Pintoresco Boskotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

'XX. mendeko inpresioak: Bidaia-zirriborroak’ izenburupean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariek soilik osatutako talde honek 1922an Pierre Jametek sortutako Parisko Boskote Instrumentalarentzat idatzitako obrak interpretatuko ditu, gaur egun oraindik ezezagunak direnak.
Larunbat honetan, otsailak 1, 11:00etan, Pintoresco Boskoteak eskainiko du Miramongo Matinéeen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera-musika zikloaren, kontzertua. Orkestrako kide diren bost musikarik osatzen dute taldea: Virgile Demillac (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Jon Larraz (biolontxeloa), Hélène Billard-Alirol (flauta) eta Francesca Di Nicola (harpa).
Matinée honen errepertorioa, jatorrian, Parisko Boskote Instrumentalarentzat sortu zen, 1922an Pierre Jametek sortutako musika-formazioarentzat, alegia. Parisko harpista honek mugimendu bikoitzeko harparen ezagutza bultzatu zuen, eta horrek garai hartako konpositore asko bultzatu zituen formazio honentzat idaztera. Kontzertuaren helburua da publikoari ezagutaraztea obra horiek, bidegabeki, oraindik ere ia ezezagunak baitira.
Lehenik eta behin, Gabriel Piernéren Bariazio libreak eta amaiera obra entzun ahal izango da, Parisko Boskote Instrumentalak 1932ko abenduaren 15ean hiriburu frantseseko Gaveau Aretoan estreinatu zuena. Izenburuaren soiltasunak konposizio liluragarri eta miresgarriki orekatu bat ezkutatzen du.
Bigarrenik, Albert Rousselen Serenatak, 1925ean boskote berarentzako konposatuak, konpositoreak ikerketa harmonikoarekiko zuen obsesioa erakutsiko du. Rousselek inpresio bisual edo poetikoetatik hartutako oroitzapenekiko duen joeraren berri ematen du lanak.
Matinéeko hirugarren obra 1. Kintetoa izango da, 1935ekoa, Jean Françaix musikagile goiztiarrak 20 urte eskasekin konposatu zuena. Konpositore emankor honen lan honetan deigarria da mugimendu ezberdinetan barrena hamar minutu baino gutxiagoan gertatzen diren giro-aldaketa ugariak. Bereziki, giro nagusia oso argitsua da, eta ironia-ukituak ditu.
Azkenik, Heitor Villa-Lobos brasildarraren Kinteto instrumentala izango da Matinéeko lanik berantiarrena, 1957an idatzi baitzuen egileak, hil baino bi urte lehenago. Bere herrialdeko erritmo eta dantzen erreferentziak trebeki kamuflatuta daude obraren mugimendu guztietan, non kontrastea eta soinu-koloreen etengabeko jokoa Hego Amerikako hain berezkoa den oihan euritsuan inspiratzen den.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Egitaraua:
Gabriel Pierné, Bariazio libreak eta amaiera [11’]
Albert Roussel, Serenata [17’]
Jean Françaix, 1. Kintetoa [12’]
Heitor Villa-Lobos, Kinteto instrumentala [20’]
Urtarrilaren 29ra aurreratu du Euskadiko Orkestrak ‘Lurra’ programaren Donostiako bigarren kontzertua

Greba orokorraren deialdia dela-eta, Donostiako Kursaal Auditoriumean hasiera batean urtarrilaren 30ean egitekoa zen kontzertua biharko egunera, urtarrilaren 29ra, aurreratu da, kontzertua ospatuko dela bermatzeko.
Egun bat aurreratu den arren, ‘Lurra’ programaren Donostiako bigarren kontzertuak egitaraua bere horretan mantenduko du, baita ordua (20:00) eta tokia (Kursaal Auditoriuma) ere.
Robert Treviño zuzendari titularrak hartu du batuta bere gain joan den astean Donostian eta Bilbon Abonu Denboraldiaren barruan eskaini zen programa honetan, eta aste honetan bigarren kontzertuarekin jarraituko du Donostian (bihar, urtarrilak 29) eta itxiera-kontzertuarekin Gasteizen (ostirala, urtarrilak 31). Gainera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, ezberdintasun txiki batzuekin bada ere, arrakastaz interpretatu zuen programa hori larunbat honetan Parisko Théâtre des Champs-Élysées antzokian, Frantziako hiriburuan bere estreinaldia izan den honetan.
Bihar Donostian berriz ekingo zaion programa honetan Gustav Mahlerren Lurraren kanta da obra nagusia, eta aurretik Maurice Ravelen bi orkestra-lanek osatzen dute egitaraua: Une barque sur l'océan eta La Valse. Treviñok eta Orkestrak ondoan dituzte programa honetan Jennifer Johnston mezzosopranoa eta Corby Welch tenorra. Programari buruzko informazio guztia hemen aurki daiteke.
Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Donostian urtarrilaren 29an eskainiko den kontzertu honetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumaren webgunean zein leihatilan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).
Egitaraua
Maurice Ravel:
Une barque sur l'océan [7’]
La Valse [12’]
Gustav Mahler:
Lurraren kanta [63’]
Robert Treviño, zuzendaria
Jennifer Johnston, mezzosopranoa
Corby Welch, tenorra
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Informazio gehiago
Kontzertuaren fitxa eta sarreren salmentaEuskadiko Orkestra Sinfonikoaren estreinaldi hunkigarria Parisko Théâtre des Champs-Élyséesen

Orkestrak bere nazioarteko ibilbide luzeari kultura garaikideko eszenatoki enblematikoenetako batean egotea gehitu zion atzo, eta oso modu sendo eta seguruan egin zuen. Bere emanaldi bikainetik txalo-zaparrada luzeak jaso zituen eta orkestra osoa, Robert Treviñoren batutapean, bere "soinu boteretsuagatik eta musika kalitateagatik" zoriondu zuten.
Musikaren historiako estreinaldi handien lekuko izan den agertokira igotzea, Igor Stravinskyren Udaberriaren sagaratzea kasu, zirragarria da eta esperientzia musikal paregabea ere bai. Hala bizitu zuten atzo Euskadiko Orkestrako musikariek, Robert Treviño beren titularra buru zutela. Antzoki honetaz gozatzeko aukera izan zuten eta, aldi berean, Orkestra bizitzen ari den une musikal bikaina erakusten jakin izan zuten.
Ravelekin ireki zuten, konpositorearen Ziburuko jatorriari egindako keinu batean, Rapsodie espagnole eta La Valse interpretatuz. Irudimen tinbriko handiz eta kolore orkestral ugariz idatzita daude bi obrak, eta berehala erakarri zuten ikusleen interesa. Bigarren zatian, Orkestrak Mahlerren Lurraren kantari ekin zion. Konpositorearen bizitzako aldi mingarrienetako batean konposatutako obra da, eta bizitzaren gozamenak ospatzen eta galeraren eta heriotzaren inguruan gogoeta egiten duten sei abesti biltzen ditu. Lehen mailako bi interprete mahleriarrek kantatu zituzten bertsoak: Jennifer Johnston mezzosopranoa eta Corby Welch tenorra. Théâtre des Champs-Élysées antzokian debutatzeko lan zail hau aukeratu izana Robert Treviñok orkestraren gaitasuna eta forma ona erakusteko duen asmoak azaltzen du. Denek batera talde ona osatu zuten, eta Mahlerren partiturak eskatzen duen heldutasun interpretatiboa maila musikal handiarekin erakutsi zuten.
Publikoa oso aditua eta adeitsua izan zen, eta Treviñok batuta jaitsi zuen arte ez zituen ‘bravo’-ak oihukatu. Orduan bakarrik, Lurraren kanta lanaren amaierako mugimenduak uzten duen isiltasuna eta baitaratzea txalo-zaparrada luzeek hautsi zuten aretoan, "Orkestraren soinu boteretsuak eta musika kalitateak" harrituta. Treviñok bere presentzia eskertzeko baliatu zuen momento hau, baita Orkestraren estreinaldiak Parisen erbesteko lehen Eusko Jaurlaritza izan zenetik 80 urte betetzen diren unearekin bat egiten duela azaltzeko ere. Baina, batez ere, unea baliatu zuen "euskal kulturaren eta dituen musikari handien lagin" hau poztasunez erakusteko. Ravelen Rapsodie espagnoleren azken mugimenduaren errepikapenak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ibilbidean jada historikoa den kontzertu bat amaitzeko balio izan zuen.
Erakundeen presentzia eta euskal komunitatea
Euskadiko Orkestra beti aritzen da kultur enbaxadore lanetan, eta euskal kulturaren ikusgarritasuna zabaltzen eta indartzen du kanpoan. Horri buruz mintzatu zen Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordea, eta hark, Oriol Roch Orkestraren zuzendari nagusiarekin batera, Espainiak Parisen duen enbaxadoreari, Fernando Cardererari, harrera egin zion antzokian. Enbaxadoreak, melomano aitortua, laudoriozko hitzak baino ez zituen izan Orkestrarentzat, eta "bertutetsua eta boteretsua" zela adierazi zuen. ELGAko eta UNESCOko beste ordezkari instituzional batzuez gain, Xabier Bindel Leizaola agurtzeko aukera egon zen, Jesús María Leizaolaren biloba, 1960tik 1978ra erbestean Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoa. Ikusleen artean Parisko Euskal Etxeko kideak agurtzeko aukera ere izan zen.
Estreinaldiaren ostean, Andris Nelsonsek zuzendutako Vienako Orkestra Filarmonikoak eta Philharmonia Orchestrak, Esa Pekka Salonenekin, hartuko dute lekukoa. Eta garrantzi handiko beste epizentro kultural batera, Istanbulera, zuzenduko du bere nazioarteko erronka berria, datorren martxoaren 9an.
Kontzertuaren programa:
Paris, Théâtre des Champs-Élysées, urtarrilak 25, 20:00
Jennifer Johnston, mezzosopranoa
Corby Welch, tenorra
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Robert Treviño, zuzendaria
Maurice Ravel: Rapsodie espagnole [16’] / La Valse [12’]
Gustav Mahler: Lurraren kanta [63’]
Paris eta Istanbul: Euskadiko Orkestraren Nazioarteko estreinaldi bikoitza 2020an

2018ko abenduan Austrian eta Alemanian barrena egindako biraren ostean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak nazioarteko proiekzioa lantzen jarraitzen du, eta orain arte bisitatu ez zituen bi hiritan egongo da: urtarrilaren 25ean Parisko Théâtre des Champs-Elyséesen eta martxoaren 9an Istanbuleko Cemal Resit Rey kontzertu-aretoan.
Mahlerren Laugarrenarekin aurreko biran egin zuen bezala, Euskadiko Orkestrak bere kredentzialak aurkeztuko ditu konpositore unibertsalen bi obra handirekin, eta hori musika-formazio baten indar eta fidagarritasunaren adierazgarri da, forma eta prestaketa ona eskatzen baitute lan horiek. Orkestra Gustav Mahlerren Lurraren kanta obrarekin estreinatuko da Parisen. Lan hau, egun hauetan, Orkestra lehen aldiz interpretatzen ari da Abonu Denboraldiko kontzertuetan eta, ondoren, Théâtre des Champs-Élyséesera eramango du. Istanbulen estreinatuko duen beste obra handia Anton Brucknerren Bederatzigarren sinfonia da, Orkestrak azken egun hauetan euskal agertokietan aurkeztu duen obra.
Paris:
Azken urteotan, Robert Treviño Gustav Mahlerri lotuta ikusi dugu maiz. Gure zuzendari titularra aitorpenak lortu eta lortu ari da mundu osoan, mahlerzale nabarmena den aldetik; Londreseko Orkestra Sinfonikoarekin, Zuricheko Tonhalle Orkestrarekin edota Municheko Filarmonikoarekin debutatzeko, Mahlerren musika hautatu zuen. Hala egin zuen, halaber, gure orkestrak 2018ko abenduan Austriako Linz eta Bregenz hirietan eta Alemaniako Munichen egin zuen birarako, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Pariseko Théâtre des Champs-Élysées antzokian lehen aldiz ariko den egunean ere, hilaren 25ean, Mahler izango da protagonista. Lehen mailako bi interprete mahlertarrek jarriko diete ahotsa obraren lerroei: Jennifer Johnston mezzosopranoa, sinfonietako bakarlari zatiak abestu dituena Cleveland edo Vienako Filarmonika bezalako orkestrekin; eta Corby Welch, Wagnerren operak interpretatzeko alemaniar antzokietan oso eskatua dagoen Heldentenor bat.
Mahlerrekin batera, Orkestrak Maurice Ravelekin irekiko du kontzertua, bere jatorri euskalfrantsesari keinu eginez, eta irudimen tinbriko handiko bi obra hautatu ditu horretarako: Rapsodie espagnole eta La Valse.
Théâtre des Champs-Élysées:
Théâtre des Champs-Élysées Parisko leku eszeniko dotoreenetako bat da. 1913an sortu zenetik, erreferentea izan da musika klasikoaren alorrean, eta Parisko musikaren epizentroa. Antzokia ehun urte baino gehiagoz musikaren, operaren eta dantzaren historiako figura ospetsuenen presentziagatik nabarmendu da, eta Parisko Orkestra Nazionalaren egoitza izan da.
Antzoki honen programazio zabalaren barruan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere burua aurkeztuko du 'Orkestra gonbidatuak' zikloan, eta kartela partekatuko du nazioarteko talde sinfoniko handiekin. Duela gutxi, San Petersburgoko Orkestra eta Frantziako Orkestra Nazionala aritu dira eszenatoki horretan Yuri Temirkanoven eta Emmanuel Krivineren esanetara, hurrenez hurren. Parisen estreinatu ondoren, Vienako Orkestra Filarmonikoari eta Philharmonia Orchestrari emango die Euskadiko Orkestrak lekukoa, Andris Nelsons eta Esa Pekka Salonenen batutapean jardungo dutenak.
Paris, Theatre des Champs-Élysées, urtarrilak 25, 20:00
Jennifer Johnston, mezzosopranoa
Corby Welch, tenorra
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Robert Treviño, zuzendaria
Maurice Ravel: Rapsodie espagnole [16’] / La Valse [12’]
Gustav Mahler: Lurraren kanta [63’]
Istanbul:
Istanbul kultur jarduera handiko hiria da, eta mundu osoko orkestra ospetsuak joaten dira bertara. Martxoaren 9an Euskadiko Orkestra CRRko agertokira igoko da Anton Brucknerren maisulantzat jotzen den Bederatzigarren sinfonia interpretatzeko, bai eta Max Bruchen Biolinerako 1. kontzertua ere, lehen zatian, Alena Baeva bakarlari gonbidatuarekin. Robert Treviñoren ustez, kultur enbaxadore izateko bokazioa betetzen jarraitzeaz gain, “Euskadiko Orkestrak bere gaitasun eta interpretazio maila handiagatik egin behar du ezagun, eta exijentzia honetako obrekin egin dezakegu”. Istanbulek jarritako datak eragotzi egingo du Robert Treviñok kontzertu hori zuzendu ahal izatea baina, haren faltan, Hans Graf izango da batuta hartuko duena. Austriarra Euskadiko Orkestrako zuzendari titularra izan zen 90eko hamarkadaren amaieran, eta behin baino gehiagotan itzuli da Orkestrara, zuzendari gonbidatu gisa. Mundu osoan ezaguna den zuzendaria da, eta oso bruckneriarra; beraz, Treviñok konfiantza osoa du Istanbulen estreinaldi honetan lekukoa pasatzeko.
Sala Cemal Resit Rey (CRR):
Cemal Resit Rey Kontzertu Aretoa herrialdeko kontzertu-areto nagusietako bat da, eta musika klasikorako diseinatutako lehena. Cemal Resit Rey musikagile turkiarraren izena darama, hau ere orkestra-zuzendaria eta Istanbulgo Orkestra Sinfonikoaren sortzailea. 1989ko martxoan inauguratu zen. 30 urte hauetan, mundu osoko konpainiak hartu ditu, hiriko programazio klasikoa, jazz-programazioa eta dantza-programazioa ere bai, eta CRR Symphony Orchestra, CRR Turkish Music Ensemble eta CRR Jazz Orchestra taldeen emanaldiak hartzen ditu maiz.
Istanbul, CRR, martxoak 9
Alena Baeva, biolina
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Hans Graf, zuzendaria
Max Bruch: Biolinerako 1. kontzertua [24’]
Anton Bruckner: 9. Sinfonia [63’]
Treviñok Mahlerren ‘Lurraren kanta’ izugarria zuzenduko du Euskadiko Orkestraren hurrengo kontzertu-programan

Jennifer Johnston mezzosopranoak eta Corby Welch tenorrak defendatuko dute konpositore bohemiarraren obra handi honen zati bokala Ravelen ‘Une barque sur l’océan’ eta ‘La Valse’ obren orkestra-bertsioek osatuko duten programa batean.
Gainera, Euskadiko Orkestra Parisen estreinatuko da programa honekin larunbat honetan, urtarrilak 25, Théâtre des Champs-Élysées prestigiodunean izango den kontzertu batean.
Robert Treviño zuzendari titularrak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren buru jarraitzen du Lurra izeneko hurrengo kontzertu-programa eskaintzeko. Bertan, Gustav Mahlerren Lurraren kanta izango da obra nagusia, eta aurretik Maurice Ravelen bi orkestra-lanek osatuko dute egitaraua: Une barque sur l'océan eta La Valse. Kontzertuak toki eta egunotan izango dira: Donostiako Kursaal Auditoriumean asteazkenean, urtarrilak 22, eta asteazkenean, urtarrilak 29 (greba orokorraren deialdia dela-eta, bigarren data aurreratu egin da kontzertua egingo dela bermatzeko); Bilboko Euskalduna Jauregian ostegunean, urtarrilak 23; eta Gasteizko Principal Antzokian ostiralean, urtarrilak 31. Guztiak 20:00etan izango dira.
Azken urteotan, Robert Treviño Gustav Mahlerri lotuta ikusi dugu maiz. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra aitorpenak lortu eta lortu ari da mundu osoan, mahlerzale nabarmena den aldetik; Londreseko Orkestra Sinfonikoarekin, Zuricheko Tonhalle Orkestrarekin edota Municheko Filarmonikoarekin debutatzeko, Mahlerren musika hautatu zuen. Programa honetan kontzertuen bigarren zatian Lurraren kanta handiari helduko dio, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaz bere historian lehendabizikoz joko duen obra. Konpositoreak bere bizitzako unerik mingarrienetako batean idatzi zuen, eta bizitzaren gozamenak goraipatzen dituzten eta galeraren eta heriotzaren gainean hausnartzen duten sei abestiz osatuta dago. Treviñok musikagile bohemiarraren musikan adituak diren beste bi lagun izango ditu alboan: Jennifer Johnston mezzosopranoa, sinfonietako bakarlari zatiak abestu dituena Cleveland edo Vienako Filarmonika bezalako orkestrekin; eta Corby Welch, Wagnerren operak interpretatzeko alemaniar antzokietan oso eskatua dagoen Heldentenor bat.
Kontzertuen lehen zatia Maurice Ravelek prestatu zituen Une barque sur l'océan eta La Valse lanen orkestrarako bertsioek osatuko dute. Pieza hauek miresgarriak dira, tinbrea irudimen handikoa izateaz gain, aberats-aberatsak baitira tresna-koloreei dagokienez. Lehenak espiritu inpresionista dauka eta itsasaldi mugitua proposatzen du, baina La Valse, Lehen Mundu Gerra amaitu eta gutxira bukatua, harago doa balsaren sorrera, goieneko unea eta suntsiketa irudikatu baitzituen, eta horrekin, dantza horren arrakasta bizi zuen gizartearen balioen sorrera, goieneko unea eta suntsiketa.
Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).
Egitaraua
Maurice Ravel:
Une barque sur l'océan [7’]
La Valse [12’]
Gustav Mahler:
Lurraren kanta [63’]
Robert Treviño, zuzendaria
Jennifer Johnston, mezzosopranoa
Corby Welch, tenorra
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Orkestraren estreinaldia Parisen
Gainera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Parisen estreinatuko da larunbat honetan, urtarrilak 25, Théâtre des Champs-Élysées sonatuan. Bosgarren kontzertu-programa honen gehiengoarekin bat datorren egitarauarekin aurkeztuko da bertan, nahiz eta aldaketa bat egongo den: Ravelen Une barque sur l’océanen ordez, euskal konpositore beraren Rapsodie espagnole eskainiko du Orkestrak, Denboraldiko hirugarren kontzertu-programan interpretatu zuen obra.
Donostiako bigarren kontzertuaren data-aldaketa
Greba orokorraren deialdia dela-eta, Donostiako Kursaal Auditoriumean hasiera batean urtarrilaren 30ean egitekoa zen kontzertua urtarrilaren 29ra aurreratu da, kontzertua ospatuko dela bermatzeko.
Perkusioak eszenatokia beteko du 2020 urteko lehen Miramongo Matinéean

'Soinuen aniztasuna' izenburupean, Kolpeka, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko perkusionistek soilik osatutako taldea, Miramongo Matinéeen protagonista izango da larunbat honetan, urtarrilaren 18an, 11:00etan.
Gabonetako etenaldiaren ondoren, Miramongo Matinéeen zikloan ere urte berriari ekingo zaio larunbat honetan, urtarrilaren 18an, 11:00etan, ohikoa ez den formatuko kontzertu batekin, perkusio-instrumentuak soilik baitira protagonista. Kolpeka izeneko taldeak eskainiko du saioa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hiru perkusionistekin: Anthony Lafargue, Hector Marques eta Igor Arostegi.
'Soinuen aniztasuna' izenburupean, estilo askotako musika biltzen du saioak. Jesus Salvador Chapiren Tendresa, Mark Forden Stubernic edo Iannis Xenakisen Okho bezalako obrak izango dira aniztasun horren erakusgarri.
Kontzertu honen errepertorioan aurkezten diren obren artean El espejo de mi alma ere nabarmentzen da, bakarkako bibrafonozko obra, Anthony Lafargue Euskadiko Orkestra Sinfonikoko perkusio-bakarlariak konposatua. Hain zuzen ere, bera arduratuko da kontzertuan lan hau interpretatzeaz.
Aukera polita izango da perkusiozko instrumentuen familia zabala hurbilagotik ezagutzeko. Eszenatoki gainean, lamina-instrumentuak eta perkusio anitzeko set upak ikus ahal izango ditugu, besteak beste.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Egitaraua:
Ramon Humet, Mantra II [5’]
Iannis Xenakis, Okho [13’]
Jesús Salvador Chapí, Tendresa [7’]
Mark Ford, Stubernic [9’]
Anthony Lafargue, El Espejo de mi alma [8’]
Nebojsa Jovan Zivkovich, Trio per uno, Op.27 (III. Molto energico) [8’]
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hiru produkzio berri aurkeztu ditu Gasteizen 19/20ko Musika Gela zikloaren baitan

'Maitasun epikoak'; 'Mozart, Nannerl eta lagunak'; eta 'Ekomusik' dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Denboraldi honetan Gasteizen antolatu dituen Musika Familian kontzertuen izenburuak.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelak Gasteizen aurkezten ditu bere Musika Familian kontzertuak, haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza bat. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala da Musika Familian kontzertuena, eta 22 urte daramatza Orkestraren egitarauan.
Aurten Gasteizen hiru produkzio propio estreinatuko dira zikloaren baitan, eta askotariko adin-taldeei zuzendutakoak dira, 2 urtetik hasi eta 16 urteraino: Maitasun epikoak, Orkestra osoarekin, bidaia bat Europako iparraldera musikaren bidez penintsula eskandinaviarraren paisaia naturalak eta kultura ezagutzeko (otsailaren 28an, ostirala, 19:00etan, Principal Antzokian, 10 eta 16 urte bitarteko gazteentzat); Mozart, Nannerl eta lagunak, Wolfgang Amadeus Mozart konpositore ezaguna eta bere arreba Maria Anna ‘Nannerl’ protagonista izango dituen obra (martxoaren 1ean, igandea, 17:00etan eta 18:30ean, García Lorca Antzokian, 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat); eta Ekomusik, musika-tresnak artisau eran eraikitzea eta musikaren esentzia naturan bilatzea proposatuko duena (maiatzaren 17an, 18:00etan, Principal Antzokian, 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat). Ikuskizun hauek guztiak Gasteizko Udalaren Antzoki-Sarearekin koprodukzioan prestatu dira.
Ikuskizun guztietarako sarrerak 6 eurotan daude salgai urtarrilaren 30etik aurrera euskadikoorkestra.eus eta principalantzokia.org webguneen bidez, baita 945161045 telefono-zenbakian eta Principal Antzokiko leihatilan ere. Mozart, Nannerl eta lagunaken kasuan, gainera, García Lorca Antzokiko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira tiketak, bertan izango baita emanaldia.
Ikuskizunetako bik, Maitasun epikoak eta Ekomusikek, aurretik, Sentsibilizazio-tailer bat izango dute (17:45ean eta 16:45ean, hurrenez hurren). Tailer hori doakoa izango da kontzerturako sarrera dutenentzat, baina aldez aurretik izena eman beharko da (30 lagunentzako lekua izango du). Horretarako, 945161045 telefonora deitu beharko da.
Gaur aurkezten diren hiru kontzertuak Principal antzokiko Musika Familian abonuaren barruan sartzen dira. Abonamendu honek guztira bost kontzertutarako sarbidea ematen du (beste sustatzaile batzuen kontzertuak ere barne hartzen ditu)16 euroko prezioan. Abonamenduak urtarrilaren 23tik 26ra eros ahal izango dira Principal Antzokian bertan.
Parte-hartze gasteiztarra Eskola Kontzertuetan
Aurtengoan ere, Gasteizko Olabide Ikastolako 120 ikasle Orkestrak antolatutako Eskola Kontzertuetako batean izango dira. Aurten hamaika urte bete dira Eskola Kontzertuak hasi zirenetik, eta ordutik Musika Gelaren ildo nagusietako bat bezala finkatu da. Guztira, aurreko hamar edizioetan, 44.000 ikasle baino gehiagok gozatu ahal izan dute kontzertu hauez, eta parte-hartzaileen zifra urtez urte areagotu egin da.
Olabide izango da Denboraldi honetan Eskola Kontzertuez gozatu ahal izango duten 100 ikastetxeetako bat. Zehazki, ikastetxe gasteiztarreko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasleek Maitasun epikoak kontzertua ikus ahal izango dute. Guztira, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 9.000 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte Denboraldi honetan Eskola Kontzertuetan.
Askoz gehiago Musika Gelan
50 jarduerak osatuko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelaren 19/20 Denboraldiko egitaraua, Mikel Cañadak koordinatutakoa. Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza-ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. Bere baitan eskaintzen diren kontzertuek izaera didaktikoa, pedagogikoa eta gertukoa daukate.
Musika Familian kontzertuez eta Eskola Kontzertuez gain, zikloak aurten hainbat entsegu ireki hartuko ditu barne, eta baita pertsonen inklusioa sustatzeko jarduera ugari ere, FEVAS-Plena Inclusión Euskadirekin lankidetzan programatutakoak.
Informazio gehiago ikuskizunei buruz
Maitasun epikoak
Otsailak 28, 19:00, Principal Antzokia
10 < 16 urte
60’
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Lucia Marín, zuzendaria
Pilar Andrés Contreras eta Denis Martínez Roque, dantzariak
Mikel Cañada, gidoia
Mikel Ibáñez, narrazioa
Lucía Marín orkestra-zuzendariaren, Euskadiko Orkestra Sinfoniko osoaren, dantzaren eta narratzaile baten eskutik Europako iparraldera bidaiatuko dugu bertako konpositore garrantzitsuenetako biren —Grieg eta Sibeliusen— musikaren bidez penintsula eskandinaviarraren paisaia naturalak eta kultura deskubritzeko. Kolore ezberdinez betetako kontzertua izango da, baita mota guztietako paisaiak eta sentipen biziak ezin hobeki irudikatuko dituzten musika handiez betetakoa ere.
Mozart, Nannerl eta lagunak
Martxoak 1, 17:00 / 18:30, García Lorca Antzokia
2 < 5 urte
40’
Mikel Cañada, gidoia
Ana Eguiazabal, aurkezlea
Laura Balboa, biolina
Nathalie Dabadie, biolina
Justyna Janiak-Krymer, biola
Jon Larraz, biolontxeloa
Sara Zufiaurre, klarinetea
Pedro José Rodríguez, pianoa
Bi protagonista nagusi izango ditu kontzertu honek: musika klasikoaren pertsonaia entzutetsuenetako bat, Wolfgang Amadeus Mozart, eta bere arreba Maria Anna Mozart, hura ere konpositorea, baina zeinaren obra gehienak galdu egin diren historian barrena. Nannerl —Maria Annaren goitizena— berpiztu egingo da gure aurrean ezagutzera emateko eta gu bere anaiaren musikara hurbiltzeko. Martxa turkiarraren erritmora eta bere obrak musika-estilo ezberdinen bidez eraldatzeko jolasekin, haurrek deskubrituko dute Mozarten musika gaurkotasun osokoa dela.
Egitaraua
Wolfgang Amadeus Mozart (1756-1791):
Klarinete eta hari kintetoa [I. Allegro]
13. Serenata [I. Allegro]
Klarineterako kontzertua [II. Adagio]
Pianorako 12. sonata [I. Allegro]
Pianorako 11. sonata [III. Rondo: Alla Turca]
Pianorako 12. sonata [II. Adagio]
12 bariazio ‘Ah, vous dirai-je Maman’ liedaren gainean [Thema / 1,3,7,10 bariazioak / Thema]
Klarineterako kontzertua [III. Rondo: Allegro]
Leopold Mozart (1719-1787):
Nannerlen koadernoa
Ekomusik
Maiatzak 17, 18:00, Principal Antzokia
6 < 10 urte
50’
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren hari-taldea eta klabezina
Enrike Solinis, gitarra eta zuzendaria
Mikel Cañada, gidoia
Patrizia Eneritz, aurkezlea
Musika-tresnak artisau eran eraikitzea ingurunea errespetatuz eta musikaren esentzia bilatzea, naturan, bere itxurazko sorlekuan. Horiek izango dira oinarri musika klasikoaren eta ekologiaren arteko harreman zuzena ezartzea helburu duen kontzertu honetan. Harizko hamar instrumentuk eta klabezinak osatuko duten talde batek errepertorio barrokoa jorratuko du, historiako garai hartan oso ohikoa baitzen musikagileek naturaren elementuetara jotzea euren konposizioetan.
Errepertorioak Philidor, Lully, Rameau, Vivaldi, Bach eta Gaspar Sanzen obrak hartuko ditu barne.
Informazio gehiago
Prentsaurrekoaren argazkia (.jpg)Musika Gelaren 19/20 Denboraldiko programazio osoa (.pdf)Maitasun epikoak: kontzertuaren fitxa eta sarreren salmentaMozart, Nannerl eta lagunak: kontzertuaren fitxa eta sarreren salmentaEkomusik: kontzertuaren fitxa eta sarreren salmenta'Mozart, Nannerl eta Lagunak' ikuskizunaren argazkiak'Finale’-a berreskuratu zaion sinfonia bat Euskadiko Orkestraren urte musikala estreinatzeko

Orkestrak Brucknerren '9. sinfonia' interpretatuko du musikan aditu batzuek azkentzat eta zuzentzat jo duten bertsioan. Frank Peter Zimmermann biolinjoleak azken orduan parte-hartzea bertan behera utzi ostean aldatutako programa da.
19/20 Abonu Denboraldiaren laugarren programan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Brucknerren 9. sinfonia interpretatuko du, konpositore austriarraren azken obra, hamar urtez bere idazketan jardun zuena. Gure garaira arte, sinfonia hau amaitu gabekotzat jo izan du musika-komunitateak, konpositoreak proiektatu zituen lau mugimenduen lehen hiruren bertsio osoa bakarrik ezagutzen baitzen. Hala ere, eta aurrerago Robert Treviño zuzendariak xehetasunez azaltzen duen bezala, sinfonia honen laugarren mugimendua (Finale), Bruckner hil ondoren desagertu zena, duela 8 urte berreskuratu zuen Samale et al argitaletxe-taldeak, urte askotako ikerketa eta bilaketaren ondoren.
Kontzertu-programa honetarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bertsio hau aurkeztea erabaki du, musikako hainbat adituk orain jada azkentzat eta zuzentzat jotzen dutena, laugarren mugimenduaren bertsio berreskuratu hau normalean interpretatzen diren hirurei gehituz. Bertsio hori behin bakarrik interpretatu dute Espainian, eta duela urte gutxi estreinatu zuen Berlingo Filarmonikoak, Simon Rattleren batutapean. Sinfonia osoa 90 minutuko musikak osatzen du, eta konpositore austriarraren "azken maisulantzat" jo izan dena bere osotasunean ezagutzeko aukera paregabea izango da. Treviñoren beraren hitzetan: " Lehen hiru mugimenduetako 134 urteko tradizioan ez bezala, 8 urteko ibilbidea baino ez duen Finale hau entzuteko aukera aintzat har dezazuela eskatzen dizuet".
Kontzertuak honako egun eta tokietan izango dira: ostiral eta astelehenean, urtarrilak 10 eta 13, Donostiako Kursaal Auditoriumean; larunbatean, urtarrilak 11, Bilboko Euskalduna Jauregian; asteartean, urtarrilak 14, Gasteizko Principal Antzokian; eta asteazkenean, urtarrilak 15, Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Guztiak 20:00etan izango dira.
Frank Peter Zimmermannen parte-hartzea bertan behera
Brucknerren Bederatzigarrenaren bertsio osoaren interpretazioa ez zegoen kontzertu programa horren hasierako planetan. Azken orduko aldaketa bat izan da, Frank Peter Zimmermannen parte-hartzea bertan behera geratu delako, erorketa handi baten ondorioz izandako lesio baten ondorioz. Bigarren aldia zen mundu mailako biolinjoleak Alban Bergen Biolinerako kontzertua Euskadiko Orkestrarekin interpretatu behar zuela, baina oraingoan ere ezin izan da gertatu. Frank Peter Zimmermann ez da ordezkatuko, ez baitago bere kategoriako biolinjolerik hain denbora gutxirekin ordezkatu daitekeenik eta programako bost kontzertuetarako libre dagoenik.
Biolinjoleak konpromisoa agertu du Alban Bergen Biolinerako kontzertuarekin orkestraren programaziora itzultzeko.
ROBERT TREVIÑON OHARRAK BRUCKNERREN BEDERATZIGARREN SINFONIARI BURUZ:
"Hasieratik esan behar dena da BRUCKNERREK IDATZI ZUELA oso-osorik musika hau! Eta, beraz, ez litzateke konparatu behar ezagunak zaizkigun beste lan batzuekin, Mozarten Requiemarekin adibidez, Franz Sussmayrrek osatu zuena —baita 'konposatu' ere—. Anton Brucknerren Bederatzigarren Sinfoniaren laugarren mugimendua —'Finale'— orain zergatik aurkezten dugun ulertu ahal izateko, 1896an hil zeneko unera arte atzera egin behar dugu. Bere heriotzaren albistea zabaldu zenean, jende asko Brucknerren etxera hurbildu zen (inolako baimenik gabe) maisu handiaren lana gogoratzeko eta mantentzeko balio ziezaiekeen edozein objektu eramateko. Hala ere, bere lana gorde baino gehiago, horrek bere memoria oztopatu zuen.
Konpositore gehienek 'folio' bezala ezagutzen dena erabiltzen dute, konpositoreak ideia musikalak, motiboak, progresio harmonikoak zirriborratzeko erabiltzen duen larruzko liburu handi bat, baita atalak edo mugimenduak osatzeko ere. 1896an, hainbat pertsona Brucknerren etxean sartu ziren haren jabetza pribatuaren zati bat eramateko eta, hori ikusita, polizia-agenteak bidali zituzten, asmo oneko lapurrengandik etxea babesteko. 100 urte baino gehiagoz, folio horiek eskuz aldatu ziren familien artean, edo liburutegietan, unibertsitateetan eta kontserbatorioetan utzi ziren, baita enkanteetan saldu ere mundu osoan. Eta 2012an Brucknerren etxean folio gehiago aurkitu ziren! Samale et al argitaletxe-taldea (Samale, Phillips, Cohrs eta Mazzucak osatua) hainbat hamarkadaz aritu da munduan zehar barreiatutako folio galdu hauek biltzen, eta Brucknerrek bere Bederatzigarren Sinfoniako 'Finalea' ia erabat idatzi zuela jakin izan du. Izan ere, 23 minutuko mugimendu horretan hamar segundoko bi zati labur baino ez daude aurkitzeke. Brucknerrek bere azken opus sinfonikoa osatzeko asmoa zuen —eta hala azaldu zuen zehatz-mehatz— lehen mugimenduaren gai nagusia berreskuratuz, 'Scherzo'-aren motiboak erabiliz (sotiltasunez) eta azkenean sinfonia osoa 'Adagio’-aren goranzko gai bikainarekin biribilduz.
Nortasun bitxiko gizon apala izan zen Bruckner. Bere obren sustraiak bi ideia oso ezberdinetatik jaiotzen dira: 'Dena da Jainkoarentzat' eta ‘Dena da maitasunarentzat'. Hala ere, nik neuk saihesten dut Brucknerren irudiari buruzko nire interpretazioan maitasun 'helduaren' ideia, ez baitzuen inoiz seme-alabarik izan, ez eta ezkondurik egon ere, eta bera baino askoz gazteagoak ziren pertsonak haurren tankera berean gutiziatzera iritsi baitzen, nahiz eta agian heldutasun handiagokoak iruditu. Batez ere bere Jainkoarenganako begirune ukaezina nagusitu zen. Nik, nire lankide zaharrago askok bezala, bai iraganekoak bai oraingoak, hala nola Harnoncourtek eta Simon Rattlek bezala, Bederatzigarren Sinfoniaren bertsio honen aldeko apustua egin dut, azken bertsioa eta zuzena dela uste baitut. Ohorez aurkezten dizuet obra hau hasieratik amaierara, entzule maiteak, eta mesedez eskatzen dizuet estima dezazuela 8 urteko ibilbidea baino ez duen 'Finale' hau (maisuak gorputz eta ariman idatzia) entzuteko aukera, kontrastean lehen hiru mugimenduek 134 urteko tradizioa baitute. Maisulan honen tradizioaren eta historiaren parte izatera gonbidatzen zaituztet”.
Robert Treviño
Kontzertu 'madarikatua' eta 'finale'-a berreskuratu zaion sinfonia bat Euskadiko Orkestraren urte musikala estreinatzeko

Bigarren aldia zen Frank Peter Zimmermann mundu mailako biolinjoleak Alban Bergen 'Biolinerako kontzertua' Euskadiko Orkestrarekin interpretatu behar zuela, baina oraingoan ere ezin izan da gertatu.
'Aingerua' izenburupean, biolinerako kontzertu honi erreferentzia eginez, Orkestrak kontzertu-programa berri bati ekin behar zion ostiral honetatik aurrera, urtarrilaren 10etik aurrera, bere bakarlari esperotakoenarekin, Frank Peter Zimmermannekin, baina erorketa handi baten ondorioz izandako lesio bat dela-eta hurrengo egunetarako programatutako bost kontzertuak bertan behera utzi behar izan dira.
Frank Peter Zimmermann ez da ordezkatuko, ez baitago bere kategoriako biolinjolerik hain denbora gutxirekin ordezkatu daitekeenik eta programako bost kontzertuetarako libre dagoenik. Horren faltan, Orkestrak Brucknerren 9. Sinfonia interpretatuko du musikan aditu batzuek azkentzat eta zuzentzat jo duten bertsioan; horretarako, laugarren Finale ezohikoa gehituko die kontzertuaren bigarren zatirako hasieratik programatuta zeuden hiru mugimenduei. Bere azken lana izango zena osatzeak hamar urte hartu zizkion musikagileari eta, aurrerago Robert Treviño zuzendariak xehetasunez azaltzen duen bezala, sinfonia honen laugarren mugimendua, konpositorea hil ondoren desagertu egin zen. Samale et al talde editoriala ikertzen eta bilatzen jardun da azken urteotan, eta duela 8 urte Finalea berreskuratzea lortu zuen.
Programa aldatzera behartzen duen bat-bateko istripu honen ondoren, Orkestrak laugarren mugimenduari ekitea erabaki du, Finale delakoa, behin bakarrik interpretatua Espainian eta duela urte gutxi estreinatu zuena Berlingo Filarmonikoak Simon Rattleren batutapean. Sinfonia osoa 90 minutuko musikak osatzen du, eta horrek esan nahi du hasierako programaren iraupen bera duela, eta aukera paregabea izango da Austriako konpositorearen "azken maisulantzat" jo izan dena bere osotasunean ezagutzeko. Treviñoren beraren hitzetan: “Eskatzen dizuet estima dezazuela 8 urteko ibilbidea baino ez duen 'Finale' hau entzuteko aukera, kontrastean lehen hiru mugimenduek 134 urteko tradizioa baitute”.
Bestalde, Frank Peter Zimmermannek konpromisoa agertu du Alban Bergen Biolinerako kontzertuarekin orkestraren programaziora itzultzeko.
ROBERT TREVIÑON OHARRAK BRUCKNERREN BEDERATZIGARREN SINFONIARI BURUZ:
"Hasieratik esan behar dena da BRUCKNERREK IDATZI ZUELA oso-osorik musika hau! Eta, beraz, ez litzateke konparatu behar ezagunak zaizkigun beste lan batzuekin, Mozarten Requiemarekin adibidez, Franz Sussmayrrek osatu zuena —baita 'konposatu' ere—. Anton Brucknerren Bederatzigarren Sinfoniaren laugarren mugimendua —'Finale'— orain zergatik aurkezten dugun ulertu ahal izateko, 1896an hil zeneko unera arte atzera egin behar dugu. Bere heriotzaren albistea zabaldu zenean, jende asko Brucknerren etxera hurbildu zen (inolako baimenik gabe) maisu handiaren lana gogoratzeko eta mantentzeko balio ziezaiekeen edozein objektu eramateko. Hala ere, bere lana gorde baino gehiago, horrek bere memoria oztopatu zuen.
Konpositore gehienek 'folio' bezala ezagutzen dena erabiltzen dute, konpositoreak ideia musikalak, motiboak, progresio harmonikoak zirriborratzeko erabiltzen duen larruzko liburu handi bat, baita atalak edo mugimenduak osatzeko ere. 1896an, hainbat pertsona Brucknerren etxean sartu ziren haren jabetza pribatuaren zati bat eramateko eta, hori ikusita, polizia-agenteak bidali zituzten, asmo oneko lapurrengandik etxea babesteko. 100 urte baino gehiagoz, folio horiek eskuz aldatu ziren familien artean, edo liburutegietan, unibertsitateetan eta kontserbatorioetan utzi ziren, baita enkanteetan saldu ere mundu osoan. Eta 2012an Brucknerren etxean folio gehiago aurkitu ziren! Samale et al argitaletxe-taldea (Samale, Phillips, Cohrs eta Mazzucak osatua) hainbat hamarkadaz aritu da munduan zehar barreiatutako folio galdu hauek biltzen, eta Brucknerrek bere Bederatzigarren Sinfoniako 'Finalea' ia erabat idatzi zuela jakin izan du. Izan ere, 23 minutuko mugimendu horretan hamar segundoko bi zati labur baino ez daude aurkitzeke. Brucknerrek bere azken opus sinfonikoa osatzeko asmoa zuen —eta hala azaldu zuen zehatz-mehatz— lehen mugimenduaren gai nagusia berreskuratuz, 'Scherzo'-aren motiboak erabiliz (sotiltasunez) eta azkenean sinfonia osoa 'Adagio’-aren goranzko gai bikainarekin biribilduz.
Nortasun bitxiko gizon apala izan zen Bruckner. Bere obren sustraiak bi ideia oso ezberdinetatik jaiotzen dira: 'Dena da Jainkoarentzat' eta ‘Dena da maitasunarentzat'. Hala ere, nik neuk saihesten dut Brucknerren irudiari buruzko nire interpretazioan maitasun 'helduaren' ideia, ez baitzuen inoiz seme-alabarik izan, ez eta ezkondurik egon ere, eta bera baino askoz gazteagoak ziren pertsonak haurren tankera berean gutiziatzera iritsi baitzen, nahiz eta agian heldutasun handiagokoak iruditu. Batez ere bere Jainkoarenganako begirune ukaezina nagusitu zen. Nik, nire lankide zaharrago askok bezala, bai iraganekoak bai oraingoak, hala nola Harnoncourtek eta Simon Rattlek bezala, Bederatzigarren Sinfoniaren bertsio honen aldeko apustua egin dut, azken bertsioa eta zuzena dela uste baitut. Ohorez aurkezten dizuet obra hau hasieratik amaierara, entzule maiteak, eta mesedez eskatzen dizuet estima dezazuela 8 urteko ibilbidea baino ez duen 'Finale' hau (maisuak gorputz eta ariman idatzia) entzuteko aukera, kontrastean lehen hiru mugimenduek 134 urteko tradizioa baitute. Maisulan honen tradizioaren eta historiaren parte izatera gonbidatzen zaituztet”.
Robert Treviño
Polonaise Ensemble izango da larunbat honetan urteko azken Miramongo Matinéearen protagonista

Hari, flauta eta pianoak osatutako boskote honek Haydn, Mozart eta Chopinen obra bana eskainiko du ‘Musikak dioskuna’ izeneko kontzertu honetan.
Larunbat honetan, abenduak 14, 11:00etan, Miramongo Matinéeen urteko azken hitzordua izango da, Polonaise Ensemblek eskainiko duena. Taldea Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren hiru kidek (Ludwik Hamela, biolina; Jacek Grabe-Zaremba, biolontxeloa; eta Hélène Billard-Alirol, flauta), Javier Albarracínek (biola) eta Maurine Grais-ek (pianoa) osatzen dute.
Joseph Haydnen Flauta, biolin eta biolontxelorako divertimentoarekin abiatu ondoren, kontzertu honek bi pieza nagusi izango ditu: Wolfgang Amadeus Mozarten 3. Flauta eta hari kuartetoa eta Frédéric Chopinen Pianorako trioa.
Alde batetik, 3. Flauta eta hari kuartetoa Mozartek Ferdinand de Jeanentzat idatzi zituen hiru kuartetoetako azkena da. Musika-zale horrek Austriako konpositoreari egin zion enkarguan adostutako ordainsariaren erdia baino gutxiago ordaindu zion azkenean. Gertaera honen arrazoia zera izan zen, Mozartek adierazi zuela flautak ganbera-musikan ahots nagusi bezala ez duela “nahikoa indar", eta horregatik ez zuela hasieran adostutako enkargua erabat amaitu. Mozartek 1781 eta 1782 artean idatzitako lan honek bi mugimendu ditu.
Bestalde, Frédéric Chopinen Pianorako trioa bere lehen arrakastetako bat izan zen, eta Europako musikan bere generoko lan nabarmenenetako bat da. Poloniarrak 16 urterekin amaitu zituen ikasketak Varsovian (1826-29) eta, bere irakasleek pianista birtuoso karrera batera bideratu zuten arren, piano-irakasle eta pianorako piezen konposatzaile bezala lortu zuen ospea. Beethoveniar eraginpean idatzitako obra honek estilo distiratsuko piano zati bat du, harizko instrumentuak etengabeko elkarrizketan diharduten konposizio batean nagusitzen dena. Jatorriz biola, biolontxelo eta pianorako idatzitako obra da, ondoren biola biolinarekin ordezkatuz berridatzi zena. Garaiko interprete handienetako batek, Clara Wieck-Schumannek, bere ohiko errepertorioan sartu zuen obra hau.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
