Polonaise Ensemble izango da larunbat honetan urteko azken Miramongo Matinéearen protagonista

Hari, flauta eta pianoak osatutako boskote honek Haydn, Mozart eta Chopinen obra bana eskainiko du ‘Musikak dioskuna’ izeneko kontzertu honetan.
Larunbat honetan, abenduak 14, 11:00etan, Miramongo Matinéeen urteko azken hitzordua izango da, Polonaise Ensemblek eskainiko duena. Taldea Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren hiru kidek (Ludwik Hamela, biolina; Jacek Grabe-Zaremba, biolontxeloa; eta Hélène Billard-Alirol, flauta), Javier Albarracínek (biola) eta Maurine Grais-ek (pianoa) osatzen dute.
Joseph Haydnen Flauta, biolin eta biolontxelorako divertimentoarekin abiatu ondoren, kontzertu honek bi pieza nagusi izango ditu: Wolfgang Amadeus Mozarten 3. Flauta eta hari kuartetoa eta Frédéric Chopinen Pianorako trioa.
Alde batetik, 3. Flauta eta hari kuartetoa Mozartek Ferdinand de Jeanentzat idatzi zituen hiru kuartetoetako azkena da. Musika-zale horrek Austriako konpositoreari egin zion enkarguan adostutako ordainsariaren erdia baino gutxiago ordaindu zion azkenean. Gertaera honen arrazoia zera izan zen, Mozartek adierazi zuela flautak ganbera-musikan ahots nagusi bezala ez duela “nahikoa indar", eta horregatik ez zuela hasieran adostutako enkargua erabat amaitu. Mozartek 1781 eta 1782 artean idatzitako lan honek bi mugimendu ditu.
Bestalde, Frédéric Chopinen Pianorako trioa bere lehen arrakastetako bat izan zen, eta Europako musikan bere generoko lan nabarmenenetako bat da. Poloniarrak 16 urterekin amaitu zituen ikasketak Varsovian (1826-29) eta, bere irakasleek pianista birtuoso karrera batera bideratu zuten arren, piano-irakasle eta pianorako piezen konposatzaile bezala lortu zuen ospea. Beethoveniar eraginpean idatzitako obra honek estilo distiratsuko piano zati bat du, harizko instrumentuak etengabeko elkarrizketan diharduten konposizio batean nagusitzen dena. Jatorriz biola, biolontxelo eta pianorako idatzitako obra da, ondoren biola biolinarekin ordezkatuz berridatzi zena. Garaiko interprete handienetako batek, Clara Wieck-Schumannek, bere ohiko errepertorioan sartu zuen obra hau.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Julian Bliss klarinetista eta Ravel, Euskadiko Orkestraren kontzertu-programa berriko protagonistak

Bere zuzendari titular Robert Treviñoren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak Bartok, Copland eta Ravelen obrak interpretatuko ditu kontzertu-programa berrian, gonbidatu nagusi Julian Bliss klarinetea izango duena.
Robert Treviño zuzendari titularrak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren batuta hartuko du berriz hurrengo kontzertu-programa, Ravel izenekoa, zuzentzeko. Euskal konpositorearen ibilbide sinfoniko batez gain, kontzertu-programak barne hartzen ditu Bartoken Hari, perkusio eta zelestarako musika eta Coplanden Klarineterako kontzertua, Julian Blissek solista-rolean defendatuko duena. Kontzertuak ohiko hiriburuetan izango dira: Donostiako Kursaal Auditoriumean asteazkenean, abenduak 4, eta astelehenean, abenduak 9; Iruñeko Baluarte Auditoriumean ostegunean, abenduak 5; Gasteizko Principal Antzokian asteartean, abenduak 10; eta Bilboko Euskalduna Jauregian asteazkenean, abenduak 11. Guztiak 20:00etan izango dira.
Kontzertuak Bela Bartok hungariarraren Hari, perkusio eta zelestarako musikarekin hasiko dira, sonoritate nokturnoen eta dantza folkloriko arraroen unibertsoan sartzen den obra. Lana bereziki ezaguna da bere hirugarren mugimenduagatik, ‘Adagioa’, izan ere, ezinbesteko rola jokatzen baitu Stanley Kubricken The Shining filmaren soinu-bandan.
Kontzertuen lehen zatia Aaron Copland estatubatuarraren Klarineterako kontzertuarekin osatuko da. Obra honek garai hartan oraindik gaztea zen musika iparramerikarraren soinua finkatzen lagundu zuen. Bakarlaria, Julian Bliss (Erresuma Batua, 1989), munduko klarinetistarik onenetakoa, kontzertu-bakarlari, ganbera-musikari, jazz-artista, masterclass-buru eta musika-esploratzaile nekaezin gisa nabarmendu da. Interprete gazteen belaunaldi bat inspiratu du, Conn-Selmer klarinete eskuragarrien sorta bat sortu baitu eta, horri esker, musika-ikasle askok bere instrumentua aukeratu baitute. Bliss 4 urterekin hasi zen klarinetea jotzen, gero Indianako Unibertsitatean ikasi zuen eta Alemanian Sabine Meyerrekin. Nazioarteko orkestra ugaritan parte hartu du bakarlari gisa, besteak beste, Sao Pauloko Sinfonikoan, Parisko Ganbera Orkestran, Aucklandeko Orkestra Filarmonikoan, BBCko Orkestra Filarmonikoan, Londresko Orkestra Filarmonikoan eta Errege Filarmonikoan.
Maurice Ravelek orkestrazioaren artea aparteko sofistikazio-maila bateraino eraman zuen orkestrarako egin zituen lan gutxi baina funtsezkoetan. Robert Treviñok Ravelen soinu-magian murgiltzea proposatuko digu Espainian inspiratutako lau piezaren bidez. Horietan, euskal konpositoreak orkestraren baliabide eta kolore guztiak azaleratu zituen. Honakook izango dira lan horiek: Alborada del gracioso, Rapsodie espagnole, Pavane pour une infante défunte eta Bolero, orkestrazio-artearen bertsio finduentzat hartu ohi dena.
Astelehenean, abenduak 9, Julian Blissek Musikeneko klarinete-ikasleei masterclass bat eskainiko die. Ekimen hau Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Musikenek Aula Jordá Gela izenburupean sinatutako hitzarmenaren baitan kokatzen da. Horri esker, kontserbatorioko ikasleek lehen eskutik ezagutu ditzakete Orkestraren Abonu Denboraldian parte hartzen duten bakarlari handietako batzuk.
Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).
Miren Urbieta-Vegak eta Javier Pérez de Azpeitiak distira emango diote larunbat honetako Miramongo Matinéeari

Soprano donostiarrak eta pianojole nafarrak ‘Maitasunetik heriotzera’ doan ibilbide lirikoa eskainiko dute. Bertan, hamar emakume heroien amaiera tragikodun beste hainbeste operatako azken arnasaren ariak entzun ahal izango dira.
Larunbat honetan, azaroak 23, 11:00etan, Miramongo Matinéeek 19/20 Denboraldiko kontzertu berezienetako bat proposatuko dute, zeinean Miren Urbieta-Vega sopranoa eta Javier Pérez de Azpeitia pianojolea izango diren gonbidatuak. ‘Maitasunetik heriotzera’ izeneko kontzertu honetan, duetoak Bellini, Ravel, Verdi edo Puccini bezalako egileen opera handien zatiak eskainiko ditu.
Matinée honen ibilbide musikalean 1830 eta 1926 bitartean idatzitako amaiera tragikodun hamar operatako beste hainbeste emakume heroien azken itxaropen-unearen, azken une zoriontsuaren edo azken otoitzaren ariak entzun ahal izango dira. Belliniren Giuliettarenak (Matinéeko interpreteen hitzetan “historiako suizidiorik erromantikoenetako bat”), Gounoden Margaritarenak (hark ere operaren amaieran bere buruaz beste egitea erabakitzen du), Pucciniren Turandoteko esklaboarenak (Liu), adibidez. Gaixotasunaren ondorioz hiltzen diren emakumeak ere ezagutu ahal izango dira: Violetta (Verdiren La Traviata), Manon (Masseneten Manon), Mimi (Pucciniren La Bohème) eta Mirentxu (Guridiren Mirentxu). Baita euren gizonek eraildakoak ere: Desdemona (Verdiren Otelo), Leonora (Verdiren La Forza del destino) eta Nedda (Leoncavalloren Pagliacci).
Musika belkantista, postromantikoa eta verista entzungo da errezitalean, batzuetan tragediaren aurreko zoriona adierazten duena eta beste batzuetan zorigaiztoko amaiera aurreratzen duena.
Miren Urbieta-Vega (Donostia, 1983) sari ugari jaso dituen sopranoa da, eta Estatuko auditorio eta jaialdi entzutetsuetan opera handietako rol garrantzitsu asko jokatu ditu, besteak beste: Liù Turandoten, Adina L’Elisir d’Amoren edo Zerlina Don Giovannin. Opera batzuen munduko estreinaldietan parte hartu du (Sorozabalen Juan Jose eta Usandizagaren La Llama) eta Valtinoniren Pinocchioren Espainiako estreinaldian ere bai. Gainera oratorioa eta errepertorio sinfonikoa ere lantzen ditu sarri. 2010ean Kantuan lizentziatu zen Musikene Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian, eta ondoren Valentziako Plácido Domingo Perfekzionamendu Zentroan osatu zuen bere formakuntza.
Javier Pérez de Azpeitia (Bera, 1963) pianistak Donostiako, Madrileko eta Liejako Goi-Mailako Musika Ikastegietan egin zituen bere musika-ikasketak. Luis Mariano Nazioarteko Kantu Lehiaketako pianojole ofiziala da jaialdia jaio zenetik. Bere jarduera artistikoa Musikenen eta Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan eskaintzen duen irakaskuntzarekin uztartzen du eta, gainera, zinematografiaren munduarekin lotutako jarduera intentsua garatzen du pianojole bezala.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
2.500 ikaslek ikus ahal izango dute Euskadiko Orkestra Sinfoniko osoa ‘Urrutiko Lurraldeak’ programan

Musika Gelaren programa berriaren Eskola Kontzertuak bihar eta etzi izango dira, azaroak 21 eta 22, Kursaaleko Ganbera Aretoan. Horietan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa duela 500 urte Juan Sebastian Elkanok egindako bidaia epikoan ontziratuko da.
Musika Gelaren 19/20 Denboraldiko bigarren Eskola Kontzertu sorta, Urrutiko Lurraldeak izenekoa, bihar eta etzi, azaroak 21 eta 22, eskainiko da, 9:45ean eta 11:30ean, Kursaaleko Ganbera aretoan. Euskara hutsean izango diren kontzertuok 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude.
Duela 500 urte Juan Sebastian Elkanok egin zuen bidaia epikoan ontziratuko da Orkestra osoa. Abentura hori abiapuntu, ikasleek gozatu ahal izango dute Elkanoren jaioterriko folkloreaz eta bere bidaiaren soinu-banda osatu ahal izan zezaketen melodia ezberdinez (Beethoven, Strauss, Rossini, etab.).
Kontzertuaren une gorena Elkano. Lehen mundu bira animaziozko filmaren irudien proiekzioa izango da, Joseba Beristainek film luzerako konposatutako musikaren suite batek lagunduta.
Kontzertua Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko du Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Kontserbatorioaren zuzendari Maite Aurrekoetxearen zuzendaritzapean. Ana Eguiazabalek egingo ditu aurkezle-lanak Mikel Cañadak idatzitako gidoia duen programa honetan.
Guztira, ia 2.500 ikasle pasako dira egunotan Kursaaletik programa honetaz gozatzeko. Milaka ikasleok hogeita hamar bat ikastetxetatik datoz, lurralde osoko udalerrietakoak: Ataun, Azpeitia, Berastegi, Donibane-Lohitzune, Donostia, Elgoibar, Eibar, Errenteria, Lizartza, Ordizia, Zarautz eta Zestoa. 19/20 Denboraldi osoan zehar, 9.000 ikasle baino gehiago espero dira Musika Gelak barne hartzen dituen Eskola Kontzertuetan.
Kontzertuen programa
Gioacchino Rossini (1792-1868):
Sevillako bizargina. Obertura [8’]
Fernando Velázquez (1976):
Zipi y Zape y la isla del capitán. Tema [3’]
Jesús Guridi (1886-1961):
Hamar euskal melodia. 1, 5, 6, 7, 8 eta 10 [11’]
Joseba Beristain (1978):
Elkano. Lehen mundu bira. Suitea [15’]
Ludwig Van Beethoven (1770-1827):
12 Kontradantza. VII y VIII [1’]
Johannes Brahms (1833-1897):
5. Dantza hungariarra [2’]
Josef Strauss (1827-1870):
Ohne Sorgen! Polka [2’]
Hemiola Laukotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

‘Itsasorako bistak’ izeneko kontzertuan, Puccini, Toldrá eta Beethovenen obra bana interpretatuko du bere osotasunean Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariez osatutako talde honek.
Larunbat honetan, azaroak 9, 11:00etan, Miramongo Matinéeen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera-musika zikloaren, Denboraldiko laugarren kontzertua izango da. Bertan, Hemiola Laukoteak ‘Itsasorako bistak’ izeneko kontzertua eskainiko du. Taldeko kide guztiak Orkestrako musikariak dira: Larraitz Oiartzabal (biolina), Laura Balboa (biolina), Pawel Krymer (biola) eta Gabriel Mesado (biolontxeloa).
Matinée honetan garai oso ezberdinetako hiru obra aurkeztuko dira, jatorri askotako egileenak. Giacomo Pucciniren Crisantemi lana izango da abiapuntu, mugimendu bakar batez osaturiko obra, 1890ean gau bakar batean Amadeo Savoiakoaren heriotzaren errespontsu bezala idatzia izan zena. Askotan harizko orkestraz interpretatu ohi den arren, jatorriz harizko laukoterako konposatua izan zen obra hau, eta oraingo honetan hala joko du Hemiola Laukoteak.
Bigarrenik, Eduardo Toldráren Vistes al mar interpretatuko du laukoteak. 1921ean Renaixement laukoteak Bartzelonako Palau de la Músican estreinatu zuen obra hau Joan Maragallen hiru olerkitan oinarrituta dago: La ginesta altra vegada, Allà a les llunyanies de la mar eta La mar estava alegre, hurrenez hurren kuartetoaren hiru mugimenduei dagozkienak.
Matinéea Ludwig Van Beethovenen 4. hari-kuartetoarekin itxiko da. Egile alemaniarraren 18. opus kuartetoen laugarren tokian kokatzen den arren (guztira 6 dira), azkena konposatua izan zela esaten da. Lan hau, uste denez, Beethovenek berak aurretik sortutako materialean oinarrituta egin zuen. Ondoren, 1801ean, editatu egin zuen 18. opus osoarekin batera eta Joseph Franz von Lobkowitzi eskaini zion.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
‘Planetak’ eta ‘Zuhaitz’ lerrokatu egingo dira Juanjo Menak zuzenduko duen Euskadiko Orkestraren hurrengo programan

Juanjo Menaren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak hurrengo kontzertu-programan euskal artista sorta bikaina bilduko du Holsten ‘Planetak’ obra handia eskaintzeko, Vocalia Taldearekin, eta Gabriel Erkorekaren ‘Zuhaitz’. Azken obra hau Euskadin estreinaldia izango da eta Kalakan hirukotearen txalaparta eta instrumentu folklorikoak Orkestraren soinu sinfonikoarekin uztartuko ditu.
Nazioartean oihartzun handiena lortu duen euskal orkestra zuzendarian bilakatuta, Juanjo Mena Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren podiumera itzuliko da, eta Planetak izeneko programarekin egingo du, zeinaren obra nagusiak Gustav Holsten lan homonimoa eta Gabriel Erkoreka euskal musikagilearen Zuhaitz izango diren. Kontzertuak ohiko hiriburuetan izango dira: Gasteizko Principal Antzokian astelehenean, azaroak 4; Iruñeko Baluarte Auditoriumean asteartean, azaroak 5; Donostiako Kursaal Auditoriumean asteazken eta ostegunean, azaroak 6 eta 7; eta Bilboko Euskalduna Jauregian ostiralean, azaroak 8. Guztiak 20:00etan izango dira.
Kontzertu-programari titulua eman dion obra Gustav Holsten Planetak da. 1918an kontzertu pribatu batean eta handik urtebetera entzuleen aurrean estreinatu zuten obra honek bete du jada bere lehen mendeurrena, errepertorio klasikoko lan entzutetsuenetako bat bilakatuta ospatu ere. Badirudi izugarri zabala izan gabe oparoa baden Holst britainiarraren obra sorkuntza karismatiko eta distiratsu bakar horren gerizpean geratu dela; paradoxikoki, gainera, ezaugarriok konpositorearen beraren nortasunaren kontrakoak dira, musikaria gizon lotsati eta hotza izan baitzen. Holsten beste lan bat ere entzun ahal izango da Iruña, Donostia eta Bilbon (ez, ordea, Gasteizen, teknikoki ezinezkoa izango delako): Rig Vedaren ereserkia koralen bigarren taldea, kontzertuaren irekiera moduan eskainiko dena. Holsten bi obren abesbatza-rola Vocalia Taldeak hartuko du bere gain. Emakumezkoen abesbatza gasteiztar honek 2000 urtean hasi zuen bere ibilbidea eta Basilio Astúlezek zuzentzen du gaur egun.
Kontzertu-programaren beste eragingarria Gabriel Erkorekaren Zuhaitz obraren Euskadiko estreinaldia izango da. Obra honen erabateko estreinaldia 2016ko martxoan izan zen Madrilen, Juanjo Mena beraren zuzendaritzapean. Lan honetan Erkorekaren naturaren fenomenoekiko eta musika-tresna ezohikoekiko interesa argi nabaritzen da. Hala dio berak: «Obrak ez du bere oinarri ekologista sakona ezkutatzen. Naturaren defentsan egindako kantu bat, hobe esanda, oihu bat dela esan daiteke». Gainera, 2000 urtearen inguruan bilbotarrarentzat funtsezkoa izan zen eta azkenaldian bigarren planoan utzi duen lan-lerro bat ere landu zuen obra honetan: musika “kultuaren” eta folklorearen arteko lotura. Folklorerako itzulera Kalakan abeslari-perkusionista hirukotearekin egindako elkarlanak eragin du; izan ere, Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Bixente Etchegaray euskal musikariek hainbat instrumentu jotzen dituzte Zuhaitz obraren baitan, txalaparta, alboka, xirula eta adarra kasu. Lanak oso bestelako bi soinu-mundu uztartzen ditu: batetik, abeslari-solistak daude, ahozko tradiziotik datozenak eta batzuetan nolabaiteko askatasun mailarekin inprobisatzen dutenak eta, bestetik, orkestra, azken ñabardura arte idatzita dagoen partitura bat interpretatzen duena.
1997 eta 1999 bitartean Euskadiko Orkestraren zuzendari elkartu izan ostean, Juanjo Menaren (Gasteiz, 1965) lehen titulartasuna Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin izan zen. 1998tik 2008ra zuzendu zuen aipatu orkestra, eta bien arteko harreman luzea funtsezkoa izan zen bai zuzendariarentzat bai orkestrarentzat haien garapen artistikoan mugarri berriak erdiesteko. Ondoren Menak nazioartera jo zuen: 2007an Genovako Carlo Fenice antzokira et Bergeneko Filarmonikara, zuzendari gonbidatu bezala lan egitera eta, 2010ean, Manchesterko BBCren Filarmonikara, non zuzendari titularra izan zen 2018ra arte. Gaur egun, maila goreneko nazioarteko konpromisoetan buru-belarri murgilduta dago. Hainbeste esperotako gure Denboraldirako itzulera hau amaitu bezain laster, Lucernako Sinfonikoaren, Chicagoko eta Detroiteko orkestren edo Espainiako Orkestra Nazionalaren aginduetara jarriko da.
Bestalde, Musikeneko goi mailako ikasketetako hamabost ikaslek parte hartuko dute kontzertu-programa honetan, Aula Jordá Gelaren baitan, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren baitan, alegia.
Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).
Josu Okiñena pianojole donostiarra, larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Urriaren 26an, larunbata, 11:00etan, Miramongo Auditoriumean izango den kontzertuan, euskal pianista handiak errezital bat eskainiko du Aldave, Aita Donostia, Garbizu eta Erkoreka bezalako euskal egileen obrekin eta Franz Liszten bizitzako azkenetako konposizio-sorta batekin.
Larunbat honetan, urriak 26, 11:00etan, Miramongo Matinéeen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera-musika zikloaren, Denboraldiko hirugarren kontzertua izango da. Bertan, Josu Okiñenak piano-errezital bat eskainiko du, zeinaren programa pianistak berak prestatu duen “euskal musika klasikoa eta nazioarteko errepertorioa eskaintzearen konpromisoari” erantzunez. Horretarako, Euskal Herriko XX. eta XXI. mendeetako konposizio esanguratsuenetako batzuk aukeratu ditu, baita Franz Liszt handiaren XIX. mende amaierako konposizio batzuk ere, bere ustez “XX. mendeko lengoaia konpositiboaren aurrekari diren obrak”.
Okiñenak errepertorioa Aldave, Aita Donostia, Garbizu eta Erkoreka bezalako euskal konpositoreetan ardaztu du. Garbizu barne hartzeak balioko du bere heriotzaren 30. urteurrena gogora ekartzeko, azaroaren 27an gertatuko dena.
Bestalde, Erkorekaren Hodeiak obrak, Okiñenaren hitzetan “obra paregabea” denak, lotura ezarriko du Franz Liszten Hodei tristeak lanarekin. Azken honen bidez, pianistak autore austriarraren errepertorioaren hautaketa bati helduko dio, bereziki bere bizitzaren amaierako obrei.
Josu Okiñenaren (Donostia, 1971) jarduera profesionaleko bi ardatzak ikerketa eta interpretazioa dira, beti ere diziplina arteko ikuspegidun jarduera zientifikoa oinarri gisa hartuta. Nazioarteko formakuntza zabal eta intentsu baten ostean, bere lan pedagogikoaz Musikene Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian parte hartzen jardun da 2001etik, eta munduko unibertsitate ugaritan graduondoko ikastaroak eskaini ditu. Munduko ospe handietako aretoetan jo eta nazioarteko jaialdirik ezagunenetan parte hartu du Okiñenak; izen handiko orkestretan kolaboratu ere bai.
Kontzertu honekin Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere Miramongo egoitzaren inaugurazioaren 30. urteurrena ospatu nahi du, 1989ko urriaren 21ean izan zena. Egoitzaren eraikuntza Orkestraren garapenaren gakoetako bat izan zen eta, besteak beste, Miramongo Matinéeen zikloaren jatorri izan zen. Gaur egun areto berezia izaten jarraitzen du eta bi altxor nagusi hartzen ditu barne: Rafael Ruiz Balerdik margotutako olio-pinturak eta organoa, Robert Chauvinek eraikitakoa.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.
Musika Gela zikloaren 2019/2020 Denboraldia aurkeztuta

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren hezkuntza-zikloaren Denboraldi berriak lau produkzio berri estreinatuko ditu: Mozart, Nannerl eta lagunak; Urrutiko lurraldeak; Ekomusik; eta Maitasun epikoak.
Zikloaren ardatz nagusi diren Eskola Kontzertu eta Musika Familian kontzertuen eskaintza zabala Entsegu Irekiekin eta beste tailer batzuekin osatuko da.
50 jarduerak osatuko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelaren Denboraldi berriaren egitaraua. Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza-ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. Bere baitan eskaintzen diren kontzertuek izaera didaktikoa, pedagogikoa eta gertukoa daukate, eta askotariko adin-taldeei zuzendutakoak dira, 2 urtetik hasi eta 16 urteraino.
Orkestraren 19/20 Denboraldiko leitmotivaren —Bidaia ezezagunean barrena— ildotik, kondairazko bidaia eta maitasunak proposatzen ditu Musika Gelaren Denboraldi berriak musika epikoen bidez, besteak beste: Griegen Peer Gynt edo bidean galdu ziren beste musika batzuk, Maria Anna Mozart konpositorearen obrak, austriar egile ezagunaren ahaztutako arrebarenak, alegia. Musikaren eta ekologiaren arteko harremanak begirada ezberdinen bidez arakatzearen aldeko apustua ere egingo dugu mundu garbiago baten aldarrikapenarekin bat egiteko asmotan.
Musika Gelaren Denboraldi berrian bere koordinatzaile Mikel Cañadak diseinatutako lau produkzio propio berri estreinatuko dira: Mozart, Nannerl eta lagunak, Wolfgang Amadeus Mozart konpositore ezaguna eta bere arreba Maria Anna ‘Nannerl’ protagonista izango dituen obra; Urrutiko lurraldeak, Orkestra osoak egingo duen bidaia epikoa, Juan Sebastian Elkanok duela 500 urte egin zuena gogora ekarriz; Ekomusik, musika-tresnak artisau eran eraikitzea eta musikaren esentzia naturan bilatzea proposatuko duena; eta Maitasun epikoak, hau ere Orkestra osoarekin, bidaia bat Europako iparraldera musikaren bidez penintsula eskandinaviarraren paisaia naturalak eta kultura ezagutzeko.
Lau ekoizpen berri hauek bi formatu ezberdinetan aurkezten dira, Eskola Kontzertuak eta Musika Familian kontzertuak, eta ondoren aurkeztuko dugu horien egitarau zehatza.
Eskola Kontzertuak
Dagoeneko hamar urte baino gehiago pasa dira Eskola Kontzertuak hasi zirenetik, eta ordutik Musika Gelaren ildo nagusietako bat bezala finkatu da. Guztira, aurreko hamar edizioetan, 44.000 ikasle baino gehiagok gozatu ahal izan dute kontzertu hauez, eta parte-hartzaileen zifra urtez urte areagotu egin da.
Haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako 9.000 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo Eskola Kontzertuetan. 100 ikastetxe ingurutik datozen ikasleak dira, dozenaka herri ezberdinetakoak: besteak beste, Aduna, Aizarnazabal, Alkiza, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Berrobi, Deba, Donostia, Elgoibar, Errenteria, Gabiria, Itsasondo, Lasarte, Lizartza, Oiartzun, Ordizia, Orio, Urnieta, Urretxu, Zarautz eta Zestoa.
Musika Gelak barne hartzen dituen aurtengo programa guztiek izango dituzte Eskola Kontzertuak, eta Donostian izango dira guztiak, Miramonen eta Kursaalen. Horietako lehenengoak, Mozart, Nannerl eta lagunakek, urriaren 16tik 24era 2 eta 5 urte bitarteko 2.300 haur bilduko ditu Orkestraren egoitzan. Gainontzeko programak datozen hilabeteotan joango dira garatzen: Urrutiko lurraldeak Kursaaleko Ganbera aretoan eskainiko da azaroaren 21 eta 22an 6 eta 10 urte bitarteko gazteei zuzendutako kontzertuekin; Ekomusik, hau ere 6 eta 10 urte bitartekoei zuzendua, otsailaren 13tik 18ra Orkestraren egoitzan; eta Maitasun epikoak, Kursaal Auditoriumean programatu dena otsailaren 26 eta 27an 10 eta 16 urte bitarteko gazteentzat.
Eskola Kontzertuek Gipuzkoako Batzar Nagusien, Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren eta Kursaal Eszenaren lankidetza dute gaur egun.
Musika Familian
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 20 urte baino gehiago daramatza Orkestraren egitarauan.
Aurtengo lau programetatik hiruk, Urrutiko lurraldeak ez beste guztiek, Musika Familian kontzertuak izango dituzte, eta Donostia zein Gasteizen izango dira. Lehen programa, Mozart, Nannerl eta lagunak, Orkestraren Miramongo egoitzan eskainiko da Musika Familian kontzertu formatuan larunbat honetan, urriak 19, eta baita Gasteizko García Lorca Antzokian ere, martxoaren 1ean. Ondoren, Maitasun epikoaken txanda izango da, Gasteizko Principal Antzokian otsailaren 28an izango duena Musika Familian kontzertua. Eta, amaitzeko, Ekomusikek ere izango ditu bi Musika Familian kontzertu: maiatzaren 16an Donostian Kursaaleko Ganbera Aretoan eta maiatzaren 17an Gasteizen Principal Antzokian.
Donostian egingo diren Musika Familian kontzertuek El Diario Vascoren babesa dute, eta horietatik Kursaalen egingo dena, Ekomusik, Kursaal Eszenarekin lankidetzan prestatu da. Arabako hiriburuko kontzertuek, bestalde, Gasteizko Udalaren Antzoki Sarearen lankidetza dute.
Ikuskizun guztietarako sarrerek 3 eta 7 euro bitarteko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez eros ahal izango dira. Dagokion aretoaren leihatiletan eta webguneetan (kursaal.eus, principalantzokia.org) ere egongo dira salgai.
Beste jarduera batzuk: Entsegu Irekiak eta gizarteratzea ahalbidetzeko ekintzak
Jarduera-eskaintza zabal hau are gehiago osatuko da Entsegu Irekiekin. Entsegu hauek kolektiboei, ikastetxeei, kontserbatorioei eta unibertsitateei, besteak beste, daude irekiak, eta aukera eskaintzen dute Orkestrak kontzertu baten aurretik egiten duen azken lana gertutik ezagutzeko. Aurten bi Entsegu Ireki eskainiko dira: bata abenduaren 4an eta bestea maiatzaren 7an, biak ala biak Donostiako Kursaal Auditoriumean. Horietako lehenengoan, Robert Treviño zuzendari titularraren agindupean, Orkestrak Maurice Ravelen lau obra joko ditu, Orkestraren Abonu Denboraldiko hirugarren programarako prestatutakoak. Eta bigarrenean, Georg Marken zuzendaritzapean Mikel Urquizari Elkano: Mundubira musika bidelagun proiekturako enkargatu zaion obra eta Antonin Dvoraken 9. Sinfonia, “Mundu berriarena” entzungo dira, 19/20 Denboraldiko bederatzigarren abonu-programarako prestatutako obrak.
Azkenik, Orkestrak FEVAS-Plena Inclusión Euskadirekin koordinazioan gizarteratzea ahalbidetzeko jarduerak egiten jarraituko du, inor baztertu gabe musika egiteko xedearekin. Aurtengo tailerrak apirilaren 21ean Bilboko Kontserbatorioan eta maiatzaren 19an Orkestraren Donostiako egoitzan izango dira.
Lankidetza-sare zabala
Euskadiko Orkestraren Musika Gelak inguruko erakunde ugarirekin elkarlana sustatzen jarraitzen du. Lankide ditu Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Donostiako Udalaren Hezkuntza Saila, Gasteizko Udal Antzoki Sarea, Kursaal Eszena, El Diario Vasco, eta FEVAS-Plena Inclusión Euskadi.
Informazio gehiago
Prentsaurrekoko talde-argazkia jaitsi (.jpg)'Mozart, Nannerl eta lagunak' ikuskizunaren argazkia (1) jaitsi (.jpg)'Mozart, Nannerl eta lagunak' ikuskizunaren argazkia (2) jaitsi (.jpg)'Mozart, Nannerl eta lagunak' ikuskizunaren argazkia (3) jaitsi (.jpg)Musika Gelaren 19/20 Denboraldiko programazio osoa (.pdf)Jaitsi audioa: Wolfgang Amadeus Mozart, Pianorako 11. sonata (III. Rondo: Alla Turca)Robert Treviñok Ondine diskoetxearekin hainbat urtetarako hitzarmena sinatu du

Bere zuzendaritzapeko bi orkestrekin grabatuko du: Malmö Symphoniorkesterrarekin Beethovenen sinfonia-ziklo batekin hasiko da, eta euskal orkestrarekin estatubatuar konpositore batzuen ezezagun samarrak diren obra batzuk grabatuko ditu.
Robert Treviñok, gaur egun eskaera gehien jasotzen ari diren zuzendari gazte estatubatuarretako batek, Ondinerekin asmo handiko eta epe luzeko grabazio-akordio bat sinatu berri du. Treviño Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Malmöko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da, eta bi orkestra horiekin egingo ditu akordio horren baitan gauzatuko diren lehen grabazioak: Beethovenen sinfonien ziklo oso bat, Malmön aurten egingo den Beethoven Festibaletik eratorritakoa, eta, euskal orkestrarekin, Howard Hansonen ahaztutako obrak barne hartuko dituen errepertorio estatubatuarraren azterlan bat. Hitzarmenak argitalpen digitalak ere aurreikusten ditu.
Ondine, Naxos taldearen parte dena, munduko diskoetxe independente prestigiotsuenetakoa da eta sarri egin ditu grabazioak Christoph Eschenbach, Vladimir Ashkenazy, Esa-Pekka Salonen eta Hannu Lintu bezalako zuzendari garrantzitsuekin. “Ondinek soinez soin lan egiteko aukera eskaintzen duten artistak baino ez ditu hautatzen”, dio diskoetxearen zuzendari fundatzaile Reijo Kiilunen-ek, “Artista gutxi batzuk bakarrik aukeratzen ditugu, ohiko errepertorioaren interpretazio ameslari eta irudimentsuak egiteko gaitasuna dutenak, baita obra musikal ezezagunagoak publiko aurrean ezagutzera emateko gogamen abenturazalea dutenak ere. Robert Treviñok zalantzarik gabe baldintza horiek betetzen ditu, botere musikal handiko zuzendaria baita eta jakin-min handiko adimen originala baitauka. Oso pozgarria da niretzat Ondine familiara ongietorria ematea”.
Treviñok, diskozale amorratua eta grabazio-prozesuaren maitalea, aitortzen du “aspalditik zuela begirada jarria Ondinerekin kolaboratzeko helburuan. Leif Segerstamekin egindako Sibeliusen grabazioek, historia osoko nire gogokoen direnek, modu paregabean erakusten dute produkzioak eta intepretazioak bat egin dezaketela balio handiko emaitza bat eskaintzeko. Betidanik jakin izan dut tradizio horren parte izan nahi nuela. Reijo pertsonan ezagutu ostean are pozikago nago Ondine artista batean bilakatuko naizela jakiteaz. Desiratzen nago Ondinerekin eta nire orkestrekin lan bikain bat egiteko. Plazera da maila honetako kideekin lan egin ahal izatea”.
Malmöko Orkestra Sinfonikoarekin egingo duen Beethovenen sinfonia guztien grabazioa Treviñok berak hiri suediarrean denboraldi honetan zuzenduko duen Beethoven Festibaletik sortu da. Kiilunenen hitzetan, grabazio hau elkarlan honen abiapuntu naturala da. Bederatzigarren Sinfonian parte hartuko duten bakarlariak honakook dira: Kate Royal (sopranoa); Christine Rice (mezzosopranoa); Tuomas Katajala (tenorra); eta Derek Welton (baxua). Abesbatza MSO Festival Chorus izango da. Beethovenen grabazioak goraipatua izan den Malmö Live Concert Hall berrian egingo dira.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin egingo den lehen grabazioa 2020ko abuzturako dago aurreikusita. Grabazio guztien ekoizlea Ingo Petry izango da.
Informazio gehiago
Robert Treviñoren webgune ofizialaSalgai sarrerak ‘Mozart, Nannerl eta Lagunak’-erako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lehen Musika Familian kontzertua

Gaurtik aurrera eros daitezke sarrerak 'Mozart, Nannerl eta Lagunak'-erako, Musika Gelaren ikuskizun berrirako. Urriaren 19an, larunbata, izango da Miramonen.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Denboraldi berriko Musika Gela hezkuntza-zikloa urriaren 19an, larunbata, hasiko da, Musika Familian ataleko lehen kontzertu batekin. Mozart, Nannerl eta Lagunak izeneko programa batean Orkestraren Miramongo egoitzak bi kontzertu hartuko ditu 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat, bata 11:00etan eta bestea 12:30ean, eta biak euskaraz izango dira.
Kontzertuak bi protagonista nagusi izango ditu: musika klasikoaren pertsonaia entzutetsuenetako bat, Wolfgang Amadeus Mozart, eta bere arreba Maria Anna Mozart hura ere konpositorea, baina zeinaren obra gehienak galdu egin diren historian barrena. Nannerl —Maria Annaren goitizena— berpiztu egingo da bere burua eszenatokian ezagutzera emateko eta bere anaiaren musikara hurbiltzeko. Martxa turkiarraren eta beste obra ezagun batzuen erritmora eta bere obrak musika-estilo ezberdinen bidez eraldatzeko jolasekin, haurrek deskubrituko dute Mozarten musika gaurkotasun osokoa dela.
Kontzertua honako interpreteek emango dute: Laura Balboa (biolina), Nathalie Dabadie (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Jon Larraz (biolontxeloa) eta Sara Zufiaurre (klarinetea), bostak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kideak; eta Pedro José Rodriguez (pianoa). Obraren aurkezlea Ana Eguiazabal izango da eta lanaren gidoia Musika Gelaren koordinatzaile Mikel Cañadak sortu du.
Lehen kontzertu honetarako sarrerak salgai daude 4 euroko prezio bakarrean, euskadikoorkestra.eus webgunean edo Kursaaleko leihatilan. Kontzertuaren egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira Miramongo Egoitzako leihatilan, beti ere leku libreak geratzen badira.
Askotariko proposamenez jositako Denboraldia
Musika Gela zikloaren Denboraldi berria adin ugaritako publikoari zuzendutako askotariko proposamenez beteta dator. 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat diseinatu den Mozart, Nannerl eta Lagunak programa honez gain, zikloak 6 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat pentsatutako proposamen gehiago ere hartuko ditu barne. Musika Familian ataleko kontzertuez aparte, Denboraldi honetan Eskola Kontzertu asko emango dira, baita elkarte, ikastetxe, kontserbatorio eta unibertsitateentzako Entsegu Irekiak ere.
Zikloaren programazio osoari buruzko xehetasunak urri erdi aldera emango dira ezagutzera.
