Ostirala 23 Azaroa, 2018

Stephen Hough pianojoleak bere euskal fantasia oparituko digu Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren hurrengo abonu-programan

Stephen Hough pianojoleak bere euskal fantasia oparituko digu Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren hurrengo abonu-programan

Robert Treviño titularra Orkestraren podiumera igoko da hurrengo programa zuzentzeko. Orkestrak hala eskatuta Houghek konposatu duen Agata: a Basque Fantasy estreinatuko da, Garikoitz Mendizabalekin txistuan. Programa osatuko dute Dvoraken Pianorako kontzertuak, Hough bakarlari-lanetan, eta Elgarren Enigma bariazioek.

 

Irail amaieran Abonu Denboraldia inauguratu ostean, Robert Treviño zuzendari titularrak berriz hartuko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren batuta hirugarren abonu-programan, Agata erupzioan izenekoa. Kontzertuak Gasteizko Principal Antzokian hasiko dira astelehenean, azaroak 26, eta gainontzeko hirietan jarraituko dute ondoren: asteartean, azaroak 27, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; asteazkenean, azaroak 28, Bilboko Euskalduna Jauregian; eta ostegun eta ostiralean, azaroak 29 eta 30, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Guztiak 20:00etan izango dira.

Programako gonbidatu berezia Stephen Hough pianojole, konpositore eta idazlea izango da, eta bere ibilbidean lehendabizikoz egingo dio Euskadiko Orkestra Sinfonikoari bisita. 1983an New Yorken Naumburg Lehiaketan Lehen Saria eskuratu zuenetik, munduko orkestra onenetako gehienetan jo du eta sona handiko entzunaretoetan eman ditu kontzertuak. Hough sarri gonbidatu dute jaialdi garrantzitsuetara, adibidez, Salzburgokora, La Roque d’Anthérone-ra, Edinburgokora eta Londreseko BBC Proms-era. Bere diskografia zabalak nazioarteko sari ugari bildu ditu, besteak beste Diapason d’Or de l’Annee, Grammyetarako hainbat nominazio eta 8 Gramophone Sari.

Houghek konposatu du Orkestraren enkarguz kontzertu-programa berri hau irekiko duen obra: Agata: a Basque Fantasy. Obra hau eraikitzeko, pianojole ospetsuak Santa Ageda euskal kanta tradizionala hartu du oinarri, eta orkestraren parte bezala txistua txertatzearen bidez, konposizio berri bat sortu du. Houghek Robert Treviño zuzendari titularraren omenez sortu duen obra honetan Garikoitz Mendizabal izango da txistua jotzearen arduraduna. Lan hau, zalantzarik gabe, balio handiko ekarpena da euskal errepertorioarentzat, txistua ez baita ohiko musika-tresna orkestraren formazioan, eta bere aurkezpena Euskaraldiarekin bat etorrarazi da, azaroaren 23a eta abenduaren 3a bitartean gertatzen ari den euskararen aldeko egitasmoarekin, alegia.

Euskal kulturarentzat garrantzitsua den ekarpen honen ostean, “bariazioak” kontzeptuan inspiratuta dagoen 2018/2019 Denboraldi honetan ezinbestekoak diren bi autoreren bi obra goiztiar banatan oinarrituko da programa.

Batetik, Antonin Dvoraken Pianorako kontzertua entzun ahal izango da, eta Stephen Hough piano-bakarlari lanetan arituko da bertan. Biolinjole bikaina zen baina pianojole gisa aintzatespen handirik inoiz izan ez zuen txekiar konposatzaileak idatzitako partitura hau betidanik oso zailtzat jo dute pianojoleek, bereziki esku ezkerrarentzat oso nekeza den zati bat ere barne hartzen duelako. Arrazoi horregatik, ez da inoiz gehiegi goraipatu obra hau, ezta gehiegitan jo ere, ez behintzat harik eta Houghek berak, bere interpretazio bikainari esker, azken aldian modan jarri duen arte.

Azkenik, kontzertu-programa Edward Elgarren Enigma bariazioak obrarekin itxiko da. Hamalau musika-erretratu hauetan konposatzaile britainiarrak lagun eta senideen izaeraren ezaugarriak islatu zituen. Bere heriotzan, Elgarrek ez zuen ebatzi obrari buruzko enigma nagusia: antza, ezkutuko melodia bat dago obra honetan, eta bariazioekin kontrapuntuan sar daiteke. Ia ehun urte igaro diren honetan, enigma ez da argitu.

Kontzertuen astearen amaieran, ostiralean, azaroak 30, Stephen Houghek Musikeneko piano-ikasleei masterclass bat eskainiko die. Ekimen hau Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Musikenek Aula Jordá Gela izenburupean sinatutako hitzarmenaren baitan kokatzen da. Horri esker, kontserbatorioko ikasleek lehen eskutik ezagutu ditzakete Orkestraren Abonu Denboraldian parte hartzen duten bakarlari handietako batzuk.

Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).

Zure interesekoa izan daitekeelakoan...

Osteguna 22 Azaroa, 2018

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Euskaraldiarekin bat egin du bere patroiaren egunean

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak talde-argazki batean elkartu dira Euskaraldia ekimenaren alde Miramongo Auditoriumean
Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak talde-argazki batean elkartu dira Euskaraldia ekimenaren alde Miramongo Auditoriumean

Gaur, Santa Zezilia eguna, Orkestrako musikariek talde-argazkia atera dute euskararen erabilera sustatzeko ekimenaren alde.

Euskararen erabilera bultzatzea xede duen Euskaraldia ekimenak azaroaren 23tik abenduaren 3ra bere 11 egun nagusiei ekiteko bezperan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak talde-argazki handi baten bidez bistaratu nahi izan du ekimenari emandako babesa.

Orkestra osatzen duten 100 musikari eta administrazioko kide inguru Orkestraren Miramongo egoitzan elkartu dira gaur goizean argazkia ateratzeko, aski ezagun diren Euskaraldiaren ikurrekin eta iruditeriarekin. Modu horretara ikusarazi nahi izan du Orkestrak Euskaraldiaren sustatzaile dela.

Gainera, gaur arrazoi bikoitza du Orkestrak elkartzeko eta ospatzeko: azaroak 22 izanik, Santa Zezilia eguna baita, musikarien zaindaria.

 

Euskal fantasia

Babesaren erakusgarri gisa gaur egindako keinu hau hurrengo abonu-programan hezurmamituko da, Orkestra hitzetik ekintzara pasako baita orduan. Izan ere, azaroaren 26tik 30era ohiko lau hiriburuetan Orkestrak emango dituen kontzertuetan Stephen Hough pianojole eta konposatzaile britainiarrak Orkestraren enkarguz idatzi duen Agata: a Basque Fantasy obra aurkeztuko du. Obra hau eraikitzeko, Hough pianojole entzutetsuak Santa Ageda euskal kanta tradizionala hartu du oinarri eta, txistua orkestraren parte eginaz, lan berri bat konposatu du.

Zalantzarik gabe, ekarpen nabarmena da euskal kulturarentzat ekintza hau, txistua ez baita ohiko musika-tresna orkestraren formazioan.

Asteazkena 14 Azaroa, 2018

‘Marie Antoinette', Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Malandain Ballet Biarritzen produkzioa, azaroaren 16 eta 17an Biarritzen

‘Marie Antoinette', Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Malandain Ballet Biarritzen produkzioa, azaroaren 16 eta 17an Biarritzen

Ostiral eta larunbat honetan izango du aurre-estreinaldia Biarritzeko Gare du Midin Marie Antoinette Frantziako erreginaren bizitza inspirazio-iturri duen obra honek.

Otsailean Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldiaren baitan eta martxoan Château de Versaillesen ere ikus ahal izango da programa hau.

Berriz itzuli da dantza Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren programaziora, Malandain Ballet Biarritz konpainiarekin lankidetzan oraingoan ere. Izan ere, azken urteotan, fruitu ahaztezinak eman baititu, adibidez, Errauskine edo Ederra eta piztia. Oraingoan, beste emakumezko pertsonaia baten historia hautatu da: Marie Antoinette.

Obra honek Thierry Malandainen koreografia du eta, musikari dagokionez, Joseph Haydnen lau lan hartzen ditu oinarri:  6., 7. eta 8. Sinfonia goiztiarrak, ezizenez “Goiza”, “Eguerdia” eta “Arratsaldea”, hurrenez hurren, baita 73. Sinfonia ere, “Ehiza” bezala ezagutzen dena. Ikuskizunak Mélanie Levy-Thiébaut orkestra-zuzendaria izango du maistratzat, errepertorio koreografiko eta zinematografikoko espezialista handia.

Obra hau Château de Versailles Spectacleseko zuzendari Laurent Brunner-ek egindako gonbidapen baten ondorio da, eta Frantziako erregina enblematiko honen bizitza du inspirazio-iturri. Balletak Marie Antoinetteren ibilbidea berrikusten du, Opéra Royalen lehen aldiz agertu zenetik, bizitzaren bukaerara arte, non austriar dohakabeak «zorigaiztoaren izarra» bihurturik amaitu zuen.

Programa honen aurre-estreinaldia Biarritzeko Gare du Midi Antzokian izango da ostiral eta larunbat honetan, azaroak 16 eta 17, 20:30ean. Sarrerak Malandain Ballet Biarritzen webgunearen bidez eros daitezke.

 

Ondoren Orkestraren Abonu Denboraldian eta Château de Versaillesen

Biarritzeko aurre-estreinaldiaren ostean, programa hau Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Abonu Denboraldira iritsiko da. Otsailaren 14tik 21era, Donostian, Iruñean eta Bilbon, Croissant, Plié eta Relevé izenburupean eskainiko da Marie Antoinetteri buruzko programa hau, berriz ere Mélanie Levy-Thiébauten zuzendaritzarekin.

Amaitzeko, obraren estreinaldi handia martxoaren 29tik 31ra gertatuko da Château de Versaillesen egiten den sona handiko Opéra Royal : les grands concerts de Versailles zikloaren baitan.

Osteguna 08 Azaroa, 2018

Mozart, Schnittke eta Xostakovitx larunbat honetako Miramongo Matinéean

Mozart, Schnittke eta Xostakovitx larunbat honetako Miramongo Matinéean

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren hamalau musikarik osatzen duten Tantris Ensemblek Carlos Ocañaren zuzendaritzapean ‘Moz-art’ izeneko kontzertua eskainiko du larunbatean, azaroak 10, 11:00etan, Orkestraren Miramongo egoitzan.

Larunbat honetan, azaroak 10, 11:00etan, Miramongo Matinéeen zikloak egutegiko laugarren hitzorduarekin jarraituko du: Tantris Ensemblek eskainiko duen ‘Moz-art’ kontzertua. Ganbera-talde hau Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren hari-sekzioko hamalau musikarik osatuko dute, eta Carlos Ocañaren zuzendaritzapean joko dute errepertorioa.

Matinéea bi zatitan banatuko da: horietako lehena Mozarten Divertimentoarekin hasiko da eta Alfred Schnittkeren Moz-art à la Haydnekin amaituko. Schnittkek Mozarten amaitu gabeko Pantomima musikala obraren zatiak erabiltzen ditu Moz-art à la Haydn konposatzeko, bi biolinentzako eta harizko ensemble txiki batentzako. Obraren hasieran, interpreteak Mozarten pantomima iluntasun osoan inprobisatzen dute. Une horretatik aurrera, eszenatokia txotxongilo-antzerki batean bihurtzen da, harik eta Joseph Haydnen 45. Sinfoniaren, “agurren” sinfoniaren, tankera berean amaitzen den arte. Hau da, musikariak banan-banan ateratzen hasten dira eszenatokitik, musika-diskurtsoa disolbatzen den aldi berean.

Bestalde, Xostakovitxek bere Ganbera-sinfonia “faxismoaren eta gerraren biktimei” eskaini zien, eta bere burua horien artean kokatzen zuen. Obraren bost mugimenduak Xostakovitx une horretan bizitzen ari zen zailtasunen isla dira. Bere konfiantzazko lagun Lev Lebedinskyk esan zuen: “Bere bizitzaren agurra zen […] Egun batean, laukotea pianoan jo zidan eta esan zidan, negar batean, bere azken obra izango zela”. Lan honek gizateriaren alderdi ilunenen estetika konplexua arakatzen

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

 

KONTZERTUAREN FITXA

TANTRIS ENSEMBLE
Moz-art
I
W. A. Mozart

Divertimentoa fa maiorrean, K.138 [11’]

A. Schnittke
Moz-art à la Haydn [13’]

II
D. Xostakovitx
(R. Barshaien moldaketa)
Ganbera-sinfonia do minorrean, 110a [25’]

Ostirala 02 Azaroa, 2018

Christian Lindberg polifazetikoa izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren hurrengo programaren protagonista

Christian Lindberg
Christian Lindberg

Munduko tronboijole ezagunenetako bat den Lindbergek zuzendari, tronboi-bakarlari eta narratzaile papera beteko du honako obrak izango dituen datorren abonu-programan: suediarrak berak idatzitako obra bat, The Tale of Kundraan; Leonard Bernsteinek konposatutako On the Waterfront filmaren soinu-banda; eta Jean Sibeliusen 3. Sinfonia.

Christian Lindbergek hainbat alditan kolaboratu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, bai zuzendari gisa, bai bakarlari gisa. Oraingoan Orkestraren Abonu Denboraldira itzuliko da Sustrai nordikoak izeneko programa heterogeneo bat aurkezteko, Lindbergek berak idatzitako obra batek, eta Bernsteinek eta Sibeliusek konposatutako beste lan banak osatuko dutena. Kontzertuak ohiko hiriburuetan izango dira: Gasteizko Principal Antzokian astelehenean, azaroak 5; Iruñeko Baluarte Auditoriumean asteartean, azaroak 6; Bilboko Euskalduna Jauregian asteazkenean, azaroak 7; eta Donostiako Kursaal Auditoriumean ostegun eta ostiralean, azaroak 8 eta 9. Guztiak 20:00etan izango dira.

Espezializazioaren aurkaria da Lindberg, bere ustez askotariko jarduerak egiteak musikari hobea izaten laguntzen baitu. Eta hala erakutsi du bere ibilbide oparo eta ospetsuan tronboijole, konposatzaile eta orkestra-zuzendari gisa. Tronboijole bezala, Lindbergek hainbat sari jaso ditu, aipagarrienak honakoak: 2015ean musika klasikoko munduko irrati-kate ezagunenak, Classic FMk, egin zion historiako tronbonista onenaren aipamena, eta 2016ko ICMA sarietan (International Classical Music Awards) jaso zuzen golardoa, hain zuzen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostiaren Europako Kultur Hiriburutzaren harira antolatu zuen sari-banaketa ekitaldian. Ildo horretan, Mikel Chamizok programaren oharretan honakoa dio: “Lindberg tronboiaren Paganinitzat edo Chopintzat jo liteke, inolako lotsarik gabe, bera baino lehen ez baita izan tronboiaren aukerak hain urrun eraman dituen inor”. Konposatzaile bezala, Lindberg lanpetuta ibili da 1997-1998an bere lehen obra, Arabenne for Trombone and Strings, idatzi zuenetik. Dagoeneko berrogeita hamar lan baino gehiago idatzi ditu, baita grabazio ugari zuzendu ere. Orkestra-zuzendari bezala, orkestra handien podiumera igo da munduko eszenatoki ezagunenetako batzuetan.

Lindbergek oraingoan Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kolaboratuko du bere ibilbidean hainbeste arrakasta ekarri dizkion rol hirukoitz horretan. Orkestraren buru izateaz gain, Lindberg tronboi-bakarlari lanetan arituko da berak idatzitako obra batean: The Tale of Kundraan (Kundraanen istorioa). 2008an izen bereko obra batean Lindbergek lehendabizikoz aurkeztu zuen fikziozko pertsonaia bat da Kundraan, eta tronboi-bakarlariak eta Lindbergen beraren ahotsak irudikatzen duten gizaki ilun eta basatia da. Pertsonaia honen beste abenturatako bat da programa honetako obran aurkezten dena; bertan, Luziferrek Kundraani New Yorkeko Orkestra Filarmonikoko zuzendari postua emango diola agintzen dio.

Lindbergek programaren gainontzekoa ere zuzenduko du. Elia Kazanek zuzendu zuen eta zortzi Oscar sari jaso zituen On the Waterfront filmari Leonard Bernsteinek egin zion soinu-bandaren suitearekin irekiko da programa. Obra honek New Yorkeko kaiko mafia- eta hiri-giroa iradokitzen du, baita tentsioz betetako argumentu itogarriak ere, nahiz eta lirismo erromantikoko tarte bat ere baduen. Lindbergen tankera berean, Bernstein pertsonaia polifazetikoa izan zen, eta arrakasta handia lortu zuen orkestra-zuzendari, konposatzaile, pianojole eta dibulgatzaile moduan.

Programari amaiera Jean Sibeliusen 3. Sinfoniak emango dio. 2. Sinfoniak —bigarren abonu-programa itxi zuenak— bere herrialdean eman zion ospetik urruntzeko asmoarekin egin zuen erretiro batean idatzi zuen egile finlandiarrak 3. Sinfonia hau. 1907an estreinatutako obra honetan gaztaroaren eta helduaroaren arteko Sibelius senti daiteke oraindik, talentu ikaragarriaren kemenaren eta egikera teknikoaren maisutasunaren arteko erdibidean kokatua.

Kontzertuen astearen amaieran, ostiralean, azaroak 9, Christian Lindbergek Musikeneko tronboi-ikasleei masterclass bat eskainiko die. Ekimen hau Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Musikenek Aula Jordá Gela izenburupean sinatutako hitzarmenaren baitan kokatzen da. Horri esker, kontserbatorioko ikasleek lehen eskutik ezagutu ditzakete Orkestraren Abonu Denboraldian parte hartzen duten bakarlari handietako batzuk.

Sarrerak salgai (10€tik 35€ra). Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta kontzertu-aretoetako webguneetan zein leihatiletan. "Azken ordu gaztea": 30 urtetik beherako lagunek aukera izango dute gune guztietako sarrerak 10€tan erosteko, kontzertua hasi baino 30 minutu lehenago (leihatilan).

Osteguna 25 Urria, 2018

Alos Quartet larunbat honetako Miramongo Matinéean

Alos Quartet
Alos Quartet

Bi hamarkadatako ibilbidea eta hainbat lan diskografiko dituen euskal talde honek Garden bere azken diskoko hainbat obra aurkeztuko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren ganbera-zikloan.

Kontzertu honek hasiera batean ‘Viena, 1750’ izenburupean Enrike Solinís & Euskal Barrokensemblek antolatu zuena ordezkatuko du.

Larunbat honetan, urriak 27, 11:00etan, Miramongo Matinéeen zikloak egutegiko hirugarren hitzorduarekin jarraituko du: Alos Quartetek eskainiko duen ‘Garden’ kontzertua. Xabier Zeberio (nyckelharpa, biolina), Francisco Herrero (biolina), Lorena Nuñez (biola) eta Ivan Carmona (biolontxeloa) egongo dira eszenatokian. Kontzertu honek hasiera batean ‘Viena, 1750’ izenburupean Enrike Solinís & Euskal Barrokensemblek antolatu zuena ordezkatuko du.

1999an sortua, Alos Quartet musika klasiko nahiz modernoan esperientzia zabala duten musikariek osatzen dute. Prestigio handiko orkestra ezberdinekin lan egiteaz gain, taldekideak folk talde ezberdinetako partaide izan dira (Oskorri, Benito Lertxundi), baita Euskal Herriko hainbat musika-proiektutako ohiko kolaboratzaile ere.

Taldearen errepertorio zabalak, harizko laukoteko formatu klasikotik abiatuta, gaur egungo musikaren esparru anitzak arakatzen ditu eta ikuspuntu berri bat eskaintzen du.

Egin dituen askotariko kolaborazioen artean nabarmengarria da Dulce Pontes abeslari portugaldarrarekin egindako bira-sorta. Honako artistekin ere lan egin du Alos Quartetek bai zuzeneko kontzertuetan, bai grabazioetan: Kepa Junkera, Oskorri, Carlos Núñez, Oreka TX, Ken Zazpi, Esne Beltza, La Buena Vida, Los Piratas, El Hombre Burbuja, Bide Ertzean, Angel Unzu, etab.

Larunbateko Matinéean Alos Quartetek Garden (2015) bere azken lan diskografikoko hainbat pieza aurkeztuko ditu zuzenean. Disko honetan laukoteak bere ibilbidean zeinu bereizgarri izan dituen ezaugarriak landu ditu: soinu dotorea, intimotasuna eta musika iturri ezberdinetatik edaten duen estilo originala.

Lan honetan dantza ezberdinen atmosfera eta erritmoak sotiltasun harrigarriz jantziak ageri dira hainbat doinutan. Arin-arinetik tangora, fandangotik vals eztietara eta doinu lasaietatik erritmo indartsuetara. Gainera, nyckelharpa (Suediako Erdi Aroko tekladun biola) bezalako instrumentuen laguntzaz, Alos Quarteten sonoritate iradokitzaileek entzulea mundu magiko batean nabigatzera eramango dute.

Horrez gain, une honetan lantzen ari den eta hurrengo lan diskografikoan argitaratuko dituen obra berri batzuk ere emango ditu ezagutzera laukoteak kontzertuan.

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Osteguna 18 Urria, 2018

Musika Gela zikloaren 2018/2019 Denboraldiaren aurkezpena

Ezker-eskuin: Francesca Di Nicola (harpa), Eider Mendoza (Gipuzkoako Batzar Nagusien presidentea), Oriol Roch (Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusia), Hélène Billard-Alirol (flauta), Anthony Lafargue (perkusioa), Mikel Cañada (Euskadiko Orkestraren Hezkuntza Sailaren koordinatzailea), Jon Insausti (Donostiako Udalaren Kultura eta Hezkuntza zinegotzi ordezkaria), Ana Eguiazabal (aurkezlea), David García (El Diario Vasco), Enara Susano (kontrabaxua eta ahotsa).
Ezker-eskuin: Francesca Di Nicola (harpa), Eider Mendoza (Gipuzkoako Batzar Nagusien presidentea), Oriol Roch (Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusia), Hélène Billard-Alirol (flauta), Anthony Lafargue (perkusioa), Mikel Cañada (Euskadiko Orkestraren Hezkuntza Sailaren koordinatzailea), Jon Insausti (Donostiako Udalaren Kultura eta Hezkuntza zinegotzi ordezkaria), Ana Eguiazabal (aurkezlea), David García (El Diario Vasco), Enara Susano (kontrabaxua eta ahotsa).

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren hezkuntza-zikloaren Denboraldi berriak lau produkzio berri estreinatuko ditu: Uauatxua, Isiltasunaren haitzuloa, Marie Antoinette eta Pianissimo.

Zikloaren ardatz nagusi diren Eskola Kontzertu eta Musika Familia kontzertuen eskaintza zabala Entsegu Irekiekin eta beste tailer batzuekin osatuko da.

40 jarduera baino gehiagok osatuko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelaren Denboraldi berriaren egitaraua. Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza-ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. Bere baitan eskaintzen diren kontzertuek izaera didaktikoa, pedagogikoa eta gertukoa daukate, eta askotariko adin-taldeei zuzendutakoak dira, 2 urtetik hasi eta 16 urteraino.

Musika Gelaren 2018/2019 Denboraldiak emakume-ahotsa eta hark eragiten dizkigun emozioak izango ditu ardatz. Ahots hori —kantatua, esana eta musikarena berezkoa dena— forma eta intentsitate ugaritan aurkezten zaigu: haurrei abestutako sehaska-kantatan, botere eta distira osoz ageri den opera-aria handietan, edo bere garaikideen onespen ezaren aurka borrokatu behar izan zuten emakumeen konposizioetan.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Hezkuntza Sailaren koordinatzaile Mikel Cañadak diseinatu duen Musika Gelaren Denboraldi berrian lau produkzio propio berri estreinatuko dira: Uauatxua, kultura ezberdinetako melodia herrikoiak eta musika klasikoko sehaska-kantak entzuteko aukera emango digun kontzertua; Isiltasunaren haitzuloa, musika entzuten ez denean non dagoen bilatzean tematuta dagoen neskatila bat protagonista duen musika-ipuina; Marie Antoinette, Malandain Ballet Biarritz eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren produkzio berria, aldi berean Orkestraren Abonu Denboraldiko bosgarren hitzordua ere izango dena; eta Pianissimo, musikaren, bere ñabarduren eta bere inprikazio emozionalaren inguruko terminologia espezifikoan sakontzen lagunduko digun emanaldia, Helena Orcoyen soprano paperean izango duena.

Lau ekoizpen berri hauek bi formatu ezberdinetan aurkezten dira, Eskola Kontzertuak eta Musika Familian kontzertuak, eta ondoren aurkeztuko dugu horien egitarau zehatza.

 

Eskola Kontzertuen hamargarren urtea

Aurten hamar urte beteko dira Eskola Kontzertuak hasi zirenetik, eta ordutik Musika Gelaren ildo nagusietako bat bezala finkatu da. Guztira, aurreko bederatzi edizioetan, 35.000 ikasle baino gehiagok gozatu ahal izan dute kontzertu hauez, eta parte-hartzaileen zifra urtez urte areagotu egin da.

Haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako 9.000 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo Eskola Kontzertuetan. 100 ikastetxe ingurutik datozen ikasleak dira, dozenaka herri ezberdinetakoak: besteak beste, Beasain, Errenteria, Urnieta, Azkoitia, Deba, Lasarte, Zestoa, Aduna, Alkiza, Ataun, Aizarnazabal, Orio, Lizartza, Oiartzun, Ordizia, Donostia eta Gasteiz.

Musika Gelak barne hartzen dituen aurtengo programa guztiek izango dituzte Eskola Kontzertuak, eta Donostian izango dira guztiak, Miramonen eta Kursaal Auditoriumean. Horietako lehenengoak, Uauatxuak, urriaren 18tik 25era 2 eta 5 urte bitarteko 2.100 haur bilduko ditu Orkestraren egoitzan. Gainontzeko programak datozen hilabeteotan joango dira garatzen: Isiltasunaren haitzuloa ere Miramongo egoitzan izango da, urtarrilaren 17tik 24ra, eta 6 eta 10 urte bitartekoei zuzendutako kontzertu-sorta izango da; Marie Antoinettek kontzertu bakarra izango du eta Kursaal Auditoriumean izango da, otsailaren 15ean, 10 urtetik gorakoei zuzenduta; eta, azkenik, Pianissimo ere Kursaal Auditoriumean emango da, martxoaren 25 eta 26an, eta 10 eta 16 urte bitarteko gazteentzat izango da.

Eskola Kontzertuek Gipuzkoako Batzar Nagusien, Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren eta Kursaal Eszenaren lankidetza dute gaur egun.

 

Musika Familian: klasiko bat

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 20 urte baino gehiago daramatza Orkestraren egitarauan.

Aurtengo lau programetatik hiruk, Marie Antoinette ez beste guztiek, Musika Familian kontzertuak izango dituzte, eta Donostia zein Gasteizen izango dira. Lehen programa, Uauatxua, Orkestraren Miramongo egoitzan eskainiko da Musika Familian kontzertu formatuan larunbat honetan, urriak 20, eta baita Gasteizko García Lorca Antzokian ere, otsailaren 17an. Ondoren, Isiltasunaren haitzuloaren txanda izango da, Donostiako Kursaaleko Ganbera Aretoan otsailaren 23an egingo den kontzertu batekin eta Gasteizko Principal Antzokian apirilaren 14an emango den beste errezital batekin. Eta, amaitzeko, Pianissimok ere izango du Musika Familian kontzertu bat: martxoaren 22an izango da Gasteizko Principal Antzokian.

Donostian egingo diren Musika Familian kontzertuek El Diario Vascoren babesa dute, eta horietatik Kursaal Auditoriumean egingo dena, Isiltasunaren Haitzuloa, Kursaal Eszenarekin lankidetzan prestatu da. Arabako hiriburuko kontzertuek, bestalde, Gasteizko Udalaren Antzoki Sarearen lankidetza dute.

Ikuskizun guztietarako sarrerek 3 eta 7 euro bitarteko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez eros ahal izango dira. Dagokion aretoaren leihatiletan eta webguneetan (kursaal.eus, principalantzokia.org) ere egongo dira salgai.

 

Beste jarduera batzuk: Entsegu Irekiak eta gizarteratzea ahalbidetzeko ekintzak

Jarduera-eskaintza zabal hau are gehiago osatuko da Entsegu Irekiekin. Entsegu hauek kolektiboei, ikastetxeei, kontserbatorioei eta unibertsitateei, besteak beste, daude irekiak, eta aukera eskaintzen dute Orkestrak kontzertu baten aurretik egiten duen azken lana gertutik ezagutzeko. Aurten bi Entsegu Ireki eskainiko dira: bata martxoaren 8an eta bestea ekainaren 6an, biak ala biak Donostiako Kursaal Auditoriumean. Horietako lehenengoan, Pinchas Zukermanen zuzendaritzapean, Orkestrak Antonin Dvoraken 8. Sinfonia joko du, Orkestraren Abonu Denboraldiko seigarren programarako prestatutakoa. Eta bigarrenean, Robert Treviño Zuzendari Titularraren agindupean, Piotr Ilitx Txaikovskiren 5. Sinfonia mitikoa entzungo da, 18/19 Denboraldiko azken abonu-programarako prestatutako obra.

Azkenik, Orkestrak gizarteratzea ahalbidetzeko jarduerak egiten jarraituko du, FEVAS-Plena Inclusión Euskadirekin koordinazioan, inor baztertu gabe musika egiteko xedearekin.

 

Lankidetza-sare zabala

Euskadiko Orkestraren Musika Gelak inguruko erakunde ugarirekin elkarlana sustatzen jarraitzen du. Lankide ditu Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Donostiako Udalaren Hezkuntza Saila, Gasteizko Udal Antzoki Sarea, Kursaal Eszena, El Diario Vasco, Dantzerti eta FEVAS-Plena Inclusión Euskadi.

Zure interesekoa izan daitekeelakoan...

Osteguna 11 Urria, 2018

Gerrarteko Europako hiru obrek osatuko dute bigarren Miramongo Matinéea

Gerrarteko Europako hiru obrek osatuko dute bigarren Miramongo Matinéea

‘XX. mendeko musika europarra’ izeneko kontzertuan Pintoresco Boskoteak Nino Rota eta Gian Francesco Malipiero musikagile italiarren eta Jean Cras frantsesaren obrak eskainiko ditu.

Irail amaieran modu arrakastatsuan hasi ostean, larunbat honetan, urriak 13, 11:00etan, Miramongo Matinéeen zikloak egutegiko bigarren hitzorduarekin jarraituko du: Pintoresco Boskoteak eskainiko duen ‘XX. mendeko musika europarra’ kontzertua. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lau musikari daude boskotean —Nathalie Dabadie (biolina), Justyna Janiak-Krymer (viola), Jon Larraz (biolontxeloa) eta Hélène Billard-Alirol (flauta)— eta Francesca Di Nicolak (harpa) osatzen du bosteko taldea.

Matinée honetan hiru Europako obra entzun ahal izango dira, 20ko eta 30eko hamarkadetakoak, gerrarteko garaikoak guztiak.

Kontzertuko lehen pieza Nino Rotak idatzitakoa da. Hainbat soinu-banden bidez lortu zuen ospea, bereziki Federico Felliniren filmenak, La Dolce Vita eta 8 ½ kasu, eta The Godfather sagarena. Hain zuzen, trilogia ezagun horren bigarren zatiaren musikari esker jatorrizko soinu-banda onenaren Oscar saria eskuratu zuen. Artean bere karreraren hastapenetan zegoela, eta ospe-maila horretatik urrun, 1935ean, idatzi zuen Rotak kontzertu honetan entzun ahal izango den Flauta, oboe, biola, biolontxelo eta harparako boskotea, estilo neorromantikokoa; musika fina eta nabarmen lirikoa.

Hurrengo obra beste musikagile italiar batek, Gian Francesco Malipierok, 1934an idatzi zuen Sonata a cinque izango da. Forma libre eta originalekoa, erlazio modal eta tonalak ditu. Venezia bere jaioterriko kolore eta argietan inspiratuta, bere barne-mundu oniriko eta alegiazkoa islatzen duten baliabide melodikoz josita dago obra.

Jean Cras frantsesak 1928an idatzi zuen Harpa, flauta, biolin, biola eta biolontxelorako boskoteak itxiko du Matinéea. Musikagilea izateaz gain, Cras marinako ofiziala ere izan zen, eta gai izan zen konposizioetan bere bi pasioak uztartzeko: itsasoa eta musika. Hain zuzen, Matinée honetako boskotea bere itsas bidaietako batean konposatu zuen eta magiaz betetako urruneko lurraldeetan barrena eramango du publikoa musika fin honek.

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Ostirala 05 Urria, 2018

Salgai sarrerak ‘Uauatxua’-rako, Denboraldi berriko Musika Familian ataleko lehen kontzertua

Salgai sarrerak ‘Uauatxua’-rako, Denboraldi berriko Musika Familian ataleko lehen kontzertua

Dagoeneko eros daitezke sarrerak Uauatxuarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gela zikloaren 2018/2019 Denboraldiko lehen Musika Familian kontzerturako, alegia. Urriaren 20an izango da Miramonen.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Denboraldi berriko Musika Gela zikloa urriaren 20an, larunbata, hasiko da, Musika Familian ataleko lehen kontzertu batekin. Uauatxua izeneko programa batean Orkestraren Miramongo egoitzak bi kontzertu hartuko ditu 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat, bata 11:00etan eta bestea 12:30ean, eta biak euskaraz izango dira. Bertan kultura ezberdinetako melodia herrikoiak eta musika klasikoko sehaska-kantak entzun ahal izango dira.

Manuel de Falla (Nana), Gabriel Olaizola (Haurtxoa sehaskan), Xavier Montsalvage (Canción de cuna para dormir a un negrito), George Shearing eta George David Weissen (Lullaby of Birdland) obrez gain, herrialde ugaritako sehaska-kanta herrikoiez ere gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek: Kongo (Olelé), Israel (Numi Numi), Errusia (Tili Tili Bom), Bretainia (Toutouig) eta Euskadikoak (Binbili Bonbolo, Uauatxoa).

Abestutako eta ahozko musika haur jaioberri batek izaten duen lehen kontaktuetako bat den ideia ardatz hartuta, kontzertu honetan gure publiko gazteak bere lehen egunetako melodietara bidaiatzea da xedea. Horretarako, onomatopeia jolastzat hartuko dute, haurren abestiek hain propio duten soinu hori, alegia, kultura ezberdinen arabera eraldatzen den soinua.

Kontzertua honako interpreteek emango dute: Hélène Billard-Alirol (flauta) eta Anthony Lafargue (perkusioa), biak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kideak; Francesca Di Nicola (harpa); eta Enara Susano (kontrabaxua eta ahotsa).

Lehen kontzertu honetarako sarrerak salgai daude 4 euroko prezio bakarrean, euskadikoorkestra.eus webgunean edo Kursaaleko leihatilan. Kontzertuaren egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira Miramongo Egoitzako leihatilan, beti ere leku libreak geratzen badira.

 

ASKOTARIKO PROPOSAMENEZ JOSITAKO DENBORALDIA

Musika Gela zikloaren Denboraldi berria adin ugaritako publikoari zuzendutako askotariko proposamenez beteta dator. 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzat diseinatu den Uauatxua programa honez gain, zikloak 6 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat pentsatutako proposamen gehiago ere hartuko ditu barne. Musika Familian ataleko kontzertuez aparte, Denboraldi honetan Eskola Kontzertu asko emango dira, baita elkarte, ikastetxe, kontserbatorio eta unibertsitateentzako Entsegu Irekiak ere.

Zikloaren programazio osoari buruzko xehetasunak urri amaiera aldera emango dira ezagutzera.

 

Asteartea 02 Urria, 2018

Urkullu Lehendakariak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lana eskertu du eta bere hedadura goraipatu

Ezker-eskuin: Oriol Roch, Iñigo Urkullu, Robert Treviño, Bingen Zupiria
Ezker-eskuin: Oriol Roch, Iñigo Urkullu, Robert Treviño, Bingen Zupiria

Lehendakaritzako elkartzean izan dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Zuzendari Nagusia eta Zuzendari Titularra, Oriol Roch eta Robert Treviño, hurrenez hurren.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Presidente Bingen Zupiriak lagunduta, gaur goizean harrera egin die Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren arduradunei: Zuzendari Orokor Oriol Roch eta Zuzendari Titular Robert Treviño. Euskal erakundearen ordezkari nagusiek Orkestra garatzen ari den jarduera lehen eskutik azaldu ahal izan dute eta proiektuarekin duten epe luzeko konpromisoa erakutsi dute. Bere aldetik, Urkullu Lehendakariak euskal erakundea Herrialde-mailako Orkestra gisa egiten ari den lana eskertu du, eta bere hedadura nabarmena goraipatu du.

Elkartze hau bat dator Orkestraren Denboraldiaren hasierarekin. Hain zuzen, egunotan ari da inauguratzen lehen abonu-programa, Treviñok berak zuzentzen duena. Zuzendari Titularrak duela gutxi luzatu du kontratua Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musika-arduradun nagusi gisa. Euskal orkestraren buru bigarren urtea beteko duen Denboraldi honetan abonu-programen erdia baino gehiago zuzenduko ditu. Halaber, berak eramango du batuta Orkestrak abenduan Austriako Linz eta Bregenz hirietako eta Alemaniako Munich hiriko areto ospetsuetara egingo duen nazioarteko biran.

 

Orriak