Euskadiko Orkestrak eta Musikenek orkestra bakarra osatuko dute aparteko kontzertu baterako

Euskadiko Orkestrako zenbait kidek eta Musikeneko Orkestra Ikasketa Masterreko ikasleek lehendabizikoz hezkuntza-jarduera propioa egingo dute eta orkestra bakar batean elkartuko dira.
Urriaren 9an, ostirala, 19:30ean, Musikeneko auditorioan egingo den aparteko kontzertuarekin amaituko da aste honetako elkartzea.
Taldea Jaume Santonjak zuzenduko du, Euskadiko Orkestraren zuzendari elkartu gisa bere estreinaldia izango den honetan
Euskadiko Orkestrako zenbait kide eta Musikeneko Orkestra Ikasketa Masterreko ikasleak Miramonen elkartuko dira aste honetan orkestra bakar batean orkestra-praktika lana egiteko. Elkarlan horren emaitza Musikenen ostiralean, hilak 9, 19:30ean egingo den aparteko kontzertu batean ikusiko da.
Aste honetako elkarlanari esker bi erakundeek 2012. urteaz geroztik Aula Jordá Gela hitzarmenaren barruan garatzen duten lankidetza ikusgai jarri ahal izango da. Hitzarmen honek jasotzen duen jarduera nagusietako bat da Musikeneko Orkestra Ikasketa Master Ofizialeko ikasleek praktika profesionalak egitea Euskadiko Orkestraren barruan. Horri esker, ikasleek orkestra profesional baten lanaren benetako bizipena dute eta, horregatik, denboraldi bakoitzean Euskadiko Orkestraren zenbait kontzertutan parte hartzen dute, beste musikari bat bezala lanean jardunez.
Lehen aldiz, beren harreman emankorrean, bi erakundeek ikasturteari hasiera emateko zera erabaki dute, orkestra bakar batean elkartzea, non Euskadiko Orkestrako hogeita hiru musikari egongo diren eta Musikeneko hogeita sei ikasle, horietako hamar pasa den ikasturtekoak eta beste hamasei aurten masterra ikasten hasiko direnak. Berrogeita hamar bat musikarik osatutako orkestrak Josef Suk (1874-1935) konposatzaile txekiarraren Serenata eta Wolfgang Amadeus Mozarten (1756-1791) 41. Sinfonia, Jupiter, eskainiko ditu. Orkestrak aste osoa darama lanean, astelehenaz geroztik, Euskadiko Orkestrak Miramonen duen egoitzan, Jaume Santonjaren zuzendaritzapean. Kontzertuak ordubeteko iraupena izango du eta atsedenik gabe egingo da.
Gaur Euskadiko Orkestraren egoitzan egin den ezohiko topaketa eta kontzertuaren aurkezpen-prentsaurrekoan, Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak azpimarratu du 'Euskadiko Orkestraren eta Musikeneren arteko aliantza estrategiko honek duen garrantzia, etorkizuneko musikarien ongizatearen alde egiten duen heinean'. ‘Horrelako proiektu berritzaile bat sortu izana arrakasta partekatua da", gaineratu du.
Bestalde, Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak adierazi duenez, 'Proiektu paregabea da aste honetan egiten ari garena, eta masterra hasten ari diren ikasleentzat iritsi bezain pronto orkestra-praktika horiekin hasi ahal izatea aukera aparta da’.
Rochek hedabideekin izandako elkartzea baliatu du Jaume Santonja 2020/21 denboraldirako Euskadiko Orkestrako zuzendari elkartuaren aurkezpen ofiziala egiteko. Bere hitzetan, 34 urte bete berri dituen Santonjak 'ibilbide profesional bikaina eta etorkizun oparoa du'.
Jaume Santonja 'oso pozik' agertu da Euskadiko Orkestrarekin elkarlana hasteagatik, are gehiago lehen kolaborazioa musikarien formaziorako proiektu batekin egiteagatik: 'Musikene erreferentziazko eskola bat da eta bere ikasleentzat aukera paregabea da profesional gisa jardun ahal izatea, are gehiago errepertorio ikusgarri honekin'. Gaineratu duenez, 'Instrumentistak ez garenontzat — orkestra da gure instrumentua —, musika egitea ia miraria da egungo egoeran eta, beraz, oso eskertuta nago'.
Prentsaurrekoan izan dira, halaber, egunotan entseguetan parte hartzen ari diren Musikeneko bi ikasle, Marie-Heloïse Arbus Frantziako Tolosako biolinista eta Maria Albela biola valentziarra. Biak ados egon dira master honek orkestra-arloan ikasteko aukera paregabea eskaini diela esatean, eta aste honetan ahalik eta gehien aprobetxatzen ari dira ingurune profesional batera hurbiltzeko aukera.
Musikeneko auditoriumean (Europa plaza, 2, Donostia) egingo den kontzerturako sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
Miramongo Matinéeak larunbat honetan itzuliko dira, urriak 10

Pandemiaren ondorioz sei matinée bertan behera utzi behar izan ostean pasa den denboraldian, zikloa indartsu itzuli da: udaberrian galdutako proposamenetako batzuk berreskuratuko dira, orkestrako hainbat talde euren kontzertuak eskaintzeko prestatzen ari dira, Kup taldea eta Suhar korua Abesbatzak zikloko gonbidatuak izango dira eta orkestra osoak entsegu orokor bat emango du Robert Treviño titularraren batutapean.
Zikloa larunbat honetan hasiko da, urriak 10, 11:00etan Miramonen. Belharra taldeak, orkestrako musikariez osatutakoak, Schuberten eta Beethovenen hari-kuarteto bana eskainiko du.
Larunbat honetan, urriak 10, hasiko da Euskadiko Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéeen 2020/2021 Denboraldia. Hasieratik Kutxa Fundazioaren babesa duen orkestraren ganbera-zikloa klasiko bat da duela hainbat hamarkadatik asteburuetako musika-eskaintzan. Zikloaren denboraldia osatuko duten 16 kontzertuek hirukote, laukote eta boskoteetarako idatzitako musika-aukera zabala hartzen dute barne. Beethoven asko eskainiko da, Bachen Brandenburgeko kontzertu ezagunetako hiru, musika koral ugari egongo da eta baita tangoa ere Piazzola musikagilearen eskutik.
Denboraldi honetan Euskadiko Orkestrak programazio aberats eta askotarikoa prestatzearen alde egin du. Hasteko, Covid-19aren munduko pandemiaren ondorioz 2020ko martxotik ekainera bitartean bertan behera utzi behar izan ziren hainbat programa berreskuratuko dira.
Ondoren, bosgarren hitzordutik aurrera etorriko dira nobedadeak, ohi bezala, Euskadiko Orkestrako musikaz osatutako hainbat ganbera-talderen eskutik, tartean Mefisto Laukotea, Attacca Laukotea, Bach Camerata Miramon o Alma Hirukotea eta Lagunak, baina baita Kup Taldea edo Suhar Korua gure lurraldeko abesbatza garrantzitsuen eskutik ere. Miramongo Matinéeen ohiko formatu txiki eta intimotik aldenduko den kontzertu nagusia orkestra osoak apirilaren erdialdean Ravelen La valse, Alborada del gracioso eta Bolero lanekin eskainiko duen entsegu orokor irekia izango da.
Beethoven eta Schubert lehen Matinéean larunbat honetan
‘Klasikoak?’ izeneko kontzertu batean, larunbat honetan 11:00etan, Belharra taldeak —Anne-Marie Harmat (biolina), Mikel Ibañez (biolina), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola) eta Pascale Michaud (biolontxeloa) Euskadiko Orkestrako kideek osatzen dutenak—, Franz Schubert eta Ludwig Van Beethoven ospetsuen hari-kuartetoak interpretatuko dituzte.
Franz Schuberten 'Rosamunde' kuartetoarekin hasiko da kontzertua, Ignaz Schuppanzighi eskainita dagoen obra, Razumovsky kondearen laukoteko lehen biolinari, alegia. Obra 1824an konposatu zen, eta etengabeko akonpainamendu batekin hasten da, konpositorearen bizipozaren eta haren gaixotasunagatiko antsietatearen arteko patua eta zalantza irudikatzen dituena.
Bigarren eta azken obra Beethovenen 9. Kuartetoa izango da, 1806an konposatua (konposatzailea jada ia erabat gor zegoenean), alemaniarrak 'bere Gorentasuna Razumovskyko kondeari' eskaini zionetako hirugarrena da, bere lehen mezenasetako bat izan zenari, alegia. Kuarteto hori da hiruetatik indartsuena eta irribarretsuena.
Zalantzazko edizioa, baina segurua
Zikloak 29 urteko etenik gabeko historiako ediziorik zalantzazkoena izango du aurten ziurrenik. Zalantzazkoa da, neurri handi batean, bere garapena Covid-19 pandemiaren bilakaeraren eta gure lurraldean izango duen eraginaren araberakoa izango delako. Hala ere, edizio segurua izango da, beti unean-unean indarrean dauden segurtasun-neurriak zorrotz beteko baitira.
Miramongo Auditoriumean gaur egungo egoerak eskatzen dituen neurriak hartuko dira: beharrezkoa izango da maskara erabiltzea, segurtasun-tartea eta aretoko langileek sartzeko eta irteteko emandako jarraibideak errespetatuko dira, eta sarreran derrigorrezkoa izango da eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea. Esku-programa ez da eskuan entregatuko, baina mugikorraren bidez jaitsi ahal izango da auditoriumeko sarreran jarriko diren QR kodeak erabiliz.
Ez sarrerarik ez abonamendurik ez da salduko kontrakorik esan arte
Indarrean dauden edukiera-mugen ondorioz, ez da ez sarrerarik ez abonamendurik salduko kontrakorik adierazi bitartean, izan ere, dagoeneko zikloak dituen abonatuekin auditoriumaren edukiera beteta baitago. Denboraldian zehar egoera hau aldatuko balitz, salgai jarriko liratekeen sarrera solteek 7 euroko prezio bakarra izaten jarraituko lukete eta euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan eros ahal izango lirateke. Gainera, aforo librerik balego eta osasun-baldintzek ahalbidetuko balute, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke dagokion kontzertuaren egunean.
Autobus-zerbitzua indarrean
Kontzertuak larunbatetan izango dira, goizeko 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Horietara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus zerbitzua eskaintzen jarraituko du Matinéetara bertaratu nahi duen ororentzat. 10:25ean abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4 zenbakitik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Euskadiko Orkestrak Schubert jaialdi batekin ekingo dio bere Denboraldi zailenari Baluarten

Schuberten sinfonien ziklo batekin emango dio Euskadiko Orkestrak hasiera urriaren 1ean Iruñeko Baluarte Auditoriumean antolakuntza oso zaila izan duen Denboraldi bati, baina musikari dagokionez asmo handikoa ere izango dena.
Egungo pandemia-egoerak, eta haren ondorioz kontzertu-egoitza guztietan (Baluarte, Euskalduna, Kursaal eta Principal ) edukiera murriztu behar izateak, Denboraldiaren programazioa berrantolatzera behartu dute Euskadiko Orkestra, publiko guztiari sarrera eman ahal izateko. Kontzertu kopurua bikoiztu egin da eta programa bakoitzean egin ohi zituen bost kontzertuen ordez, orain 10 kontzertu egin beharko ditu: bina Iruñean, Bilbon eta Gasteizen, eta lau Donostian. Eta hasieran aurreikusitakoez bestelako programa eta formazioekin egingo du. Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak hitz hauekin azaldu du:
“Kontzertu-denboraldi baten hasiera beti izaten da une zoriontsu bat, baita oraingoan ere, ziurgabetasunari eta, beraz, plangintza oro marrazteko zailtasunari lotutako garaietan jarraitzen dugun arren. Lurraldeko orkestra bat gara, eta gogo biziz zeharkatzen dugu gure herrialdea abonatu guztiengana iristeko. Eta esentzia horretan datza, une honetan, gure Denboraldiaren konplexutasuna. Aurtengo programek kasuistika eta ezaugarri desberdinak izango dituzte: egun berean saioak bikoiztuko dira kasu batzuetan, programa bakoitzeko kontzertuen egun kopurua handituko da besteetan, hasiera batean programatutakoez bestelako ordutegiekin eta martxora arte iritsi ahal izan ditugun irtenbideekin. Ondoren, pandemiaren bilakaerak ahalbidetuko digun bidea marrazten jarraituko dugu”.
Horregatik, eta sasoiko programak martxora arte berrantolatu eta Denboraldiaren bigarren zatiari aurre egiteko erabakiak ekaina arte behin-behinean atzeratu ondoren, Oriol Rochek honako mezu hau helarazi nahi dio publikoari: “Egoera horren aurrean, ulermena, pazientzia eta konplizitatea eskatzen dizugu. Segurtasuna eman nahi dizugu, gure auditorioek lan handia egin baitute kontzertuetan seguru egon eta senti gaitezen”.
Schubert jaialdia
Euskadiko Orkestrak ostegunean, urriak 1, ekingo die Denboraldi honetako kontzertuei Iruñeko Baluarten, dagoeneko gainontzeko hiriburuetatik pasa ostean: Gasteizen ostiralean (25) izan zen, Donostian astelehenean (28) eta asteartean (29) eta Bilbon asteazkenean (30). Eta oso modu berezian ari da irekitzen Denboraldia: Schuberten sinfonia guztien ziklo bat interpretatuz, schubertiada edo Schubert jaialdi moduan. Konpositorearen zortzi sinfoniak lehendabizikoz entzun ahal izango dira hain jarraian Euskal Herrian, bost egunetan, saio bikoitzekin, ehun kilometroko itzulinguruan, ohiko lau hiriburuetan. Iruñean 1., 3., 6. eta 9.a entzun ahal izango dira. Euskal Herrian aurrekaririk ez duen musika-maratoi bat eta proposamen bat da, espiritu positibo, kementsu eta alai batekin planteatua eta, aldi berean, pandemia garaian musikak sendatzeko duen ahalmena helaraztea ahalbidetuko duena.
Zentzu horretan, Robert Treviño Euskadiko Orkestraren zuzendari titularrak nabarmendu egin nahi izan du inaugurazio-proiektu honek duen interesa:
“20/21 Denboraldiaren irekiera-programara gonbidatu nahi zaituztet guztioi. Aurten, proiektu berezi batekin hasiko dugu: Schuberten Sinfonien ziklo osoa. Jaialdi hau, proiektu hau, ezin hobea da orkestra honentzat eta baita Euskal Herriarentzat ere une zehatz honetan. Berriro elkartzeko, normaltasunera itzultzeko, kulturari eta arteari berriro heltzeko aukera bat behar dugu. Franz Schubert garai guztietako konpositore handienetako bat da. Bere musika, orkestra moderno baten errepertorioaren muinean txertatua dago. Sinfonia horietako asko ia ahaztuta daude eta oso gutxitan interpretatzen dira. Guretzat, aukera bikaina da orkestra txikiago batekin lan egiteko, gure ikusle guztiak biltzeko eta Franz Schuberten musika Euskal Herri osoan zabaltzeko”.
Erromantizismoa eta askoz gehiago Denboraldiaren gainerakorako
Schubert jaialdiaren ondoren, beste programok izango ditugu: Wagner, Rinat Shaham mezzosopranoarekin; Enigmatikoa, Pablo Ferrandezekin Xostakovitxen biolontxelorako bi kontzertuetan; Aire Nordikoa, Behzod Abduraimov pianistarekin Bartoken 3. pianorako eta Beethovenen 1. pianorako kontzertuetan; Bizirik, Urquizaren Nire itsas munstroak obraren estreinaldiarekin (Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuko bigarren lana), eta Ruth Reinhardten zuzendaritzapean; Bidaiak, zeinean Vadim Gluzmanek Prokofieven Biolinerako 2. kontzertua interpretatuko duen, Gemma Newk zuzenduta. Bidaia musikal honekin guztiarekin batera Schumann, Sibelius eta Dvoraken sinfonia handiak ere izango dira, eta Erromantizismoaren garaian arreta jarri duen Denboraldiari zentzua emango diote.
Hortik aurrera, orkestrak ekaina arteko Denboraldi osoa diseinatuta badu ere, pandemiaren bilakaerak gainerako kontzertuen programa guztien antolaketa berrikustera behartuko du. Denboraldiaren tarte ziurgabe horretan Hans Graf (Euskadiko Orkestrako zuzendari ohia 1994tik 1996ra) eta Anja Bihlmaier zuzendarien bisita jasoko du orkestrak, baita Nikolai Lugansky pianista, Birgit Kolar biolinista eta Manuel Walser baritonoarena ere. Mahler eta Rakhmaninov izango dira martxotik aurrera errepertorioan gehien nabarmenduko diren musikagileak.
Kontzertuen segurtasuna bermatzeko neurriak
Aipatzekoa da kontzertu-aretoek bertaratutako publikoaren segurtasuna bermatzeko egindako lanarekin batera, kontzertu-programak laburragoak eta atsedenik gabekoak izango direla, ikus-entzuleen joan-etorria ahalik eta gehien saihesteko.
Halaber, abonatu-taldeak sortu dira, hiri bakoitzaren edukiera berrantolatzeko eta kontzertuei buruzko gida argi bat jarraitu ahal izateko.
Kontzertuetarako sarreren salmenta Covid-19k ezarritako edukiera murrizketen arabera egongo da eskuragarri, eta kasu bakoitzean saltzeko aukera iragartzen joango da. Garrantzitsua izango da beti euskadikoorkestra.eus orkestraren webgunera jotzea informazio eguneratua lortzeko.
Amaitzeko, eta antolaketa zaileko eta musika arloan asmo handiko Denboraldi honi ekin baino lehen, orkestrak mezu baikor eta indartzaile bat helarazi nahi die bere publikoari eta euskal gizarteari, Robert Treviñoren hitzetan honela zehazten den garai zail hauetan:
"Ongietorria eman nahi dizuet Euskadiko Orkestraren 20/21 Denboraldira. Azken egunotan asko pentsatu dugu etxeak zer esan nahi duen, eta agian konturatu gara etxea ez dela leku bat, pertsonak baizik. Orkestra-musika komunitatean elkartzeko aukera eta lekua da, jendea elkartu eta gizaki egiten gaituen guztia partekatzeko: maitasuna, bizitza, poza, zoriontasuna, emozioa, irudimena, haurtzaroa, zahartzaroa eta askoz gehiago. Hori egiten saiatzen gara Euskadiko Orkestran. Zuekin elkartu nahi dugu komunitate bat eta etxe bat sortzeko, musikan zentratuz, inoiz baino gehiago behar dugulako. Zatozte zuen orkestrara. Espero dut gure kontzertuetan ikustea".
20/21 Denboraldi honetan ere, Euskadiko Orkestrak zaindu egingo zaitu

Bizi dugun pandemia honetan gure lehentasuna kontzertu-denboraldia ahalik eta osoen mantentzea izan da, betiere zure segurtasuna bermatzeko neurriak betez. Jarraian, Denboraldi honek aurrekoekin alderatuta izango dituen berezitasun batzuk azalduko dizkizugu.
Edukiera murrizketei aurre egiteko abonatu taldeen sorrera
Gure auditorioen ohiko okupazio handia bateraezina da indarrean dagoen edukiera-murrizketarekin. Horregatik, hiri bakoitzean abonatuak bi taldetan banatu ditugu, Donostian izan ezik (han lau izango dira):

Auditorio seguruak
Gure egoitzek gogor egin dute lan beren eremuak gozamenerako gune seguruak izan daitezen:
- Nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea.
- Segurtasun-tartea eta aretoko langileek sartzeko eta irteteko emandako jarraibideak errespetatuko dira.
- Sarreran derrigorrezkoa izango da eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea.
- Kontzertura garaiz joatea gomendatzen da.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo beren webguneetara: kursaal.eus / euskalduna.eus / principalantzokia.org / baluarte.com
Atsedenik gabeko programa laburragoak
Kontzertuak laburragoak izango dira eta atsedenik gabe egingo dira, pasilloetatik igarotzea ahalik eta gehien saihesteko.
Sarreren salmenta eserlekuak libre egotearen arabera
Sarreren salmenta kontzertu bakoitza egin aurreko egunetan aktibatuko da, beti ere eserleku librerik balego. Informazio eguneratua: euskadikoorkestra.eus
Doikuntzak programazioan eta abonamenduaren prezioan
Orkestrak ordezko planak ditu programak aldatzeko. Hala ere, gerta liteke kontzertukopurua murriztu behar izatea edota horietako batzuk bertan behera uztea. Hala balitz, Denboraldi amaieran egingo lirateke doikuntzak abonamenduaren prezioan.
Euskadiko Orkestrak Schubert jaialdi batekin ekingo dio bere Denboraldi zailenari

Schuberten sinfonia guztien ziklo batekin, Euskal Herrian sekula aurkeztu ez den proposamen batekin, emango dio Euskadiko Orkestrak hasiera irailaren 25etik urriaren 1era ohiko lau hiriburuetan antolakuntza oso zaila izan duen Denboraldi bati, baina musikari dagokionez asmo handikoa ere izango dena.
Egungo pandemia-egoerak, eta haren ondorioz kontzertu-egoitza guztietan (Euskalduna, Kursaal, Principal eta Baluarte) edukiera murriztu behar izateak, Denboraldiaren programazioa berrantolatzera behartu dute Euskadiko Orkestra, publiko guztiari sarrera eman ahal izateko. Kontzertu kopurua bikoiztu egin da eta programa bakoitzean egin ohi zituen bost kontzertuen ordez, orain 10 kontzertu egin beharko ditu: 4 Donostian, bi Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Eta hasieran aurreikusitakoez bestelako programa eta formazioekin egingo du. Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak hitz hauekin azaldu du:
“Kontzertu-denboraldi baten hasiera beti izaten da une zoriontsu bat, baita oraingoan ere, ziurgabetasunari eta, beraz, plangintza oro marrazteko zailtasunari lotutako garaietan jarraitzen dugun arren. Lurraldeko orkestra bat gara, eta gogo biziz zeharkatzen dugu gure herrialdea abonatu guztiengana iristeko. Eta esentzia horretan datza, une honetan, gure Denboraldiaren konplexutasuna. Aurtengo programek kasuistika eta ezaugarri desberdinak izango dituzte: egun berean saioak bikoiztuko dira kasu batzuetan, programa bakoitzeko kontzertuen egun kopurua handituko da besteetan, hasiera batean programatutakoez bestelako ordutegiekin eta martxora arte iritsi ahal izan ditugun irtenbideekin. Ondoren, pandemiaren bilakaerak ahalbidetuko digun bidea marrazten jarraituko dugu”.
Horregatik, eta sasoiko programak martxora arte berrantolatu eta Denboraldiaren bigarren zatiari aurre egiteko erabakiak ekaina arte behin-behinean atzeratu ondoren, Oriol Rochek honako mezu hau helarazi nahi dio publikoari: “Egoera horren aurrean, ulermena, pazientzia eta konplizitatea eskatzen dizugu. Segurtasuna eman nahi dizugu, gure auditorioek lan handia egin baitute kontzertuetan seguru egon eta senti gaitezen”.
Schubert jaialdia
Euskadiko Orkestrak ostiral honetan, irailak 25, ekingo die Denboraldi honetako kontzertuei Gasteizen, eta ondorengo egunetan gainontzeko hiriburuetan izango ditu hitzorduak: astelehenean (28) eta asteartean (29) Donostian, asteazkenean (30) Bilbon eta ostegunean (urriak 1) Iruñean. Eta oso modu berezian irekiko du Denboraldia gainera: Schuberten sinfonia guztien ziklo bat interpretatuz, schubertiada edo Schubert jaialdi moduan. Konpositorearen zortzi sinfoniak lehendabizikoz entzun ahal izango dira hain jarraian Euskal Herrian, bost egunetan, saio bikoitzekin, ehun kilometroko itzulinguruan, ohiko lau hiriburuetan. Gasteizen 1., 3., 6. eta 9. sinfoniak entzun ahal izango dira; Donostian guztiak entzungo dituzte bi egunen buruan; Bilbon 2., 4., 5. eta 8.a izango dituzte; eta Iruñean 1., 3., 6. eta 9.a. Euskal Herrian aurrekaririk ez duen musika-maratoi bat eta proposamen bat da, espiritu positibo, kementsu eta alai batekin planteatua eta, aldi berean, pandemia garaian musikak sendatzeko duen ahalmena helaraztea ahalbidetuko duena.
Zentzu horretan, Robert Treviño Euskadiko Orkestraren zuzendari titularrak nabarmendu egin nahi izan du inaugurazio-proiektu honek duen interesa:
“20/21 Denboraldiaren irekiera-programara gonbidatu nahi zaituztet guztioi. Aurten, proiektu berezi batekin hasiko dugu: Schuberten Sinfonien ziklo osoa. Jaialdi hau, proiektu hau, ezin hobea da orkestra honentzat eta baita Euskal Herriarentzat ere une zehatz honetan. Berriro elkartzeko, normaltasunera itzultzeko, kulturari eta arteari berriro heltzeko aukera bat behar dugu. Franz Schubert garai guztietako konpositore handienetako bat da. Bere musika, orkestra moderno baten errepertorioaren muinean txertatua dago. Sinfonia horietako asko ia ahaztuta daude eta oso gutxitan interpretatzen dira. Guretzat, aukera bikaina da orkestra txikiago batekin lan egiteko, gure ikusle guztiak biltzeko eta Franz Schuberten musika Euskal Herri osoan zabaltzeko”.
Erromantizismoa eta askoz gehiago Denboraldiaren gainerakorako
Schubert jaialdiaren ondoren, beste programok izango ditugu: Wagner, Rinat Shaham mezzosopranoarekin; Enigmatikoa, Pablo Ferrandezekin Xostakovitxen biolontxelorako bi kontzertuetan; Aire Nordikoa, Behzod Abduraimov pianistarekin Bartoken 3. pianorako eta Beethovenen 1. pianorako kontzertuetan; Bizirik, Urquizaren Nire itsas munstroak obraren estreinaldiarekin (Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuko bigarren lana), eta Ruth Reinhardten zuzendaritzapean; Bidaiak, zeinean Vadim Gluzmanek Prokofieven Biolinerako 2. kontzertua interpretatuko duen, Gemma Newk zuzenduta. Bidaia musikal honekin guztiarekin batera Schumann, Sibelius eta Dvoraken sinfonia handiak ere izango dira, eta Erromantizismoaren garaian arreta jarri duen Denboraldiari zentzua emango diote.
Hortik aurrera, orkestrak ekaina arteko Denboraldi osoa diseinatuta badu ere, pandemiaren bilakaerak gainerako kontzertuen programa guztien antolaketa berrikustera behartuko du. Denboraldiaren tarte ziurgabe horretan Hans Graf (Euskadiko Orkestrako zuzendari ohia 1994tik 1996ra) eta Anja Bihlmaier zuzendarien bisita jasoko du orkestrak, baita Nikolai Lugansky pianista, Birgit Kolar biolinista eta Manuel Walser baritonoarena ere. Mahler eta Rakhmaninov izango dira martxotik aurrera errepertorioan gehien nabarmenduko diren musikagileak.
Kontzertuen segurtasuna bermatzeko neurriak
Aipatzekoa da kontzertu-aretoek bertaratutako publikoaren segurtasuna bermatzeko egindako lanarekin batera, kontzertu-programak laburragoak eta atsedenik gabekoak izango direla, ikus-entzuleen joan-etorria ahalik eta gehien saihesteko.
Halaber, abonatu-taldeak sortu dira, hiri bakoitzaren edukiera berrantolatzeko eta kontzertuei buruzko gida argi bat jarraitu ahal izateko.
Kontzertuetarako sarreren salmenta Covid-19k ezarritako edukiera murrizketen arabera egongo da eskuragarri, eta kasu bakoitzean saltzeko aukera iragartzen joango da. Garrantzitsua izango da beti euskadikoorkestra.eus orkestraren webgunera jotzea informazio eguneratua lortzeko.
Amaitzeko, eta antolaketa zaileko eta musika arloan asmo handiko Denboraldi honi ekin baino lehen, orkestrak mezu baikor eta indartzaile bat helarazi nahi die bere publikoari eta euskal gizarteari, Robert Treviñoren hitzetan honela zehazten den garai zail hauetan:
"Ongietorria eman nahi dizuet Euskadiko Orkestraren 20/21 Denboraldira. Azken egunotan asko pentsatu dugu etxeak zer esan nahi duen, eta agian konturatu gara etxea ez dela leku bat, pertsonak baizik. Orkestra-musika komunitatean elkartzeko aukera eta lekua da, jendea elkartu eta gizaki egiten gaituen guztia partekatzeko: maitasuna, bizitza, poza, zoriontasuna, emozioa, irudimena, haurtzaroa, zahartzaroa eta askoz gehiago. Hori egiten saiatzen gara Euskadiko Orkestran. Zuekin elkartu nahi dugu komunitate bat eta etxe bat sortzeko, musikan zentratuz, inoiz baino gehiago behar dugulako. Zatozte zuen orkestrara. Espero dut gure kontzertuetan ikustea".
Fernando Velázquez eta Euskadiko Orkestra Donostiako Zinemaldian egongo dira 'Patria' eta 'Hil kanpaiak'-en bidez

'Patria 'eta ‘Hil kanpaiak’ soinu-bandak Fernando Velazquezek idatzitakoak dira, eta haren zuzendaritzapean grabatu ditu Euskadiko Orkestrak Miramongo egoitzan. Bi lanak Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dituzte egunotan, lehena Sail Ofizialean eta bigarrena Zuzendari Berriak atalean.
Asko dira Fernando Velazquezek eta Euskadiko Orkestrak azken urteotan elkarrekin grabatu dituzten film eta telesailen soinu-bandak, besteak beste, A Monster Calls, Submergence, Lo imposible edota Ocho apellidos vascos. Orain zerrenda horretara gehitu dira Aitor Gabilondoren Patria eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak.
Euskal jatorriko bi grabaketak orkestraren Miramongo egoitzan egin ziren, aurreko denboraldian, bi une ezberdinetan. Batetik, Patriak azaroan izan zuen bere momentua eta, bestetik, Hil kanpaiak martxoan grabatu zuen orkestrak, konfinamenduaren aurretik, Kup Taldea bidelagun zuela.
Fernando Velazquez konpositore eta orkestra-zuzendari saritua zinema eta telebistarako musikagileen belaunaldi berri baten erakusle nagusia da. 1999an hasi zuen bere ibilbide luzea, 50 film luze eta telesail nazional eta internazional baino gehiago biltzen dituena, eta horiei kontzertu-lanen, antzerki-musika intzidentalaren eta era guztietako artisten enkarguen katalogo garrantzitsu bat gehitzen zaie.
Semyon Bychkovek, Juanjo Menak eta Robert Treviñok zuzenduko dute Euskadiko Orkestra abuztuan

Orkestrak parte-hartze hirukoitza izango du Musika Hamabostaldian (8, 15 eta 19), Santanderko Jaialdian (11) eta Euskalduna Jauregian Bilboko Aste Nagusian (22).
Semyon Bychkov izango da abuztuan Euskadiko Orkestraren gidaritza hartuko duen lehen orkestra zuzendaria.
Euskadiko Orkestra izan zen maiatzaren erdialdean berriro ekin zion Estatuko lehen orkestra. ETBren bidez zortzi kontzertu eskaini zituen, kultur jardueraren susperraldia argi eta garbi erakusteko. Orain, abuztuko maila handiko hilabetearekin eta bost kontzerturekin jarraitzen du, udan Euskadin eta Santanderren egingo diren hitzordu garrantzitsuenetan.
Hilaren 8an, orkestra lehena izango da Kursaal Auditorioko agertokira igotzen Musika Hamabostaldiaren edizio honetan, Beethovenen kontzertu monografikoa eskaintzeko, Semyon Bychkov orkestra-zuzendari ospetsuaren aginduetara. Robert Treviño orkestraren titularrak hartuko du lekukoa Xabier Anduaga tenore donostiarraren debuta aurkezteko, hilaren 15ean. Abeslari gazteak Rossini, Donizetti, Lara, eta Sorozabalen eta obrak interpretatuko ditu Euskadiko Orkestrarekin. Eta bukatzeko, Juanjo Menak zuzenduko du orkestraren hirugarren kontzertua, eta oraingo honetan Asier Polo txelojole bilbotarrarekin bakarlari gonbidatu gisa. Talde bikaina Haydn eta Beethoveni aurre egiteko.
Hiru kontzertu horiez gain, orkestrak Semyon Bychkovekin batera musika klasikoko jaialdi ospetsu eta beteranoetako batean hartuko du parte, Santanderrekoa, hain zuzen ere.
Hurrengo hitzordua hilaren 22an izango da Euskalduna Jauregian, Bilboko Aste Nagusian. Robert Treviñok erronka sinfonikotzat jotzen den lan bat zuzenduko du, Berliozen Fantastikoa. Kontzertu honetarako sarrerak Euskalduna Jauregiaren webgunean eta leihatilan eros daitezke.
Huntza sinfonikoa Euskadiko Orkestrarekin eta Fernando Velazquezekin uda honetarako

Apirilean Izarorekin hiru bideoklip arrakastatsu aurkeztu ostean, Euskadiko Orkestrak Huntzarekin grabatutako beste hiru bideo aurkezten ditu orain, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean. 2019ko azaroan grabatu zituzten euskal rock taldearen kanta ezagunenetako hiru, baina orain argitaratuko dira ETBn eta Euskadiko Orkestraren sare sozialetan, herriko festarik gabeko eta agertoki huts ugariko ezohiko uda honen hasiera animatzeko.
'Lasai lasai', 'Olatu bat' eta 'Aldapan gora' bideoklipak gaur (uztailak 2), bihar (uztailak 3) eta etzi (uztailak 4) estreinatuko dira, hurrenez hurren.
2019ko azaroan ateak itxita grabatu ziren bideo hauek Miramongo egoitzan, Fernando Velázquezen agindupean. Getxoko musikagile, zuzendari eta musikaria arduratu zen Huntzaren Lasai lasai, Olatu bat eta Aldapan gora kanten moldaketa sinfonikoak egiteaz, baita proiektu berri honen zuzendaritza artistiko osoaz ere. Ikus-entzunezko zuzendaritza Pausoka Entertainmenteko Jabi Elortegiren esku geratu zen oraingoan ere. Orduan egin zen grabazioa eta orain inoiz baino zentzu gehiago hartzen du eremu digitalean argitara emateak, uda hasiera honetan, Huntzaren kontzertuez gozatzeko aukera ez baitugu izango.
Beste publiko batzuetara iristeko Euskadiko Orkestraren proiektu digital estrategikoa
Euskadiko Orkestrak erreferentziazko euskal artistak eremu sinfonikora eramateko ekimen digital hau duela bi urte jarri zuen abian, Zea Maysen hiru bideoklip eta Doctor Deseoren beste hainbeste grabatu eta zabaldu zituenean. Ekimena fenomeno biral batean bilakatu zen eta oraindik orain bideo hauek milaka bistaratze biltzen jarraitzen dute sareetan. Formatu horren estreinaldia arrakasta handikoa izan zen orkestrarentzat, eta orain dela gutxi eskaera gehien jasotzen ari diren euskal artistetako batekin errepikatu du, Izarorekin, alegia (milioi erdi bat baino bistaratze gehiago izan dituzte harekin grabatutako bideoek). Orain Huntza euskal talde ezagunarekin egin du modu bereko lankidetza.
Ekimen honekin orkestrak beste publiko batzuentzako eskaintza musikala zabaldu du, arlo sinfonikoan ezohikoagoak diren errepertorioetan murgiltzearen bidez. Norabide honetan arrakasta handiko beste esperientzia batzuk ere baditu orkestrak bere ibilbidean, esaterako, Ken Zazpi, Michel Camilo, Kepa Junkera eta Benito Lertxundirekin garatutako proiektuak. Horiek guztiak kontzertu-formatuan eman ziren, baina duela pare bat urte orkestrak haratago joatea erabaki zuen eta bideoklip formatura egin zuen jauzi.
Josune Arakistain (Huntza): “Sorkuntza-prozesua oso polita izan da”
Huntza taldeak, Bilboko unibertsitate- eta gazte-girotik sortutakoak, bere agerpen guztiak arrakasta eta jai-giro bihurtzen ditu. Gaur egungo talde euskaldun arrakastatsuenetako bat da, instrumentu tradizionalak (trikitixa, panderoa…) eta pop rock musika uztartzen dituena. Josune Arakistainek eta Uxue Amonarrizek jartzen dizkiote ahotsa eta trikitixa beren kanta ezagunenetako hiruri: Lasai lasai, Olatu bat eta Aldapan gora.
Josune Arakistain, Huntza taldeko trikitilari eta abeslaria: “Euskadiko Orkestrarekin gure hiru abesti grabatzeko proposamena iritsi zitzaigunetik abestiak osatu arteko prozesua oso oso polita izan da. Alde batetik, Fernando Velazquezen moldaketak zoragarriak dira eta, beste alde batetik, hainbeste pertsonako orkestra bat atzean edukitzeak abestiei beste forma bat eman die. Besterik gabe eskerrak eman nahi dizkiot bai Fernandori bai orkestrako guztiei, eta ea gustatzen zaizkizuen”.
Fernando Velázquez: “Huntzaren kanta ezagunen bertsio berezi eta dibertigarriak dira”
Fernando Velázquez proiektuaren zuzendariaren hitzetan: "Oso pozik nago orkestrarekin eta Huntzarekin egin dugun proiektu honekin, beren kanta ezagunenetako batzuekin. Bertsio berezi samar bat da, originala bezain dibertigarria, orkestrak duen izaera, tinbre eta gaitasun horrekin. Asko gozatuko duzuela espero dut, eta topikoa dirudien arren, guk grabatzean bezain ondo pasako duzuela espero dut”.
Proiektu hau da Fernando Velázquezek eta Euskadiko Orkestrak orain dela gutxien partekatu duten proiektua, baina askoz gehiago egin dituzte batera. Errepertorio berriak jorratzeko eta publiko berrietara iristeko ariketa horretan, tandem bikaina osatu dute Velázquezek eta Euskadiko Orkestrak duela hainbat urtetatik, eta emaitza oparoak ekartzen jarraitzen du aliantza honek. Ken Zazpirekin egindako kontzertu-ziklo ezagun haietatik hasi eta getxotarraren agindupean egindako zine-munduko kolaborazio sorta zabalera arte. Azken aldian egindako proiektuen artean nabarmentzekoak dira pantailara eraman diren eleberrien soinu-banda originalak, Fernando Arambururen Patria —laster estreinatuko dena— eta Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea kasu. Aipagarria da, baita ere, duela gutxi berreskuratutako Truffauten The Bride Wore Black filmaren musikaren grabazioa. Atzeragora jotzen badugu, beste soinu-banda ugari aurki ditzakegu: Juan Antonio Bayonak zuzendutako A Monster Calls filmarena, zeinaren bidez Velázquezek musika original onenaren Goya saria eskuratu zuen; Wim Wendersen Submergence filmarena; Bayonaren The Impossible filmaren soinu-bandaren zuzeneko erabateko estreinaldia Donostia Zinemaldian; Ocho apellidos vascosena; Contratiemporena; etab.
Bideoklipen aurkezpena
Uztailaren 2, 3 eta 4an aurkeztuko dira hiru bideoklip berri hauek, lehendabizi ETBn eta ondoren Euskadiko Orkestraren sare sozialetan (Youtube, Instagram, Facebook eta Twitter).
Uztailak 2: Lasai lasai
- ETB2: Qué me estás contando programaren amaieran (20:15).
- ETB1: Eguraldiaren amaieran (21:05).
- 22:30: argitalpena Euskadiko Orkestraren sare sozialetan.
Uztailak 3: Olatu bat
- ETB2: En Jake programaren amaieran (14:10).
- ETB1: Eztabaidan programaren amaieran(22:30).
- 22:30: argitalpena Euskadiko Orkestraren sare sozialetan.
Uztailak 4: Aldapan gora
- ETB2: Teleberriaren aurretik(14:55)
- ETB1: Eguraldiaren ondoren (21:05).
- 22:30: argitalpena Euskadiko Orkestraren sare sozialetan.
Informazio gehiago
Grabazioaren argazkia (1)Grabazioaren argazkia (2)Grabazioaren argazkia (3)Grabazioaren argazkia (4)Grabazioaren argazkia (5)Grabazioaren argazkia (6)Bideoklipa: 'Lasai lasai' (estreinaldia: uztailak 2, 22:30)Bideoklipa: 'Olatu bat' (estreinaldia: uztailak 3, 22:30)Bideoklipa: 'Aldapan gora' (estreinaldia: uztailak 4, 22:30)Larunbat honetan 11:00etan ‘Euskadiko Orkestra Martxan!’ ekimeneko bosgarren kontzertua emango du ETB2k

Ekimenak ibilbidearen erdia gainditu du dagoeneko, eta sorta osatzen duten zortzi kontzertuetatik lau eman dituzte telebistan. Kontzertu guztiak orkestraren Miramongo egoitzan grabatu dira, talde murriztuarekin eta indarrean dauden osasun-neurriak betez.
Richard Straussen 'Metamorphosen' eta Mozarten '41. Sinfonia, Jupiter' lanek osatzen dute bosgarren kontzertu honetako programa.
Maiatzaren erdialdean iragarri genuen Euskadiko Orkestra Estatuko lehen orkestra izan zela, baita Europako bakanetakoa ere, martxan jarri eta agertokian berriro biltzen. Robert Treviño zuzendari titularraren gidaritzapean elkartu zen, eta egungo egoerara egokitutako lehen proiektu bat martxan jartzeko helburuarekin: Euskadiko Orkestra Martxan!, zortzi kontzertuko denboraldi txikia, ETB ematen ari dena, eta ondoren orkestraren YouTube kanalean ere gozatu ahal dena.
Berrogeita hamar bat musikariko formazio murriztuarekin, eta betiere egungo egoerak eskatzen dituen segurtasun-neurriak zorrotz betez, orkestrak zortzi kontzertu horiek bere Miramongo egoitzan entseatu eta grabatu zituen maiatz erdialdea eta ekain erdialdea bitartean. Sortako bosgarren kontzertua larunbat honetan, ekainak 27, 11:00etan, eskainiko du ETB2k. Richard Straussen Metamorphosen eta Mozarten 41. Sinfonia, ‘Jupiter’ bezala ezagunagoa dena, dira programako errepertorioa osatuko duten obrak.
Lau kontzertu ikusgai YouTuben
Kontzertu horiek guztiak, maiatzaren 30etik uztailaren 18ra bitartean ETB2n 11:00etan emateaz gain, orkestraren YouTubeko kanalean daude ikusgai telebistako emanaldien ondoren. Dagoeneko eskuragarri daude orain arte emandako lau kontzertuak, baita bosgarren kontzertuaren estreinaldirako esteka ere:
- Euskadiko Orkestra Martxan! #1: Agur Jaunak / Mendelssohn, ‘3. Sinfonia’
- Euskadiko Orkestra Martxan! #2: Haydn, ’49. Sinfonia’ / Mendelssohn, ‘1. Sinfonia’
- Euskadiko Orkestra Martxan! #3: Mozart, ’31. Sinfonia’ / Mendelssohn, ‘4. Sinfonia’
- Euskadiko Orkestra Martxan! #4: Brahms, ‘1. Serenata’
- Euskadiko Orkestra Martxan! #5: R. Strauss, ‘Metamorphosen’ / Mozart, ’41. Sinfonia’
Informazio gehiago
'Euskadiko Orkestra Martxan!' YouTubenEuskadiko Orkestrak hainbat entzunaldiren datak aldatu ditu

Euskadiko Orkestrak hiru lehiaketen datak aldatu ditu eta, hasierako aurreikuspenaren aurka, abuztuan izango dira: bi orkestran plaza lortzeko (flauta tutti plaza bat piccolo obligazioarekin eta bi biola tutti plaza) eta bat kontrabaxuko kolaboratzaileak bilatzeko.
Bestalde, harpa bakarlari bat hautatzeko entzunaldia mantendu egingo du urriaren hasieran, aurreikusita bezala, eta tronboi baxu kolaboratzaileak hautatzeko lehiaketa iragarri berri du abuzturako.
Euskadiko Orkestrak duela aste batzuk iragarri zuen instrumentujoleak hautatzeko hainbat lehiaketa irekiko zituela bere musikari taldea osatzeko. Egutegia egokitu ondoren, entzunaldi horietako batzuen datak aldatu egin dira eta, azkenean, abuztuan egingo dira. Hona hemen data berriak:
Kontrabaxu tutti eta bakarlari kolaboratzaileak aukeratzeko entzunaldia:
- Entzunaldiaren data: abuztuak 21.
- Hautagaitzak aurkezteko data: abuztuak 14.
Flauta tutti bat kontratatzeko entzunaldia, piccoloa jotzeko obligazioarekin:
- Entzunaldiaren data: abuztuak 26/27.
- Hautagaitzak aurkezteko data: abuztuak 17.
- Kontratu mugagabea, 6 hilabeteko probaldiarekin.
Bi biola tutti kontratatzeko entzunaldia:
- Entzunaldiaren data: abuztuak 28/29.
- Hautagaitzak aurkezteko data: abuztuak 17.
- Kontratu mugagabea, 6 hilabeteko probaldiarekin.
Aitzitik, harpa bakarlari bat hautatzeko entzunaldiaren datak mantendu egin dira:
Harpa bakarlari bat kontratatzeko entzunaldia:
- Entzunaldiaren data: urriak 2/3.
- Hautagaitzak aurkezteko data: irailak 18.
- Kontratu mugagabea, 6 hilabeteko probaldiarekin.
Bukatzeko, tronboi baxu kolaboratzaileak hautatzeko lehiaketa ere abian jarri berri du orkestrak:
Tronboi baxu kolaboratzaileak hautatzeko entzunaldia:
-Entzunaldiaren data: abuztuak 14.
-Hautagaitzak aurkezteko data: abuztuak 6.
Hemen dago entzunaldi hauei buruzko informazio guztia.
