Astelehena 07 Urria, 2019

Salgai sarrerak ‘Mozart, Nannerl eta Lagunak’-erako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lehen Musika Familian kontzertua

Salgai sarrerak ‘Mozart, Nannerl eta Lagunak’-erako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lehen Musika Familian kontzertua

Gaurtik aurrera eros daitezke sarrerak 'Mozart, Nannerl eta Lagunak'-erako, Musika Gelaren ikuskizun berrirako. Urriaren 19an, larunbata, izango da Miramonen.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Denboraldi berriko Musika Gela hezkuntza-zikloa urriaren 19an, larunbata, hasiko da, Musika Familian ataleko lehen kontzertu batekin. Mozart, Nannerl eta Lagunak izeneko programa batean Orkestraren Miramongo egoitzak bi kontzertu hartuko ditu 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat, bata 11:00etan eta bestea 12:30ean, eta biak euskaraz izango dira.

Kontzertuak bi protagonista nagusi izango ditu: musika klasikoaren pertsonaia entzutetsuenetako bat, Wolfgang Amadeus Mozart, eta bere arreba Maria Anna Mozart hura ere konpositorea, baina zeinaren obra gehienak galdu egin diren historian barrena. Nannerl —Maria Annaren goitizena— berpiztu egingo da bere burua eszenatokian ezagutzera emateko eta bere anaiaren musikara hurbiltzeko. Martxa turkiarraren eta beste obra ezagun batzuen erritmora eta bere obrak musika-estilo ezberdinen bidez eraldatzeko jolasekin, haurrek deskubrituko dute Mozarten musika gaurkotasun osokoa dela.

Kontzertua honako interpreteek emango dute: Laura Balboa (biolina), Nathalie Dabadie (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Jon Larraz (biolontxeloa) eta Sara Zufiaurre (klarinetea), bostak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kideak; eta Pedro José Rodriguez (pianoa). Obraren aurkezlea Ana Eguiazabal izango da eta lanaren gidoia Musika Gelaren koordinatzaile Mikel Cañadak sortu du.

Lehen kontzertu honetarako sarrerak salgai daude 4 euroko prezio bakarrean, euskadikoorkestra.eus webgunean edo Kursaaleko leihatilan. Kontzertuaren egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira Miramongo Egoitzako leihatilan, beti ere leku libreak geratzen badira.

 

 

Askotariko proposamenez jositako Denboraldia

 

Musika Gela zikloaren Denboraldi berria adin ugaritako publikoari zuzendutako askotariko proposamenez beteta dator. 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat diseinatu den Mozart, Nannerl eta Lagunak programa honez gain, zikloak 6 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat pentsatutako proposamen gehiago ere hartuko ditu barne. Musika Familian ataleko kontzertuez aparte, Denboraldi honetan Eskola Kontzertu asko emango dira, baita elkarte, ikastetxe, kontserbatorio eta unibertsitateentzako Entsegu Irekiak ere.

Zikloaren programazio osoari buruzko xehetasunak urri erdi aldera emango dira ezagutzera.

Ostirala 04 Urria, 2019

19/20 Denboraldiko inaugurazio-kontzertuen programa ezagutzera eman da

19/20 Denboraldiko inaugurazio-kontzertuen programa ezagutzera eman da

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa pozik agertu da ohiko lau hiriburuetan inaugurazio-programak izan duen harrera nagusiki positiboarekin.

‘Bidaia ezezagunean barrena’ leitmotivarenpean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Denboraldi hau bidaiaren ideian ardaztuta egongo da, behin betiko bidaian, eta bidaiaren esperientzia horrek dakartzan jakin-min, emozio eta beldur guztietan. Eta hain zuzen atzo Iruñean bosgarren kontzertuarekin amaitu zen inaugurazio-programak erakutsi zuen modu argienean itxaropenaren eta ezezagunean barreneko bidaiaren ideia hori.

Milaka ikuslek onartu dute gonbidapena Orkestrarekin ontziratzeko bidaia liluragarri eta arriskutsu honetan, jarrera irekiarekin eta gogo onenarekin. Zalantzarik gabe, konfiantza handia eskatzen zuen programa zen, baita arrisku handikoa ere, baina, ikusleen gehiengoaren erantzuna ikusita, badirudi programaren xede nagusiak bete direla: iradokitzea, probokatzea eta inspiratzea.

Publikoa, kontzertuaren babesleak (Vital Fundazioa, Kutxa Fundazioa, BBK eta Laboral Kutxa) eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren inguruko gainontzeko eragileak beharrezko konplizeak izan dira prozesu honetan eta ezkutuko programaren sekretua gorde dute kontzertu sortaren amaierara arte. Hori ezinbestekoa izan da hiri guztietako kontzertuetako ikusleek baldintza beretan gozatu ahal izanteko deskubrimendurako bidaia musikal hau.

Robert Treviñoren hitzetan, “esperientziaren helburua izan da musikaren bidez irudikatzea edonork Ezezagunean barrena itxaropenez beteta murgiltzean sentitzen duen hori”. Ikusleak kontzertura programa ezagutu gabe eta itxaropen zehatzik gabe joan izanak balio izan du entzuleek euren azalean sentitzeko artistek musika bizitzeko duten modua: “momentu bakoitzean benetan presente egotea”.

 

 

Kontzertuaren programa

 

Hona hemen kontzertuaren programa:

John Corigliano:
Promenade overture [8’]

Edgard Varèse:
Tuning Up [5’]

Steve Reich:
Clapping Music [4’]

Mikel Chamizo:
Navigare Necesse Est [20’]

Arnold Schoenberg:
Erwartung [30’]

José María Usandizaga:
Dans la mer [6’]

 

Zure interesekoa izan daitekeelakoan...

Osteguna 03 Urria, 2019

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Denboraldia inauguratuko du Iruñean ezkutuko programa bat argitu ‘Zain’

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Denboraldia inauguratuko du Iruñean ezkutuko programa bat argitu ‘Zain’

Gasteizko, Donostiako eta Bilboko kontzertuen ostean, Iruñeko Baluarte Auditoriuma da hautatutako eszenatokia gaur (20:00) amaitzeko Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 19/20 Denboraldiaren hasiera markatu duen ezkutuko programaren misterioarekin.

‘Zain’ da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa hastear den Denboraldiaren lehen programaren titulua. Bidaiaren ideian ardaztuta egongo da, behin betiko bidaian, eta bidaiaren esperientzia horrek dakartzan jakin-min, emozio eta beldur guztietan. Ideia hau presente egongo da Denboraldiko programa askotan errepertorio sinfonikoko maisulan handien bidez. Baina inaugurazio-programa honek erakutsiko du modu argienean itxaropenaren eta ezezagunean barreneko bidaiaren ideia hori. 

Kontzertuaren formatua oso berezia izango da, interpretatuko den programa ezkutukoa izango baita amaierara arte, kontzertua bukatzean baino ez baita banatuko esku-programa. Gure inguru hurbilean ez dago horrelako esperientziarik aurrekari gisa. Programaren baitan ezagutuko den obra bakarra Mikel Chamizok Elkano: mundubira musika bidelagun hiru urteko proiektua abiatzeko konposatu duena izango da. Proiektu honen baitan bost konposizio enkargatu zaizkie beste hainbeste euskal musikagileri Juan Sebastián Elkano euskal marinelak duela 500 urte egin zuen bidaiaren zatiei musika jartzeko. Aipatzekoa da ekimen honetan Teresa Catalán nafarrak parte hartuko duela. Bidaia horren laugarren zatiari, India eta Afrikakoari, jarriko dio berak musika, eta bere obra Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2020/2021 Abonu Denboraldiaren barruan estreinatuko da.

Aurkikuntzarako bidaia musikal hau Orkestraren ia 7000 abonatuek gozatu ahal izateko, laguntza eskatu zaie ikusle eta eragile guztiei, sekretua kontzertu guztiak amaitu arte manten dadin. Orain arte lortu da helburu hori, eta gaurko Iruñekoa izango da azken kontzertua, zirkulua osatzeko eta isilpeko edukia argitzeko balioko duena.

 

 

Mikel Chamizo musikagile tolosarra eta Elkano

 

Testuinguru honetan, nahita erabaki da Elkano: mundubira musika bidelagun proiektuaren lehen obra hau programa honen baitan txertatzea. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak lehen mundubiraren bosgarren mendeurrenaren ospakizunekin bat egin nahi izan du eta horretarako bidaia haren zati ezberdinei lotutako bost obra enkargatu ditu proiektu honen baitan. Datozen hiru denboraldietan barrena estreinatuko dira obra horiek, Elkanoren bidaiak iraun zituen hiru urteei keinu bat eginez.  

Mikel Chamizoren Navigare necesse est lanak odisea hartako lehen pasarteetan jarriko du begirada, eta ezezaguneranzko bidaia hori ekitear zeuden marinel haien beldur, esperantza eta itxaropenak irudikatuko ditu. Zera dio Chamizo berak:

“Navigare necesse est obra Magallaesen eta Elkanoren bidaiaren hasieran oinarritzen da, eta hiru ataletan banatuta dago: Abesbatzak protagonizatuko duen erritu erlijioso bat —luzerako ontziratu baino lehen egin ohi zuten—; Sanlúcar de Barramedako portuko soinu-paisaiaren birsortze irudikatu bat, handik barneratu baitziren Ozeano Atlantikoan Magallaesen itsasontziak; eta itsasoan nabigatzen eman zituzten lehen momentuak, gizadiaren historiako aventura harrigarrienetako batera bidean”.

 

 

Bidaideak

 

Mikel Chamizoren obraz gain, partitura honen zati korala Bilboko Koral Elkarteak defendatuko duela ere badakigu. Orkestrak izango duen beste bidaide bat Mojca Erdmann soprano alemaniarra izango da. Eta ez da lehen aldia izango, izan ere, pasa den urteko abenduan Orkestrarekin batera Alemania eta Austrian barrena kontzertu-bira bat egin baitzuen sopranoak. Robert Treviñok honakoa dio:

“Hau da unea izaera honetako programa bat aurkezteko. Publikoak ondo ezagutzen du Orkestra, baita Bilboko Koral Elkartea ere, eta badaki Mojca Erdmannekin kontzertu-bira bat egin berri dugula. Gainera, hau da nire hirugarren denboraldia Orkestrarekin eta publikoak ni ere ezagutzen nau dagoeneko”.

Horregatik, eta “bertigo eta beldur” pixka bat ematen badu ere, publikoari “konfiantza” eskatu nahi dio

Osteguna 03 Urria, 2019

Mefisto Laukoteak eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

Mefisto Laukoteak eskainiko du larunbat honetako Miramongo Matinéea

'Kuarteto erromantikoa’ izeneko kontzertuan, Beethoven eta Mendelssohnen kuarteto bana interpretatuko du bere osotasunean Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariez osatutako talde honek.

Pasa den larunbatean Miramongo Matinéeen 28. edizioa arrakastaz inauguratu ostean, larunbat honetan, urriak 5, 11:00etan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera-musika Denboraldiko kontzertuetako bigarrena izango da. Bertan, Mefisto Laukoteak ‘Kuarteto erromantikoa’ izeneko kontzertua eskainiko du. Taldeko kide guztiak Orkestrako musikariak dira: Laura Balboa (biolina), Virgile Demillac (biolina), Yann Seyrac (biola) eta Jon Larraz (biolontxeloa).

Matinée honetan bi musikagile handiren bi obra aurkeztu nahi ditu hari-laukoteak, guztiak ardatz tematiko beraren pean: gaztaroko kartsutasuna.

Horietako lehena Ludwig Van Beethovenen 3. Hari-kuartetoa izango da, erromantizismoa hastapenetan zen unean idatzitako lana. Obra honetan argi eta garbi nabari daiteke Haydn eta Mozart bezalako musikagileen eragina, Beethovenentzat erreferente handiak biak. Kontrasteak eta tentsioak, Beethovenen ezaugarri propioak, oso presente daude kuarteto honetan.

Bestalde, Felix Mendelssohnen 4. Hari-kuartetoa eskainiko du laukoteak, 1847an idatzitako obra, konpositorearen bizitza laburreko azkenetan. Heldutasunean idatzitako lana izan arren, gaztaroko pasioak eta ezegonkortasunak dira nagusi, batez ere lehen eta laugarren mugimenduetan. Konpositorearen inspirazio oniriko ohikoa bigarren mugimenduan sumatzen da gehien, eta hirugarrena lirismoz betea agertzen da.

Horrela, bada, nahiz eta konpositoreen estiloen artean ezberdintasun nabarmenak egon, bi obra hauen artean bada lotura argi bat alderdi emozionalean.

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Osteguna 26 Iraila, 2019

Original Quintetek emango dio hasiera Miramongo Matinéeen Denboraldi berriari

Original Quintetek emango dio hasiera Miramongo Matinéeen Denboraldi berriari

'Xalotasuna eta eromena’ izeneko kontzertuan, Schuberten eta Prokofieven kinteto bana interpretatuko du ia bere osotasunean Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariez osatutako talde honek.

Berritasun bezala, hala nahi duten ikusleak eszenatoki gainean eseri ahal izango dira musikarien bi alboetara, eta horrek esperientzia musikal gertukoago bat bizitzea ahalbidetuko die.

Larunbat honetan, irailak 28, 11:00etan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo Matinéeen 2019/2020 Denboraldia abiatuko da Orkestraren Miramongo egoitzan. Ganbera-musika ziklo honek 28 urte beteko dituen honetan, Original Quintet izango da kontzertu-sorta berria irekitzearen arduraduna. Orkestrako sei kide dira taldearen parte: Virgile Demillac (biolina), Delphine Dupuy (biola), Beatriz Linares (biolontxeloa), Mehmet Sönmez (kontrabaxua), Pascal Laffont (oboea) eta Luis Cámara (klarinetea). Julia Siciliano pianojoleak osatzen du musika-taldea.

Kontzertu honetarako Original Quintetek aukeratu ditu ‘Amuarraina’ izenez ezagutzen den Franz Schuberten Pianorako kintetoa, elegantea bezain maliziatsua, eta Sergei Prokofieven Oboe, klarinete, biolin, biola eta kontrabaxurako kintetoa, errusiar musikagileak bere une goibel, intentsu eta depresiboenean idatzitakoa. Bi lanetan nabari da konpositoreek obra idatzi zutenean zuten aldartea, eta biek ala biek dute natura inspirazio-iturri nabarmen gisa.

Alde batetik, Schuberten obra Sylvester Paumgartner austriarrarentzat idatzia izan zen. Musikaren mezenas dirudun eta biolontxelojole amateur honek berak eskatu zion Schuberti aldaera batzuk egiteko obrari ‘Die Forelle’ edo ‘Amuarraina’ izena ematen dion ‘Lied’-ean.

Bestetik, Prokofieven obrak, ilun xamarra den arren, badu esperantza-ukitu bat. 1924an idatzi zuen, Parisen bizitzen zegoen bitartean. Bertan, antzerki- eta dantza-konpainia ibiltari batek eskatu zion Prokofievi ganbera-ballet bat prestatzeko, eta orduan jaio zen obra hau.

Matinéearen programaz gain, aipatzekoa da Orkestraren Miramongo egoitzako auditoriuma berritu egin dutela eta orain eszenatoki handiagoa daukala. Horri esker, hobetu egin da Orkestrako musikarien antolaera, bai entseguetan, bai bertan eskaintzen diren kontzertuetan. Egoera horrek aukera berri bat eskaini dio zikloari: aurrerantzean, publikoaren parte bat eszenatoki gainean eseri ahal izango da Matinéeetan, musikarien bi alboetara, eta horrek esperientzia musikal gertukoago eta inguratzaileagoa bizitzea ahalbidetuko die.

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Miramongo Matinéeen 2019/2020 Denboraldiko programazio osoari buruzko informazioa hemen aurki dezakezu.

 

Asteazkena 25 Iraila, 2019

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Denboraldia inauguratuko du ezkutuko programa bat argitu ‘Zain’

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Denboraldia inauguratuko du ezkutuko programa bat argitu ‘Zain’

Robert Treviñoren gidaritzapean, Orkestraren Denboraldi berri honetako lehen programa ostiral honetan, irailak 27, hasiko da Gasteizko Principal Antzokian; irailaren 30ean eta urriaren 1ean jarraituko du Donostiako Kursaalen; ondoren Bilboko Euskalduna Jauregian urriaren 2an; eta Iruñeko Baluarte Auditoriumean amaituko da urriaren 3an.

‘Zain’ da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa hastear den Denboraldiaren lehen programaren titulua. Bidaiaren ideian ardaztuta egongo da, behin betiko bidaian, eta bidaiaren esperientzia horrek dakartzan jakin-min, emozio eta beldur guztietan. Ideia hau presente egongo da Denboraldiko programa askotan errepertorio sinfonikoko maisulan handien bidez. Baina inaugurazio-programa honek erakutsiko du modu argienean itxaropenaren eta ezezagunean barreneko bidaiaren ideia hori. 

Kontzertuaren formatua oso berezia izango da, interpretatuko den programa ezkutukoa izango baita amaierara arte, kontzertua bukatzean baino ez baita banatuko esku-programa. Gure inguru hurbilean ez dago horrelako esperientziarik aurrekari gisa. Programaren baitan ezagutuko den obra bakarra Mikel Chamizok Elkano: mundubira musika bidelagun hiru urteko proiektua abiatzeko konposatu duena izango da.

Aurkikuntzarako bidaia musikal hau Orkestraren ia 7000 abonatuek gozatu ahal izan dezaten, laguntza eskatu nahi zaie ikusle eta eragile guztiei. Horrela bakarrik lortu ahal izango baita sekretua urriaren 3ra arte gordetzea, lehen programa honetako azken kontzertua amaitu arte, alegia. Hori izango da modua zirkulua osatzeko eta ezezaguneranzko bidaia honen edukia isilpean mantentzeko. 

 

 

Mikel Chamizo musikagile tolosarra eta Elkano

 

Testuinguru honetan, nahita erabaki da Elkano: mundubira musika bidelagun proiektuaren lehen obra hau programa honen baitan txertatzea. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak lehen mundubiraren bosgarren mendeurrenaren ospakizunekin bat egin nahi izan du eta horretarako bidaia haren zati ezberdinei lotutako bost obra enkargatu ditu proiektu honen baitan. Datozen hiru denboraldietan barrena estreinatuko dira obra horiek, Elkanoren bidaiak iraun zituen hiru urteei keinu bat eginez.  

Mikel Chamizoren Navigare necesse est lanak odisea hartako lehen pasarteetan jarriko du begirada, eta ezezaguneranzko bidaia hori ekitear zeuden marinel haien beldur, esperanza eta itxaropenak irudikatuko ditu. Zera dio Chamizo berak:

 

Navigare necesse est obra Magallaesen eta Elkanoren bidaiaren hasieran oinarritzen da, eta hiru ataletan banatuta dago: Abesbatzak protagonizatuko duen erritu erlijioso bat —luzerako ontziratu baino lehen egin ohi zuten—; Sanlúcar de Barramedako portuko soinu-paisaiaren birsortze irudikatu bat, handik barneratu baitziren Ozeano Atlantikoan Magallaesen itsasontziak; eta itsasoan nabigatzen eman zituzten lehen momentuak, gizadiaren historiako aventura harrigarrienetako batera bidean”.

 


Bidaideak

 

Mikel Chamizoren obraz gain, partitura honen zati korala Bilboko Koral Elkarteak defendatuko duela ere badakigu. Orkestrak izango duen beste bidaide bat Mojca Erdmann soprano alemaniarra izango da. Eta ez da lehen aldia izango, izan ere, pasa den urteko abenduan Orkestrarekin batera Alemania eta Austrian barrena kontzertu-bira bat egin baitzuen sopranoak. Robert Treviñok honakoa dio:

 

“Hau da unea izaera honetako programa bat aurkezteko. Publikoak ondo ezagutzen du Orkestra, baita Bilboko Koral Elkartea ere, eta badaki Mojca Erdmannekin kontzertu-bira bat egin berri dugula. Gainera, hau da nire hirugarren denboraldia Orkestrarekin eta publikoak ni ere ezagutzen nau dagoeneko”.

 

Horregatik, eta “bertigo eta beldur” pixka bat ematen badu ere, publikoari “konfiantza” eskatu nahi dio.

Astelehena 16 Iraila, 2019

Miramongo Matinéeak irailaren 28an itzuliko dira

Miramongo Matinéeak irailaren 28an itzuliko dira

Josu Okiñenaren piano-errezital bat eta Miren Urbieta-Vega sopranoak Javier Perez de Azpeitiarekin eskainiko duen kontzertu liriko bat nabarmentzen dira Miramongo Matinéeen Denboraldi berriko hamasei proposamenen artean.

Denboraldi honetan Miramongo Auditoriumeko eszenatoki gainean esertzeko aukera eskainiko da, eta horrek esperientzia musikal gertukoago bat bizitzea ahalbidetuko die bertan esertzen diren entzuleei.

Larunbatean, irailak 28, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo Matinéeen 2019/2020 Denboraldia hasiko da. Orkestraren ganbera-zikloa, 28. denboraldira iritsi dena, klasiko bat da asteburuetako kultur eskaintzan. Matinéeek etengabean berritzen dute euren soinu-katalogo zabala, ezin konta ahala forma melodikoz osatua. Sortu zenetik Kutxa Fundazioaren laguntza duen ziklo honen denboraldia 16 kontzertuk osatzen dute.

Denboraldiko gonbidatu azpimarragarrietako batzuk honakook izango dira: Josu Okiñena euskal pianojolea, Franz Liszten konposizio ezezagunenetako batzuk interpretatuko dituena; Miren Urbieta-Vega sopranoa eta Javier Perez de Azpeitia pianojolea, zeintzuek, elkarrekin, Mozart, Puccini eta Verdi bezalako autore ezagunen obrekin maitasunetik tragediarako ibilbide lirikoa eskainiko duten; eta musika barroko eta errenazentistan espezializatutako Ensemble Diatessaron taldea, Italiako Barbara Strozzi musikagile birtuosoaren obrak ardatz hartuko dituena.

Hemiola Laukotea, Barrococo eta Original Quintet bezalako taldeek, Orkestrako musikariek osatutakoek, formatu txiki eta intimoko kontzertuak eskainiko dituzte zikloaren baitan. Izaera honetako errezitalek sasoi betean egotea eskatzen diote musikariari, eta protagonismo nabarmenagoa eskaintzen. Aurtengo Denboraldian deigarria da ohiko hari-formazioez gain hain arruntak ez diren beste talde mota batzuk ere izango direla, adibidez, Kolpeka, perkusionistez bakarrik osatutakoa, edo Cuivres en Pays Basque, hogei musikarik konposatutako taldea, horietako gehienak haize metal instrumentujoleak. Talde horien errezitalak kalitatezko musika alternatiba bat bezala duela 28 urte sortu zen eta oraindik indarrean dagoen ziklo honen bikaintasunaren eredu izango dira.

 

 

Erakargarritasun berria

 

Programaziotik kanpo, aipatzekoa da Orkestraren Miramongo egoitzako auditoriuma berritu egin dutela eta orain eszenatoki handiagoa daukala. Horri esker, hobetu egin da Orkestrako musikarien antolaera, bai entseguetan, bai bertan eskaintzen diren kontzertuetan. Egoera horrek aukera berri bat eskaini dio zikloari: aurrerantzean, publikoaren parte bat eszenatoki gainean eseri ahal izango da Matinéeetan, musikarien bi alboetara, eta horrek esperientzia musikal gertukoago eta inguratzaileagoa bizitzea ahalbidetuko die.

 

 

Abonamenduak

 

16 kontzertuetarako abonamenduak 84 euroko prezioa izaten jarraitzen du, eta 64 eurokoa tarifa bereziko onuradunentzat (65 urtetik gorakoei, 30 urtetik beherakoei, Orkestrako beste zikloetako abonatuei, Kursaal Eszenako abonatuei, Kutxabankeko K26 eta K26+ txartelen Titularrei, Eureka! Zientzia Museoko lagunei eta Musikene). Jada eskuragarri dago Orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo euskadikoorkestra.eus webguneko formularioa betez.

 

 

Sarrerak

 

Sarrera solteek 7 euroko prezio bakarra izaten jarraitzen dute eta salgai daude dagoeneko euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahal izango dira dagokion kontzertuaren egunean.

Kontzertuak larunbatetan izango dira, goizeko 11:00etan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitzan. Horietara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus zerbitzua eskaintzen dio Matinéetara bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4 zenbakitik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Asteartea 10 Iraila, 2019

‘Ikus-entzunezko gozamena’ Belodromoan irailaren 21ean

Ezker-eskuin: José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiaren zuzendaria; Oriol Roch, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia; Pascal Gaigne, SGAE Fundazioaren ordezkaria; Iñaki Tolaretxipi, Landarbaso Abesbatzaren zuzendaria; Joseba Beristain, konpositorea; Juanjo Ocón, banda- eta orkestra-zuzendaria. © Festival de San Sebastián / Egilea: Pablo Gómez
Ezker-eskuin: José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiaren zuzendaria; Oriol Roch, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia; Pascal Gaigne, SGAE Fundazioaren ordezkaria; Iñaki Tolaretxipi, Landarbaso Abesbatzaren zuzendaria; Joseba Beristain, konpositorea; Juanjo Ocón, banda- eta orkestra-zuzendaria. © Festival de San Sebastián / Egilea: Pablo Gómez

Zinemaldiaren 67. edizioan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen zine-musikako kontzertua aurkezten dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak. 

Ohikoa den moduan, Zinemaldiko lehen larunbatean, eguerdian irekiko da Belodromoa melomano, zinemazale eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden joaldi sinfonikoa eta horien pelikula-eszenen muntaketa uztartzen dituen ikuskizunerako. Begi-belarriak plazerez goxatu ahal izango dira ordu eta erdiz, larunbatean, irailak 21, eguerdiko hamabietan hasita. Sarrera doakoa izango da.

Musika-kontzertua klasiko bihurtu da dagoeneko Donostia Zinemaldian; sendotu eta sendotu ari da Belodromoko proposamenen artean, eta Zinemaldiko eszenategi gogokoena da dudarik gabe, ia 3.000 plazako edukieraz. Aurtengoan Juan José Ocón donostiarra izango da orkestra zuzentzearen arduraduna zine eta soinu-banden elkartze jendetsu honetan.

Aurtengo Kontzertua & Proiekzioa, ‘Ikus-entzunezko gozamena’ titulua duena, zazpi filmetarako musikaren egokitzapenez osatzen da. Oraingo honetan hautatutako musikagile eta filmak honakook dira: Manuel Paradaren Nodo. Noticiarios y documentales eta Los últimos de Filipinas; Pascal Gaigneren Handia eta Errementari; Joseba Beristainen Elkano. Lehen mundu bira; Nani Garcíaren Arrugas; eta Vanessa Garderen La gran aventura de los Lunnis y el libro mágico.

Kontzertu berri honetarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Landarbaso abesbatza gonbidatu du: haiek arituko dira Elkano. Lehen mundu bira; La gran aventura de los Lunnis; eta Errementari filmetan.

Joan den urteetan bezala, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: musika pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da 400 m2-ko pantailan, eta muntaketa hori Carlos Rodríguezek (Morgancreakoa) sortu du kontzertu honetarako espresuki. Gainera, musikagileetako batzuk kontzertura bertaratuko dira, Belodromoko oholtzan beren lana aurkeztera.

Sarrera doakoa da, eta nahikoa duzu gonbita irailaren 14tik 20ra Donostia Zinemaldiaren Kursaaleko eta Okendo plazako informazio-puntuetan jasotzea, 9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10etatik aurrera.

 

 

 

KONTZERTUA & PROIEKZIOA: IKUS-ENTZUNEZKO GOZAMENA
Larunbata, irailak 21, 12:00. Donostiako Belodromoa

Programa
M. Parada: Nodo. Noticiarios y documentales
M. Parada: Los últimos de Filipinas (Zuzendaria: Antonio Román)
P. Gaigne: Handia (Zuzendariak: Aitor Arregi, Jon Garaño)
J. Beristain: Elkano. Lehen mundu bira* (Zuzendaria: Ángel Alonso)
N. García: Arrugas (Zuzendaria: Ignacio Ferreras)
V. Garde: La gran aventura de los Lunnis y el libro mágico* (Zuzendaria: Juan Pablo Buscarini)
P. Gaigne: Errementari* (Zuzendaria: Paul Urkijo)


Juan José Ocón, zuzendaria
Landarbaso Abesbatza, abesbatza*
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

 

 

                                                                                                                        

Musikagileak

 

Manuel Parada de la Puente (1911-1973). Salamancan hasi zituen musika-ikasketak, bere jaioterrian, eta Madrilen bukatu zituen, Errege Kontserbatorioan, non Conrado del Campo maisuen maisu izandakoaren ikasle izan zen. Gerraondoko musikagile nabarmenetako bat da. Raza filmean (1941) parte hartu zuen lehen aldiz zineman. 1940ko hamarkadatik aurrera, besteak beste Juan Quintero Muñoz eta Jesús García Leoz-ekin batera, Espainiako zinema-konpositore emankorrenetako bat izan zen: berrehun obra baino gehiago ageri dira bere katalogoan. Noticiarios y Documentales albistegiaren (NO-DO) aurkezpen-musika ezaguna sortu zuen; albistegi hori 1943ko urtarrilean eman zuten estreinakoz, eta 1978ra arte iraun zuen.

Pascal Gaigne (Caen, Frantzia, 1958). Paueko Unibertsitatean eta Tolosako (Okzitania) Kontserbatorio Nazionalean ikasi du. Autore emankorra da, eta, 1987az geroztik, bere lanak hainbat eta hainbat herrialdetan interpretatu dira. Sari asko jaso ditu (Goya, Feroz, kritikarena eta mundu guztiko hainbat zinema-jaialditakoak), zinemari eskainitako emaitza gisa; dena den, ez da zinemarako bakarrik aritu. 90 film luze, labur eta dokumentaletako baino gehiagotako musika konposatu du, besteak beste, honako zuzendari hauen lanetakoa: Víctor Erice (El sol del membrillo); Daniel Sánchez Arévalo (Azul oscuro casi negro, Gordos); Iciar Bollaín (El Olivo, Flores de otro mundo, Katmandu un espejo en el cielo); Montxo Armendariz (Silencio roto); Salvador Garcia (Mensaka, El otro barrio, Las voces de la noche, Castillos de Cartón); Gracia Querejeta (7 mesas de billar francés); eta, geroago, honako zinemagile hauen filmetakoa ere bai: Pablo Malo (Lasa eta Zabala), eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga (80 egun, Loreak, Handia).

Joseba Beristain (Azkoitia, 1978). Ingeniaritza informatikoa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, baina bere prestakuntza bokaziozkoa da, akademikoa baino gehiago. 20 urterekin film laburretarako musika egiten hasi zen, eta, geroztik, hainbat eta hainbat proiektutan parte hartu du konpositore modura, zineman, dokumentaletan eta sustapen-bideoetan. Hogei ikus-entzunezkotarako baino gehiagotarako musika sortu du eta, tartean, lan hauetako soinu-banda nabarmendu behar da: Historia de Elam, Mystikal, Involution eta oraintsuko Elkano: lehen mundu bira, Ángel Alonsorenak; Mafia: la cara sucia de Italia, Francisco Javier Martínezena; Malabestia, Enrique Garcíarena; Y ahora, ¿qué hacemos? Juan Carlos Gurrutxaga eta Aitor Arangurenena. Halaber, jaso dituen sari eta izendapenen artean, Alcine Nazioarteko 48. Jaialdikoa azpimarratu behar da, non musika onenaren saria eskuratu zuen.

Nani García (Coruña, 1955). 1976 eta 1980 bitartean, musika-prestakuntza jaso zuen Suedian, konposizioan eta jazzean, eta, aldi berean, hizkuntzalaritza-ikasketak egin zituen Uppsalako eta Stockholmeko unibertsitateetan. Gero, Galiziara itzuli, eta zenbait jazz taldetako kide izan zen. 1980ko hamarkadaren hasieran, Clunia taldea sortu zuen, eta, hala, bere ibilbideari ekin zion, jazz-pianista modura. Gaur egun ere horretan jarraitzen du, konpositore-lanarekin uztartuta. Solista, musika-produktore eta moldatzaile ere bada, eta esperientzia handia du ikus-entzunezko formatu gehienetan (iragarkiak, telesailak, bideo-erakusketak). Hainbat soinu-banda sortu ditu animaziozko eta fikziozko film luze, antzezlan, film labur eta telebista-saioetarako; ehun lan baino gehiago guztira. Adibidez, De Profundis, Arrugas eta El Gigante animaziozko filmetan bere ukitu pertsonala igar daiteke. 2009tik Vigoko Nazioarteko Jazz Jaialdia zuzentzen du: Imaxina Sons.

Vanessa Garde (Iruñea, 1974). Zinema, telebista eta ikus-entzunezko baliabideetako konpositorea da, baita moldatzaile, orkestratzaile, programatzaile (musika-teknologian aditua) eta Berklee College of Music-eko irakasle izandakoa ere. Bere izena zinemako izen handien ondoan ageri da, hala nola film hauetan: Exodus (Ridley Scott), Misconduct (Josh Duhamel, Anthony Hopkins eta Al Pacinorekin), The Girl in the Spider's Web  (Claire Foy), Tarde para la ira (Antonio de la Torre eta Luis Callejorekin), El Asesino de los Caprichos (Maribel Verdú eta Aura Garridorekin), Quixote (Terry Gilliam), Tiempo después (José Luis Cuerda), Hunter’s Prayer (Sam Worthington), Todos tenemos un plan (Viggo Mortensenekin) eta La vida inesperada (Javier Cámara eta Raúl Arévalorekin). Gauza bera telesailetan: The Titan Games (NBCrako, Dwayne Johnsonekin), Galerías Velvet (Antena 3/Netflix), Gran Hotel (Antena 3) eta Lo que escondían sus ojos (Telecinco), besteak beste.  Bere musika-ibilbidean beste izen handi batzuk ere ageri dira; adibidez, Plácido Domingo, Songs albumean hain zuzen, Rafa Sardina hamahiru Grammy sariren irabazleak ekoitzia.

 

 

 

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zinearekin bat

 

Urte eta urteetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoa modu ezberdinetan izan da Zinemaldian: 2012an Miramongo egoitzan zuzenean estreinatu zuen Fernando Velázquezek konposatu eta zuzendutako The Impossible (Juan Antonio Bayona) filmaren soinu-banda eta, hortik aurrera, Belodromoan, hainbat film luzeren musika interpretatu du Orkestrak (Pájaros de Papel, You’re the One y Tiovivo c.1950, Los crímenes de Oxford, Frío sol de invierno, Alatriste, Tadeo Jones 2, Todos los hombres sois iguales…). Urte batzuk lehenago, Orkestrak Lalo Schifrin (Mission Impossible) argentinarraren zuzendaritzapean kontzertu bat eskaini zuen, 3.000 ikuslerentzat prestatutako areto honetan egingo ziren kontzertuen lehen hazia. Ordurako Euskadiko Orkestrak hainbat film muturi musika jarri zien (King Vidorren The Crowd-i, Carmelo Bernaolaren musikarekin; eta Zamecniken Wings-i) eta Jaialdiarentzat zenbait sintonia grabatu zituen.

Aipagarria da, baita ere, Euskadiko Orkestrak Fernando Velázquezen zuzendaritzapean soinu-banda ugari grabatu dituela: El mal ajeno (Oskar Santos), Ocho apellidos vascos (Emilio Martínez Lázaro), Contratiempo (Oriol Paulo), Submergence (Wim Wenders) eta Un monstruo viene a verme (Juan Antonio Bayona). Azken horrekin, gainera, Velázquezek soinu-banda onenaren Goya saria eskuratu zuen 2016an. Film hauek guztiak Donostia Zinemaldian eman dira.

 

 

 

SGAE Fundazioa Donostia Zinemaldian

 

Espainiar eta latinoamerikar zinema sustatzeko, Donostia Zinemaldiaren ospea zabaltzeko eta ekimen hau Gipuzkoako hiriburura bertaratu ezin diren ikusleei hurbiltzeko, SGAE Fundazioak hainbat jarduera antolatzen ditu urtero topaketa honen inguruan.

Kontzertua & Proiekzioa Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainitako soinu-banden emanaldia da, eta irailaren 21ean izango da. Emanaldi hori SGAE Fundazioak irailaren 20etik 28ra ospatuko den 67. Donostiako Zinemaldi honetarako programatutako jardueretan kokatzen da.

Gainera, irailaren 9tik 15era, Madrilgo Berlanga Aretoan (Andrés Mellado kalea, 53; prezioa, 3 euro) Donostiako Zinemaldia erakusketa antolatu da, eta bertan azken urteotan Made in Spain atalean parte hartutako pelikulen sorta bat eskainiko da. Aurten, zazpigarren urtez jarraian, erakunde horrek Zinemaldian erakutsitako film batzuen zinema-zikloa egingo du berriz ere.

Bukatzeko, SGAE Fundazioak lehiaketaz kanpoko Made in Spain atalaren antolatzaileetako bat izan da 2012. urtetik. Bertan, pelikula-aukeraketa bat biltzen da, urteko Espainiako zinemaren eszenategiaren lagin bat, gure estatuan estreinatutako edo gabeko ekoizpenak eskainiz; Zinemaldiak plataforma bikaina eskaintzen du horien nazioarteko zabalkunderako.

Astelehena 05 Abuztua, 2019

Donostiako 80. Musika Hamabostaldian parte hartuz hasiko du Orkestrak 19/20 Denboraldia

Donostiako 80. Musika Hamabostaldian parte hartuz hasiko du Orkestrak 19/20 Denboraldia

Abuztuaren hasierarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musikariak oporretatik itzuli berri dira, eta Musika Hamabostaldian eskainiko dituzten kontzertuetan dute begirada jarrita.

Orkestrak abuztuaren 13 eta 15ean Pucciniren ‘Madame Butterfly’ opera interpretatuko du, abuztuaren 14an ganbera-formatuko kontzertu bat eskainiko du Getarian eta, amaitzeko, hilaren 24an Ravel, Sorozabal eta Bartoken obrak barne hartuko dituen kontzertu sinfoniko bat emango du.

Merezitako opor batzuen ostean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musikariak berriz itzuli dira eszenatokira. Eta, ohikoa den moduan, Musika Hamabostaldian izango duten parte-hartzea izango da abuztu honetako agendako ardatz nagusia.

Larunbatean hasi zituen entseguak Orkestrak Donostiako musika klasiko jaialdian eskainiko duen lehen programarako. ‘Madame Butterfly’ operaz dihardugu, Giacomo Puccini konpositore italiarrarena, Orkestrak abuztuaren 13 eta 15ean 20:00etan Kursaal Auditoriumean eskainiko duena.

Historiako obra ezagunenetakoa den hau interpretatzeko, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Giuseppe Finzi izango du musika-zuzendari eta musikari-zerrenda zabala ere bai, Ainhoa Arteta Cio-Cio Sanen paperean buru duena, eta honakook ere barne hartzen dituena: Marcelo Puente (Pinkerton), Gabriel Bermúdez (Sharpless), Cristina Faus (Suzuki), Paco Vas (Goro), Isaac Galán (Yamadori printzea) eta Fernando Latorre (Bonzo). Valentziako Palau de les Artsen produkzio honetan Easo Abesbatza Mistoa ere igoko da eszenatokira.

Operaren lehen eta bigarren saioen artean, abuztuaren 14an, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Getariara itzuliko da, ganbera-formatuan, Juan Sebastian Elkanok (1476-1526) bere itsasaldi luzea egin zueneko bosgarren mendeurrenean. ‘Musika Aitzaki’ zikloaren baitako kontzertu honetarako, Musika Hamabostaldiak Ángel Illarramendi konpositore zarauztarrari obra bat sortzeko enkargua egin dio, getariarraren mundu-bira ospatze aldera.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak abuztuaren 24an 20:00etan Kursaal Auditoriumean emango duen kontzertu sinfoniko batekin amaituko du bere parte-hartzea Musika Hamabostaldian. Oraingoan Andra Mari Abesbatza izango du ondoan, eta Robert Treviño titularraren zuzendaritzapean Ravel, Sorozabal eta Bartoken lanak eskainiko ditu. Obra hori interpretatzeko, Orkestrak eta Andra Mari Abesbatzak Rinat Shaham mezzosopranoa eta Mikhail Petrenko baxua izango dituzte alboan.

Kontzertuetarako sarrerak salgai daude quincenamusical.eus webgunean.

 

 

Entsegu-toki berria abuztuan

 

Berritasun gisa, jarduerari berriz ekiteko une honetan, Orkestrak entseguak Musikenen hasi ditu eta ez Miramongo Auditoriumean. Izan ere, ohiko entsegu-lekua azken hori izan arren, udako hilabeteetan obretan dago.

Osteguna 01 Abuztua, 2019

Salgai 2019/2020 Denboraldiko kontzertuetarako sarrerak

Salgai 2019/2020 Denboraldiko kontzertuetarako sarrerak

Dagoeneko eros daitezke ohiko salguneetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2019/2020 Abonu Denboraldiko kontzertu guztietarako sarrerak.

Abuztuaren 1etik salgai daude Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2019/2020 Abonu Denboraldiko kontzertuetarako sarrerak. Irailaren 27an hasiko da abonu-kontzertuen denboraldia ohiko lau hiriburuetan.

 

 

Sarrerak salgai 10 eta 35 euro bitartean

 

Bilbo, Iruña, Donostia eta Gasteizko kontzertu guztietarako sarrerak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren webgune ofizialeko Kontzertuak & Sarrerak atalaren bidez eros ahal izango dira, baita aretoen webguneetan (euskalduna.eus, baluarte.com, kursaal.eus y principalantzokia.org) eta euren leihatila eta ohiko salguneetan ere.

 

 

Tarifa bereziak eta deskontuak

 

65 urtetik gorakoek, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonamendudunek eta langabetuek tarifa bereziak izango dituzte, leihatilan aplikagarriak izango direnak. Gainera, Azken Ordu Gazteari esker, 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10 eurotan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago dagokion aretoko leihatilan.

 

 

Irailaren 27an hasiko den Denboraldi zirraragarri bat

 

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2019/2020ko Abonu-Denboraldia irailaren 27an hasiko da Gasteizen, eta 2020ko ekainaren 4an bukatuko da hiri berean. Orkestrak hamarna kontzertu eskainiko ditu Bilbo, Donostia (bi saio), Gasteiz eta Iruñeko bere egoitzetan eta, beraz, Abonu-Denboraldian 50 kontzertu egingo dira guztira.

Hurrengo Abonu Denboraldian, luzea izango da berriz ere Robert Treviño zuzendari titularraren itzala. Programazioa zabaldu eta itxiko du, eta sei kontzertu-programa zuzenduko ditu.

Ezezagunean barrena bidaia, baita horrek eragiten dizkigun emozioetan, beldurretan, ametsetan eta errealitateetan barrena ere. Denboraldi berriaren ardatza ideia horixe izango da, programa ugaritan egongo da presente eta bereziki nabarmenduko da lehen kontzertu-sortan, ezkutuko programa bat izango baitu. Bakarrik ezagutuko dugu Mikel Chamizoren obraren estreinaldia eta programak izango dituen protagonistak: Bilboko Koral Elkartea, Mojca Erdmann eta Treviño bera. Hasiera hau aparteko esperientzia izango da, kontzertuaren amaierara arte argituko ez den inkognita.

 

19/20 Denboraldiari buruzko informazio zabala hemen aurkituko duzue.

 

Informazio gehiago

Sarreren salmenta

Orriak