaketok. Horien guztien artean aipagarrienetakoa da Velázquezek berak konposatu duen eta Johannes Moserri enkargatu dion 'Biolontxelorako Kontzertua'. Alemaniar-kanadar biolontxelojole ezagunak Euskadiko Orkestrarekin parte hartu zuen dagoeneko 2011n eta 2014an Abonu Denboraldian, eta egunotan Donostian da Miramongo Auditoriumean orkestrarekin grabazio horri ekiteko.

 

 

Fernando Velázquez, konpositorea, biolontxelojolea eta orkestra-zuzendaria

 

Nahiz eta bere ekoizpen gehiena filmetarako, telesailetarako eta abeslari eta musika-taldeen moldaketetarako musika sortzera zuzenduta dagoen, Fernando Velázquezek oraingoan bere konposizio independente eta propioak egitean jarri nahi izan du arreta, filmen irudiei lotuta ez dagoen eta bere konposizio sorkuntzari askatasun osoa ematen dion Biolontxelorako kontzertu hau plazaratuz.

Fernando Velázquez 26 minutuko iraupena duen partitura honen konpositore gisa aurkeztuko da. Biolontxeloa oso ondo ezagutzen du berak, biolontxelojolea baita formazio eta ibilbidez. Velázquez, beraz, konpositore, musikari eta orkestra-zuzendari alderdiak erakusten ari da grabazio honetan.

 

 

Johannes Moser, lehen mailako biolontxelojolea

 

Gramophone aldizkariak “biolontxelojole birtuoso gazte-talde harrigarriko onenetako bat” bezala goraipatutakoa, Johannes Moserrek munduko orkestra garrantzitsuenekin jo du, besteak beste: Berlingo Filarmonikoa, New Yorkeko Filarmonikoa, Los Angeleseko Filarmonikoa, Chicagoko Sinfonikoa, BBC Philharmonic at the Proms, London Symphony, Symphonieorchester des Bayerischen Rundfunks, Koninklijk Concertgebouworkest, Tonhalle Orchestra Zurich, Tokyo NHK Symphony, Philadelphiako Orkestra eta Clevelandeko Orkestra. Lehen mailako zuzendarien agindupean aritu da: Riccardo Muti, Lorin Maazel, Mariss Jansons, Valeryin Gergievta, Vladimir Jurowski, Franz Welser-Möst, Christian Thielemann, Pierre Boulez, Paavo Jarvi, Semyon Bychkov, Yannick Nézet-Séguin eta Gustavo Dudamel, horien artean.

 

 

Fernando Velázquez eta Euskadiko Orkestra: aspalditik datorren lankidetza

 

Arestian aipatutakoak dira Fernando Velázquezek eta Euskadiko Orkestrak orain dela gutxien partekatu dituzten proiektuak, baina askoz gehiago egin dituzte batera. Fernando Arambururen Patriaz gain, pantailara eramango den beste eleberri baten soinu-banda originala ere grabatu dute berriki: Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea. Aipagarria da, baita ere, duela gutxi berreskuratutako Truffauten The Bride Wore Black filmaren musikaren grabazioa. Atzeragora jotzen badugu, beste soinu-banda ugari aurki ditzakegu: Juan Antonio Bayonak zuzendutako A Monster Calls filmarena, zeinaren bidez Velázquezek musika original onenaren Goya saria eskuratu zuen; Wim Wendersen Submergence filmarena; Bayonaren The Impossible filmaren soinu-bandaren zuzeneko erabateko estreinaldia Donostia Zinemaldian; Ocho apellidos vascosena; Contratiemporena; etab.

Fernando Velazquez konpositore eta orkestra-zuzendari saritua zinema eta telebistarako musikagileen belaunaldi berri baten erakusle nagusia da. 1999an hasi zuen bere ibilbide luzea, 50 film luze eta telesail nazional eta internazional baino gehiago biltzen dituena, eta horiei kontzertu-lanen, antzerki-musika intzidentalaren eta era guztietako artisten enkarguen katalogo garrantzitsu bat gehitzen zaie.

Asteazkena 14 Urria, 2020

Euskadiko Orkestrak eta Robert Treviñok lehendabizikoz grabatuko dute elkarrekin

Euskadiko Orkestrak eta Robert Treviñok lehendabizikoz grabatuko dute elkarrekin

Diskografia-merkatura jauzi egingo dute Ondine Records nazioarteko diskoetxearekin eta bi erregistro oso ezberdinetan aurkeztuko dute euren burua: Ravel unibertsalen eta sinfonikoena eta oso aintzatetsiak ez diren konpositore amerikarren bilduma.

Kursaal Auditoriuma egunotan grabazio-estudio batean bilakatu da Ravel unibertsalen eta sinfonikoenari aurre egiteko bere dimentsio osoan zabalduko den Euskadiko Orkestra batekin. Ondinerekin egingo den ibilbide diskografiko hau irail hasieran hasi zen aintzatespen handia ez duten konpositore amerikarren obren sorta batekin eta aste honetan berriz ekin dio orkestrak grabazioei, oraingoan Ziburuko musikagile handi Maurice Ravelekin.

Maurice Ravel Euskadiko Orkestrak bere bezala aldarrikatzen duen musikagilea da, eta haren musikan murgildu nahi izan du Treviñok, Denboraldiko kontzertu ugaritan eta urtarrilean Parisko Théâtre des Champs-Élyséesen protagonismo handiz zuzendu ondoren. Hau da estatubatuarrak Ravel grabatzen duen lehen aldia, ez ordea orkestrak, bere fonoteka zabalean 2000 urtean orduko titular Gilbert Vargarekin eta Joaquin Achucarrorekin grabatutako Ravelen beste monografiko bat baitauka. Grabazio hark Ravelen pianorako bi kontzertuak erregistratu zituen pianista bilbotarraren eskutik eta baita Alborada del gracioso lana ere, zeina oraingo grabazioan berreskuratuko den La Valse, Boléro, Rapsodie Espagnole, Pavane pour une infante défunte eta Une barque sur l'océanekin batera. Orkestrak eta zuzendariak elkarrekin egindako grabazio garrantzitsua da, eta diskografia-merkatuan modu nabarmenean kokatzea espero dute. Grabazioa Kursaal Auditoriumean egiten ari dira egunotan, eta eszenatoki zabalari plataforma gehigarri bat gehitu zaio, Ravel sinfoniko handia interpretatuko duten 90 musika inguruk gaur egun indarrean dauden segurtasun-distantziak zorrotz manten ditzaten.

Ondine finlandiar diskoetxe ospetsuaren egikera izango duen grabazio hau bai disko fisikoan, bai online formatuan eskainiko da. Treviñok etxe diskografiko honekin urteroko grabazio hitzarmen bat sinatu du eta konpromiso horri duela hilabete batzuk eman zion hasiera Beethovenen sinfonien integrala grabatu zuenean Malmöko Orkestra Sinfonikoarekin. Orain, Ravel sinfonikoenaren eta hain ezagunak ez diren konpositore estatubatuarren grabazio bikoitz honekin hasiko du bere ibilbide diskografikoa Euskadiko Orkestrarekin. Bi grabazio horiek 2021 urtean zehar merkaturatuko dira, eta Euskadiko Orkestrak bere titular Robert Treviñorekin egindako lehenak izango dira:

 

 

“Hunkiturik adierazten dizuet Euskadiko Orkestra, Ondine eta ni neu talde berri batean elkartu garela abentura bati ekiteko hainbat proiektu berrirekin. Ondinerekin lanean aritu izan naiz —nire grabazio-bazkide esklusiboak dira—, eta Euskadiko Orkestraren zuzendari titularra ere izan naiz lau urtez. Baina lehenengo aldia da Euskadiko Orkestra, Ondine eta hirurok bat egiten dugula. Horretarako disko amerikarra egitea aukeratu dugu oso ezagunak ez diren konpositoreekin, ezta Estatu Batuetan bertan ere. Orkestra honen zuzendari titular naizenetik, musika amerikar asko ekarri dut Euskal Herrira, eta egoki iruditzen zait gure orkestrarentzat apartekoa den errepertorio hori lantzea. Euskal konpositoreen musika izan da gure lankidetzen beste puntu interesgarri bat. Lau urteotan denbora asko eman dugu Maurice Ravelen musika lantzen, seguru asko euskal konpositoreen artean ezagunena. Horregatik, munduarekin partekatu nahi dugu orkestra honen maila aparta eta nola ulertzen duen Maurice Ravelen hizkuntza. Ondineko gure bazkideak gurekin egongo dira bidearen urrats bakoitzean. Oso hunkituta gaude sortzen ari garenarekin eta etorkizunean guztiontzat egingo dugunarekin. Gurekin bat egitea espero dut. Mila esker”.

 

 

‘American Composers’

 

Joan den mendeko konpositore estatubatuar garrantzitsuenetako batzuek sinatutako eta oraindik behar besteko aintzatespenik ez duten lau lanen bildumaren behin-behineko izenburua da. Gutxi ezagutzen diren lanak dira, zirkuitu handietatik urruntzen den errepertorioa, eta Euskadiko Orkestrak Robert Treviño titular estatubatuarraren agindupean grabatu ditu.

Aukeratutako konpositoreen artean daude Howard Hanson eta bere obra Before the Dawn (grabazio hau mundu mailako estreinaldia da) eta Charles Martin Loeffler, non Delphine Dupuy orkestrako biolajoleak amodiozko biola hartu duen La Mort de Tintagiles lanari ahotsa emateko. Amerikar kutsuko grabazio hau Henry Cowellen Orkestrarako bariazioak eta Carl Rugglesen Evocations obrek osatzen dute.

 

 

Ondine

 

Ondine, Naxos taldearen parte dena, munduko diskoetxe independente prestigiotsuenetakoa da eta sarri egin ditu grabazioak Christoph Eschenbach, Vladimir Ashkenazy, Esa-Pekka Salonen eta Hannu Lintu bezalako zuzendari garrantzitsuekin. “Ondinek soinez soin lan egiteko aukera eskaintzen duten artistak baino ez ditu hautatzen”, dio diskoetxearen zuzendari fundatzaile Reijo Kiilunen-ek, “Artista gutxi batzuk bakarrik aukeratzen ditugu, ohiko errepertorioaren interpretazio ameslari eta irudimentsuak egiteko gaitasuna dutenak, baita obra musikal ezezagunagoak publiko aurrean ezagutzera emateko gogamen abenturazalea dutenak ere. Robert Treviñok zalantzarik gabe baldintza horiek betetzen ditu, botere musikal handiko zuzendaria baita eta jakin-min handiko adimen originala baitauka”.

Reijo Kiilunenek jarraitzen du esanez: “Zeharo pozik ginen Robertek Malmöko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu berri dituen Beethovenen sinfoniekin eta beti jakin izan genuen bere beste orkestrarekin, Euskadiko Orkestrarekin, ere grabatu nahi genuela. Oso ikuspegi berezko eta bereizgarria du eta soinu bikaina. Zuzendari estatubatuarrak orkestra euskal jeinu honen musikan barrena gidatzearen ideia bikaina iruditu zitzaidan, baita euskal orkestrak musika estatubatuarra interpretatzearen ideia ere. Iruditzen zait Roberten eta Euskadiko Orkestraren bi disko zoragarri izango ditugula”.

Asteazkena 07 Urria, 2020

Jaume Santonja, Euskadiko Orkestraren zuzendari elkartu berria

Jaume Santonja, Euskadiko Orkestraren zuzendari elkartu berria

Euskadiko Orkestrak zuzendari elkartu gaztea izango du 2020/2021 Denboraldian laguntza-lanak egiteko.

Jaume Santonja maisu gazteak aste honetan ekingo dio Euskadiko Orkestrako zuzendari elkartu gisa egiten ari den lanari. Musikeneren eta Euskadiko Orkestraren lehen hezkuntza-jarduera propioan parte-hartzearekin ekingo dio bere zuzendari elkartu zereginei. Jarduera horretan, goi-mailako musika ikastegiko Orkestra Ikasketa Masterreko ikasleek orkestra-praktikak egiten dituzte orkestra profesionaleko beste musikari batzuekin batera.

Jaume Santonja 'oso pozik' agertu da Euskadiko Orkestrarekin musikarien prestakuntzarekin lotutako proiektu batekin elkarlanean hasteagatik. Bere ustez, 'Orkestrarekin lankidetzan aritzea ohore eta plazer bat da eta nire helburua ahal dudanarekin laguntzea da. Proiektu honetan parte hartu ahal izatea ere master bat da niretzat '.

Santonjak orkestrari laguntza eta laguntza emango dio antolakuntza oso zaila izan duen Denboraldi batean, baina musikari dagokionez asmo handikoa ere izango dena.

Euskadiko Orkestrako zuzendari elkartu izendatu berri duten Jaume Santonjak bigarren denboraldia hasi du City of Birmingham Symphony Orchestrako (CBSO) zuzendari laguntzaile gisa. Santonjak arrakasta handia izan du BBC National Orchestra of Wales (BBC Now), Orquesta de Radio Televisión Española (OCRTVE) eta Orquestra de la Comunitat Valenciana (OCV)-rekin izandako debutetan. Arrakastatsua izan da, baita ere, City of Birmingham Symphony Orchestraren denboraldiko lehen abonu-kontzertuan izan duen parte-hartzea.

Informazio gehiago: www.jaumesantonja.com

Asteazkena 07 Urria, 2020

Euskadiko Orkestrak eta Musikenek orkestra bakarra osatuko dute aparteko kontzertu baterako

Euskadiko Orkestrak eta Musikenek orkestra bakarra osatuko dute aparteko kontzertu baterako

Euskadiko Orkestrako zenbait kidek eta Musikeneko Orkestra Ikasketa Masterreko ikasleek lehendabizikoz hezkuntza-jarduera propioa egingo dute eta orkestra bakar batean elkartuko dira.

Urriaren 9an, ostirala, 19:30ean, Musikeneko auditorioan egingo den aparteko kontzertuarekin amaituko da aste honetako elkartzea.

Taldea Jaume Santonjak zuzenduko du, Euskadiko Orkestraren zuzendari elkartu gisa bere estreinaldia izango den honetan

Euskadiko Orkestrako zenbait kide eta Musikeneko Orkestra Ikasketa Masterreko ikasleak Miramonen elkartuko dira aste honetan orkestra bakar batean orkestra-praktika lana egiteko. Elkarlan horren emaitza Musikenen ostiralean, hilak 9, 19:30ean egingo den aparteko kontzertu batean ikusiko da.

Aste honetako elkarlanari esker bi erakundeek 2012. urteaz geroztik Aula Jordá Gela hitzarmenaren barruan garatzen duten lankidetza ikusgai jarri ahal izango da. Hitzarmen honek jasotzen duen jarduera nagusietako bat da Musikeneko Orkestra Ikasketa Master Ofizialeko ikasleek praktika profesionalak egitea Euskadiko Orkestraren barruan. Horri esker, ikasleek orkestra profesional baten lanaren benetako bizipena dute eta, horregatik, denboraldi bakoitzean Euskadiko Orkestraren zenbait kontzertutan parte hartzen dute, beste musikari bat bezala lanean jardunez.

Lehen aldiz, beren harreman emankorrean, bi erakundeek ikasturteari hasiera emateko zera erabaki dute, orkestra bakar batean elkartzea, non Euskadiko Orkestrako hogeita hiru musikari egongo diren eta Musikeneko hogeita sei ikasle, horietako hamar pasa den ikasturtekoak eta beste hamasei aurten masterra ikasten hasiko direnak. Berrogeita hamar bat musikarik osatutako orkestrak Josef Suk (1874-1935) konposatzaile txekiarraren Serenata eta Wolfgang Amadeus Mozarten (1756-1791) 41. Sinfonia, Jupiter, eskainiko ditu. Orkestrak aste osoa darama lanean, astelehenaz geroztik, Euskadiko Orkestrak Miramonen duen egoitzan, Jaume Santonjaren zuzendaritzapean. Kontzertuak ordubeteko iraupena izango du eta atsedenik gabe egingo da.

Gaur Euskadiko Orkestraren egoitzan egin den ezohiko topaketa eta kontzertuaren aurkezpen-prentsaurrekoan, Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak azpimarratu du 'Euskadiko Orkestraren eta Musikeneren arteko aliantza estrategiko honek duen garrantzia, etorkizuneko musikarien ongizatearen alde egiten duen heinean'. ‘Horrelako proiektu berritzaile bat sortu izana arrakasta partekatua da", gaineratu du.

Bestalde, Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak adierazi duenez, 'Proiektu paregabea da aste honetan egiten ari garena, eta masterra hasten ari diren ikasleentzat iritsi bezain pronto orkestra-praktika horiekin hasi ahal izatea aukera aparta da’.

Rochek hedabideekin izandako elkartzea baliatu du Jaume Santonja 2020/21 denboraldirako Euskadiko Orkestrako zuzendari elkartuaren aurkezpen ofiziala egiteko. Bere hitzetan, 34 urte bete berri dituen Santonjak 'ibilbide profesional bikaina eta etorkizun oparoa du'.

Jaume Santonja 'oso pozik' agertu da Euskadiko Orkestrarekin elkarlana hasteagatik, are gehiago lehen kolaborazioa musikarien formaziorako proiektu batekin egiteagatik: 'Musikene erreferentziazko eskola bat da eta bere ikasleentzat aukera paregabea da profesional gisa jardun ahal izatea, are gehiago errepertorio ikusgarri honekin'. Gaineratu duenez, 'Instrumentistak ez garenontzat — orkestra da gure instrumentua —, musika egitea ia miraria da egungo egoeran eta, beraz, oso eskertuta nago'.

Prentsaurrekoan izan dira, halaber, egunotan entseguetan parte hartzen ari diren Musikeneko bi ikasle, Marie-Heloïse Arbus Frantziako Tolosako biolinista eta Maria Albela biola valentziarra. Biak ados egon dira master honek orkestra-arloan ikasteko aukera paregabea eskaini diela esatean, eta aste honetan ahalik eta gehien aprobetxatzen ari dira ingurune profesional batera hurbiltzeko aukera.

Musikeneko auditoriumean (Europa plaza, 2, Donostia) egingo den kontzerturako sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

 

Asteartea 06 Urria, 2020

Miramongo Matinéeak larunbat honetan itzuliko dira, urriak 10

Miramongo Matinéeak larunbat honetan itzuliko dira, urriak 10

Pandemiaren ondorioz sei matinée bertan behera utzi behar izan ostean pasa den denboraldian, zikloa indartsu itzuli da: udaberrian galdutako proposamenetako batzuk berreskuratuko dira, orkestrako hainbat talde euren kontzertuak eskaintzeko prestatzen ari dira, Kup taldea eta Suhar korua Abesbatzak zikloko gonbidatuak izango dira eta orkestra osoak entsegu orokor bat emango du Robert Treviño titularraren batutapean.

Zikloa larunbat honetan hasiko da, urriak 10, 11:00etan Miramonen. Belharra taldeak, orkestrako musikariez osatutakoak, Schuberten eta Beethovenen hari-kuarteto bana eskainiko du.

 

Larunbat honetan, urriak 10, hasiko da Euskadiko Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéeen 2020/2021 Denboraldia. Hasieratik Kutxa Fundazioaren babesa duen orkestraren ganbera-zikloa klasiko bat da duela hainbat hamarkadatik asteburuetako musika-eskaintzan. Zikloaren denboraldia osatuko duten 16 kontzertuek hirukote, laukote eta boskoteetarako idatzitako musika-aukera zabala hartzen dute barne. Beethoven asko eskainiko da, Bachen Brandenburgeko kontzertu ezagunetako hiru, musika koral ugari egongo da eta baita tangoa ere Piazzola musikagilearen eskutik.

Denboraldi honetan Euskadiko Orkestrak programazio aberats eta askotarikoa prestatzearen alde egin du. Hasteko, Covid-19aren munduko pandemiaren ondorioz 2020ko martxotik ekainera bitartean bertan behera utzi behar izan ziren hainbat programa berreskuratuko dira.

Ondoren, bosgarren hitzordutik aurrera etorriko dira nobedadeak, ohi bezala, Euskadiko Orkestrako musikaz osatutako hainbat ganbera-talderen eskutik, tartean Mefisto Laukotea, Attacca Laukotea, Bach Camerata Miramon o Alma Hirukotea eta Lagunak, baina baita Kup Taldea edo Suhar Korua gure lurraldeko abesbatza garrantzitsuen eskutik ere. Miramongo Matinéeen ohiko formatu txiki eta intimotik aldenduko den kontzertu nagusia orkestra osoak apirilaren erdialdean Ravelen La valse, Alborada del gracioso eta Bolero lanekin eskainiko duen entsegu orokor irekia izango da.

 

 

Beethoven eta Schubert lehen Matinéean larunbat honetan

 

‘Klasikoak?’ izeneko kontzertu batean, larunbat honetan 11:00etan, Belharra taldeak —Anne-Marie Harmat (biolina), Mikel Ibañez (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola) eta Pascale Michaud (biolontxeloa) Euskadiko Orkestrako kideek osatzen dutenak—, Franz Schubert eta Ludwig Van Beethoven ospetsuen hari-kuartetoak interpretatuko dituzte.

Franz Schuberten 'Rosamunde' kuartetoarekin hasiko da kontzertua, Ignaz Schuppanzighi eskainita dagoen obra, Razumovsky kondearen laukoteko lehen biolinari, alegia. Obra 1824an konposatu zen, eta etengabeko akonpainamendu batekin hasten da, konpositorearen bizipozaren eta haren gaixotasunagatiko antsietatearen arteko patua eta zalantza irudikatzen dituena.

Bigarren eta azken obra Beethovenen 9. Kuartetoa izango da, 1806an konposatua (konposatzailea jada ia erabat gor zegoenean), alemaniarrak 'bere Gorentasuna Razumovskyko kondeari' eskaini zionetako hirugarrena da, bere lehen mezenasetako bat izan zenari, alegia. Kuarteto hori da hiruetatik indartsuena eta irribarretsuena.

 

 

Zalantzazko edizioa, baina segurua

 

Zikloak 29 urteko etenik gabeko historiako ediziorik zalantzazkoena izango du aurten ziurrenik. Zalantzazkoa da, neurri handi batean, bere garapena Covid-19 pandemiaren bilakaeraren eta gure lurraldean izango duen eraginaren araberakoa izango delako. Hala ere, edizio segurua izango da, beti unean-unean indarrean dauden segurtasun-neurriak zorrotz beteko baitira.

Miramongo Auditoriumean gaur egungo egoerak eskatzen dituen neurriak hartuko dira: beharrezkoa izango da maskara erabiltzea, segurtasun-tartea eta aretoko langileek sartzeko eta irteteko emandako jarraibideak errespetatuko dira, eta sarreran derrigorrezkoa izango da eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea. Esku-programa ez da eskuan entregatuko, baina mugikorraren bidez jaitsi ahal izango da auditoriumeko sarreran jarriko diren QR kodeak erabiliz.

 

 

Ez sarrerarik ez abonamendurik ez da salduko kontrakorik esan arte

 

Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da ez sarrerarik ez abonamendurik salduko kontrakorik adierazi bitartean, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago. Denboraldian zehar egoera hau aldatuko balitz, salgai jarriko liratekeen sarrera solteek 7 euroko prezio bakarra izaten jarraituko lukete eta euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan eros ahal izango lirateke. Gainera, aforo librerik balego eta osasun-baldintzek ahalbidetuko balute, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke dagokion kontzertuaren egunean.

 

 

Autobus-zerbitzua indarrean

 

Kontzertuak larunbatetan izango dira, goizeko 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Horietara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus zerbitzua eskaintzen jarraituko du Matinéetara bertaratu nahi duen ororentzat. 10:25ean abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4 zenbakitik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Orriak